4.
CUSS JAUNAREN ETA
EZEZAGUNAREN ARTEKO SOLASALDIA

 

        Zehatz-mehatz kontatu dut ezezaguna Ipingera iritsi zeneko pasartea, haren etorrerak herrian sortu zuen harridura uler dezan irakurleak. Baina bi gertaera xelebre alde batera utzirik, jaialdia ospatu zen eguna arte ez zen ezer nabarmenik gertatu ezezagunaren egonaldian. Etxeko gora-beherak zirela eta, hainbat istilu izan zituen Hall andrearekin; baina apirilaren bukaera arte, diru falta nabaritzen hasi zitzaion arte, ezezagunak dirua emanez isilarazi zuen etxekoandrea. Hall jauna ez zegoen ezezagunarekin gustura eta, hari buruz ezer esatera ausartzen zenean, begi-bistatik lehenbailehen kendu nahi zuela esaten zuen. Dena dela, Hallek ondo agerian uzten zuen ezezagunak gogaitu egiten zuela, hark sortzen zion atsekabea arrandiaz ezkutatzeko egiten zituen ahalegin eskerga haiekin eta ezezagunaren albotik ahal bezain pronto alde eginez.

        — Egon uda ailegatu arte —esaten zion zuhur Hall andreak artixtak etortzen hasi arte. Orduan ikusiko dugu. Bera nazkante xamarra dela, bai; baina, garaiz ordaindutako kontua garaiz ordaindutako kontua da. Zuk nahi duzuna esango duzu baina...

        Ezezaguna ez zen mezatara joaten, eta igande eta astegunen artean ez zuen inongo bereizketarik egiten, ezta janzkeran ere. Nahierara lan egiten zuen, Hall andreak zioenez. Batzuetan goiz jaitsi eta lanean aritzen zen etengabe. Beste batzuetan, berriz, berandu jaiki eta gelan atzera eta aurrera ibiltzen zen, bere buruarekin ordu luzeetan hizketan eta erretzen, edo sutondoko eserlekuan lo-kuluxkak egiten. Herriaz haraindiko ezerekin harremanik ez zuen. Eta izaera, beti bezala, aldakorra zuen; oro har, tentsio lazgarri baten mendean bizi den gizon baten moduan portatzen zen, eta behin edo bitan trasteak zartatu, hautsi edo bota izan zituen, nerbioak lehertuta. Denik eta haserre bizienak hartuta bizi zela ematen zuen. Bakarrik hitz egiteko gero eta ohitura handiagoa hartu zuen, baina Hall andreak arretaz entzuten bazion ere, ez zien tankerarik hartzen haren hitzei.

        Egunez gutxitan irteten zen; iluntzetan irteten zenean, burutik oinetara estalirik irteten zen beti, hotz egin ala bero egin, eta bide bakartienetan edo zuhaitz eta ezponden itzaletan ibiltzen zen. Haren betaurreko handiek eta kapeluaren hegalpetik ikusten zen mamu-aurpegi bendatuak, ilunpetik irteten zirenean, larridura sortu ohi zieten etxerako bidean zihoazen langileei. Teddy Henfrey bera, Scarlet Coatetik bederatzi eta erdietan balantzaka irten zen gau batean, ikaratu egin zen tabernako atea zabaldu eta taberna barnetik zetorren argitan ezezagunaren kuia itxurako burua (kapelua eskuan baitzeraman) ikusi zuenean. Mamuekin amets egin ohi zuten harekin topo egiten zuten haurrek. Ezin esan ezezagunak haurrei zien gorrotoa haurrek hari ziotena baino handiagoa zenik, edo alderantziz; baina izan, nabarmena zen elkarrenganako ezinikusia.

        Itxura horrekin ez da harritzekoa Iping bezalako herri batean guztien ahotan ibiltzea. Haren zereginari buruzko iritzi desberdinak zeuden. Hall andreak oso sentibera zirudien gai honi zegokionean: hartaz galdegiten ziotenean bisitaria «ikertzaile esperimentala» zela erantzuten zuen, silabak kontu handiz ebakiz, tranpa batean eroriko ote zen beldurrez bezala. Ikertzaile esperimentala izatea zer zen galdetzen ziotenean, berriz, larderiaz erantzuten zuen jende ikasiak ondo asko zekiela zer zen hori, eta ezezagunak «aurkikuntzak egiten» zituela esaten zuen ondoren. Istripu bat izan zuela zioen andreak, eta horregatik galdu zuela aurpegiko eta eskuetako kolorea, eta gizonak, hain sentibera izaki, ez zuela inor konturatzerik nahi.

        Andrea aurrean ez zegoenean ordea, justiziatik ihesi zebilen hiltzaile bat zela zioten gehienek, poliziak ez harrapatzeko mozorrotuta ibiltzen zela. Ideia hau Teddy Henfreyri otu zitzaion. Dena dela, otsailaren erditik edo amaieratik ez zen izan hilketa esanguratsuren berririk. Gould jaunak, Eskola Nazionaletako irakasle laguntzaileak, asmaturiko teoriaren arabera, mozorrotuta zebilen anarkista bat zen kanpotarra, eta leherkariak prestatzen aritzen zen. Denbora gelditzen zitzaion tarteetan kasu hura ikertzeko ardura hartu zuen Gould jaunak. Ikerketa horiek ezezagunarekin topo egiten zuenean hari adi-adi begiratzera edo hura inoiz ikusi ez zuen jendeari galderak egitera mugatzen ziren. Ez zuen sekula ezer aurkitu.

        Beste batzuen iritzia Fearenside jaunaren teorian oinarritua zen; ezezagunak gorputz orbanduna edo antzeko zerbait zuela onartzen zuten haiek. Silas Durganek, adibidez, honela zioen: «bere burua ferian erakutsiko balu berehalaxe aberastuko litzateke»; eta teologoarena eginez, dohain bakarreko gizonarekin alderatzen zuen ezezaguna. Beste batzuek ezezaguna ero inozo bat zela esanez argitu nahi zuten gaia. Teoria honen abantaila zen edozein gertakari bitxi azaltzeko erabil zitekeela.

        Talde nagusi horien artean baziren zalantzak zituztenak eta baita teoria bakoitzetik zerbait hartzen zutenak ere. Sussex aldean ez dira oso sineskoiak, eta apirilaren hasierako gertakariak jazo arte ez zuten pentsatu beren herrian naturaz gaindiko zerbait gertatzen ari zenik. Eta orduan ere, herriko atsoen ipuinak zirela esaten zuten.

        Ipingeko biztanle gehienak ordea, ezezagunaz pentsatzen zutena pentsatu, bat zetozen harekiko adeitasun ezean. Haren izaera sutsua hiriko intelektualentzat ulergarria izan bazitekeen ere, txundigarria zen Sussexko herritar patxadatsuentzat. Ezezagunak tarteka egin ohi zituen keinu urduri haiek; arratsetako bat-bateko barealdia, kantoi ezkutuetan agertzera eramaten zuena; jakin-minez galdetzen zionari ematen zizkion erantzun txar eta bidegabeak; ateak itxi, pertsianak jaitsi eta kandelak eta lanparak itzalita ilunbean egoteko zuen ohitura... Nork onartu hori guztia? Herrian pasatzen ikusten zutenean jendea alboratu egiten zen, eta haren paretik igaro ondoren gazte adar-jotzaileek berokiaren lepoak jaso, kapeluaren hegala jaitsi eta atzetik joaten zitzaizkion, haren taxu ezkutua antzeratuz. Garai hartan ospe handia hartu zuen Mamu gizona kantuak; Satchell andereñoak eskolako kontzertu-aretoan kantatu zuen behin (elizako kriseiluetarako dirua biltzeko kontzertuaren egunean hain zuzen), eta harrezkero herritar bat edo bi elkartu eta ezezaguna haien albotik igarotzen zenean norbaitek kantu haren ahapaldi bat edo gehiago jotzen zituen txistuka, apal batzuetan, aho betean besteetan. Haurrek ere «Mamu gizona» garrasi egin eta lainezak hartuta korrika ihes egiten zuten.

        Cuss medikua jakin-nahiez zebilen. Ezezagunaren bendek ikusmin profesionala piztu zioten, eta haren mila eta bat botilez esaten zenaren inbidiatan zegoen. Apirila eta maiatza ezezagunarekin mintzatzeko aitzakia bila igaro zituen; eta Mendekoste aldera joan zitzaion, azkenik, jakin-minak erre-erre eginda, herrian erizain bat hartzearren zabaldutako diru-bilketaren aitzakian. Harrituta gelditu zen Hall jaunak bezeroaren izenik ere ez zekiela ikustean.

        — Eman zuen izena —esan zuen Hall andreak, gezur biribila esan ere baina ez nion ondo aditu.

        Zerbait asmatu behar, eta horixe asmatu zuen, berari ere zentzugabea iruditzen baitzitzaion bezero baten izena ere ez jakitea.

        Cussek egongelako atea jo, eta sartu zen.

        Birao bat entzun zen barrutik.

        — Barkatu horrela sartzea —esan zuen Cussek. Baina atea itxi zen eta Hall andreak ezin izan zuen elkarrizketa entzun.

        Ondorengo hamar minutuetan ahots-zurrumurruak entzun zituen. Gero harridurazko oihu bat, oin-hotsak, albo batera botatako aulki baten zarata, algara sor bat eta ate aldera zihoazen urrats bizkor batzuk. Cuss jauna agertu zen, aurpegia papera bezain zurbil eta besagainetik atzera begira. Atea irekita utzi zuen, eta Hall andreari begiratu ere egin gabe ezkaratza zeharkatu eta sarrerako mailak jaitsi zuen. Hall andreak haren pausoak espaloian nola urruntzen ziren entzun zuen. Eskuan zeraman Cussek kapelua. Etxekoandrea ate aurrean gelditu zen, egongelako ate zabalduari begira. Ezezaguna barrez ari zela eta haren urratsak aterantz zihoazela iruditu zitzaion. Andreak, ordea, ezin izan zion handik aurpegia ikusi. Gero egongelako atea kolpetik itxi eta dena isilik gelditu zen.

        Herri guztia zeharkatu eta Bunting erretorearenera joan zen Cuss.

        — Erotuta al nago? —hasi zitzaion Cuss aztoratuta, haren langela apalean sartu orduko Erotuta nagoela iruditzen al zaizu?

        — Zer gertatu da? —galdetu zion erretoreak, hurrengo sermoirako amoniten orriak prestatzen zituen bitartean.

        — Ostatuko gizon hori...

        — Bai?

        — Emaidazu edateko zerbait —esan zion Cussek, eta eseri egin zen.

        Jerez ardo merke apur bat hartuta —huraxe zen erretore zintzoak eskura zuen edari bakarra bere onera etorri zenean ezezagunarekin izandako solasaldia kontatzen hasi zen.

        — Sartu naiz —esan zuen arnasestuka eta erizaina hartzeko diru-laguntza eskatu diot. Ate aurrean agertu naizenean patriketan sartu ditu eskuak; patxadan zegoen eserita. Hasperen egin du. Esan diot banuela zientziez ardura handia zuen aditzea. Halaxe dela esan dit. Hasperen egin du berriro. Denbora guztian jardun du hasperenka; izugarrizko katarroa harrapatu du, nonbait. Jakina, beti horrela estalita ibiltzen bada! Diru-bilketaren berri eman diot, begiak zabal-zabal eginda. Botilak, kimikakoak, bazter guztietan. Balantza bat; saio-hodi batzuk, bakoitza bere euskarrian; eta mitxoleta usaina. Ea laguntzarik emango zigun. Pentsatuko zuela. Horretan, ikerketak egiten ari den galdetu diot zuzen-zuzenean. Hala ari dela. «Ikerketa luzeak?» Haserretu egin zait. «Ikerketa tamalgarri luzeak» erantzun dit sutan. «Ene bada!» esan dut. Eta bere haserre guztia kanporatu du. Lehertzeko zorian egongo zen gizona, eta nire galderak leherrarazi du nonbait. Formula bat idazten ari omen zen, balio handiko formula bat; ez dit esan zertarako. «Botika-formula bat akaso?» «Zoaz pikutara. Zer arraiotara etorri zara?» Barkatzeko eskatu diot. Duintasunezko hasperen bat eta eztula. Aurrera jarraitu du kontakizunarekin. Formula irakurri zuela. Bost osagai. Papera utzi eta burua atzera jiratu omen zuen. Baina, orduan, haize-bolada bat sartu zen leihotik. Karraska bat, fris-fras bat. Gelako tximinia pizturik zuela ari zela lanean, hala esan du. Distira bat, eta han joan omen zen formula, suak hartuta tximinian gora. Papera tximinian gora desagertzera zihoala jauzi egin omen zuen harrapatzeko. Eta... ene! Besoa patrikatik atera du kontatzen ari zena hobeto azaltzeko.

        — Eta?

        — Han ez zela eskurik, mauka hutsa bakarrik. Jaungoiko maitea! «Hori okerreria duena gizajoak besoan!» pentsatu dut. «Artelazkizko esku bat edo erabiliko du, eta orain kenduta edukiko du, nonbait.» Baina oso gauza bitxia gertatzen zela konturatu naiz. Zer demontrek eusten zion maukari tente eta zabalik, barruan ezer ez bazuen? Zeren han barruan ez zegoen ezer, zin dagizut. Ezer ere ez, besondoraino behintzat, ez. Ondo asko ikusi diot mauka barrua, ukalondoraino. Argi izpi bat sartzen zen oihalaren urratu batetik. «Jaungoiko maitea!» esan dut. Bera isildu egin da. Bere betaurreko handiekin begiratu du: niri lehenik, eta maukari gero.

        — Eta?

        — Hori da guztia. Ez du tutik esan; haserre begiratu dit eta mauka patrikan sartu du atzera. «Esaten ari nitzaizun bezala», esan du, «formula erretzen ari zen...» «Nola demontre», galdetu diot, «mugi dezakezu mauka huts hori?» «Mauka hutsa?» «Bai,», erantzun diot, «mauka hutsa.» «Mauka hutsa diozu? Mauka hutsa ikusi duzu?» Eta zutitu egin da. Neu ere bai. Nigana hurbildu da poliki-poliki, nire ondoan geratu da. Hasperen maltzurra egin du. Ni geldi-geldirik geratu naiz, baina zaude ziur haren buru bendatua eta betaurreko handiak, horrela hurbiltzen ikusirik, edonor ikaratzeko modukoak direla. «Mauka hutsa dela diozu?», esan du berriro. «Hori da.», erantzun diot. Orduan, mauka patrikatik atera du, oso poliki, niri berriro erakusteko bezala. Oso-oso mantso atera du. Begiratu egin diot. Mende bat bezain luzea iruditu zait une hura. «Ikusten?», esan dut ahotsa zolituz, «Hor barruan ez dago ezer». Zerbait esan behar nuen. Bildurtzen hasia nintzen. Maukaren barrualdea garbi-garbi ikusten nuen. Orduan mauka nigana luzatu du, mantso-mantso, horrela, atorraren eskumuturra nire aurpegitik sei hatzera geratu den arte. Hori da bildurra mauka bat horrela hurbiltzen zaizula ikustean! Eta gero...

        — Zer?

        — Zerbaitek, hatz baten moduko zeraren batek, atximur egin dit sudurrean.

        Bunting barrez hasi zen.

        — Han ez zegoen ezer, ordea! —esan zuen Cussek, «han» hitza azpimarratuz Zuk barre egin, bai... Baina hain asaldatua nengoen... eskumuturrari jo, gorputza jiratu, gelatik irten eta han utzi dut...

        Cuss isildu egin zen. Bistakoa zen haren ikara egiazkoa zela. Inguru guztira begiratu zuen izuak hartuta, eta erretoreak emandako jerez kaxkar bikain hartatik bigarren kopa hustu zuen.

        — Eskumuturra jo diodanean —jarraitu zuen zera... besoa jotzen niola iruditu zait. Baina han ez zen besorik! Besoaren arrastorik ez!

        Bunting jauna pentsatzen jarri zen. Mesfidantzaz begiratu zion Cussi.

        — Istorio harrigarria —esan zuen zuhur. Zinez hunkituta zegoen Istorio harrigarria benetan —bota zuen epai bat bezala.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia