3.
MILA ETA BAT BOTILA

 

        Horra, bada, otsailak hogeita bederatzi zituela, elurra urtzen hasia zenean, ezezagun bitxi bat nola iritsi zen infinitutik Ipingeko herrira. Haren ekipaia biharamunean iritsi zen, gesalaren gainetik. Ekipaia handia zen benetan. Baziren bi kutxa handi, edozein bidaiarik izan zitzakeenen modukoak, baina haiez gainera baziren kutxa bat liburuz betea —liburu handi mardulak; hizkuntza ulergaitz batean idatzitako zenbait eskuizkribu, besteren artean eta dozena bat edo dozenatik gora saski, kaxa eta kutxatila, lastoz bildutako tresnekin, beirazko botilekin edo. Halli, behintzat, hala iruditu zitzaion, jakin-minez lastoa ukitu zuenean. Ezezaguna, bere kapelu, beroki, eskularru eta lepokoan bildurik, irrikaz irten zen Fearensideren orga iristean; bien bitartean Hall, ezezagunari berriketa-hitz bat edo bi esanda, prest zegoen fardelak barrura sartzen laguntzeko. Ezezaguna kalera irten zenean ez zen ohartu Farensideren zakurra han zela, dilettante izpirituz Hallen oinak usnartzen.

        — Sar itzazue kaxa horiek barrura —esan zuen Nahikoa itxaron dut eta!

        Eta atariko mailak jaitsi, orgaren atzealdera joan eta eskuak luzatu zituen, saski txikiena hartzeko bezala.

        Fearensideren zakurra larritu eta amorru biziz intzirika hasi zen ezezaguna begiz jo orduko. Ezezagunak maila guztiak jaitsi zituenean zakurrak haren gainera jauzi egin eta eskua harrapatu zion.

        — Arraioa! —esan zuen atzera eginez Hallek, ez zen-eta zakurren oso lagun.

        — Etzan hor! —oihu egin eta zigorra hartu zuen Fearensidek.

        Zakurraren hortzak gizonaren eskuan nola sartu ziren ikusi zuten eta ostikada bat entzun zen; konturatu ziren ondoren zakurrak albora jauzi egin eta ezezagunari hankan kosk egiten ziola; galtzetako oihala nola urratzen zion entzun zuten gero. Fearensideren zigorrak zakurra jo zuen, eta zakurra orgaren gurpil azpian gorde zen, izu-uluak eginez. Minutu eskas bateko gauza izan zen hura guztia. Inork ez zuen hitz egin; garrasi egin zuten guztiek. Ezezagunak zehar-begirada bat bota zien eskularru zarratatuari eta hankari, zauria sendatzera balihoa bezala, baina atzera jiratu, zurubia ziztu bizian igo eta ostatuan sartu zen. Pasiloa zalapartaka igarota, alfonbrarik gabeko zurubian gora, bere gelara igotzen entzun zuten.

        — Astakirten alaena! —egin zuen oihu Fearensidek, zigorra hartuta orgatik jauzi eginez; zakurra gurpilaren beste aldetik begira zuen Hator hona...! Hobe izango duk esana betetzea!

        Hall aho bete hortz gelditu zen.

        — Kosk egin ziok! —esan zuen Hobe diat zer duen ikustera joatea.

        Ezezagunaren atzetik lasterka irten zen. Pasiloan Hall andrearekin topo egin zuen.

        — Zamariaren txakurrak —esan zion kosk egin diola.

        Zuzenean gora igo, eta ezezagunaren gelako atean zirrikitua ikusita, atea bultzatu eta deitu gabe sartu zen, gizon bihozbera baitzen.

        Pertsiana jaitsita zegoen; ilunbean zen gela. Etxeko nagusiak oso gauza bitxia ikusi uste izan zuen; eskurik gabeko besoa zirudien zerbait, bere alboan higitzen; hiru orban zuri handi; eta amaigabeko aurpegi bat, biola lore baten gisakoa. Gero ukabilkada indartsu bat eman zioten bularrean, atzera eginarazi ziona, eta atea haren muturren aurrean itxi eta giltzatu zen. Hain azkar gertatu zen guztia, ezen ezin izan baitzuen ezer ere garbi ikusi. Itzal lausoen dantza bat, kolpea, astindua. Han gelditu zen, zurubiko tranpaltxo ilunean, ikusitako hura guztia zer arraio ote zen bere buruari galdezka.

