17.
KEMP DOKTOREAREN BISITARIA

 

        Kemp doktoreak bere ikerlanaz idazten jardun zuen tiro-hotsak entzun zituen arte. Pun, pun, pun entzun ziren, bata bestearen ondoren.

        — Hara! —esan zuen adi-adi jarrita Kemp doktoreak, idazluma ahoan zuela Nor ari ote da Burdocken errebolberrarekin tiroka? Zer ote dute, oraingoan, ergel horiek?

        Hegoaldeko leihora hurbildu, ireki leihoa eta soina leihotik aterata leiho argituei, kaleko gas-argiei, dendei eta gauak teilatu arteetan eratzen zituen gune ilunei begira gelditu zen.

        — Muinoaren oinean jendea bildu dela dirudi —esan zuen Cricketerseneko inguruan edo.

        Begira-begira jarraitu zuen. Hiri gainera begiratu zuen: itsasontzien argiei dizdiz zegien, eta kaiak, pabilioi argiztatu txiki hark, argi horiko harribitxi batek bezala argi egiten zuen urrutian. Ilgora zen, ilargia mendebaldeko muino gainean zegoen dilindan, eta izarrak garbi-garbi ikusten ziren, tropiko aldean bezain distiratsu.

        Bost minutuz edo etorkizuneko gizarte-baldintzei buruzko gogoeta sakonetan murgilduta, denboraren dimentsioaren baitan galduta egon ondoren, Kemp doktorea bere onera etorri zen hasperen eginez. Atzera leihoa itxi eta idazmahaira itzuli zen.

        Ordu bete edo geroago ate nagusiko txirrinak jo zuen. Tiroak entzunez gero ganorarik gabe jardun zuen doktoreak, zer idazten ari zen kontu egin gabe. Entzuten jarri zen. Zerbitzariak atea nola zabaldu zuen entzun eta haren urratsak zurubian gora noiz sentituko gelditu zen; baina neskamea ez zen igo.

        — Nor ote zen? —esan zuen Kemp doktoreak.

        Lanean jarraitzeko ahalegina egin zuen, baina ezin izan zuen. Altxa, irten langelatik eta tranpalera jaitsi zen, lasterka; balaustradatik etxezainari deitu zion hura ezkaratzean ikusi bezain laster.

        — Postaria al zen?

        — Ez; jo eta korrika alde egingo zuten, jauna —erantzun zion andreak.

        — Aztoraturik nabil gaur —esan zuen doktoreak bere golkorako. Langelara itzuli, eta, orduan bai, gogo biziz ekin zion lanari; handik gutxira burubelarri ari zen lanean. Gelan entzuten ziren zarata bakarrak erlojuaren tik-tak hotsa eta lanparak mahaian irudikatzen zuen zirkuluaren erdian bizkor-bizkor mugitzen zen lumaren hots apala ziren.

        Ordu biak baino lehenxeago amaitu zuen Kemp doktoreak gau hartako lana. Zutitu, aharrausi egin eta zurubian behera jaitsi zen, oheratzeko asmoarekin. Jaka eta txalekoa kendu zituenean ordea, egarri zela ohartu zen. Kandela bat hartu eta jangelara jaitsi zen whisky eta seltz bila.

        Ikerketek oso gizon begi-zorrotza bihurtu zuten Kemp doktorea, eta ezkaratzera itzuli zenean orban ilun bat ikusi zuen linoleoan, zurubi oineko alfonbraren ondoan. Gora zihoala linoleoko orban hura zer ote zen galdetu zion bere buruari. Lanean ari zen, nonbait, haren subkontzientea. Dena dela, trasteak eskuan zituela atzera jiratu, ezkaratzera joan, whiskya eta sifoia utzi eta orbana ukitzeko makurtu zen. Orbanak odol erdi lehortuaren tankera eta kolorea zuela ohartu zen, harridura larririk gabe, ordea.

        Atzera trasteak hartu, eta, batera eta bestera begira, gora igo zen, odol orban hura zer ote zen asmatu ezinik. Tranpalean zerbait ikusi eta bertan gelditu zen harri eta zur: logelako maratilan ere odola zegoen.

        Bere eskuak begiratu zituen, zauriren bat ote zuen. Garbi-garbi zeuzkan, ordea; gainera, orduantxe oroitu zen logelako atea irekita zegoela langelatik jaitsi zenetik eta ez zuela maratila ukitu beharrik izan. Gelan sartu zen. Aurpegian ez zitzaion larritasunik antzematen; ohi baino keinu erabakiagoa, akaso. Begirada zelatariaz den-dena aztertzen hasi zen. Ohe aldera begiratu zuen: ohe-estalkian odol orban bat ikusi zuen, eta maindirea zarrastaturik zegoen. Lehenengo aldiz gelan sartu zenean ez zen horretaz ohartu, zuzen-zuzenean apainmahaira joan baitzen. Ohe-jantziak nahasturik zeuden, norbait gainean eseri balitz bezala.

        Ahots bat iruditu zitzaion, «Ala jainkoa! Kemp da eta!» esaten. Baina Kemp doktorea ez zen Ahotsetan sinesten duten horietakoa.

        Maindire zimurtuak begiratu zituen. Ahots bat al zen, benetan? Berriro alde guztietara begiratu zuen, baina ez zuen ezer ikusi, ohe nahasi eta odolez orbandua besterik. Garbi-garbi entzun zuen konketaren alboan zerbait mugitzen ari zela. Gizon guztiek, baita ikasienek ere, izaten dute sineskeria bitxiren bat. Eta «Izu» deritzon sentipenak menderatu zuen doktorea. Gelako atea itxi, joan apainmahaira eta botila eta edalontzia han utzi zituen. Bera zegoen tokiaren eta konketaren artean harizko maindireaz eginiko benda moduko bat ikusi zuen, biribilkatua eta odolez zikindua, airean dilindan.

        Asaldaturik begiratu zuen benda: benda barne-hutsa zen, kiribilkatua eta lotua, baina barne-hutsa. Hura harrapatzeko aurrera egin nahi izan zuen, baina zerbaitek oztopo egin zion. Albotik mintzatu zen ahots batek hitz egin zion:

        — Kemp! —esan zion Ahotsak.

        — E? —esan zuen aho zabalik Kempek.

        — Zaude lasai —esan zion Ahotsak Gizon Ikusezin bat naiz.

        Kempek ez zion berehala erantzun; lotailuari so gelditu zen.

        — Gizon Ikusezina —esan zuen.

        — Gizon Ikusezin bat naiz —berriro Ahotsak.

        Kempi goiz hartan bertan entzundako istorioa etorri zitzaion gogora, goizean barregarri iritzi zion istorio hura. Hasieran ez zegoen oso beldurturik edo harriturik, ez zuen ematen. Geroago larritu zen.

        — Hori dena gezur biribila zela uste nuen —esan zuen, goizean eman zituen arrazoiak gogoan Zer duzu, benda bat? —galdetu zuen.

        — Bai —erantzun zion Gizon Ikusezinak.

        — Ene! —esan zuen Kempek, esnatuz bezala Tira, tira! Honek ez du zentzurik! Magiako trikimailuren bat edo izango da.

        Aurreratu eta benda ukitzeko eskua luzatu zuenean hatz ikusezin batzuekin topo egin zuen.

        Atzera egin eta zurbil-zurbil jarri zen.

        — Lasaitu, Kemp, Jainkoarren! Laguntza behar dut. Zaude geldirik!

        Eskuak besotik heldu zion. Kempek jo egin zuen.

        — Kemp! —egin zuen oihu Ahotsak Kemp! Kemp lasaitu, arren! —eta heldukada are estutu zen.

        Beso harengandik askatzeko grina larri batek hartu zuen Kemp. Bendatutako besoaren eskuak sorbaldatik heldu zioten Kempi, bultzakada bat eman eta ohe gainera erori zen Kemp ahoz gora. Ahoa zabaldu zuen oihu egiteko, baina maindirearen ertz bat sartu zitzaion hortz artean. Gizon Ikusezinak mendean harturik zeukan ia, baina Kempek besoak libre zituen eta sekulako kolpeak eta ostikoak ematen ahalegindu zen.

        — Ez zaitez izan zentzugabea, entzun? —esan zion Gizon Ikusezinak, Kemp askatu gabe, nahiz eta honek kolpe bat eman zion saihetsetan Jainkoarren! Haserretu egingo nauzu azkenean. Zaude geldirik, ergel hori! —egin zuen oihu Gizon Ikusezinak Kempen belarrian.

        Kempek borrokan jarraitu zuen apur batean baina, azkenik, etzanda gelditu zen.

        — Oihu egiten baduzu, aurpegia txiki-txiki egingo dizut —esan zion Gizon Ikusezinak, eta maindirea ahotik atera zion.

        — Gizon Ikusezin bat naiz. Eta ez da ez ergelkeria, ez eta magia kontua ere. Gizon Ikusezin bat naiz benetan. Eta zure laguntza behar dut. Ez dizut minik egin nahi, baina abarkadun ikarati bat bezala portatzen bazara zer edo zer egin beharko dut. Kemp, ez al zara nitaz oroitzen? Griffin naiz, unibertsitate-eskolan zurekin ibilia.

        — Utz iezadazu altxatzen —esan zuen Kempek Ez dut alde egingo. Utz iezadazu apur batean eserita lasai egoten.

        Eseri eta lepoa igurtzi zuen.

        — Griffin naiz, unibertsitate-eskolakoa. Nire burua ikusezin bihurtu dut. Gizon arrunta naiz: zuk ezagutu zenuen gizon berbera, baina ikusezin bihurtua.

        — Griffin? —esan zuen Kempek.

        — Griffin —erantzun zion Ahotsak Zu baino ikasle gazteagoa, albinoa ia, sei oin garaia, eta zabala, aurpegi zuri-arrosa eta begi gorrixkak zituena; kimikako saria irabazi zuena.

        — Nahasturik nago —esan zuen Kempek Burua biraka dabilkit. Zer zerikusi du honek guztiak Griffinekin?

        — Nerau naizela Griffin!

        Kemp pentsakor gelditu zen.

        — Izugarria da —esan zuen Baina nola demonio bihur daiteke gizon bat ikusezin?

        — Ez da demoniorik behar. Prozesu zentzuzko eta ulergarria da, guztiz.

        — Izugarria da! —esan zuen Kempek Nola daiteke?

        — Izugarri samarra da, bai. Baina zaurituta eta minez nago, eta leher eginda. Ala jainkoa! Kemp, kemen handiko gizona zara zu. Arren, har ezazu hau lasai. Jan-edana emaidazu, eta utzi hemen esertzen.

        Bendari begira-begira zegoen Kemp, gelan zehar nola mugitzen zen. Zumezko aulki bat ohe albora arrastaka joan zela ikusi zuen. Eserlekuak karraska egin, eta hatz erdia edo beheratu zen. Kempek begiak eta lepoa igurtzi zituen berriro.

        — Mamuena baino harrigarriagoa da hau —esan eta barre ergela egin zuen.

        — Hobeto ari zara. Zeruari eskerrak, berreskuratu duzu zentzua!

        — Edo ergeltasuna! —esan zuen Kempek, eta begiak hatz-kozkorrez igurtzi zituen.

        — Emaidazu whisky apur bat. Erdi hilik nago eta!

        — Ez da hainbesterako izango. Baina, non zaude? Altxatzen banaiz zure barrenetik igaroko al naiz? Tira, ondo da! Whiskya? Tori. Nola emango dizut, baina?

        Karrask hotsa atera zuen aulkiak berriro, eta edalontziak eskutik nola ihes egiten zion sentitu zuen Kempek. Edalontzia askatu behar izan zuen, eskua zabalarazi baitzion zerbaitek. Bera zegoen tokitik hirurogei bat hatzera gelditu zen edalontzia, aulki ertzean. Kemp begira gelditu zen, harriduraren harriduraz.

        — Hipnotismo kontua izan behar du. Sugestioaren bidez zu ikusezina zarela sinestaraziko zenidan.

        — Hori da erokeria! —esan zuen Ahotsak.

        — Honek ez du zentzurik, ordea.

        — Entzuidazu...

        — Gaur goizean zalantzari biderik utzi gabe frogatu dut —hasi zen Kemp ikusezintasuna, zera...

        — Bost axola niri zuk zer frogatu duzun! Goseak amorratzen nago —esan zuen Ahotsak eta gauak oso hotzak dira gizon bat biluzik ibiltzeko.

        — Janaria? —esan zuen Kempek.

        Whiskyz beteriko edalontzia bere kabuz bezala okertu zen.

        — Bai —esan zion tragoska egin ondoren Gizon Ikusezinak Eta ba al duzu etxeko batarik?

        Kempek hasperen egin zuen. Jantziak gordetzen zituen armairura joan eta bata gorrixka hits bat atera zuen.

        — Nahikoa duzu hau? —galdetu zuen, eta batak eskuartetik ihes egin zion. Airean dilindan gelditu, hega-bira bitxi batzuk egin eta, zutik jarririk, botoiak txukun-txukun lotu zitzaizkion batari. Gero aulkian eseri zen.

        — Galtzak, galtzerdiak eta zapatilak ere hartuko nituzke —esan zuen Ikusezinak lehor Eta janaria, noski.

        — Nahi duzuna. Baina hau da sekula bizi izan dudan egoera zentzugabeena!

        Armairuko tiraderak ireki zituen jantziak ateratzeko; ondoren, jaki-biltegia miatzera jaitsi zen. Sahieski hotz apur bat eta ogia hartuta itzuli zen; mahaitxo bat hartu eta gonbidatuaren aurrean ezarri zituen guztiak.

        — Ez dut labanarik behar —esan zuen bisitariak, eta sahieski puska bat dilindan gelditu eta hozka-hotsa entzun zen.

        — Ikusezina! —esan zuen Kempek, eta aulki batean eseri zen.

        — Otorduetarako nahiago izaten dut jantzita egotea —esan zuen Gizon Ikusezinak, ahoa beteta, ase ezinik Bai apeta bitxia nirea, ezta?

        — Eskumuturra ondo izango duzu, ez? —galdetu zion Kempek.

        — Bai, bai —erantzun zuen Gizon Ikusezinak.

        — Hau da gauza bitxi eta harrigarria...

        — Bai, hala da. Ezusteko atsegina izan dut benda bila hasi eta zure etxean sartu izana. Hau da ongi atera zaidan lehenengo gauza. Dena dela, hemen lo egitea neukan pentsatuta. Zeurean hartu beharko nauzu, beraz. Nazkagarria eta higuingarria da alde guztietan nire odola ikusi beharra, ezta? Gatzatu egin da. Antza denez, ikusgai bihurtzen da gatzatuz gero. Eta orain dela hiru ordu sartu naiz zurera.

        — Baina nola liteke? —hasi zen Kemp, gogaiturik Arraioa! Kontu honek ez du ez buru eta ez hanka.

        — Ez. Arrazoizkoa da —esan zion Gizon Ikusezinak Erabat arrazoizkoa.

        Besoa luzatu eta whisky botila hartu zuen. Kempek bata ase-ezinari begiratu zion. Eskuineko sorbaldako zartatu batetik sartzen zen argi izpiak triangelu formako irudi bat osatzen zuen ezkerreko saihetsen azpian.

        — Zer ziren tiro haiek? —galdetu zuen Kempek Zer dela eta hasi dira tiroka?

        — Gizontxo ergel bat zen, nire konplize modukoa zena. Madarikatu hura! Dirua lapurtu nahi izan dit; alegia, lapurtu egin dit.

        — Bera ere Ikusezina al da?

        — Ez.

        — Orduan?

        — Ezin al dut beste zerbait jan ezer kontatzen hasi aurretik? Goseak eta minak nago. Nola nahi duzu horrela kontu-kontari aritzea?

        Kemp zutik jarri zen.

        — Ez al duzu zuk tiro egin? —galdetu zion.

        — Ez, ez, nik ez —erantzun zion bisitariak Lehendik ezagutzen ez nuen inozo batek egin du, airera. Beldurtu egin dira. Nire beldur dira denak. Doazela pikutara! Baina, Kemp, zerbait gehiago jan nahi nuke.

        — Behera noa, jateko beste ezer badagoen begiratzera —esan zuen Kempek Baina ez dut uste askorik dagoenik.

        Jan ondoren, eta bapo jan zuen, Gizon Ikusezinak zigarroa eskatu zion. Kempi labana aurkitzeko denborarik eman gabe kosk egin zion zigarro muturrari; biraoa egin zuen kanpoaldeko hostoa askatu zelako. Oso bitxia zen Gizon Ikusezina erretzen ikustea; haren ahoa, eztarria, faringea eta sudur-hegalak kebide-sare bat bezala ikustea.

        — Hau plazerra, erretzea! —esan zuen, eta sakon hartu zuen arnasa Hau zoriona, zurekin topo egin izana, Kemp! Lagundu egin behar didazu. Norekin, eta zurekin topo egin behar! Arazo handi bat dut. Ero baten moduan jokatu dudala uste dut. Gorriak ikusi ditut! Baina gauza handiak lortuko ditugu elkarrekin. Dena azalduko dizut.

        Whisky eta seltz gehiago hartu zuen. Kemp zutitu, Ikusezinari begiratu eta beste edalontzi bat ekarri zuen gonbidatuen gelatik.

        — Hau eromena da. Neuk ere zerbait hartuko dut.

        — Ez zara asko aldatu, Kemp, hamabi urte hauetan. Izan ere, hilehoriak ez zarete asko aldatzen diren horietakoak. Hotzak eta eratsuak izaten zarete, hasierako alditxarra gainditu ostean. Entzun esaten dizudana. Elkarrekin lan egingo dugu!

        — Baina nola egiten da? —esan zuen Kempek Nola iritsi zinen egoera honetara?

        — Jainkoaren izenean, utz iezadazu lasai erretzen. Gero kontatuko dizut den-dena.

        Baina istorioa ez zuen gau hartan kontatu. Gizon Ikusezinari mina jarri zitzaion eskumuturrean; sukarrez zegoen, nekeak erreta; eta muinoan beherako ihesaldian eta ostatuko borrokaldian zuen gogoa. Tarteka-tarteka Marvel jaunari buruz mintzatzen zen; gogo biziz erre zuen; haserre-ahotsa jarri zitzaion. Kemp ahal zuen informazio guztia ateratzen saiatu zen.

        — Beldur zen nitaz, bistakoa zen beldurra ematen niola —esaten zuen Gizon Ikusezinak behin eta berriro Ihes egin nahi zidan... Horretan saiatzen zen beti! Bai inozoa izan nintzela! Azpisugea halakoa! Hil egin behar nuen!

        — Nondik atera zenuen dirua? —galdetu zuen zakar Kempek.

        Une batean isilik gelditu zen Gizon Ikusezina.

        — Hori ezin diezazuket gaur esan —erantzun zion.

        Intziri egin, makurtu aurrerantz, eta esku ikusezinez heldu zuen buru ikusezina.

        — Kemp —esan zion Hiru egunetan ez dut lorik egin ia: ordu beteko bi lo-kuluxka edo, besterik ez. Lo egin behar dut.

        — Ondo da, neure gela utziko dizut. Hartu gela hauxe.

        — Baina nola lokartuko naiz? Lo hartzen badut ihes egingo du. Tira! Zer axola?

        — Zer moduz zauri hori? —galdetu zion zakar Kempek.

        — Ongi: atzamarkada bat eta odola besterik ez da. Baina, ene! Hau logura!

        — Eta zergatik ez zara, bada, lokartzen?

        Gizon Ikusezina Kempi begira gelditu zela zirudien.

        — Ez nukeelako ni harrapatu nahian dabiltzanen esku geratu nahi —esan zuen mantso-mantso.

        Kemp asaldatu egin zen.

        — Ni bai inozoa! —esan eta mahaia indarrez jo zuen Gizon Ikusezinak Neuk eman dizut ideia!

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia