Nereidak maite izan zituen gizona
Zutik zegoen, hanka-hutsik, portuko hautsaren, beroaren eta kiratsen artean, eguzkitatik babesteko itxaropen zoroarekin zenbait bezero aulkien gainera amilduak ziren kafetegi baten olana mehe baten azpian. Galtza gorrasta zaharrak doi-doi iristen zitzaizkion orkatiletaraino, eta hezurtxo zorrotza, orpo-ertza, oin-zola luze babatsu eta guztiz harramazkatuak, behatz malgu eta hazta bizikoak, guztiak ziren aireko eta lurreko ukipen orotara ohitutako eta harrien laztasunak zaildutako oin adimentsuen arrazakoak, Mediterraneo aldeko herrialdeetako gizon jantziari oraindik ere gizon biluziaren aiseri antz pixka bat ematen dion arraza horretakoak. Oin arinak, Iparraldeko zapaten barruan atxikitako sostengu moldakaitz eta astunez hain bestelakoak... Alkandoraren urdin histua ongi egokitzen zitzaien udako argitasunak marguldutako zeruaren tonuei; sorbalda eta omoplatoak arroka meheen gisa ageri zituen oihalaren urratuetan barrena; belarri luzexkek anfora baten heldulekuen modura mugatzen zioten zeharka burezurra; edertasun-aztarna ukaezinak ikus zitezkeen artean haren aurpegi zurbil eta ameslarian, eskergaiztoko lurraren azpian agertutako antzinako estatua hautsi baten gisa. Begiak, abere alditxartuarenak irudi, mesfidantzarik gabe ezkutatzen zituen mandoen betazal-ertzetakoak adinako betileen atzean; luzatuta zuen etengabe eskuineko eskua, museo-bisitariei mirespenaren limosna eskatzen ari direla ematen duten idolo arkaikoen keinu setati eta nekagarriarekin, eta marraka ahoskabeak jaulkitzen zituen zabal-zabalik zuen ahotik, hortz distiratsuak erakusten zituela.
— Gormutua al da?
— Ez da gorra.
Jean Demetriadis, irlako xaboi-fabrika handien jabea, inozoaren begirada kamutsa itsaso aldera galdua zen une batez baliatu zen lauza lauaren gainera drakma bat erortzen uzteko hura ohartu gabe. Ez zitzaion, ordea, entzun gabe pasatu eskaleari hondar geruza finak erdi ito zuen tilin-hots motela; metal zuriko txanpontxoa arrapataka jaso eta lehengo kontenplazio eta intzirizko jarrera hartu zuen berriro berehala, kai ertzeko kaioaren gisa.
— Ez da gorra —bota zuen berriro jean Demetriadisek, kondar beltz itsaskorrez erdi betetako kikara bere aurrean utziz—. Hitza eta adimena zein egoeratan kenduak izan zitzaizkion ikusirik, inbidia hartzen diot zenbaitetan, nik, gizon arrazoidunak, gizon aberatsak, maizenik bidean asperraldia eta hutsaldia besterik aurkitzen ez dudan honek. Panegiotis hori (horrela du izena) hemezortzi urte zituela mututu zen, Nereida biluziekin topo egin zuela-eta.
Irribarre herabea marraztu zen Panegiotisen ezpainetan, entzuna baitzuen bere izena esaten zutela. Ez zirudien ulertzen zuenik hala-hola babesle zuela ohartzen zen gizon inportante haren hitzen zentzua, baina doinuak, ezen ez hitzek, hunkitu egiten zuen. Pozik beratzaz ari zirela zekielako, eta agian beste limosnarik ere espero zezakeela, aurreratu egin zuen eskua ezari-ezarian, jaten ematea ahaztu ez dakion hankaz jabeari belaunean atzaparka egiten dion zakurraren mugimendu beldurtiaz.
— Nire herriko nekazaririk aberatsenetako baten semea da —jarraitu zuen jean Demetriadisek—, eta, gehienetan gure artean hala izaten ez bada ere, jende benetan diruduna da hori. Zer egin ez jakiteko adina soro dituzte gurasoek, harlanduzko etxe bikaina, fruta klase askotako arboladia, eta ortuan barazkiak, iratzargailua sukaldean, lanpara piztua ikonoen hormaren aurrean..., beharrezko guztia, azken batean. Gazte greko bati buruz gutxitan esan daitekeena esan zitekeen Panegiotisi buruz, aurrean zuela ogia egina, eta bizitza osorako. Esan zitekeen, orobat, aurrean zuela ongi markatutako bidea, Grezian ohi den erako bidea, hauts eta harri askokoa, monotonoa, baina han-hemenka besterik ere baduena, bai kantuan diharduten kilkerrak, bai taberna ateetako geldialdi ez gogaikarriegiak. Olibak hagaz jotzen laguntzen zien emakume zaharrei; mahats kutxen enbalajea eta artile fardelen pisaketa ikuskatzen zituen; diskrezioz laguntzen zion aitari hark tabako erosleekin izan ohi zituen eztabaidetan, desio zuten preziora iristen ez zen proposamen ororen aurrean atsekabez tu eginez; albaitariaren alaba zuen emaztegai, nire fabrikan lan egiten zuen neskatxa xarmanta bera; mutil ederra izaki, amodioa gogoko duten neskak inguruetan diren adina maitale leporatzen zizkioten; apaizaren emaztearekin oheratzen zela esaten zuenik ere bazen; hala bazen, apaizak ez zion aiherrik horregatik, ez baitzituen oso gogoko emakumeak eta ardura gutxi baitzuen bere emazteaz, zein, bestalde, edozeinekin ere joan ohi baita. Irudika ezazu Panegiotisen zoriontasun apala: neska ederren maitasuna; gizonen inbidia eta zenbaiten desira; zilarrezko erlojua; bizpahiru egunean behin-edo, amak lisatutako alkandora miragarriki zuria; pilaf-a eguerdian eta uzo lurrintsu eta berdexka arratseko otorduaren aurretik. Baina zoriona hauskorra da, eta gizonek edo bizitzako gorabeherek hondatzen ez dutenean, fantasmen mehatxupean egon ohi da. Ez duzu jakingo, akaso, gure irla presentzia misteriotsuen bizileku dela. Gure fantasmek ez dute antzik gauerdian baino ateratzen ez diren eta egunez hilerrietan bizi diren Iparreko zuen mamuekin. Ez dute bere burua maindire zuriz estaltzeko ardurarik hartzen, eta haragiz estalia dute hezurdura. Baina hildakoen arimak baino arriskutsuago dira beharbada, horiek gutxienik ere bataiatuak izan baitziren, ezagutu baitzuten bizitza eta jakin baitzuten zer den sufritzea. Gure landetako Nereida horiek gaitz-gabeak dira eta gaizkinak, gizona orain babestu orain suntsitu egiten duen naturaren gisa. Antzinako jainko eta jainkosak ongi hilik daude, eta haien marmolezko gorpuak baino ez dira museoetan ageri direnak. Gure ninfek zuen maitagarrien antz handiagoa dute Praxitelesengandik jaso duzuen haien irudiarena baino. Hala ere, gure herria horien ahalmenetan sinetsirik dago; lurra, ura eta eguzki arriskutsua badiren bezalaxe dira horiek ere, izan. Udako argitasuna haragi egiten da berorien baitan, eta horregatik sortzen du zorabioa eta txundidura horiek ikusteak. Eguerdiko ordu tragikoan baino ez dira ateratzen; egun argiko misterioan murgildurik bezala daude. Nekazariek bazkalondoko kuluxkarako etzan aurretik beren etxeetako ateak trangatzen badituzte, ez da izaten eguzkia sar ez dadin, haiek sar ez daitezen baizik; sukarraren ernamuinak edaten dituguneko uraren gisako dira maitagarri benetan zorigaiztoko horiek, ederrak, biluziak, freskagarriak eta galgarriak; inoiz ikusi dituztenak ahitu egiten dira poliki-poliki, uzkurduraz eta desiraz; haiengana hurbiltzeko ausardia izan dutenak mutu geratzen dira bizitza osorako, ez baitu jaso behar jende xeheak beraien maitasunaren sekretuen berri. Ba, uztaileko goiz batean, jira-bira hasi ziren Panegiotisen aitaren ardietako bi. Berehala zabaldu zen izurria artaldeko bururik ederrenetara, eta etxe aurreko lur arraseko ordeka berehala bilakatu zen azienda txoratuarentzako eroetxe. Bakarrik abiatu zen Panegiotis, bero galdatan, eguzkipe errean, San Elias mendiaz bestaldean, itsas bazterrean uzkurtutako herrixka batean bizi den albaitariaren bila. Artean itzuli gabea zen iluntzean. Panegiotisen aitaren larritasuna ardiengandik semearengana aldatu zen; alferrik miatu zituzten inguruko zelai-bazter eta bailarak; gau osoa eman zuten familiako emakumeek otoitz egiten, dozena pare bat kandelak argitzen duten eta edozein unetan, Jesus mundura ekartzeko zorian, Maria agertuko dela dirudien bihitegi bat baino ez den herriko kaperan. Biharamun arratsean —gizonak kikaratxo bat kafe, baso bat ur edo koilarakada bat konfitura aurrean dutela herriko plazako mahaietan jarrita egon ohi diren hatsaldi-ordu horretan—, Panegiotis berri bat ikusi zuten itzultzen, heriotza igaro izan balu bezain itxuraldatua. Bazuten dirdirarik haren begiek, baina begiko zuriak eta begi-niniak irisa irentsia zutela zirudien; bi hilabetez malariak jota egonda ere ez zatekeen gehiago horituko; irribarre higuingarri gisako batek okertuak zizkion ezpainak, eta ez zen hitzik ateratzen haietatik. Artean ez zegoen erabat mutu, ordea. Silaba etenak ateratzen zitzaizkion ahotik, agortzen ari den iturriaren azken bol-bol hotsak bailiran:
— Nereidak... Dama horiek... Nereidak... Ederrak... Biluzik... Zoragarria... Ilehoriak... Ile hori-horia...
Horiek izan ziren atera ahal izan zizkioten hitz bakarrak. Maiz entzun zuten hurrengo egunetan ere bere buruari eztiki esaten ziola: «Ile horia... Horia», zeta laztantzen ariko bailitzan. Gero akabo. Distira galdu zuten haren begiek betiko; kamuts eta finko bilakatutako begiradak, ordea, aparteko berezitasunak bereganatu zituen: begirik kliskatu gabe begiratzen dio eguzkiari; atsegin gertatzen zaio, agian, horitasun itsugarriko zer horri beha egotea. Herrian nintzen bera liluramenduak jo ondoko lehen asteetan: ez zuen sukarrik, ezta inongo intsolazio edo gaitz sintomarik ere. Inguruko monasterio entzutetsu batera eraman zuten gurasoek, exortzismoa egitera: gaixorik dagoen ardia bezain amultsu, utzi zien egin beharrekoak egiten, baina ez Elizako zeremoniek, ez intsentsu-lurrinketek, ez herriko atsoen magia erritoek ezin izan zizkioten eguzki koloreko ninfa zoroak odoletik uxatu. Bere egoera berriko lehenengo egunak etengabeko joan-etorrietan eman zituen: ez zen nekatzen agerpena gertatu zen lekura behin eta berriro itzultzeaz: iturri bat dago bertan, arrantzaleak zenbaitetan edateko urez hornitzera joan ohi direna, ibar sakon bat, eta pikondo alor bat, itsasoraino jaisten den bidexka batekin. Hango belar urrian antzeman uste izan du jendeak emakumezkoen oinatz arinik, gorputzen pisuak zanpatutako gunerik. Irudika genezake eszena: hostoen artetik igarotako izpiak, itzala baino gehiago argiaren forma berdeago eta eztiago bat den pikondoen itzalpean; herritar gaztea emakumezkoen barre eta garrasiek ernai jarria, ehiztaria hego-astintze hotsek bezala; jainkozko neskatxak beren beso zuriak, eguzkiari bidea eteten dioten ile horiz hornituak, gora jasota; hosto baten itzala sabel biluzi baten gainean mugitzen; bular argia, titi arrosa ageri duena, era ez morea; Panegiotisen musuak adats horiek irentsi beharrean, eztia ahogozatzen ari dela begitantzen baitzaio; haren irrika zango hori haien artean galtzen. Bihotz-liluramendurik gabeko maitasunik ez dagoen bezalaxe, ez dago ia benetako atsegintasunik edertasunaren mirespenik gabe. Gainerakoa itsu-itsuko funtzionamendua baino ez da gehienez ere, egarria edo gosea bezala. Irlako neskak urrixengandik bestelako diren bezainbatean haiengandik bestelako den mundu femenino baterako bidea ireki zioten Nereidek gazte burugabeari; ezezagunarekiko liluramendua eskaini zioten, mirariaren akidura, zoriontasunaren maltzurkeria distiratsuak. Ez omen dio sekula utzi haiekin elkartzeari, eguerdiko demonio eder horiek maitasun bila hara-hona ibili ohi diren ordu beroetan; emaztegaiaren aurpegia bera ere ahaztua du antza denez, eta tximino nazkagarri bat bailitzan aldentzen da haren bidetik; tu egiten du, berriz, bihotz-mina arindu aurretik bi hilabetez negarrez aritu zen popearen emaztea igarotzean. Fauno tolesgabe moduko bat bailitzan beren jolasetan errazago limur zedin leloarazi zuten Ninfek. Dagoeneko ez du lanik egiten; ez dute larritzen ez hilabeteek ez egunek; eskale egin zen, eta gosea asetzeko adina izaten du gehienetan. Eskualdean barrena ibiltzen da batera eta bestera, ahal duen guztietan bide nagusietatik aldenduz; landa eta pinudietan barrena jotzen du, muino mortuen arroiletan zehar; eta harresi idor baten gainean utzitako jasmin lorea, altzifre baten oineko uharri zuria, maitagarrien hurrengo bileraren ordu-lekuen berri irakur dezakeen mezuak omen dira berarentzat. Nekazarien ustetan, ez da inoiz zahartuko: begizkoa egin dioten edonor bezala, hemezortzi urte ala berrogei ote dituen inork ez dakiela zimelduko omen da. Baina dardara degiote belaunek, hoztua du ostera berotuko ez zaion gogoa, eta hitzik ez da sortuko sekula berriro beraren ezpainetatik: Homerok bazekien orduko, urrezko jainkosen ondoan etzaten direnek ahitzen ikusten dituztela beren adimena eta indarra. Baina inbidia diot Panegiotisi. Ilusioen munduan sartzeko atera da gertaeren mundutik, eta inoiz pentsatu izan dut ez ote den ilusioa izango, hain zuzen, errealitate ezkutuenek jendearen begitako hartzen duten forma.
— Baina, ororen buruan, Jean —esan zuen suminduraz Demetriadis andreak—, ez duzu uste izango ba Panegiotisek benetan ikusi zituela Nereidak?
Jean Demetriadisek ez zuen erantzun, bestetan ari baitzen, une horretan pasatzen ari ziren hiru emakumezko atzerritarri buruzut diosala egiten, aulkitik erdi altxatuta. Oihal zuriko soinekoetan lirain, ibilera zaluz zihoazen hiru amerikar haiek eguzkiak gainezka egiten zuen kaian barrena, azokan erositako horniduren pisupean makurtutako lepakari zahar bat atzetik zutela; eta, hiru neskatila eskolatik atera berri bailiran, elkarri eskutik helduta. Hiruretako bat buru-hutsik zihoan, adats gorriak mitre izpi batzuek pikardatuta, baina bigarrenak lastozko kapela mexikar eskerga zeraman, eta hirugarrenak kotoizko buruzapi batez bildua zuen burua, nekazari baten gisa, eta kristal iluneko eguzkitako betaurrekoek mozorro baten gisa babesten zuten. Hiru emakume gazte haiek irlan bizitzen jarriak ziren, bide nagusietatik urrutiko etxe bat erosi zutelarik: gauez hiruhortzaz egiten zuten arrantza beren txalupatik, eta udazkenean galeper ehizan ibili ohi ziren; ez ziren inorekin konpontzen, eta berek zerbitzatzen zuten beren burua, beren bizitzako intimitatean neskamerik sartzeko beldurrez; zapuzkeriaz bakartzen ziren azken batean, esamesak saihesteko, horiek baino nahiago izaki nonbait kalumniak. Alferrik saiatu nintzen Panegiotisek hiru jainkosa haiei botatzen zien begirada harrapatzen, haren begi galduek kamuts eta distirarik gabe segitzen baitzuten: agerikoa zen, ez zituen emakumez jantzitako bere Nereidak ezagutu. Bat-batean makurtu egin zen, animalia baten mugimendu bizkorraz, gure arteko norbaiten patrikatik eroritako beste drakma bat jasotzeko, eta orduan erreparatu nion, tiranteei atxikia besagain batetik zintzilik zuen zamarraren larru zakarrean itsatsia, nire ustea sendotzeko ororen gaindiko froga bat eskain ziezadakeen gauza bakarrari: zetazko hari bat, hari fina, hari galdua, ile hori bat.
© Marguerite Yourcenar
© itzulpenarena: Imanol Zurutuza