19.
OINARRIZKO PRINTZIPIO ZENBAIT

 

        — Zer da? —galdetu zuen Kempek, Gizon Ikusezinak gelan sartzen utzi zionean.

        — Ezer ez —erantzun zuen.

        — Ezer ez! Eta zarata hori?

        — Amorraldi bat —esan zuen Gizon Ikusezinak Ahaztuta nengoen besokoaz. Minbera daukat.

        — Gutxigatik amorratzen diren horietakoa zara ala?

        — Bai.

        Gelaren beste aldera joan eta hautsitako beira puskak jaso zituen Kempek.

        — Zure gora-behera guztiak argitaratu dira —esan zuen Kempek, beira puskak hartuta Ipingen gertatutako dena, eta baita muino aldeko guztiak ere. Munduak jakin du hiritar ikusezin bat duela. Baina inork ez daki hemen zaudenik.

        Birao egin zuen Gizon Ikusezinak.

        — Zure sekretua agerian gelditu da. Nik sekretu uste izan nuena. Ez dakit zer asmo izango duzun, baina, nolanahi ere, zuri laguntzeko prest nago, noski.

        Ohe gainean eseri zen Gizon Ikusezina.

        — Gosaria zain dugu goian —esan zuen ahal bezain lasai Kempek; poz handia hartu zuen bere gonbidatu bitxia pozik altxatu zela ikustean. Kemp aurretik abiatu zen talaira igotzeko zurubi estuan gora.

        — Ezer baino lehen —esan zuen Kempek xehetasun gehiago beharko nituzke zure ikusezintasun horretaz.

        Leihotik urduri begiratu ondoren eseri egin zen, hizketaldi luzea egiteko prest dagoen gizon baten moduan. Bitxikeria haren egiatasunari buruz zituen zalantza guztiak argitu zitzaizkion Kempi gosaria zegoen mahaitxoaren alboan Griffin eserita zegoen tokira begiratu zuenean: bata burugabe eta eskugabe bat ezpain ikusezin batzuk garbitzen ari zen airean mirariz bezala zegoen zapi batekin.

        — Erraza da, aski sinesgarria —esan zuen Griffinek, eta zapia alde batera utzita buru ikusezina esku ikusezinaren gainean ezarri zuen.

        — Zuretzat agian bai, baina... —barre egin zuen Kempek.

        — Egia da, bai; niri ere hasieran zoragarria iruditu zitzaidan, ez dut ukatuko. Baina orain, Jainko maitea! Dena dela, gauza handiak egingo ditugu aurrerantzean. Chesilstowen bururatu zitzaidan ideia.

        — Chesilstowen?

        — Hara joan nintzen Londrestik aldegin ondoren. Jakingo duzu medikuntza utzi eta fisikarekin hasi nintzela, ezta? Ez? Bada, bai; horixe egin nuen. Argiak liluratu egiten ninduen eta.

        — A!

        — Dentsitate optikoa! Gai hori misterioez osaturiko sare bat da, une batez soilik ikus ditzakezun soluzioen sare bat. Eta hogeita bi urte bakarrik nituenez eta gogo-bero nintzenez, esan nion neure buruari: «Hau ikertzen emango dut bizia. Merezi du eta.» Badakizu zeinen burugabeak izaten garen hogeita bi urterekin!

        — Burugabe orduan edo burugabe orain? —esan zuen Kempek.

        — Jakituriak gizonari inolako atseginik ekarriko balio bezala! Baina lanari ekin nion, burubelarri ekin ere. Gai hau lantzen eta aztertzen hasi eta handik sei bat hilabetera argi itsugarri bat igaro zen ustekabean sareetako batetik. Pigmentuen eta errefrakzioaren printzipio orokor bat aurkitu nuen, formula bat, lau dimentsioko adierazpen geometriko bat. Ezjakinek, gizon arruntek, matematikari arruntek ere, ez dakite ondo adierazpen arrunt batek zer esan nahi duen molekulen fisikako ikasle batentzat! Liburuetan, arloteak ezkutatu dituen liburu haietan, gauza zoragarriak agertzen dira, mirariak! Nik aurkitutakoa ez zen metodo bat ordea, ideia bat baizik. Baina ideia horren bidez metodo bat lor liteke, eta metodo horren bidez posible litzateke materiaren gainerako tasunak aldatu gabe, kolorea izan ezik, eta hori ere kasu batzuetan bakarrik, gai solido edo gai likido baten errefrakzio indizea murriztea, airearen errefrakzio indizera iristeraino.

        — Fiiiu! —esan zuen Kempek Litekeena da. Baina oraindik ulertzen ez dudana zera da... Tira. Ulertzen dut harri bitxi bat desagerraraz dezakezula horrela, baina hortik gizonak ikusezin bihurtzera...

        — Horixe! —esan zuen Griffinek Baina pentsa ezazu: ikusgaitasuna gorputzetan argiak duen eraginak sortua da. Gorputz batek bereganatzen duen argiaren eta islatzen, edo errefraktatzen duen argiaren, edo horren guztiaren arabera da gorputz bat ikusgaia. Baldin eta gorputz batek ez badu argirik islatzen, errefraktatzen edo bereganatzen, gorputz hori ezingo da ikusi. Zuk kutxa gorri opako bat ikusten baduzu, adibidez, esan nahi du koloreak argi kopuru jakin bat bereganatzen duela eta gainerakoa, argiaren osagai gorria alegia, zugana islatzen. Ez badu argiaren osagairik batere bereganatzen, eta argi guztia islatzen badu, orduan, zuria eta distiratsua izango litzateke kutxa. Zilarrezkoa! Diamantezko kutxa batek gainalde arruntetan ez du argi kopuru handirik bereganatzen, ezta islatzen ere, baina han-hemeka, gainalde jakin batzuetan, argia islatzen eta errefraktatzen da; eta horrela isla eta gardentasun distiratsua ikusiko zenuke, argizko hezurdura moduko bat. Beirazko kutxa bat ez litzateke hain distiratsua izango, ezta hain ikusgaia ere —ez diamantezko kutxa adina behintzat haren isla edo errefrakzioa apalagoa izango litzatekeelako. Konturatzen zara? Ikuspuntu batzuetatik garbi-garbi ikusiko zenuke kutxan zehar beste aldea. Beira mota batzuk, gainera, ikusgaiagoak dira besteak baino; adibidez silex beirazko kutxa bat distiratsuagoa litzateke leihoak egiteko erabiltzen denaren moduko beira arruntezko kutxa bat baino. Beira arrunt baina oso finez egindako kutxa bat, berriz, ia ikusezina litzateke argia apala balitz, ezingo lukeelako argirik bereganatu ia eta oso gutxi islatu eta errefraktatuko lukeelako. Beira zuri arruntezko xafla bat ordea, baldin eta uretan, eta are gehiago ura baino dentsitate garaiagoko beste isurkari batean, sartuko bazenu, desagertu egingo litzateke ia, uretatik beirara pasatzen den argia apenas islatzen edo errefraktatzen delako, edo xaflari inolako eraginik egiten ez diolako. Ia ikusezina izango litzateke, metanoa edo hidrogenoa airetan bezain ikusezin ia. Eta arrazoi berberagatik!

        — Bai —esan zuen Kempek orain artekoak ulertzen ditut.

        — Beste arrazoi bat ere emango dizut, zuk ere ezagutuko duzuna. Beirazko xafla bat txikitzen bada, Kemp, eta hauts bihurtzen, airean askoz ere ikusgaiagoa bihurtzen da; hauts opako eta zuri bihurtzen da. Isla edo errefrakzioa gertatzen den beirazko gainaldeak beira haustuan ugaritu egiten direlako gertatzen da hori. Beirazko xaflan bi gainalde bakarrik daude; hautsean, berriz, beirazko partikula bakoitzetik igarotzen den argia islatzen edo errefraktatzen da, eta partikulek oso argi gutxi bereganatzen dute. Baina beira-hauts zuria uretan sartzen bada, desagertu egingo da. Beira-hautsak eta urak antzeko errefrakzio maila dute; hau da, argi gutxi islatzen edo errefraktatzen da batetik bestera igarotzen denean.

        'Beira ikusezin bihur dezakezu baldin eta beiraren antzeko errefrakzio maila duen likido batean murgiltzen baduzu; gauzaki garden bat ikusezin bihurtzen da haren errefrakzio maila beretsua duen ingurune batean ezartzen bada. Eta apur bat pentsatzen baduzu, konturatuko zara beira-hautsa airean ere desagerraraz litekeela, baldin eta beirari airearen errefrakzio maila ematen bazaio; izan ere, ez litzateke islarik edo errefrakziorik gertatuko argia beiratik airera igarotzean.

        — Bai, bai —esan zuen Kempek Baina gizonak ez dira beira-hautsezkoak!

        — Ez —esan zuen Griffinek Hura baino are gardenagoak baizik!

        — Hori da astakeria!

        — Nork eta mediku batek esan behar! Erraz ahazten dira gero gauzak! Orain dela hamar urte egin zenituen fisikako ikasketak ahaztuta al dituzu dagoeneko? Pentsa ezazu zenbat gauza diren gardenak baina ez duten garden ematen. Papera, adibidez, zuntz gardenez dago egina, baina zuria eta opakoa da, beira-hautsa zuria eta opakoa den arrazoi berberagatik. Busti ezazu paper zuri bat olioz, bete itzazu partikula arteko tarte guztiak olioz, gainaldeetan bakarrik gerta dadin isla edo errefrakzioa, eta beira bezain gardena bihurtuko zaizu. Eta ez papera bakarrik, baita kotoi zuntza, liho zuntza, artile zuntza, egur zuntza eta hezurrak, Kemp; haragia, Kemp; ilea, Kemp; hazkazalak eta nerbioak, Kemp; alegia, gizon baten gorputzeko atal guztiak ehun garden eta koloregabeez osatuak dira, odolaren gorria edo ilearen pigmentu beltza izan ezik. Horiek aski dira gutako bakoitza besteren begietara ikusgai izateko. Baina izaki bizidun baten zuntzak, oro har, ez dira ura baino opakoagoak.

        — Jaungoiko maitea! —Kempek Jakina, jakina! Bart gauean bertan itsas larbetan eta marmuketan pentsatzen jardun nuen!

        — Ulertu duzu, beraz! Hau guztia banekien eta buruan bueltaka nerabilen Londrestik alde egin baino urte bete lehenago, orain dela sei urte, beraz. Baina ez nion inori ezer esan. Oztopo izugarri askori egin behar izan nion aurre neure lanean. Oliver, nire irakaslea, zientzialari lotsagabe bat zen, kazetari sena zuen: ideiak lapurtzen zituen, beti zelatan ibiltzen zen! Zuk ere badakizu zientzien sistema zein den zitala! Ezer ere ez argitaratzea erabaki nuen neure ospea harekin ez erdibanatzeagatik. Baina lanean jarraitu nuen. Gero eta gutxiago falta zitzaidan neure formula hura esperimentu, errealitate bihurtzeko. Ez nion inortxori ezer esan neure lana argitaratzean mundua harritu nahi nuelako, goizetik gauera ospetsu bihurtu nahi nuelako. Hala, pigmentuak aztertu nituen zenbait zalantza argitzeko. Eta ustekabean, ez hala erabakita, istripu baten ondorioz baizik, fisiologiako aurkikuntza bat egin nuen!

        — Bai?

        — Ezagutzen duzu odolaren koloregai gorria; bada, koloregai hori zuri bihur daiteke, koloregabe alegia, bere zereginak betetzeko gaitasuna galdu gabe.

        Hura sinetsi ezinik, oihu egin zuen Kempek.

        Gizon Ikusezina zutitu eta langela txikian mugitzen hasi zen.

        — Bai, egin oihu, bai. Ondo gogoan dut gau hura! Berandu zen, gaua; egunez ikasle ergel zozo batzuez arduratu behar izaten nuen, eta egunsentia arte lanean geratzen nintzen sarritan. Halako batean ideia bat bururatu zitzaidan; liluragarri eta garbi-garbi ikusi nuen. Bakarrik nengoen; dena lasai zegoen laboratorioan, argi garaiak dizdiz, isilik. Horrelakoetan izaten nituen une atseginenak, bakarrik nengoenean. «Animalia bat, ehun bat garden bihur daiteke! Ikusezin bihur daiteke! Pigmentuak izan ezik! Beraz, neu ere ikusezin bihur ninteke!» esan nuen, gauza horiek guztiak dakizkien albino bat izateak zer esan nahi zuen oharturik. Zirraragarria zen! Nire irazketak alde batera utzi, leiho handira joan eta izarrei begira gelditu nintzen. «Neu ere ikusezin bihur ninteke!» esan nuen berriro.

        'Lorpen magikoa litzateke hori. Orduan jabetu nintzen, zalantzarik gabe ikusi nuen, ikusezintasuna gauza handia izan zitekeela gizon batentzat. Liluratuta nengoen. Misterioa, boterea, askatasuna! Ez nion batere eragozpenik ikusten. Pentsa ezazu! Nik, probintziako eskola batean ikasle ergelei eskolak ematen zizkien irakasle zarpail eta baldres jantzitako honek, horrelako gauza handia lor nezakeen. Jakin nahi nuke ea zuk, Kemp... Bai, seguru nago: edonork egingo luke ikerketa horretan aurrera. Hala, hiru urtez jardun nuen lanean, eta zailtasunik zailena gainditu orduko beste zailtasun are zailago batekin egiten nuen topo. Infinitoak ziren xehetasunak! Eta irakaslea, berriz, probintziako eskola bateko irakasle hura, beti galdezka. Hura zen samina! «Noiz emango duzu argitara zure lan hori?» zen haren galdera betierekoa. Eta ikasleak, hain argi laburrekoak! Hiru urte ibili nintzen horrela.

        'Eta hiru urte ezkutuko lan samingarri haietan murgilduta eman ondoren, lan hura burutzea ezinezkoa zela ohartu nintzen. Ezinezkoa zen!

        — Nola? —esan zuen Kempek.

        — Dirua! —esan zuen Gizon Ikusezinak, eta leihotik begira jarri zen berriro.

        Atzera jiratu zen.

        — Zaharrari lapurtu nion; aitari lapurtu nion. Baina dirua ez zen harena, nonbait, eta bere buruaz beste egin zuen.

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia