Lehen ekitaldia

 

Jokalekua: Algernon jaunaren etxeko egongela, Half Moon Street-en, Londres, Mendebaldea. Denbora: oraingoa. Gela altzari bikainez eta gustu handiz jantzita dago. Piano baten soinua entzuten da aldameneko gelan.

 

(Lane arratsaldeko tea zerbitzatzen ari da. Musika isiltzean, Algernon sartzen da).

 

ALGERNON: Entzun al duzu nire joaldia, Lane?

LANE: Ez zait zuzena iruditzen besteei entzuten egotea, jauna.

ALGERNON: Hainbat okerrago zuretzat. Ni ez naiz oso trebea piano jotzen —trebetasunez edozeinek jo dezake—, baina, hori bai, bizitasun zoragarriz jotzen dut. Pianoaz den bezainbatean, sentimendua adierazten naiz ni trebea. Bizitzarako gordetzen dut jakintza.

LANE: Bai, jauna.

ALGERNON: Eta, bizitzaren jakintzaz ari garenez, prestatu al dituzu pepino-ogitartekoak Lady Bracknellentzat?

LANE: Bai, jauna.

ALGERNON: Ehem! Eta non daude?

LANE: Hemen, jauna. (Erretilua erakusten dio).

ALGERNON: (Arretaz aztertzen ditu; hartzen ditu bi, eta sofan esertzen da). Bidenabar, Lane. Zure kontu-liburuan idatzita ikusi dut, ostegun gauean, Lord Shoremanek eta Mr Worthingek nirekin afaldu zutenean, zortzi botila xanpain hustu zirela.

LANE: Bai, jauna; zortzi botila eta pinta bat.

ALGERNON: Nola liteke mutilzahar baten etxean mirabeek xanpaina edatea beti? Jakiteagatik bakarrik galdetzen dut.

LANE: Ardoa kalitate hobekoa delako izango da, nik uste, jauna. Askotan ohartu naizenez, ezkonduen etxeetan nekez aurki daiteke goi-mailako xanpainik.

ALGERNON: Jainko maitea! Hain etsigarria ote da ezkon-bizitza?

LANE: Niri oso egoera atsegina dela iruditzen zait, jauna. Nik neuk ez dut esperientzia handirik izan orain arte. Behin bakarrik egon naiz ezkonduta. Neska gazte baten eta bion arteko gaizki-ulertuaren ondorioz.

ALGERNON: (Adoregabe). Ez dakit zure familiako bizitza ezagutzeko gogo handirik dudan, Lane.

LANE: Ez, noski, jauna; ez da oso gai interesgarria. Nik neuk ez dut inoiz pentsatzen horretan.

ALGERNON: Ez, jakina, ziur nago ezetz. Besterik ez, Lane, eskerrik asko.

LANE: Eskerrik asko, jauna. (Lane irtetera doa).

ALGERNON: A, Lane! Emadazu beste pepino-ogitarteko bat.

LANE: Bai, jauna. (Itzultzen da eta erretilua eskuratzen dio).

 

(Lane irten egiten da).

 

ALGERNON: Lanek ezkontzari buruz dituen iritziak makal samarrak iruditzen zaizkidak. Egia esan, guri jarraibidea erakusteko ez bada, zertarako balio digute gizarteko behe-mailek? Klasetzat harturik, erantzukizun moralaren zentzurik ez dutela esango nikek.

 

(Lane sartzen da).

 

LANE: Mr Fidel Worthing.

 

(Jack sartzen da. Lane irten egiten da).

 

ALGERNON: Zer moduz hago, Fidel maitea? Zerk ekarri hau hirira?

JACK: Plazerrak, plazerrak! Zerk ekar nazake bestela? Algy, hi betiko moduan, antza denez; jan eta jan!

ALGERNON: (Hotz). Gizarte onean ohitura da bostetan mokadutxoren bat hartzea, oker ez banago. Non izan haiz joan den ostegunaz geroztik?

JACK: (Sofan eseriz). Landan.

ALGERNON: Eta zer demontre egiten duk hik landan?

JACK: (Eskularruak kenduz). Hirian nabilenean neure kabuz jostatzen nauk. Landan nagoenean, berriz, besteak jostarazten ditiat. Aspergarri baino aspergarriagoa duk.

ALGERNON: Eta nor jostarazten duk, bada, hik?

JACK: (Axolagabe antzean). Auzoak, auzoak!

ALGERNON: Auzokide onak al dituk Shropshire alde horretan?

JACK: Txarragoak ezin! Ez diat sekula hitz egiten haiekin.

ALGERNON: Ez ditek barre gutxi egingo hirekin! (Altxatzen da eta ogitarteko bat hartzen du). Eta Shropshirez ari garela, hi, izatez, Shropshirekoa haiz, ezta?

JACK: Zer? Shropshire? Bai, jakina. Hara! Zertarako hainbeste kikera? Zertarako pepino-ogitartekook? Zertarako bonbonkeria neurrigabe hau hi bezalako gazte batek? Nor dator ba tea hartzera?

ALGERNON: Izeba Augusta eta Gwendolen besterik ez.

JACK: Zoragarria benetan!

ALGERNON: Bai, oso ongi zagok, baina ez diat uste izeba Augustari ongi irudituko zaionik hi hemen egotea.

JACK: Eta zergatik ez, jakin badaiteke?

ALGERNON: Adiskide atsegin hori, guztiz lotsagarria duk Gwendolenekin maitakeriatan habilen modua. Gwendolen hirekin maitakeriatan dabilen modua bezain kaltegarria duk ia.

JACK: Gwendolenez maitemindurik nagok. Nirekin ezkontzeko eskatzera etorri nauk, hain zuzen, hirira.

ALGERNON: Plazer bila etorri hintzela uste nian... Tratua egitea esaten zioat nik horri.

JACK: Ez haiz batere erromantikoa gero!

ALGERNON: Egia esan, nik ez zioat deus erromantikorik ikusten ezkontzeko eskea egiteari. Maitemindurik egotea oso erromantikoa duk, bai. Baina betiko ezkon-hitza eskaintzeak ez zaukak erromantikorik deus. Izan ere, hitza har diezaaten arriskua zagok. Are gehiago, hartu egiten diate, oker ez banago. Une horretan bertan itzaltzen duk maite-sugarra. Zalantza duk amodioaren benetako funtsa. Ni inoiz ezkontzen banaiz, ezkonduta nagoela ahazteko ahalegina egingo diat, zalantzarik gabe.

JACK: Ez diat dudarik horretan, Algy maitea. Izan ere, hirea bezain oroimen bitxia duen jendearentzat asmatu zitiztean, hain zuzen, Dibortzio Auzitegiak.

ALGERNON: Alferrik ari gaituk gai honetaz amen-omenka. Dibortzioak zeruan burutzen dituk... (Jackek eskua luzatzen du ogitarteko bat hartzeko. Algernon erdian jartzen da berehala). Otoi, ez uki pepino-ogitartekoak. Izeba Augustarentzat propio eginarazi ditiat. (Bat hartu eta jan egiten du).

JACK: Hi jaten aritu haiz ba denbora guztian.

ALGERNON: Hori besterik duk. Izeba Augusta nire izeba duk. (Plater bat hartzen du). Hartu ogia eta gurina. Ogia eta gurina Gwendolenentzat dituk. Gwendolenek ikaragarri maite ditik ogia eta gurina.

JACK: (Mahaira hurreratzen da eta ogia eta gurina hartzen ditu). Eta oso ogi ona duk, gainera, eta gurina ere bai.

ALGERNON: Hara, adiskide min hori, ez duk zertan jan dena irentsi beharra bahu bezala. Berarekin ezkonduta bahengo bezala jokatzen ari haiz. Oraindik ez hago, ordea, eta ez diat uste inoiz egongo haizenik ere.

JACK: Zergatik diok hori?

ALGERNON: Begira, lehenengo eta behin, neskak ez dituk sekula ezkontzen maitakeriatan ibiltzen diren gizonekin. Ez zaiek zuzena iruditzen.

JACK: Ez esan txorakeriarik!

ALGERNON: Ez nauk txorakeriak esaten ari. Egia galanta baizik. Ikusi besterik ez zagok. Zer dela eta, bestela, hainbeste eta hainbeste mutilzahar alde guztietan? Eta bigarrenik, nik ez diat baimena ematen.

JACK: Hire baimena! Hori ergelkeria!

ALGERNON: Nire adiskide min hori, Gwendolen lehengusina propioa diat. Eta harekin ezkontzeko baimena eman baino lehen, Cecilyren kontu hori argitu beharko didak oso-osorik.

JACK: Cecily! Zer arraio esan nahi duk? (Algernon txilina jotzera altxatzen da. Gero mahaira itzultzen da eta beste ogitarteko bat jaten du). Zer esan nahi duk, Algy, Cecilyren kontu horrekin? Ez diat Cecily izeneko inor ezagutzen..., nik dakidala behintzat.

 

(Lane sartzen da).

 

ALGERNON: Ekarri, mesedez, Mr Worthingek hemen afaldu zuen azkeneko aldian erretzeko gelan ahaztuta utzi zuen zigarro-ontzia.

LANE: Bai, jauna.

 

(Lane irten egiten da).

 

JACK: Zer esan nahi duk, hik eduki duala nire zigarro-ontzia denbora honetan guztian? Nahiago niakeen lehenago esan izan bahit! Amorruz betetako gutunak idatzi ditiat Scotland Yardera hori zela eta. Sari handi bat eskaintzekotan ere egon ninduan.

ALGERNON: Ba, nik nahiago nikek eskainiko bahu. Hara non ohi baino larriago nabilen diruz.

JACK: Alferrik duk ordainsari handi bat eskaintzea bila ari haizena agertu denean.

 

(Lane sartzen da, zigarro-ontzia erretiluan dakarrela. Algernonek berehala hartzen du. Lane irten egiten da).

 

ALGERNON: Esan beharra zaukaat nire iritzian zeken samar jokatu duala, Fidel. (Zigarro-ontzia zabaldu eta aztertzen du). Hala ere, axola gutxi horrek; hemen barruan idatzita dagoena ikusita, garbi zagok ontzi hau ez dela hirea azken batean.

JACK: Horixe dela nirea. (Algernonengana hurreratuz). Hamaika aldiz ikusi nauk horrekin, eta ez daukak inolako eskubiderik barruan zer jartzen duen irakurtzeko. Ez duk inola ere jaun bati dagokion jokabidea inoren zigarro-ontzia irakurtzea.

ALGERNON: Ez dik zentzurik arau zorrotz bat izatea irakurri beharko litzatekeenaz eta ez litzatekeenaz. Kultura modernoaren erdia baino gehiago, irakurri beharko ez litzatekeen horretan oinarrituta zagok.

JACK: Bazekiat, eta ez diat kultura modernoaz eztabaidan hasteko asmorik. Ez duk pribatuan hitz egiteko gaia. Zigarro-ontzia itzul diezadaan besterik ez diat nahi.

ALGERNON: Bai, baina hau ez baita hire zigarro-ontzia. Zigarro-ontzi hau Cecily izena duen norbaiten oparia duk, eta hik esan duk ez duala ezagutzen izen horretako inor.

JACK: Ongi zagok; jakin nahi baduk, Cecily nire izeba duk.

ALGERNON: Hire izeba!

JACK: Bai! Andre zahar maitagarri bat. Tunbridge Wells-en bizi duk. Emadak behingoz nire zigarro-ontzia, Algy.

ALGERNON: (Sofaren atzean jartzen da). Baina hire izeba baldin bada, eta Tunbridge Wellsen bizi bada, zergatik deitzen dio bere buruari Cecily ttikia? (Irakurriz). «Cecily ttikiaren partetik, bihotz-bihotzez».

JACK: (Sofara hurreratu eta haren gainean belauniko jartzen da). Adiskide atsegin hori, zer du horrek bitxi? Izeba batzuk handiak dituk eta beste batzuk, berriz, ez. Horra izeba batek bere kabuz erabaki dezakeen gauza bat. Izeba guztiek hirearen berdin-berdinak izan behar dutela uste duala ematen dik! Horrek ez dik zentzurik! Jainkoarren, itzulidak behingoz nire zigarro-ontzia. (Algernonen atzetik doa gelan barrena).

ALGERNON: Baina zergatik deitzen dik hire izebak osaba hiri? «Cecily ttikiaren partetik, bihotz-bihotzez, osaba Jack maitearentzat». Izeba bat izeba txikia ez izateko arrazoirik ez zagok, ados; baina izeba batek, izan txikia edo izan handia, bere ilobari osaba deitzea, hori ez diat ulertzen. Gainera, hire izena ez duk Jack, Fidel baizik.

JACK: Ez, Fidel ez. Nire izena Jack duk.

ALGERNON: Beti esan didak Fidel haizela. Fidel izenaz aurkeztu haut denen aurrean. Fidel izenari erantzuten diok. Fidel izena izan behar duan itxura duk. Nire bizitzan sekula ikusi dudan pertsonarik leial eta fidel antzekoena haiz. Ez dik inolako zentzurik Fidel ez beste izen bat duala esateak. Hire txarteletan ere hala jartzen dik. Hona hemen bat. (Txartel bat ateratzen du ontzitik). «Mr Fidel Worthing, B. 4, Albany, Mendebaldea». Hire izena Fidel dela frogatzeko gordeko diat, inoiz niri, edo Gwendoleni, edo beste edozeini ukatzen saiatzen baldin bahaiz ere. (Sakelan gordetzen du txartela).

JACK: Begira, hirian Fidel nauk, eta landan, Jack; eta zigarro-ontzi hori landan eman zidatean.

ALGERNON: Bai, baina, hala ere, horrek ez dik zuritzen hire izeba Cecily ttiki horrek, Tunbridge Wellsen bizi denak, osaba maitea deitzea hiri. Tira, adiskidea, askoz hobe huke hau guztia argituko bahu behingoz.

JACK: Algy maitea, dentistek bezala hitz egiten duk. Eta oso gaizki emate dik dentistek bezala hitz egitea norbera dentista ez izanik. Jendea aho bete hortz geratzen duk.

ALGERNON: Hori duk, hain zuzen, dentistek inoiz egiten ez dutena. Tira, hasi! Has hadi behingoz mataza askatzen. Egia esan, beti izan diat hi isileko bunburytzaile porrokatua izango hintzen susmoa; eta orain erabat ziur nagok.

JACK: Bunburytzailea? Zer da bunburytzailea izatea?

ALGERNON: Hik galdera honi erantzuteko mesedea egin bezain laster agertuko diat nik hitz paregabe horren esanahia: zergatik haiz Fidel hirian eta Jack landan?

JACK: Ederki, emadak zigarro-ontzia aurrena.

ALGERNON: To, hartzak. (Zigarro-ontzia eskuratzen dio). Orain emadak hik hire azalpena, eta sinesgaitza izan dadila, mesedez. (Sofan esertzen da).

JACK: Adiskide handi hori, nire azalpena ez duk inondik ere sinesgaitza. Egia esan, guztiz azalpen arrunta duk. Thomas Cardew zaharrak, haurra nintzela semetzat hartu ninduen jaunak —egoera bitxi samarrean hartu ere—, eta daukadan diru guztia utzi zidanak, bere biloba Miss Cecily Cardewren tutore izendatu nindian. Cecily, berriz, antzeman ezingo dituan errespetuzko arrazoiengatik osaba deitzen didana, nire landetxean bizi duk, Miss Prism irakasle miresgarriaren ardurapean.

ALGERNON: Eta non dago hire landetxe hori, jakin badaiteke?

JACK: Horrek ez ziok axola, nire mutil maitea. Inork ez dik hi gonbidatzeko asmorik... Baina zinez esan diezaaket etxea ez dagoela Shropshiren.

ALGERNON: Banengoan ba, adiskide maitea! Bi aldiz bunburytu diat Shropshire osoa. Orain, esadak, zergatik haiz Fidel hirian eta Jack landan?

JACK: Nire Algy maitea, ez zakiat gauza izango haizen nire benetako arrazoiak ulertzeko. Ez haiz behar bezain serioa. Tutore-kargua ematen diatenean, moraltasun handiko jarrera hartu behar izaten duk gauza guztietan. Karguari dagokion betebeharra duk hori. Eta moraltasun handiko jarrerak —neurriz gain erabiltzen bada— nekez zabaltzen duenez osasunerako edo zoriontasunerako bidea, anaia gazteago bat banu bezala jokatu izan diat beti, hirira etorri ahal izateko. Fidel dik izena, Albanyn bizi duk, eta estualdi ikaragarrietan sartuta zabilek beti. Horra, Algy maitea, egia osoa, egia argi eta garbi.

ALGERNON: Egia nekez izaten duk argia, eta nekezago oraindik garbia. Egia hala balitz, bizitza modernoa aspergarri baino aspergarriagoa lukek, eta literatura modernoa ezinezkoa erabat.

JACK: Hori ez lukek batere txarra izango.

ALGERNON: Literatur kritikan ez habil oso trebe, adiskide maitea. Ez hadi alferrik saiatu. Unibertsitatean izan ez den jendearentzat utzi beharko huke hori. Oso ongi egiten ditek eguneroko berripaperetan. Hi, izatez, bunburytzailea haiz. Ez nengoan batere oker bunburytzailea hintzela esan dudanean. Ezagutzen dudan bunburytzaile aurreratuenetako bat haiz, gainera.

JACK: Zer demontre esan nahi duk?

ALGERNON: Hik hiretzat oso baliagarria den anaia gazteago bat asmatu duk, Fidel izenekoa, hirira nahi bestetan etorri ahal izateko. Nik, berriz, berdinik ez duen elbarri sendaezin bat asmatu diat, Bunbury izenekoa, gogoak ematen didanean landara joan ahal izateko.

JACK: Hori bai dela txorakeria!

ALGERNON: Ez, ez duk inolako txorakeria. Bunburyk ez dik berdinik munduan. Haren osasun ikaragarri txarragatik izan ez balitz, adibidez, ezin izango nikek gaur gauean Savoy-n afaldu hirekin; izeba Augustari elkarrekin afalduko genuela hitz eman bainion orain dela astebete baino gehiago.

JACK: Nik ez haut gaur gauean inora afaltzera gonbidatu.

ALGERNON: Bai, bazakiat. Oso zabarra haiz gonbitak bidaltzeko kontu horretan. Ez hadi ergela izan! Jendearentzat ez zagok gonbitik ez hartzea baino gauza amorragarriagorik.

JACK: Nik ezin diat Savoy-n afaldu. Zazpiehun bat libra zor zieat. Hor ari dituk epaiak eman eta eman nire kontra. Bizitza hondatzen ari zaizkidak.

ALGERNON: Eta zergatik ez diek behingoz ordaintzen? Hik diru pila daukak.

JACK: Nik bai, baina Fidelek ez, eta haren izen ona gorde behar diat. Zorrik sekula ordaintzen ez duten horietako bat duk Fidel. Astean behin edo deitzen ditek auzitegira.

ALGERNON: Orduan, afal dezagun Willis's-en.

JACK: Askoz hobe huke hire izeba Augustarekin afaltzea.

ALGERNON: Ez diat halakorik egiteko asmo-izpirik. Hasteko, izebarekin afaldu nian astelehenean, eta aski duk ahaideekin astean behin afaltzea. Bigarrenik, izebarenean afaltzen dudan bakoitzean, familiakotzat hartzen naitek, eta mahaian jartzean, bitako bat, edo batere emakumerik gabe jartzen naitek, edo birekin batera, bestela. Hirugarrenik, bazakiat izebak noren ondoan jarriko nauen gaur gauean, Mary Farquhar-en ondoan, eta emakume hori beti zabilek mahaiaz bestaldetik maitakeriak egiten bere senarrari. Ez duk oso gauza atsegina. Egia esan, txukuna ere ez duk..., eta izugarri zabaltzen ari dituk horrelako ohiturak. Guztiz lotsagarria duk zenbat eta zenbat emakume ibiltzen den Londresen beren senar propioekin maitakeriatan. Oso gaizki ematen dik. Trapu berriak eguzkitara ateratzen ibiltzea bezala duk hori. Orain, gainera, bunburytzaile amorratua haizela jakinda, horretaz hitz egin nahi nikek hirekin. Arauak azaldu nahi dizkiat.

JACK: Ni ez nauk inondik ere bunburytzailea. Gwendolenek baiezkoa ematen badit, anaia hilko diat. Egia esan, bestela ere hil egingo dudala uste diat. Cecilyri oso erakargarria zaiok; erakargarriegia, aukeran. Beti ari zaidak barka diezaiodala eta horren gisako gauzak eskatzen. Gogaikarri samarra ere baduk. Beraz, Fidelez beste egin behar diat. Eta biziki aholkatzen diat hik ere gauza bera egin dezaan Mr..., izen ergel hori duen hire lagun elbarri horrekin.

ALGERNON: Ezerk ez naik bultzatuko Bunburyrengandik bereiztera, eta hi ere, inoiz ezkontzen bahaiz, hori oso gauza zaila iruditzen bazait ere, asko poztuko haiz Bunbury ezagutzeaz. Bunbury ezagutu gabe ezkontzen den gizonak oso ezkon-bizitza gogaikarria izango dik.

JACK: Horrek ez dik zentzurik. Gwendolen bezalako neskatxa xarmagarri batekin ezkontzen banaiz, eta bera duk nire bizitzan ikusi ditudan neskatxetatik emaztetzat hartuko nukeen bakarra, ez diat Bunbury ezagutu nahi izango, ez dudarik izan.

ALGERNON: Emazteak nahiko dik orduan. Ematen dik ez haizela ohartzen ezkon-bizitzan hiru lagun jendetza dela, eta bi lagun, berriz, ezereza.

JACK: (Hots handiko). Horra, adiskide gazte maitea, Frantziako antzerki usteldua azkeneko berrogeita hamar urteotan proposatzen aritu den teoria.

ALGERNON: Bai, eta Ingalaterrako etxe dontsuak epe horren erdian frogatu duena.

JACK: Jainkoaren izenean! Etzak lanik hartu zinikoa izaten. Oso erraza baita zinikoa izatea.

ALGERNON: Nire adiskide atsegin hori, deus izatea ere ez duk erraza gaur egun. Lehia izugarria zagok alde guztietan. (Tinbre elektriko baten hotsa entzuten da). Izeba Augusta izango duk. Ahaideek edo hartzekodunek bakarrik jotzen ditek horrela, Wagnerren moduan. Orain, izeba Augusta ondotik kentzen badiat hamar minutuz, hik Gwendoleni ezkon-mandatua egiteko aukera izan dezaan, gaur gauean hirekin Willis's-en afaltzerik izango al dut?

JACK: Hala beharko, hala nahi baduk.

ALGERNON: Bai, baina ez hadi txantxetan ibili gero. Gorroto diat otorduekin txantxetan ibiltzen den jendea. Hain dituk txatxuak!

 

(Lane sartzen da).

 

LANE: Lady Bracknell eta Miss Fairfax.

 

(Algernon haiei harrera egitera aurreratzen da. Lady Bracknell eta Gwendolen sartzen dira).

 

LADY BRACKNELL: Arratsalde on, Algernon maitea, ongi portatzen ariko zarela espero dut.

ALGERNON: Ni oso ongi nago, izeba Augusta.

LADY BRACKNELL: Hori ez da gauza bera. Egia esan, nekez doaz gauza biak batera. (Jack ikusten du eta buru-makurtu hotz eta motz bat egiten dio).

ALGERNON: (Gwendoleni). Nire laztana, bai xarmagarria zaudela!

GWENDOLEN: Ni beti nago xarmagarria! Ez da hala, Mr Worthing?

JACK: Perfektua zara, Miss Fairfax.

GWENDOLEN: Espero dut ezetz. Bestela ez nuke hobetzerik izango, eta ni hobetzen ahalegintzen naiz alderdi guztietan. (Gwendolen eta Jack bata bestearen ondoan esertzen dira txoko batean).

LADY BRACKNELL: Barkatu berandu samar etorri bagara, Algernon, baina gure Lady Harbury maitea ikustera joan behar izan dut. Ez nintzen berarekin izan senar gizajoa hil zitzaionez geroztik. Ez dut sekula ikusi emakume bat hain aztoratuta; hogei urte gazteago ematen du. Eta orain kikera bat te hartuko dut, eta agindu zenizkidan pepino-ogitarteko bikain horietako bat.

ALGERNON: Bai noski, izeba Augusta. (Mahaira hurreratzen da).

LADY BRACKNELL: Ez dun hemen eseri nahi, Gwendolen?

GWENDOLEN: Eskerrik asko, ama, baina oso gustura nago nagoen tokian.

ALGERNON: (Plater bat hartu, eta hutsik dagoela ikusirik, izuak hartuta bezala). Jainko maitea! Lane! Zergatik ez dago pepino-ogitartekorik? Propio agindu nituen eta.

LANE: (Ahots larriz). Gaur goizean ez zegoen pepinorik merkatuan, jauna. Bi aldiz joan naiz.

ALGERNON: Ez zegoen pepinorik?

LANE: Ez, jauna. Ezta eskura ordainduta ere.

ALGERNON: Ederki, Lane. Eskerrik asko.

LANE: Eskerrik asko, jauna. (Irten egiten da).

ALGERNON: Izugarrizko nahigabea dut, izeba Augusta. Ez omen dago pepinorik, ezta eskura ordainduta ere.

LADY BRACKNELL: Egia esan, ez du axola, Algernon. Opiltxo batzuk jan ditut Lady Harburyrekin; iruditzen zait plazerrera erabat emana bizi dela orain.

ALGERNON: Ilea gorri-gorri jarri omen zaio, minaren minez.

LADY BRACKNELL: Egiatan mudatu zaio kolorea. Zer dela eta, ez dezaket, jakina, ezer esan. (Algernonek tea zerbitzatzen du). Eskerrik asko. Ezusteko zerbait daukat gaur gauerako zuretzat, Algernon. Mary Farquharren ondoan jarriko zaitut. Oso emakume gozoa eta adeitsua da bere senarrarekin. Atsegin handia da haiek biak ikustea.

ALGERNON: Beldur naiz, izeba Augusta, bertan behera utzi beharko dudala zurekin gaur gauean afaltzeko plazerra.

LADY BRACKNELL: (Bekozko ilunez). Ez da egia izango, Algernon. Zu gabe nire mahaia hanka-motz geratuko litzateke. Zure osabak goian afaldu beharko luke. Beharrik ohituta dagoen.

ALGERNON: Honek guztiak zeharo gogaitzen nau eta, esan beharrik ez dago, atsekabe handia sortzen dit, izeba, baina telegrama bat jaso dut oraintxe: nire lagun Bunbury gizajoa oso gaixo omen dago berriro. (Algernonek eta Jackek elkarri begiratzen diote). Berarekin egon beharko nukeela pentsatzen dute nonbait.

LADY BRACKNELL: Bitxia da gero. Mr Bunbury horrek harrigarrizko osasun kaskarra du, ezta?

ALGERNON: Bai; Bunbury gizajoa zeharo elbarri dago.

LADY BRACKNELL: Hara, Algernon, gauza bat esan behar dizut: uste dut badela garaia Mr Bunburyk erabaki dezan zer egin behar duen, bizi ala hil. Kontu horretan duda-mudatan ibiltzeak ez du zentzurik. Ez dut, ezta ere, elbarriei gaur egun erakusten zaien begikotasun hori inola ere onartzen. Morbosoa iruditzen zait. Eritasuna, edozein delarik ere, ez da besteengan sustatu beharreko gauza. Osasuna da bizitzako lehenengo betebeharra. Gauza bera esaten diot beti zure osaba gizajo horri, baina ez du arreta handirik jartzen nonbait... haren gaitzak nola ari diren sendatzen ikusita, ez behintzat. Jakina, Algernon, Mr Bunburyren oheburuan egon behar baduzu, nik ez dut ezer gehiago esateko. Baina bihotz-bihotzez eskertuko nizuke Mr Bunburyri eskatuko bazenio, nire partetik, ez dadila, mesedez, larunbatean ostera gaizkitu, zure eskuetan utzi baitut nire musika-saioa nire ordez prestatzeko ardura. Antolatuko dudan azken harrera-festa da, eta solasaldiak suspertuko dituen zer edo zer nahiko nuke, batez ere orain, aurtengo aldiaren bukaeran, mundu guztiak esana duenean esateko zeukan ia guztia, hau da, ezer gutxi, kasurik gehienetan.

ALGERNON: Bai, Bunburyrekin hitz egingo dut, izeba Augusta, konorterik gabe ez badago behintzat, eta uste dut agindu diezazukedala onik izango dela larunbaterako. Musika-saioa antolatzeak, jakina, berebiziko zailtasunak ditu. Musika ona jotzen baduzu, jendeak ez du entzuten, eta txarra jotzen baduzu, ez du hitz egiten. Baina prestatu dudan programa erakutsiko dizut, baldin une batez aldameneko gelara laguntzeko mesedea egiten badidazu.

LADY BRACKNELL: Eskerrik asko, Algernon. Oso atsegina zara. (Zutitzen da eta Algernonen atzetik doa). Ziur nago programa zoragarria izango dela, zuzentzekoak zuzendurik. Frantses kantuak ezin ditut inola ere onartu. Jendeari desegokiak iruditzen zaizkiola ematen du beti, eta bitako bat, edo harriturik begiratzen du, eta hori arrunkeria da inondik ere, edo barre egiten du bestela, eta hori okerragoa da oraindik. Alemana, berriz, hizkuntza jatorra ematen du, eta hala dela egingo nuke. Gwendolen, bahator nirekin?

GWENDOLEN: Bai, ama, banoa.

 

(Lady Bracknell eta Algernon musika-aretora doaz; Gwendolen atzean geratzen da).

 

JACK: Eguraldi ederra dago gaur, Miss Fairfax.

GWENDOLEN: Otoi, ez niri eguraldiaz hitz egin, Mr Worthing. Jendeak eguraldiaz hitz egiten didan bakoitzean beste zerbait adierazi nahi duela iruditzen zait. Eta horrek oso urduri jartzen nau.

JACK: Nik beste zerbait adierazi nahi dut.

GWENDOLEN: Banengoen ba. Ez dut inoiz huts egiten.

JACK: Eta Lady Bracknell alditxo batez hemen egongo ez denez, aukera hau baliatu nahi nuke...

GWENDOLEN: Hala egitea gomendatzen dizut. Gure amak geletan ustekabean sartzeko ohitura handia du eta behin baino gehiagotan ohartarazi behar izan dut.

JACK: (Urduri). Miss Fairfax, ezagutu zintudanez geroztik miretsiago zaitut... ezagutu zintudanez geroztik ezagutu dudan... beste edozein neskatxa baino.

GWENDOLEN: Bai, ohartu naiz. Eta askotan nahi izan dut, jendaurrean behintzat, hori garbiago erakuts zeniezadan. Betidanik sortu duzu nigan halako erakarpen eutsiezin bat. Artean ezagutzen ez bazintudan ere, aintzat hartzen zintudan. (Jackek harrimenez begiratzen dio). Ongi jakingo duzunez, hala espero dut behintzat, Mr Worthing, idealen aroan bizi gara. Behin eta berriro aipatzen da hori hilabetekari garestienetan, eta probintzietako pulpituetaraino ere zabaldu omen da berria. Nire ideala Fidel izeneko norbaitekin maitemintzea izan da beti. Bada zerbait izen horren baitan erabateko uste ona sortzen duena. Algernonek Fidel izeneko lagun bat zuela esan orduko jakin nuen zu maitatzea izango zela nire patua. Izena, nire buruaren lasaitasunerako, eta nire jakinduria hedatzen deneraino behintzat, oso izen arraroa da hemen.

JACK: Benetan maite nauzu, Gwendolen?

GWENDOLEN: Kartsuki!

JACK: Laztana! Jakingo bazenu zer poza ematen didazun.

GWENDOLEN: Ene Fidel bihotzekoa! (Elkar besarkatzen dute).

JACK: Baina ez duzu benetan esango ez nindukezula maitatuko nire izena Fidel ez balitz, ezta?

GWENDOLEN: Baina zure izena Fidel da.

JACK: Bai, bai, badakit. Baina beste bat balitz, ez nindukezu maitatuko? Hori esan nahi al duzu?

GWENDOLEN: (Hitz-jario handiz). Hori, argi eta garbi, espekulazio metafisikoa da, eta espekulazio metafisiko gehienek bezala, ikusteko gutxi du bizitza errealeko benetako gertakariekin, guk dakigula behintzat.

JACK: Niri, laztana, zinez esaten dizut, Fidel izena ez zait oso atsegina... Ez dut uste oso izen egokia denik niretzat.

GWENDOLEN: Ezin hobeto doakizu. Oso izen ederra da. Berezko musika dario. Dardara eragiten du.

JACK: Egia esan, Gwendolen, izen asko daude hori baino askoz ere politagoak. Jack, esate baterako, izen xarmagarria da nire iritziz.

GWENDOLEN: Jack?... Ez, oso musika gutxi dago izen horretan, batere baldin badago. Ez du zirrararik sortzen. Ez du inolako dardararik eragiten... Ezagutu dut Jack bat edo beste, eta denak ziren, salbuespenik gabe, ohi baino arruntagoak. Jack, gainera, Johnen etxeko izen arrunta da. Eta erruki dut John izeneko gizon batekin ezkontzen den emakumea. Segur aski ez du sekula izango bakartasun une baten plazer xarmagarriaz gozatzeko aukerarik. Segurtasun osoa eskaintzen duen izen bakarra Fidel da.

JACK: Gwendolen, berehalaxe bataiatu behar dut... Alegia, berehalaxe ezkondu behar dugu. Astirik galdu gabe.

GWENDOLEN: Ezkondu, Mr Worthing?

JACK: (Txunditurik). Bai... jakina. Badakizu maite zaitudala, eta aditzera eman didazunez, Miss Fairfax, ezagutu baino lehen ere aintzat hartzen ninduzun.

GWENDOLEN: Izugarri maite zaitut. Baina oraindik ez didazu ezkontzeko eskatu. Ez da ezer esan ezkontzaz. Gaia aipatu ere ez da egin.

JACK: Ederki..., egin al diezazuket orain eskaera?

GWENDOLEN: Abagune txit egokia iruditzen zait. Eta inolako nahigaberik izan ez dezazun, Mr Worthing, egoki deritzot zuri argi eta garbi esatea aurretik, baiezkoa emateko erabaki sendoa hartu dudala.

JACK: Gwendolen!

GWENDOLEN: Bai, Mr Worthing, zer esan behar didazu?

JACK: Badakizu zer esan nahi dizudan.

GWENDOLEN: Bai, baina ez duzu esaten.

JACK: Gwendolen, nahi duzu nirekin ezkondu? (Belauniko jartzen da).

GWENDOLEN: Horixe nahi dudala, laztana. Zenbat kosta zaizun erabakitzea! Uste dut oso eskarmentu gutxi duzula ezkontza-eskeak egiten.

JACK: Ene bihotza, ez baitut inoiz inor maitatu munduan zu besterik.

GWENDOLEN: Bai, baina gizonak askotan aritzen dira ezkontza-eskeak egiten ariketa moduan. Gerald anaia hala ibiltzen da. Nire neska-lagun guztiek esanda dakit. Begi urdin zoragarriak dituzu, Fidel! Urdin-urdinak. Espero dut horrela begiratuko didazula beti, batez ere jendaurrean gaudenean.

 

(Lady Bracknell sartzen da).

 

LADY BRACKNELL: Mr Worthing! Altxatu hortik, jauna! Zer ari zara horrela, erdi etzanda, lotsagarrizko jarrera horretan!

GWENDOLEN: Ama! (Jack altxatzen ahalegintzen da, baina Gwendolenek galarazi egiten dio). Otoi, ama, irten zaitez hemendik. Hau ez da leku egokia zuretzat. Gainera, Mr Worthingek ez du bukatu oraindik.

LADY BRACKNELL: Zer ez du bukatu, jakin badaiteke?

GWENDOLEN: Mr Worthingekin ezkontzeko hitza eman dut, ama. (Biak batera altxatzen dira).

LADY BRACKNELL: Barkatu, baina hik ez dun inorekin ezkontzeko hitzik eman. Inoiz inori ezkontzeko hitza ematekotan bahago, nik neuk, edo hire aitak, osasunak laguntzen badio, jakinaren gainean jarriko haugu. Ezkon-hitza emateak sekulako ezustekoa izan beharko liken neskatxa gazte batentzat, ezusteko atsegina edo ezatsegina, nork eskatzen dion. Ez dun hori neskatxa bati bere kabuz erabakitzen uzten ahal zaion gauza... Eta orain zenbait galdera egin nahi nizkizuke, Mr Worthing.

JACK: Pozik erantzungo diot zure edozein galderari, Lady Bracknell.

GWENDOLEN: Erantzunak jakitekotan erantzungo diozula, esan nahiko duzu. Amatxoren galderak txit zorrotzak izaten dira batzuetan.

LADY BRACKNELL: Galdera zorrotz-zorrotzak egiten saiatzen naiz. Eta egiten ditudan bitartean, Gwendolen, hoa behera eta itxaron ezan kotxean.

GWENDOLEN: (Aurpegi emanez). Ama!

LADY BRACKNELL: Kotxera, Gwendolen! (Gwendolen aterantz doa. Lady Bracknelli bizkarra ematen, Gwendolenek eta Jackek elkarri musuak bidaltzen dizkiote airean putz eginez. Lady Bracknellek batera eta bestera begiratzen du, musu-hotsari antzik ezin emanez bezala. Azkenean buelta hartzen du). Gwendolen, kotxera esan dinat!

GWENDOLEN: Bai, ama. (Irten egiten da, atzera begira, Jacki begira).

LADY BRACKNELL: (Eseririk). Eser zaitezke, Mr Worthing. (Koadernoa eta lapitza ateratzen ditu poltsikotik).

JACK: Eskerrik asko, Lady Bracknell, nahiago dut zutik egon.

LADY BRACKNELL: (Lapitza eta koadernoa eskuan). Gauza bat esan behar dizut ezer baino lehen, Mr Worthing: ez zaitut ezkongai egokien zerrendan sartu, nahiz eta Boltongo dukesa maiteak daukan zerrenda berbera daukadan neuk ere. Izan ere, bata bestearen arrimuan aritzen gara lanean. Hala eta guztiz ere, prest nago zure izena nire zerrendan sartzeko, baldin eta ama benetan amultsu honek espero dituen moduko erantzunak ematen badituzu. Erretzen al duzu?

JACK: Ba... bai, erretzen dudala aitortu behar dut.

LADY BRACKNELL: Pozten nau hori entzuteak. Gizonak beti eduki behar du zereginen bat, edozein delarik ere. Jende arduragabe gehiegi dago Londresen. Zenbat urte dituzu?

JACK: Hogeita bederatzi.

LADY BRACKNELL: Adin polita ezkontzeko. Nik beti pentsatu izan dut ezkondu nahian dabilen gizonak dena jakin behar duela, edo ezer ez bestela. Zuk zer dakizu, dena ala ezer ez?

JACK: (Zalantzaldi baten ondoren). Nik ezertxo ere ez, Lady Bracknell.

LADY BRACKNELL: Pozten naiz hori entzuteaz. Ez dut onartzen jatorrizko ezjakintasuna galarazten duen ezer. Ezjakintasuna fruitu exotiko delikatua bezalakoa da: ez al duzu ukitzen, zimeltzen da. Hezkuntza modernoari buruzko teoria osoak kolokan dauzka oinarriak. Beharrik hezkuntzak ez duen inolako ondorerik, Ingalaterran behintzat. Batere izango balu, arrisku handian jarriko lituzke goi-klaseak, eta bortizkeria eta indarkeria ekarriko lituzke Grosvenor Square ingurura. Zenbateko errenta duzu?

JACK: Urtean zazpi edo zortzi bat mila libra.

LADY BRACKNELL: (Koadernoan idazten du). Lurretan ala inbertsiotan?

JACK: Inbertsiotan gehienbat.

LADY BRACKNELL: Ez dago batere gaizki. Bizitzan dauzkagun betebeharren eta hildakoan dauzkagun ordaindubeharren [1] artean, lurrak egun ez du mozkinik ematen ez gozamenik eskaintzen. Lurrak estatus on bat ematen dizu, baina, halaber, berori eustea eragozten. Horra lurrari buruz esan daitekeen guztia.

JACK: Landan etxe bat daukat, bere lur eta guzti: mila eta bostehun bat akre, oker ez banago; baina ez nago horien beharrean nire errenta irabazteko. Egia esan, nik dakidala, isileko ehiztariak dira lur horietatik probetxu ateratzen duten bakarrak.

LADY BRACKNELL: Etxe bat landan! Zenbat logela? Tira, geroxeago argitu dezakegun gauza da hori. Hirian ere izango duzu etxerik, ezta? Gwendolen bezalako neskatxa xalo eta orain arte inoiz lohitu gabeko batek nekez etsiko luke landan.

JACK: Bai, etxe bat dut Belgrave Square-n, baina Lady Bloxham-ek errentan hartu du aurtengoz. Jakina, nahi dudanean eskura dezaket atzera, berari sei hilabete aurretik gaztigatuz gero.

LADY BRACKNELL: Lady Bloxham? Ez dakit nor den.

JACK: Oso gutxitan irteten da. Adinean sartuta dagoen dama bat da.

LADY BRACKNELL: Gaur egun, adinean zahartuta egoteak ez dakar nahitaez errespetagarritasuna berekin. Belgrave Square-ko zer numero?

JACK: 149.

LADY BRACKNELL: (Buruaz ukatuz). Modaz pasatako aldea. Banengoen ba zer edo zer izan behar zuela. Dena dela, erraz alda daitekeen gauza da hori.

JACK: Aldatu zer ordea, moda ala aldea?

LADY BRACKNELL: (Zorrotz). Biak, behar izanez gero. Zertzat daukazu zeure burua politikan?

JACK: Ba, egia esan behar badut, ezertzat ere ez. Liberal Unionista naiz.

LADY BRACKNELL: Hara, kontserbadorea, alegia. Kontserbadoreek gurean afaldu ohi dute. Gurera etortzen dira behintzat ilunabarretan. Ez duzu izango, noski, inolako harremanik Alderdi Erradikalarekin?

JACK: Ez ditut aurrez aurre jarri nahi asto jakinak eta askojakinak, hori esan nahi bazenuen, Lady Bracknell.

LADY BRACKNELL: Horixe da, hain zuzen, esan nahi nuena... Ehem! Galdera xumeagoak orain. Bizi al dituzu gurasoak?

JACK: Biak galdu ditut.

LADY BRACKNELL: Biak? Guraso bat galtzea, Mr Worthing, zoritxarreko ezbehartzat har daiteke..., baina biak galtzea axolagabekeria iruditzen zait. Nor zen zure aita? Dirutza handiak irabazitako gizon bat, inondik ere. Aldizkari erradikalek merkataritzaren gaina eta bikaina deitzen duten horretan sortutakoa zen, ala aristokraziaren mailatik hasita egin zuen gora?

JACK: Egia esan, ez dakit. Arestian, Lady Bracknell, gurasoak galdu nituela esan dizut. Zuzenago zatekeen esatea, beharbada, itxura guztien arabera gurasoek galdu nindutela ni... Egia esan ez dakit nor naizen jaiotzaz. Ni... zera... aurkitu egin ninduten.

LADY BRACKNELL: Aurkitu!

JACK: Mr Thomas Cardew zenak, jaun zahar eskuzabal eta adeitsu batek, aurkitu ninduen, eta Worthing izena eman zidan, Worthingerako lehen-mailako tren-txartela zuelako sakelan. Sussex-ko herri bat da Worthing. Atsedentoki bat itsas ondoan.

LADY BRACKNELL: Eta itsas ondoko atsedentoki horretarako lehen-mailako txartela zuen jaun eskuzabal horrek, non aurkitu zintuen?

JACK: (Ahots larriz). Poltsa baten barruan.

LADY BRACKNELL: Poltsa baten barruan?

JACK: (Serio-serio). Bai, Lady Bracknell. Poltsa batean nengoen, larru beltzeko poltsa handi samar batean, helduleku eta guzti zeukan poltsa arrunt batean.

LADY BRACKNELL: Eta non topatu zuen Mr James edo Thomas Cardew delako horrek poltsa arrunt hori?

JACK: Victoria Station-eko arropazaindegian. Beste batena eman zioten berearen ordez.

LADY BRACKNELL: Victoria Station-eko arropazaindegian?

JACK: Bai. Brighton aldeko espaloian.

LADY BRACKNELL: Espaloiak ez du axola. Mr Worthing, harri eta zur utzi nauzula aitortu behar dizut. Poltsa baten barruan hazia izanak, edo hezia behinik behin, poltsak heldulekuak izan edo ez, familia-bizitzaren ohiko moduzkotasun hori gutxiesten duela iruditzen zait, eta Frantziako Iraultzako gehiegikeria okerrenak oroitarazten dizkit. Eta zoritxarreko higikunde horrek nora eraman gaituen ongi jabetuko zara noski. Poltsa azaldu zeneko lekuari berari dagokionez, tren-geltoki bateko arropazaindegia oso leku egokia izan daiteke inoren irristada ezkutatzeko..., eta horretarako erabilia izango zen segur aski orain baino lehen ere..., baina goi-mailako gizartean aintzat hartua izateko, ez da inola ere oinarri sendoa.

JACK: Atrebentzia ez bada, zer egingo zenuke zuk nire lekuan? Esan beharrik ere ez dago nik edozer egingo nukeela Gwendolenen zoriontasuna ziurtatzeko.

LADY BRACKNELL: Nik biziki gomendatzen dizut, Mr Worthing, lehenbailehen ahaideren batzuk eskuratzen saiatzea; eta zeure esku dagoen guztia egitea eskatuko nizuke, gutxienez guraso bat —edozein sexutakoa— jendaurrean aurkezteko aurtengo aldia bukatu baino lehen.

JACK: Ez dakit hori guztia egiteko modurik izango dudan. Poltsa nahi duzunean aurkez diezazuket. Etxeko jantzigelan daukat. Uste dut horrek aski beharko lukeela zu biguntzeko, Lady Bracknell.

LADY BRACKNELL: Bigundu ni, jauna! Zer zerikusi du horrek nirekin? Ez duzu ba usteko ez nik ez Lord Bracknellek ametsetan ere utziko dugunik geure alaba bakarra, konturik handienaz hazitako neskatxa, arropazaindegi batera ezkontzen eta fardel batekin uztartzen, ezta? Egun on, Mr Worthing! (Jack haserre zutitzen da). Zabaldu atea, mesedez. Ongi jabetuko zarenez, hemendik aurrera ez da inolako harremanik izango Miss Fairfax eta zure artean.

 

(Lady Bracknell irten egiten da, handi-airez eta haserre. Algernonek, ondoko gelan, eztei-martxa jotzen du. Jack, sutan, aterantz doa).

 

JACK: Jainkoarren, etzak hileta-martxarik jo, Algy! Ergela halakoa!

 

(Musika isiltzen da eta Algernon sartzen da, alaitsu).

 

ALGERNON: Zer, gauzak ez zaizkik ongi atera, adiskidea? Ez didak esango Gwendolenek ez hauela onartu? Bai, bazakiat, horrelakoa duk bera. Beti jendea zapuzten. Hori dik akatsik handiena nire ustez.

JACK: Gwendolenek lehengo lepotik zaukak burua, eta txit firme zagok berean. Berari dagokionez, gu senar-emaztegaiak gaituk. Haren ama, berriz, eraman ezina duk. Ez diat sekula ezagutu bera bezalako Gorgonarik [2]... Egia esan, Gorgonak nolakoa diren ere ez zakiat, baina ziur nagok Lady Bracknell horietako bat dela. Nolanahi ere, munstro bat duk, baina ez mito bat, eta hori ere ez duk oso zuzena... Barkatu, Algy; ez nikek horrela hitz egin behar hire izebaz hire aurrean.

ALGERNON: Ene mutil maitea, oso atsegin zaidak ahaideak nola maiseatzen dituzten entzutea. Hori duk haiek onez eramaten laguntzen didan gauza bakarra. Ahaideak jende-saldo aspergarria besterik ez duk: ez zakitek bizitzaz gozatzen, eta urrutitik ere ez ditek sumatzen hiltzea noiz komeni den.

JACK: Nik ez diat ahaiderik! Ahaideak zer diren ere ez zakiat.

ALGERNON: Hi haiz hi zorionekoa. Ahaideek sekula ez ditek dirurik mailegatzen, ez krediturik ematen, ezta jenio bat izanda ere. Bere onetik ateratako jende-kasta bat duk.

JACK: Eta azken batean, zer axola du gizon batek aita eta ama izateak edo ez izateak? Amak, jakina, zoragarriak dituk denak. Semearen zorra ordaintzen ditek beren berriketaz gogaitu gabe. Aitek ordea, beren berriketaz gogaitzen ditek semea, eta zorra ordaindu ez. Ez diat aitarekin hitz egiten duen gazte bat bera ere ezagutzen klubean.

ALGERNON: Ez! Aitek ez ditek oso ospe ona izan orain arte. (Arratsaldeko berripapera hartzen du).

JACK: Ospe ona! Lepoa jokatuko nikek hik eta nik ezagutzen ditugun gazte guztietatik bat bakarrak ere ez duela nahi aitarekin Saint James' Street-en paseatzen ikus dezaten. (Geldiune bat). Zer berri dakar paperak?

ALGERNON: (Irakurtzeari utzi gabe). Zaharrak berri.

JACK: Eskerrak!

ALGERNON: Sekula ez zagok ezer berri paperetan, nik dakidala behintzat.

JACK: Niri, aldiz, berriz beteta daudela iruditzen zaidak. Beti ari dituk ezagutzen ez dugun, inoiz ikusi ez dugun eta bost axola zaigun jende berriaz alamena ematen. Astakirtenak!

ALGERNON: Ezagutzen ez dugun jendea xarmagarria iruditzen zaidak niri. Nik neuk, sekula ikusi ez dudan neskatxa bat zaukaat begiz jota, ondo jota hala ere.

JACK: Ez esan txorakeriarik!

ALGERNON: Ez diat txorakeriarik esaten!

JACK: Tira, ez nauk horretaz eztabaidan hasiko. Hi beti habil gauza batez edo bestez eztabaidatu nahian.

ALGERNON: Horretarako sortu zituan, hain zuzen, gauzak.

JACK: Hik bezala pentsatuko banu, neure buruaz beste egingo nikek, zin zagiat... (Geldiune bat). Gwendolen ez duk, ehun eta berrogeita hamar bat urte barru, bere ama bezalakoa bilakatuko, ezta, Algy?

ALGERNON: Emakume guztiak bilakatzen dituk beren ama bezalakoak. Horra haien tragedia. Gizonak, berriz, ez. Horra haiena.

JACK: Ba al du zentzurik horrek?

ALGERNON: Esaldi biribila duk! Eta egia garbia, bizitza zibilizatuari buruzko beste edozein oharpen bezain.

JACK: Nazka-nazka eginda nagok zentzutasunaz. Gaur mundu guztia duk zentzuduna. Ezin haiz inora joan jende zentzuduna topatu gabe. Dagoeneko gaitz publiko izugarria bilakatu duk hau. Jainkoari nahi dakiola ergelen bat edo beste uztea gure artean!

ALGERNON: Batzuk utzi zizkiguk.

JACK: Pozik ezagutuko nitizkek. Zertaz hitz egiten dute?

ALGERNON: Ergelek! Jende argiaz, jakina, zertaz bestela?

JACK: Bai ergelak!

ALGERNON: Eta horretaz ari haizela, esan al diok Gwendoleni egia hire izenaz, hirian Fidel eta landan Jack haizelakoa?

JACK: (Erabateko etorkortasunez). Adiskide atsegin hori, egia ez duk neskatxa polit ezti pertxenta bati esateko moduko gauza. Zein ideia bitxiak dituan emakume batekin jokatzeko moduaz!

ALGERNON: Emakume batekin jokatzeko modu bakarra duk bera lausengatzea, baldin emakume polita baldin bada, eta beste norbait lausengatzea, itsusia baldin bada.

JACK: Ez esan txorakeriarik!

ALGERNON: Zer moduz dago Miss Cardew, hire ardurapeko damatxo gazte hori? Zer moduz dago hire anaia Fidel etxekaltea?

JACK: Cecily oso ongi zagok. Eta aste hau bukatu baino lehen akabatuko diat anaiarekin. Parisen hilko diat segur aski.

ALGERNON: Zergatik Parisen?

JACK: Arazo gutxiago: hiletarik eta horrelako txorakerien beharrik ez... Bai, Parisen hilko diat... Apoplegia bat aukeran etorriko lukek. Jende asko hiltzen duk apoplegiaz bat-batean, ezta?

ALGERNON: Bai, baina apoplegia ondoretasunezko eritasuna duk, adiskide maite hori. Familiatik datorren gauza horietako bat.

JACK: Jainko maitea! Orduan ez diat hori aukeratuko. Zer esan nezake?

ALGERNON: Esan gripea harrapatu duela.

JACK: Hori ez lukek oso sinesgarria izango. Jende gehiegik harrapatu dik gripea.

ALGERNON: Hortaz, esan ezak hire gogoko zerbait. Esan hotzeri handi batek jo duela. Hori oso egokia duk.

JACK: Ziur hago hotzeria ez dela ondoretasunezko eritasuna edo antzeko zerbait?

ALGERNON: Zer izango da!

JACK: Ongi zagok. Horixe, orduan.

ALGERNON: Baina ez al huen esan... Miss Cardewri oso erakargarria zitzaiola... erakargarriegia, aukeran... hire anaia Fidel gaixoa? Ez al du pena ikaragarriz hartuko haren heriotzaren berria?

JACK: Ez zagok zertan kezkatu. Cecily ez duk neska erromantiko zuntzun horietako bat, eta pozten naik esateak. Apetitu ederra zaukak, ibilaldi luzeak egiten ditik, eta ez dik batere arretarik jartzen bere ikasgaietan.

ALGERNON: Cecily ezagutzeko irrikitan nagok.

JACK: Neure esku dagoen guztia egingo diat sekula ezagutu ez dezaan. Eta gainera, ez hioke Cecily deitu behar.

ALGERNON: Ez duk oso emakume polita izango. Ez, bazakiat nolakoa izango den. Nonahi topa daitezkeen neska intelektual hits horietako bat, neska adimen-zabal bezain oin-zabal horietako bat. Ziur nagok ohi baino itsusiagoa dela, hogeita hemeretzi bat urte izango ditik, eta horiek guztiak dituela emango dik, gainera.

JACK: Ba, hara non Cecily politegia den eta hemezortzi urte besterik ez dituen.

ALGERNON: Eta esan al diok Gwendoleni hemezortzi urte besterik ez dituen neskatxa politegi bat duala hire ardurapean?

JACK: Jendeari ezin zaiok besterik gabe horrelakorik esan. Bizitzan txit zuhur jokatu behar duk. Apurka-apurka heltzen duk bat xedera. Cecily eta Gwendolen, hago ziur, inon diren adiskide minenak bilakatuko dituk. Edozer jokatuko nikek elkar ezagutu eta handik ordu erdi batera batak besteari ahizpa deitu baietz.

ALGERNON: Emakume batek beste bati ahizpa deitzerako beste gauza asko deituko ziok lehenago. Orain, nire mutil maitea, Willis's-en mahai on bat hartu nahi badugu, arropaz aldatzera joan beharko diagu. Honezkero zazpiak izango dituk.

JACK: (Haserre). Hiretzat beti dituk zazpiak!

ALGERNON: Goseak nagok.

JACK: Inoiz ez haut bestela ikusi... Tira, ongi zagok. Orain Albanyra itzuliko nauk, eta gero hirekin elkartuko nauk Willis's-en zortzietan. Harakoan nire bila etor haiteke nahi baduk.

ALGERNON: Zer egingo dugu afaldu ondoren? Antzerkira joango gara?

JACK: Ez! Gogaikarria zaidak entzuten egotea.

ALGERNON: Klubera joango gara, orduan?

JACK: Ez! Gorroto diat hitz egitea.

ALGERNON: Nahi baduk, sartu-irten bat egin genezakek Empire-n hamarretan.

JACK: Ez! Ezin diat eraman gauzei begira egotea. A zer lelokeria!

ALGERNON: Zer egingo dugu, orduan?

JACK: Ezer ez!

ALGERNON: Izugarri lan astuna duk ezer ez egitea. Dena dela, nik ez zioat beldurrik lan astunari helburu jakinik ez dagoenean.

 

(Lane sartzen da).

 

LANE: Miss Fairfax.

 

(Gwendolen sartzen da. Lane irten egiten da).

 

ALGERNON: Gwendolen, alajaina!

GWENDOLEN: Algy, bizkarrez jarri, mesedez. Zerbait oso berezia esan behar diot Mr Worthingi. Gu bion arteko kontu pribatua denez, adi-adi egongo zara, noski.

ALGERNON: Benetan esaten dizut, Gwendolen, ez dut uste hau inola ere onar dezakedanik.

GWENDOLEN: Algy, moralaren aurkako jarrera estua hartzen duzu bizitzaren aurrean beti. Eta ez zara aski zaharra horretarako.

 

(Algernon beheko surantz baztertzen da).

 

JACK: Ene bihotzeko laztana!

GWENDOLEN: Fidel, agian ez gara inoiz ezkonduko. Amaren aurpegia ikusita, beldur naiz ez garela sekula elkarrekin ezkonduko. Gaur egun guraso gehienek ez dituzte aintzat hartzen seme-alaben hitzak. Gazteonganako behinolako begirunea gainbehera doa laster bizian. Amarengan ondoreren bat eragiteko gaitasunik sekula izan badut, hiru urte nituela galdu nuen hori. Baina amak zu eta biok senar-emazte bihur gaitezen galaraziko balu ere, eta ni beste norbaitekin ezkonduagatik, are askotan ezkondu ere, hark ezingo du inola ere aldatu nire zuganako jaidura betierekoa.

JACK: Gwendolen maitea!

GWENDOLEN: Zure jatorri erromantikoaren kondairak —amak azaldu baitit, iruzkin zakar batzuk eta guzti— nire izatasunaren barren-barreneko giharrean ukitu nau, jakina. Zure bataio-izenak eutsi ezineko indar batez erakartzen nau. Zure izaera tolesgabea dela eta, zoragarriro ulertezina zara niretzat. Albanyko zure helbidea badut. Zein da zure helbidea landan?

JACK: Manor House, Woolton, Hertfordshire.

 

(Algernonek, adi-adi egon baita, barre egiten du bere baitarako, eta helbidea idazten du atorraren eskumuturrean. Gero tren-aurkibide bat hartzen du).

 

GWENDOLEN: Han posta-zerbitzu ona izatea espero dut. Beharbada zerbait egin beharrean izango gara etsi-etsian. Hori, noski, geldiro hausnartu beharko da. Egunero izango duzu nire berri.

JACK: Ene kuttuna!

GWENDOLEN: Noiz arte geratuko zara hirian?

JACK: Astelehena arte.

GWENDOLEN: Ederki! Algy, buelta eman dezakezu orain.

ALGERNON: Eskerrik asko, dagoeneko buelta emanda nago.

GWENDOLEN: Eta txilina jo dezakezu bidenabar.

JACK: Lagundu al diezazuket kotxeraino, ene kuttuna?

GWENDOLEN: Bai, jakina.

JACK: (Lane gelan sartzen da, eta Laneri berari). Neuk lagunduko diot Miss Fairfaxi orgaraino.

LANE: Bai, jauna.

 

(Jack eta Gwendolen irten egiten dira).

(Lanek zenbait gutun eskuratzen dizkio Algernoni erretilu batean. Ezagun da fakturak direla, Algernonek azalak begiratu eta puskatu egiten baititu).

 

ALGERNON: Kopa bat jerez, Lane.

LANE: Bai, jauna.

ALGERNON: Bihar, Lane, bunburytzera noa.

LANE: Bai, jauna.

ALGERNON: Segur aski ez naiz astelehena arte itzuliko. Prestatu, mesedez, nire gaueko jantziak, txabusina, eta Bunburyren janzki guztiak...

LANE: Bai, jauna. (Jereza eskuratzen dio).

ALGERNON: Eguraldi onaren esperantza dut biharko, Lane.

LANE: Hemen beti txarra, jauna.

ALGERNON: Lane, ezin ezkorragoa zara gero.

LANE: Nire esku dagoen guztia egiten dut atsegina izateko, jauna.

 

(Jack sartzen da. Lane irten egiten da).

 

JACK: Horra hor neskatxa zentzudun argia! Nire bizitzan atsegin izan zaidan neskatxa bakarra. (Algernon barre-algaraka hasten da). Zerk ematen dik halako barregura?

ALGERNON: Kezkatuxea nagok Bunbury gaixoa dela eta, besterik ez.

JACK: Kontu egiten ez baduk, hire lagun Bunburyk estutasun larrian jarriko hau egunen batean.

ALGERNON: Oso gogoko ditiat estutasunak. Estutasunak dituk serioak ez diren gauza bakarra.

JACK: Ez esan txorakeriarik, Algy. Txorakeriak besterik ez duk esaten.

ALGERNON: Mundu guztiak bezala.

 

(Jackek haserre begiratzen dio eta irten egiten da. Algernonek zigarroa pizten du, atorraren eskumuturrean idatzitakoa irakurri, eta irribarre egiten du).

 

Oihala

 

 

[1] 1894an gobernu liberalak ezarri zuen zergaz ari da, oinordekotzan jasotako kapitalari ezarritakoa, aberatsen kalterako eta nahigaberako.

[2] Gorgonak: Greziako mitologiako munstroak. Ile ordez sugeak, atzamar zorrotzak eta hagin beldurgarriak zituztela irudikatu ohi ziren. Haiei begira geratzen zen oro harri bihurtzen zen.

 

 

© Oscar Wilde

© itzulpenarena: Antton Olano

 

 

"Oscar Wilde / Fidel izan beharraz" orrialde nagusia

Oscar Wilde euskaraz