        Handik pare bat minutura Coach and Horses ostatu aurrera bildu zen taldetxoarengana joan zen. Han zen Fearenside, gertaturiko guztia bigarren aldiz kontatzen; han zen Hall andrea, Fearensideri kontu eske, haren zakurrak bere bezeroei zertan koska eginik ez zuela eta; han zen Huxter, kaleaz bestaldeko dendaria, jakin-minez; eta han zen Sandy Wadgers errementaria, giroa lasaitu nahian. Emakumeak eta haurrak ere hurbildu ziren ate aurrera, eta guztiak ari ziren lelokeriak esaten: «Niri ez lidake kosk egingo, ez horixe!»; «Horrelako txakurrik edukitzeko eskubiderik ez dago!»; «Zergatik egin dio kosk, ordea?». Eta horrela guztiak.

        Hall mailadian zegoen, jendeari begira, zer esaten zuten entzuten eta bigarren solairuko gertakari harrigarriak sinetsi ezinik. Bere hiztegi laburrean ez zuen hitzik aurkitzen une hartako sentipenak aditzera emateko.

        — Ez omen du laguntzarik behar —bota zuen emaztearen galderen erantzun Hobe izango dugu fardelak barrura sartzea.

        — Zauria garbitzea komeni da —esan zuen Huxter jaunak handituta badu behintzat.

        — Txakurra nirea balitz, tiro emango nioke, horixe emango niokeela! —zioen taldeko emakume batek.

        Horretan zakurra intzirika hasi zen berriro.

        — Bizkor! —egin zuen oihu ahots haserre batek ataurretik: ezezaguna zen, berokiaren lepoa jasorik, kapeluaren hegalak kopeta estaltzen ziola Zenbat eta lehenago sartu nire fardelak, orduan eta erosoago sentituko naiz.

        Ezezagunak galtzak eta eskularruak aldatu zituela ohartu zen ikusle anonimo bat.

        — Zauririk bai, jauna? —galdetu zion Fearensidek Asko sentitzen dut txakurrarena.

        — Ez, ez da ezer —erantzun zion ezezagunak ez dit azala urratu. Baina sar itzazue fardel horiek, bizkor.

        Eta, geroago Hallek esan zuenez, ezezagunak birao egin zuen bere golkorako.

        Eskatu bezala lehenengo saskia egongelara eraman orduko, ezezaguna saski gainera makurtu eta trasteak ateratzen hasi zen, grina biziz, Hall andrearen alfonbra lastoz beteta utziko zuela kontuan hartu gabe lasto guztia lurrean barreiatuz. Saskitik botilak ateratzen hasi zen: hautsez beteriko botilatxo mozkoteak; likido zuriz zein kolorekoez beteriko botila txiki luzaxkak; botila urdin ildaskatuak, Pozoia etiketa zutenak; botila gorputz-lodi eta lepo-estuak; beira berdezko botila handiak; beira zurizko botila handiak; beirazko tapoiak zituzten botilak, eta beira esmerilatuzkoak; kortxo finak zituzten botilak; botila tapoidunak; zurezko tapoiak zituzten botilak; ardo botilak; olio eta ozpin botilak. Ilaran ezarri zituen denak arasan, tximinia gainean, leiho azpiko mahaian, lurrean, apalategian... bazter guztietan. Bramblehursteko botikan ere ez zen hainbeste botila izango. Hura zen, hura, ikuskizuna! Botilez beteriko saski bat bestearen atzetik, eta haiek hustu zirenerako lastoz beterik mahaia. Botila haiez gainera saskietatik atera ziren gauza bakarrak saio-hodi batzuk eta kontu handiz bildutako balantza bat ziren.

        Saskiak hustu ondoren, ezezaguna leihora hurbildu eta lanean hasi zen, ezeri erreparatu gabe: ez han-hemen sakabanaturiko lastoari, ez tximinia erdi itzaliari, ez pasilo erdian utzitako liburu-kaxari, ezta gelara igo zizkioten kutxei eta gainerako fardelei ere.

        Hall andreak jatena eraman zionean buru-belarri lanean ari zen ezezaguna, botiletatik saio-hodietara tantak isurtzen; ez zen andrea sartu zela konturatu, harik eta hark lurreko lasto gehiena bildu eta, lurra nola zegoen ikusirik, erretilua indar handiz mahaian utzi zion arte. Ezezagunak burua apur bat jiratu, baina lehengora itzuli zuen berehala. Andrea betaurrekoak erantzita zituela ohartu zen; aldean zituen, mahai gainean. Haren betzuloak inoiz baino sakonagoak iruditu zitzaizkion. Ezezagunak berriro betaurrekoak jantzi, burua atzera jiratu eta aurpegira begiratu zion. Andrea demandan hastear zen lurreko lastoagatik, baina ezezagunak aurrea hartu zion.

        — Eskertuko nizuke sartu aurretik atea jotzea —esan zion beti erabili ohi zuen haserre biziko ahots bitxiaz.

        — Jo dut, baina...

        — Joko zenuen. Baina nire ikerlanetan..., luzagabe eta ezinbestean burutu behar ditudan ikerlan hauetan, eragozpenik txikiena ere, atearen kirrinka bera... Zera eskatu nahi nizuke...

        — Noski, jauna. Atea kixketaz itxi dezakezu, hala nahi baduzu eta nahi duzun guztietan.

        — Ideia ona da —erantzun zion ezezagunak.

        — Eta lastoa... faborez...

        — Zaude lasai. Lastoak eragozpenik sortzen badizu jar ezazu nire kontuan.

        Eta madarikazio moduko hitz batzuk esan zituen andreari begira.

        Itxura bitxia, beldurgarria zuen han erdian zutik ezezagunak, esku batean botila bat eta bestean saio-hodi bat zuela. Etxekoandrea larritu egin zen; emakume kementsua zen, ordea.

        — Ondo da. Zenbat iruditzen zaizu, orduan...

        — Txelin bat. Jar ezazu txelin bat. Nahikoa izango al da horrekin?

        — Nahikoa —esan zuen Hall andreak, eta mahai-oihala zabaldu zuen Zu konforme bazaude, noski...

        Ezezaguna atzera jiratu eta andreari bizkar emanez eseri zen.

        Atea giltzaturik zuela jardun zuen lanean arratsalde osoan eta, Hall andreak esan zuenez, isilik aritu zen ia denbora guztian. Halako batean, ordea, zarata bat entzun zen, botilek elkar jotzean egiten dutena bezalakoa, norbaitek mahaian kolpea jo eta botilak lurrera bota eta hautsi balitu bezala. Gero urrats arin batzuk entzun ziren gelaren alde batetik bestera. «Zerbait gertatu zelakoan edo», Hall andrea ate albora hurbildu eta entzuten gelditu zen, atea jotzera ausartu gabe.

        — Ezin dut jarraitu! —entzun zion ezezagunari Ezin dut jarraitu! Hirurehun mila! Laurehun mila! Izugarrizko pila! Eta nik amua irentsi! Bizitza osoa eman nezake honela...! Pazientzia, pazientzia, arren...! Inozo eta gezurti alaena!

        Zapata hiltzedun batzuen hotsa entzun zen tabernako harlauzetan. Hall andreak bakarrizketa entzuteari utzi behar izan zion, ez pozik, ordea. Ate ondora itzuli zenean isilik zegoen gela: aulkiaren karraskak eta, tarteka, botilen beiraren kraskak soilik entzuten ziren. Bukatua zen bakarrizketa: lanean ari zen ezezaguna.

        Tea eraman zionean beira puska batzuk ikusi zituen gelaren bazter batean, ispilu ahurraren azpian, eta urre koloreko orban bat, arduragabe garbitua. Hura ere gogorazi egin zion bezeroari.

        — Jar ezazu nire kontuan —esan zuen zabar ezezagunak Baina, Jainkoaren izenean, ez iezadazu trabarik egin. Kalteren bat egingo banu, jar ezazu kontuan.

        Eta aurrean zuen koadernoko zerrenda bat aztertzen hasi zen.

        — Gauza bat esango diat —esan zuen Fearensidek ahapeka. Arratsa zen, eta Iping Hangerko garagardotegi txikian ziren.

        — Zer? —galdetu zion Teddy Henfreyk.

        — Esaten ari haizen morroi hori, nire txakurrak kosk egin diona... Ba, nik uste diat gizon hori beltza dela. Zangoak behintzat beltzak ditik. Haren galtzen eta eskularruen azpian zer zegoan ikusi nian. Eta arrosa koloreko zerbait ikusi behar nian, ezta? Ba, ez. Beltza zuan den-dena. Nire kapelua bezain beltza, horratx!

        — Alajaina! —esan zuen Henfreyk Hori duk gauza harrigarria. Sudurra arrosa kolorekoa dik ba, pintatua zirudik eta!

        — Egia duk —Fearensdidek Ikusita zeukeat. Badakik nik zer uste dudan? Gizon hori kolore askotakoa dela, Teddy. Beltza toki batzuetan, eta zuria beste batzuetan... Eta horretaz lotsatuta dagoela. Mulatoa edo izango duk, baina koloreak zatika agertuko zaizkiok, nahastuta agertzeko ordez. Horrelako kontuak entzun izan ditiat. Zaldi batzuei ere berdin gertatzen zaiek, badakik.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia