18.
GIZON IKUSEZINA LO

 

        Gizon Ikusezinak, nekeak jota eta zaurituta egonagatik, ez zituen Kempen hitzak sinetsi bere askatasuna errespetatuko zuela esan zionean. Hala, logelako bi leihoak begiratu, jaso errezelak eta leihoak zabaldu zituen, Kempek esandakoa, handik nahi zuenean ihes egin ahal izango zuela alegia, egia zen ala ez ikusteko. Kanpoan gau isila zen, gau lasaia; ilargi berria muino gainean zegoen dilindan. Gero gelako giltzak eta bi jantzigeletako ateak aztertu zituen, haiek ere ezkutaleku izan zitzakeen ala ez ikusteko. Ikusitakoarekin gustura gelditu zen azkenean. Sutondo aurreko alfonbran zutik gelditu zen. Kempek aharrausi bat entzun zuen.

        — Barka iezadazu egin ditudan gauza guztiak gaur gauean ez kontatzea —esan zion Gizon Ikusezinak Baina leher eginda nago. Badakit oso gogorra dela. Izugarria da! Baina sinetsidazu, Kemp; gaur goizean esan dituzunak esanagatik ere, ikusezintasuna gertakari posiblea da. Aurkikuntza bat egin nuen. Niretzako gordetzeko asmoa nuen. Baina ezin dut. Lankide bat behar dut. Eta zuk... guk hainbeste gauza egin ditzakegu elkarrekin! Baina bihar. Orain, Kemp, lo egiten ez badut hil egingo naizela uste dut.

        Kemp gela erdian zutik zegoen, bururik gabeko batari begira.

        — Bakarrik geratu nahiko duzu, noski —esan zuen Sinestezina da! Horrelako asko gertatuko balira, nire ideia guztiak behera etorriko lirateke, erotu egingo nintzateke. Baina egia da! Ezer gehiago nahi al duzu?

        — Gabon esatea baino ez —erantzun zuen Griffinek.

        — Gabon, bada —esan eta esku ikusezin bat estutu zuen Kempek.

        Zuzenean ate aldera joan zen. Horretan, bere bata hurbildu zitzaion bizkor-bizkor.

        — Ulertu didazu, ez? —esan zuen bata gorriak Ez saiatu ni geldiarazten edo harrapatzen! Bestela...

        Kempi begitartea aldatu zitzaion.

        — Hitz eman dizut, oker ez banago —esan zuen.

        Kempek indarrez itxi zuen atea irtetean; hura irten bezain laster sarrailako giltza jiratu egin zen. Asaldurak sorgortuta gelditu zen atera begira; urrats bizkor batzuk entzun zituen atetik armairura, eta armairuko atea ere itxi zen.

        — Ametsetan ari ote naiz? Mundua erotu da, ala neu naiz ero bihurtu dena?

        Barre egin eta ate itxia ukitu zuen.

        — Nire logelatik egotzi naute, zergatik, eta hau bezalako zentzugabekeria ageriko batengatik! —esan zuen.

        Zurubira joan, jiratu atzera burua eta ate itxia begiratu zuen berriro.

        — Egia da hau guztia —esan eta hatzak lepo minberatura eraman zituen.

        — Zalantzarik ez dago horretaz. Baina...

        Burua mugitu zuen etsi-etsi eginda, jiratu zen eta mailak jaitsi zituen.

        Egongelako argia piztu, zigarro bat hartu eta hara-hona hasi zen gelan, harridura-hotsak atereaz. Tarteka bere buruarekin eztabaida ere egiten zuen.

        — Ikusezina! —esan zuen Ba al da, bada, animalia ikusezinik edo halakorik? Itsasoan bai. Milaka, milioika! Larba guztiak, naupilus eta tornariak, izaki mikroskopiko guztiak, marmukak... Bai, itsasoan izaki ikusezin gehiago daude ikusgai baino! Ez nintzen sekula horretan pentsatzen jarri. Eta ur geldietan ere bai! Ur geldietan bizi diren izaki txiki horiek guztiak, jelatina garden eta kolorerik gabeko partikula horiek! Baina, eguratsean? Ez!

        'Ezinezkoa da.

        'Zergatik ez, baina?

        'Gizona beti izango da ikusgai, baita kristalezkoa bada ere!

        Gogoeta sakonetan murgildu zen. Berriro hitz egin zuenerako hiru zigarro bihurtu ziren ikusezin, edo galdu ziren hauts zuri moduan alfonbran zehar. Hasperen egin zuen. Alde batera jiratu, irten gelatik eta bere kontsulta-gela txikian sartu zen. Gasezko lanpara piztu zuen. Gela txikia zen, hura ez baitzen Kemp doktorearen bizibidea. Eguneko egunkariak zituen bertan. Goizeko egunkaria hala moduz zabalduta zegoen, bazter batean botata. Hartu zuen, orriari buelta eman zion eta «Gertaera Harrigarriak Ipingen» zioen kontakizuna irakurtzen hasi zen: Port Stowen marinelak Marveli zehatz-mehatz eta ardura handiz kontaturiko istorio hura bera zen. Kempek ziztu batean irakurri zuen.

        — Mozorroturik! —esan zuen Kempek Disfrazaturik! Jendearen ikusmiratik ezkutatzeko. «Antza denez, inork ez zion antzeman haren zoritxarrari.» Zeren bila dabil, baina?

        Egunkaria tolestu eta hara-hona begiratu zuen.

        — Ah! —esan eta St. James' Gazette egunkaria hartu zuen, artean iritsi zen bezalaxe tolestuta zegoena.

        — Orain jakingo dugu egia! —esan zuen.

        Egunkaria ireki eta bi zutabe aurkitu zituen aurre-aurrean: «Sussexko Herri Bat Erotu» zuen izenburu.

        — Jainkoarren! —esan zuen Kempek, aurreko arratsaldean Ipingen gertatutakoaren kontakizun sinesgaitza, hemen jadanik deskribatu dena, jakin-min larriz irakurtzen ari zela. Lehenengo orrian goizeko egunkariko artikulu bera atera zuten berriro.

        Kempek berriro irakurri zuen.

        — Kaleetan zehar lasterka, ezker-eskuin kolpeak joaz. Jaffers konortea galduta. Huxter jauna minaren minez, ikusitakoa kontatzeko ere ahalmenik gabe. Erretorea lotsagarri, gutxietsita. Emakumea izuak jota! Leihoak txikituta. Istorio harrigarria, asmakeria hutsa agian. Baina onegia argitaratu gabe uzteko... cum grano.

        Egunkaria bota eta aurrera begira gelditu zen, tutik ulertu gabe.

        — Bai, asmakeria hutsa izango da!

        Egunkaria hartu eta istorio guztia irakurri zuen berriro.

        — Baina noiz agertzen da arlotea? Zer demontregatik zebilen arlote bati segika?

        Kirurgia-ohean eseri zen astun.

        — Ikusezina bakarrik ez —esan zuen eroa ere bada! Hiltzailea!

        Egunsentiko lehen brintzen zurbiltasuna egongelako lanpararen argiarekin eta zigarro kearekin nahastu zenean Kemp gelan hara-hona zebilen oraindik, sinegaitza zena sinesteko ahaleginetan.

        Asaldatuegia zegoen lo egin ahal izateko. Zerbitzariek, erdi lotan jaitsi zirenean, han aurkitu zuten; lan gehiegi egin izanak gaixotu zuela uste izan zuten. Kempek agindu bitxi baina oso argiak eman zizkien: talaiko langelan bi lagunentzako gosaria prestatzeko, eta gero guztiak sotoan edo lehenengo solairuan gelditzeko. Egongelan gelditu zen bera, atzera eta aurrera, goizeko egunkaria iritsi zain. Kontatzeko asko eta esateko gutxi zuen egunkari hark: aurreko arratsekoa baieztatu eta Port Burdocken jazotako beste istorio bitxi baten kontakizun traketsa, hori besterik ez zekarren. Horrela izan zuen Kempek Jolly Cricketersen gertatuaren eta Marvel izenaren berri. «Hogeita lau orduz berarekin egotera behartu nau», aitortzen zuen Marvelek. Garrantzirik gabeko beste xehetasun batzuk ematen zituen Ipingeko gertaerei buruz, besteak beste, telegrafo-hariak mozturik aurkitu zituztela. Baina Kempek ez zuen loturarik ikusten Gizon Ikusezinaren eta arlote haren artean; jakina, Marvel jaunak ez baitzituen hiru liburuak edo bere esku gelditu zen diru mordoxka aipatu ere egin. Hasierako sinesgabetasun-kutsua desagertua zen ordurako, eta kazetariak eta galdetzaileak gertakarien atze-aurreak lotzen ari ziren burubelarri.

        Kempek goitik behera irakurri zuen berria eta etxezaina kalera bidali zuen goizeko egunkari guztiak, aurkitzen zituen guztiak, erostera. Eta haiek ere irentsi zituen.

        — Ikusezina da! —esan zuen Eta gero eta apeta gehiago dituela esaten du hemen! Zer ez ote duen honek egingo! Zer ez ote duen egingo! Eta hor goian dago, haizea bezain libre. Zer arraio egin behar dut nik?

        'Adibidez, gaizki egingo al nuke...? Ez.

        Bazterreko idazmahai nahaspilatu samarrera joan eta ohar bat idazten hasi zen. Erdia idatzita zuenean hura apurtu eta beste bat idazten hasi zen. Oharra osorik irakurri eta ontzat eman zuen, azkenik. Gero, gutun-azal bat hartu eta «Adye Koronela, Port Burdock» jarri zuen.

        Kemp horretan ari zela Gizon Ikusezina esnatu egin zen. Aldarte txarreko esnatu zen, antza; Kempek, ordea, hotsik txikiena ere antzemateko adi-adi baitzen, haren urratsak entzun zituen goiko gelan batetik bestera, bizkor-bizkor. Gero aulki bat erori zen eta konketa mila puskatan hautsi zen. Zurubian gora ziztu batean igo eta atea jo zuen Kempek indarrez.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia