Hirugarren ekitaldia

 

Jokalekua: Manor Houseko egongela. Cecily eta Miss Prism zein bere mahaian idazten ari dira.

 

MISS PRISM: Cecily! (Cecilyk ez du erantzuten). Cecily! Berriz ere egunkaria idazten. Uste dut behin baino gehiagotan hitz egin dizudala ohitura erigarri horretaz.

CECILY: Beti egiten dudan moduan, ez naiz zu eredutzat hartzen ari baizik, Miss Prism.

MISS PRISM: Pertsona batek bimetalismoaren oinarriak menderatzen dituenean, eskubide osoa du barrura begira bizitzeko. Lehenago, ordea, nekez. Zure ekonomia-politikari berriro hel diezaiozun erregutzen dizut.

CECILY: Berehala, Miss Prism maitea. Kontua da ordu bi eta laurdenak arteko gertakarien zerrenda egin dudala bakarrik, eta ordu bi eta erdietan gertatu dela hondamendi izugarri hori.

MISS PRISM: Barkatu, Cecily, baina ordu bi eta berrogeita bost ziren Chasuble doktoreak aipatu dituenean Eliza Primitiboak ezkontzaz dituen ikuspegi guztiz mingarri horiek.

CECILY: Ni ez nintzen inondik ere Chasuble doktoreaz ari, Mr Fidel Worthing gaixoa agerian utzi duten une tragikoaz baizik.

MISS PRISM: Nik zeharo gaitzesten dut Mr Fidel Worthing. Inon den gazterik makurrena da.

CECILY: Benetan hala ote den beldur naiz. Ez dut beste aitzakiarik aurkitzen harenganako erakarpen bitxi hau zuritzeko.

MISS PRISM: (Zutiturik). Cecily, arren eskatzen dizut, ez zaitez eror zoritxarreko gazte horren balizko kualitate azalekoen mendean.

CECILY: Sinetsidazu, Miss Prism maitea, kualitate azalekoak dira irauten duten bakarrak. Gizonaren muin barnekoena berehala geratzen da agerian.

MISS PRISM: Ume hori! Ez dakit nondik ateratzen dituzun horrelako ideiak. Ez behintzat nik eskuratu dizkizudan liburu hezigarri horietakoren batetik.

CECILY: Ba ote dago ideia bakar bat ere liburu hezigarrietan? Ez dut uste. Badakizu non aurkitzen ditudan nik neure ideiak...? Lorategian.

MISS PRISM: Orduan ez zenuke horrenbeste egon behar kanpoan. Azkenaldi honetan, Cecily, gaizki ohitu zara zure kabuz pentsatzen, eta bertan behera utzi beharko zenuke ohitura gaizto hori. Ez da batere egokia emakume batentzat... Gizonezkoei ez zaie atsegin. (Algernon sartzen da). Mr Worthing, uste nuen..., hau da, esperantza nuen hirian izango zinela honezkero.

ALGERNON: Nire abiadura ez da asko atzeratuko. Zuri agur esatera etorri naiz, Miss Cardew. Zaldi-orga ere deitu omen dute ni eramateko. Ez dut mundu hotz horretara atzera itzultzea beste aukerarik.

CECILY: Ez dakit, Mr Worthing, zer adierazi nahi izan dezakeen zure azken esaldi horrek. Izan ere, gaur bero handia egiten du, baita uztaila izateko ere.

MISS PRISM: Lasaikeriak zentzumenak lainotzen ditu.

ALGERNON: Ez izan dudarik. Ez dut eguraldia defendatzeko inolako asmorik. Uste dut, hala ere, zuri esan beharrean nagoela, Miss Prism, Chasuble doktorea zain daukazula sakristian.

MISS PRISM: Sakristian! Gauza handi baterako izango da inondik ere. Hain oihartzun berezi eta handiko leku bat aukeratu badu nirekin hitz egiteko, ez da, noski, huskeria baterako izango. Ez dut uste oso zuzena litzatekeenik erretorea zain edukitzea, ezta, Cecily?

CECILY: Oker handia, benetan oker handia litzateke oso. Sakristia oso leku hezea omen da.

MISS PRISM: Egia! Ez naiz ohartu horretaz, eta Chasuble doktore dohakabea erreumak hartuta dabil. Mr Worthing, segur aski ez dugu berriro elkar ikusiko. Zilegi izan bekit zure bizitza berriro hutsetik hasiko duzun esperantza dudala adieraztea.

ALGERNON: Dagoeneko ekin diot beste bati, Miss Prism.

MISS PRISM: Pozten naiz hori entzuteaz. (Batere ongi ematen ez dion kapelu zabal bat jartzen du). Gogoan izan beti dagoela esperantza, gizatxar ustelenarentzat ere. Zu ez zaitez nagitu, Cecily.

CECILY: Ez dut nagitasunean bizitzeko inolako asmorik. Oso ongi jabetzen naiz zeregin handia eta garrantzi handikoa dudala aurrez aurre.

MISS PRISM: Eta halaxe behar du izan, maitea.

 

(Miss Prism irten egiten da).

 

ALGERNON: Zugandik bereizi behar hau, Miss Cardew, oso mingarria zait.

CECILY: Beti da mingarria duela gutxi ezagutu duzun norbaitengandik bereizi beharra. Aspaldiko adiskideak gurekin ez dauden denbora baretasunez eraman daiteke, baina aurkeztu berri dizuten norbaitengandik bereiztea, unetxo batez bada ere, ezin eramanezkoa da ia.

ALGERNON: Eskerrik asko.

 

(Merriman sartzen da).

 

MERRIMAN: Zaldi-orga atean da, jauna.

 

(Algernonek erreguka begiratzen dio Cecilyri).

 

CECILY: Dagoela, Merriman... bost... minutuz.

MERRIMAN: Bai, andereño.

 

(Merriman irten egiten da).

 

ALGERNON: Espero dut, Cecily, ez zaizula gaizki irudituko, argi eta garbi aitortzen badizut, zu, alde guztietatik, perfektutasun absolutuaren pertsonifikazio ikusgaia zaitudala nire begietara.

CECILY: Zure zinezkotasun horrek sinesgarritasun handia ematen dizu, Fidel. Orain, zure baimenarekin, egunkarian kopiatuko ditut zure azken oharpenok. (Mahaira eseri eta egunkaria idazten hasten da).

ALGERNON: Egunkari bat idazten duzu benetan? Edozer emango nuke egunkari hori ikusteagatik. Utziko didazu?

CECILY: Inola ere ez! (Eskua jartzen du egunkariaren gainean). Begira, egunkari hau ez da neskatxa gazte baten gogoeten eta iritzien bilduma besterik, eta, beraz, argitaratzeko asmoa dut. Liburua kaleratzen denean ale bat eskatuko duzula espero dut. Baina, mesedez, Fidel, ez zaitez isildu. Oso atsegin zait inoren esanera idaztea. «Perfektutasun absolutua» idatzi dut azkena. Aurrera jarrai dezakezu. Gertu nago gehiagorako.

ALGERNON: (Harritu samar). Ehem! Ehem!

CECILY: Ez eztulik egin, Fidel! Diktatzean argi hitz egin behar da, eta eztulik egin gabe. Gainera, ez dakit nola idazten den eztula. (Idazten hasten da Algernonek hitz egin ahala).

ALGERNON: (Oso azkar hitz eginez). Cecily, gaur, eguerdiko hamabi eta erdiak zirela, zure edertasun zoragarria eta berdingabea nire begien aurrean agertu orduko, zure esklabo eta zerbitzari umil bihurtu naiz, baina handinahikeriaren hegoez hegaldaturik, zu zoroki, suharki, kartsuki eta desesperatuki maitatzera ausartu naiz.

CECILY: (Luma mahai gainean utzirik). Esan berriz dena, mesedez! Azkarregi eta ilunegi hitz egiten duzu. Esan ezazu berriz dena, mesedez.

ALGERNON: Miss Cardew, gaur, eguerdiko hamabi eta erdiak zinela..., alegia, hamabi eta erdiak zirela, zure edertasun zoragarria eta berdingabea nire begien aurrean agertuko orduko...

CECILY: Bai, hori idatzi dut. Zuzena da.

ALGERNON: (Totelka). Zu... zu...

 

(Cecilyk luma uzten du ostera eta zerbait gaizki egina aurpegiratuz bezala begiratzen dio).

 

ALGERNON: (Etsiak harturik). Zure esklabo eta zerbitzari umil bihurtu naiz, baina handinahikeriaren hegoez hegaldaturik, zu zoroki, suharki, kartsuki eta desesperatuki maitatzera ausartu naiz. (Erlojua ateratzen du eta orduari begiratzen dio).

CECILY: (Denbora-puska batez idazten aritu ondoren, begiak altxatzen ditu). Ez dut idatzi «desesperatuki». Ez du zentzu handirik, ezta? (Geldiune labur bat).

ALGERNON: (Hitz egiten hasten da ostera). Cecily!

CECILY: Beste paragrafo baten hasiera da? Ala harridura-marka erantsi behar diot ondotik?

ALGERNON: (Azkar-azkar eta guztiz erromantiko). Bizimodu erabat berri baten hasiera da niretzat, eta harridura-marka handienak erantsi beharko zaizkio ondotik; zeren Maitasuna, Gorespena eta Gorazarrea, hirurak nahastuz moldatutako sinfonia sotil eta atergabea izango baita aurrerantzean nire bizitza osoa.

CECILY: Horrek ez du inolako zentzurik! Gizonek ez lukete emakumeei diktatzen saiatu behar. Sekula ez dakite nola diktatu, eta diktatzen hasten direnean batere zentzurik ez duen gauzaren bat esan ohi dute beti.

ALGERNON: Ez zait axola esaten dudanak zentzurik duen ala ez. Dakidan guztia da maite zaitudala, Cecily. Maite zaitut, nahi dizut. Ezin naiz zu gabe bizi, Cecily! Badakizu maite zaitudala. Nahi duzu nirekin ezkondu? Nahi duzu nire emaztea izan? (Cecilyrengana inguratzen da eta haren eskuen gainean ezartzen du berea).

CECILY: (Zutituz). Hara! Arrasto bat egin dut zure erruz! Eta zure hau da nire bizitzan egin didaten egiazko ezkontza-eskari bakarra. Txukun-txukun idatzita gorde nahi nuke.

 

(Merriman sartzen da).

 

MERRIMAN: Zaldi-orga zain dago, jauna.

ALGERNON: Esaiozu datorren astean eta ordu berean itzultzeko.

MERRIMAN: (Cecilyri begiratzen dio, baina honek ez du zirkinik ere egiten). Bai, jauna. (Irten egiten da).

CECILY: Osaba Jack sutan jarriko litzateke datorren astea arte eta ordu bera arte hemen geratuko zarela baleki.

ALGERNON: Jack ez zait batere axola. Ez zait inor axola mundu honetan zu besterik. Maite zaitut, Cecily. Nirekin ezkonduko zara, ezta?

CECILY: Zozo hori! Norekin bestela! Hiru hilabete dira-eta ezkontzeko hitza eman geniola elkarri.

ALGERNON: Hiru hilabete?

CECILY: Hiru hilabete, egun batzuk gutxi. (Egunkarian begiratzen du, orria beste aldera itzultzen du). Bai; hiru hilabete beteko dira datorren ostegunean.

ALGERNON: Ezer ez nekien.

CECILY: Gaur egun oso jende gutxi ohartzen da bestea zer egoeratan uzten duen. Gure aro hau, Miss Primek askotan esaten duen bezala, axolagabea da erabat.

ALGERNON: Baina nola bilakatu ginen ezkongai?

CECILY: Ba osaba Jack maiteak anaia gazteago bat zuela —oso anaia gaiztoa eta makurra— aitortu zigunez geroztik, Miss Prismen eta bion arteko solasaldien hizketa-gai nagusia izan zara, noski. Eta, jakina, gizon askotan aipatua beti da erakargarria. Zerbait berezia eduki behar duela iruditzen zaigu. Zoratuta egongo naiz beharbada, baina zutaz maitemindu nintzen, Fidel.

ALGERNON: Laztana! Eta zer egunetan eman genion ezkon-hitza elkarri?

CECILY: Joan den otsailaren 14an. Ni nor nintzen ere ez zenekielako ahiturik, egoera horrekin aldez edo moldez bukatzea erabaki nuen, eta neure buruari gogor egin ondoren, baiezkoa eman nizun arratsalde batez lorategian. Biharamunean eraztun txiki hau erosi nuen zure izenean. Ikusten duzunez, beti daramat jarrita, Fidel, eta zoritxarrez dirua harrika botatzen duten horietakoa zarela gogorarazten badit ere, aspaldi da barkatu dizudala. Hemen, ontzi honetan, aldian behin egin dizkidazun oparitxoak dauzkat gordeta, behar bezala zenbatuta eta etiketatuta. Hau, berriz, nire urtebetetze-egunean opari eman zenidan perlazko lepokoa da. Eta beste hau, zure eskutitzak gordetzeko kutxa. (Kutxa irekitzen du eta xingola urdin batez lotutako eskutitz-sorta bat ateratzen du).

ALGERNON: Nire eskutitzak! Baina, ene bihotzeko Cecily eztia, nik ez dizut inoiz eskutitzik idatzi.

CECILY: Ez didazu zertan gogorarazi, Fidel. Ongi gogoan dut nik hori. Asper-asper eginda bukatu nuen Londrestik niretzako eskutitzik ba ote zen postariari goizero galdetzeaz. Osasuna galtzen hasi nintzen, kirioak lehertu eta neure onetik atera beharrez. Beraz, neronek idatzi nituen zure eskutitzak zeure ordez, eta herritik postaz bidali nituen neure etxera mirabearen bitartez. Astean hirutan idazten nuen, eta gehiagotan ere bai batzuetan.

ALGERNON: Utzidazu gutunok irakurtzen, Cecily!

CECILY: Ezin dizut utzi! Harro baino harroago jarriko zinateke. (Kutxa bere lekuan uzten du). Nik ezkon-hitza hautsi ondoren idatzi zenizkidan hirurak hain dira ederrak, eta gaizki idatziak, ezen orain ere nekez irakur baititzaket malko bi lehertu gabe.

ALGERNON: Baina ezkon-hitza hautsi genuen ala?

CECILY: Nola ez genuen ba hautsiko? Iragan martxoaren 22an hain zuzen. Egun hartan idatzi nuena ikus dezakezu nahi baduzu. (Egunkaria erakusten dio). «Fidelekin ezkontzeko hitza hautsi dut gaur. Hobe beharrez egin dut. Gaur ere eguraldi ederra egin du.»

ALGERNON: Baina zergatik hautsi zenuen? Zer egin nuen ba? Nik ez nuen ezer egin. Cecily, min handia eman dit ezkon-hitza hautsi zenuela jakiteak. Batez ere hain eguraldi ederra bazegoen.

CECILY: Gizonok oso erraz ahazten dituzue gauzak nonbait. Uste nuen gogoan izango zenuela konderriko dantzaldian Lord Kelsonekin dantzan aritu nintzelako idatzi zenidan eskutitz gogor hura.

ALGERNON: Baina ez al nuen ba atzera egin gero, Cecily?

CECILY: Horixe egin zenuela. Gainerakoan ez nizun barkatuko ez onartuko ere biharamunean bidali zenidan eskuturreko hau, turkesazko eta diamantezko bihotzarekin. (Eskuturrekoa erakusten dio).

ALGERNON: Nik eman al nizun hau opari, Cecily? Oso polita da, ezta?

CECILY: Bai. Oso gustu ona duzu opariak aukeratzen, Fidel. Beti aitortu izan dut. Hori da, hain zuzen, daramazun bizitza gaiztoa zuritzeko erabiltzen dudan aitzakia.

ALGERNON: Ene bihotza! Beraz, badira hiru hilabete senar-emaztegai garela, Cecily!

CECILY: Bai. Airean doakigu denbora, ezta?

ALGERNON: Ez dakit ba. Egunak oso luzeak eta oso goibelak iruditzen zaizkit zu gabe.

CECILY: Ene mutil maite erromantiko hori... (Cecilyk hatz artean erabiltzen du Algernonen ilea). Zure ile-kizkurrok berezkoak izango dira, noski.

ALGERNON: Bai, laztana, nor edo norren laguntza pixka batekin.

CECILY: Hain nago pozik.

ALGERNON: Ez duzu gure ezkon-hitza sekula gehiago hautsiko, ezta, Cecily?

CECILY: Egia esan, ez dut uste hautsi ahal izango nukeenik orain, zu behin ezagutuz gero. Hala ere, zure izenaren kontu hori dago, jakina.

ALGERNON: (Urduri). Bai, jakina.

CECILY: Ez didazu barrez hartu behar, laztana, baina Fidel izeneko norbait maitatzea izan dut nik ttikitatik ametsa. (Algernon zutik jartzen da, eta Cecily ere bai). Bada zerbait izen horretan erabateko uste ona sortzen didana. Eta erruki dut Fidel ez den gizon batekin ezkontzen den emakume gajoa.

ALGERNON: Baina, ene ume maitea, beste izenen bat banu ez ninduzula maitatuko esan nahi duzu?

CECILY: Baina zer beste izen?

ALGERNON: Zuk nahi duzun edozein..., Algernon..., esate baterako...

CECILY: Baina nik ez dut batere gogoko Algernon izena.

ALGERNON: Ene maite laztan ezti kuttun ttiki hori, ez dakit zer izan dezakezun Algernon izenaren aurka. Ez da batere izen txarra. Egia esan, izen aristokrata samarra da. Kiebra jotzeagatik auzitegira deitzen dituzten erdiek Algernon dute izena. Baina, benetan, Cecily... (Cecilyrengana zuzenduz). Algy banu izena, ez nindukezu maitatuko?

CECILY: (Zutiturik). Errespeta zintzaket, Fidel, zure izaera mirets nezake, baina beldur naiz ez nintzatekeela gauza izango nire arreta zuri osorik eskaintzeko.

ALGERNON: Ehem! Cecily! (Kapelua hartzen du). Hemengo zuen erretorea eskarmentu handiko gizona izango da Elizako errito eta zeremonia guztien praktikan, ezta?

CECILY: Chasuble doktorea oso gizon jantzia da. Ez du liburu bakar bat ere idatzi; beraz, atera kontuak zenbat dakien.

ALGERNON: Lehenbailehen ikusi behar dut garrantzi handiko bataio baterako..., alegia, garrantzi handiko zeregin baterako.

CECILY: O!

ALGERNON: Banoa, baina ez naiz ordu erdia baino gehiago luzatuko.

CECILY: Kontuan hartuta otsailaren 14an eman genuela ezkontzeko hitza eta gaur dela zurekin elkartzen naizen lehenengo eguna, itsusi samarra iruditzen zait zuk ni hemen bakarrik uztea ordu erdi luze batean. Ez al duzu aski izango hogei minuturekin?

ALGERNON: Aitaren batean itzuliko naiz. (Musu ematen dio eta lasterka doa lorategian barrena).

CECILY: Hau mutil sutsua! Oso atsegin zait bere ilea. Egunkarian idatzi behar dut egin didan ezkontza-eskea.

 

(Merriman sartzen da).

 

MERRIMAN: Miss Fairfax izeneko andereño bat etorri da Mr Worthing ikustera. Gorabehera handiko zeregin baterako omen da, Miss Fairfaxen hitzetan.

CECILY: Ez al dago Mr Worthing bere liburutegian?

MERRIMAN: Aspaldi samar da Mr Worthing erretorearen etxerantz abiatu zela.

CECILY: Esaiozu dama horri etortzeko, mesedez. Mr Worthing ez da asko luzatuko. Eta tea ekar dezakezu bidenabar.

MERRIMAN: Bai, andereño. (Irten egiten da).

CECILY: Miss Fairfax! Osaba Jacki Londresko bere lan filantropikoetan laguntzen dioten bihotz oneko atso zahar horietako bat izango da segur aski. Ez zaizkit batere atsegin lan filantropikoetan parte hartzen duten emakume horiek. Lotsagabekeria handian dabiltzala iruditzen zait.

 

(Merriman sartzen da).

 

MERRIMAN: Miss Fairfax.

 

(Gwendolen sartzen da. Merriman irten egiten da).

 

CECILY: (Agurtzera aurreratzen da). Utzidazu, arren, neure burua aurkezten. Ni Cecily Cardew naiz.

GWENDOLEN: Cecily Cardew? (Cecilyrengana hurreratu eta eskuak estutuz). Zein izen gozoa! Ziur nago oso lagun onak izango garela. Esan dezakedana baino atseginagoa zaitut dagoeneko. Jendeak eragiten dizkidan estreinako inpresioak ez dira inoiz okerrak izaten.

CECILY: Asko estimatzen dizut hain atsegin natzaizula esatea, elkar ezagutu zaharrak ez izanik, batez ere. Eser zaitez, mesedez.

GWENDOLEN: (Zutik oraindik). Cecily deitzen ahal dinat, ezta?

CECILY: Atseginez!

GWENDOLEN: Eta hik niri Gwendolen deituko didan beti, bai?

CECILY: Hala nahi badun.

GWENDOLEN: Hortaz, ados gauden?

CECILY: Hala espero dinat.

 

(Geldiune bat. Biak batera esertzen dira).

 

GWENDOLEN: Oso aukera egokia izan daiteken hau nor naizen azaltzeko. Aita Lord Bracknell dinat. Ez dun aitatxoren entzutea izango, ala?

CECILY: Ez, ez dinat uste.

GWENDOLEN: Familiaren esparrutik kanpo gure aita, pozten nain esateak, erabat ezezaguna dun. Halaxe izan behar duela uste dinat, gainera. Nire irudiz, etxea dun gizonaren berezko esparrua. Behin bere etxeko betebeharren ardura uzten hasiz gero, mingarriro emagizon bihurtzen dun gizona, ez al da egia? Eta hori ez zaidan atsegin. Hain ederrak ditun horrela gizonak! Cecily, gure amatxok, oso ikusmolde zorrotzak baititu heziketaz, guztiz bista laburreko emakumetzat hazi nain; bere sistemaren parte bat dun; beraz, ez zain axolako betaurrekoez begiratzen badinat, ezta?

CECILY: Inola ere ez, Gwendolen! Oso atsegin zaidan jendea begira edukitzea.

GWENDOLEN: (Betaurreko kirtendun batez Cecily arreta handiz aztertu ondoren). Bisita labur bat egitera etorriko hintzen, noski.

CECILY: Ez horixe! Ni bertan bizi naun.

GWENDOLEN: (Zorrotz). Benetan? Ama, jakina, edo adinean sartutako emakumezko ahaideren bat biziko zain hemen, ezta?

CECILY: Ez horixe! Ez dinat amarik, eta ezta, egia esan, ahaiderik ere.

GWENDOLEN: Benetan?

CECILY: Nire tutore maiteak din, Miss Prismen laguntzarekin, ni zaintzeko zeregin gaitza.

GWENDOLEN: Hire tutoreak?

CECILY: Bai, ni Mr Worthingen babespekoa naun.

GWENDOLEN: Harritzekoa dun norbait babespean zuela niri sekula esan ez izana. Ongi gorde din gero sekretua! Erakargarriagoa zaidan ordutik ordura. Ez zakinat, ordea, berriak poza bakarrik sortzen didan. (Zutitu eta Cecilyrengana hurreratzen da). Maitagarria haiz, Cecily, eta gogoko haut ikusiz geroztik! Baina orain, Mr Worthingen babespean haizela dakidanez gero, aitortu beharra zaukanat, aukeran nahiago nukeela haizena baino... ba, zaharxeagoa..., eta itxuraz ez hain erakargarria izango bahintz. Izan ere, argi eta garbi hitz egin badezaket...

CECILY: Hala egin dezanan erregutzen dinat! Nire ustez, zakarkeriaren bat esan behar denean, garbia izan behar dun beti.

GWENDOLEN: Ba argi eta garbi esateko, Cecily, aukeran nahiago hinduket berrogeita bi urteetan sartuxea eta ohi baino itsusiagoa heure adinerako. Fidel gizon irmoa dun, eta zuzena. Are gehiago, egia eta ohorea bera dun. Ez din inola ere desleialkeriaz jokatuko ez inor engainatuko. Baina prestutasun moral handieneko gizonak ere izugarri aldaberak ditun besteren xarma fisikoen eraginpean. Historia Modernoak, eta orobat Antzinakoak, adibide asko eta mingarri askoak eskaintzen zizkigun esaten ari naizenaz. Gainerakoan, egia esan, Historia irakurtezina luken.

CECILY: Barkatu, Gwendolen, Fidel esan al dun?

GWENDOLEN: Bai, noski.

CECILY: Ez dun Mr Fidel Worthing nire tutorea. Haren anaia baizik..., haren anaia zaharra.

GWENDOLEN: (Ostera eseririk). Fidelek ez zidan anaia bat zuela sekula esan.

CECILY: Zoritxarrez, aspaldi honetan ez ditun oso ongi moldatzen.

GWENDOLEN: Horra zergatik ez didan ezer aipatu! Egia esan, pentsatzen jarrita, sekula ez zionat aditu gizon bati bere anaia aipatzen. Ez dun, nonbait, oso gai atsegina gizonezkoentzat. Cecily, ez didan zama txikia kendu gainetik. Kezkatzen hasita nengonan. Gurea bezalako adiskidetasun batean hodei bat tartekatzea izugarria zatekeen gero! Hi, jakina, ziur hago, erabat ziur, ez dela Mr Fidel Worthing hire tutorea, ezta?

CECILY: Erabat ziur. (Geldiune bat). Izan ere, ni izango naun berarena.

GWENDOLEN: (Jakin-minez). Barka ezan, zer esan dun?

CECILY: (Lotsati samar eta isil-gordeka). Gwendolen txit maitea, ez zagon arrazoirik hau hiri isilean gordetzeko. Gure konderriko kazeta ttikiak datorren astean emango din berria. Mr Fidel Worthing eta biok ezkontzeko hitz-emanda gauden.

GWENDOLEN: (Adeitasun handiarekin, zutiturik). Nire Cecily laztana, hutsegite ttikiren bat egon behar duela iruditzen zaidan. Mr Fidel Worthingek niri eman zidan ezkon-hitza. Ezkontzaren iragarpena Morning Post egunkarian agertuko dun, larunbatean beranduenez.

CECILY: (Adeitasun handiarekin, zutiturik). Ez zakinat, baina oker samar habilela uste dinat. Fidelek berarekin ezkontzeko eskatu zidan orain dela hamar minutu. (Egunkaria erakusten dio).

GWENDOLEN: (Egunkaria aztertzen du bere betaurreko kirtendunaz). Bitxia dun inondik ere, niri atzo arratsaldean eskatu baitzidan, bost eta erdietan, bere emazte izateko. Gertatu zena egiaztatu nahi badun, begira ezan hemen, mesedez. (Bere egunkaria ateratzen du). Ez dinat sekula bidaiatzen nire egunkaria gabe. Beti eraman behar dun zer edo zer zirraragarria trenean hagoen bitartean irakurtzeko. Damu dinat, Cecily maitea, hi horrela nahigabetzea, baina lehentasuna dudala uste dinat.

CECILY: Esan dezakedana baino askoz atsekabe handiagoa emango lidaken, Gwendolen maitea, gogoan edo gorputzean hiri inolako kalterik egiteak; baina ezin nagoken aditzera eman gabe, ezkontzeko mandatu egin zinanez geroztik Fidelek argi eta garbi aldatu duela bere iritzia.

GWENDOLEN: (Gogoetatsu). Mutil gaixoa promes zoro batean amilarazi badute, esku tinkoz eta lehenbailehen hura handik ateratzea dun nire eginbeharra.

CECILY: (Pentsakor eta goibel). Ene mutil maitea zoritxarreko katramila batean nahasi bada, sekula ez zionat aurpegiratuko ezkondu ondoren.

GWENDOLEN: Ez zara nitaz ariko, Miss Cardew, katramila diozunean? Harroa ez bestea! Horrelako okasioetan, itzulingururik gabe hitz egitea betebehar morala baino gehiago da. Plazer handia da.

CECILY: Zer adierazi nahi duzu, Miss Fairfax, ezkontzaren segadan erorarazi nuela nik Fidel? Ez zara lotsatzen! Ez da hau itxuren mozorro azala janzteko unea. Dena den bezala esatea da onena: nik aitzurrari aitzurra esaten diot eta palari pala.

GWENDOLEN: (Satiraz). Pozten nau esateak nik sekula ez dudala palarik ikusi, eta are gutxiago aitzurrik. Argi dago gure gizarte-mailak zeharo desberdinak izan direla.

 

(Merriman sartzen da, eta lekaioa atzetik. Erretilu bat, mahai-zapi bat eta platerak dakartza. Cecily erantzuteko aiherrak dago. Zerbitzarien presentziak erantzunik eman gabe etsitzera behartzen du, ordea, eta neska biak zapuztuta geratzen dira).

 

MERRIMAN: Betiko moduan, hemen zerbitzatuko dut tea, ezta, Miss Cecily?

CECILY: (Zorrotz, baina ahots bare). Bai, betiko moduan.

 

(Merrimanek mahaia jasotzen du eta zapia zabaltzen du gainean. Geldiune luze bat. Cecilyk eta Gwendolenek begi-ziztak jaurtitzen dizkiote elkarri).

 

GWENDOLEN: Txango polit asko egin daitezke inguruotan, ezta, Miss Cardew?

CECILY: Bai horixe! Asko eta asko. Horrako muino horietako baten tontorretik bost konderri ikus daitezke bertatik bertara.

GWENDOLEN: Bost konderri! Ez dut uste atsegin izango dudanik; gorroto ditut jendetza handiak.

CECILY: (Gozoki). Horregatik bizi zara hirian, ezta?

 

(Gwendolenek ezpaina hozkatzen du, eta, urduri, kaxka-kaxka jotzen du oina guardasolaz).

 

GWENDOLEN: (Ingurura begiratuz). Oso gela polita duzu, Miss Cardew.

CECILY: Pozten naiz zure gustukoa izateaz, Miss Fairfax.

GWENDOLEN: Ez nekien gustu onaren antzeko ezer zegoenik herrialdeko bazter urrutienetan. Ezuste handia izan da niretzat.

CECILY: Uste dut hirian ikusten duzunaren arabera epaitzen duzula landa. Eta oker ez banago, Londresko etxe gehienak oso arruntak dira.

GWENDOLEN: Landako pentsamoldeak liluratzen dituelako izango da. Nik neuk ezin dut ulertu nola norbait landan bizi daitekeen, baldin nor denik bizi bada han. Landak arrunt gogaitzen nau beti.

CECILY: Hori da egunkarietan «baserritar depresioa» esaten diotena, ezta? Uste dut aristokrazian izugarri sofritzen ari direla gaur egun gaitz hori. Ia izurriaren gisa zabaldu omen da haien artean. Te pixka bat hartuko duzu, ezta, Miss Fairfax?

GWENDOLEN: (Adeitasun landuaz). Mila esker. (Bazter solasa). Higuingarria neska! Tea behar dinat ordea!

CECILY: (Gozoki). Azukrerik?

GWENDOLEN: (Arrandiaz). Ez, eskerrik asko. Azukrea ez dago modan dagoeneko.

 

(Cecilyk amorruz begiratzen dio, pintzak hartu eta lau azukre-koxkor botatzen ditu haren kikeran).

 

CECILY: (Zorrotz). Pastela ala ogia eta gurina?

GWENDOLEN: (Gogorik gabe bezala). Ogia eta gurina, mesedez. Etxerik onenetan nekez ikusiko dituzu gaur egun pastelak.

CECILY: (Pastel-zati handi bat ebakitzen du eta erretiluan jartzen du). Eraman hau Miss Fairfaxi.

 

(Merrimanek agindua betetzen du eta irten egiten da lekaioarekin. Gwendolenek tea edaten du eta nazka-keinu bat egiten du. Kikera uzten du berehala, eta eskua luzatzen du ogia eta gurina hartzeko; begiratzen du, eta pastela dela ohartzen da. Sumindurik, zutik jartzen da).

 

GWENDOLEN: Tea azukre-koxkorrez bete didazu, eta nik argi eta garbi ogia eta gurina eskatu dizudan arren, pastela eman didazu zuk. Ni neure izateko moduaren apaltasunagatik eta neure izaeraren berebiziko gozotasunagatik ezagutzen naute, baina gauza bat esan behar dizut, Miss Cardew, urrutiegi joan zara.

CECILY: (Zutiturik). Nire mutil gaixo errugabe ustetsua beste edozein neskaren amarrukerietatik salbatzearren, urrutiago ere joateko prest nago.

GWENDOLEN: Ikusi zaitudan orduko susmo txarra hartu dizut. Elezuria eta itxuratia begitandu zatzaizkit. Ez dut inoiz hutsik egiten horretan. Jendeak eragiten dizkidan lehen inpresioak beti izaten dira zuzenak.

CECILY: Zure denbora baliotsua alferrik galarazten ari naizela uste dut, Miss Fairfax. Ziur nago honen antzeko beste bisita asko egin beharko dituzula auzoan.

 

(Jack sartzen da).

 

GWENDOLEN: (Hura sartzen ikusten du). Fidel! Ene bihotzeko Fidel!

JACK: Gwendolen! Laztana! (Musu ematen saiatzen da).

GWENDOLEN: (Atzera eginez). Zaude! Dama gazte honekin ezkontzeko hitza eman duzun jakin daiteke? (Cecilyrengana zuzentzen du hatza).

JACK: (Barrez). Gure Cecily maite ttikiarekin ezkontzeko? Ez, segurki! Nork sartu du ideia hori zure buru ttiki polit horretan?

GWENDOLEN: Eskerrik asko. Orain bai! (Masaila eskaintzen dio).

CECILY: (Gozo-gozoki). Banekien gaizki ulerturen bat egon behar zuela, Miss Fairfax. Orain bertan bere besoa zure gerriaren jiran daukan jaun hori nire tutore maitea da. Mr John Worthing.

GWENDOLEN: Barkatu?

CECILY: Gizon hori osaba Jack da.

GWENDOLEN: (Atzera eginez). Jack! Ez da egia izango!

 

(Algernon sartzen da).

 

CECILY: Hona hemen Fidel.

ALGERNON: (Cecilyrengana doa zuzenean, beste inortaz ohartu gabe). Ene bihotzeko maitea! (Musu ematen saiatzen da).

CECILY: (Atzera eginez). Zaude, Fidel! Jakin al daiteke... zuk dama gazte honekin ezkontzeko hitza eman duzun?

ALGERNON: (Ingurura begiratuz). Zer dama gazterekin? Jainko maitea! Gwendolen!

CECILY: Bai! Jainko maitearekin! Gwendolenekin, Gwendolenekin esan nahi nuen!

ALGERNON: (Barrez). Ez, noski! Nork sartu du ideia hori zure buru ttiki polit horretan?

CECILY: Eskerrik asko. (Masaila eskaintzen dio, musu eman diezaion). Orain bai. (Algernonek musu ematen dio).

GWENDOLEN: Banengoen oker ttikiren bat egon behar zuela, Miss Cardew. Orain bertan bere besoez inguratuta zauzkan jaun hori nire lehengusua da, Mr Algernon Moncrieff.

CECILY: (Algernonengandik askaturik). Algernon Moncrieff! Ez da egia izango! (Neska biak elkarrengana hurbiltzen dira eta batak besteari gerritik heltzen diote, besoez elkar babesteko). Algernon duzu izena?

ALGERNON: Ezin dut ukatu.

CECILY: Oi!

GWENDOLEN: Zure izena John da benetan?

JACK: (Harro samar). Uka nezake hala nahi izanez gero. Dena uka nezake nahi izanez gero. Baina nire izena John da, bai. Urteak dira John dela.

CECILY: (Gwendoleni). Ederki engainatu gaituzte.

GWENDOLEN: Nire Cecily gajoa kolpatua!

CECILY: Ene Gwendolen eztia iraindua!

GWENDOLEN: (Geldiro eta serio). Esadan ahizpa, axola ez bazain.

 

(Elkar besarkatzen dute. Jack eta Algernon marmarka hasten dira, eta batetik bestera ibiltzen).

 

CECILY: (Alai samar). Galderatxo bat egin nahi nioke nire tutoreari, zilegi badut.

GWENDOLEN: Oso ideia ona! Mr Worthing, galdera bat egin nahi nizuke, zilegi badut. Non da zure anaia Fidel? Gu biok zure anaia Fidelekin ezkontzeko hitza eman dugu; beraz, garrantzi handiko kontua da guretzat zure anaia une honetan non den jakitea.

JACK: (Geldiro eta zalantzati). Gwendolen... Cecily... Guztiz samingarri zait egia aitortu behar izatea. Hau da honen estutasun samingarrian aurkitzen naizen lehenengo aldia, eta ez naiz batere trebea gisa honetako gauzetan. Nolanahi ere, argi eta garbi esan behar dizuet ez dudala Fidel izeneko anaiarik. Ez dut inongo anaiarik. Ez dut sekula izan anaiarik nire bizitza osoan, eta ez dut gerokoan ere anaiarik izateko inolako asmorik.

CECILY: (Zurturik). Batere anaiarik ez?

JACK: (Alaitsu). Bat ere ez!

GWENDOLEN: (Zorrotz). Ez duzu inoiz inolako anaiarik izan?

JACK: (Atsegintsu). Ez inoiz ez inolakorik.

GWENDOLEN: Beldur naun argi baino argiago dagoela, Cecily: ez hi ez ni gauden inorekin ezkontzeko hitz emanda.

CECILY: Ez dun oso gauza atsegina neskatxa gazte batentzat, bere burua bat-batean egoera honetan topatzea.

GWENDOLEN: Goazen lorategira. Ez dinat uste gure atzetik etortzen ausartuko direnik.

CECILY: Ez, hain ditun koldarrak gizonak, ezta?

 

(Lorategira doaz erdeinuzko begiradak jaurtiz).

 

JACK: Estutasun ederrean jarri nauk. (Algernon te-mahaiaren ondoan esertzen da eta te pixka bat zerbitzatzen du. Erabat axolagabetua dirudi). Zer arraio lortu nahi duk hona etorri eta nire anaia haizelako itxurak eginez? Munstroa ez beste munstroa hi!

ALGERNON: (Opilak jaten). Eta zer demontre lortu nahi duk hik anaia bat duan itxurak eginez! Guztiz lotsagarria duk! (Beste opil bat irensten du).

JACK: Laurak hamar gutxitarako alde egiteko esan diat. Zaldi-orga ere eskatu diat hiretzat. Zergatik ez duk hartu?

ALGERNON: Tea hartu gabe nengoan oraindik.

JACK: Nahas-mahas ikaragarri honi esaten diok hik bunburytzea, ezta?

ALGERNON: Bai, bunburytze biribila bezain zoragarria izan duk, gainera. Nire bizitzan izan dudan zoragarriena.

JACK: Hik ez duk inolako eskubiderik hemen bunburytzen hasteko.

ALGERNON: Horrek ez dik zentzurik. Bakoitzak nahi duen lekuan bunburytzeko eskubidea dik. Bunburytzaile serio orok zakik hori.

JACK: Bunburytzaile serioa! Jainko maitea!

ALGERNON: Zer edo zertan serioa izan beharra zagok, bizitzan atseginik hartuko bada. Eta hara non bunburytzen nauk ni serioa. Hi zertan haizen serioa, ideiarik ere ez diat ordea. Gauza guztietan izango haiz, nik uste. Hain duk erabat hutsala hire izateko modua.

JACK: Hara, hire lagun Bunbury hori erabat deuseztatu izana duk zorigaiztoko kontu honetan hartu dudan poz txiki bakarra. Hemendik aurrera ezin izango haiz lehen bezain maiz etorri landara, Algy maitea. Eta oso ongi zagok hori, bai horixe!

ALGERNON: Hire anaiak ere ez zaukak oso itxura ona, ezta? Hemendik aurrera ezin izango duk Londresen galtzeko hire ohitura makur horrekin jarraitu, Jack maitea. Eta hori ere ez zagok batere gaizki, ez horixe!

JACK: Miss Cardewrekin izan duan jokabideari dagokionez, esan beharra zaukaat, bera bezalako neskatxa ezti, xalo eta tolesgabea horrela zurikatzeak ez duela barkamenik. Miss Cardew, gainera, nire babespean zagok.

ALGERNON: Nik ez diat inolako aitzakiarik aurkitzen Miss Fairfax bezalako dama gazte bikain buruargi eta zeharo trebatu bat hik horrela engainatu izana zuritzeko. Miss Fairfax, gainera, nire lehengusina duk.

JACK: Nik Gwendolenekin ezkondu nahi nian, hori duk dena. Zinez maite diat.

ALGERNON: Eta nik Cecilyrekin ezkondu besterik ez nian nahi. Zinez adoratzen diat.

JACK: Egia esan, ez daukak Miss Cardewrekin ezkontzeko inolako aukerarik.

ALGERNON: Ez diat uste hik Miss Fairfaxekin elkartzeko proportzio handirik duanik, Jack.

JACK: Tira, hori ez duk hire egitekoa.

ALGERNON: Nire egitekoa balitz, ez nikek hartaz hitz egingo. Oso gauza itsusia duk norberaren egitekoez hitz egitea. Hori burtsa-artekariek baizik ez ditek egiten, eta afari-jaietan bakarrik.

JACK: Nola egon haiteke hor eserita, patxada ederrean opilak jaten, hain arazo larria edukita? Ezin diat ulertu. Erabat bihozgabea haizela iruditzen zaidak.

ALGERNON: Opilak jan nahi baditut ezin nauk urduri egon. Gurina eroriko litzaidakek atorraren eskumuturren gainean. Opilak patxadaz jan beharra zagok beti. Opilak jateko modu bakarra duk.

JACK: Horrelako egoera batean opilak jaten aritzeak erabat bihozgabea haizela erakusten duela esan nahi diat.

ALGERNON: Estutasunen batean jartzen nautenean, jatea duk bihotza arintzen didan gauza bakarra. Are gehiago, estutasun larri-larri batean jartzen nautenean, ni barrutik ongi ezagutzen nauen edozeinek esango dian bezala, dena arbuiatzen diat janaria eta edaria izan ezik. Zorigaitz beltzak jota nagoelako ari nauk une honetan opilak jaten. Gainera, beste ezer baino gehiago gustatzen zaizkidak niri opilak. (Zutik jartzen da).

JACK: (Zutiturik). Bai, baina ez zagok guztiak ito beharrez zertan jan. (Opilak kentzen dizkio Algernoni).

ALGERNON: (Bizkotxoak eskainiz). Nahiago nikek bizkotxoak jango bahitu. Niri ez zaizkidak gustatzen.

JACK: Jainko maitea! Bere opilak bere lorategian jatea izango dik ba gizonak!

ALGERNON: Baina oraintxe esan duk erabat bihozgabea zela opilak jatea.

JACK: Esan diat heu hintzela erabat bihozgabea, horrelako egoera batean jateagatik. Oso gauza diferentea duk hori.

ALGERNON: Balitekek. Baina opilak berdinak dituk. (Opil-erretilua kentzen dio eskuetatik Jacki).

JACK: Algy, hi hemendik alde egitea nahi nikek.

ALGERNON: Ez didak benetan eskatuko hemendik alde egitea ezer afaldu gabe? Ez dik zentzurik. Ez nauk inoiz inondik joaten afaldu gabe. Inork ez dik horrelakorik egiten, barazkijaleek eta jite bereko jendeak izan ezik. Gainera, Chasuble doktorearekin egotekoa nauk seiak laurden gutxitan, Fidel izenaz bataia nazan.

JACK: Adiskide atsegin hori, zenbat eta lehenago ahaztu zentzugabekeria hori, orduan eta hobe. Gaur goizean Chasuble doktorearekin hitz egin diat, bost eta erdietan bataia nazan; eta, jakina, Fidel izena hartuko diat. Gwendolenek hala nahiko likek. Ezin zigutek bioi Fidel izena eman. Ez dik zentzurik. Gainera, nik bataioa hartzeko eskubide osoa diat hala nahi izanez gero. Inon ez duk ageri inoiz bataiatu nautenik. Nire ustez oso litekeen gauza duk ni bataiatu gabe egotea, eta hori bera uste dik Chasuble doktoreak ere. Hire kasuan erabat diferentea duk. Hi bataiatuta hago dagoeneko.

ALGERNON: Bai, baina urteak dituk bataiatzen ez nautela.

JACK: Bai, baina behin bataiatu hinduten. Hor zagok koska.

ALGERNON: Bai, egia duk hori. Horrexegatik zakiat nire gorputzak eraman dezakeen gauza dela bataioa. Ez bahago ziur bataiatu hauten edo ez, jakinaren gainean jarri behar haut, eta esan, oso arriskutsua izan daitekeela hi orain horretara menturatzea. Kalte handia egin diezaake. Ez duk ahaztu behar hirekin oso harreman estua duen pertsona bat hiltzeko zorian egon dela aste honetan bertan, Parisen, marranta handi batek hartuta.

JACK: Bai, baina herorrek esan huen marranta handia ez dela ondoretasunezko eritasuna ez antzeko ezer.

ALGERNON: Ez zuan izaten, ez, bazakiat... Baina uste diat orain badela. Zientziak miragarrizko aurrerapenak egin ditik horretan.

JACK: Jakin al daiteke zer egin nahi duan, Algy?

ALGERNON: Ezer ez. Hori duk azken hamar minutuotan egiten saiatu naizena, ezer ez, hi heureak eta bost egiten aritu haizen bitartean nire arreta eginkizun horretatik besteratzeko.

JACK: Ederki, ni lorategira noak, Gwendolen ikustera. Ziur nagok ni noiz joango zain dagoela.

ALGERNON: Haren jarrera ezinago hotzagatik, bazakiat Cecily nire zain dagoela, eta, beraz, ni ez nauk lorategira irtengo. Emakumeak espero duena egiten baduk, gero ez haute aintzat hartzen. Gizonak beti egin behar dik emakumeak espero ez duena, eta orobat esan behar dik emakumeak aditu ezin duena. Horren ondorioa bat eta bera duk beti: alde biak elkar txit ondo hartuta bizitzea.

JACK: Etzak esan txorakeriarik; hi beti txorakeriak esaten.

ALGERNON: Askoz argiagoa duk txorakeriak esatea entzutea baino, adiskide maitea, eta orobat askoz arraroagoa ere baduk, jendeak esan dezakeena gorabehera.

JACK: Ez diat entzuten. Ezin diat entzun.

ALGERNON: Apalkeria hutsez ari haiz. Ongi asko dakik entzun diezadakeala ahalegina eginez gero. Heure burua gutxiesteko ohitura duk eta alferreko gauza iruditzen zaidak hori gaur egun, bazterrak harroputzez beteta daudelarik. Jack, berriz ere opilei ekiten! Nahiago nikek gehiago jango ez bahitu. Bi baizik ez dituk geratzen. (Platera kentzen dio). Lehen ere esan diat niri opilak gustatzen zaizkidala batez ere.

JACK: Bizkotxoak gorroto ditiat ordea.

ALGERNON: Zergatik onartzen duk orduan hire gonbidatuei bizkotxoak atera diezazkieten? Ideia xelebreak dauzkak gero jendeari harrera egiteko moduaz!

JACK: (Haserre). Ez duk hori kontua! Ez duk bizkotxoez gure solasa. (Agertokia gurutzatzen du). Algy, neure onetik ateratzen nauk! Ez haiz sekula gauza izan elkarrizketa batean gaiari heltzeko.

ALGERNON: (Geldiro). Ez, gaiari heltzeak min ematen zidak beti.

JACK: Jainko maitea! Zer itxurakeria! Gorroto diat itxurakeria.

ALGERNON: Nire adiskide on hori, itxurakeria atsegin ez bazaik, ez zakiat orduan zer izan dakiakeen atsegin. Gainera, ni ez nauk inondik ere itxurak egiten ari. Gaiari heltzeak, gai arantzatsua denean batez ere, min ematen zidak, eta nik ezin diat inolako oinazerik pairatu.

JACK: (Erdeinuz begiratzen dio Algernoni eta gora eta behera ibiltzen da agertokian. Azkenean mahaira hurreratzen da). Algy! Lehen ere esan diat joateko hemendik. Ez haut hemen ikusi nahi. Hoa behingoan!

ALGERNON: Ez diat nire tea bukatu! Eta opil bat geratzen duk oraindik. (Azken opila hartzen du).

 

(Jackek auhen egiten du, aulkian esertzen da, lur jota, eta aurpegia eskuen artean ezkutatzen du).

 

Oihala

 

 

© Oscar Wilde

© itzulpenarena: Antton Olano

 

 

"Oscar Wilde / Fidel izan beharraz" orrialde nagusia

Oscar Wilde euskaraz