Markoren irribarrea

 

        Lasaikiro flotatzen zuen itsasontziak ur baretan, marmoka etsi baten gisa. Intsektu amorratu baten burrunba jasangaitza atereaz zebilen bueltaka hegazkin bat mendiek inguratutako zeru-tarte estuan. Udako arratsalde eder baten herena baino ez zen artean igaroa, eta ordurako ezkutatua zen eguzkia zuhaitz argal bakanez estalitako Montenegroko Alpeen harroin idorren atzean. Itsasoak, goizean itsaso zabalean hain urdin, tonu ilunak hartzen zituen orain Balkanen inguruetan modu bitxian kokatutako fjordo makur eta luze haren barruan. Etxeen forma apal eta gotorrak, paisaiaren lañotasun osasungarria, eslaviarrak ziren jada, baina koloreen bortiztasun sorrak, zeruaren harrotasun biluziak, Ekialdea eta Islama gogorazten zituzten oraindik. Pasaiari gehienak lehorreratuak ziren, eta azalpenak ematen ziharduten, zuriz jantzitako aduanazainen eta triangelu formako dagez hornitutako soldadu miresgarri, armaden Aingerua bezain ederren artean. Arkeologo greziarra, pasha egiptoarra eta ingeniari frantsesa goiko zubian geratuak ziren. Ingeniariak garagardo bat eskatu zuen, pasha whiskya edaten ari zen, eta arkeologoak limonada zuen freskagarri.

        — Herrialde honek kitzikatu egiten nau —esan zuen ingeniariak—. Kotorko kai hau eta Ragusakoa dira, inondik ere, Europako mapako muga aldakorren ardurarik gabe Balkanetatik Ural ibairaino hedatzen den herrialde eslaviar handi honek Mediterraneora dituen irtenune bakarrak; itsasoari ausarki bizkar ematen dion herrialdea baita, eta Kaspiar Itsasoko, Finlandiako, Ponto Euxinoko edo Dalmaziako kostaldeko itsasarte gaitzetan barrena baino ez baita hura bertan barneratzen. Eta, giza kontinente zabal horretan, arraza-ugaritasun mugarik gabeak ez du deuseztatzen osotasunaren batasun misteriotsua, olatuen aniztasunak itsasoaren monotonia handiosa hausten ez duen moduan. Une honetan interesatzen zaidana, ordea, ez da ez geografia ez historia, Kotor bera baizik. Cattaroko ahoak, hala deitzen baitiote... Kotor, itsasontzi italiar honen zubitik dakusagun gisa, Kotor hezikaitza, ongi ezkutatua, sigi-sagan Zetinerantz igotzen den errepidearekin, eta apenas zakarrago den legenda eta gesta-kantu eslaviarretako Kotor. Kotor fedegabea, antzina Albaniako musulmanen uztarpean bizi izan zena. Ulertuko ahal duzu, pasha, serbiarren poesia epikoak haiei beti justizia ez egitea! Eta zuk, Lukiadis, iragana bordariak etxaldeko zokorik ezkutuena ezagutzen duen gisa ezagutzen duzun horrek, ez didazu esango, ba, ez duzula Marko Kralievitxen entzuterik?

        — Arkeologo nauzu —erantzun zion greziarrak, limonada-ontzia mahaian utziz—. Nire jakintza zizelkatutako harrira mugatuta dago, eta zure heroi serbiarrek haragi bizitan jarduten zuten gehienbat. Alabaina, Marko hori interesatu izan zait neuri ere, eta beraren legendaren sehaskatik aski urrutiko herrialde batean ere aurkitu dut haren aztarna, izatez erabat greziarra den lurrean; hori bai, serbiarren debozioak ongi monasterio ederrak eraiki dituen lekuan...

        — Atos mendian —moztu zion ingeniariak—. Beharbada Erdi Aroaz geroztik arimen kalitatea besterik aldatu ez den Mendi Santu horretan nonbait dautza Marko Kralievitxen hezur erraldoiak, non eta gaur egun ere mototsez apaindutako eta bizar kulunkariko sei mila monjek beren babesle jainkozaleen osasunaren alde, dudarik gabe arraza aspaldiko mendeetan galdua izan behar duten Trebizondako printze haien alde otoitzean diharduten leku horretan. Zein den eztigarri pentsatzea ahanztura ez dela uste bezain lasterra, uste bezain erabatekoa, eta badela oraindik ere munduan Gurutzaden garaiko dinastia batek zenbait apaiz zaharren otoitzetan bizirik diraueneko leku bat! Oker ez banago, otomanoen kontrako bataila batean hil zen Marko, Bosnian edo kroaziarren herrialdean, baina haren azken nahia mundu ortodoxoko Sinai horretan lurperatua izatea izan zen, eta txalupa batek lortu zuen beraren gorpua hara garraiatzea, Ekialdeko itsasoko tupust-haitzak eta galera turkiarren segadak gora-behera. Istorio ederra, eta, ez dakit zergatik, baina Arturoren azken bidaia gogorazten didana...

        «Badago heroirik Mendebaldean, baina beren printzipioen armadurek eusten dietela dirudi, Erdi Aroko zaldunei beren burdinazko oskolek bezala: serbiar basati hau, aldiz, heroi erabat biluzia dugu. Mendiko haritz bat gainera amiltzen zitzaiela begitandu bide zitzaien Markok erasotako turkiarrei. Esan dizuet garai hartan Montenegro Islamaren mendeko zela: serbiarren osteak ez ziren aski ugari herrialdeari izena ematen dion Crna Gora Mendi Beltzaren jabetzagatik aurrez aurre borrokatzeko erdainduekin. Marko Kralievitxek isilpeko ezagutzak eginak zituen herrialde fedegabean itxuraz baino erlijioz aldatuak ez ziren kristauekin, funtzionario kexuekin, baztertuak eta heriotzara eramanak izateko arriskuan zeuden pashekin; gero eta premiazkoago zitzaion bere lagunekin zuzenean elkarrizketatzea. Handia izaki, ordea, ezinezkoa zitzaion etsaien artera eskale, musikari itsu edo emakumez mozorrotuta lerratzea, bere edertasunak azken itxuraldaketa horretarako aukerarik eman ziezaiokeen arren: itzalaren neurriz kanpoko luzeran ezagutuko zuketen. Ezin pentsa, halaber, txalupa itsasbazterreko zoko morturen batean estekatzerik: arroketan han-hemenka banatuta, ezin konta ahal zentinelek beren presentzia ugari eta nekaezina kontrajartzen zioten Marko bakar eta urrunari. Txalupa bat inork ikusi gabe igaro ez daitekeen lekutik, ordea, gordeka igaro daiteke igerilari trebea, eta arrainek bakarrik izan ohi dute hark urpean utzitako lorratzaren berri. Markok liluratu egiten zituen olatuak; Ulises, antzinako Itakako bere auzoak bezain ongi egiten zuen igeri. Emakumeak ere liluratzen zituen: maiz bideratzen zuten itsasoaren erreten makurrek Kotorrera, pipiak guztiz jandako eta uhinen bultzadapean hatsantutako zurezko etxe baten oinera; hartan igarotzen zituen gauak Eskutariko pasharen alargunak Markorekin ametsetan, eta haren zain goizak. Olioz igurzten zuen itsasoaren musu leunek izotzarazitako haren gorputza; bere ohean berotzen zuen, zerbitzariak ohartu gabe; bere agente eta lagunekin biltzen laguntzen zion gauez. Goizean goiz artean hutsik egoten zen sukaldera jaisten zen, hark gogokoen zituen jatekoak prestatzera. Markok etsia hartua zuen emakumearen bular astunez, haren zango lodiez, kopetaren erdi-erdian elkartzen ziren haren bekainez, emakume helduaren maitasun antsiatsu eta jeloskorraz; irentsi egiten zuen amorrua, bera aitaren egiteko belaunikatutakoan emakumeak tu egiten zuela ikustean. Gau batean, Markok igeri Ragusara itzultzeko asmoa zuen egunaren bezperan, ohi bezala jaitsi zen alarguna haren otordua prestatzera. Malkoek galarazi egin zioten beste batzuetan adinako arduraz atontzea janariak; gehiegi egindako antxumekia igo zion, zoritxarrez. Marko edaten aritu berria zen; pegarreko hondarretan geratua zitzaion pazientzia: ileetatik heldu zion saltsaz zikindutako eskuez eta oihuka ekin zion:

        «— Deabrukume hori, ehun urteko ahuntz zaharra janarazi nahi al didazu?

        «— Abere ederra zen —erantzun zuen alargunak—. Eta taldeko gazteena.

        «— Zure sorgin haragia bezain zaila zen, eta usain madarikatu berbera zuen —bota zuen kristau gazte mozkorrak—. Egosiko ahal zara zeu ere bera bezala Infernuan!

        «Eta, ostiko batez, zabal-zabalik zegoen leihotik kanpora jaurti zuen okela-saltsa platera, itsasora.

        «Alargunak isilik garbitu zituen koipez zikindutako zorua eta malkoz jositako bere aurpegia. Ez zen agertu bezperan baino zakarrago, ezta hotzago ere; eta, argi urratzearekin, ipar-haizea badiako olatuen artean jazarrika jotzen hasi zenean, gozoki aholkatu zion Markori atzeratzeko abiatu behar zuen unea. Markok amore eman zuen: eguneko ordu kiskalgarrietan, siestarako etzan zen berriro. Itzarritakoan, leihoen aurrean nagiak ateratzen ari zela, iragaileen begiradetatik pertsiana nahaspilatsuek babestua, zimitarrak ikusi zituen distiratzen: soldadu turkiar saldo batek inguratzen zuen etxea, irteera guztiak oztopatuz. Goi-goitik itsaso gainera jotzen zuen balkoira oldartu zen Marko: gora altxatzen ziren olatuak eta zeruko trumoiaren gisako burrunbaz hausten ziren harkaitzetan. Atorra brastakoan kendu eta inongo itsasontzirik ausartuko ez zatekeen ekaitz hartan murgildu zen Marko, buruz behera. Mendiak itzulikatu zitzaizkion azpian; mendien pean itzulikatu zen bera. Soldaduek astindu zituzten etxeko bazterrak alargunak gidaturik, baina ez zuten desagertutako gazte erraldoiaren aztarnarik batere aurkitu; azkenik, balkoiko burdinsare erauziek eta atorra urratuak ekarri zituzten bide onera; hondartzara lasterkatu ziren, amorruz eta izu-ikaraz orroka. Atzera egiten zuten, gogoz kontra, aurrekoa baino olatu bortitzago bat beren oinetan lehertzen zen bakoitzean; eta haize-parrastak Markoren barrea iruditzen zitzaizkien, eta apar lotsagabea hark aurpegira botatzen zien listua. Bi orduz, palada bat aurrera egitea lortu gabe aritu zen igeri Marko; arerioek burura apuntatzen zioten, baina haizeak desbideratu egiten zizkien dardoak; bera desagertu egiten zen, gero berriro agertzen zen meta berde berberaren pean. Azkenean, albaniar baten gerriko luze eta zaluari lotu zion estu alargunak bere lepo-oihala; hegaluze-arrantzale trebe batek Marko zetazko lakio hartan harrapatzea lortu zuen, eta igerilariak, erdi itota, etsi egin behar izan zuen tiraka hondartzaraino eraman zezatela. Bere herrialdeko mendietan egindako ehizaldietan, maiz ikusiak zituen Markok animaliak hildakoarena egiten, akaba ez zitzaten; amarru horixe imitatzera bultzatu zuen senak: turkiarrek hondartzaraino ekarri zuten larruazal zurbileko gaztea hiru eguneko gorpuaren gisa zegoen zurrun eta hotz; aparrak likistutako adatsak loki sakonetan itsatsiak zituen; haren begi geldiek ez zuten jada zeruaren eta arratsaren handitasuna islatzen; itsasoak gazitutako ezpainak masailezur uzkurtuen kontra gogortuak zituen; bertan behera utzitako besoak zintzilik zituen; eta bularraren mardultasunak galarazi egiten zuen inork bihotza entzutea. Herriko handikiak Markorengana makurtu ziren, beren bizar luzeekin aurpegian kilikak egiteraino; gero, guztiek burua altxatuz, ahots bakar eta berberaz, hots egin zuten:

        «— Ene Ala! Sator ustel bat bezain hila dago, zakur akabatuaren gisa. Jaurti dezagun zikinkeriak garbitzen dituen itsasora, gure lurra ez dezan lohitu beronen gorpuak.

        «Baina alargun zitala negarrez hasi zen, eta barre egiten ondoren:

        «— Ekaitza baino zer edo zer gehiago behar da Marko ito dadin —esan zuen—, eta korapilo bat baino zer edo zer gehiago hori iratotzeko. Hor non ikusten duzuen, ez dago hilda. Itsasora jaurtitzen baduzue, ni andre gaixo hau liluratu ninduen bezala liluratuko ditu olatuak, eta bere herrialdera eramango dute. Har itzazue iltzeak eta mailua; gurutziltza ezazue zakur hau beraien jainkoa gurutziltzatu zuten bezala, hona ez baitzaio etorriko laguntzera, eta ikusiko duzue ea ez dituen belaunak oinazez bihurrikatzen, eta berorren aho madarikatuak ez dituen oihuak goitikatzen.

        «Borreroek hartu zituzten iltzeak eta mailua ontzi-konpontzaile baten arotz-mahaitik, eta zulatu zizkioten eskuak serbiar gazteari, eta alderik alde sastatu zizkioten oinak. Baina oinazetuaren gorputzak geldirik iraun zuen: inongo ikarak ez zuen asaldatzen sor zirudien aurpegi hura, eta odola bera ere tanta geldo eta bakanka baino ez zerion urratutako haragi han, bihotza agindupeko zuen gisa berean baitzituen Markok agindupeko arteriak ere. Orduan, handikien arteko zaharrenak harrika bota zuen mailua eta auhenka hots egin zuen:

        «— Alak barkatuko ahal digu hildako bat gurutziltzatzen saiatu izana! Lotu dezagun ham handi bat hilotz honen lepora, osinak ezkuta dezan gure okerra, eta itsasoak ez diezagun atzera itzul.

        «— Mila iltze eta ehun mailu baino zer edo zer gehiago behar da Marko Kralievitx gurutziltzatzeko —esan zuen alargun zitalak—. Har itzazue ikatz goriak eta jarrizkiozue bular gainean, eta ikusiko duzue ea ez den oinazez bihurrikatzen, har biluzi handi baten modura.

        «Borreroek hartu zituzten txingarrak istinkari baten labetik, eta zirkulu zabal bat taxutu zuten itsasoak izotzarazitako igerilariaren bularrean. Ikatzak erre egin ziren, itzali egin ziren gero, eta hiltzen diren arrosa gorrien gisa erabat belztu. Suak ikatz-uztai handi bat urratu zuen Markoren bularrean, aztien dantzek belarretan taxutzen dituzten biribilen antzekoa, baina mutilak ez zuen intziririk botatzen, eta betile batek berak ere ez zion ikararik egin.

        «— Ene Ala! —esan zuten borreroek—, bekatu egin dugu, Jainkoak bakarrik baitu eskubidea hildakoak oinazetzeko. Beronen ilobak eta osaben semeak laido honen kontu eskatzera etorriko zaizkigu: ezkuta dezagun, bada, harritzarrez erdi betetako zaku batean, itsasoak berak ere ez dezan jakin zein hilotz den jateko ematen dioguna.

        «— Gizagaixoak —esan zuen alargunak—, besoarekin zartatuko ditu oihal guztiak eta indarrez egotziko harri guztiak. Aitzitik, etorraraz itzazue herriko neskatxak, eta agindu iezaiezue inguruka dantza egiteko hondarretan, eta orduan ikusiko dugu ongi asko maitasunak oraindik ere nahigabetzen duen.

        «Deitu zieten neskatxei; presaka jantzi zituzten haiek festa-egunetako soinekoak; danbolinak eta txirulak ekarri zituzten; eskuetatik heldu zioten elkarri gorpuaren inguruan dantza egiteko, eta guztien artetik ederrenak bideratzen zuen dantza, zapi gorri bat eskuan. Bere buru beltzaxka eta lepo zuriaren aldea ateratzen zien dantza-lagunei; jauzika dabilen orkatza zirudien, hegan dagien belatza. Markok, mugitu gabe, oin huts haiek fereka zezaten lagatzen zuen, baina bere bihotz asaldatuak gero eta taupada bortitz eta nahasiagoak ematen zituen, hain biziak ezen beldur baitzen ez ote zituzten azkenean ikusle guztiek adituko; eta, gogoz kontra, zoriontasun-irribarre ia mingarria agertu zitzaion ezpainetan, musu emateko eran mugitzen zitzaizkion ezpain haietan. Egunaren iluntze geldoari esker, borreroak eta alarguna ohartu gabeak ziren artean bizitza-seinale hartaz, baina Haisxeren begi argiak etengabe zeuden gizon gaztearen aurpegian josiak, ederra iruditzen baitzitzaion. Bat-batean, erortzen utzi zuen bere zapi gorria, irribarre hura ezkutatzeko, eta doinu harroan, honela esan zuen:

        «— Ez dut gogoko hildako kristau baten aurpegi biluziaren aurrean dantza egitea, eta horregatik estali diot ahoa, ikuste hutsak izutu egiten baininduen.

        «Baina dantza egiten jarraitu zuen, borreroen arreta bereganatzearren eta otoitz-ordua hel zedin, orduan itsasbazterretik urrutiratu beharra izango baitzuten. Azkenik, ahots batek, minarete baten gorenetik, Jainkoa gurtzeko garaia zela egin zuen oihu. Gizonak meskitatxo zakar eta barbarorantz bideratu ziren; neskatxa akituak herrirantz barreiatu ziren, babutxak herrestaka; burua atzera maiz jiratzen zuela aldendu zen Haisxe; alargun fidagaitza bertan geratu zen, bakarrik, sasi-hilotza zaintzen. Bat-batean, altxatu egin zen Marko; eskuineko eskuaz ezkerreko eskuko iltzea atera, alargunari ilegorri haietatik heldu eta zintzurra iltzatu zion; ondoren, ezkerreko eskuaz eskuineko eskuko iltzea aterata, kopeta iltzatu zion. Oinak zulatzen zizkioten harrizko bi arantzak erauzi zituen gero eta haietaz baliatu zen begiak leherrarazteko. Borreroak itzuli zirenean, atso zahar baten hilotz uzkurtua aurkitu zuten itsasbazterrean, heroi baten gorpu biluziaren lekuan. Ekaitza baretua zen; baina alferrik ahalegindu ziren ontzi arnasbehartuak olatuen sabelean desagertutako igerilaria harrapatzen. Esan gabe doa Markok herrialde hura berriro menderatu eta irribarrea piztu zion neskatxa ederra berekin eraman zuela, baina ez da ez haren entzutea, ez haien zoriontasuna ni hunkitzen nauena, eufemismo bikain hori baizik, desioa torturarik gozoena suertatzen zaion oinazetuaren ezpainetako irribarre hori. Begira: iluntzen ari du; ia-ia irudika genezake borrero taldetxoa Kotorko hondartzan ikatz gorien argitasunean lanean, eta neskatxa dantzan, eta edertasunari buru egin ezinik mutila.»

        — Istorio bitxia —esan zuen arkeologoak—. Zuk eskainitako bertsioa, ordea, aski berria izango da, segur aski. Izango da besterik, antzinagokorik. Galdetuko dut horren berri.

        — Oker zenbiltzake —esan zuen ingeniariak—. Joan den neguan Orient-Expressarentzat tunel bat zulatzen aritu nintzen herriko nekazariek kontatu zidaten bezalaxe eskaini dizuet. Ez nuke zuen heroi greziarrez gaizki mintzatu nahi, Lukiadis: dendaren barruan ezkutatzen ziren etsipenak jotakoan; atsekabez garrasika aritzen ziren hildako adiskideen ondoan; hanketatik tiraka, herrestaka erabiltzen zituzten etsaien gorpuak menderatutako hirien inguruka, baina, sinetsidazue, Akilesen irribarre bat falta du Iliada-k.

 

 

 

© Marguerite Yourcenar

© itzulpenarena: Imanol Zurutuza

 

 

"Marguerite Yourcenar / Ekialdeko kontakizunak" orrialde nagusia