14.
PORT STOWEKO GERTAERAK

 

        Biharamuneko hamarretan Port Stowengo aldirietako ostatu txiki baten atarian zegoen Marvel; bizarra kendu gabe eta bidaiako izerdia garbitu gabe zegoen; liburuak aldean zituen eta eserita zegoen, eskuak patriketan sarturik. Urduri antza zegoen, estu, deseroso; tarteka masailak puzten zituen. Aldean zituen liburuak, baina soka batez loturik oraingoan. Fardela, berriz, Bramblehurstetik harantzako pinudi batean utzi zuten, Gizon Ikusezinaren asmoak aldatu egin baitziren. Marvel banku batean eserita zegoen, eta, inork antzeman ez bazion ere, asaldaturik zegoen, sukarrak jota bezala. Eskuak patrika guztietan sartzen zituen behin eta berriro, urduritasunezko keinu xelebreak eginez.

        Han eserita ordu bete edo egin zuenean, marinel adintsu bat irten zen ostatutik, egunkaria eskuetan, eta alboan eseri zitzaion.

        — Egun ederra gaurkoa! —esan zuen marinelak.

        Marvelek batera eta bestera begiratu zuen ikaraz bezala.

        — Bai, egia —erantzun zuen.

        — Urte sasoi honetarako eguraldi aproposa —esan zuen marinelak, solaskidearen zaputza aintzat ez hartzera erabakita.

        — Hala da —esan zuen Marvelek.

        Marinela, poltsikotik hortzetako txotx bat aterata, hortz tarteak garbitzen hasi zen ondo-ondo, besteari jaramon egin gabe. Denbora aski izan zuten ordea, haren begiek Marvelen itxura zarpaila eta alboan zituen liburuak aztertzeko. Marvelengana hurbildu zenean txanpon-hotsa entzun zuen haren patrikan; harritu egin zen Marvel jaunak bezalako itxura zuen norbaiti oparotasuna adierazten zuen hots hura entzutean. Baina berehala jarri zituen bere burutazioak gogoa betetzen zion gaiaren harira.

        — Liburuak? —esan zuen, txotxaren lana zarata handiz amaitzearekin bat.

        Marvel larritu egin zen, eta liburuei begiratu zien.

        — Hauek? Bai —esan zuen Bai, liburuak dira.

        — Gauza ezohikoak datoz liburuetan —esan zuen marinelak.

        — Bai, alajaina —erantzun Marvelek.

        — Eta haietatik kanpo ere gauza ezohikoak aurki daitezke —berriro marinelak.

        — Hori ere egia da —esan zuen Marvelek. Solaskideari begiratu zion lehenengo, eta inguru guztira gero.

        — Gauza ezohikoak datoz, esate baterako, periodikoetan —esan zuen marinelak.

        — Bai, hala da.

        — Periodiko honetan esaterako —jarraitu zuen marinelak.

        — Bai? —Marvelek.

        — Istorio bat badator gaur —esan, eta begirada zorrotza bota zion marinelak Marveli Gizon Ikusezin bati buruzkoa, aizu!

        Marvelek ahoa okertu eta masailak igurtzi zituen; belarriak gorritzen ari zitzaizkiola konturatu zen.

        — Zer ez ote duten asmatuko oraindik? —galdetu zuen apal Eta non da, Austrian, edo Ameriketan?

        — Ez batean eta ez bestean —erantzun zion marinelak Hemen!

        — Jainko maitea! —esan zuen izuturik Marvelek.

        — Baina hemen esaten dudanean —jarraitu zuen marinelak ez dut esan nahi hementxe gertatu denik, noski. Hemen inguruan esan nahi dut.

        Marvel lasaiago gelditu zen.

        — Gizon Ikusezin bat! —esan zuen Marvelek Eta zer egin du, ba?

        — Denetik! —esan zuen marinelak, Marveli begirik kendu gabe Direnak eta ez direnak!

        — Izan ere, egun hauetan ez dut periodikorik irakurri —esan zuen Marvelek.

        — Ipingen hasi omen zen lehenengo —esan zuen marinelak.

        — Bai ote? —esan zion Marvelek.

        — Hasi, han hasi omen zen. Baina nondik zetorren, hori inork ez dakiela ematen du. Hona hemen: «Gertaera Harrigarriak Ipingen». Periodiko honek pisu handiko frogak aurkitu direla esaten du. Oso pisu handiko frogak.

        — Jaungoiko maitea! —Marvelek.

        — Istorio ezohikoa denik behintzat ezin ukatu! Erretore bat eta mediku bat dira lekuko nagusietakoak. Ikusezina ondo asko ikusi omen zuten... alegia, ez zuten ikusi. Coach and Horses ostatuan apopilo omen zegoen. Antza denez, inork ez zion antzeman haren zorigaitzari, «zorigaitza» esaten du hemen, harik eta ostatuan iskanbila sortu zelarik, dio, buruan zeramatzan bendak kendu zituen arte. Orduan ikusi omen zuten burua ikusezina zuela. Harrapatzeko ahaleginak egin zituzten, baina arropa kenduta, esaten du, ihes egitea lortu zuen. Ihes egin aurretik borroka lazgarri bat ere izan zen ordea, eta haren ondorioz zauri larriak izan zituen, esaten du, gure polizia jaun duin eta eraginkorra den J. A. Jaffers jaunak. A ze istorioa, ezta? Izen eta guzti dakar!

        — Jaungoiko maitea! —esan zuen Marvelek bere ingurura begira urduri. Patrikan zituen txanponak ukituz, zenbat diru zuen kontatzen ari zen; ideia bitxia bururatu zitzaion Txundigarria da!

        — Bai, ezta? Ezohikoa, esango nuke nik. Gizon Ikusezinen entzuterik ez nuen; baina hamaikatxo ez ohiko gauza entzuten dira gaur egun, eta tira!

        — Eta hori al da egin duen guztia? —galdetu zion Marvelek, lasai zegoen itxura egin nahian.

        — Bada zerbait, ala? —esan zuen marinelak.

        — Ez zen bueltatuko, baina? —galdetu zuen Marvelek Ihes egin eta kitto, ez?

        — Kitto! —marinelak Zergatik? Ez al zaizu nahikoa egin duela iruditzen?

        — Nahikoa eta gehiegi! —erantzun zion Marvelek.

        — Niri, behintzat, nahikoa iruditzen zait —esan zuen marinelak Bai, nahikoa iruditzen zait.

        — Eta ez al zuen adixkiderik edo? Ez du adixkiderik aitatzen, ez? —galdetu zuen larri Marvelek.

        — Bakarra ez al zaizu aski iruditzen? —esan zion marinelak Ez, jaungoikoari eskerrak, ez zuen adixkiderik.

        Eta burua mantso-mantso mugitu zuen.

        — Kezkatuxe nago morroi hori gure herrialdean libre-libre dabilela jakinik. Garbi dago libre dagoela, eta aztarnen arabera Port Stowerako bidea hartzera doa; hemen «hartu du» esan nahiko zuela pentsatzen dut. Konturatzen zara gu ere honetan sartuta gaudela? Oraingo hau ez da zuk esaten zenuen Ameriketako berri horietakoa! Eta pentsa ezazu zer ez duen egingo! Zer egingo zenuke zure albotik eta gainetik igaro eta zuri erasotzea bururatuko balitzaio? Pentsa ezazu lapurreta egin nahi duela: nork eragotziko dio? Edonon sar daiteke, lapurreta egin dezake, polizia-lerro bat gaindi dezake zuk eta nik itsu bati ihes egin diezaiokegun bezain erraz. Errazago oraindik! Zeren itsuek belarri ona baitute, hala esaten dute behintzat. Eta gustuko pattarra aurkitzen badu, berriz,...

        — Bai, abantaila handiak ditu —esan zuen Marvelek Eta... zera...

        — Zeuk esan duzu —esan zuen marinelak Izan, baditu.

        Marvel bere ingurura begira egon zen denbora guztian, oinatz ikusezinak entzun edo mugimendu somaezinak antzeman nahian. Garrantzizko erabaki bat hartzeko trantzean zela ematen zuen. Eskua ahora eraman eta eztula egin zuen.

        Bere ingurura begiratu zuen berriro, eta entzuten gelditu zen. Marinelarengana makurtu eta ahots apalez mintzatu zitzaion:

        — Egia esan, nik badakizkit gauza bat edo bi Gizon Ikusezin horri buruz. Iturri pribatu batek esanak.

        — Ene! —esan zuen marinelak oso interesaturik Zuk?

        — Bai —erantzun zion Marvelek Neuk.

        — A, bai? Bada, begira, jakin nahi nuke...

        — Sor eta lor geratuko zinateke —esan zion eskua aho aurrean jarrita Marvelek Ikaragarria da!

        — Benetan? —galdetu zion marinelak.

        — Begira, kontua da... —hasi zen, gartsu baina isilka, Marvel; baina horretan erabat aldatu zitzaion bisaia.

        — Ai ene! —esan eta bankutik altxatu zen; minezko keinua agertu zen haren aurpegian.

        — Ai! —esan zuen.

        — Zer da? —esan zuen jakin-minez marinelak.

        — Hagineko mina —erantzun zion Marvelek, eta belarrira eraman zuen eskua. Liburuak hartu zituen Alde egin beharko dudala uste dut —esan zuen.

        Solaskidearengandik urruntzean itzulinguru bitxia egin zuen eserlekuaren inguruan.

        — Ez al zenidan, bada, Gizon Ikusezin horrena kontatu behar? —bota zion marinelak haserre.

        Marvel jauna bere golkorako hitz egiten ari zela zirudien.

        — Dena gezurra —esan zuen ahots batek.

        — Gezurra galanta! —Marvelek, ondoren.

        — Periodikoan jartzen du, ordea —esan zuen marinelak.

        — Gezur biribila dela! —esan zuen Marvelek Ezaguna dut zurrumurrua zabaldu zuen gizona. Ez da Gizon Ikusezinik, horratx!

        — Eta zer diozu periodikoak dakarrenaz? Zer esan nahi duzu horrekin?

        — Hitz bat bera ere ez da egia —esan zuen zorrotz Marvelek.

        Begira-begira gelditu zitzaion marinela, egunkaria eskuan zuela. Marvelek batera eta bestera begiratu zuen.

        — Zaude, zaude pixka bat —esan zuen, ozen eta mantsoago, marinelak Beraz, esan nahi duzu...

        — Hori da! —esan zuen Marvelek.

        — Orduan, zergatik utzi didazu istorio guztia kontatzen? Zergatik egon zara isil-isilik ni bezalako gizon bat bere burua horrela barregarri uzten ari zen bitartean? Ein?

        Marvel jaunak masailak puztu eta bafa egin zuen. Marinela gorri-gorri eginda zegoen haserrearen haserrez; estu-estu egin zituen ukabilak.

        — Hemen jardun dut hamar minutuan isildu ere egin gabe —esan zuen eta zu, trinpaundia halakoa, bota zahar baten seme aurpegi-zimel alaena, ez zara gai izan gizalegerik txikiena ere erakusteko.

        — Ez etorri niri kontu horiekin! —esan zuen Marvelek.

        — Kontuak, kontuak! Badakizu zer ari naizen pentsatzen...

        — Goazen —esan zuen ahots batek, eta astindu bat hartuta behaztopaka bezala abiatu zen Marvel.

        — Hobe duzu, bai, alde egitea! —esan zuen marinelak.

        — Zeinek alde egin behar du hemen? —galdetu zuen Marvelek.

        Zeharka zihoan, bizkor-bizkor, norbait bultzaka ari balitzaio bezala. Errepidean aurrera zihoala bera bakarrik hasi zen hizketan, errietaka eta agiraka.

        — Demonio malapartatu alaena! —esan zuen marinelak, hankak zabal-zabal eginda eta eskuak gerrian jarrita, urrutiratzen ari zen gizirudiari begira Nik erakutsiko dizut zuri jendea engainatzen, nik erakutsiko dizudanez! Hementxe esaten ez du ba, periodikoan!

        Marvelek zentzugabekeriaren bat erantzun zion, baina aurrera jarraitu eta bide bazter batean ezkutatu zen. Marinela bide erdian gelditu zen harro-harro, harik eta harakinaren orgak baztertzera behartu zuen arte. Gero Port Stowera itzuli zen.

        — Inozo ezohikoez beteta dago mundua —esan zuen bere golkorako Ez zidan, ba, burua nahastu nahi txoro horrek! Periodikoan dator eta!

        Handik gutxira beste gertaera harrigarri baten berri izan zuen, bere ondo-ondoan jazo zen gertaera batena, gainera: diru eskukada bat (zer eta diru eskukada bat!) bere kasa mugitzen ikusi zuten St. Michael Laneko kantoiko horman zehar. Beste marinel batek izan omen zuen ikuspen bitxi hura, goiz hartan bertan. Dirua harrapatzeko jauzi egitera zihoala buruan jo omen zuten, eta berriro zutik jartzeko gai izan zenerako diru hegalariaren arrastorik ez omen zen. Gure marinelak oso sineskoia zela esan zuen, baina hura gehiegitxo iruditu zitzaion. Hala ere, geroago berriro aztertu zituen gertaera haiek.

        Diru hegalariaren kontua egia zen. Auzoko toki gehienetatik, Londresko eta Konderriko Banketxe Konpainia ospetsutik besteak beste, diru-kutxetatik irten eta ihesi joan ziren diru hegalariak, eguzkia zela-eta irekita zeuden denda eta ostatuetako ateetatik. Dirua eskukadaka irteten zen; poliki-poliki joaten zen horma bazterretan eta itzaletan zehar hegan, eta gizadiaren begi-bistatik desagertzen zen. Eta inork jakin ez bazuen ere, diru haren hegaldi misteriotsua sedazko kapelu zirpildua zeraman eta Port Stoweko aldirietako ostatu atarian eserita zegoen gizon urduri baten patrikan amaitzen zen.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia