HITZAURREA

 

        Bruselan jalo zen, 1903an, Marguerite Cleenewerck de Crayencour, erditze haren ondorioz hamaika egunen buruan hilko zen ama belgikarraren eta aita frantsesaren alaba. Humanitateetan oinarritutako heziketa jaso zuen, aitaren eraginpean. 1921ean olerki bilduma bat argitaratu zuen, Le Jardin des chimères, deituraren anagrama den Yourcenar ezizenaz. 1929an, berriz, lehen eleberria, Alexis ou le Traité du vain combat (Alexis edo Alferrikako guduari buruzkoa, Maite Gonzalez Esnalen itzulpena, Elkar, 1988), aita hilko zitzaion urte berean.

        Bidaia ugari egin zituen Marguerite Yourcenar-ek Europan barrena —Ingalaterra, Suitza, Italia, Grezia—. Azken horretan bereziki, Grezian, aurkitu zuen antzinako zibilizazio eta hizkuntzetarako zuen zaletasunaren asegarririk. Izan ere, iturburuetara jotzea ez da berarentzat historian murgiltzea bakarrik izango. Literatur lanaren abiapuntua izan daiteke, orobat, Greziako edo Indiako alegia bat, apologo taoista bat edo Balkanetako balada bat, hots, testu zahar bat, zein historialariarentzat artxiboak eta genealogiak direnaren pareko gerta baitaiteke idazlearen eskutan. Jorratzen dituen mitoen ugaritasuna gora-behera, ordea, iturburu helenikoetara lerratuko da beti Marguerite Yourcenar. Azken batean, «gizonek egin izan dituzten ia gauza on guztiak grekeraz esan izan baitira».

        Bidaiatzeaz batera, etengabe jarraitu zuen idazten —saiakerak (Pindare, 1932), eleberriak (Denier du rêve, 1934), olerkiak (Feux, 1936), eta itzulpenak (Virginia Woolf-en Les Vagues, 1937)—. 1939an Estatu Batuetara aldatu zen. Bertako unibertsitateetan irakasle ariko zen, baita behin-betiko bizilekua bertan hautatu ere, Maine estatuko Mount Desert irlan, non zenduko baitzen 1987an. 1971n Belgikako Frantses Hizkuntza eta Literaturaren Errege-Akademiako kide izendatu zuten, eta 1980an Frantziako Akademiakoa.

        «Historialari-poeta eta nobelagile izaten saiatu naiz» dio Marguerite Yourcenar-ek berak, bere obraren nondik norakoen berri argitu nahirik. Erudizioak eta gai historikoetarako zaletasunak ez zioten galarazi entzute gero eta handiagoa lortzea, nobelagile, olerkari, antzerkigile, itzultzaile, saiakeragile nahiz kritikari gisa. Bi obra nagusik eman zioten osperik handiena, ordea: hainbat bider egin, desegin eta berregin ondoren 1951n argitaratutako Les Mémoires d'Hadrien eleberriak (Hadrianoren Oroitzapenak, Joxe Austin Arrietaren itzulpena, Elkar, 1985), eta L'OEuvre au noir (1968), Fémina sariaren irabazleak.

        «Badakizu zer gelditzen den izkribu batetik bi itzulpen elkarren hurren egin ondoren», jartzen du Marguerite Yourcenar-ek Alexis eleberriko protagonistaren ahotan, itzulpengintzarekiko nolabaiteko mesfidantza erakutsiz bezala. Hala ere, ez zion muzinik egin langintza horri, eta gorago aipatutako Virginia Woolfen Les Vagues nobelaz gain besterik ere itzuli zuen: Henry James, Constantin Cavafy, Fleuve profond, sombre rivière, Blues et Gospels...

        Hemen aurkezten ditugun Nouvelles orientales kontakizunak, 1928-1937 urteetan argitaratu ziren gehienak lehenengo aldiz, aldizkarietan, eta 1938an kaleratu ziren liburuan bildurik. Egileak berak zertxobait moldaturik, 1963an argitaratu ziren berriro, Gallimard etxearen eskutik. Bertsio horretatik egina da ondorengo itzulpena.

 

 

 

© Imanol Zurutuza

 

 

"Marguerite Yourcenar / Ekialdeko kontakizunak" orrialde nagusia