Bigarren ekitaldia

 

Jokalekua: Manor Houseko lorategia. Harri grisezko mailadi batek etxera darama. Lorategia, antigoaleko horietakoa, arrosaz beterik dago. Uztaila da. Zumezko aulki batzuk daude, eta mahai bat, liburuz gainezka, hagin handi baten azpian.

 

(Miss Prism mahaira eserita dago. Cecily, haren atzean dago, loreak ureztatzen).

 

MISS PRISM: (Deika). Cecily, Cecily! Loreak ureztatzea oso zeregin baliagarria izango da, dudarik gabe, baina ez dut uste zure eginbeharra denik, Moultonena baizik. Are gutxiago adimenaren gozabideak zain dauzkazunean. Zure aleman-gramatika mahai gainean dago. Zabaldu hamabosgarren orrialdean, mesedez. Atzoko ikasgaia errepikatuko dugu.

CECILY: Nahiago nuke Moultoni emango bazenio alemaneko eskola niri eman ordez. Moulton!

MOULTON: (Hesiaz bestaldetik begira, irribarre zabala aurpegian). Zer, Miss Cecily?

CECILY: Ez al zenuke alemana ikasi nahi, Moulton? Alemana Alemanian bizi den jendeak erabiltzen duen hizkuntza da.

MOULTON: (Buruaz ukatuz). Nik ez dut besteren mintzoetan nahastu nahi, Miss Cecily. (Buru-makurtua eginez Miss Prismi). Ez zara horregatik minduko, andrea. (Hesiaren atzean desagertzen da).

MISS PRISM: Cecily, nahikoa dugu. Otoi, zabaldu zure Schillerra berehala.

CECILY: (Mahaira hurbilduz geldiro-geldiro). Baina niri ez zait alemana atsegin. Hizkuntza horrek ez dit batere ongi ematen. Oso itsusia egoten naiz alemaneko eskolaren ondoren.

MISS PRISM: Ume hori, badakizu zer kezka darabiltzan zure tutoreak gauza guztietan aurrera egin dezazun. Eta zure alemanak izugarri arduratzen du. Hala esan zidan atzo hirira joan behar zuenean. Egia esan, zure alemanak izugarri arduratzen du hirira joan behar duen bakoitzean.

CECILY: Osaba Jack maitea hain da serioa! Batzuetan hainbesteraino da, ezen iruditzen baitzait osasun arazoak izan behar dituela.

MISS PRISM: (Bizkar-tente eseririk). Zure tutorea ezin osasun hobean dago, eta bere jokabideren seriotasuna bereziki goresgarria da bera bezalako gizon gazte batengan. Ez dut ezagutzen gizonik betebeharraren eta erantzukizunaren zentzu handiagoa duenik.

CECILY: Horregatik izango du, segur aski, aspertu itxura hori hirurok elkartzen garenean.

MISS PRISM: Cecily! Harrituta naukazu. Mr Worthingek arazo ugari dauzka bere bizitzan. Alferrikako bozkarioak eta hutsalkeriak ez dute lekurik bere solasaldietan. Ez zenuke ahaztu behar beti kezkatan dabilela bere anaia gazte zoritxarreko hori dela eta.

CECILY: Osaba Jackek behin edo behin gurera etortzen utzi beharko lioke zoritxarreko bere anaia gazte horri. Eragin ona izan genezake berarengan, Miss Prism. Ziur nago zuk hala izango zenukeela behintzat. Alemana dakizu, geologia ere bai, eta horrelako gauzek arrasto sakona uzten dute gizon batengan. (Cecily egunkarian idazten hasten da).

MISS PRISM: (Buruaz ukatuz). Mr Worthingek berak aitortzen duenaren arabera, bere anaia ahula eta zalantzatia da erremediorik gabe, eta ez dut uste neuk ere inolako ondorerik eragingo niokeenik. Egia esan, ez dakit salbatu nahiko nukeen ere. Ni ez naiz jende gaiztoa egun batetik bestera jende on bihurtzeko mania moderno horren aldekoa. Gizonak zer ere ereiten baitu, hura biltzen ere du.

CECILY: Baina gizonek ez dute ereiten, Miss Prism... Eta ereingo balute ere, ez lirateke zigortu behar horregatik. Zigor gehiegi dago munduan. Alemana bera ere zigor bat da, benetan, eta aleman gehiegi dago. Zerorrek esan zenidan atzo Alemania jendez gainezka dagoela.

MISS PRISM: Hala ere, hori ez da aitzakia zu egunkaria idazten aritzeko «William Tell» itzultzen aritu ordez. Gorde ezazu egunkaria, Cecily. Egia esan, ez dakit zertarako behar duzun egunkaririk batere.

CECILY: Neure bizitzako sekretu zoragarriak bertan idazteko. Idatziko ez banitu, berehala ahaztuko litzaizkidake segur aski.

MISS PRISM: Oroimena da, Cecily maitea, guztiok aldean daramagun egunkaria.

CECILY: Bai, baina oroimenak sekula gertatu ez diren gauzak eta inoiz gertatu ezin izango zirenak erregistratzen ditu. Uste dut oroimena dela Mudie-k [1] bidaltzen dizkigun hiru liburukiko eleberri [2] horien ia guztien erantzulea.

MISS PRISM: Etzazu erdeinuz hitz egin hiru liburukiko eleberriez, Cecily. Neronek idatzi nuen bat gazte-denboran.

CECILY: Ez da egia izango, Miss Prism. Zein argia zaren! Espero dut ez zela ongi bukatuko! Bukaera ona duten eleberriak ez zaizkit atsegin. Ikaragarri goibeltzen naute.

MISS PRISM: Eleberrian onek ongi bukatzen zuten eta gaiztoek gaizki. Horrelakoa da fikzioa.

CECILY: Horrelakoa izango da, baina ez zait batere zuzena iruditzen. Eta inoiz argitaratu al zen zure eleberri hori?

MISS PRISM: Oi, ez! Eskuizkribua lizunaren lizunez galdu zen, zoritxarrez. (Cecilyk dar-dar egiten du). Lizunak hartuta hondatu zela esan nahi dut, jakina. Baina utz ditzagun gogoeta alferrok, ume hori, eta ekin lanari.

CECILY: (Irribarrez). Hara! Chasuble doktorea lorategian barrena dator.

MISS PRISM: (Zutitu eta harrera egitera aurreratzen da). Chasuble doktorea! Hau da hau poza!

 

(Canon Chasuble sartzen da).

 

CHASUBLE: Zer moduz gaude gaur goizean? Miss Prism, ongi izango zara, ezta?

CECILY: Miss Prism buruko min pixka bat zuela esaten ari zen oraintxe. Uste dut mesede handia egingo liokeela berorrekin parkean ibilalditxo bat egiteak, Chasuble doktorea.

MISS PRISM: Cecily, nik ez dut inolako buruko minik aipatu.

CECILY: Ez, Miss Prism maitea, badakit, baina zainak eman dit buruko minez zinela. Egia esan, horretan ari nintzen pentsatzen, eta ez alemaneko ikasgaian, erretore jauna etorri denean.

CHASUBLE: Espero dut, Cecily, ez zarela gogoa beste nonbait izaten duten horietakoa izango.

CECILY: Ba halakoa naizela uste dut.

CHASUBLE: Bitxia da gero. Nik Miss Prismen ikasle izateko zoria izango banu haren ezpainetatik zintzilikatuko nintzateke. (Miss Prismek harriturik begiratzen dio). Metafora baten bidez esateko. Nire metafora erleengandik hartuta dago. Ehem! Mr Worthing ez zen oraindik hiritik itzuliko, ezta?

MISS PRISM: Ez dugu astelehen arratsaldea arte espero.

CHASUBLE: A bai, igandea Londresen pasatzea gustatzen zaio. Mr Worthing ez da plazerra beste helbururik ez duten horietakoa, itxura guztien arabera bere anaia gazte zoritxarreko hori bezala. Baina ez ditut Egeria eta bere ikaslea gehiago nekarazi nahi.

MISS PRISM: Egeria? Nire izena Laetitia da, doktore jauna.

CHASUBLE: (Buru-makurtu bat eginez). Klasikoen aipu bat, besterik ez, autore paganoengandik jasoa. Meza-bezperetan ikusiko zaituztet, ezta?

MISS PRISM: Uste dut, doktore maitea, paseo txiki bat emango dudala berorrekin. Azken batean, buruko minez nagoela konturatu naiz, eta ibiltzeak on handia egingo dit.

CHASUBLE: Atseginez, Miss Prism, atsegin handiz. Eskoletara joan-etorri bat egin dezakegu.

MISS PRISM: Zoragarria izango da. Cecily, zuk ekonomia-politika ikasi ni etorri bitartean. Rupiaren beheraldiari buruzko kapitulua ez irakurri, ez baduzu nahi. Hunkigarriegia da. Diru-arazo horiek ere beren alderdi melodramatikoa izaten dute.

CHASUBLE: Ekonomia-politika ikasten al duzu, Cecily? Zeinen gauza ederra gaur egungo nesken hezibidea. Honezkero dena jakingo duzu Kapitalaren eta Lanaren arteko harremanez, ezta?

CECILY: Tamalez, ez dakit ezer horretaz. Nik Kapitalaren eta Aisiaren arteko harremanak besterik ez ditut ezagutzen... eta horiek ere bistaz bakarrik. Beraz, ez dut uste egia izango direnik.

MISS PRISM: Cecily! Sozialismo kutsua hartzen diot nik horri. Eta sozialismoak nora garamatzan badakizu, ezta?

CECILY: Sozialismoak zentzuzko jantzietara garamatza, Miss Prism. Emakumea zentzuzko jantziez janzten denean zentzuz tratatzen dutela uste dut. Hala merezi du behintzat.

CHASUBLE: Bildostxo egoskorra! Gure umetxo maitea!

MISS PRISM: (Irribarrez). Arazo latza ere bai batzuetan.

CHASUBLE: Ai, horrelako buruhausteak baneuzka!

 

(Lorategian barrena doa Miss Prismekin).

 

CECILY: (Liburuak hartzen ditu, eta mahai gainera botatzen ditu ostera). Utikan ekonomia-politika! Utikan geografia! Utikan eta utikan alemana!

 

(Merriman sartzen da; txartel bat dakar erretiluan).

 

MERRIMAN: Mr Fidel Worthing oraintxe iritsi da geltokitik. Bere puskak ekarri ditu.

CECILY: (Txartela hartu eta irakurri egiten du). «Fidel Worthing, B. 4, Albany, Mendebaldea». Osaba Jacken anaia! Esan al diozu Mr Worthing hirian dela?

MERRIMAN: Bai, andereño. Oso nahigabetuta ematen zuen. Miss Prism eta berori lorategian zeudela esan diot. Berak esan du irrikaz zegoela berorrekin une batez bakarka hitz egiteko.

CECILY: (Bere golkorako). Ez dut uste Miss Prismek Fidelekin bakarrik egoten utziko lidakeenik. Hobe izango dut lehenbailehen sarraraztea, Miss Prism itzuli baino lehen. (Merrimani). Esaiozu Mr Fidel Worthingi etortzeko. Uste dut jakinaren gainean jarri beharko zenukeela giltzaria, Mr Worthingentzat gela bat presta dezan.

MERRIMAN: Bere puskak gela urdinera igoarazi ditut dagoeneko, andereño; Mr Worthing jaunaren ondoko gelara.

CECILY: Oso ongi! (Merriman irten egiten da). Ez dut egundaino pertsona gaiztorik ezagutu. Ez nago oso lasai. Beldur naiz ez ote den besteak bezalakoxea izango. (Algernon sartzen da, oso alai, dotore eta harro). Horrelakoxea, alegia!

ALGERNON: (Kapelua erantziz). Zu Cecily izango zara, nire lehengusina ttikia.

CECILY: Uste dut oker zaudela, jauna. Ni ez naiz txikia. Aitzitik, ohi baino altuxeagoa naiz dudan adinerako. (Algernon pittin bat txunditurik gelditzen da). Baina zure lehengusina Cecily naiz, bai. Zu, berriz, zure txartelak dioenez, osaba Jacken anaia zara, nire lehengusu Fidel, nire lehengusu gaizto Fidel.

ALGERNON: Egia esan, ez naiz inola ere gaiztoa, lehengusina Cecily. Ez duzu gaiztoa naizela pentsatu behar.

CECILY: Gaiztoa ez bazara, denok engainatu gaituzu inolaz ere barkatu ezin den moduan. Espero dut ez dituzula bi bizimodu izango, gaizto itxurak egin baina oso ona izanez denbora guztian. Hori hipokrisia litzateke.

ALGERNON: (Harrimenez begiratzen dio). Dena dela, zentzugabe samarra izan naiz.

CECILY: Pozten naiz hori entzuteaz.

ALGERNON: Egia esan, gaia aipatu duzunez gero, ni, neure apalean, oso bihurria izan naiz.

CECILY: Ez dut uste hori harro egoteko moduko gauza denik, baina ziur nago atsegingarria izango zela oso.

ALGERNON: Askoz atsegingarriagoa da hemen zurekin egotea.

CECILY: Ez dut ulertzen nolatan zauden hemen. Osaba Jackek telegrama bat bidali zizun atzo Albanyra: zurekin egon nahi zuela, seietan, azkeneko aldiz. Bidaltzen dizkizun telegrama guztiak irakurtzen uzten dizkit. Batzuk buruz ere badakizkit.

ALGERNON: Telegrama hartu nuenerako beranduegi zen. Klubean ez nuen harrapatu, eta atezainak esan zidan hona etorria zela uste zuela. Beraz, Jackek nirekin egon nahi zuela jakin bezain laster, haren atzetik abiatu nintzen.

CECILY: Osaba Jack ez da astelehen arratsaldea arte itzuliko.

ALGERNON: Nahigabe handia ematen didazu. Astelehen goizean, lehenengo trenean joan beharra daukat. Negozio baterako hitz hartuta nago eta irrikaz nago... hitzordua huts egiteko!

CECILY: Eta ezin al duzu huts egin Londres ez den beste nonbait?

ALGERNON: Ez, hitzordua Londresen da.

CECILY: Badakit garrantzi handiko gauza dela negozio baterako hitzordua huts egitea, baldin bizitzaren edertasunaren zentzurik gorde nahi bada, baina uste dut hobe duzula hemen egotea osaba Jack etorri arte. Zurekin hitz egin nahi du zeure atzerriratzeaz.

ALGERNON: Nire zertaz?

CECILY: Zure atzerriratzeaz. Zuretzako arropak erostera joan da.

ALGERNON: Ez dut utziko Jackek arroparik eros diezadan. Oso txarra da gorbatak aukeratzen.

CECILY: Ez dut uste gorbaten beharrik izango duzunik. Osaba Jackek Australiara bidali nahi zaitu.

ALGERNON: Australia! Hobe hilik...

CECILY: Ba asteazken gauean, afaltzeko orduan esan zuenez, hiru aukera omen dituzu: edo mundu hau, edo beste mundua, edota Australia.

ALGERNON: Ederki! Australiaz eta beste munduaz iritsi zaizkidan berriak ez dira oso ernagarriak. Mundu hau aski ona da niretzat, lehengusina Cecily.

CECILY: Bai, baina aski ona ote zara zu munduarentzat?

ALGERNON: Beldur naiz ez ote naizen. Horregatik zuk zentza nazazun nahi nuke. Betebehartzat har zenezake, gaizki iruditzen ez bazaizu, lehengusina Cecily.

CECILY: Betebeharren bat izan beharko nukeela esatera ausartzen zara?

ALGERNON: Barkadazu, uste nuen emakume bakoitzak betebeharren bat zuela gaur egun.

CECILY: Eme orok du! Ez emakumeak. Gaur arratsaldean, gainera, ez dut astirik.

ALGERNON: Orduan, ez zaizu axolako gaur arratsaldean neronek zentzatzea neure burua, ezta?

CECILY: Kixotekeria galanta iruditzen zait. Baina ahalegina egin beharko zenukeela uste dut.

ALGERNON: Egingo dut. Dagoeneko hobeto nago.

CECILY: Okerrago zaudela ematen du.

ALGERNON: Goseak nagoelako da.

CECILY: Nire tuntuna! Bizimodu osotara berri bati ekitean otordu erregularrak eta garbiak egin behar direla ez gogoratzea ere! Miss Prismek eta biok ordu bietan bazkalduko dugu; arkume errea.

ALGERNON: Ez dakit ez ote den gehiegi izango niretzat.

CECILY: Osaba Jack osasunez pattal dabil, hirian zurekin desorduan ibiltzeagatik, eta Londresko bere medikuak eguerdiko hamabietan gibel-orezko ogitartekoak jatea eta 1889ko xanpaina edatea gomendatu dio. Ez dakit gogorik izango duzun hain jaki xumeak dastatzeko.

ALGERNON: Alai asko jarriko naiz 89ko xanpain horrekin!

CECILY: Pozten nau hain gustu xumeko gizona zarela ikusteak. Hau da jangela.

ALGERNON: Eskerrik asko. Ba al dut botoi-zulorako lore bat hartzerik lehenago? Ez dut jateko gogorik izaten botoi-zuloan lore bat eraman ezean.

CECILY: Maréchal Niel [3] bat, adibidez? (Aizturrak hartzen ditu).

ALGERNON: Ez, nahiago dut arrosa arrosa bat.

CECILY: Zer dela eta? (Lore bat mozten du).

ALGERNON: Arrosa arrosa bat bezalakoa zarelako zu, lehengusina Cecily.

CECILY: Ez zait zuzena iruditzen zuk niri horrela hitz egitea. Miss Prismek sekula ez dizkit horrelako gauzak esaten.

ALGERNON: Miss Prism atso begi-laburra da orduan. (Cecilyk botoi-zuloan jartzen dio arrosa). Inoiz ikusi dudan neskatxarik pertxentena zara.

CECILY: Miss Prismek dio neska polit guztiak segada bat direla.

ALGERNON: Gizon zentzudun orok bertan erori nahiko lukeen segada bat.

CECILY: Ez dut uste nik gizon zentzudun bat harrapatu nahiko nukeenik! Ez nuke jakingo zertaz hitz egin berarekin.

 

(Etxean sartzen dira. Miss Prism eta Chasuble doktorea itzultzen dira).

 

MISS PRISM: Oso bakarrik bizi da berori, Chasuble doktore maitea. Ezkondu egin beharko luke. Misantropoak uler ditzaket, baina emakumetropoak, inola ere ez!

CHASUBLE: (Erudizio dardaragarriz). Benetan, ni ez naiz nor neologismo hori merezi izateko. Eliza primitiboaren legea eta tradizioa ezkontzaren aurkakoak ziren, zalantzarik gabe.

MISS PRISM: (Hots handiko). Horra zergatik ez duen Eliza primitiboak gaur arte iraun. Eta ematen du berori ez dela ohartzen, Chasuble doktore maitea, ezkongabe gelditzera tematzen den gizona tentazio publiko bihurtzen dela betiko. Kontu handiagoa eduki beharko lukete gizonek; ezkongabetasun horrexek galtzen ditu ontzi hauskorrenak ere.

CHASUBLE: Baina gizona ez al da ezkonduta ere erakargarria?

MISS PRISM: Gizon ezkondua ez da erakargarria emaztearentzat baizik.

CHASUBLE: Eta aditzea dudanez, harentzat ere ez askotan.

MISS PRISM: Emakumearen sinpatia intelektualen baitan dago hori. Helduaroa fidatzekoa da beti. Heldutasunak uste ona merezi du. Emakume gazteak berde egoten dira. (Chasuble doktoreak dar-dar egiten du). Baratzezain baten hitzetan esateko. Nire metafora fruituetatik hartua da. Baina non dago Cecily?

CHASUBLE: Beharbada eskoletaraino jarraitu digu.

 

(Jack sartzen da, poliki-poliki, lorategiaren atzealdetik. Dolu beltzenaz jantzita dator, xingola beltza kapeluan, eta beltzak eskularruak).

 

MISS PRISM: Mr Worthing!

CHASUBLE: Mr Worthing?

MISS PRISM: Hau ezustekoa! Uste genuen ez zinela astelehen arratsaldea arte etorriko.

JACK: (Miss Prismen eskua estutzen du modu tragiko batean). Bai, uste nuena baino lehenago itzuli naiz. Chasuble doktorea, berori ongi izatea espero dut.

CHASUBLE: Mr Worthing maitea, atsekabezko jantzi horiek ez ahal dira ezbehar izugarriren baten seinale izango!

JACK: Anaia.

MISS PRISM: Zor eta bonbonkeria lotsagarri gehiago?

CHASUBLE: Atseginezko bizimodu hori darama oraindik?

JACK: (Buruaz ukatuz). Hila!

CHASUBLE: Zure anaia Fidel, hila?

JACK: Zeharo.

MISS PRISM: Ikasbide ederra berarentzat! Probetxurik aterako ahal du!

CHASUBLE: Heriotza gu guztion ondarea da, Miss Prism... Ez genuke epai berezitzat hartu behar, ezpada probidentzia orokortzat. Bizitza osagabe legoke hura gabe... Mr Worthing, nire doluminik zinezkoenak. Anaietan eskuzabalena eta barkaberarena izan zarela jakiteak ematen duen pozbidea gelditzen zaizu behintzat.

JACK: Fidel gizajoa! Akats asko zituen, baina lastima da, lastima denez!

CHASUBLE: Bai, lastima handia benetan. Berarekin al zinen azken orduan?

JACK: Ez. Atzerrian hil da; Parisen. Bart gauean telegrama bat jaso nuen Grand Hoteleko zuzendariarengandik.

CHASUBLE: Aipatzen al da nola hil den?

JACK: Marranta handi batez, nonbait.

MISS PRISM: Gizonak zer ereiten baitu, hura biltzen du.

CHASUBLE: (Eskua altxatuz). Errukia, Miss Prism maitea, errukia! Gutako inor ez da perfektua. Ni neu erraz erasaten naute haize-lasterrek. Hemen ehortzi behar al dute?

JACK: Ez. Dirudienez Parisen lurperatua izateko nahia adierazi zuen berak.

CHASUBLE: Parisen! (Buruaz ukatuz). Tamalez, horretan ezagun du, azkenetan egonda ere ez zela oso gizon serioa. Datorren igandean etxeko ezbehar tragiko honen aipamena egin dezadan nahiko duzu, noski, azaletik bada ere. (Jackek eskua estutzen dio eta gogor astintzen). Desertuko manaren esanahiari buruzko nire sermoia edozein okasiotara molda daiteke ia, hala zorionekoetara nola, kasu honetan bezala, atsekabezkoetara. (Denek hasperen). Hitzaldi hori berdin egin izan dut esker-mezetan nola bataioetan, sendotzetan, apalkuntza-egunetan eta jai-egunetan. Azkeneko aldiz katedralean egin nuen, Goi-klaseetan Nahigabea Eragozteko Elkartearen aldeko karitatezko sermoi gisa. Apezpikua bertan zegoen eta sakon hunkitu zuten egin nituen analogietako batzuek.

JACK: Oker ez banago, bataioak aipatu ditu lehen, ezta, Chasuble doktorea? Berorrek, noski, ongi jakingo du jendea bataiatzen? (Chasuble doktoreak txunditurik begiratzen dio). Bai, alegia, berori egunero aritzen da jendea bataiatzen, ezta?

MISS PRISM: Hori izaten da, atsekabe dut esatea, erretorearen eginbehar nagusietako bat parrokia honetan. Askotan hitz egin dut horretaz klase apalenekin. Baina badirudi behartsuek ez dakitela aurreztea zer den.

CHASUBLE: Oker zaude, Mis Prism. Elizak ez du haurrik gaitzesten. Haur oro santu bilaka daiteke. Baina haur jakin bat ote duzu gogoan, Mr Worthing? Zure anaia, nik dakidala, ezkondu gabe zegoen, ezta?

JACK: Hala zegoen, bai.

MISS PRISM: (Samintasunez). Hala egoten da osotara plazerrera emana bizi den jendea.

JACK: Baina bataioa ez da haur batentzat, Chasuble doktore maitea. Estimu handitan dauzkat nik haurrak. Neronek nahiko nuke bataioa hartu, gaur arratsaldean bertan, berorrek zeregin hoberik ez badu behintzat.

CHASUBLE: Baina zu, Mr Worthing, bataiatuta egongo zara honezkero.

JACK: Ez dut ezer gogoratzen.

CHASUBLE: Ez duzu zalantzarik izango, ezta?

JACK: Bai, eta handiak, gainera. Nire jaiotzarekin eta bizitzako lehen urteekin zerikusirik duten eta oraingoz aipatu gabe utz daitezkeen gorabehera batzuk direla eta, umetan gaitzetsi egin nindutela pentsatzeko arrazoiak ditut. Edozein modutan, ez ninduten behar bezala zaindu. Baina, jakina, hau guztia berorri ez zaio batere axolako, edo dagoeneko zaharregia naizela pentsatuko du.

CHASUBLE: Ez, ez, gizona! Ni ez naiz inondik ere paidobaptista fanatiko horietako bat. Helduak ureztatzea eta are urperatzea ere ohitura zaharra dira Eliza Primitiboan.

JACK: Urperatzea! Ez du esan nahiko nik...

CHASUBLE: Ez duzu zertan kezkaturik. Ureztatzea aski da, are gomendagarria ere, nik uste. Hain da aldakorra gure eguraldia. Zer ordutan ospatu nahi duzu zeremonia?

JACK: Bostak aldera azalduko naiz, berorri gaizki iruditzen ez bazaio.

CHASUBLE: Oso ongi, oso ongi! Izan ere, antzeko bi zeremonia ospatu behar ditut ordu berean. Bikiak bataiatu behar ditut, zuen etxaldeko urrutiko etxola horietako batean duela gutxi jaiotakoak. Gaixo Jenkins postaria, gizon saiatua inon saiaturik baldin bada.

JACK: Ez dit grazia handirik egiten beste ume batzuekin batera bataiatu behar izateak. Hori umekeria litzateke. Ongi iruditzen zaio bost eta erdietan?

CHASUBLE: Oso ongi! Oso ongi! (Erlojua ateratzen du). Eta orain, Mr Worthing maitea, ez dut gehiago luzatu nahi nahigabezko etxe honetan. Gauza bat erregutzen dizut bakarrik: etzazu zeure burua tristuraren mendean utz. Guri ezbehar latzak begitantzen zaizkigunak, itxuraz aldatutako gertaera pozgarriak baizik ez dira askotan.

MISS PRISM: Nire ustez, begien bistakoa da hau gertaera pozgarria dela.

 

(Cecily sartzen da etxetik).

 

CECILY: Osaba Jack! Asko pozten nau ostera hemen zarela ikusteak! Baina zer arropa zatarrak dira horiek! Joan aldatzera.!

MISS PRISM: Cecily!

CHASUBLE: Umea! Umea!

 

(Cecily Jackengana doa eta, goibel antzean, musu ematen dio kopetan).

 

CECILY: Zer duzu, osaba Jack? Alaitu aurpegi hori! Haginetako minez zaudela ematen du, eta ezusteko handi bat dut zuretzat. Ezetz asmatu nor dagoen jangelan! Zure anaia!

JACK: Nor?

CECILY: Zure anaia Fidel. Orain dela ordu erdi bat iritsi da.

JACK: Zer txorakeria! Nik ez dut anaiarik!

CECILY: Ez esan horrelakorik! Iraganean zurekin gaizki jokatu badu ere, zure anaia da oraindik. Ez zara bera ukatzeko bezain bihozgabea izango. Etortzeko esango diot, eta eskua emango diozu, ezta, osaba Jack? (Etxera sartzen da lasterka).

CHASUBLE: Hauek dira hauek berri pozgarriak! Parisko telegrama horrek zure sentimenduekin jolas egin nahi izan duen bihozgaberen baten txantxa ematen du.

MISS PRISM: Betiko galdu genuela etsirik ginenean guztiok, itzulera bat-bateko hau guztiz atsekabegarria iruditzen zait.

JACK: Nire anaia, jangelan? Ez dakit zer esan nahi duen honek. Erabat zentzugabea iruditzen zait.

 

(Algernon eta Cecily sartzen dira, eskutik hartuta. Jackengana inguratzen dira poliki-poliki).

 

JACK: Jainko maitea! (Keinu batez, handik alde egiteko adierazten dio Algernoni).

ALGERNON: Anaia John, sortu dizkizudan arazo guztiez ongi damuturik nagoela eta aurrerantzean bizimodu hobea eramateko asmoa dudala esatera etorri naiz hiritik. (Jackek zorrotz begiratzen dio eta ez dio eskua hartzen).

CHASUBLE: (Miss Prismi). Mutil gazte honengan bada ontasunik. Zinez damutu zaiola ematen du.

MISS PRISM: Konbertitze bat-bateko hauek ez zaizkit atsegin. Inoiz bat etortzen ez direnen gauzak dira. Inkonformismoaren lasaikeriaren kutsua dute.

CECILY: Osaba Jack, ez diozu uko egingo zure anaiaren eskuari, ezta?

JACK: Ezerk ez nau eskua ematera behartuko. Bera hemen agertu izana guztiz lotsagarria iruditzen zait. Berak oso ongi daki zergatik.

CHASUBLE: Gazte, ozta-ozta atera zara onik. Honekin ikasiko ahal duzu! Zure heriotzaren dolutan ginen sartu zarenean.

ALGERNON: Bai, ikusten dut Jackek jantzi berriak dituela. Ez diote oso ongi ematen. Gorbata hori ez da egokiena.

CECILY: Osaba Jack, porta zaitez. Pertsona guztiengan izaten da ontasunik. Fidel oraintxe ari zitzaidan mintzatzen bere lagun elbarri gaixo horretaz, bera bisitan hain sarri joaten zaion Mr Bunburyz. Eta elbarri batekin gizatasunez jokatzen duenak, Londresko atsegingarriak alde batera uzten dituenak oinazezko ohe batean egoteko, ontasun handia izan behar du, inondik ere.

JACK: Ez da egia izango bere lagun Bunburyz hitz egin dizula!

CECILY: Bai, den-dena kontatu dit Mr Bunbury gaixoaz eta haren osasun egoera ikaragarriaz.

JACK: Bunbury! Ederki, ez diot utziko ez Bunburyz ez beste ezertaz hitz egin diezazun. Hau edozein zoratzeko modukoa da.

CHASUBLE: Mr Worthing, probidentziaren salbuespen misteriozkoak anaia berreskuratu dizu ustekabean, harekin onezkoak egin ditzazun, nonbait. Izan ere, on baita anaientzat elkarren adiskidantzan bizitzea.

ALGERNON: Onartzen dut, jakina, nirea dela erru guztia. Baina anaia Johnek niregana erakutsi duen hoztasuna zinez mingarria zaidala esan beharra daukat. Ongietorri beroagoa espero nuen, are gehiago hona etortzen naizen lehenengo aldia dela kontuan izanda.

CECILY: Osaba Jack, Fideli eskua ematen ez badiozu, ez dizut inoiz barkatuko.

JACK: Ez didazu inoiz barkatuko?

CECILY: Inoiz, inoiz, inoiz ez!

JACK: Eskua eman beharko diot orduan. (Eskua ematen dio eta zorrotz begiratzen dio). Lotsagaldua halakoa! Alde hemendik lehen baino lehen. Hemen ez diat bunburytzen utziko.

CHASUBLE: Ez al da atsegin emateko moduko gauza hain adiskidetze biribila ikustea? Ekintza ederra egin duzu gaur, ume horrek.

MISS PRISM: Ez ditzagun gure iritziak garaiz baino lehen azaldu.

 

(Merriman sartzen da).

 

MERRIMAN: Berorren ondoko gelan utzi ditut Mr Fidelen gauzak, jauna. Ongi dago horrela, ezta, jauna?

JACK: Zer?

MERRIMAN: Mr Fidelen puskak, jauna. Zabaldu egin ditut eta berorren aldameneko gelan utzi ditut.

JACK: Fidelen puskak?

MERRIMAN: Bai, jauna. Hiru arropa-maleta, kutxatila bat apaintzeko tresnetarako, bi kapelu-ontzi, eta saski handi bat hornigaietarako.

ALGERNON: Tamalez ezin naiz astebete baizik geratu oraingoan.

MERRIMAN: (Algernoni). Barkatu, jauna. Adineko jaun bat etorri da berori ikustera. Oraintxe iritsi da zalgurdi batean geltokitik. (Erretilu batean txartela eskuratzen dio).

ALGERNON: Ni ikustera?

MERRIMAN: Bai, jauna.

ALGERNON: (Txartela irakurtzen du). Parker eta Gribsby, Legelariak. Ez ditut ezertaz ezagutzen. Zein dira?

JACK: (Txartela hartzen du). Parker eta Gribsby. Zein ote dira? Zure lagun Bunburyren konturen batengatik etorriko zirela espero dut, Fidel. Beharbada Bunburyk bere testamentua egin nahi du eta zu nahi zaitu testamentua betearazteko. (Merrimani). Esaiozu jaun horri etortzeko.

MERRIMAN: Bai, jauna.

 

(Merriman irten egiten da).

 

JACK: Espero dut, Fidel, egia izatea joan den astean zure zor-kontu guztiak ordaindu nituenean esan zenidana. Espero dut ez duzula kontu gehiago zor izango.

ALGERNON: Ez, ez dut ezer zor, Jack maitea. Zure eskuzabaltasunari esker ez dut penikerik zor, gorbataren bat edo beste ez bada, oker ez banago.

JACK: Zinez pozten nau hori entzuteak.

 

(Merriman sartzen da).

 

MERRIMAN: Mr Gribsby.

 

(Merriman irten egiten da. Gribsby sartzen da).

 

GRIBSBY: (Chasuble doktoreari). Mr Fidel Worthing?

MISS PRISM: Bera da Mr Fidel Worthing.

GRIBSBY: Mr Fidel Worthing?

ALGERNON: Bai.

GRIBSBY: B. 4, Albanykoa?

ALGERNON: Bai, hori da nire helbidea.

GRIBSBY: Asko sentitzen dut, jauna, baina bahikuntza-agindua dugu zure kontra, hogei eguneko zorragatik Savoy Hoteleko suitean: 762 libra, 14 txelin eta 2 penike guztira.

ALGERNON: Nire kontra?

GRIBSBY: Bai, jauna.

ALGERNON: Horrek ez du inolako zentzurik! Sekula ez dut neure kontura afaltzen Savoy-n. Willis's-en afaltzen dut beti. Askoz garestiagoa da. Savoy-ri ez diot penike bakar bat ere zor.

GRIBSBY: Agindu hau zeuri eman behar zitzaizun Albanyn maiatzaren 27an. Ekainaren bostean zure aurkako epaia eman zen zure absentzian. Harrezkero hamabost aldiz idatzi dizugu gutxienez, erantzunik jaso gabe. Gure bezeroen interesen defentsan, ez dugu izan beste aukerarik, zu atxilo hartzeko agindu hau lortzea baizik.

ALGERNON: Atxilo hartu! Zer esan nahi duzu atxilo hartzearekin? Nik ez dut inora joateko asmorik. Hemen egon behar dut astebetez. Hemen egon behar dut anaiarekin. Iritsi berritan hirira itzuliko naizela uste baduzu, guztiz oker zaude.

GRIBSBY: Ni legelari soila besterik ez naiz. Ez dut indarkeria erabiltzeko ohiturarik. Auzitegiko funtzionarioa, zordunak atxilotzen dituena, kanpoan da zalgurdi batean zain. Eskarmentu handiko gizona da zeregin hauetan. Horregatik hartzen dugu beti bera horrelakoetan. Baina, ziur nago zuk nahiago izango duzula zorra ordaintzea.

ALGERNON: Zorra ordaindu? Nola egingo dut nik horrelakorik? Ez duzu usteko, inozo horrek, nik dirua daukadanik, ezta? Jaun batek sekula ez du dirurik izaten.

GRIBSBY: Esperientziak erakutsi dit ahaideren batek ordaintzen duela beti.

ALGERNON: Jack, egia da, zeuk ordaindu beharko zenuke kontu hori.

JACK: Utzidazu, mesedez, gastuen xehetasuna ikusten, Mr Gribsby... (Orri izugarri handi bat zabaltzen du). 762 libra, 14 txelin eta 2 penike joan den urriaz geroztik. Egia esan behar badut, nire bizitzan ez dut inoiz inor ikusi dirua horrela harrika botatzen. (Chasuble doktoreari eskuratzen dio).

MISS PRISM: 762 libra, jateagatik! Ontasun gutxi izan behar du hainbeste eta hainbestetan jaten duen pertsona batek.

CHASUBLE: Lekutan geratu dira Wordsworth-en [4] bizibide apala eta pentsabide garaia.

JACK: Nire anaiaren kontu izugarri hori ordaintzera deitua nagoela uste du berorrek ere, Chasuble doktorea?

CHASUBLE: Ezetz esan beharra dut. Zure anaia etxe-hondatzaile hori berriro horretara bultzatzea bezala litzateke.

MISS PRISM: Gizonak zer ere ereiten baitu, hura biltzen ere du. Horrek baino mesede handiagoa egingo dio espetxeko aldiak. Lastima hogei egunetarako besterik ez izatea.

JACK: Erabat ados nago zurekin.

ALGERNON: Nire adiskide hori, barregarri gertatzen zara benetan! Ongi asko dakizu kontu hori zeurea ez beste inorena dela.

JACK: Nirea dela?

ALGERNON: Bai, ondotxo dakizu zuk baietz.

CHASUBLE: Mr Worthing, hau ez da txantxetarako unea.

MISS PRISM: Zer lotsagabekeria! Ez nuen besterik espero.

CECILY: Eta zer esker txarra! Nik ez nuen horrelakorik espero.

JACK: Berdin dio zer esaten duen. Horrela jokatzen du beti. Zer esan nahi duzu orain, zu ez zarela Fidel Worthing, Albanyn bizi dena? Zabiltzan moduan zabiltzala, harritzekoa da nire anaia zarela ez ukatu izana oraindik. Zergatik ez duzu ukatzen?

ALGERNON: Ez dut horrelakorik egiteko asmorik, adiskidea. Ez luke inolako zentzurik izango. Zure anaia naiz, jakina. Eta horrexegatik zeuk ordaindu beharko zenuke kontua nire ordez.

JACK: Zinez eta benetan diotsut ez dudala zure zorra ordaintzeko inolako eta inongo asmorik. Bai Chasuble doktoreak, parrokia honetako erretore jaun agurgarriak, bai Miss Prismek, nire uste osoa merezi duen emakume zentzudun miresgarriak, batak zein besteak, espetxeratzeak mesede handia egingo dizula deritzote. Eta nik neuk ere horixe bera uste dut.

GRIBSBY: (Erlojua ateratzen du). Barkatuko didazue familia-bilkura zoragarri hau eten beharra, baina denborak estutzen gaitu. Lauak baino lehen egon behar dugu Holloway-n; gainerakoan, nekez utziko digute espetxean sartzen. Oso arau zorrotzak dituzte.

ALGERNON: Holloway!

GRIBSBY: Mota honetako atxilotuak Hollowayra eramaten dituzte beti.

ALGERNON: Ni ez naute auzo pobre batean espetxeratuko West End-en [5] afaltzeagatik, ez horixe!

GRIBSBY: Zor-kontua bazkariengatik da, ez afariengatik.

ALGERNON: Bost axola niri horrek. Ni ez naute aldirietan espetxeratuko eta kito.

GRIBSBY: Hiri-inguruak, egia da, erdiko klasekoak dira; baina espetxea bera modan dago eta ongi haizeztatuta; gainera, gorputz-ariketak egiteko aukera asko daude eguneko ordu jakin batzuetan. Mediku-agiria izanez gero, eta erraz eskuratzen da hori, ariketa-orduak nahi adina gehi daitezke.

ALGERNON: Ariketa! Jainko maitea! Jaunek ez dute ariketarik egiten. Jaun bat zer den ez dakizula ematen du.

GRIBSBY: Hainbeste ezagutu ditut, jauna, zer diren ere ez dakidala. Mota bitxi asko eta askotarikoak daude. Zer edo zer landu izanaren fruitua, dudarik gabe. Eta orain, eragozpenik ez badago, jauna, nirekin etor zaitezen eskatzen dizut mesedez.

ALGERNON: (Erreguka). Jack!

MISS PRISM: Eutsi gogor, Mr Worthing!

CHASUBLE: Horrelakoetan ez dago ahuleziarentzat lekurik. Nork bere buruari iruzur egitea bezala izango litzateke hori.

JACK: Nik neureari eusten diot, eta ahulezia edo iruzurra zer diren ere ez dakit.

CECILY: Osaba Jack! Oker ez banago zuk baduzu nirea den diru pixka bat, ezta? Utzi niri kontu hori kitatzen. Ez nuke nahi zure anaia preso sar lezaten.

JACK: Ezingo nizuke inola ere ordaintzen utzi, Cecily. Horrek ez luke zentzurik izango.

CECILY: Orduan zuk ordainduko duzu, ezta? Ziur nago zuk ere pena handia hartuko zenukeela zeure anaia giltzaperatuko balute. Nik, jakina, etsi dut berarekin.

JACK: Ez duzu berarekin berriro hitz egingo, Cecily?

CECILY: Ezta pentsatu ere, berak nirekin lehenago hitz egiten ez badu, jakina. Itsuskeria handia litzateke ez erantzutea.

JACK: Ederki, neu arduratuko naiz zurekin hitz egin ez dezan. Neu arduratuko naiz etxe honetako inorekin hitz egin ez dezan. Gizon hau ongi lotu beharra dago, Mr Gribsby...

GRIBSBY: Bai, jauna.

JACK: Neuk ordainduko dut kontua nire anaiaren ordez. Sekula gehiago haren ordez ordainduko dudan azkena. Zenbat da guztira?

GRIBSBY: 762 libra, 14 txelin eta 2 penike. A, bai! Eta bost libra eta bederatzi penike gehiago zalgurdiagatik: bezeroaren mesederako alokatu da.

JACK: Ederki.

MISS PRISM: Egia esan behar badut, ergelkeria handia deritzot hain eskuzabal izateari.

CHASUBLE: (Eskuari eraginez). Bihotzak bere jakinduria dauka eta buruak berea, Miss Prism.

JACK: Txekea Parker eta Gribsbyren izenean, ezta?

GRIBSBY: Bai, jauna. Ez gurutzatu txekea, mesedez. Eskerrik asko. (Chasuble doktoreari). Egun on. (Chasuble doktoreak burua makurtzen du, hotz eta motz). Egun on. (Miss Prismek burua makurtzen du hotz eta motz). (Algernoni). Zu berriro ikusteak atsegin handia emango dit, jauna.

ALGERNON: Nik zu berriro ez ikustea espero dut zinez. Jaun batek horrelako gizarte batean nahastu nahi duela uste baduzu, oker zabiltza oso. Jaunek ez dute aldirietan espetxeratu nahi dituzten legelariak ezagutu nahi izaten.

GRIBSBY: Halaxe da, halaxe.

ALGERNON: Bidenabar, Gribsby: ez zara zalgurdi horretan itzuliko geltokira. Hori nire zalgurdia da. Nire mesederako alokatu zen. Oinez joan beharko duzu geltokiraino. Ezin hobeto etorriko zaizu, gainera. Legelariok ez zarete behar adina ibiltzen. Ez dut ezagutzen legelaririk behar beste ariketa egiten duenik. Eskuarki eserita ematen dute egun osoa, beren bulego ustelaren ustelez itogarrietan, beren egitekoen kontu ere egin gabe.

JACK: Hartu zalgurdia nahi baduzu, Mr Gribsby.

GRIBSBY: Eskerrik asko, jauna. (Gribsby irten egiten da).

CECILY: Gero eta sargoriago dago, ezta, Chasuble doktorea?

CHASUBLE: Trumoia sumatzen da airean.

MISS PRISM: Eguratsa garbitu nahian dago.

CHASUBLE: Irakurri al duzu «The Times» gaur goizean, Mr Worthing? Oso artikulu interesgarria dakar erlijiozaletasunak laikoen artean izan duen hazkundeaz.

JACK: Afalondorako gordeta daukat.

 

(Merriman sartzen da).

 

MERRIMAN: Bazkaria mahaian dago, jauna.

ALGERNON: Hori bai berri ona! Goseak amorratzen nago.

CECILY: (Tartean sartuz). Baina zuk bazkaldu duzu dagoeneko.

JACK: Dagoeneko bazkaldu du?

CECILY: Bai, osaba Jack. Foigras-orezko ogitarteko batzuk hartu ditu, eta medikuak zuretzat agindu zuen xanpain horretako botila txiki bat ere bai.

JACK: 89ko nire xanpaina?

CECILY: Bai. Berak ere zuk hartzen duzun horixe hartzea nahiko zenuela pentsatu dut.

JACK: Ederki. Behin bazkaldu badu, ez du bi aldiz bazkaltzea esperoko. Ez luke zentzurik izango.

MISS PRISM: Egun berean bi aldiz bazkaltzea ez litzateke izango libertatea, lasaikeria baizik.

CHASUBLE: Filosofo paganoek berek ere gogor gaitzesten zuten gehiegi jatea. Aristotelek zorroztasunez hitz egiten du horretaz. Lukurreriaz erabiltzen dituen hitz berberak erabiltzen ditu.

JACK: Doktore, lagunduko al die damei bazkaldu bitartean?

CHASUBLE: Atsegin handiz.

 

(Etxean sartzen da Miss Prismekin eta Cecilyrekin).

 

JACK: Hire bunburytze-saioak ez dik arrakasta handirik izan, Algy. Ez diat uste gaur bunburytzeko egun ona denik, ezta neronentzat ere.

ALGERNON: Bunburytzeak, beste edozerk bezala, bere gorabeherak izaten ditik. Asko estimatuko niake mokadutxoren bat jaten utziko bahit. Gauzarik inportanteena duk Cecily ikusi dudala eta xarmagarria dela.

JACK: Ez horrela hitz egin Miss Cardewz. Ez zaidak atsegin.

ALGERNON: Niri ez zaidak hire janzkera atsegin. Oso barregarri hago arropa horiekin. Zergatik ez haiz gora joaten aldatzera? A zer umekeria doluzko jantziak erabiltzea heure etxean astebete egotera gonbidatua den gizon batengatik! Irrigarria iruditzen zaidak.

JACK: Hago ziur ez haizela astebete egongo hemen, ez gonbidatuta ez beste inola ere. Laurak eta bosteko trenean joango haiz.

ALGERNON: Hago ziur ez naizela hemendik joango hi doluan hagoen bitartean. Hireganako adiskidetasun gutxi erakutsiko nikek. Ni doluan banengo, hi nire ondoan egongo hintzateke, noski. Nireganako errespetu gutxi erakutsiko huke gainerakoan.

JACK: Ongi zagok, arropa aldatzen badiat, alde egingo duk?

ALGERNON: Bai, gehiegi luzatzen ez bahaiz. Ez diat behin ere inor ikusi hik beste denbora behar duenik janzteko, eta hain itxura kaxkarra emateko gero.

JACK: Dena dela, hobe duk hori, hire moduan beti apainegi ibiltzea baino.

ALGERNON: Inoiz edo behin neure burua behar dena baino pixka bat apainago erabiltzen badut, denbora guztian behar dena baino askoz adeitsuago jokatuz orekatzen diat.

JACK: Barregarria duk hire harropuzkeria, hire jokabidea iraingarria, eta hi hemen, nire lorategian egotea guztiz zentzugabea. Nolanahi dela ere, laurak eta bosteko trena hartu beharko duk, eta espero diat oso bidaldi ona egingo duala hemendik hirira bueltan. Bunburytze honek, hik dioan moduan, ez dik arrakasta handirik izan hiretzat. (Etxean sartzen da).

ALGERNON: Arrakasta handia izan dik nire ustez. Cecilyrekin maiteminduta nagok, eta hori duk guztia. Dena ongi zagok, baina goseak egonda ezinezkoa duk bunburytzen hastea. Uste diat bazkalorduan egongo naizela Bunburyrekin. (Aterantz doa).

 

(Cecily sartzen da).

 

CECILY: Hitz eman diot osaba Jacki ez nuela zurekin berriro hitz egingo, zuk niri galderarik egin ezean. Ez dakit zergatik ez didazun galderaren bat egiten, edozein delarik ere. Damu dut ez zarela nik hasieran uste nuen bezain argia.

ALGERNON: Cecily, ez al dut bazkaltzera sartzerik?

CECILY: Ez dakit nola ausartzen zaren niri aurpegira begiratzera egin dituzunak egin ondoren.

ALGERNON: Izugarri atsegin zait zuri aurpegira begiratzea.

CECILY: Baina zergatik saiatu zinen zure zor-kontu izugarri hori osaba Jack gizajoari leporatzen? Hori ez dago barkatzerik.

ALGERNON: Badakit ez dagoela barkatzerik; baina gertatzen da nik oso buru txarra dudala. Erabat ahaztuta nuen 762 libra, 14 txelin eta 2 penike zor nituela Savoy-n.

CECILY: Egia esan behar badut, pozten naiz buru txarra duzula entzuteaz. Buru ona izatea ez da emakumeek gizonengan gehien miresten duten ezaugarria.

ALGERNON: Cecily, goseak amorratzen nago.

CECILY: Ez dut konprenitzen zuk horrenbesteko gosea izatea joan den urriaz geroztik jan dituzunak jan ondoren.

ALGERNON: Afari haiek Bunbury gaixoarentzat ziren. Iluntzeko otorduak dira bere medikuak galarazten ez dizkion bakarrak.

CECILY: Ez zait harritzen Mr Bunbury horren gaixo egotea, gauero-gauero sei edo zazpi lagunen afariak jaten baditu.

ALGERNON: Gauza bera esaten diot nik beti. Baina medikuek gehiago dakitela uste du nonbait. Ergela baino ergelagoa da mediku-kontutan.

CECILY: Ez dut, jakina, zu gosez hiltzerik nahi, eta etxezainari eskatu diot jateko zerbait ekartzeko zuretzat.

ALGERNON: Cecily, aingeru zerukoa zu! Ezingo al zaitut berriro ikusi nik hemendik alde egin baino lehen?

CECILY: Miss Prism eta biok hementxe egongo gara bazkalondoan. Arratsaldeko ikasgaiak haginaren azpian hartzen ditut beti.

ALGERNON: Eta ezin al duzu ezer asmatu Miss Prism gugandik aldentzeko?

CECILY: Gezurren bat asmatzea nahi al duzu?

ALGERNON: Ez, gezurrik ez, jakina. Guztiz egia izan gabe ere, izan litekeen zerbait, besterik ez.

CECILY: Uste dut ezingo nukeela inola ere hori egin. Ez nuke asmatuko nola. Jendea ez da inoiz arduratzen neskatxa gazteen irudimena lantzeaz. Horra heziketa modernoaren akatsik larriena. Jakina, esango bazenu, ezarian eta bestela bezala, gure Chasuble maitea hor nonbait dagoela Miss Prism ikusteko irrikaz, Miss Prism harekin elkartzera joango litzateke, inolako zalantzarik gabe. Izan ere, ez zaio inoiz gustatu izan Chasuble doktorea zain edukitzea. Eta hain aukera gutxi izan ohi du horretarako.

ALGERNON: Ez da ideia txarra!

CECILY: Nik ez dizut inolako ideiarik eman, lehengusu Fidel. Ezerk ez nau bultzatuko Miss Prism engainatzera gauzarik xeheenean ere. Bakar-bakarrik agerian utzi nahi izan dut, jokabide jakin bat hartzen bada, hartatik ondore jakin bat segitzen dela.

ALGERNON: Jakina. Barkamena eskatzen dizut, lehengusina Cecily. Beraz, hemen izango naiz hiru eta erdietan. Oso gauza serioa dut zuri esateko.

CECILY: Serioa?

ALGERNON: Bai, oso serioa.

CECILY: Orduan hobe izango dugu etxean elkartzea. Ez zait atsegin gauza serioez kanpoan hitz egitea. Oso artifiziala ematen du.

ALGERNON: Non elkartu gaitezke orduan?

 

(Jack sartzen da).

 

JACK: Zaldi-orga zain zagok atarian. Joateko ordua iritsi zaik. Bunburyren ondoan egon behar duk. (Cecily ikusten du). Cecily! Ez al zenuke hobe Miss Prism eta Chasuble doktorearengana joatea?

CECILY: Bai, osaba Jack. Agur, lehengusu Fidel. Tamalez ez zaitut berriro ikusiko; hiru eta erdietarako egongelan egon behar dut Miss Prismekin ikasten.

ALGERNON: Agur, lehengusina Cecily. Oso atsegina izan zara nirekin.

 

(Cecily irten egiten da).

 

JACK: Orain, Algy, begira ezak hona. Alde egin behar duk, eta zenbat eta lehenago joan, orduan eta hobe. Bunbury hilzorian zagok, eta hik haren ondoan egon behar duk.

ALGERNON: Orain ezin nauk joan. Nire bigarren otordua egin behar diat lehenago. Eta poztu egingo haiz Bunbury askoz hobeto dagoela jakiteaz.

JACK: Hirurak eta berrogeita hamarrean joan beharko duk, dena dela. Hire gauzen bilgoa egiteko eta zaldi-orga ekartzeko agindu diat.

 

Oihala

 

 

[1] Liburuak maileguan hartzeko liburutegia Londresen.

[2] Garai hartako fikzio-liburuak, oso luzeak, hiru liburukitan argitaratu ohi ziren.

[3] Zuri-koloreko arrosa-mota.

[4] Wordsworth, William. Ingeles poeta (1770-1850), ingeles erromantizismoaren aitzindaria.

[5] Londres hiriaren erdialdean.

 

 

© Oscar Wilde

© itzulpenarena: Antton Olano

 

 

"Oscar Wilde / Fidel izan beharraz" orrialde nagusia

Oscar Wilde euskaraz