Nola Wang-Fo salbatu zen

 

        Wang-Fo pintore zaharra eta Ling, haren dizipulua, Hango erresuman barrena zebiltzan bidez bide.

        Geldiro egiten zuten bidean aurrera, izarrak begiesteko gelditzen baitzen Wang-Fo gauez, burruntziei beha egoteko egunez. Ez zeramaten zama handirik aldean, gauzen irudia baitzuen gogoko Wang-Fok, eta ez gauzak berak, eta ez baitzen deus munduan haren ustez erostea merezi zuenik, salbu eta pintzelak, lakaz eta tinta txinatarrez betetako ontziak eta zeta nahiz arroz-paperezko erroiluak. Pobreak ziren, anoa bat artatxiki-ahiren truke ematen baitzituen Wang-Fok bere pinturak, eta arbuiatu egiten baitzituen zilarrezko txanponak. Ling dizipuluak, zirriborroz mukuru egindako zorroaren pisupean abailduta, begirunez makurtzen zuen bizkarra, zeru-ganga bera gainean zuela irudi, ezen, zorro hartan, Lingen begitako, mendi elurtuak, udaberriko ibaiak eta ilargiaren udako aurpegia baitzeuden bilduta.

        Ling ez zen jaioa egunsentia bereganatzen eta ilunabarra eskuratzen zuen agure zahar baten ondoan bideak kurritzeko. Urre-trukatzailea zuen aita; ama, berriz, seme jaio ez zela-eta ondasunak madarikazio artean utzi zizkion jade-salerosle baten alaba bakarra. Aberastasunak ezustekoak bazter uzten zituen etxean hazi zen Ling. Zirrikituak kontu handiz itxiak zituen bizimodu hark herabe bilakatu zuen: beldur zien zomorroei, trumoiari eta hildakoen aurpegiari. Hamabost urte bete zituenean, emaztea aukeratu zion aitak, oso ederra hartu ere, semeari zoriona eskaintzen zion ustea kontsolagarri baitzitzaion gauak lo egiteko balio duen adinera heldua zen hartan. Kanabera bezain ahula zen Lingen emaztea, esnea bezain haur-kutsukoa, listua bezain geza, malkoak bezain gazia. Ezteien ondoren, hiltzeraino bultzatu zuten Lingen gurasoek diskrezioa, eta bakarrik geratu zen semea zinabrioz pintatutako etxean, etengabe irribarre egiten zuen emazte gaztea eta uda oroz lore arrosak ematen zituen aranondoa lagun zituela. Lainotzen ez den ispilu bat maite litekeen bezala maite izan zuen Lingek bihotz garbiko emazte hura, betiere babesa emango lukeen talisman bat bezala. Garaiko usadioari eustearren joan ohi zen te-etxeetara, eta neurriz faboratzen zituen emakume dantzari eta akrobatak.

        Gau batez, taberna batean, Wang-Fo egokitu zitzaion mahai-lagun. Mozkor bat hobeto pintatzeko tentu onean jartzeko edaten aritua zen agure zaharra; alde batera makurtua zuen burua, eskua kikaratik zenbateko distantziara zeukan neurtzeko ahaleginetan ariko bailitzan. Arroz-alkoholak askatu egiten zuen artisau goibel haren mingaina, eta isiltasuna horma bat eta hitzak hura estaltzeko koloreak bailiran hitz egiten zuen Wangek gau hartan. Edari beroen keak lausotutako edaleen aurpegien edertasuna ezagutu zuen Lingek hari esker, suaren mihi gaiztoek gehiago edo gutxiago miazkatutako okelen distiradura arrea, eta petalo zimelduen gisa zamauak zipriztintzen zituzten ardo orbanen arrosa-kolore gozoa. Haize-bolada batek leihoa zartatu zuen; euri-erauntsia gelan sartu zen. Lingi tximistaren marradura zurbila miretsarazteko makurtu zen Wang-Fo, eta Lingek, liluratuta, bertan galdu zuen ekaitzari zion beldurra.

        Lingek ordaindu zuen pintore zaharraren partea; Wang-Fok ez zuenez ez dirurik ez ostatu emango zionik, ohantzea eskaini zion umil. Elkarrekin egin zuten bidea; esku-argia zeraman Lingek; ezusteko sugarrak jaurtitzen zituen haren argitasunak putzuetara. Gau hartan, harriduraz ikasi zuen Lingek bere etxearen hormak ez zirela gorriak, berak uste zuen bezala, eta, aitzitik, usteltzeko zorian dagoen laranjaren kolorea zutela. Patioan, ordura arte inork arretarik eskaini ez zion zuhaixka baten forma sotilari erreparatu zion Wang-Fok, eta ileak lehortzen jarriak dituen andre gazte batekin alderatu zuen. Korridorean, txoratuta jarraitu zion hormako artesietan zehar zebilen inurri baten ibilera kordokari, eta Lingek mamorro haiei zien beldurra deuseztatu egin zen. Orduan, Wang-Fok arima eta oharmen berriak oparitu berri zizkiola oharturik, begirunez oheratu zuen Lingek agurea aita-amak hil zitzaizkion gelan.

        Aspaldiko urteetako ametsa zuen Wang-Fok garai bateko printzesa baten erretratua egitea, sahats baten azpian lautea jotzen. Ez zegoen emakumerik hartarako modelo izateko aski irreal zenik, baina Ling izan zitekeen, bera ez baitzen emakumea. Gero zedro handi baten oinean arkuz tiratzen ariko zen printze gazte bat pintatzeaz mintzatu zen Wang-Fo. Ez zen garaikoen artean gizon gazterik hartarako modelo izateko aski irreal zenik, baina emaztea pararazi zuen Lingek lorategiko aranondoaren azpian. Ondoren, maitagarri-jantziak soinean zituela pintatu zuen Wang-Fok, Sartaldeko hodeien artean, eta andre gazteak negar egin zuen, herioaren seinale baitzen hura. Zimeltzen ari zitzaion aurpegia andreari, Lingek Wang-Fok egiten zizkion emaztearen erretratuak hura bera baino gogokoago zituenetik, babesik gabeko lorea haize beroarekin edo udako euriekin bezala. Goiz batean, aranondo arrosaren adarretatik urkatua aurkitu zuten: itotzen zuen lepokoaren muturrak adatsekin nahasian kulunkatzen ziren; ohi baino are meheago zirudien, eta antzinako garaietako olerkariek goretsitako neska ederrak bezain aratz. Azken aldiz pintatu zuen Wang-Fok, gogoko baitzuen hildakoen aurpegia estali ohi duen tonu berdexka. Bere dizipulu Lingek koloreak ureztatzen zizkion, eta hainbesteko arreta eskatzen zionez horrek, ahaztu egiten zitzaion malkoak isurtzea.

        Hurrenez hurren esklaboak, jadeak eta urmaeleko arrainak saldu zituen Lingek Mendebaldetik ekarri ohi zituzten tinta ubelez betetako ontziak eskuratzeko maisuarentzat. Etxea hustu zenean, alde egin zuten, eta iraganaren atea itxi zuen Lingek bere atzean. Wang-Fo nekatuta zegoen hiri hartaz, bertako aurpegiek ez baitziezaioketen jada sekreturik erakuts itsusitasunari nahiz edertasunari zegokionez, eta maisua eta dizipulua noraezean ibili ziren elkarrekin Hango erresumako bideetan barrena.

        Berak baino lehen heltzen zen beren entzutea herrietara, gaztelu atarietara eta erromes urdurituak iluntzean babesten diren tenpluetako aterpeetara. Begietan eransten zien azken kolore-ukitu batez bere pinturei bizia emateko ahalmena omen zuen Wang-Fok. Zakur zaindariak pintatzeko eskatzera etortzen zitzaizkion bordariak, eta soldadu-irudiak nahi izaten zituzten jauntxoek harengandik. Jakintsua bailitzan ohoratzen zuten apaizek Wang-Fo; aztia bailitzan zion beldur herriak. Bere inguruan eskerron, beldur eta gorespen agerpenak aztertzeko aukera ematen zioten iritzi-gorabehera haiek poztu egiten zuten Wang.

        Ling jateko eske ibiltzen zen, maisuaren loa zaintzen zuen eta haren estasiak baliatzen zituen oinak igurzteko. Argi-urratzearekin, agurea artean lotan zela, kanaberadien atzean ezkutatutako paisaia lotsakorren bila abiatzen zen. Arratsean, maisuak etsita pintzelak lurrera jaurtitzen zituenean, berak jasotzen zituen. Wang triste zegoenean eta zein zahar zen esaka hasten zenean, haritz zahar baten enbor sendoa erakusten zion Lingek irribarrez; Wang alai zegoenean eta txantxetan hasten zenean, entzutearena egiten zuen umilki Lingek.

        Egun batean, eguzkia ezkutatzen ari zela, Enperadorearen hiriko aldirietara heldu ziren, eta gaua igarotzeko ostatua bilatu zuen Lingek Wang-Forentzat. Zarpailez estali zen agurea, eta haren kontra etzan zen Ling, bero emateko, jaio berria baitzen udaberria, eta lur arraseko zorua izoztuta baitzegoen artean. Egunsentian, oin-hots astunak entzun ziren ostatuko korridoreetan; ostalariaren marmar izutuak entzun zituzten, eta hizkuntza barbaroan oihuka botatako aginduak. Dardaratu egin zen Ling, bezperan maisuaren otordurako arroz-pastel bat ostu zuela gogoratuta. Ez zuen zalantzarik izan bera atxilotzera zetozela, eta hurrengo ibaiko ibia igarotzen Wang-Fori biharamunean zeinek lagunduko ote zion galdegin zion bere buruari.

        Esku-argiekin sartu ziren soldaduak. Paper ñabarrean zehar iraganez distira gorri nahiz urdinak jaurtitzen zituen sugarrak haien larruzko kaskoetara. Arku banaren soka dardaratzen zitzaien bizkarrean, eta ankerrenek orroak botatzen zituzten bat-batean, arrazoirik gabe. Astunki pausatu zuten eskua Wang-Foren lepondoan, eta ezinbestekoa izan zitzaion hari erreparatzea soldaduen mahukak ez zirela ongi uztartzen haien kapen kolorearekin.

        Dizipuluak eusten ziola, estropezuka segitu zien Wang-Fok soldaduei, bide malkarretan barrena. Bazterretan biltzen ziren iragaileak trufatu egiten ziren dudarik gabe lepoa moztera zeramatzaten bi gaizkile haietaz. Wangek egiten zizkien galdera guztiei keinu basati batez erantzuten zieten soldaduek. Oinazea eragiten zioten esku estekatuek, eta Lingek, etsita, irribarrez begiratzen zion maisuari, negar egiteko modu eztiago bat baitzen hura berarentzat.

        Ailegatu ziren Enperadorearen jauregiaren atarira; iluntzearen hegalaren gisa zituen goratuak horma moreak egun argitan. Urtaroak, puntu kardinalak, ar-emeak, bizitza luzea, boterearen eskua eta beste irudikatzen zituzten hamaika gela karratu nahiz zirkularretan barrena iraganarazi zuten soldaduek Wang-Fo. Musika-nota bana jaurtiz egiten zuten jira ateek, eta halakoa zen antolamendua, non gama osoa kurritzen baitzen jauregia Ekialdetik Sartaldera zeharkatzen zen bitartean. Guztia bat zetorren gizonaz goragoko ahalmenaren eta zolitasunaren ideia emateko, eta han emandako agindurik txikienek, arbasoen jakituriak bezalaxe, behin-betiko eta ikaragarri izan behar zutela sumatzen zen. Azkenerako eskastu egin zen airea; hain bilakatu zen sakona isiltasuna, non oinazetu bat bera ere ez baitzatekeen garrasi egiten ausartuko. Eunuko batek ate-oihal bat altxatu zuen; emakumeak bailiran ikaratu ziren soldaduak, eta Zeruaren Semea bere tronuan eserita zegoen salara sartu zen taldetxoa.

        Hormarik gabeko sala zen, harri urdinezko koloma mardulek eusten ziotena. Marmolezko enborrez haraindi lorategi bat hedatzen zen, eta bertako zuhaiztietan zeuden loreetako bakoitza itsasoez bestaldetik ekarritako espezie arraro batekoa zen. Baina bakar batek ere ez zuen lurrinik, usain gozoek Zeruetako Herensugearen hausnarketa asaldatuko zuten beldurrez. Hark bere gogoetak bainarazten zituen isiltasunarekiko begirunez, ez zen txoririk onartua izan barne haietan, eta erleak berak uxatuak zituzten. Hormatzar batek bereizten zuen lorategia kanpoko mundutik, akabatutako zakurren eta borroka-zelaietako gorpuen gainetik igaro ohi den haizeak Enperadorearen mahuka ferekatzerik izan ez zezan.

        Jadezko tronuan zegoen eserita Zeruko Jauna, eta agure batenak bezala zituen eskuak zimurtuta, hogei urte eskas bazituen ere. Urdina zuen jantzia, negua irudiarazteko, eta berdea, udaberria gogorazteko. Aurpegia ederra zuen, baina sorgorra, goregi jarria egonik izarrak eta zeru bihozgabea besterik islatuko ez lukeen ispilua bailitzan. Atsegin Hobezinen Ministroa zuen eskuinaldean eta Bidezko Oinazeetarako Kontseilaria ezkerraldean. Kolomen oinean lerrokatutako gortesauek belarria luzatzen zutenez beraren ezpainetatik ateratzen zen hitzik txikiena jasotzeko, beti ahapeka hitz egiteko ohitura hartua zuen.

        — Zeruetako Herensugea —esan zion Wang-Fok, ahozpez jarrita—, zaharra nauzu, pobrea, ahula. Udaren gisako zara zu; neguaren gisako ni. Hamar Mila Bizitza dituzu zuk; nik bat besterik ez, eta azkenetan dagoena.

        Zer egin dizut? Lotu egin dizkidate eskuak, sekula kalterik egin ez dizuten esku hauek.

        — Zer egin didazun galdegiten didazu, Wang-Fo zahar horrek? —esan zuen Enperadoreak.

        Hain eztia zuen ahotsa, ezen negar egiteko gogoa ematen baitzuen. Eskuineko eskua jaso zuen, zein itsaspeko landare baten gisara urdin-berde agerrarazi baitzuten jadezko zoladuraren dirdirek, eta Wang-Fok, hatz mehar haien luzeraz miretsita, bere oroitzapenetan arakatu zuen, herioa merezi izateko moduko erretratu kaskarren bat egina ote zion Enperadoreari, edo haren aurrekoei. Baina nekez zitekeen hala, ez baitzen Wang-Fo ordura arte enperadoreen gortean usu ibilia, nahiago zituelarik bordarien etxolak, edo, hirietan, emagalduen auzoak eta zamaketarien liskartoki diren kaietako tabernak.

        — Zer egin didazun galdegiten didazu, Wang-Fo zahar horrek? —jarraitu zuen Enperadoreak bere lepo mehea entzuten zion agurearengana okertuz—. Neuk esango dizut. Baina besteren pozoia ezin denez gure baitara ditugun bederatzi irekiduretan barrena baino limurtu, zeure okerren aurrez aurre jartzeko neure oroimenaren korridoreetan zehar eraman behar zaitut, eta neure bizitza osoa kontatu. Zure pinturen bilduma bat egina zuen nire aitak jauregiko gelarik ezkutuenean, ezen uste baitzuen koadroetako pertsonaiak profanoen begi-bistatik aldendu beharra dagoela, horien aurrean ezin baitituzte haiek begiak beheititu. Sala horietan hezi ninduten, Wang-Fo zahar hori, bakardadea baitzuten antolatua nire inguruan, hartan hazteko aukera ematearren. Nire lañotasuna ez zezaketen giza arimen zipriztinek zikindu, nire menpeko izango zirenen olde zalapartatsuak urrutiratu egin zituzten nigandik, eta inor ez zitekeen nire ataritik igaro, ez gizon ez emakume, haren itzala ez zedin nireganaino heda. Utzi zizkidaten zerbitzari zahar apurrak ahalik eta gutxienetan agertzen ziren nire aurrera; itzulika joaten ziren orduak, zure pinturetako koloreak bizitu egiten ziren egunsentiarekin eta zurbildu iluntzearekin. Gauez, loak hartzerik lortzen ez nuenean, begira egoten nintzaien, eta ia hamar urtez egon nintzen gauero haiei begira. Egunez, marrazkia buruz nekien alfonbra baten gainean eserita, ahur hutsak zeta horizko nire belaunetan paratuta, etorkizunak nireganatuko zituen bozkarioekin amets egiten nuen. Hango erresuma erdian zuela irudikatzen nuen mundua, Bost Ibaien lerro zorigaiztokoek ildaskatzen duten eskuaren ordeka monotono eta sakonaren pareko. Inguru guztian, itsasoa, munstroen sorleku, eta are urrutiago, zeruari eusten dioten mendiak. Eta gauza horiek guztiak irudikatzeko lagungarri, zure pinturez baliatzen nintzen. Sinetsarazi zenidan zeure oihaletan hedatzen den ur-eremu zabalaren antza zuela itsasoak, eta hain zela urdina non bertara erortzen zen harriak ezinbestean bihurtu behar baitzuen zafiro; emakumeak loreak bezala zabaltzen eta ixten zirela, zeure lorategietako ibiltokietan haizeak bultzatuta aurrera egiten duten kreaturen gisa, eta mugetako gotorlekuetan zaindari dauden gerri lerdeneko gerlari gazteak berak edonori bihotza alderik alde zeharka ziezaioketen geziak zirela. Hamasei urterekin, mundutik bereiz nindukaten ateak zabaltzen ikusi nituen: jauregiko terrazara igo nintzen hodeiak ikusteko, baina ez ziren zure ilunabarretakoak bezain eder. Litera ekartzeko agindu nuen: ez lokatzik ez harririk izango zen usterik ordura arte ez nuen bide haietan barrena astinduka eramana, probintziaz probintzia ibili nintzen Inperioan barrena, aurkitu gabe, ordea, ipurtargien antzeko emakumez betetako zure lorategiak, beren gorputza bera lorategi duten zure emakumeak. Itsasbazterretako harriek nahigabetu egin ninduten ozeanoez; justiziaren esku hildakoen odola ez da zure oihaletan irudikatutako granada bezain gorri; herrietako jendailak galarazi egiten dit arroz-soroen edertasuna ikustea; harakinen kakoetatik zintzilikatutako okelak adinako nazka ematen dit emakume bizidunen haragiak, eta neure soldaduen barre zakarrak nazkatu egiten nau. Gezurretan aritu zara nirekin, Wang-Fo, agure iruzurti hori: mundua ez da pintore burugabe batek ezerezera botatako orban ilunen nahasi-mahasia baino, eta etengabe ari dira gure malkoak horiek ezabatzen. Hango erresuma ez da denik eta erresumarik ederrena, eta ni ez naiz hartako Enperadore. Zuk, Wang zahar horrek, Mila Bihurgune eta Hamar Mila Koloreko bidean barrena kurritzen duzun hori da errege izatea merezi duen erresuma bakarra. Zeuk bakarrik erreinatzen duzu bakean urtu ezin den elurrez estalitako mendietan, eta hiltzerik ez duten lilipaz jositako larreetan. Eta horregatik, hain zuzen, Wang-Fo, aritu naiz bila zein oinaze ote legokizukeen, daukadanaz nahigabearazi eta edukiko ez dudana irrikarazi didaten sorginkeriak egiten dituzun horri. Eta ateratzerik izango ez duzun ziega bakarra dagoenez zu sartzeko, begiak errearaztea erabaki dut, begiak baitituzu, Wang-Fo, zure erresuma irekitzen duten bi ate magikoak. Eta eskuak dituzunez zure inperioaren bihotzera eramaten zaituzten hamar adarreko bi bideak, eskuak motzaraztea erabaki dut. Ulertu didazu, Wang-Fo zahar horrek?

        Epaia entzun orduko, labana akastu bat atera zuen Ling dizipuluak gerrikotik eta Enperadorearen gainera oldartu zen. Bi zaindarik atzeman zuten. Zeruaren Semeak irribarre egin zuen eta, hasperen batean, honela erantsi zuen:

        — Eta gorroto dizut, baita ere, Wang-Fo zahar horri, besteren maitasuna irabazten jakin duzulako. Akaba ezazue zakur hori.

        Lingek jauzi bat egin zuen aurrera, bere odolak ez zezan zikindu maisuaren jantzia. Soldaduetako batek sablea goratu zuen, eta Lingen burua bereizi egin zen lepondotik, ebakitako lore baten gisa. Zerbitzariek eraman egin zituzten gorpuzkinak, eta Wang-Fok, etsita, bere dizipuluaren odolak harri berdezko zoladuran egindako orban gorrimin ederra miretsi zuen.

        Enperadoreak keinu bat egin zuen, eta Wang-Foren begiak xukatu zituzten bi eunukok.

        — Entzudazu, Wang-Fo zahar horrek —esan zuen Enperadoreak—, eta lehor itzazu malkoak, ez baita negar egiteko garaia. Ernai egon behar dute zure begiek, geratzen zaien argi apurra negarrek lainotu ez dezaten. Ez baitut aiherkunde hutsez desio zure heriotza; ez zaitut ankerkeria hutsez ikusi nahi sufritzen. Badut beste egitasmorik, Wang-Fo zahar hori. Badut zure obren bilduman pintura miresgarri bat, mendiak, ibaien bokalea eta itsasoa islatzen dituena, izugarri txikituta, jakina, baina objektuena bera gainditzen duen nabaritasunez, esfera baten gainean ispilatzen diren irudiak bezala. Pintura hori, ordea, bukatu gabe dago, Wang-Fo, eta zure lanik bikainena hastapenetan da. Beharbada, haran bakarti batean eserita pintatzen ari zinela, iragan zen hegazti bati erreparatu zenion, edo hegazti haren atzetik zebilen haur bati. Eta hegaztiaren mokoak edo haurraren masailek olatuen betazal urdinez ahaztarazi zintuzten. Ez zenituen bukatu itsasoaren kaparen zerrendak, ezta arroketako algen adatsak ere. Wang-Fo, geratzen zaizkizun argi-orduak pintura hori bukatzen eman ditzazun nahi dut; horrela, zure bizitza luzean zehar pilatutako azken sekretuak bere baitan bilduko ditu. Inolako zalantzarik gabe, zure eskuek, erortzetik hain gertu, dardara egingo dute zetazko oihalaren gainean, eta zorigaiztoaren marra horietan barrena sartuko da infinitua zure obran. Eta, inolako zalantzarik gabe, zure begiek, deuseztatuak izatetik hain gertu, giza sentimenen azken muturreko erlazioak hautemango dituzte. Hori duzu nire egitasmoa, Wang-Fo zahar hori, eta behartu zaitzaket burutzera. Uko egiten badiozu, zeu itsutu aurretik, zure obra guztiak errearaziko ditut, eta semeak sarraskitu eta ondorengoengan zituen esperantzak suntsitu dizkioten aita baten pareko izango zara orduan. Baina pentsa ezazu, nahiago baduzu, azken agindu hori ez dela nire ontasunaren ondorio baino, nik bai baitakit oihala dela sekula laztandu duzun maitale bakarra. Eta azken orduak betetzeko zuri pintzelak, koloreak eta tinta eskaintzea hil egin behar duten gizon bati emagaldu bat limosnatzat ematearen gisako da.

        Enperadoreak hatz txikiarekin keinu bat egin zuelarik, Wang-Fok itsasoaren eta zeruaren irudia marraztua zuen pintura bukatugabea ekarri zuten bi eunukok begirunez. Wang-Fok malkoak lehortu eta irribarre egin zuen, zirriborro txiki hark gaztaroa gogorazten baitzion. Wang-Fok jadanik lortzerik espero ez zezakeen arima-freskotasuna erakusten zuen denak bertan, baina, hala ere, zerbait falta zuen, hura pintatu zuen garaian mendiei eta beren begi biluziak itsasoan bainatzen dituzten arrokei begira aski egon gabea baitzen artean Wang, eta ilunabarraren tristurak aski hunkitu gabea. Esklabo batek eskaini zizkion pintzelen arteko bat aukeratu eta itsaso bukatugabean urdin-parrastadak zabaltzeari ekin zion Wang-Fok. Bere oinetan kukubilko jarritako eunuko batek ureztatzen zizkion koloreak; aski gaizki egiten zuen lan hori, eta inoiz baino gehiago deitoratu zuen Wang-Fok Ling bere dizipulua.

        Lehenik mendi baten gainean kokatutako hodei baten hegal-muturra arrosaz tindatu zuen Wangek. Ondoren baretasun-sentimendua are sakonago bihurtu besterik egiten ez zuten zimur txiki batzuk erantsi zizkion itsasgainari. Jadezko zoladura biziki heze bilakatzen ari zen, baina Wang-Fo, bere pinturari buru-belarri emana, ez zen ohartzen uretan eserita ari zela lanean.

        Pintorearen pintzelkadek handitutako txalupa makalak zetazko erroiluaren aurrealde osoa betetzen zuen orain. Arraun-hots erritmikoa goratu zen bat-batean urrutian, hego-astinaldi bat bezain arma eta bizia. Hurbildu egin zen zarata; sala guztia bete zuen eztiki; ondoren isildu egin zen, eta ur tantak dardaratu egiten ziren, geldirik, bateltzainaren arraunetatik zintzilik. Aspaldi zen itzalia, borreroaren sutontzian, Wangen begietarako behar zuen burdin goria. Ura bizkarreraino zutela, oin-puntetan altxatzen ziren gortesauak, etiketak galarazi egiten baitzien mugitzea. Enperadorearen bihotz parera heldu zen azkenik ura. Hain zen sakona isiltasuna, non malkorik eroriz gero entzun egingo baitzatekeen.

        Ling zen, bai. Eguneroko jantzi zaharra zeraman soinean, eta goizean soldaduak iritsi aurretik konpontzeko denborarik izan ez zuen tarratadaren marka zuen artean eskuineko mahukak. Baina lepoko gorri bitxi bat zuen lepoaren inguruan.

        Honela esan zion Wang-Fok eztiki, pintatzen segituz:

        — Hilda zeundela uste nuen.

        — Zeu bizirik egonik —esan zion Lingek begirunez—, nola hil nintekeen ni?

        Eta ontzira igotzen lagundu zion maisuari. Jadezko sabaia uretan islatzen zen, Ling haitzulo baten barruan nabigatzen ari zela baitzirudien. Urpean zeuden gortesauen txirikordak sugeak bailiran kizkurtzen ziren, eta Enperadorearen buru zurbilak loto-lorea bailitzan flotatzen zuen.

        — Begira ezazu, dizipulu —esan zuen Wang-Fok malenkoniaz—. Dohakabe horiek hil egingo dira, dagoeneko hil ez badira. Ez nuen uste aski urik zegoenik itsasoan Enperadore bat itotzeko. Zer egingo dugu?

        — Ez izan ezeren beldur, Maisu —xuxurlatu zion dizipuluak—. Aurki lehor egongo dira eta ez dira gogoratuko beren mahuka bera inoiz bustia egon denik. Bakar-bakarrik Enperadoreak itsas samintasun pixka bat izango du bihotzean. Jende hori ez dago egina pintura baten barruan galtzeko.

        Eta honela erantsi zuen:

        — Itsasoa eder dago, haize ona dabil, itsasoko hegaztiak habia egiten ari dira. Goazen, Maisu, olatuez haraindiko herrialdera.

        — Goazen —esan zuen pintore zaharrak.

        Wang-Fok lemari heldu zion, eta arraunei lotu zitzaien Ling. Arraun-palen erritmoak bete zuen berriro sala osoa, irmo eta erregular, bihotz baten taupada-hotsa bailitzan. Uraren maila beheititzen ari zen oharkabean, berriz koloma bilakatzen ari ziren arrokatzarren inguruan. Berehala, putzu bakan batzuek bakarrik egiten zuten distira jadezko zoladuraren sakonuneetan. Gortesauen jantziak lehor zeuden, baina Enperadoreak zenbait apar-maluta zituen artean kaparen azpilduran.

        Wang-Fok bukatutako erroilua mahai baxu baten gainean jarria zegoen. Ontzi batek hartzen zuen aurrealde osoa. Urrutiratzen ari zen poliki-poliki, itsaso geldiaren gainean atzera ixten zen ur-ildo mehar bat utziz atzean. Jadanik ez ziren bereizten txalupan eseritako bi gizonen aurpegiak. Baina artean hauteman zitekeen Lingen lepoko gorria, eta Wang-Foren bizarra haizeak kulunkarazten zuen.

        Arraun-taupadak moteldu egin ziren lehenik, isildu ondoren, distantziak ezereztuta. Enperadoreak, aurrerantz okertuta, eskua begien gainean jarrita, urrutiratzen ikusten zuen Wang-Foren ontzia, zein jadanik ez baitzen orban ia ikusezin bat baino ilunabarraren zurbiltasunean. Urrezko gandua altxatu zen, eta itsasoaren gainean hedatu. Azkenik, itsaso zabalerako sarrera ixten zuen arroka baten inguruan bira egin zuen ontziak; itsaslabar baten itzala erori zitzaion gainera; ur-ildoa ezabatu egin zen itsasgain mortutik, eta Wang-Fo pintorea eta haren dizipulu Ling desagertu egin ziren betiko, Wang-Fok sortu berri zuen jade urdinezko itsaso hartan.

 

 

 

© Marguerite Yourcenar

© itzulpenarena: Imanol Zurutuza

 

 

"Marguerite Yourcenar / Ekialdeko kontakizunak" orrialde nagusia