13.
MARVELEK DIMISIOA
EMAN ZUENEKOA

 

        Iluntzen ari zuenean eta Iping zorigaiztoko opor egun haren hondamenditik apurka-apurka bere onera etortzen hasi zenean, gizon txiki sendo bat agertu zen Bramblehursteko bideko pagoen artean; gizon hark sedazko kapelu zirpildu bat zeukan, eta neka-neka eginda zebilen ilunbean. Hiru liburu zeramatzan, lokarri elastiko apain batzuekin loturik, eta fardel bat, mahai-oihal urdin batean bildua. Nahigabea eta nekea antzematen zitzaizkion bere aurpegi gorrian; presaren presaz zihoala zirudien. Berea ez zen beste Ahots bat zuen lagun, eta esku ikusezin batzuen ukituarekin dardaratzen zen behin eta berriro.

        — Berriro niri ihes egiten saiatzen bazara —zioen Ahotsak berriro ihes egiteko imintzioa egiten baduzu...

        — Jaungoiko maitea! —erregutu zuen Marvelek Besagain hori ubelduraz josita daukat!

        — Zin dagizut —esan zuen Ahotsak hil egingo zaitut.

        — Ez naiz zuri ihes egiten saiatu —esan zuen Marvelek; ahotsagatik, negarrez hasiko zela ematen zuen Benetan esaten dizut, ez nuen halakorik egin nahi! Kontua da ez nuela bidexka santu hura ezagutzen, besterik ez! Nola demontre ezagutuko nuen, ba, ditxosozko bidexka malapartatu hura? Egia esateko, jipoia eman didate...

        — Eta gehiago ere hartuko dituzu argi ibiltzen ez bazara! —esan zion Ahotsak.

        Marvel berehala isildu zen eta bafa egin zuen; nahigabea agertu zitzaion begietan.

        — Nahiko arazo badut kankailu baldar horiek nire sekretutxoaren zelatan ibiltzea, orain zuri nire liburuekin ihes egiten uzteko! Batzuentzat hobe izan da ihes egin dutenean ihes egin izana! Begira nazazu... Inork ez zekien Ikusezina nintzenik! Zer egingo dut orain?

        — Eta zer egingo dut nik? —galdetu zion, sotto voce, Marvelek.

        — Orain denek dakite. Egunkarietan agertuko da. Nire bila hasiko dira denak; denak nire zelatan!

        Ahotsa birao gordinak esaten hasi zen, baina bat-batean isildu zen.

        Marvelen begietako nahigabe keinua areago larritu zen, eta urratsa geldotu zitzaion.

        — Jarraitu aurrera! —esan zion Ahotsak.

        Marvelen aurpegia gris koloreko jarri zen gorriuneen tarteetan.

        — Ez bota liburuak, ergela halakoa! —esan zuen indarrez Ahotsak, besteari aurrea harturik Begira —jarraitu zuen zu erabili beharko zaitut. Balio handikoa ere ez zara, baina, tira, hala beharko du!

        — Adixkide doilorra nauzu, baina —esan zuen Marvelek.

        — Hala zara, bai —erantzun zion Ahotsak.

        — Aizu, ez zenuke ni baino adixkide kaxkarragorik inon aurkituko —zioen Marvelek.

        — Ez naiz indartsua —jarraitu zuen etsipenezko isilune baten ondoren.

        — Ez naiz oso indartsua —esan zion berriro.

        — Ez, eh?

        — Eta bihotz ahula dut. Zure agindu horiek.... bete, bete ditut, ezta? Baina, Jesus! Bertan seko ere gera nintekeen!

        — Eta?

        — Ez dut zuk eskatzen dituzun gauza horiek egiteko adorerik eta indarrik.

        — Neuk zirikatuko zaitut, orduan.

        — Ez nuke nahi! Ez nituzke zure asmoak zapuztu nahi, hori badakizu. Baina hala gertatuko da, bildurturik eta samindurik nago eta.

        — Hobe duzu horrelakorik ez egitea —esan zuen, arrandiaz baina patxadaz, Ahotsak.

        — Nahiago nuke hilda banengo! —esan zuen Marvelek Hau ez da zuzena —esan zuen Nik ere baditut neure eskubideak!

        — Jarraitu ezazu aurrera! —esan zuen Ahotsak.

        Marvelek urratsa arindu zuen. Isil-isilik aurrera jarraitu zuten.

        — Hau gurutzea, nirea! —hasi zen Marvel.

        Baina alferrik izan zen. Taktika berria erabili behar izan zuen.

        — Zer aterako dut, ba, honekin? —galdetu zuen, Ahotsak irain barkaezina egin balio bezala.

        — Arren! Isil zaitez! —esan zuen ustekabean indarberriturik Ahotsak Neuk gobernatuko zaitut; zuk nire aginduak bete. Primeran egingo duzu; ergel hutsa zara, baina lortuko duzu.

        — Jauna, esan dizut ez naizela horretarako gizon aproposa. Barkatuko didazu, baina hala da.

        — Isiltzen ez bazara eskumuturra bihurrituko dizut berriro —esan zion Gizon Ikusezinak Orain pentsatu egin behar dut.

        Horretan zuhaitz artetik bi argi hori luzaxka eta laino artean eliza bateko dorre karratua ikusi zituzten.

        — Eskua sorbalda gainean jarriko dizut —esan zuen Ahotsak herri hau zeharkatzen dugun artean. Zoaz zuzen aurrera eta ez egin ergelkeriarik, zure kalterako izango da eta.

        — Badakit! —esan zuen, hasperen eginez, Marvelek Badakit hori dena.

        Eta, hala, sedazko kapelu zirpildua zeraman eta zorigaitzak hartua zirudien gizirudi hark herria igaro zuen bere fardelekin, eta leihoetako argietatik harantzagoko iluntasun gero eta ilunagoan desagertu zen.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia