Genji printzearen azken amodioa
Genji Distiratsua, inoiz Asia harritu duen seduktorerik handiena, berrogeita hamar urte bete zituenean ohartu zen hiltzen hasi beharra zeukala. Bigarren emazteak, Murasaki Printzesa Bioletak, kontraesanezko hainbat infidelitate tarteko berak hainbeste maite izan zuenak, aurrea hartua zion bizitza aldakor eta zail honetan merezimenduren bat bereganatu duten hildakoak joan ohi diren Paradisu horietako batean, eta Genji atsekabetuta zegoen, ezin baitzuen zehatz gogoratu haren irribarrea, ezta negar egin aurretik egin ohi zuen imintzioa ere. Hirugarren emazteak, Mendebaldeko-Jauregiko-Printzesak, ahaide gazte batekin engainatu zuen, berak gazte garaian aita enperatriz nerabe batekin engainatu zuen bezala. Antzezpen beraren hasiera zen berriro, mundua den antzokian, baina bazekien oraingoan ez zitzaiola egokituko agure zaharraren papera besterik, eta pertsonaia horrena baino nahiago zuen fantasmarena. Horrenbestez, banatu zituen bere ondasunak, eman zien pentsioa zerbitzariei eta aldez aurretik mendi hegalean eraikiarazteko ardura hartua zuen bakarleku batean bere egunak bukatzera joateko prestatu zen. Azkeneko aldiz gurutzatu zuen hiria, berari agur esanez beren gaztetasuna bera agurtu beharraren aurrean etsi nahi ez zuten bizpahiru lagun leial baizik ez zihoazkiola atzetik. Oso goiz zen arren, pertsianen xafla finen kontra tinkatzen zituzten beren aurpegiak emakumeek. Marmar ozenez zioten Genji artean ederra zela oso, eta horrek beste behin ere erakutsi zion printzeari alde egiteko sasoia heldua zuela.
Hiru egun behar izan zituen basa-inguru bete-betean zegoen bakarlekura iristeko. Ehun urtetik gorako astigar baten oinean eraikia zegoen etxetxoa; udazkena zenez, zuhaitz eder haren hostoek urrezko gainjantziz estaltzen zuten lastozko teilatua. Bizimodua, bakardade hartan, Genjik bere gaztaro ekaiztsuan atzerrian jasan behar izan zuen erbeste luzean izandakoa baino are soilago eta latzago suertatu zen, eta ohitura fineko gizon hark, azkenik, guztiz asetzeraino dastatu ahal izan zuen denik eta luxurik gorena, zein baita gauza guztiez gabeturik egotea. Laster, lehen hotzak iragarri ziren; mendi-hegalak elurrez estali ziren, neguan soinean eraman ohi diren jantzi kotoidun horien tolesdura zabalak bailiran, eta lainoak eguzkia ito zuen. Egun-urratzetik ilunabarrera arte, sutontzi zuhur baten argitasun motelean, Eskritura Santuak irakurtzen zituen Genjik, eta berarentzat aurrerantzean maitasun bertsorik erdiragarrienek ere falta izango zuten zaporea hartzen zien berset doi haiei. Baina berehala ohartu zen ikusmena moteltzen ari zitzaiola, bere maitale maskalen gainera isuritako malko haiek guztiek begiak erre izan balizkiote bezala, eta jabetu beharra izan zuen heriotza baino lehenago hasiko garela berarentzat ilunpeak. Tarteka-marteka, hotzez uzkurtutako postari bat iristen zen hiriburutik, nekaldiak eta ospelek handitutako oinen gainean herrenka, eta begirunez eskaintzen zizkion oraindik ere mundu honetan, beste bizitzako topaketa betiereko eta menturazkoak baino lehen, behin bederen bisita egin nahi zioten ahaide nahiz adiskideen mezuak. Beldur zen Genji, ordea, errukia edo begirunea besterik ez ote zuen piztuko etortzen zitzaizkionen baitan, biak ere ikaratu egiten zuten sentimenduak izaki, eta horiek baino nahiago zuen ahanztura. Triste astintzen zuen burua, eta orri zuri bat aldean zeramala bidaltzen zuen bueltan mezularia, behinola olerkari eta kaligrafo dohainengatik ospetsu izandako printze hark. Apurka-apurka hiriburuarekiko harremanak bakandu egin ziren; itzulika segitzen zuen urtaroetako festaburuen zikloak, haiek behinola abaniko-kolpe batez zuzentzen zituen printzearengandik urruti, eta Genjik, bere burua ahalkerik gabe abandonaturik bakardadeko tristuretara, etengabe okerragotzen zuen begietako gaitza, jada ez baitzuen negar egiteko lotsarik.
Garai bateko bere maitaleen arteko bizpahiruk eskainia zioten bere burua oroitzapenez betetako isolamendu hura elkarrekin ematera etortzeko. Eskutitzik eztienak Erortzen-diren-loreen-herriko-damarenak ziren: erdi-mailako jaiotzako antzinako ohaide bat zen, hala-holako edertasunekoa; fideltasunez zerbitzatu zituen, ohorezko dama gisa, Genjiren beste emazteak, eta, hemezortzi urtez, inoiz sufritzeaz nekatu gabe maite izan zuen printzea. Printzeak, tarteka-marteka, egiten zion bisitarik gauez, eta elkartze horiek, izarrak gau euritsuan bezain bakanak izanik ere, aski izan ziren Erortzen-diren-loreen-herriko-damaren bizimodu gaixoa argitzeko. Ez zuenez amets handirik egiten ez bere edertasunaren, ez bere dohainen, ez bere jaiotzaren kontura, Damak, berak bakarrik horrenbeste maitaleren artean, Genjirenganako eskerron eztia gordea zuen bere baitan, ez baitzuen erabat natural ikusten hark bera maitatu izana.
Eskutitzen erantzunik jaso gabe segitzen zuenez, biderako beharrezkoenak alokatu eta printze bakartiaren txabolaraino eraman zezatela agindu zuen Damak. Herabeki bultzatu zuen adar-sarez egindako atea; belaunikatu egin zen, irribarretxo umil batez, bertan izateagatik barkamen eske. Bisitariak asko hurbilduz gero Genjik artean aurpegia ezagutzen zien garaia zen. Amorru mingotsa erne zitzaion hildako egunetako oroitzapenik zorrotzenak pizten zizkion emakume haren aurrean, ez horrenbeste beraren presentziaren eraginez, haren mahukak oraindik ere bere emazte zenduek erabili ohi zuten lurrin gozoaz bustita zeudelako baizik. Besterik ez bazen zerbitzari gisa berekin har zezala erregutzen zion emakumeak tristeki. Errukirik gabe lehen aldikoz, bota egin zuen handik printzeak, baina emakumeak bazuen oraindik lagunik printzearen zerbitzua ziurtatzen zuten zahar apurren artean, eta horiek helarazten zioten tarteka haren berri. Bera ere bizitzan lehen aldikoz bihozgabe, urrutitik barrandatzen zuen Genjiren itsutasunaren aurrerabidea, maitalearekin elkartzeko irrikaz egonezinean dagoen emakumeak eguna erabat ilundu arte itxaroten duen bezala.
Ia erabat itsu zegoela jakin zuenean, hiriko jantziak erantzi eta emakume nekazari gazteek eraman ohi dituzten soineko motz eta arrunt horietako bat jantzi zuen; landetako nesken gisa txirikordatu zuen ilea; eta herrietako ferietan saltzen diren horietako oihal eta ontziez betetako fardel bat hartu zuen gainean. Horrela itxuraldatuta, bere gogoz erbesteratutakoa basoko orkatz eta hegazterrenen konpainian bizi zen lekura eraman zezatela agindu zuen; azken bide-muturra oinez egin zuen, lokatzak eta nekeak antzezpena egiten lagun ziezaioten. Udaberriko euri eztia ari zuen botatzen zerutik lur bigunera, ilunabarreko azken argitasunak itotzen zituela: Genji, bere eremutar jantzi soilean bilduta, estropezu egin ez zezan zerbitzari zaharrek harririk txikienak ere ardura handiz kenduak zituzten bidean barrena geldiro paseatzen zeneko ordua zen. Beraren aurpegi ameslari, aiherga, itsutasunak eta zahartzaroaren hurbiltasunak histuak, behinola edertasuna islatzen zuen ispilu berunkara zirudien, eta Erortzen-diren-loreen-herriko-damak ez zuen itxurak egiten aritu beharrik izan negarrez hasteko.
Emakumezko baten negar-zotin haiek ikaratu egin zuten Genji, zeinek malkoen sorburu zen aldera egin baitzuen geldiro.
— Nor zara, emakume? —esan zuen arranguraz.
— Ukifune nauzu, So-Hei bordariaren alaba —esan zuen Damak, herrikoen doinua erabiltzeaz ahaztu gabe—. Hirira joan nauzu amarekin, oihalak eta tupinak erostera, hurrengo ilargian ezkonaraziko bainaute. Eta hara non mendiko bideetan galdu naizen, eta hemen nauzu negarrez, basurdeen, deabruen, gizonen nahikarien eta hildakoen mamuen beldur.
— Blai eginda zaude, neskatxa —esan zuen printzeak, eskua haren sorbaldan jarriz.
Hezurretaraino bustia zegoen, izan ere. Hain ezagun zuen esku hark ukitzearekin, ile-puntetatik oin hutsetako behatzetaraino ikaratu zen, baina hotz-dardaraz zegoela uste izan zuen Genjik.
— Zatoz nire etxolara —jarraitu zuen printzeak ahots limurkorrez—. Nire sutondoan berotu ahal izango zara, hartan ikatza errautsa bezain ugari ez den arren.
Atzetik joan zitzaion Dama, nekazari baten ibilera moldegabearen itxurak egiten ahalegintzen zela. Ia hilda zegoen suaren aurrean kokoriko jarri ziren biak. Genjik berotara luzatzen zituen eskuak; Damak, ordea, ezkutatu egiten zituen hatzak, guriegiak izaki landetako neska batenak izateko.
— Itsua nauzu —egin zuen hasperen Genjik isilune baten ondoren—. Ahalkerik gabe ken ditzakezu jantzi bustiak, neskatxa, eta biluzik berotu nire suaren aurrean.
Damak otzantasunez kendu zuen bere nekazari-soinekoa. Suak arrosa-kolorea ematen zion denik eta anbar-harririk zurbilenean landua zirudien haren gorputz meharrari. Bat-batean, Genjik, ahapeka esan zuen:
— Engainatu egin zaitut, neskatxa, oraindik ez bainago erabat itsu. Beharbada zure edertasunaren haloa baino ez den lainoan barrena sumatzen zaitut. Utzidazu oraindik ere dardarka duzun besoaren gainean jartzen eskua.
Horrela bihurtu zen Erortzen-diren-loreen-herriko-dama berriro hemezortzi urte luzez umilki maite izandako Genji printzearen maitale. Ez zitzaion ahaztu neskatxa gazte baten lehen maitasunaldiko malkoen eta herabetasunen plantak egitea. Harrigarriki gazte irauna zuen gorputza, eta printzearen ikusmena ahulegia zen haren ile zuri apurrak hautemateko.
Elkarrekiko laztanek azkena jo zutenean, Damak, printzearen aurrean belaunikatu, eta esan zion:
— Engainatu egin zaitut, Printze. Ukifune nauzu, bai, So-Hei bordariaren alaba, baina ez naiz mendian galdu; Genji printzearen entzutea herriraino zabaldu da, eta neure gogo onez etorria nauzu, zure besoetan maitasuna ezagutzera.
Neguaren eta haizearen erasopean kulunkatzen den pinuaren gisa kordoka jaiki zen Genji. Ahots txistukariz hots egin zuen:
— Zorigaitz zuri, dudan etsairik okerrenaren oroitzapena, begi biziko printze ederrarena, gogora ekarri didazun horri, ernai bainauka gauero haren irudiak... Alde egizu hemendik...
Eta Erortzen-diren-loreen-herriko-damak alde egin zuen, izan berri zuen hutsegiteaz damututa.
Hurrengo asteetan Genji bakarrik egon zen. Sufritu egiten zuen. Etsipenez ohartzen zen mundu honetako arte gaiztoen mende zegoela oraindik, eta oso gaizki prestatua beste bizitzako atxikimendu-hauste eta berriztapenetarako. So-Hei bordariaren alabaren bisitaldiak eskumutur estu, bular koniko luze eta irri hunkigarri eta sotileko kreaturenganako nahikundea piztua zuen beraren baitan. Itsutzen ari zenetik, ukimena zuen munduaren edertasuna hautemateko gelditzen zitzaion bide bakarra, eta babes bila etorria zeneko paisaiek ez zioten jada kontsolamendurik ematen, errekaren harrabotsa emakume baten ahotsa baino monotonoagoa baita, eta muinoetako kurbak edo hodeien kizkurdurak ikusten dutenentzat baitaude eginda, eta urrutiegi aurkitzen dira gugandik, laztan ditzagun uzteko.
Bi hilabete geroago Erortzen-diren-loreen-herriko-damak bigarren saio bat egin zuen. Oraingoan, artaz jantzi zen eta lurrindatu bere burua, baina kontu izan zuen oihalen ebakerak zer edo zer hertsi eta uzkur antzeko izan zezan, dotorea izanik ere, eta probintziako leinu ohoragarri batean sortu eta gortea inoiz ikusi ez duen emakume gazte baten irudimenik eza iradoki zezan lurrin diskretu baina arruntak.
Abagune hartarako eramaileak alokatu zituen, eta egundoko esku-aulkia, baina hiriko azken hobekuntzak falta zituena. Moldatu zen Genjiren etxolaren ingurura gau betea izan arte ez iristeko. Udak aurrea hartua zion mendian. Genji, astigarraren pean eserita, kilkerren kantua entzuten zegoen. Aurpegia abaniko baten atzean erdi ezkutaturik zuela hurbildu eta ahapeka esan zion lotsaz:
— Txujo nauzu, Yamato probintziako zazpigarren lerroko aitonen seme Sukazuren emaztea. Erromesaldian noakizu Iseren tenplura, baina eramaileetako batek hanka bihurritu du oraintsu, eta ezin dut bidean aurrera egin egunsentia baino lehenago. Esadazu non aurki nezakeen etxola bat, esamesen beldurrik gabe gaua igaro eta zerbitzariei atseden harrarazteko.
— Non egon liteke emakume gaztea esamesetatik babestuago agure zahar itsu baten etxean baino? —esan zuen printzeak samintasunez—. Nire etxola txikiegia da zure zerbitzariak hartzeko, eta zuhaitz honen pean jarri beharko dute, baina zeuri utziko dizut nire bakarlekuko matalaz bakarra.
Haztamuka jaiki zen, bidea erakusteko. Behin bakarrik ere begiak emakumearengana goratu gabea zen artean, eta erabat itsu zegoen seinale gertatu zitzaion hori hari.
Emakumea orbelezko matalazean etzan zenean, etxola-atariko eserlekura itzuli zen Genji malenkoniatsu. Triste zegoen eta ez zekien ezta emakume gazte hura ederra ote zen ere.
Gau bero eta argia zen. Ilargiak halako distira bat ematen zion itsuaren aurpegi goratuari, jade zurian landua baitzirudien. Denbora puska baten buruan, bere basa-etzalekua utzi eta atarian esertzera etorri zen Dama ere. Hasperen batez esan zuen:
— Ederra dago gaua, eta ez naiz logale. Utzidazu bihotz bete ditudan kantuetako bat kantatzen.
Eta, erantzunaren zain geratu gabe, behinola bere emazterik maiteenaren, Printzesa Bioletaren ezpainetatik hamaika bider entzuna izaki printzeak oso gogoko zuen erromantze bat kantatu zuen. Genji, asaldatuta, ezarian-ezarian hurbildu egin zen ezezagunarengana:
— Nondik zatoz, gaztetan gogoko genituen kantuak dakizkizun emakume gazte hori? Noizbaiteko ahaireak jotzen dituen harpa hori, utzidazu eskua zure soketatik paseatzen.
Eta ileak laztandu zizkion. Une baten ondoren galdegin zuen:
— Ondikotz!, ez al da zure senarra ni baino ederrago eta gazteago, Yamato herrialdeko emakume gazte hori?
— Nire senarra ez da hain ederra, eta zaharrago ematen du —erantzun zuen Erortzen-diren-loreen-herriko-damak, lañoki.
Horrela, mozorro berriaren pean, Genji printzearen maitale bihurtu zen Dama, lehenagoko garaietan gisa. Goizean, ahi beroa prestatzen lagundu zion, eta Genji printzeak esan zion:
— Trebea eta beratza zara, emakume gazte hori, eta ez dut uste Genji printzeak berak ere, maitasun kontuetan hain zoriontsu izan zenak, zu baino maitale eztiagorik izango zuenik.
— Ez dut sekula entzun Genji printzearen aipurik —esan zuen Damak burua astinduz.
— Zer? —hots egin zuen Genjik samintasunez—. Hain laster ahaztu al da jendea hartaz?
Eta egun osoan goibel egon zen. Orduan ohartu zen Dama bigarren aldiz huts egin zuela, baina Genji ez zen jada hura handik botatzeaz mintzo, eta haren zetazko soinekoak belarretan egiten zuen igurtzi-hotsa entzuteaz zoriontsu zirudien.
Heldu zen udazkena eta aldatu egin zituen mendiko zuhaitzak, lehenengo hotzekin hil beharrean izango ziren purpura eta urrez jantzitako maitagarrien itxura eman baitzien. Damak deskribatu egiten zizkion Genjiri arre-gris haiek, arre-urre kolore haiek, arre-malba haiek, kontu hartuz ezustean bezala baino ez egiteko haien aipamenik, eta aldioro saiatzen zen laguntza nabarmenkiegi ematen duenaren itxurarik ez hartzen. Txoratu egiten zuen Genji etengabe, lorez egindako lepoko bikainak asmatzen zituelarik, edo sinple izate hutsez ezin finago gertatzen ziren jatekoak, edo ahaire zahar hunkigarri eta erdiragarriei egokitutako hitz berriak. Xarma horiek berberak hedatuak zituen lehenago ere, bosgarren ohaidearen pabilioian, Genjik bisita egiten zion garai hartan, baina, beste amodio batzuei atxikia izaki gogoa, hura ez zen ohartu orduan.
Udazken bukaera aldera, sukarrak igo ziren zingiretatik. Intsektuak ugaldu egiten ziren aire txartuan, eta arnasaldi bakoitza iturri pozoitu batetik edandako ur zurrutadaren gisakoa zen. Genji gaixotu egin zen, eta orbelezko ohean etzan zen, jakinik ez zela berriro jaikiko. Lotsatu egiten zen Damaren aurrean, bere ahuleziagatik eta gaixotasunaren ondorioz jasan behar zituen zainketa umilgarriengatik, baina bizitza osoan, esperientzia bakoitzean, alderdirik berezi eta aldi berean mingarriena bilatu izan zuen gizonak ezin zezakeen gozatu besterik egin intimitate berri eta zoritxarreko hark bi izakiren arteko maitasunaren eztitasun estuei gehitzen zien zer hartaz.
Dama zangoetan masajea ematen ari zitzaion goiz batean, ukondoaren gainean altxatu zen Genji, eta, haztamuka bilatuz Damaren eskuak, ahapeka esan zuen:
— Hiltzeko zorian dagoena zaintzen duzun emakume gaztea, engainatu egin zaitut. Genji printzea nauzu.
— Zuregana etorri nintzenean, probintzial ezjakina baino ez nintzen —esan zuen Damak—, eta ez nekien nor zen Genji printzea. Orain badakit gizonen arteko ederrena eta desiratuena izan dela, baina zuk ez duzu Genji printzea izateko beharrik maitatua izateko.
Irribarre batez eskertu zuen Genjik. Begiak isilduz geroztik, begirada ezpainetan higitzen zitzaiola esan zitekeen.
— Hil-hurren nago —esan zuen neke handiz—. Ez naiz kexu loreekin, intsektuekin eta astroekin berdintzen nauen patuaz. Guztia amets baten gisa igarotzen den unibertsoan, aiher gintzaizkioke geure buruari, betiko irautearen kariaz. Ez naiz kexu gauzak, izakiak eta bihotzak iragankor izateaz, zoritxar horretaz egina baitute beren edertasunaren parte bat. Horiek guztiak bakarrak izatea da nahigabetzen nauena. Bizitzako une bakoitzean inoiz berrituko ez zen agerpena jasoko nuen ziurtasunak moldatzen zuen behinola nire ezkutuko atseginen arteko argiena: orain, lotsatuta hil beharrean nauzu, behin baino eskainiko ez den festa bikainean izan den bakarra litzatekeen pribilegiatuaren gisa. Gauza maiteok, hilzorian dagoen itsu bat baino ez duzue lekuko dagoeneko... Beste emakume batzuk loratuko dira, nik maite izandakoak bezain irribarretsuak, baina horien irribarrea bestelakoa izango da, eta grina pizten zidan orezta lekuz aldatua izango da berorien anbarezko masailetan, atomo bat handi den adina. Beste bihotz batzuk hautsiko dira maitasun jasanezin baten pean, baina haien malkoak ez dira gure malkoak izango. Desirkundez hezatutako eskuak elkartuko dira gero ere almendrondo loratuen pean, baina petalo-euri berbera ez da sekula bi bidet erortzen giza zoriontasun berberaren gainera. Ai!, halaxe sentitzen naiz neu ere, uholdeak berekin daraman hartan zenbait eskutitz horitu eta abaniko kolorgetu non utziko lur muturtxo lehor bat aurkitu nahian lebilkeen gizonaren pareko... Zer izango da zutaz, maite ninduela hil zen egunaren biharamunera arte sinetsi ez nion nire lehen emazte Printzesa Urdinaren Oroitzapen hori, neu ez banago bihotza erdira diezadazun? Eta zutaz, lehiakide jeloskor bat maite behar ninduen bakarra izaten tematua zitzaidala-eta nire besoetan hil zen Ezkerteen-Pabilioiko-Damaren Oroitzapen goibel hori? Eta zuetaz, infidelitatearen konplize edo biktima izanik zenbat sufritzen den erakusteaz hurrenez hurren arduratu zitzaizkidan amaorde ederregiaren eta emazte gazteegiaren Oroitzapen maltzur horiek? Eta zutaz, ahalkez ihes eginda emakume baten irribarre herabea nola edo hala islatzen zuen haur-begitarteko bere anaia gaztearen ondoan kontsolatzeko beharrean utzi ninduen Lorategiko-Txitxarra Damaren Oroitzapen xume hori? Eta zutaz, hain eztia izanik nire etxean eta nire bihotzean hirugarrena baino ez izatea onez hartu zuen Gau-Luzeko-Damaren Oroitzapen maitea? Eta zutaz, nigan nire iragana baino maite ez zuen So-Hei bordariaren alabaren Oroitzapentxo bukoliko gaixoa? Eta zutaz, batez ere zutaz, une honetan oinak igurzten ari zaidan eta oroitzapen izateko denborarik izango ez duen Txujo txipiaren Oroitzapen zoragarria? Txujo, nire bizitzan lehenago topatu nahi izango nukeen hori; bidezkoa da, ordea, fruitu bat udazken bukaerarako gordetzea...
Tristuraz goibel, buruko gogorraren gainera erortzen utzi zuen burua. Erortzen-diren-loreen-herriko-dama gainera makurtu zitzaion eta, dardaraz, hala esan zion ahapeka:
— Ez al zegoen zure jauregian beste emakume bat, esandakoen artean aipatu ez duzuna? Ez al zen eztia? Ez al zuen izena Erortzen-diren-loreen-herriko-dama? Ai, gogora zaitez...
Baina ordurako Genji printzearen begitarteak bereganatua zuen hildakoentzat bakarrik gordea den baretasun hori. Oinaze oro bukatu izanak asetasun nahiz samindura arrastoak oro ezabatu zituen haren aurpegitik, eta bera ere sinetsia zegoela ematen zuen artean hemezortzi urte zituela. Erortzen-diren-loreen-herriko-damak lurrera bota zuen bere burua, garrasika, bere onetik aterata; malko gaziek ekaitz-euri baten gisa hondatzen zizkioten masailak, eta eskukadaka errotik ateratako ileak zeta-kondarrak bailiran hegaldatzen ziren. Genjik ahaztutako izen bakarra berarena zen, hain zuzen ere.
© Marguerite Yourcenar
© itzulpenarena: Imanol Zurutuza