8.
BIDEAN

 

        Zortzigarren atal hau arrunt laburra da, eta kontatzen du nola Gibbins, barruti hartako sasi-naturalista, muino zabalean etzanda zegoen, inguruko pare bat miliatan arimarik ez zuela, edo berak hala uste zuela, behintzat; eta nola, lozorroan, giza eztul bat entzun zuen lehenengo, doministiku bat gero eta birao gorri bat ondoren. Begiratu eta ez zuen ezer ikusi. Baina ahots bat entzun zuela ziur zegoen. Ahotsak biraoka jarraitzen zuen; baina hori bai, gizon ikasiaren biraoak ezaugarritzen dituen aberastasun eta aniztasunaz. Gero eta ozenago entzun zen ahotsa, ozentasun gorena iritsi arte; ondoren apaldu eta urruntasunean galdu zen. Adderdean aldera hartu zuela iruditu zitzaion. Gero doministiku handi bat entzun zen eta, azkenik, dena amaitu zen. Gibbinsek ez zuen goiz hartako gertaeren berri, baina ordukoa hain zen ezohikoa eta harrigarria, ezen haren lasaitasun filosofiko guztia aztoratu baitzuen; altxatu zen berehala eta muinoan behera herrira jaitsi zen, ahal bezain arin.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia