27.
KEMPEN ETXEKO SETIOA

 

        Kempek gutun misteriotsu bat irakurri zuen, orri koipetsu batean arkatzez idatzirik iritsi zitzaiona.

        «Izugarri kementsu eta bizi jokatu duzu —zioen gutunak baina horrekin zer irabazi nahi duzun asmatu ezinik naukazu. Nire kontra jarri zara. Egun guztian zehar ni ehizatu nahian jardun duzu; gaueko atsedena ere lapurtu nahi izan didazu. Baina jan dut, eta lo ere egin ahal izan dut, zure ahalegin guztiengatik ere. Orain hasi da jolasa. Hasi besterik ez da egin. Izuari hasiera ematea baizik, beste zereginik ez da gelditzen. Izuaren lehenengo eguna iragartzen du gutun honek. Port Burdock ez da Erreginaren esanetara egongo gehiago, esaiozu hori polizia-koronelari, eta gainerako guztiei; nire mende dago dagoeneko, Izuaren mende! Gaurkoa da aro berriaren, Gizon Ikusezinaren aroaren, lehen urteko lehen eguna. Eta ni Gizon Ikusezin I.a naiz. Agintaldiaren hasiera oso erraza izango da. Lehenengo egunean exekuzio bat izango da, gainerakoentzat ereduzko izan dadin: Kemp izeneko gizon baten exekuzioa. Herio etorriko da gaur. Giltzapean gordeko da, ezkutatu egingo da, goardiak izango ditu inguruan, eta armadura jantziko du, nahi badu. Baina Herio nagusituko zaio, Herio Ikusezina! Har ditzala, bai, hari aurre egiteko neurriak; horrela are gehiago liluratuko dut neure jendea. Heriotza postakutxatik aterako da, eguerdian; postariak sartuko du han gutuna. Orain hasi da jolasa. Badator Herio. Eta ez iezaiozue lagundu gero, herritar maiteok, baldin eta zuek ere Herioren esku erori nahi ez baduzue. Gaur bertan hilko da Kemp.»

        Bi aldiz irakurri zuen gutuna.

        — Hau ez da txantxetan ari gero! —esan zuen Haren ahotsa da! Eta benetan ari da.

        Orri tolestuaren atzealdea begiratu zuen. Hintondeango posta zerbitzuko zigilua ikusi zuen, eta ohiko mezua: ordain bitez 2 penike.

        Bazkaria amaitu gabe —ordubateko postarekin iritsi zen gutuna poliki-poliki zutitu eta langelara joan zen. Etxezainari deitu zion; etxe guztia miatzeko, leihoetako kisketak begiratzeko eta pertsiana guztiak ixteko eskatu zion. Logelakoak berak itxi zituen; giltzaturik zuen tiradera batetik errebolber txiki bat hartu, arreta handiz begiratu eta jakako poltsikoan sartu zuen. Ohar labur batzuk idatzi zituen —Adye koronelari bat eta neskameari eman zizkion, etxetik nola irten behar zuen azaltzeko hainbat xehetasunekin batera.

        — Ez dago inongo arriskurik —esan zuen Kempek, baina bere gogoan «zuretzat» erantsi zion esaldiari.

        Eta bere gogoetetan murgildu zen. Gero bazkari erdi hoztua utzita zeukan gelara itzuli zen.

        Jaten hasi zen. Tarteka bere gogoetetan murgiltzen zen. Azkenean mahaia jo zuen indarrez.

        — Harrapatu egin behar dugu! —esan zuen Eta neu izango naiz amua. Amua irentsiko du!

        Langelara igo eta ate guztiak kontu handiz itxi zituen.

        — Jolas bat da —esan zuen jolas inozo bat, baina nire esku ditut irabazteko aukera guztiak, Griffin jauna, nahiz eta zu ikusezina izan. Griffin contra mundum, mendeku batekin!

        Leihotik muino berora begira gelditu zen.

        — Egunoro jan beharko du. Ez nuke haren larruan egon nahi. Baina egia ote da bart lo egitea lortu zuela? Aterperik gabe izango zen, izatekotan, inorekin behaztopa ez egitearren. Nahiago nuke eguraldi hotz hezea bagenu, epeltasun hau baino. Orain bertan nire zelatan ibiliko da agian.

        Leihoa ixtera joan zen. Leihoaren kanpoaldeko adreiluen kontra jo zuen zerbaitek, indar handirik gabe, eta atzera egin zuen Kempek, ikaratuta.

        — Urduritzen hasia naiz —esan zuen, baina bost minutu igaro aurretik leihoan zen berriro Txolarre bat izango zen.

        Sarrera-ateko txirrina entzun zuen; ziztu batean jaitsi zen. Ateko giltza jiratu eta kisketa ireki zuen; katea arretaz begiratu eta ezarri, eta kontuz ireki zuen atea, bera agerian gelditu gabe. Ahots ezagun bat kanpotik deika ari zen. Adye zen.

        — Zure zerbitzariari eraso dio, Kemp —esan zuen atearen beste aldetik.

        — Zer? —oihu egin zuen Kempek.

        — Niretzako zekarren oharra kendu dio. Hemen inguruan dabil. Utz nazazu sartzen.

        Kempek katea askatu eta Adye barrura sartu zen, atea bera pasatzeko lain bakarrik irekita. Ezkaratzean gelditu zen; izugarrizko lasaitua hartu zuen Kempek atea itxi zuenean.

        — Eskutik kendu dio oharra. Ikara-ikara eginda utzi du. Behean da gajoa, polizia-bulegoetan. Bere onetik aterata dago. Bestea, berriz, hemen hurbil dabil. Zer nahi zenuen?

        Kempek birao egin zuen.

        — Bai inozoa ni! —esan zuen Kempek Nola ez naiz konturatu, baina! Hintondeanera ordu bete ere ez dago oinez. Jakina!

        — Zer? —galdetu zion Adyek.

        — Begira! —esan eta langelarako bidea hartu zuen Kempek. Adyeri eman zion Gizon Ikusezinak bidalitako gutuna. Adyek irakurri eta txistu egin zuen indar handiz.

        — Eta zuk? —esan zuen Adyek.

        — Amarrua egin nahi nion —esan zuen Kempek eta proposamena nire neskamearekin bidali dizut. Zertarako, eta berak irakurtzeko!

        Kempek egindako hutsaz ohartu zen Adye.

        — Eta orain ihes egingo digu —esan zuen.

        — Ez dut uste —Kempek.

        Beira apurtuen hotsa entzun zen goian. Adyek Kempen poltsikotik erdi irtenda zegoen errebolber txikiaren zilar-distira ikusi zuen.

        — Leiho bat, goian! —esan eta gora abiatu zen Kemp.

        Zurubian zeudela beste hots bat entzun zuten. Langelara iritsi zirenean hiru leihoetatik bi hautsita zeudela ohartu ziren, gelaren erdian beira apurtu pila zegoen eta harri handi bat ikusi zuten idazmahaian. Atean gelditu ziren bi gizonak, txikizioari begira. Biraoka hasi zen berriro Kemp. Hirugarren leihoa hautsi zen, tiro batek jo balu bezala; pitzatuta gelditu zen hasieran eta milaka triangelu txikitan hautsita gela barnera erori zen azkenik.

        — Zer arraio gertatzen ari da? —galdetu zuen Adyek.

        — Hasiera besterik ez da hau —erantzun zion Kempek.

        — Ezingo da horman gora igo, ezta?

        — Katu batek ere ezingo luke —esan zuen Kempek.

        — Ez al dago pertsianarik?

        — Hemen ez. Beheko geletan bai, baina hemen... Hara!

        Eta beste hots bat eta egur karraskak entzun zituzten behean.

        — Madarikatu hori! —esan zuen Kempek Logela batean, hori da... logela batean izan da. Etxe guztia txikituko du. Baina inozo bat besterik ez da. Zeren pertsianak igota daude, beira puskak kanpora eroriko dira eta ebakiak egingo zaizkio oinetan.

        Beste leiho batek ere haustera zihoala iragarri zuen hotsaren bidez. Bi gizonak harri eta zur zeuden zurubian.

        — Badakit! —esan zuen Adyek Emaidazu makila bat edo zerbait; bulegoetara jaitsi eta zakurrak ekarriko ditut. Horiek atzemango dute! Hamar minututan akabo!

        Beste leiho batek aurrekoen bide bera hartu zuen.

        — Ba al duzu errebolberrik? —galdetu zion Adyek.

        Kempek eskua poltsikoan sartu zuen eta duda-mudatan gelditu zen.

        — Ez, ez dut; soberan ez, behintzat.

        — Itzuliko dizut —esan zion Adyek zu seguru zaude hemen.

        Kempek arma eman zion, egia esan izanaz damututa.

        — Banoa ate aldera —esan zuen Adyek.

        Ezkaratzean zalantzan zebiltzala, lehenengo solairuko logela bateko leihoa pitzatu eta hautsi zela entzun zuten. Kemp ate aldera joan eta ateko kisketak irekitzen hasi zen ahal bezain isilik. Ohi baino zurbilago zuen aurpegia.

        — Bizkor-bizkor irten beharko duzu —esan zion Kempek.

        Adye ateko mailadira irten zenean berriro itxi ziren ateko kisketak. Zer egin ez zekiela zegoen. Erosoago sentitzeko bizkarra atearen kontra jarri zuen. Mailadia jaisten hasi zen, tente-tente eta ondo zutik. Lorategitik igaro eta hesiko atera joan zen. Haizeak belarra kulunkatzen zuela iruditu zitzaion. Horretan, zerbait mugitu zen haren ondoan.

        — Geldi hor! —esan zuen Ahots batek. Adye harri bat bailitzan gelditu zen; errebolberra estutu zuen.

        — Bai? —esan zuen Adyek, zurbil eta muker, nerbio guztiak airean.

        — Mesede handia egingo zenidake etxera itzuliko bazina —esan zuen Ahotsak, Adye bezain muker eta zurrun.

        — Barkatu —esan zuen Adyek zakar, ezpainak mihiaz bustitzen zituen bitartean. Ahotsak ezkerraldetik hitz egiten ziola iruditu zitzaion. Errebolberrarekin saiotxo bat egin beharko al zuen?

        — Nora zoaz? —galdetu zion Ahotsak. Bizkor mugitu ziren biak, eta eguzki izpi bat islatu zen Adyeren poltsiko irekian.

        Ideia hura bertan behera utzi eta pentsatzen jarri zen Adye.

        — Nora joaten naizen ala ez naizen —esan zuen mantso-mantso nire kontua da.

        Hitzak artean ezpainetan zituela beso batek lepotik heldu, belaun batek bizkarretik bultzatu eta atzerantz erori zen. Trinkili-trankala zutik jarri eta airera tiro egin zuen. Ahoan kolpe bat eman eta errebolberra kendu zioten eskutik. Gorputz adar labainkor bat harrapatzeko ahalegina egin zuen, eta zutitzen saiatu zen, baina atzerantz erori zen berriro.

        — Arraioa! —esan zuen Adyek.

        Ahotsa barrez hasi zen.

        — Hil egingo zintuzket, baina bala bat alferrik ez galtzearren... —esan zuen Ahotsak.

        Errebolberra airean dilindan ikusi zuen Adyek, lurretik sei oinera edo, berari apuntatzen ziola.

        — Eta? —galdetu eta eseri egin zen Adye.

        — Zuti zaitez —agindu zion Ahotsak.

        Zutitu egin zen.

        — Adi! —esan zuen Ahotsak, eta irmo jarraitu zuen Azpi-jokorik ez! Gogoan izan nik zure aurpegia ikusten dudala, baina zuk ezin duzula nirea ikusi. Etxera itzuli behar duzu.

        — Ez dit sartzen utziko —esan zion Adyek.

        — Hori zoritxarra! —esan zuen Gizon Ikusezinak Zure kontra ez nuen, bada, ezer.

        Adyek ezpainak busti zituen berriro. Errebolberraren kanoi gainetik begiratu zuen: itsasoa, urdin-urdin eta eguerdiko eguzkitan ilun, zelai berdeak, muino-kaxko argia eta herri jendetsua ikusi zituen urrutian, eta bizitza zein gozoa den ohartu zen. Zeru-lurren artean lurretik sei oinera dilindan zegoen metalezko gauzatxo hari begiratu zion atzera.

        — Zer egin dezaket nik, ordea? —esan zuen etsita.

        — Eta zer egin dezaket nik? —galdetu zion Gizon Ikusezinak Languntza eske zindoazen. Baina etxera itzuli beharko duzu.

        — Saiatuko naiz. Baina hitz ematen didazu sartzen uzten badit ez duzula atea hautsiko?

        — Zure kontra ez nuen ezer —Ahotsak.

        Adye etxetik irten zenean korrika igo zen Kemp. Langelako beira pusken artean belaunikatuta leiho-barrenaren ertz batetik zelatan zegoela Adye Gizon Ikusezinarekin hizketan ari zela konturatu zen.

        — Zergatik ez dio, baina, tiro egiten? —zioen Kempek hasperen batean eta ahapeka.

        Errebolberra apur bat mugitu zen, eta eguzkiaren islak begiak itsutu zizkion Kempi. Begiak eskuaz babestu zituen, zer demontrek itsutu zuen ikusi ahal izateko.

        — Noski! —esan zuen Adyek errebolberra eman dio.

        — Atea ez duzula hautsiko hitz eman behar didazu —ari zen Adye bitartean Ez zaitez zure abantailaz baliatu, emaiozu aukera bat.

        — Zu itzul zaitez etxera. Eta gogoan izan ez dizudala ezeren hitz eman.

        Adyek erabakia hartuta zuela zirudien. Etxera itzuli zen, mantso-mantso, eskuak atzean jarrita. Kemp begira gelditu zitzaion. Errebolberra desagertu, berriro dizdiz egin, atzera desagertu eta, zorrotzago zelatatu ondoren, Adyeren atzetik zihoan gauzaki ilun hura zela errebolberra ikusi zen. Gauzak oso laster gertatu ziren. Adyek atzerantz jauzi egin, bere orpoen gainean jiratu eta gauzaki txiki hari oldartu zitzaion. Ez zuen harrapatzerik lortu, ordea; eskuak jaso eta ahozpez erori zen, airean ke urdinxka bat utziaz. Kempek ez zuen tiro-hotsik entzun. Uzkurtu, albo baten gainean etzan eta zerraldo gelditu zen Adye.

        Adyeren egoera baldarrari begira gelditu zen Kemp apur batean. Arratsalde sargori eta lasaia zen; munduan den-dena geldirik zegoela zirudien, etxearen eta lorategiko atearen arteko zuhaixketan bata bestearen atzetik hegaka zebiltzan bi tximeleta hori izan ezik. Adye belarretan zetzan, atetik hurbil. Muinoan beheko errepide bazterretako villa guztietako pertsianak jaitsita zeuden, baina gizirudi zuri bat ikusten zen mintegi berde txiki batean: lo zegoen agure bat ematen zuen. Kempek etxe inguruak aztertu zituen errebolberraren bila, baina arrastorik ez! Adyeri begiratu zion berriro. Hasia zen jolasa, zalantzarik gabe.

        Sarrera-atean txirrina eta hatz-kozkorren kolpeak entzun ziren, azkenerako zalaparta bihurtu zirenak. Baina Kempek emandako aginduei jarraiki, nor bere gelan giltzapetu ziren zerbitzari guztiak. Handik apur batera isil-isilik gelditu zen dena. Kemp eserita zegoen, adi-adi; gero kontu handiz hiru leihoetatik begiratu zuen. Zurubira hurbildu eta entzuten gelditu zen urduri. Logelako bertzuna arma gisa hartuta lehenengo solairuko leihoetako barne-kisketak berriro aztertzera jaitsi zen. Zuzen eta isilik zegoen dena. Langelara itzuli zen. Adye ez zen mugitu: zerraldo zegoen hartxintxarrezko bidexkan, erori zen toki berberean. Errepideko villen artetik etxezaina eta bi polizia agertu ziren.

        Hilda bezala zegoen dena, isil-isilik. Hiru haiek poliki-poliki zetozela zirudien. Etsaia zertan ari ote zen galdetu zion Kempek bere buruari.

        Horretan, asaldatu egin zen. Beste karraska bat entzun zen behean. Zalantzan gelditu zen hasieran, baina jaitsi egin zen. Kolpe astunak eta egur karraskak entzun ziren etxe guztian. Gero karraska bat eta pertsianetako burdinazko kisketen kankatekoak. Giltza jiratu eta sukaldeko atea ireki zuen. Hori egin zuen unean bertan sukalde barnera erori ziren pertsianak, ordurako pitzatuak eta zartatuak. Ahozabalik gelditu zen. Leihoaren egurrezko egitura ez zen hautsi, zehar-haga bat zuela eskerrak, baina egurrean kristalezko hortz txiki batzuk besterik ez ziren gelditu. Aizkora batek pertsianak hautsi zituen; leihoari eta hura babesten zuen burdin hagari joka hasi zen ondoren. Bat-batean alde batera joan eta desagertu egin zen. Kempek errebolberra ikusi zuen kanpoan, bidexkan; hegan bezala zebilen arma txikia. Kempek jauzi egin zuen atzerantz. Errebolberrak berandu egin zuen tiro, baina atea erabat itxi aurretik ate-ahotik ezpal bat askatu eta buruan jo zuen Kemp. Danbateko batez itxi eta giltzatu zuen atea; ateaz bestaldetik Griffinen ahotsa entzun zuen, oihuka eta algaraka. Aizkora lanean hasi zen berriro, dena zartatzen eta apurtzen.

        Kemp pasiloan gelditu zen. Pentsatzen saiatu zen. Gizon Ikusezina sukaldera sartzera zihoan, ateak ezingo zion haren erasoari eutsi, eta orduan...

        Sarrera-ateko txirrinak jo zuen. Poliziak izango ziren. Korrika ezkaratzera joan, askatu katea eta kisketak ireki zituen. Katea artean erabat askatu gabe zuela hitz egiten hasteko agindu zion neskameari. Katea askatu orduko arrapaladan sartu ziren hirurak; Kempek danbateko batez itxi zuen atea berriro.

        — Gizon Ikusezina! —esan zuen Kempek Errebolber bat dauka, eta bi bala. Adye hil du! Tiro eman dio behintzat. Ez al duzue belarretan ikusi? Hor dago zerraldo!

        — Nor, baina? —galdetu zion polizia batek.

        — Adye! —Kempek.

        — Ez, atzeko aldetik etorri gara —esan zuen neskak.

        — Zer da txikizio hau guztia? —galdetu zion lehengo polizia berak.

        — Sukaldean dago, edo egongo da aurki! Aizkora bat aurkitu du...

        Gizon Ikusezinak sukaldeko atean jotzen zituen kolpe izugarrien oihartzuna entzun zen etxe guztian. Neskak sukaldera begiratu zuen, dardara batean, eta jangelara joan zen. Hitz etenekin azalpenak ematen saiatu zen Kemp. Horretan, sukaldeko ateak nola eman zuen entzun zuten.

        — Hemendik! —esan zuen Kempek lanari ekinez; jangelako atetik bultzaka sartu zituen bi poliziak.

        — Bertzuna! —esan zuen Kempek tximiniara ziztu batean joanda.

        Eskuan zeraman bertzuna polizia bati eman zion, eta jangelako tximiniakoa, berriz, besteari. Berak atzerantz jauzi egin zuen.

        — Eeup! —esan zuen polizia batek, makurtuta; aizkora harrapatu zuen bertzunaz. Pistolak azken aurreko bala jaurti eta balio handiko Sidney Cooper bat urratu zuen. Bigarren poliziak, liztor bat harrapatzeko egiten den imintzio bera eginda, errebolberra jo zuen bere bertzunaz, eta punpaka erori zen arma txikia.

        Borroka hasi bezain laster oihu batean hasi zen neskamea tximiniaren ondoan; pertsianak irekitzera joan zen lasterka, txikitutako leiho batetik ihes egiteko asmoz edo.

        Aizkorak pasiloan atzera egin zuen, eta zorutik bi oinera edo jaitsi zen. Gizon Ikusezinaren arnasa entzuten zen.

        — Zuek biak kendu hortik —esan zuen Kemp da nik harrapatu nahi dudana eta!

        — Guk zu nahi, ordea —esan zuen lehenengo poliziak, aurrera egin eta bertzuna Ahotsa zetorren aldera astinduz. Gizon Ikusezina atzeratu egin bide zen; euritakoen ontziarekin estropezu egin zuen. Huts egindako kolpearen ondorioz zabuka zebilen polizia, eta Gizon Ikusezinak aizkorarekin erantzun zion: papera bezala zimurtu zen poliziaren kaskoa, eta kolpeak sukaldeko mailadiraino itzulika bidali zuen gizona. Bigarren poliziak, ordea, aizkoraren atzealdean astindu zuen bertzuna eta biguna zen zerbait jo zuen bete-betean. Minezko intziri bat entzun zen eta lurrera erori zen aizkora. Ezereza jo zuen berriro poliziak, baina ez zuen ezer aurkitu. Gero aizkora zapaldu eta beste kolpe bat eman zuen. Geldi-geldirik geratu zen, bertzunari tinko eusten ziola, mugimendu txikiena ere antzemateko.

        Jangelako leihoa ireki eta barruan urrats bizkor batzuk zebiltzala entzun zuen. Lankidea, bitartean, ahozgora jarri eta eseri egin zen, begia eta belarria odoletan.

        — Non da? —galdetu zuen lurrekoak.

        — Ez dakit. Baina zauritu egin dut. Ezkaratzean ibiliko da. Zure gainetik pasa ez bada, behintzat. Kemp doktorea! Jauna!

        Isiltasuna.

        — Kemp doktorea! —deitu zion berriro.

        Lankideak zutitzeko ahalegina egin eta, lortu ere, lortu zuen, azkenik. Sukaldeko mailadian oinutsak entzun ziren.

        — Hemen dabilela! —oihu egin zuen lehenengo poliziak, eta bertzuna astindu zuen tarrapatan; beso txiki bat hautsi zion gas-lanpara bati.

        Mailadian behera Gizon Ikusezinaren atzetik abiatzera zihoan. Baina hobeto pentsatu eta jangelan sartu zen.

        — Kemp doktorea... —hasi, baina bat-batean isildu zen Kemp doktorea heroi bat da —esan zuen, lankideak sorbalda gainetik begiratzen ziola.

        Jangelako leihoa zabal-zabalik zegoen; ez zen etxezainaren ez Kempen arrastorik.

        Bigarren poliziak Kempi buruz zuen iritzia eman zuen, oso hitz zorrotz eta adierazkorrez.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia