26.
WICKSTEED JAUNAREN HILKETA

 

        Antza denez, Gizon Ikusezina haserreak itsututa irten zen Kempen etxetik. Kempen etxeko hesitik hurbil jolasean ari zen haurtxo bat harrapatu eta alde batera bota zuen, halako indarrez non orkatila hautsi baitzion. Hurrengo orduetan gizakien zentzuek ez zioten antzeman Gizon Ikusezinari. Inork ez daki nora joan zen, ez eta zer egin zuen ere. Baina pentsatzekoa da ekaineko goiz hartan, bere zoritxarragatik amorratuta eta atsekabetuta, muinoan gora korrika joan zela, Port Burdockeko atzealdeko zabaldiraino; eta han, Hintondean inguruko sasiren batean, babesa hartu zuela, neka-neka eginda eta izerdi patsetan, bere espeziea menderatzera eramango zuen planaren hari-mutur guztiak lotzen saiatzeko. Han ezkutatu zela pentsatzea da bidezkoena, handik baitatoz hari buruzko hurrengo berriak, arratsaldeko ordu biak aldeko berri tragikoak hain zuzen.

        Zein aldarteko zegoen eta nolako planak asmatu ote zituen jakin nahiko luke batek. Zalantzarik gabe, oso atsekabetuta zegoen Kempek traizio egin ziola eta; bestalde, eta doktoreak traizio egiteko pisu handiko arrazoiak zituela ulertzeko gai bagara ere, ustekabe horrek Gizon Ikusezinari sortu zion amorrua zenbaterainokoa izango zen pentsa dezakegu, eta, neurri batean, ulertu ere uler dezakegu. Seguruenik Oxford Streeteko bizikizunek sortu zioten atsekabe berbera sentituko zuen orduan ere, itsu-itsuan sinetsita baitzegoen Kempek mundua izutzeko amets gaiztoa egia bihurtzen lagunduko ziola. Dena dela, eguerdi aldera gizadiaren begi-bistatik desagertu eta ez da lekuko bizirik aurkitu ordu bi eta erdiak arte zertan aritu zen esan lezakeenik. Ezer ere egin gabe igaro zuen denbora hura oso onuragarria izango zen agian gizadiarentzat, baina oso kaltegarria izan zen Ikusezinarentzat.

        Ordu horretan, gutxi gora-behera, gizon-aldra bat lanean ari zen landetan zehar sakabanatuta. Goizean leienda hutsa zen izua. Arratsalderako, ordea, Kempen iragarpen lehorrari esker batez ere, etsaia zen; ehizatu, harrapatu eta garaitu beharreko etsaia. Eta laster baino lasterrago antolatu zen hartarako landetako lurralde guztia. Ordu biak aldera trena hartuta ihes egiterik ere izango zuen, baina ordu biak ezkero ezinezkoa bihurtu zen hori. Izan ere, trenetako bidaiari guztiak, Southampton, Manchester, Brighton eta Horsham hiriek osatzen duten paralelogramo handiko trenbideetan bidaia egiten zuten guztiak beren departamentuak giltzaz itxita joan ziren, eta salgai gehienen garraioa bertan behera utzi zuten. Port Burdock inguruko hogei miliako eremuan su-armez eta makilez armatutako gizonak jarri zituzten, hiruzpalau laguneko taldeetan, zakurrekin errepideak eta larreak miatzen.

        Herrialdeko bide guztietan zehar zalditeriako poliziak zebiltzan; basetxe guztietan gelditu eta armarik gabe etxetik ez irteteko agintzen zieten bertakoei. Lehen hezkuntzako eskola guztiak hiruretan ixten hasi ziren, eta haurrak ziztu batean joan ziren etxera, taldeka, zeharo izuturik. Arratsaldeko laurak edo bostetarako ia barruti guztira zabaldu zuten Kempen iragarpena, Adyek sinatuta. Iragarpen horretan ematen ziren aditzera, labur baina argi, borrokaren ezaugarri guztiak; Gizon Ikusezinari jatena edo atsedena hartzen ez uzteko beharra, etengabe zelatatzeko eta haren mugimendu guztiak arretaz jarraitzeko beharra. Hain bizkorra eta erabakia izan zen agintarien lana, hain azkar zabaldu zen izaki bitxi haren existentziaren uste sendoa, ezen iluntzerako ehundaka milia koadro erabat harturik eta hesiturik baitzituzten. Eta iluntzerako, era berean, halako izuikara bat zabaldu zen landa asaldatu haietan zehar; Wicksteed jaunaren hilketaren kontakizuna konderriaren luze-zabal guztira zabaldu zen; ahoz aho zabaldu zen, bizkor eta zehatz-mehatz.

        Gure ustez, Gizon Ikusezina Hintondeango sasietan ezkutatu bazen, eta uste hori zuzena bada, arma bat eskatzen zuen planen bat asmaturik arratsaldeko lehen orduetan irten zela ere pentsa dezakegu. Ez dakigu zein zen plana, baina zalantza izpirik ez dago, nire ustez, Wicksteedekin topo egin zuenean eskuan zeramala burdin haga.

        Jakin, ez dakigu zer gertatu zen harekin topo egin zuenean. Baina badakigu hartxintxar-harrobi baten ertzean izan zela, Burdock jaunaren etxetik berrehun metrora eskas. Izugarrizko borroka izan zen, aurkitu diren aztarnen arabera: lur zapaldua, Wicksteed jaunari botatako harri pila, haren makulu txikitua. Zergatik eraso zion ulertzea zaila da ordea, eroaldi odoltsu baten ondorioz izan ez bazen. Eromenaren teoria ezin da baztertu. Wicksteed berrogeita bost-sei urteko gizona zen, Burdock jaunaren etxezaina zen, eta, antza denez, oso gizon arrunta; munduan halako etsai izugarririk izan zezakeen azken pertsona ematen zuen. Dirudienez, burdin hesi apurtu batetik hartutako haga erabili zuen Gizon Ikusezinak hari erasotzeko. Gizon bakezale gizajo hura bazkaltzera lasai-lasai zihoala geldiarazi bide zuen Gizon Ikusezinak, eraso egin, haren defentsa ahulari gaina hartu, besoa hautsi, lurrera bota eta lingirda odoltsu moduko bat eginda utzi zion burua.

        Jakina, biktimarekin topo egin aurretik hartuko zuen haga hesitik; eskuan eramango zuen, erasorako gertu. Aurrekoez gainera badira beste bi xehetasun, gertaera hau apur bat argi dezaketenak. Bata da hartxintxar-harrobia ez dagoela Wicksteed jaunaren etxera zuzen doan bidean, bidetik berrehun bat metrora baizik. Eta bestea, berriz, neskatxa batek egindako aitorpena: arratsaldean eskolarakoan «trosta» bitxian larrean harrobi aldera zihoan gizon bat ikusi zuela, hil zuten gizona hain zuzen. Neskatxak haren ibilmodeaz egin zuen imitazioaren arabera esan liteke lurretik errestan zebilen zerbaiti makuluaz joka zihoakiola. Neskatxa izan zen Wicksteed bizirik ikusi zuen azkena; heriotzaren altzora joan zen neskaren begi-bistatik desagertu ondoren. Bi gizonen arteko borroka ezin izan zuen ikusi ordea, pagadi bat eta lurreko sakonunea zirela eta.

        Horrek guztiak, idazle honen uste apalean, hilketa arrazoigabearen teoria baztertzen du. Griffinek arma gisa erabiltzeko hartu zuen burdin haga, baina ez inor hiltzeko asmoa zuelako. Orduan Wicksteed agertu eta burdin haga airean astintzen ikusi bide zuen. Gizon Ikusezina izan zitekeenik pentsatu ere gabe, Port Burdock handik hamar miliara baitzegoen, hagaren atzetik joan bide zen. Seguruenik ez zuen Gizon Ikusezinaren entzuterik ere izango. Pentsatzekoa da, beraz, Gizon Ikusezinak ahal bezain isilik alde egiteko asmoa izango zuela, auzategi hartako inor bera han zebilela ohartu gabe. Baina Wicksteed, harriturik eta jakin-minak erreta, haga mugikorrari segika hasiko zitzaion, eta, azkenean, eraso egingo zion Gizon Ikusezinak.

        Zalantzarik gabe beste egoera batean Gizon Ikusezinak aise ihes egingo zion bere jarraitzaile adintsuari, baina Wicksteeden gorpua nola aurkitu zuten ikusita, badirudi, bere zoritxarrerako, osinez beteriko bazter baten eta harrobi ertzaren arteko gune bateraino joan zela bere harrapakinaren atzetik. Gizon Ikusezinaren izaera haserrekorra ezagutzen dutenak hortik aurrera zer gertatu zen konturatuta egongo dira honezkero.

        Hipotesi hutsa da, ordea. Aztarna fidagarri bakarrak, haurren istorioak ez baitira oso fidagarriak izaten, Wicksteeden gorpua eta asunen artean aurkitutako burdin haga odoldua dira. Griffinek haga han utzi izanak adierazten digu une hartako asaldurarekin ahaztu egin zitzaiola burin-haga zertarako hartu zuen, zerbaitetarako hartu bazuen behintzat. Benetan berekoia eta krudela zen, hori ezin da ukatu; baina bere biktima, bere lehen biktima, bere oinetan odoletan ikusirik baliteke aspaldiko arrenkura bat ernatu izana haren baitan, edozein zela ere buruan zerabilen asmoa.

        Wicksteed jaunaren hilketaren ondoren lur behereetaraino joan zela ematen du. Bada istorio bat esaten duena bi gizonek ahots bat entzun zutela zelai batean arratsean, Fern Bottomdik hurbil. Intzirika eta barrez ari omen zen ahotsa, negar-zotinka eta aieneka, eta oihu egiten omen zuen noizbehinka. Gero eta ozenago entzuten omen zen. Hirusta-larre baten erdian sortu omen zen, eta muino aldean hil.

        Arratsalde hartan jakingo zuen Gizon Ikusezinak Kempek nola erabili zituen bere aitorpenak. Giltzaz itxirik eta hesiturik aurkituko zituen etxe guztiak; hara-hona ibiliko zen tren geltokietan eta zelatan taberna eta ostatu inguruetan; eta zalantzarik gabe, bere kontra antolaturiko ekinaldiaren nondik-norakoez jabetuko zen iragarpenak irakurrita. Arratsak aurrera egin ahala hiru edo lau gizonez osaturiko taldeez bete ziren zelaiak; zakur zaunkak entzuten ziren bazter guztietan. Gizon-ehiztari horiek agindu zehatzak zituzten inork Gizon Ikusezinarekin topo egingo balu elkarri laguntzeko. Guztiei ihes egin zien, ordea. Uler dezakegu zenbateraino zegoen atsekabeturik, batez ere berak eman zuelako bere kontra hain anker ekiteko behar zuten informazio guztia. Oso nekatuta amaitu zuen eguna; hogeita lau ordu inguru igaro zituen ehiza-harrapakin bat bailitzan ezkutuka, Wicksteedekin topo egin zuen tartean izan ezik. Gauean, jan eta lo egin zuen, nonbait, zeren goizean indarrean, sasoian, haserre eta gaizto zen berriro; munduaren kontrako bere azken erasoaldirako prest.

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia