22.
DENDAZ DENDA

 

        — Horra, beraz, urtarril hartan, elur-erauntsia hastear zela —eta elurra nire gainean gatzatzen bazen salatu egingo ninduen, noski! nola hasi nuen neronek prestaturiko bizi berri hura: nekeak lehertuta, hotzak akabatzen, minaren minez, zeharo etsita eta nire ikusezintasunaren abantailei antzeman gabe. Ez nuen aterperik, ez baliabiderik, eta mundu guztian ez nuen konfiantzazko inor. Neure sekretua inori kontatzen banion neure burua salatuko nuen, ikuskizun eta izaki xelebre gisa hartuko ninduten. Dena dela, kalean ikusten nuen lehenengo pertsona gelditu eta hari den-dena kontatzeko tentatuta egon nintzen. Baina oso garbi ikusten nuen neure azalpenek izua eta nire kontrako ankerkeria ekarriko zuketela. Kale gorrian ezin nuen planik egin. Nire behar nagusiak elurretik babestea, janztea eta apur bat berotzea ziren; hori egin ostean osatu ahal izango nituen planak. Baina niretzat ere, Gizon Ikusezinarentzat ere, kisketaz, giltzaz eta hesiz itxirik zeuden Londresko etxe guztiak.

        'Gauza bakarra ikusten nuen garbi: elur-erauntsiaren eta gauaren hotza eta miseria.

        'Horretan, ideia bikain bat bururatu zitzaidan. Gower Streetetik Tottenham Court Streetera abiatu eta Omniumsko atarian agertu nintzen. Denetarik eros daitekeen denda handi hori —badakizu—; haragia, jakiak, etxeko arropak, altzariak, jantziak, margo-lanak eta denetarik eros daiteke han. Denda multzo izugarria denda bakar batean. Hango ateak zabalik aurkituko nituela uste nuen, baina itxita zeuden. Ate handi haren aurrean nengoela zalgurdi bat gelditu zen, eta gizon uniformedun batek, badakizu, kapeluan Omnium jartzen duen uniformeaz jantziriko horietako batek, atea zabaldu zuen. Barrura sartzea lortu nuen, eta dendan aurrera eginez zintak, eskularruak, galtzerdiak eta horrelakoak salgai zeuden saltokitik beste gune zabalago batera iritsi nintzen: askaria-eta eramateko saskiak eta zumitzezko altzariak saltzen ziren tokira.

        'Han ez nuen neure burua seguru ikusten, ordea; hara-hona zebilen jendea, eta batetik bestera ibili nintzen urduri, beste solairu batera igo eta ohe pila zegoen saltoki izugarri handi batera iritsi nintzen arte. Ohe gainera igo eta atseden-leku bat hartu nuen tolesturiko lastaira-meta handi baten gainean. Leku argitsua eta epela zen hura, eta hantxe gelditzea erabaki nuen denda itxi arte, inguruan zebiltzan bizpahiru saltzaile eta erosleei begirik kendu gabe, noski. Itxi ondoren, pentsatu nuen, lapurtu ahal izango nituen jatena eta jantziak, eta agian lo egiterik ere izango nuen ohe haietako batean. Plan polita iruditu zitzaidan. Nire asmoa zen jantziak eskuraturik gizirudi baten antzera itxuroso mozorrotzea, dirua eskuratzea, eta, neure liburuak eta fardelak jaso eta nonbait ostatu harturik, planak osatzen hastea, ikusezintasunak gainerako gizonen aldean ematen zizkidan abantaila guztiez (abantailak izango zirela uste bainuen artean) baliatzeko.

        'Berehala iritsi zen denda ixteko ordua; lastairan etzan nintzenetik ordu bete ere ez zen izango. Leihoetako pertsianak jaisten zituztela eta bezeroak ate aldera zihoazela konturatu nintzen. Gero gizon gazte zoli batzuk agertu ziren eta nahaspilaturik zeuden salgai guztiak bizkor-bizkor txukundu zituzten. Ingurunea hustu bezain laster neure ezkutalekutik irten eta kontu handiz ibili nintzen hara-hona artean jendea geratzen zen dendako parteetan. Harrituta gelditu nintzen gizon-emakume gazte haiek egun guztian zehar salgai izan zituzten gauzak zein azkar biltzen zituzten ikusita. Kutxak, ehun zintzilikariak, puntilak, gozoki-kutxak janarien saltokian, batzuk eta besteak desagertu, tolestu eta gordailu txukunetan sartu zituzten; jaso edo gorde ezin zitekezkeenak, berriz, zaku antzeko ohial lodietan bildu zituzten. Azkenean aulkiak mostradore gainean goikoz behera ezarri eta lurra libre utzi zuten. Lana amaitu orduko ate aldera abiatzen ziren langileak, saltzaile bati sekula ikusi diodan keinu alaienaz. Ondoren gaztetxo batzuk agertu ziren, zerrautsa boteaz eta eskuetan palak eta eskuilak zekartzatela. Adi-adi ibili behar izan nuen inork han nengoela antzeman ez zezan, eta, hala ere, oin-zola zerrautsez beterik gelditu zitzaidan. Apur batean saltoki mortu eta ilunetan zehar ibili nintzen, eta erratzak lanean ari zirela entzun nuen. Azkenean, denda itxi eta ordu betera edo, dendako ateak ixten ari zirela entzun zen. Isiltasuna nagusitu zen ondoren, eta bakar-bakarrik gelditu nintzen denda, galeria eta erakusgela handi eta bihurgunetsuetan. Oso lasai zegoen dena; gogoan dut Tottenham Court Streetera ematen zuen sarrera batetik hurbil igaro nintzenean espaloiko oinezkoen bota-hotsa entzun nuela.

        'Lehenengo bisitaldia galtzerdi eta eskularruen saltokira egin nuen. Ilun-ilun zegoen, eta pospolu bila ibili nintzen ero baten moduan; azkenean, aurkitu nuen pospolu kaxa bat diru-kutxaren mahaiko tiraderan. Kandela bat ere behar nuen. Bildukin ugari hautsi eta kutxa eta tiradera pila bat miatu behar izan nuen, baina aurkitu nuen behar nuena: «Artilezko azpiko galtzak eta elastikoak» zioen kutxa bat. Jantzi nituen galtzerdiak, aski egokiak, eta jantzi-saltokira joan, eta galtzak, jaka, berokia eta kapelu malgu bat, elizgizonek erabiltzen duten horietakoa, hegala beherantz okertua duena, hartu nituen. Gizon sentitzen hasia nintzen berriro. Horretan, janaria etorri zitzaidan gogora.

        'Goiko solairura igo nintzen, jangela moduko gune bat baitzegoen han, eta haragi hotza aurkitu nuen bertan. Kafea ere bazen kafe-ontzian, eta gasa piztu eta berotu egin nuen. Ez nuen gaizki egin. Gero, dendan zehar manta bila nenbilela —ohe-estalki pila batekin konformatu behar izan nuen azkenik janari-saltokira iritsi nintzen. Txokolate eta fruta azukreztatu mordoa zegoen han, niri komeni zitzaidana baino gehiago, eta Bourgogneko ardo zuri pixka bat ere bai. Handik hurbil jostailuen saltokia zegoen. Ideia bikaina otu zitzaidan. Gezurrezko sudur batzuk aurkitu nituen —kartoizko horietakoak, badakizu eta betaurreko ilun batzuk eskuratzea pentsatu nuen. Omniums hartan ez zengoen optika-saltokirik, ordea. Sudurrarekin ere zailtasunak izan nituen; pintatzeko asmoa nuen. Eta saltoki hartan nenbilela ileorde, maskara eta horrelakoetan pentsatzen hasi nintzen. Azkenean lotara etzan nintzen ohe-estalki pila baten gainean, aski epel eta eroso.

        'Lokartu aurreko pentsamenduak izan ziren antzaldaketa gertatu zenetik izan nituen atseginenak. Gorputzaldi oneko nengoen, eta ongizate hori nire adimenean ere islatzen zen. Pentsatu nuen goizean inork ikusi gabe irten ahal izango nintzela dendatik, jantziak soinean eta aurpegia han harturiko lepoko batekin estalirik. Dendan aurkitutako diruarekin erosiko nituen betaurrekoak eta, mozorroa osatzeko. Baina amets nahasietan murgildu nintzen, azken egunetan bizi izan nituen gertaera liluragarrien nahaspilan. Etxejabe txiki itsusia ikusi nuen geletan oihuka; haren semeak ikusi nituen liluraturik, eta ikusi nuen atso zimela ere, aurpegia okertuta katemearen bila. Oihala desagertzen ikusi nueneko sentipen bitxia bizi izan nuen berriro; muino haizetsura itzuli nintzen, eta elizgizon zaharraren zurrumurrura —«Hauts zara eta hauts bihurtuko zara» eta aitaren hilobiko zuloa ikusi nuen.

        '«Baita zu ere.», esan zuen ahots batek, eta zerbaitek hilobira bota ninduen. Indar egin nuen, oihu egin nuen, han zirenei laguntza eskatu nien, baina harriak bezala gelditu ziren denak, hileta elizkizuna entzuten; elizgizon zaharrak isildu gabe eta doministikuka jardun zuen ospakizun guztian. Konturatu nintzen ikusezina eta entzunezina nintzela, naturaz gaindiko indarrek mendean hartua nindutela. Alfer-alferrik jardun nuen borrokan, bota ninduten hilobira, hilkutxak karraska egin zuen, eta lurra mordoka erortzen zitzaidala sentitu nuen. Inork ez zidan lagundu, inor ez zen nitaz errukitu. Adoretsu jarraitu nuen borrokan, eta, horretan, esnatu egin nintzen.

        'Londresko egunsentiko argi lausoa ikusten zen, eta leihoetako errezelen zirrikituetatik sartzen zen argi gris hotz batek argitu zuen denda. Eseri eta pentsatzen jardun nuen zer arraio ote zen gela handi hura, mostradore haiekin, ehun-bildukin pila haiekin, ohe-estalki eta buruko haiekin, burdinazko zutabe haiekin. Ideiak argitu zitzaizkidanean, ahots batzuk entzun nituen hizketan.

        'Dendaren beste aldetik bi gizon zetozela ikusi nuen, ordurako errezelak jasota zeuden saltokiren bateko argi distiratsuaz inguraturik. Zutitu egin nintzen, handik ihes egiteko moduren bat aurkitu nahian, baina nire mugimenduaren hotsak nire zelatan jarri zituen. Gizirudi bat bizkor mugitzen zela ikusiko zutela pentsatzen dut. «Zer da hori?», esan zuen batek, eta «Geldi hor!» oihu egin zuen besteak. Izkina batean ezkutatu nintzen. Burua makurtu behar izan nuen, hamabost urteko gazte kankailu batekin topo egin bainuen —pentsa ezazu, nik, aurpegirik gabeko gizirudi batek! Mutikoak oihu egin zuen; alde batera bultzatu, bizkor-bizkor aurreratu, hartu beste zeharbide bat eta mostradore baten atzean etzan nintzen luze-luze, zorioneko goi-argiren bati jarraiki. Oin mordoa ikusi nuen nire albotik igarotzen, eta oihuak entzun nituen, «Denok ateetara!» esanez, zer gertatzen zen elkarri galdezka, eta ni harrapatzeko aholkuak elkarri emanez.

        'Lurrean etzanda nengoen, izututa eta etsi-etsi eginda. Eta harrigarria badirudi ere, une hartan ez zitzaidan arropa kentzerik bururatu, nahiz eta horixe nukeen egokiena. Jantzita ihes egiteko asmo erabakia nuela pentsatzen dut, ideia horrek itsutu ninduela. Mostradore azpitik oihu bat entzun nuen: «Hortxe da!».

        'Kolpetik zutitu, mostradore gainetik aulki bat hartu eta oihu hura egin zuen ergelaren burura bota nuen hegan. Jiratu eta beste batekin topo egin nuen izkinan, baina nire bidetik bulunbaka kendu eta mailak igotzen hasi nintzen. Berak oreka berreskuratu zuen ordea, eta «Heup!» esanda zurubian gora orpoz orpo jazarri ninduen. Zurubi-buruan kolore biziko ontzi horietako pila bat ikusi nuen, nola dira?

        — Zeramikazko ontzi artistikoak edo —bota zuen Kempek.

        — Hori da! Zeramikazko ontziak. Bada, azken mailan jiratu, hartu ontzi bat eta inozo haren buruan txikitu nuen nigana hurbildu zenean. Han joan zen ontzi pila guztia arrapaladan. Oihuak eta hara-honako urratsak entzun nituen. Jangela moduko gelara abiatu nintzen lasterka; han zuriz jantzitako gizon bat aurkitu nuen, sukaldaria edo izango zena, eta hura ere atzetik segika hasi zitzaidan. Etsi-etsi eginda aurrera jarraitu eta lanparen eta burdina zizelatuzko salgaien artean agertu nintzen berriro. Hango mostradore atzean ezkutatu nintzen, nire sukaldariaren zain, eta jarraitzaileen buru zetorrenez, indar handiz jo nuen lanpara batekin. Lurrera erori zen. Bitartean, mostradore atzean belauniko jarri, eta ahal bezain bizkor eranzten hasi nintzen. Berokia, jaka, galtzak eta zapatak erraz kendu nituen, baina artilezko elastikoa larruazala bezala gelditzen da gorputzari itsatsita. Gizon gehiago zetozela entzun nuen. Nire sukaldaria lurrean geldi-geldirik zegoen mostradoreaz bestaldean, konorterik gabe edo izuak erabat mututurik. Ihes egiteko beste saio bat egin behar nuen, egur pila baten azpian gordetako untxi batek bezala.

        '«Zatoz hemendik, polizia jauna!», esan zuen oihuka norbaitek. Ohe-biltegira iritsi nintzen atzera; harantzago armairu-labirinto bat ikusi nuen. Armairu artera lasterka joan, ezkutatu eta elastikoa eranztea lortu nuen, ahalegin infinituak egin ostean. Berriro libre ikusi nuen neure burua, baina arnasestuka eta izututa nengoen. Izkinatik polizia eta hiru saltzaile agertu eta korrika hurbildu ziren elastikoa eta azpiko galtzak zeuden tokira eta prakak hartu zituzten. «Lapurtutako guztia uzten ari da, nonbait!», esan zuen gizon gazte batek. «Hemen nonbait ibiliko da!».

        'Ez ninduten aurkitu ordea.

        'Nire zelatan nola zebiltzan begira jardun nuen, arropak utzi behar zorigaiztoko hura madarikatzen nuen bitartean. Gero jangela moduko gelan sartu nintzen berriro; han aurkitutako esne apur bat edan eta sutondoan eseri nintzen neure egoera aztertzera.

        'Horretan, bi saltzaile iritsi eta gertaerari buruz hizketan hasi ziren zeharo aztoraturik, ergelak bailiran —izan, horixe baitziren Nire triskantzen ipuina, zeharo puztua, eta nire ezkutalekuari buruzko beste zozokeria batzuk entzun behar izan nituen. Berriro planak prestatzen jarri nintzen. Nire arazo larriena gauzak handik nola atera izango zen, ordurako nire gora-behera guztien jakinaren gainean zeudela kontuan hartuta batez ere. Biltegira jaitsi nintzen, eta fardel bat egin eta nora edo hara bidal zezaten ohar bat uzteko aukerarik ba ote nuen ikustera, baina ezin izan nuen asmatu dendakoek aginduak baieztatzeko zein sistema erabiltzen zuten. Hamaikak aldera, elurra jausi ahala urtzen zela ikusirik, eta aurreko egunekoa baino eguraldi atsegin eta epelagoa zetorrenez, denda hartan ezer gutxi lortuko nuela erabaki eta alde egin nuen handik, porrot egin izanagatik amorratzen eta planik batere zehaztu gabe.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia