7.
EZEZAGUNAREN IKUSEZINTASUNA AGERIAN

 

        Ezezaguna goizeko bost eta erdiak aldera Coach and Horses ostatuko egongela txikian sartu zen; han egon zen eguerdia arte, pertsianak jaitsita eta atea itxita. Hallekin gertatutakoaz gero, inor ez zen ausartu harengana hurbiltzera.

        Denbora guztian baraurik egon zen. Txirrina hiru aldiz jo zuen, hirugarrenean luze eta haserre gainera, baina inork ez zion erantzun.

        — Orain ikusiko dugu nork joan behar duen hemen pikutara! —esan zuen Hall andreak.

        Erretore-etxean izandako lapurretari buruzko zurrumurruak iristen hasi zitzaizkien handik gutxira, eta pixkanaka atze-aurreak lotzen hasi ziren. Hall, Wadgersen laguntzarekin, Shuckleforth epaile jaunaren bila joan zen, aholku eske. Inor ez zen bigarren solairura igotzera ausartzen. Eta, beraz, inork ez zekien zertan ari zen ezezaguna. Noizean behin gelan atzera-aurrera ibiltzen zen bizkor, eta bi aldiz entzun zituzten biraoak, paper zartatzea eta beira hautsiaren hotsa.

        Kanpoan ikaraturik baina jakin-minak jota zegoen herritarren taldea gero eta handiagoa zen. Huxter andrea etorri zen; eta Mendekoste-igandez jaka beltzak eta piqué paperezko korbatak estreinatu zituzten zenbait gazte alai ere taldearekin bat egin eta galdera nahasiak egiten hasi ziren. Gazteen artean Archie Harker nabarmendu zen batez ere, atarian sartu eta pertsiana atzean zer zegoen zelatatzeko ahalegindu zelako. Ez zuen ezer ikusi, baina zerbait ikusi zuela uste izateko aitzakia eman zien besteei, eta hark egindako gauza bera egiten hasi ziren Ipingeko beste gazte batzuk.

        Mendekoste-iganderik zoragarriena atera zuen; herriko kale nagusian baziren hamabi txosna edo gehiago, eta tiraleku bat; sutegi alboko zelaian hiru orga zeuden, hori-txokolate kolorekoak, eta sexu bietako gizaki ezezagun bitxi batzuk koko-jaurtiketarako txosna bat antolatzen ari ziren. Gizonek jaka urdinak zeuzkaten jantzita, eta emakumeek mantal zuriak eta garai hartan modan zeuden burukoak, luma astunez beteak. Woodyer, Purple Fawnekoa, eta Jaggers zapataria, bigarren eskuko bizikleta zabarrak ere saltzen zituena, kalearen alde batetik bestera banderatxo nazionalak eta errege ikurrak (jubileua ospatzeko erabili izan zirenak) zintzilikatzen ari ziren...

        Bitartean, ezezaguna ostatuan zen, egongelako ilunbe artifizialean, zirrikitu batetik eguzki-izpi bakarra sartzen zela. Harrezkero gose eta beldur izango zela uste dugu, baina han jarraitzen zuen bere estalki ez-eroso haietan ezkutaturik, bere betaurreko ilunen atzetik paperak arakatzen edo bere botila zikinak kraskarazten. Tarteka hitz gogorrak esaten zizkien gazteei, zeren eta ikusi, ikusten ez bazituen ere, antzeman egiten zuen leihoaz bestaldetik nola zebilzkion zelatan. Sutondoaren alboan hautsitako dozena bat botilaren beira puskak zeuden; klorina usain sarkor batek betetzen zuen airea. Orduan entzun zenari eta geroago gelan aurkitutakoari esker jakin ahal izan dugu hau guztia.

        Eguerdi aldera ezezagunak ustekabean egongelako atea ireki zuen eta tabernan ziren hiru edo lau lagunei begira-begira gelditu zitzaien.

        — Hall andrea! —esan zuen.

        Eta Hall andreari deitzera joan zen norbait burumakur.

        Berehala agertu zen Hall andrea, arnasestuka baina sutsu, halere. Hall kanpoan zen. Etxekoandrea egun hura noiz iritsiko irrikitan egon zen, eta erretilu txiki batean ordaindu gabeko gastuen kontua zuela agertu zen.

        — Kontua nahiko duzu, noski —esan zion.

        — Zergatik ez didazu gosaririk ekarri? Zergatik ez didazu bazkaririk ekarri, zergatik ez didazu erantzun txirrina jo dudanean? Airetik bizi naizela uste duzu, ala?

        — Eta zuk zergatikan ez didazu kontua ordaindu? —esan zion Hall andreak Horixe da nik jakin nahi nukeena.

        — Duela hiru egun esan nizun diru-igorpen bat iritsi zain nagoela.

        — Eta nik duela bi egun esan nizun ez nintzela zain geratuko. Ez zara gosariaren zain egon zarelako kexu izango gero! Nire kontua bost egunez zain egon bada, zu ere berdin-berdin egongo zara, ezta?

        Ezezagunak birao labur baina gogorra bota zuen.

        — Tira, tira! —entzun zen tabernatik.

        — Eta bihotzetik eskertuko dizut hitz gorri horiek zure golkorako gordetzea —esan zion Hall andreak.

        Ezezaguna zutik gelditu zen; urpekari haserre baten antza zuen, sekula baino antz handiagoa. Hall andreak ezezagunari irabazi ziola iruditu zitzaien tabernako guztiei. Eta hori erakutsi zuten ezezagunaren ondorengo hitzek ere:

        — Entzuidazu, emakume zintzo horrek... —hasi zen.

        — Niri ez esan «emakume zintzo» gero! —erantzun zion andreak.

        — Esan dizut ez zaidala dirua oraindik iritsi.

        — Zer diru eta zer diru ondo! —esan zuen Hall andreak.

        — Begira! Uste dut patriketan...

        — Patriketan zilarrezko soberano bat baino ez zenuela esan zenidan, ba, orain dela hiru egun.

        — Bada, begira, apur bat gehiago aurkitu dut.

        — Hara! —tabernatik.

        — Nahi nuke jakin diru hori non aurkitu duzun —esan zuen Hall andreak.

        Horrek ezezaguna mindu zuen, itxuraz. Lurra jo zuen oinaz.

        — Zer esan nahi duzu horrekin? —esan zion.

        — Ba, hori, jakin nahi nukeela non aurkitu duzun —esan zion Hall andreak Eta kontuak konpondu aurretik eta gosaria edo beste edozer gauza ekarri aurretik, azaldu beharko dizkidazu gauza bat edo bi, ulertzen ez ditudanak, eta inork ere ulertzen ez dituenak, eta guzti-guztiok ulertu nahi ditugunak. Jakin nahi dut zer egin diozun nire aulkiari hor goian, eta jakin nahi dut zergatik zegoen zure gela hutsik eta orain nola zauden zu barruan. Izan ere, etxe honetan ostatu hartzen dutenak atetik sartzen baitira. Etxeko legea baita. Eta zuk ez duzu hala egin; eta, orduan, sartzeko nola egin duzun, horixe jakin nahi dut. Eta jakin nahi dut...

        Ezezagunak eskuak, eskularruez estaliak, altxa zituen, ukabilak itxita; berriro jo zuen lurra oinaz.

        — Aski da! —esan zuen zakar, hain zakar ezen etxekoandrea isilarazi baitzuen Ezin duzu ulertu zer naizen edo nor naizen. Baina erakutsiko dizut, bai horixe!

        Eraman zuen esku-ahurra aurpegira eta bendak kendu zituen. Aurpegiaren erdialdea hutsune ilun bihurtu zitzaion bat-batean.

        — Tori! —esan zuen.

        Etxekoandrearengana hurbildu eta zerbait eman zion; andreak, haren aurpegi eraldatuari adi-adi so zelarik, zer zen begiratu ere gabe hartu zuen. Baina ezezagunak emandakoa ikusi zuenean, oihu ikaragarri bat egin, askatu eskuartean zuen zera hura eta atzera egin zuen. Sudurra zen, ezezagunaren sudur arrosa distiratsua; lurrera erori zen.

        Gero betaurrekoak kendu zituen, eta tabernan zirenek arnasari eutsi zioten. Kapelua kendu ondoren, bibotea eta buruko bendak kentzen hasi zen zakarkeriaz. Kosta egin zitzaion hasieran. Tabernan, une batetik bestera begien aurrean agertuko zitzaienari antzeman zioten.

        — Jainko maitea! —esan zuen norbaitek.

        Ezezagunak benda guztiak kentzea lortu zuen azkenik.

        Uste izan zutena baino are okerragoa izan zen hura. Hall andrea ahozabalik eta izu-izu eginda gelditu zen; begi-bistan zuenari garrasi egin eta sarrera-ate aldera joan zen korrika. Tabernako denak mugitzen hasi ziren. Prest zeuden ebatondo, okerreria edo bestelako edozein izugarrikeria ukigai ikusteko, baina... ezereza! Bendak eta peluka pasilotik tabernara joan ziren hegan; haiek saihesteko jauzi egin behar izan zuen baserritar kankailu batek. Harmailetan behera, batzuek besteekin estropezu egin zuten. Bitartean, azalpen ulertezinak ematen ari zen gizona; gorputz trinko eta bizia zen jakaren leporaino, handik gora, ordea,... ezereza, erabat ikusezina!

        Herriko jendeak oihuak eta garrasiak entzun zituen. Kalean gora begiratu zutenean Coach and Horses ostatua bertan ziren kristau guztiak egozten ari zela ikusi zuten. Eta ikusi zuten nola Hall andrea erori zen eta nola Teddy Henffreyk albo batera jauzi egin behar izan zuen haren gainera ez erortzeko. Gero Millieren orro izugarriak entzun zituzten: iskanbila hura zer zen ikustera sukaldetik pasilora irten eta bururik gabeko ezezagunarekin topo egin zuen neskak. Baina berehala isildu ziren oihuak.

        Kalean zebiltzan guztiak ostaturantz korrika hasi ziren: gozozalea, koko-jaurtiketaren txosnako nagusia eta haren laguntzailea, zabuzaina, neska-mutilak, beren soineko dotoreenez jantzitako neskatxak, basagizon burugabeak, baserritar dotoreak eta buhame mantaldunak. Berrogei bat laguneko taldea bildu zen denbora gutxian. Gero eta jende gehiago zihoan Hall andrearen ostatu aurrera, balantzaka eta uluka eta galdezka eta bai oteka eta aholkuka. Denek batera hitz egiteko adostuta zeudela zirudien; eromen hark babel bat ematen zuen. Talde txiki bat Hall andreari laguntzera joan zen, zeharo alditxartuta jaso baitzuten lurretik. Bilkura handi bat zirudien. Lekuko baten ahotsa entzun zen beste guztien gainetik.

        — Mamutzarra...!

        — Zer egin du, orduan?

        — Ez zuen, ba, neska kozkorra zaurituko?

        — Eskuan labana hartuta oldartu zaiola uste dut.

        — Bururikan ez, esan dizut. Eta ez naiz irudizko zentzuan ari; bene-benetan esaten dizut bururikan gabeko gizona dela.

        — Bai zera! Magiako trikimailuren bat edo izango zen. Seguru.

        — Bendak kendu ditu... Kendu egin ditu!

        Jende-aldrak horma sendo bat osatu zuen, kide ausartena ostatutik hurbilago.

        — Zutikan geratu da pixka batean. Nexkaren orroa entzun dut. Jiratu egin da. Gona astindu dela ikusi dut. Ezezaguna atzetik joan zaio. Hamar segundo ere ez ziren izango. Itzuli da ezezaguna, eskuetan labana eta ogi puska bat zekartzala, eta zutikan geratu da, begira bezala. Oraintxe izan da dena. Ate hartatik sartu da. Bururikan ez duela esaten dizuet! Lastima, zuek ere ikusi ez izana!

        Taldean zurrumurru bat entzun zen, eta hizketan ari zenak hitzaldia eten behar izan zuen, etxe aldera asmo erabakiz zetorren talde txiki bati sartzen uzteko. Aurretik Hall jauna zetorren, gorri-gorri eginda, kementsu; atzetik Bobby Jaffers, herriko polizia; eta azkenik, Wadgers zuhurra. Atxilotze-agindu bat zekarten.

        Azken gertaeren berri nahasiak eman zizkien jendeak aho betean.

        — Bururikan badu ala ez badu —esan zuen Jaffersek atxilo hartu behar dut eta hartuko dut.

        Hall mailak igotzen hasi zen; zuzen-zuzenean egongelako atera joan zen. Atea zabalik aurkitu zuten.

        — Bete ezazu, ba, zeure betebeharra —esan zion Hallek poliziari.

        Jaffers gelan sartu zen; Hall eta Wadgers haren atzetik. Ilunbean ikusi zuten bururik gabeko gizirudia, beraiei begira, eskularruz estalitako esku batean kosk egindako ogi puska bat zuela, eta gazta puska bat bestean.

        — Hura da! —esan zuen Hallek.

        — Zer arraio da hau guztia? —esan zien gizirudiaren lepo gainetik iritsi zitzaien ahots haserre batek.

        — Morroi xelebre arraioa zara —esan zuen Jaffers jaunak Baina izan burudun ala izan burugabe —jarraitu zuen poliziak «gorputz» da nire atxilotze-aginduan jartzen duena, eta betebeharrak bete egin behar direnez,...

        — Ez zaitez nigana hurbildu! —atzerantz urrats bat eginez gizirudiak.

        Ogia eta gazta lurrera bota zituen, baina Hall jaunak labana garaiz harrapatu ahal izan zuen mahai gainetik. Ezezagunak bere ezker eskuko eskularrua kendu eta aurpegira bota zion Jaffersi. Jaffers atxilotze-aginduaz zerbait esaten hasi zen, eta ezezagunari eskurik gabeko eskumuturretik eta eztarri ikusezinetik heldu zion. Ostiko bat eman zioten berna-hezurrean, minaren minez oihu eginarazi ziona, baina ez zuen harrapakina askatu. Hallek Wadgersi bidali zion labana mahai gainetik irristaka. Wadgersek futboleko atezainen modura erasoari ekin eta aurrerantz egin zuen. Bitartean Jaffers eta ezezaguna elkar joka, zealdoka eta zabuka, Wadgers zegoen aldera zihoazen; haien bidean aulki bat zegoen, baina harekin estropezu egin eta alde batera bota zuten.

        — Heldu hanketatik esan zien ahapeka Jaffersek.

        Haren esana betetzera zihoala, ostiko bat eman zioten Hall jaunari saihetsetan, apur baterako ondoezik utzi zuena. Wadgers jauna, berriz, ezezagun burugabeak Jaffers irauli eta haren gainean igota zegoela ohartu zenean, labana hartu eta ate aldera joan zen erretiradan. Irtetean Huxter jaunarekin eta Siddermortongo postariarekin topo egin zuen: legeari eta ordenari laguntzera zetozen. Horretan, kutxa gainetik hiruzpalau botila erori eta halako usain garratz bat zabaldu zen gela guztian.

        — Errenditu egingo naiz! —egin zien oihu ezezagunak, Jaffers lurrera botata zeukan arren.

        Bafaka zutitu zen. Oso itxura bitxia zuen: ez zuen ez buru eta ez esku, ordurako kendua baitzuen eskuin eskuko eskularrua ere, ezkerrekoa bezala.

        — Ez dut beste irtenbiderik! —esan zuen, negar-zotinka bezala.

        Munduko gauzarik bitxiena zen hutsarte batetik irtendako ahots hura entzutea, baina Sussexko baserritarrak eguzkiaren azpiko kristau sorrenak dira. Jaffersek zutitu, eta eskuburdin pare bat atera zuen. Larritu egin zen.

        — Hara! —esan zuen Jaffersek, zeregin haren zentzugabekeriaz oharturik Hau da zorigaitza! Ezin izango ditut erabili!

        Ezezagunak besoa txalekotik atera, eta mirariz bezala askatu ziren botoiak, mauka hutsa haien paretik igaro ahala. Gero berna-hezurrari buruzko zerbait esan eta makurtu egin zen. Zapatak eta galtzerdiak txukuntzen ari zela zirudien.

        — Arranopola! —esan zuen Huxterrek Ez da gizon bat! Arropa barne-hutsak dira, besterik ez. Begira! Lepoa eta arropak hutsik daude! Besoa sar dezaket barruan...

        Eskua luzatu zuen, baina zerbaitekin topo egin eta atzeratu egin zuen harridurazko hasperen bat eginez.

        — Zinez eskertuko nizuke hatzak begian sartuko ez bazenizkit —esan zuen, haserre, ahots etereoak Izan ere, hemen nago, oso-osorik: hemen ditut burua, eskuak, oinak eta gainerako guztia. Gertatzen dena da ikusezina naizela. Tamalgarria da, baina halakoxea naiz. Eta hori ez da Ipingeko ezjakin ergel guztiek ni txikitu nahi izateko arrazoi izango, ezta?

        Botoiak askatuta euskarri ikusezin batetik zintzilik zeuden jantziak eskuak gerrian jarrita zutitu ziren.

        Gizon gehiago sartu ziren gelan; jendez gainezka zegoen ordurako.

        — Ikusezina, eh? —esan zuen Huxterrek, ezezagunaren irain hitzei jaramon egin gabe Inork entzun al du inoiz halakorik?

        — Harrigarria izango da agian, baina ez delitua. Zergatik erasotzen dit horrela poliziak?

        — Et, et, et! Hori beste gauza bat da —esan zuen Jaffersek Badakit zaila dela ilunbe honetan zu ikustea, baina agindu bat dut eta xuxen-xuxen beteko dut, bai horixe! Ez nator ikusezintasuna zigortzera, lapurreta baizik. Etxe batean sartu eta hango dirua lapurtu dute.

        — Eta?

        — Ba, arrasto guztien arabera...

        — Ergelkeriak eta zozokeriak dira horiek! —esan zuen Gizon Ikusezinak.

        — Nahiago nuke hala balitz; baina aginduak ditut.

        — Ondo da —esan zuen ezezagunak Errenditu egingo naiz. Baina eskuburdinik ez.

        — Horrela egiten da beti —esan zuen Jaffersek.

        — Eskuburdinik ez! —erabaki zuen ezezagunak.

        — Sentitzen dut —Jaffersek, berriz.

        Gizirudia bat-batean eseri, eta zertan ari zen inor ohartu zenerako, zapatilak, galtzerdiak eta galtzak mahai azpian desagertu ziren. Jauzi egin, zutitu berriro eta jaka erantzi zuen gero.

        — Hemen da! Harrapatu! —esan zuen Jaffersek, zer gertatzen ari zen ohartu zenean. Txalekoa harrapatu zuen, baina alkandorak ihes egin zion, eta txalekoa hutsik utzi zuen Jaffersen eskutik zintzilik.

        — Helduiozue! —oihu egin zuen Jaffersek Arropak erantzi ditu!

        — Helduiozue! —esan, eta alkandora hegalariari segika joan zitzaizkion denak, hura baitzen ezezagunari gelditzen zitzaion gauza ikusgai bakarra.

        Alkandoraren maukak Halli aurpegian kolpe bikaina jo eta haren esku irekiari atzera eragin zion, Toothsome sakristau zaharraren kontra. Hurrena, berriz, jantzia goratu, astindu, eta besoak hustu zitzaizkion, norbait alkandora burutik eranzten ari balitz bezala. Jaffersek indarrez eutsi zuen baina ez zuen ezer lortu, alkandora barne-husten laguntzea izan ezik; gero ahoan kolpe bat eman zioten airetik; harrapakinari eutsi ezinik, bertzuna hartu eta Teddy Henfrey indarrez jo zuen buruan.

        — Kontuz! —esan zuten denek, beren buruak babestuz eta ezerezari kolpeka Eutsiozue! Atea itxi! Ez laga irteten! Harrapatu dut zerbait. Hemen dut!

        Hango zaratak benetako babela ematen zuen. Antza zenez, guztiak aldi berean ari ziren jipoiak hartzen. Sandy Wadgers, baliabide handiko gizona bera, sudurrean hartutako ukabilkada batek adimena are argitu ziola, atea zabaldu eta ihesi joan zen. Gainerakoak, haren atzetik zalaparta batean alde egin nahian, ataurrean gelditu ziren batzuk besteen gainean. Baina kolpeak ez ziren haatik amaitu. Philips unitarioari aurreko hortz bat hautsi zitzaion, eta Henfrey belarri batean min hartuta zegoen. Jaffersi ukabilkada bat eman zioten beheko masailhezurrean, baina lortu zuen mêlée hartan zerbait harrapatzea, beraren eta Huxterren artean zegoen zerbait, elkarrengana hurbiltzea eragozten ziena. Bularralde gihartsu bat iruditu zitzaion, eta berehala, gizon borrokalari eta grinatsu haiek arrapaladan irten ziren jendez gainezka zegoen atarira.

        — Harrapatu dut! —deiadar egin zuen Jaffersek ito beharrean, jende artean balantzaka, bere etsai ikusezinarekin borrokan, zainak lehertzear.

        Gizonak eskuin-ezker baztertu ziren, eta borrokalariak etxeko ateraino iritsi eta amilka jaitsi zituzten ostatuko sarrerako dozena erdi bat maila. Jaffersek ahots itoaz oihu egin zuen, harrapakina askatu gabe. Gero belaunak makurtu, okertu goputza eta zerraldo erori zen. Harria jo zuen buruaz, eta orduan bai: orduan zabaldu zuen eskua.

        Oihu sutsuak entzun ziren: «Heldu ongi!», «Ikusezina da!», eta halakoak. Gazte bat, kanpotarra nonbait —ez zen haren izena jakiterik izan borroka gertatu zen tokira hurbildu, zerbait harrapatu, atzera galdu eta, azkenik, ahozpez zegoen poliziaren gainean erori zen. Kalea gurutzatzen ari zen andre batek oihu egin zuen bide erdian, zerbaitek bultza egin ziolarik. Zakur batek intziri egin zuen, ostiko bat eman baitzioten, eta Huxterren atarira joan zen uluka. Horrela amaitu zen Gizon Ikusezinaren antzaldaketa. Harrituta gelditu ziren denak, keinu bitxiak eginez. Gero Izuak hartu eta herri guztian zehar barreiatu zituen, haize zurrunbilo batek hosto hilak barreiatzen dituen moduan.

        Jaffers han gelditu zen, ordea: geldirik, zerura begira, okertuak belaunak.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia