Heriotzaren esnea

 

        Turisten ilara beis-gris luzea Ragusako kale nagusian barrena barreiatzen ari zen; denda-atarietan haizeak kulunka zerabiltzan txano xingoladunek eta jaka bordatu bikainek bizitu egiten zituzten opari merkeen eta ontzian egin ohi ziren dantzaldietarako mozorroen bila zebiltzan bidaiarien begiradak. Bero zen oso, infernuan beste inon ez bezala. Ispilu su-emaileen garren mende zuten Ragusa Hertzegovinako mendi soilduek. Garagardotegi alemaniar baten barrura sartu zen Philip Mild; erdi ilunpe itogarrian zenbait eulitzar zebiltzan burrunban. Jatetxearen terrazak, ustekabean, Adriatiko aldera jotzen zuen, eta hiriaren erdian ageri zen hura berriro, inork gutxien esperoko zukeen lekuan, nahiz bat-bateko zirrikitu urdin hark Merkatu plaza nabarrari beste kolore bat eransteko bestetarako ez balio. Kiratsa iristen zen zuritasun ia jasangaitzeko kaio batzuk garbitzen ari ziren arrain-kondar pila batetik. Batere haizerik ez zetorren itsaso zabaletik. Philipen ganbara-laguna, Jules Boutrin ingeniaria, zinkezko mahaitxo batean jarrita zegoen, edaten, urrutitik ikusita itsasoan flotatzen legokeen laranja handi baten itxura hartzen zitzaion su koloreko eguzkitako baten itzalpean.

        — Kontadazu beste istorio bat, lagun zahar —esan zion Philipek, aulki batean astunki eseriz—. Whisky baten premia dut, eta itsasoaren aurrean kontatutako istorio batena... Ahalik eta istoriorik ederrena, ahalik eta egiantzik gutxien duena, kaian erosi berri ditudan egunkarietan ageri diren abertzalekeriazko gezur kontraesanez josiak ahaztaraziko dizkidan istorioa. Italiarrek eslaviarrak iraintzen dituzte, eslaviarrek greziarrak, alemaniarrek errusiarrak, frantsesek Alemania eta, ia beste horrenbeste, Ingalaterra. Guztiek dute arrazoia, pentsatzen dut. Hitz egin dezagun beste zerbaitez... Zer egin zenuen atzo Eskutarin, ez dakit zer turbina arraio zeure begi propioez ikustera joateko horrenbesteko irrika baitzenuen?

        — Ezer ez —esan zuen ingeniariak—. Presa bat egiteko menturazko obra batzuei begiratu bat emateaz gain, dorre baten bila eman nuen denborarik gehiena. Hainbeste herritan aditu izan diet atso serbiarrei Eskutariko dorrearen istorioa kontatzen, non adreilu akastu horiek begiztatzeko beharra baineukan, eta ikusteko ea, esaten duten bezala, arrasto zuri bat geratzen ote zen oraindik bertan... Baina denborak, guduek, eta inguruko nekazariek beren etxaldeetako hormak sendotzeko izandako ardurak harriz harri eraitsi dute, eta ipuinetan baino ez dirau zutik haren oroitzapenak... Horren haritik, Philip, aski zorioneko al zara, non «ama on» deitzen diogun horietako bat duzun?

        — A zer galdera! —erantzun zion, zabar, ingeles gazteak—. Ama ederra dut, meharra, makilatua, eskaparate bateko kristala bezain gogorra. Zer nahi duzu esatea besterik? Elkarrekin ateratzen garenean, haren anaia zahartzat hartzen naute.

        — Hori da. Guztiok bezalakoxea zara. Pentsatzen dudanean zenbait txotxolok gureak poesiarik gabeko garaiak direla sinetsarazi nahi digutela, bere surrealistak, bere profetak, bere zinema-izarrak eta bere diktadoreak izango ez balitu bezala! Sinetsidazu, Philip, benetan zerbait falta badugu, errealitateak dira falta zaizkigunak. Zeta artifiziala da, janari sintetiko nazkagarri horiek momiak asebetetzeko erabiltzen zituzten sasi-janarien antza dute, eta zorigaitzaren eta zahartzearen kontra esterilizatutako emakumerik ez dago dagoeneko. Herrialde erdi barbaroetako kondairetan baino ez dira aurkitzen oraindik ere esnez eta malkoz aberats diren kreatura horiek, zeinen haur izateaz harro egongo litzatekeen edonor... Non aditu dut nik, beste bizitza batean Antigonarekin egona zelako inongo emakumerik maitatu ezin zuen poetaren kontu hori? Nire gisako morroi bat... Zenbait dozena ama eta neska maiteminduk, Andromakarekin hasi eta Griseldarekin bukatu, exigente bilakatu naute errealitatea omen diren panpina hautsiezin horiekiko.

        «Isolda maitaletzat, eta Auda ederra arrebatzat... Bai, baina amatzat eduki nahi izango nukeena Albaniako legendako neskatxa hura da, inguru hauetako erregetxo gazte baten emaztea...

        «Hiru anaia ziren, eta dorre bat eraikitzen ziharduten, bertatik lapur turkiarrak zelatatzeko modurik izatearren. Beren eskuz lotuak ziren lanari, eskulana garesti zelako edo, nekazari onak izaki, beste inoren besoez ez zirelako fida, eta txandaka etortzen zitzaizkien emazteak jatekoak ekartzera. Teilatuan belar-sorta bat jartzeko punturaino beren lana aski ongi bideratzen zuten aldiro, ordea, gaueko haizeak eta mendiko sorginek bertan behera botatzen zieten dorrea, Jainkoak Babel irauli zuen gisa berean. Hamaika arrazoi izan daitezke dorre batek zutik iraun ez dezan, eta langileen dorpeziari, lurraren gogo gaiztoari nahiz harriak itsasten dituen zementu kaxkarrari lepora dakioke errua. Baina nekazari serbiar, albaniar eta bulgariarrek kausa bakar bat ezagutzen dute, halako hondamendia argi dezakeenik: badakite eraikinak erori egiten direla lurrera baldin eta oinarrietan gizon edo emakume bat sartzeko ardura hartzen ez bada, haren hezurdurak baino ez baitio eutsiko harrizko haragi pisutsuari Azken Judizioko egunera arte. Horrela, Artan, Grezian, neskatxa bat hormaratu zuteneko zubia erakutsi ohi dute: haren adatsen mutur bat ateratzen da artesi batetik eta landare hori baten gisa dago uraren gainean zintzilik. Hiru anaiak elkarri mesfidantzaz begiratzen hasiak ziren, eta arretaz zebiltzan beren itzala bukatu gabeko hormaren gainera eror ez zedin; izan ere, hoberik ezean, gizonaren luzapen beltz hori, agian haren arima den hori hertsi baitaiteke inor egiten ari den eraikinean, eta modu horretan itzala gatibu geratzen zaion hura maitasun-atsekabeak jotako dohakabearen gisa hiltzen baita.

        «Iluntzean, bada, zein baino zein sutatik urrutiago esertzen ziren hiru anaiak, baten bat atzeko aldetik isilean gerturatu eta itzala eramango zien beldurrez, oihalezko zaku bat gainera jaurtirik, erdi itota, uso beltz bat bailitzan. Lanerako zuten grina moteltzen ari zen, eta larritasunak, ezen ez jada nekeak, izerdiz blai egiten zituen beraien kopeta beltzaranak. Egun batean, azkenik, anaiarik zaharrenak bere inguruan bildu zituen beste biak eta esan zien:

        «— Anaiatxoak, odolez, esnez eta bataioz anaiak zaituztedan horiek, gure dorreak bukatu gabe segitzen badu, berriro lerratuko dira turkiarrak laku-bazterretik barrena, kanaberen atzean ezkutuka. Gure etxalde-neskak bortxatuko dituzte; biharko ogiaren promesa erreko dute gure soroetan; baratzetan goratutako txorimaloetan gurutziltzatuko dituzte gure nekazariak, beleentzako bazka izan daitezen. Anaiatxoak, elkarren premia dugu, eta ez zaio komeni hirustari hiru hostoetako bat sakrifikatzea. Badugu, ordea, emazte gazte eta sasoitsu bana, beren bizkar eta lepo ederren gainean zama astunak eramaten ohituak hirurak. Ez dezagun ezer erabaki, anaiak: utz diezaiogun aukera egiten Zoriari, Jainkoaren bitarteko den horri. Bihar, egunsentian, gure emazteen artetik eguneko janaria ekartzera etortzen zaigun hura hartuko dugu dorrearen oinarrietan hormaratzeko. Gau bateko isiltasuna baino ez dizuet eskatzen, oi ene ondoko, eta ez dezagun malko eta hasperen gehiegirekin besarka azken batean eguzkia sartzen denean oraindik arnasa hartzen segitzeko hirutik bi aukera dituena.

        «Erraza zitzaion horrela hitz egitea, inork ez bazekien ere gorroto baitzion bere emazte gazteari, eta harengandik libratu nahian baitzebilen, beraren lekuan ile gorriko neska greziar eder bat hartzeko. Bigarren anaiak ez zuen eragozpenik jarri, itzulitakoan emaztea jakinaren gainean jartzeko asmoa baitzuen, eta protesta egin zuen bakarra gazteena izan zen, zin eginez gero ez baitzekien emandako hitza jaten. Anaia zaharren bihotz-zabaltasunak hunkiturik, munduan zuen gauzarik maiteenari uko egiten baitzion batak nahiz besteak guztion onerako zen obra haren mesedetan, amore eman zuen azkenik, eta agindu zuen ez zuela gau osoan hitzik aterako kontu horretaz.

        «Hildako argitasunaren mamua oraindik soroetan barrena ibili ohi den iluntzeko ordu horretan itzuli ziren kanpamendura. Anaia bigarrena oso aldarte txarrean sartu zen bere dendara, eta zakar agindu zion emazteari botak kentzen laguntzeko. Aurrean makurtu zitzaionean, bete-betean bota zizkion aurpegira oinetakoak, eta esan zion:

        «— Zortzi egun dira dagoeneko atorra berbera daramadala soinean, eta helduko da igandea eta ezin izango dut arropa zuririk jantzi. Alferrontzi madarikatua! Bihar, egun argitzean, lakura joango zara saskian arropa zikinak hartuta, eta bertan jardungo duzu gauera arte, eskuila eta arropa-jotzekoa eskutik utzi gabe. Bertatik denik eta gutxien ere aldentzen bazara, hilik akabatuko duzu.

        «Eta emakume gazteak, ikaraka, biharamunean egun osoa lixiba egiten emango zuela agindu zuen.

        «Zaharrena etxeko andreari ezer ez esateko erabaki sendoa hartuta sartu zen berera, gogaitu egiten baitzuten haren musuek, eta ez baitzuen jada gogoko bizitasuna galdua zuen haren edertasuna. Baina flakezia bat zuen: ametsetan hitz egiten zuen. Andre albaniar joria ez zuen loak hartu gau hartan, bere jauna zertan nahigabetu ote zuen galdezka ari baitzitzaion bere buruari. Bat-batean marmarka entzun zuen senarra, estalkiari bere aldera tiraka ari zela:

        «— Bihotz maitea, ene bihoztxo maitea, alargun izango zara aurki... A zer lasaitasuna, dorreko adreilu sendoek beltzaranarengandik bereizten nautenean...

        «Anaia txikia, berriz, sega bizkarrean hartuta uzta biltzera doan Herioa bera aurkitu duen gizona bezain zurbil eta etsia sartu zen bere dendara. Musu eman zion zumezko sehaskan zegoen haurrari, samurki hartu zuen emaztea besoen artean eta, gau osoan, bere bihotzaren kontra negarrez entzun zuen hark. Baina andre gazte diskretuak ez zion galdetu atsekabe handi haren arrazoia, ez baitzuen behartu nahi buruz buru hitz egitera, eta ez zuen jakiteko beharrik zein ziren nahigabeak kontsolamendu ematen saiatzeko.

        «Biharamunean, hartu zituzten hiru anaiek pikotxak eta mailuak, eta dorre aldera abiatu ziren. Anaia bigarrenaren emazteak prestatu zuen bere arropa-saskia eta anaia zaharrenaren emaztearen aurrean belaunikatzera joan zen:

        «— Ahizpa —esan zion—, ahizpa maitea, ni nintzen gaur gizonei jatekoa eramateko, baina oihal zuriko bere atorrak garbitzeko agindu dit senarrak, akabatu egingo nauela bestela, eta bete-betea daukat otarrea.

        «— Ahizpa, ahizpa maitea —esan zuen anaia zaharrenaren emazteak—, gogo onez joango nintzateke gure gizonei jatekoa eramatera, baina deabru bat lerratu zait bart hortzetako baten barrura... Oi, oi, oi!, minez oihu egiteko baino ez naiz gauza...

        «Eta, esku joaldi batez, gazteenaren emazteari deitu zion, besterik gabe:

        «— Gure anaia gazteenaren emazte zaren hori —esan zion—, txikienaren emaztetxo maitea, zoaz gure ordez gizonei jatekoa eramatera; izan ere, luzea da bidea, nekatuak ditugu oinak, eta ez gara zu bezain gazte eta bizkorrak. Zoaz, txiki maite hori, eta gauza gozoz beteko dugu zure otarrea, irribarrez har zaitzaten gure gizonek, zu, gosea kenduko diezun Mezulari hori.

        «Eta bete zuten otarrea eztiz eta Korintoko mahatsez gozatutako lakuko arrainez, mahats-hostoetan bildutako arrozez, ardi-gaztaz eta almendra gazituz egindako pastelez. Emakume gazteak maiteki utzi zuen haurra bere bi koinaten besoetan eta bidean aurrera abiatu zen, bakarrik, fardela buru gainean eta patua lepoaren inguruan, inork ikusi ezineko domina bedeinkatua bailitzan, non Jainkoak berak idatzia baitzukeen zer-nolako heriotzara zeraman halabeharrak, eta zein leku izango zuen zeruan.

        «Hiru gizonek urrutitik ikusi zutenean, nor ote zen artean atzeman ezin zen figura txikia, korrika joan ziren harengana, lehenengo biak beren azpijokoa onik atera ote zen kezkak jota, eta gazteena Jainkoari erreguka. Zaharrenak birao bat irentsi zuen bere beltzarana ez zela ohartzean, eta anaia bigarrenak goraki eman zizkion eskerrak Jainkoari, bere arropa-garbitzailea hartatik libratu izanagatik. Txikiena, berriz, belaunikatu egin zen, besoekin inguratu emazte gaztearen aldakak, eta barkamena eskatu zion intziri artean. Ondoren, anaien oinetara joan zen herrestan eta errukitu zitezela eskatu zien. Azkenik, altxatu zen, eta distira eragin zion ganibetaren altzairuari eguzkipean. Garondoan jaso zuen mailu-kolpeak bide bazterrera seko bota zuen, artean bihotza taupadaka. Emakume gazteak, izututa, erortzen utzia zuen otarrea, eta barreiatutako janariak artaldeko zakurren pozgarri izan ziren. Kontua zein zen jabetu zenean, zerurantz luzatu zituen eskuak:

        — Inoiz okerrik egin ez dizuedan anaiok, ezteietako eraztuna eta apaizaren bedeinkazioa bitarteko anaiak zaituztedan horiek, ez nazazue hilarazi; gaztiga iezaiozue nire aitari, mendiko leinu baten buru baita, eta berak eskuratuko dizkizue mila zerbitzari, sakrifika ditzazuen. Ez nazazue hil: hain dut maite bizitza! Ez ezazue jarri nire maitearen eta bion artean harriaren zabala.

        «Baina bat-batean isildu egin zen, oharturik bide bazterrean zetzan senar gazteak ez zuela betazalik mugitzen, eta haren adats beltzak burmuinez eta odolez zikinduta zeudela. Orduan, garrasirik eta malkorik bota gabe utzi zien bi anaiei dorrearen murru biribilean egindako zuloraino eraman zezaten: hil behar zuenez, alferrik zuen negar egitea. Baina, sandalia gorriz jantzitako oinen aurreko aldean lehenengo adreilua jartzen ari zitzaizkiola, zakurkume zoroxka baten gisa bere oinetakoei hozka aritzeko ohitura zuen haurraz gogoratu zen. Malko beroak isuri zitzaizkion masailetan behera, eta paletak harriaren gainean berdintzen zuen zementuarekin nahasi ziren:

        «— Ondikotz!, ene ointxoak —esan zuen—. Ez nauzue berriro mendixkaren tontorreraino eramango, lehenago ager dadin fire gorputza maitearen begien aurrera. Ez duzue berriro ezagutuko kurritzen duen uraren freskotasuna: Aingeruek bakarrik garbituko zaituztete, Berpizkunde goizean.

        «Urre koloreko gonazpikoak estaltzen zizkion belaunetaraino goratua zen adreilu eta harri segida. Xut-xut jarria zulo barruan, aldarearen atzean zutik dagoen Andre Manaren itxura zuen.

        — Adio, ene belaun maiteak —esan zuen emakume gazteak—. Ez duzue berriro kulunkatuko nire haurra; aldi berean jatekoa eta itzala ematen duen baratzeko arbola ederraren azpian esceita, ez zaituztet berriro beteko jateko fruitu gozoez.

        «Horma pixka bat gorago altxatu zen, eta emakume gazteak jarraitu zuen:

        «— Adio, ene eskutxo maiteak, gorputzaren parez zintzilik zaudeten horiek, otordua berriro prestatuko ez duzuen eskuak, artilea berriro irungo ez duzuen horiek, berriro maitearen inguru bilduko ez zaretenak. Adio, ene aldakak, eta zeu, ene sabela, berriro ez haurgintza ez maitasuna ezagutuko ez duzun hori. Munduratu ahal izango nituzkeen haurtxoak, nire seme bakarrari emateko denborarik izan ez dudan anaiatxoak, zuek egingo didazue konpainia hilobi izango dudan presondegi honetan, bertan egon beharra baitaukat, zutik, lorik gabe, Azken Judizioko egunera arte.

        «Harrizko horma bularreraino iritsia zitzaion jadanik. Orduan, zirrara batek kurritu zuen emakume gaztearen gorputzaren goialdea, eta luzatutako bi eskuren keinuaren gisako begirada bota zuten haren begi erreguzkoek.

        «— Koinatu horiek —esan zuen—, ez niregatik, hildako zuen anaiaren amoreagatik baizik, izan ezazue gogoan nire haurra eta ez ezazue gosez hiltzen utzi. Ez iezadazue hormapetu bularra, anaiak; aitzitik, egon daitezela nire bi titiak eskuragarri, mantar bordatuaren azpian, eta ekarridazue egunero haurra, egunsentian, eguerdian eta iluntzean. Geratzen zaizkidan bitartean, titipuntetaraino jaitsiko zaizkit bizitza-tantak, neuk munduratutako haurra elika dezadan, eta esnerik gehiago ez dudan egunean, nire arima edango du. Emazue amore, anaia gaiztoak, eta hala egiten baduzue, nire senar maiteak eta biok ez dizuegu ezer aurpegiratuko Jainkoaren etxean elkar aurkitzen dugun egunean.

        «Anaiek, beldurturik, amore eman zuten azken desio hura bete zedin, eta bi adreiluren tartea utzi zioten titien parean. Orduan, emakume gazteak, ahapeka esan zuen:

        «— Anaia maiteak, jar itzazue zuen adreiluak nire ahoaren aurrean, hildakoen musuek izua eragiten baitiete bizidunei, baina utzidazue zirrikitu bat begien aurrean, nire esneak haurrari onik egiten dion ikusterik izan dezadan.

        «Esan bezala egin zuten bi anaiek, eta zirrikitu bat egokitu zioten, ezker-eskuin, begien parean. Iluntzean, amak bularra eman ohi zion orduan, ekarri zioten haurra, hostoak ahuntzek janda zituzten zuhaixkez inguratutako eta hautsez betetako bidean barrena, eta bozkario-oihuen eta bi anaiei zuzendutako bedeinkazioen artean agurtu zuen oinazetuak haurtxoaren etorrera. Esne-parrastadak isuri ziren titi gogor eta epeletatik, eta bere bihotzaren substantzia berberaz egindako haurra bularraren kontra lo geratu zitzaionean, adreiluzko hormaren zabalak moteltzen zuen ahotsez kantatu zuen. Titiko haurra bularretik laxatu zenean, lo egiteko atzera kanpamendura eraman zezatela agindu zuen amak, baina gau osoan goratu zen melopeia eztia izarpean, eta urrutitik abestutako sehaska-kanta hura aski izan zen haurrari negar egitea galarazteko. Biharamunean, ez zuen jada abesten, eta ahots motelez galdegin zuen zer moduz igaro zuen gaua Vaniak. Hurrengo egunean, isilik geratu zen, baina arnasa hartzen zuen oraindik, eta beraren bularrek, hats-hartze hartan, mugimendu ohartezinez gora eta behera egiten zuten beren kaiolan. Handik zenbait egunetara, ahotsarekin biltzera joan zitzaion arnasa, baina bular geldiek batere galdu gabea zuten beren iturri-oparotasun gozoa, eta bularren artean loak hartutako haurrak bihotza entzuten zuen oraindik. Gero, bizitzara hain ongi egokitutako bihotz hark bakandu egin zituen taupadak. Izarren isla urik gabeko zisterna batean bezala itzali zitzaizkion begi ahituak, eta zirrikituan barrena ez ziren jada bi begi-nini beiratsu baino ikusten, ordurako zerura begiratzen ez zutenak. Begi-nini horiek, gero, urtu egin ziren, eta hutsik geratu ziren bi betzuloak; Herioa ikus zitekeen haien barruan, baina bular gazteak lehengoan zirauen, eta bi urtez segitu zuen esne-jalgitze mirarizkoak, egunsenti, eguerdi eta iluntzero, haurra bere kasa bularretik aldendu zen arte.

        «Orduan birrindu zen, ez lehenago, bular agortua, eta adreiluen ertzean ez zen geratu errauts zuri apur bat baino. Zenbait mendez, esne miragarriak utzitako ildaskak adreilu gorrietan barrena hatzaz kurritzera etorri izan ziren ama hunkituak; gero, dorrea bera desagertu egin zen, eta emakume-hezurdura arin hark ez zuen luzaroago gangen pisuari eutsi beharrik izan. Azkenik, hezur hauskorrak berak sakabanatu egin ziren, eta dagoeneko ez da geratzen hemen frantziar zahar bat besterik, infernuko bero honek kiskalia, poetei Andromakaren gorabeherek adina malko iradokitzeko modukoa den istorio hau edonori aspertzeraino errepikatzeko gertu.»

        Une horretan, urre koloreko kraka izugarriz estalitako emakumezko ijito bat inguratu zen bi gizonak jarrita zeuden mahaira. Haur bat zuen besoetan; benda zarpail batzuek ezkutatzen zituzten haren begi gaixoak. Makur-makur jarri zitzaien emakumea, arraza errukarriei eta errege-arrazei baino ez dagokien apalkeria lotsagabeaz, eta haren gonazpiko beilegiek lurra erratzatu zuten. Ingeniariak zakarki aldenarazi zuen, eske-doinutik madarikazio-doinura igarotzen zen haren ahotsaz arduratu gabe. Ingelesak deitu egin zion atzera, dinar bateko limosna emateko.

        — Zertan zabiltza, ameslari zahar hori? —esan zuen, artega—. Zure heroi albaniarrarenek adina, ederki balio dute horren bular eta lepokoek. Eta berekin daraman haurra itsua da.

        — Ezagutzen dut emakume hori —erantzun zion Jules Boutrinek—. Ragusako mediku batek kontatu zidan horren istorioa. Badira zenbait hilabete ikusmena erretzen dioten enplasto higuingarriak jartzen dizkiola haurrari begietan, iragaileei gupida eragiteko. Oraindik ikusten du haurrak, baina laster izango da amak nahi duena: itsua. Emakumeak, orduan, ziurtatua izango du ogibidea, eta bizitza osorako, irabaziak ematen dituen lanbidea baita gaixo bat zaintzea. Badira amak eta amak.

 

 

 

© Marguerite Yourcenar

© itzulpenarena: Imanol Zurutuza

 

 

"Marguerite Yourcenar / Ekialdeko kontakizunak" orrialde nagusia