Laugarren ekitaldia

 

Jokalekua: Aurreko bera. Jack eta Algernon hirugarren ekitaldia bukatzean zeuden jarrera berean agertzen dira. Atzetik Gwendolen eta Cecily sartzen dira.

 

GWENDOLEN: Berehala gure atzetik etorri ez izanak, beste edozeinek egin izango zukeen moduan, oraindik lotsa-izpiren bat geratzen zaiela erakusten din, nik uste.

CECILY: Opilak jaten aritu ditun. Ezagun din damutu zaiena.

GWENDOLEN: (Geldiune baten ondoren). Dirudienez ez ditun ohartu hemen gaudela. Ezin al dun eztul egin?

CECILY: Ez baitut eztulik!

GWENDOLEN: Guri begira zauden. Lotsagabeak halakoak!

CECILY: Honantz zatozan. Ausartak ditun gero.

GWENDOLEN: Gauden isilik, gauden duin.

CECILY: Bai. Hori dun orain egin genezakeen gauza bakarra.

 

(Jackek eta Algernonek britainiar opera bateko ahaire ospetsu bezain izugarri bat txistukatzen dute).

 

GWENDOLEN: Isiltasun duin honek ondorio negargarria duela ematen din.

CECILY: Ezin deitoragarriagoa.

GWENDOLEN: Hala ere, guk ez dinagu haiek baino lehenago hitz egingo.

CECILY: Ez, jakina.

GWENDOLEN: Mr Worthing, badut zerbait oso berezia zuri galdetzeko. Asko dago jokoan, eta ongi pentsatu erantzun baino lehen.

CECILY: Hire sen onak ez din preziorik, Gwendolen. Mr Moncrieff, erantzun mesedez galdera honi. Zergatik ibili zara nire tutorearen anaia zinelako itxurak egiten?

ALGERNON: Zu ezagutzeko egokiera izatearren.

CECILY: (Gwendoleni). Egiaz pozik egoteko moduko erantzuna ematen din, ezta?

GWENDOLEN: Bai, maitea, baldin eta sinesten badion.

CECILY: Ez zionat sinesten. Baina horrek ez din ezertan aldatzen erantzunaren edertasun zoragarria.

GWENDOLEN: Egia. Hil ala biziko kontuetan estiloa izaten dun, eta ez zinezkotasuna, funtsezkoa. Mr Worthing, zer aitzakia erabil dezakezu anaia bat bazenu bezala ibili izana zuritzeko? Ez zen izango hirira ni ikustera maizago etortzeko aukera izateko?

JACK: Duda egiten duzu ala, Miss Fairfax?

GWENDOLEN: Dudarik handienak ditut. Baina horiek deusezten saiatzen naiz. Ez da hau eszeptizismo alemanerako tenorea. (Cecilyrengana jiraturik). Eman dituzten azalpenak oso egokiak ziruditen, Mr Worthingenak batez ere. Egiaren zigilua daramala esango niken.

CECILY: Pozik baino pozikago nagon Mr Moncrieffek esandakoarekin. Haren ahotsa entzute hutsak sineskortasun osoz betetzen nain.

GWENDOLEN: Orduan, zer dion, barkatuko al diegu?

CECILY: Bai. Alegia, ez.

GWENDOLEN: Ez, egia! Ahaztuta nengonan. Inola ere ukatu ezin diren printzipioak zauden jokoan. Biotako nork esango die? Ez dun oso zeregin atsegina.

CECILY: Zergatik ez diegu biok batera hitz egiten?

GWENDOLEN: Bikaina ideia! Nik gehienetan beste batekin batera hitz egiten dinat. Neuk markatuko dinat konpasa, gaizki iruditzen ez bazain.

CECILY: Bai, ederki.

 

(Gwendolenek konpasa markatzen du hatza jasota).

 

GWENDOLEN ETA CECILY: (Biak batera). Zuen bataio-izenak oztopo gaindiezina dira oraindik. Hori da dena!

JACK ETA ALGERNON: (Biak batera). Gure bataio-izenak! Hori al da dena? Baina gaur arratsaldean bertan bataiatuko gaituzte.

GWENDOLEN: (Jacki). Prest zaude gauza izugarri hori niregatik egiteko?

JACK: Bai, prest nago.

CECILY: (Algernoni). Niri atsegin emateagatik, gertu zaude froga ikaragarri horri aurre egiteko?

ALGERNON: Bai, gertu nago!

GWENDOLEN: A zer zentzugabekeria sexu berdintasunaz hitz egitea! Nork bere burua sakrifikatzeko orduan gizonak aurrerago zauden, alde handiz, gu baino.

JACK: Hala da, bai. (Bostekoa ematen dio Algernoni).

CECILY: Guretzat emakumeontzat guztiz ezezaguna den halako gorputz-kemen bat izaten diten gizonek une jakin batzuetan.

GWENDOLEN: (Jacki). Laztana!

ALGERNON: (Cecilyri). Laztana! (Bata bestearen besoetara oldartzen da).

 

(Merriman sartzen da. Sartzean eztul egiten du ozenki, hango egoera ikusita).

 

MERRIMAN: Ehem! Ehem! Lady Bracknell!

JACK: Jainko maitea!

 

(Lady Bracknell sartzen da. Bikotea asaldaturik bereizten da. Merriman irten egiten da).

 

LADY BRACKNELL: Gwendolen! Zer da hau?

GWENDOLEN: Mr Worthingek eta biok ezkontzeko hitza eman diogu elkarri, ama; besterik ez.

LADY BRACKNELL: Etorri hona. Eser hadi. Eseri berehala. Zalantza oro adimen gainbeheraren adierazgarri dun gazteagan, gorputz ahultasunaren seinale zaharragan. (Jackengana jiraturik). Jauna, gure alabaren neskame leialak, sos gutxi batzuen truke, alabak bat-batean ihes egin duela jakinarazi didanean, berehala abiatu naiz haren ondotik merkantzia-tren batean. Pozez esan dezaket haren aita dohakabeak Unibertsitateko Sakontze Ikastaro batean uste duela bere alaba, errenta finkoak pentsamenduan duen eraginari buruzko hitzaldi ohi baino luzeago batean. Ez dut, jakina, nire senarra desengainatzeko inolako asmorik. Egia esan, ez dut inoiz ezertan desengainatu. Ez zait zuzena iruditzen. Baina argi jabetuko zara, noski, nire alabarekin duzun harreman oro une honetan bertan eten beharraz. Puntu horretan, gainerako puntu guztietan bezala, txit firme nago.

JACK: Gwendolenekin ezkontzera noa, Lady Bracknell!

LADY BRACKNELL: Zu ez zoaz inora, jauna. Eta orain, Algernoni dagokionez!... Algernon!

ALGERNON: Bai, izeba Augusta.

LADY BRACKNELL: Hau al da zure lagun elbarri Mr Bunbury hori bizi den etxea, jakin badaiteke?

ALGERNON: (Totelka). Ez! Bunbury ez da hemen bizi. Bera beste nonbait dago gaur egun. Egia esan, Bunbury hil egin da.

LADY BRACKNELL: Mr Bunbury, hila! Noiz hil da, bada? Derrepentean hilko zen, inondik ere.

ALGERNON: (Axolagabe antzean). Gaur arratsaldean garbitu dut. Alegia, Bunbury gaixoa gaur arratsaldean hil dela esan nahi dut.

LADY BRACKNELL: Eta nola hil da?

ALGERNON: Bunbury? Erabat ezeztatu dute.

LADY BRACKNELL: Ezeztatua! Indarkeriazko ekintza iraultzaile batean deuseztatua? Ez nekien Mr Bunburyri gizarte-legegintza axola zitzaionik. Hala bazen, ongi merezitako zigorra du, morbosoa izateagatik.

ALGERNON: Nire izeba Augusta maitea, Bunburyri uko egin diotela esan nahi dut! Doktoreek uko egin diotela Bunburyren bizitzari, hori esan nahi nuen..., eta beraz, Bunbury hil egin dela.

LADY BRACKNELL: Antza denez, uste osoa zeukan bere medikuengan. Nolanahi dela ere, pozten naiz Mr Bunburyk zereginen bati lotzea erabaki izana azkenean, eta mediku adituen aholkuari jarraituz egin izana. Eta behin Mr Bunbury hori paretik kentzea lortu dugunez gero, jakin al daiteke, Mr Worthing, nor den gazte hori, nire iloba Algernonek eskutik helduta duena, nire ustez batere egokia ez den modu batez?

JACK: Damatxo hori Miss Cecily Cardew da, nire babespekoa.

 

(Lady Bracknellek buru-makurtu hotz bat egiten dio Cecilyri).

 

ALGERNON: Cecilyrekin ezkontzeko hitza eman dut, izeba Augusta.

LADY BRACKNELL: Barkatu, zer esan duzu?

CECILY: Mr Moncrieffek eta biok ezkontzeko hitza eman diogu elkarri, Lady Bracknell.

LADY BRACKNELL: (Gorputzak ikara, sofaraino gurutzatzen du eta bertan esertzen da). Ez dakit zer duen kitzikagarri Hertfordshireko alderdi honetan haizeak, baina hemen eman diren ezkontza-aginduak, estatistikek gu xuxen gobernatzeko ezarri duten batez besteko egokia baino franko gehiago dira dagoeneko. Ez dut uste lekuz kanpo egongo denik aurretik galdera batzuk egitea. Mr Worthing, zer lotura du Miss Cardewk, batere baldin badu, Londresko tren-geltoki handienetakoren batekin? Argibideren bat besterik ez dut nahi. Atzo arte ez nekien amaiera-geltoki batean sortutako familiak edo pertsonak zeudenik ere.

 

(Jack sutan jartzen da, baina berehala itzultzen da bere onera).

 

JACK: (Ahots argi hotzez). Miss Cardew Mr Thomas Cardew zenaren biloba da, 149 Belgrave Squarekoa, Hego-mendebaldean; Gervase Parkekoa, Dorkingen, Surrey; eta Sporranekoa, Fifeshiren, Ipar Britainian.

LADY BRACKNELL: Albeste entzungarria, inondik ere. Hiru helbidek konfiantza ematen dute beti, baita etxez etxeko langileenganako ere. Baina nola dakit nik benetakoak direla?

JACK: Ongi gordeta ditut garai hartako Gorteko Urtekariak. Zure eskura daude, ikusi nahi badituzu, Lady Bracknell.

LADY BRACKNELL: (Zorrotz). Akats bitxi askoak antzeman izan ditut nik liburu horietan.

JACK: Miss Cardewren familiako legelariak Markby, Markby eta Markby jaunak dira, 149 Lincoln's Inn Fieldskoak, Londresko erdialdean. Ziur nago pozik asko emango dizutela argibide gehiago. Goizeko hamarretatik arratsaldeko lauak arte dituzte bulego-orduak.

LADY BRACKNELL: Markby, Markby eta Markby? Ospe handieneko bulegoa da beren lanbidean. Esan didatenez, Mr Markby horietako bat afari-jaietan ere ikusten omen dute noiz edo noiz. Horrainokoa behintzat, ongi iruditzen zait.

JACK: (Oso haserre). Ezin atseginagoa zara, Lady Bracknell! Horrez gainera, orobat nire esku ditut, eta poztuko zaitu entzuteak, Miss Cardewren jaiotza-agiria, bataio-agiria, kukurruku eztularen agiria, erroldarena, txertoarena, sendotzarena eta elgorriarena; bi elgorri motena, bai Alemaniakoa [1] bai Ingalaterrakoa.

LADY BRACKNELL: Gertaerez betetako bizitza, inondik ere! Baina zirraragarriegia, beharbada, neskatxa gazte batentzat. Ni neu ez naiz esperientzia goiztiarren aldekoa. (Zutiturik, erlojuari begira). Gwendolen! Abiatzeko ordua hurbiltzen ari dun. Ez zaukanagu galtzeko astirik. Gizalegeak hala eskatzen baitu, Mr Worthing, galderatxo bat: ez da Miss Cardew fortuna ttikiren baten jabe izango?

JACK: Ehun eta hogeita hamar mila libra inguru fondo publikoetan. Hori da guztia. Agur, Lady Bracknell. Pozten naiz zu ikusi izanaz.

LADY BRACKNELL: (Atzera eseririk). Zaude pixka batean, Mr Worthing. Ehun eta hogeita hamar mila libra! Eta fondo publikoetan! Orain, berari begira ari naizela, Miss Cardew oso gazte erakargarria iruditzen zait. Gaur egun neska gutxik dituzte benetako kualitate sendoak, irauten duten eta denboraren poderioz hobetzen diren horietakoak. Damu dut esatea, baina azaluskeriaren garaian bizi gara. (Cecilyri). Hator hona, enetxo. (Cecily Lady Bracknellengana hurreratzen da). Ume eder hori! Oso jantzi arruntak ditun eta naturak berak orraztuta dirudin. Baina berehala alda zezakenagu dena. Neskame frantses trebe batek gauza harrigarriak egin zitzaken istant batean. Gogoan dinat nola gomendatu nion bat Lady Lancing gazteari, eta hiru hilabeteren buruan bere senarrak berak ere ez zinan ezagutzen.

JACK: Eta sei hilabeteren buruan inork ere ez.

LADY BRACKNELL: (Haserre begiratzen dio Jacki une batez. Gero Cecilyrengana itzultzen da eta saiatutako irribarre bat egiten du). Jira hadi, mesedez, ene laztana. (Cecilyk bira osoa ematen du). Ez, horrela ez, alboko ikuspegia ikusi nahi dinat. (Cecily saiheska jartzen da). Bai, espero ninan bezalaxe. Gizarte onean arrakasta izateko aukera garbiak ageri ditun hire soslaian. Ez oinarririk izatea ez soslairik, horra gure garaiko bi puntu ahulak. Kokots hori goraxeago, maitea. Neurri handi batean, kokotsa eramateko moduaren baitan zagon estiloa. Egun, oso gora eramaten dun. Algernon!

ALGERNON: Bai, izeba Augusta!

LADY BRACKNELL: Gizarte onean arrakasta izateko aukera garbiak ditu Miss Cardewren soslaiak.

ALGERNON: Mundu guztian ez da Cecily baino neska ezti, maitagarri eta politagorik. Eta bost axola niri gizartean arrakasta izateko aukerak.

LADY BRACKNELL: Ez inoiz gaizki esan gizarteaz, Algernon. Hartan sartu ezin direnek baizik ez dute hori egiten. (Cecilyri). Ume hori, jakingo dun, noski, Algernonek ez duela zorra besterik. Baina nik ez ditinat dirupeko ezkontzak onartzen. Lord Bracknellekin ezkondu nintzenean, nik ez ninan inolako ondasunik. Baina ametsetan ere ez ninan pentsatu hori oztopo gerta zekidakeenik. Ongi dun, nire onespena eman beharko dinat.

ALGERNON: Eskerrik asko, izeba Augusta.

LADY BRACKNELL: Cecily, musu eman diezadaken!

CECILY: (Musu ematen dio). Eskerrik asko, Lady Bracknell.

LADY BRACKNELL: Aurrerantzean hik ere izeba Augusta dei diezadaken.

CECILY: Eskerrik asko, izeba Augusta.

LADY BRACKNELL: Ezkontza lehenbailehen egitea komeni dela uste dut.

ALGERNON: Eskerrik asko, izeba Augusta.

CECILY: Eskerrik asko, izeba Augusta.

LADY BRACKNELL: Egia esan, ni ez naiz ezkongai-aldi luzeen aldekoa. Horrek aukera ematen du batak bestearen nortasuna agerian jartzeko ezkondu baino lehen; batere komeni ez den gauza, nire ustez.

JACK: Barkamena eskatzen dizut zure jarduna horrela eteteagatik, Lady Bracknell, baina ezkontza hori ezinezkoa da. Ni Miss Cardewren tutorea naiz, eta bera ezin da nire baimenik gabe ezkondu adinez nagusi ez den artean. Eta nik ez dut inondik ere baimena emango.

LADY BRACKNELL: Eta zergatik ez, jakin badaiteke? Algernon ezin gazte egokiagoa da; are, gainera baneza, nabarmen egokia ere. Ezer ez du, baina denetarik duela ematen du. Zer eska daiteke besterik?

JACK: Oso mingarri zait, Lady Bracknell, zure ilobaz argi eta garbi hitz egin behar izatea, baina ez dut inola ere onartzen haren moraltasuna. Gezur-ontzi bat delako susmoa dut.

 

(Algernonek eta Cecilyk harrimen haserrez begiratzen diote).

 

LADY BRACKNELL: Gezur-ontzia! Nire iloba Algernon? Ezinezkoa! Oxforden ikasitakoa da.

JACK: Tamalez, ez dago inolako zalantzarik horretan. Gaur arratsaldean, garrantzi handiko maitasun-kontu batengatik Londresen nengoen bitartean, nire etxean harrera egin ziezaioten lortu du, nire anaia zelako itxurak eginez. Gezurrezko izen bat hartuta, eta etxezainak oraintxe jakinarazi didanez, pinta oso bat edan du nire Perrier-Jouet, Brut, 89tik, neuretzat propio gordeta neukan ardo batetik. Iruzur lotsagarri horrekin jarraituz, nire babespean dagoen pertsona bakarraren maitasuna bereganatu du arratsaldean zehar. Gero tea hartzera gelditu da, eta opil guzti-guztiak irentsi ditu. Haren jokabidea are bihozgabeagoa da berak hasieratik zekielako nik ez dudala anaiarik, ez dudala inoiz izan anaiarik, eta ez dudala sekula anaiarik izateko inolako asmorik. Neronek esan nion hori, argi eta garbi, atzo arratsaldean.

CECILY: Baina, osaba Jack maitea, joan den urte osoan guztioi anaia bat zeneukala esaten ibili zara. Behin eta berriz esaten zenigun gauza bera. Algyk ez du zuk esandakoa berretsi besterik egin. Leial jokatu du.

JACK: Barkatu, Cecily, gaztetxoa zara gauza hauek ulertu ahal izateko. Ezer asmatzea jenio hutsezko ekintza da, eta bizi garen merkataritza-aro honetan kemen fisiko handia behar da horretarako. Gure eleberrigile modernoen artean ere oso gutxi dira ezer asmatzera ausartzen direnak. Ageriko sekretua da ez dakitela nola egin. Bestalde, faltsukeria bat berrestea ezin ekintza koldarragoa da. Badakit egunkariek batak bestearengatik egunero egiten duten gauza dela hori. Baina ez jaun batek. Jaun batek ez du inoiz ezer berretsi behar.

ALGERNON: (Amorruz). Mesedez, Jack!

LADY BRACKNELL: Ehem! Mr Worthing, gauzak ongi hausnartu ondoren, nire ilobaren jokabidea ezertarako kontuan ez hartzea erabaki dut.

JACK: Oso bihotz zabala zara, Lady Bracknell. Nire erabakia, dena dela, aldaezina da. Ez dut nire baimena emango.

LADY BRACKNELL: (Cecilyri). Etorri hona, umetxo hori. (Cecily Lady Bracknellengana doa). Zenbat urte ditun, maitea?

CECILY: Izan, hemezortzi besterik ez, baina jaietara joaten naizenean hogei ditudala aitortzen dut beti.

LADY BRACKNELL: Eskubide osoa dun, jakina, aldaketatxo bat edo beste egiteko. Izan ere, emakume batek ez liken sekula bere adin zehatza esan behar. Asmo ezkuturen bat darabilela ematen din... (Hausnartuz bezala). Hemezortzi, baina jaietan hogei esan. Ongi zagon, luze gabe adinez nagusi izango haiz, eta zaindaritzaren hersturetatik at. Beraz, ez dinat uste hire tutorearen baimenak inolako garrantzirik duenik azken batean.

JACK: Barkatuko ahal didazu, Lady Bracknell, berriro etetea zure solasa, baina bidezkoa iruditzen zait ohar bat egitea zuri, jakinaren gainean egon zaitezen: bere aitonaren testamentuaren arabera, Miss Cardew, legez, ez da adinez nagusi izango hogeita hamabost urte bete artean.

LADY BRACKNELL: Hori ez zait oso eragozpen larria iruditzen. Hogeita hamabost urte oso adin erakargarria da. Londresko gizartea beterik dago berek hala nahita hogeita hamabost urtetan irautea erabaki duten jatorri oneko emakumeez. Lady Dumbleton da horren adibide bat. Nik dakidala, hogeita hamabost urte izan ditu berrogei urtetara iritsi zenetik, eta orain aspaldi gertatu zen hori. Ez dut arrazoirik ikusten gure Cecily maitea zuk aipatu duzun adin horretan orain baino are ederrago egon ez dadin. Ondasun-pila eder askoa izango du ordurako.

CECILY: (Jacki). Ziur al zaude zure baimenik gabe ezin naizela ezkondu hogeita hamabost urte bete arte?

JACK: Horra zure aitonaren testamentuko xedapen zuhurra, Cecily. Ez da dudarik berak aurretik ikusi zuela zer-nolako eragozpenak gerta zitezkeen.

CECILY: Aitonak izugarrizko irudimena izan behar zuen. Algy..., nik hogeita hamabost urte bete arte nire zain egoteko gauza izango zara? Etzazu arinegi hitz egin. Hau oso gauza serioa da, eta nire zorion etorkizunaren parte handi bat, eta orobat zeurea ere, zure erantzunaren baitan dago.

ALGERNON: Izango ez naiz ba, Cecily. Badakizu baietz.

CECILY: Bai, hala agintzen zidan senak, baina ni ezin ninteke zain egon hain luzaro. Gorroto dut bost minutuz bada ere inoren zain egon beharra. Amorru handia ematen dit. Ni neu ez naiz batere puntuala, badakit, baina atsegin zait puntualitatea besteengan, eta ni zain egotea, ezkontzeko bada ere, ezinezkoa da.

ALGERNON: Zer egin daiteke orduan, Cecily?

CECILY: Ez dakit, Mr Moncrieff.

LADY BRACKNELL: Mr Worthing maitea, Miss Cardewk argi eta garbi adierazi baitu ezin duela zain egon hogeita hamabost urte bete arte —eta baieztapen horrek, ene ustez, egonarri gutxiko izaera erakusten duela esan behar dut—, mesedez zeure erabakia berriro azter dezazun eskatzen dizut.

JACK: Baina, Lady Bracknell maitea, auzia oso-osorik zure eskuetan dago eta. Gwendolenekin ezkontzeko baimena ematen didazun bezain laster, nik atsegin handiz utziko diot zure ilobari nire babespekoarekin elkartzen.

LADY BRACKNELL: (Zutiturik, tente-tente). Ongi jakin beharko zenuke zure proposamen hori ezinezkoa dela.

JACK: Beraz, ezkongabetasun suharra da gutariko bakoitzak aurrerantzean espero dezakeen guztia.

LADY BRACKNELL: Ez da hori Gwendoleni opa diodan etorkizuna. Algernonek, jakina, bere kabuz aukera dezake. (Erlojua ateratzen du). Goazen, maitea, (Gwendolen altxatu egiten da). bost tren galdu ditinagu honezkero, ez badira sei. Besteren bat galduz gero, esamesak sortuko ditinagu geltokian.

 

(Chasuble doktorea sartzen da).

 

CHASUBLE: Dena prest dago bataioetarako.

LADY BRACKNELL: Bataioak, jauna! Ez al da goizegi horretarako?

CHASUBLE: (Harriturik, eta Jack eta hatza Algernonengana zuzendurik). Bi jaun horiek lehenbailehen bataiatzeko nahia azaldu dute.

LADY BRACKNELL: Adin horretan? Burutapen irrigarria eta erlijioaren aurkakoa da! Algernon, bataia zaitezen debekatzen dizut. Ez dut horrelako gehiegikeriez entzun ere egin nahi. Lord Bracknellek izugarrizko nahigabea hartuko luke jakingo balu zertan galtzen duzun zure denbora eta zure dirua.

CHASUBLE: Beraz, zer ulertu behar dut, ez dela inolako bataiorik egingo arratsalde osoan?

JACK: Gauzak dauden bezala egonda, Chasuble doktorea, ez dut uste oso baliagarri gerta lekigukeenik.

CHASUBLE: Tristuraz betetzen nau, Mr Worthing, zugandik halako adierazpenak entzuteak. Nire sermoi argitaragabeetako lauetan zeharo gezurtatu ditudan anabaptisten heresien kutsua hartzen diet zure hitzoi. Bataio bidezko birsorkundeaz ezin da arinkeriaz hitz egin. Izan ere, gurasoen iritzi aho batekoaren arabera, jaioberritze modu bat da bataioa. Nolanahi ere, eta helduei dagokienez, derrigorrezko bataioa ez da, tamalez, kanonikoa, salbaien tribuen artean salbu; beraz, berehala itzuli behar dut elizara. Izan ere, sakristauak esan berri didanez, ordu eta erdi bada Miss Prism nire zain dagoela sakristian.

LADY BRACKNELL: (Asaldaturik). Miss Prism! Miss Prism aipatzen entzun diot berorri?

CHASUBLE: Bai, Lady Bracknell. Berarekin elkartzekoa naiz.

LADY BRACKNELL: Unetxo batez itxarotea erregutzen diot, jauna. Hil ala biziko kontua izan daiteke hau Lord Bracknellentzat eta biontzat. Miss Prism hori ez da itxura higuingarriko emakume bat izango, urrutitik bada ere irakaskuntzarekin loturaren bat duena?

CHASUBLE: (Haserre samar). Dama guztien artean jantziena da, eta errespetagarritasunaren irudia bera.

LADY BRACKNELL: Pertsona bera da, zalantzarik gabe. Zer kargu dauka berorren etxean, galdetzea atrebentzia ez bada?

CHASUBLE: (Zorrotz). Ni ezkongabea naiz, andrea.

JACK: (Tartean sartuz). Miss Prism hori, Lady Bracknell, Miss Cardewren irakasle gogokoa eta adiskide begikoa izan da azkeneko hiru urteotan.

LADY BRACKNELL: Berari buruz entzundakoa entzunagatik, lehenbailehen ikusi behar dut. Dakartela berehala.

CHASUBLE: (Kanpora begira). Badator; heldu da.

 

(Miss Prism sartzen da, presaka).

 

MISS PRISM: Sakristian uste nion, kalonje maitea. Ordubete eta hiru laurden egon naiz han berorren zain. (Lady Bracknell ikusten du, begirada harrizkoz begira-begira dagokiola. Miss Prism zurbil-zurbil eta ikaraturik gelditzen da. Ingurura begiratzen du urduri, handik ihes egin nahiko balu bezala).

LADY BRACKNELL: (Epaile ahots zorrotzez). Prism! (Miss Prismek burua makurtzen du lotsaz). Etorri hona, Prism! (Miss Prism Lady Bracknellengana hurreratzen da apaltasun osoz). Prism! Haurra non da? (Harridura da nagusi. Kalonjeak atzera egiten du izututa. Algernonek eta Jackek Cecily eta Gwendolen eskandalu publiko izugarri baten xehetasunak entzutetik nola edo hala babestu nahian ari balira bezala jokatzen dute). Orain dela hogeita zortzi urte, Prism, Lord Bracknellen etxetik irten zinen, Upper Grosvenor Streeteko 104. numerotik, orgatxo batean haur bat, sexu arra, zure ardurapean harturik. Ez zinen sekula itzuli. Handik aste gutxira, poliziaren ikerketa xeheari esker, hara non aurkitzen duten orgatxoa gauerdian, Bayswater-ko kale bazter urruti batean abandonatuta. Eta barruan hiru liburukiko eleberri baten eskuizkribu bat, samurkeriaren samurkeriaz ohi baino okaztagarriagoa. (Miss Prismek dar-dar egiten du, oharkabean haserre). Baina haurrik ez ordea. (Denak Miss Prismi begira). Prism! Non dago haurra? (Geldiune bat).

MISS PRISM: Lady Bracknell, lotsaturik onartzen dut ez dakidala. Ai, baneki! Ez nuke besterik nahi! Gauzak honelaxe gertatu ziren. Zuk aipatu duzun eta betiko gogoan josita gelditu zaidan egun horretan, goizean, ohi bezala haurra bere orgatxoan kalera ateratzeko prestatu nintzen. Poltsa zahar samar baina zabal bat ere hartu nuen, nire txolarte urrietan idatzi nuen fikzio-lan baten eskuizkribua bertan sartzeko. Neure buruaren abstrakzio-une batean, sekula barkatuko ez diodana, eskuizkribua orgatxoko sehaskan utzi nuen eta haurra, berriz, poltsaren barruan.

JACK: (Adi-adi entzuten egon baita). Baina non utzi zenuen gero poltsa hura?

MISS PRISM: Ez zaidazu galdetu, Mr Worthing.

JACK: Miss Prism, niretzat hori ez da axola gutxiko huskeria! Berriro diot, jakin beharra dut non utzi zenuen haurra zeneraman poltsa hura.

MISS PRISM: Londresko tren-geltoki handienetako batean utzi nuen, arropazaindegian.

JACK: Londresko zer geltokitan?

MISS PRISM: (Lur jota). Victoria Station-en. Brighton aldeko espaloian. (Aulki batean esertzen da, abaildurik).

LADY BRACKNELL: (Jacki begira). Zinez espero dut ez dela ezin gertatuzkorik gertatuko. Ezin gertatuzkoak gustu txarrekoak izaten dira beti, edo susmagarriak behintzat.

JACK: Gelara igo beharra dut une batez.

CHASUBLE: Berriak gaitz egin dizula ematen du, Mr Worthing. Ezer larririk ez izatea espero dut.

JACK: Berehala itzuliko naiz, kalonje maitea. Gwendolen! Egon hemen nire zain!

GWENDOLEN: Asko luzatzen ez bazara, bizitza osoan egongo naiz hemen zure zain.

 

(Jack, guztiz asaldaturik, irten egiten da).

 

CHASUBLE: Zure ustez, zer esan nahi du honek, Lady Bracknell?

LADY BRACKNELL: Ez naiz susmatzera ere ausartzen, Chasuble doktorea. Esan gabe doa modu oneko familietan ez direla kasualitate xelebreak gertatzen. Ez dauzkate gauza egokitzat.

 

(Zarata-hotsak entzuten dira goian, norbait kutxak jaurtitzen balebil bezala. Gora begiratzen dute denek).

 

CECILY: Osaba Jackek kirioak dantzan dituela ematen du.

CHASUBLE: Zure tutorea oso sentibera da.

LADY BRACKNELL: Zarata hori ezin gogaikarriagoa da. Altzariekin argudiotan ariko balitz bezala ematen du. Argudioak ez zaizkit atsegin. Beti dira zantarrak, eta edozein komentzitzeko modukoak sarritan.

CHASUBLE: (Gora begira). Gelditu egin da. (Zarata handiagoa entzuten da).

LADY BRACKNELL: Iritsiko ahal da ondorioren batera!

GWENDOLEN: Zer gertatuko zain egon behar hau izugarria da gero. Luze joko duela espero dut.

 

(Jack sartzen da, larru beltzeko poltsa bat eskuan).

 

JACK: (Miss Prismen gainera etorriz). Hau al da poltsa, Miss Prism? Azter ezazu arretaz, ezer esan baino lehen. Baten baino gehiagoren zoriontasuna dago zure erantzunaren baitan.

MISS PRISM: (Lasai). Nirea dela ematen du. Bai, hemengo urratu hau Gower Streetera doan omnibusa irauli zenekoa da, gazteagoak eta zoriontsuagoak ginen garai batekoa. Barruko orban hau, berriz, alkoholik gabeko edari-ontziaren leherketak utzitakoa da; Leamington-en gertatu zen hura. Eta hona hemen, kisketan, nire izenaren hasierako hizkiak. Ez nintzen oroitzen hemen irarrarazi nituela eskuzabal nengoen batean. Poltsa nirea da inolako dudarik gabe. Asko pozten naiz hain ustekabean berreskuratzeagatik. Eragozpen handia gertatu zait urte hauetan guztietan neurekin ez izatea.

JACK: (Ahots errukarriz). Miss Prism, ez da poltsa berreskuratu duzun gauza bakarra. Ni naiz barruan utzi zenuen haurra.

MISS PRISM: (Txunditurik). Zeu?

JACK: (Miss Prism besarkatuz). Bai... ama!

MISS PRISM: (Harridura haserrez atzera eginez). Mr Worthing! Ezkongabea naiz!

JACK: Ezkongabea! Kolpe handia da hau, ez dut ukatuko. Baina, azken batean, ba ote dago eskubiderik hainbeste sofritu duenari harria jaurtitzeko? Damutasunak ezin al du zoraldi bateko hutsa ezabatu? Zergatik egon behar du lege bat gizonezkoentzat, eta beste bat emakumezkoentzat? Ama, barkatzen dizut. (Besarkatzen ahalegintzen da ostera).

MISS PRISM: (Haserreago oraindik). Baina, Mr Worthing, oker zabiltza. Amatasuna ez da sekula nire bizitzako gertaeretako bat izan. Egin duzun iradokizun hori, hainbeste jenderen aurrean egina izan ez balitz, gisagabekeria zatekeen ia. (Lady Bracknellengana zuzendurik hatza). Horra egiaz nor zaren esan diezazukeen andrea. (Agertokiko atzeko aldera erretiratzen da).

JACK: (Geldiune baten ondoren). Lady Bracknell, gorroto dut dena jakin nahi dudalako itxura ematea, baina esango al zenidake nor naizen, mesedez?

LADY BRACKNELL: Eman behar dizkizudan albisteak ez dut uste oso atseginak izango zaizkizunik. Nire ahizpa gajoaren semea zara, Moncrieff andrearen semea, eta Algernonen anaia zaharra, beraz.

JACK: Algyren anaia zaharra! Orduan, azken batean, badut anaia. Banekien banuela anaia! Beti esan dut banuela anaia! Cecily... nola jar zenezakeen dudan anaia banuela? (Besotik heltzen dio Algernoni). Chasuble doktorea, nire anaia zorigaiztokoa. Miss Prism, nire anaia zorigaiztokoa. Gwendolen, nire anaia zorigaiztokoa. Algy, gazte lotsagabea hi, errespetu handiagorekin tratatu beharko nauk hemendik aurrera. Hire bizitza osoan sekula ez nauk anaia baten moduan hartu.

ALGERNON: Ba orain arte ez, adiskidea, hori egia duk. (Elkarri bostekoa ematen). Nekien onena egin nian, baina ohitura falta nian.

GWENDOLEN: (Jacki). Laztana!

JACK: Laztana!

LADY BRACKNELL: Egoera berezi eta ustekabeko honetan baimena duzu zure izeba Augustari musu emateko.

JACK: (Lekutik mugitu gabe). Pozez zorabiatzen nago. (Musu ematen dio Gwendoleni). Ez dakit nori ematen ari naizen ere.

 

(Algernon aukeraz baliatzen da Cecilyri musu emateko).

 

GWENDOLEN: Halako gauza bat esaten entzuten dizudan azken aldia izan dadila.

JACK: Bai, laztana.

MISS PRISM: (Aurreraturik, eztul txiki batzuk egin ondoren). Mr Worthing —Mr Moncrieff, esan beharko nizuke orain—, hemen gertatu berri direnak gertatuta, nire betebeharra da bertan behera uztea etxe honetan daukadan kargua. Ezertan kalterik egin badizut, haurtzaroan poltsa honetan oharkabean utzita, bene-benetan eskatzen dizut barka diezadazun.

JACK: Ez esan hori, Miss Prism maitea. Ez ezer esan. Ziur nago oso gustura egon nintzela zure poltsa polit horretan, zoriontsuago zinen egun haietan, omnibusa irauli zeneko urratu txiki hura gorabehera. Eta etxe hau uzteko asmoari dagokionez, burutapenak ez dauka zentzurik.

MISS PRISM: Joan beharra dut. Egia esan, ez daukat zer erakutsi gehiago Cecily maiteari. Ezkontzara heltzeko bide malkartsuan, nire ikasle ezti argiak aurrea hartu dio, alde handiz, bere irakasleari.

CHASUBLE: Zaude pixka batean... Laetitia!

MISS PRISM: Chasuble doktorea!

CHASUBLE: Laetitia, Eliza Primitiboa zenbait puntutan oker zegoelako ondoriora iritsi naiz. Antza denez, irakurgai galgarriak lerratu dira testuan. Nirekin ezkon zaitezen erregutzeko ohorea dut.

MISS PRISM: Frederick, sentitzen dudana azaltzeko hitz eskasean aurkitzen naiz orain bertan. Baina nire egunkariaren azkeneko hiru liburukiak bidaliko dizkizut ilunabarrean. Azkeneko hemezortzi hilabeteotan sorrarazi dizkidazun sentimenen azalpen osoa irakurri ahal izango duzu bertan.

 

(Merriman sartzen da).

 

MERRIMAN: Lady Bracknellen kotxezainak dio ezin duela gehiago itxaron.

LADY BRACKNELL: (Zutiturik). Egia! Hirira itzuli behar dut berehala. (Erlojua ateratzen du). Antza denez, bederatzi tren galdu ditut dagoeneko. Bat besterik ez da geratzen. (Merriman irten egiten da. Lady Bracknell aterantz doa). Prism, Chasuble doktoreari egin diozun azken oharpen horrek argi erakusten du, tamalez, ez duzula oraindik alde batera utzi zure hiru liburukiko fikziorako grina. Eta ezkontzako egoeran sartzera bazoaz benetan, zure adinean hori egitea Probidentzia orojakileari erronka jotzea bezalatsu iruditzen zaidala esan behar badut ere, espero dut kontu gehiago egingo diozula zure senarrari zure gomendio utzi zen haur hari baino, eta ez duzula Chasuble doktore gizajoa, poltsa batean edo bestelako zorroren batean, tren-geltokietan botata utziko. Arropazaindegiak oso leku haizetsuak dira. (Miss Prismek burua makurtzen du, esaneko). Chasuble doktorea, zorionik zinezkoenak zuri, eta baldin bataioa, esan duzun bezala, jaioberritze modu bat bada, biziki gomendatzen dizut Miss Prism atzerapenik gabe bataia dezazun. Berriz jaiotzea alde aldeko abantaila izango litzateke berarentzat. Jokabide hori Eliza Primitiboaren usadioen araberakoa izango den ez dakit. Baina ez dut uste hain problema handiei aurre egin behar izango zietenik. (Cecilyrengana jiratzen da poliki, eta masailan ferekatzen du). Ene umetxoa! Upper Grosvenor Street-en espero zaitugu egun gutxi barru.

CECILY: Eskerrik asko, izeba Augusta!

LADY BRACKNELL: Goazen, Gwendolen.

GWENDOLEN: (Jacki). Ai, ene bihotzeko....! Baina, ene bihotzeko zein zara zu? Zein da zure bataio-izena, beste norbait bilakatu zarenez geroztik?

JACK: Jainko maitea!... Erabat ahaztua nuen xehetasun hori. Nire izenari buruzko zure erabakia atzera ezina izango da, noski.

GWENDOLEN: Ni ez naiz inoiz aldatzen, nire joeretan izan ezik.

CECILY: Zu zara emakume prestua, Gwendolen!

JACK: Beraz, auzia lehenbailehen argitzea izango da onena. Izeba Augusta, zaude pixka batean. Bataiatuta al nengoen Miss Prismek poltsa barruan utzi ninduen garaian? Otoi, izeba Augusta, lasai hartu. Kinka gaiztoan gaude eta asko dago zure erantzunaren baitan.

LADY BRACKNELL: (Lasai). Diruz eros zitekeen luxu oro, bataioa barne, zuretzat xahutu zuten zure guraso maitagarri eta maitatzaileek.

JACK: Beraz, bataiatu ninduten! Hori argi dago. Eta zer izen eman zidaten? Gertu naukazu okerrena entzuteko.

LADY BRACKNELL: (Geldiune baten ondoren). Seme zaharrena izanda, zure aitaren izena eman zizuten, noski.

JACK: (Haserre). Bai, baina zer izen zuen nire aitak? Otoi, etzazu horren lasai hartu, izeba Augusta. Kinka gaiztoan gaude eta dena dago zure erantzunaren baitan. Zer izen zuen nire aitak?

LADY BRACKNELL: (Gogoetatsu). Orain bertan ez dut gogoratzen zer izen zuen jeneralak. Zure ama gajoak «Jenerala« esaten zion beti. Ongi gogoan dut hori. Ez dut uste bere izenez deitzen ausartuko zenik. Baina ez dut dudarik izenik bazuela. Gizon zakarra zen bere maneretan, baina ez zen besteengandik ezertan nabarmentzen. Zakartasun hori Indiako klimaren ondorioa zen, eta ezkontzarena, eta janondo gaiztoena, eta gisako beste gauza batzuena. Egia esan, tirano handi bat zen eguneroko bizitzako gauza ttikietan. Handiegia, esaten nion ahizpari.

JACK: Algy! Hi ez al haiz gogoratzen gure aitaren izenaz?

ALGERNON: Nire mutil maitea, hitzik ere ez genioan egin elkarri. Nik urtea bete aurretik hil zuan.

JACK: Aitaren izena garai hartako Armadaren Urtekarian agertuko da segur aski, izeba Augusta.

LADY BRACKNELL: Jenerala bake-gizona zen funtsean, bere etxeko zereginetan izan ezik. Baina dudarik gabe, edozein aurkibide militarretan agertuko da haren izena.

JACK: Azken berrogei urteotako Armadaren Urtekariak hemen dira. (Apaletara oldartzen da eta liburuak ateratzen ditu. Azkar-azkar banatzen ditu). Hona hemen bat berorrentzat, Chasuble doktorea... Miss Prism, zuretzat bi..., Cecily, Cecily, hartu Armadaren Urtekari bat. Egin zerrenda bat lehendabizi. Algernon, mesedez, bila ezak Ingalaterrako historian gure aitaren izena, baldin seme-maitasunaren arrastorik gelditzen bazaik. Izeba Augusta, gai honetan zure gizon-sena balia dezazun erregutzen dizut. Gwendolen... ez, zu sobera asaldatuko zinateke. Utzi lan hau zu baino izaera filosofiko urriagokoontzat.

GWENDOLEN: (Heroitasunez). Emazkidazu sei ale, noiznahikoak, mende honetakoak edo aurrekoak. Berdin zait!

JACK: Neska prestua zu! Tori hamabi. Gehiagorekin lanak izango zenituzke. (Armadaren Urtekari batzuk eskuratzen dizkio..., baina haietara oldartzen da berehala, eta banan-banan eskuetatik kentzen dizkio, Gwendolen liburuak zabaldu ahala). Ez, utzi niri ikusten. Utzi niri, maitea. Laztana, uste dut arinago aurki dezakedala nik. Tira, utzidazu niri, ene kuttuna.

CHASUBLE: Zer geltokitara joan nahi duzula esan duzu, Mr Moncrieff?

JACK: (Geldirik, etsiak hartuta). Zer geltokitara! Nork hitz egin du hemen inongo geltokiz? Nik neure aitaren izena besterik ez dut aurkitu nahi.

CHASUBLE: Zuk ordea Bradshawko tren-aurkibidea eskuratu didazu. (Liburua begiratzen du). 1869. urtekoa, antza denez. Interes handiko liburua, inondik ere, zaharra den aldetik, baina inolako ikustekorik ez duena jeneralei bataioan ematen ohi zaien izenekin.

CECILY: Sentitzen dut, osaba Jack. Baina jeneralak ez dira aipatu ere egiten «Gure garaiko historia» honetan, hau argitalpen hoberena izanagatik. Idazteko makinaren laguntzaz idatzitako bakarra.

MISS PRISM: Niri, Mr Moncrieff, Funtzionarioen Administrazio Publikoko Saltegietako Prezio Zerrendaren bi ale eman dizkidazu. Hemen jeneralak ez dira inon ageri. Ez dute, nonbait, ez eskaerarik ez eskaintzarik.

LADY BRACKNELL: Lan hau —«Krabelin berdea», hala baitu izena, ikusten dudanez— gai exotikoak lantzeko moduari buruzko liburu bat da nonbait. Bertan ez da jeneralen aipamenik egiten. Erdiko klasekoen kontu morboso bat dirudi.

JACK: (Oso haserre). Jainko maitea! Eta zer lelokeria ari haiz irakurtzen hi, Algy? (Liburua kentzen dio). Armadaren Urtekaria? Ez huen jakingo, noski, Armadaren Urtekaria zela, ezta? Eta okerreko lekuan zabalduta, gainera. Baina muturraren aurrean daukak eta bilatzen ari garena. M. Jeneralak... Malam, bai izen itsusiak, Markby, Migsby, Mobbs, Moncrieff, Moncrieff! Teniente 1840. urtean, kapitain, teniente koronel, koronel, jeneral 1869an. Bataio-izena: Fidel John. (Liburua bere lekuan uzten du poliki, eta patxada handian hitz egiten du). Beti esan dizut, Gwendolen, Fidel nuela izena, ezta? Ba horra non Fidel naizen azken batean. Alegia, zera esan nahi dut, Fidel dudala izena, jakina.

LADY BRACKNELL: Bai, orain gogoratzen dut jeneralak Fidel zuela izena. Banekien banuela arrazoi bat izen arrotz hori atsegin ez izateko. Goazen, Gwendolen. (Irten egiten da).

GWENDOLEN: Fidel! Ene Fidel bihotzekoa! Hasieratik antz eman dizut ezin zenuela beste izenik izan!

JACK: Gwendolen, gizon batentzat gauza izugarria da bat-batean ohartzea bere bizitza osoan zintzo eta leial jokatu duela, eta ez duela egia besterik esan. Barkatu ahal izango didazu?

GWENDOLEN: Bai, noski; ziur nago aldatuko zarena.

JACK: Ene bihotza!

CHASUBLE: (Miss Prismi). Laetitia! (Besarkatzen du).

MISS PRISM: (Gogo biziz). Frederick! Azkenean!

ALGERNON: Cecily! (Besarkatzen du). Azkenean!

JACK: Gwendolen! (Besarkatzen du). Azkenean!

 

(Lay Bracknell sartzen da).

 

LADY BRACKNELL: Azkeneko trena galdu dut. Ene iloba maitea, ez dakit ez ote zaren arinki samar jokatzen ari.

JACK: Alderantziz, izeba Augusta, orain jabetu naiz lehenengo aldiz bizitzan, nahitaez fidel izan beharraz.

 

Oihala

 

 

[1] Ingelesez Alemaniako elgorria esaten zaio errubeolari.

 

 

© Oscar Wilde

© itzulpenarena: Antton Olano

 

 

"Oscar Wilde / Fidel izan beharraz" orrialde nagusia

Oscar Wilde euskaraz