1.
GIZON MISTERIOTSUA
IRITSI ZENEKOA

 

        Ezezaguna otsail hasierako egun hotz-min batean iritsi zen, urteko azken elurtearekin batera, neguko haize zorrotzari eta elur maluta handiei aurre eginez; oinez abiatu bide zen Bramblehursteko tren geltokitik, mendi lepoaren bestaldetik. Maleta beltz txiki bat zekarren eskularru lodi batek estaltzen zion eskutik zintzilik. Gorputza estalirik zuen burutik oinetara, eta bere fieltrozko kapeluaren hegalak itzal egiten zion aurpegi guztian, sudur punta distiratsuan izan ezik; sorbaldetan eta bularraldean elurra pilatu zitzaion, eta fardelaren gainaldea ere zuritua zen. Coach and Horses ostatuan sartu zen balantzaka, bizi baino hilago, eta lurrera bota zuen maletatxoa.

        — Sutondoa! —egin zuen oihu Jainkoaren izenean! Gela bat eta sutondoa.

        Oinei lurraren kontra eragin, tabernako mostradore ondoan elurra astindu, eta Hall andrearen atzetik abiatu zen ostatuko egongelara, ostatu prezioaz tratu egitera. Beste gora-beherarik gabe, ordainketa-epeak erabaki eta mahai gainean soberano pare bat utzirik, ostatu hartu zuen.

        Hall andreak sua piztu eta ezezaguna bakarrik utzi zuen, jateko zerbait prestatzen zion bitartean. Ipingen neguan ostatu hartuko zuen bezero bat izatea ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula, ez horixe, bezeroa «ordaintzaile eutsia» ez bazen bereziki; eta etxekoandrea, horren jakitun baitzen, prest zegoen halako zorionak merezi zuen esker ona adierazteko. Urdaia prestatu eta Millie, bere laguntzaile motela, mesprezuzko esaldi ondo hautatu batzuen laguntzaz lanean hasteko zirikatuta, mahai-oihala, platerak eta edalontzia egongelara eraman eta mahaia prestatzen hasi zen èclat handiz. Sua bizia zen, eta bisitariak kapelua eta berokia soinean zituela ikustean asko harritu zen; bizkarrez zegoen, leihotik begira, elurra atarira nola jausten zen begira. Eskuak, eskularruez estaliak, bizkarrean gurutzaturik zituen, eta bere pentsakizunetan murgilduta zegoela zirudien. Sorbalda gainetan gelditzen zitzaion elur erdi gesaldua alfonbrara erortzen ari zela ohartu zen Hall andrea.

        — Eramango al dizkizut sukaldera kapelua eta berokia —esan zuen ondo-ondo lehortzera, jauna?

        — Ez —erantzun zion bururik jiratu gabe.

        Erantzuna ongi entzun ez zuelakoan, berriz galdetzera zihoan etxekoandrea. Eta ezezagunak burua jiratu eta sorbalda gainetik begiratu zion.

        — Nahiago ditut soinean —esan zuen zorrotz.

        Hori esan zionean betaurreko urdin handiak, alboetan ere kristala zutenak, eta berokiaren lepotik gora aurpegia erabat estaltzen zion bizarra zuela konturatu zen andrea.

        — Ondo da, jauna —esan zuen Nahi duzun bezala. Segituan berotuko da gela.

        Ez zion erantzun, eta burua leiho aldera itzuli zuen atzera. Hall andreak, han elkarrizketarako giro ez zela oharturik, gainerako tresna guztiak staccatoz mahai gainean utzi eta bizkor irten zen gelatik. Berriro sartu zenean zutik zen oraindik bisitaria, harrizko gizon bat bailitzan, bizkarra makurtuta, berokiaren lepoa jasorik eta bere kapeluaren hegal bustia aurrera okertua, aurpegia eta belarriak erabat estaltzen zizkiola. Hall andreak arrautzak eta urdaia arrandiaz mahai gainean utzi, eta, esan ez baina oihu egin zuen:

        — Pronto duzu bazkaria, jauna.

        — Mila esker —erantzun zion, baina ez zen mugitu atea itxi zion arte. Atea itxi zenean orpoen gainean biratu eta mahaira inguratu zen gosez.

        Etxekoandreak, mostradore atzetik sukaldera zihoala, hots bat entzun zuen, behin eta berriro errepikatzen zena: kris, kris, kris, koilarak platera jotzean egiten zuen hotsa zen.

        — Eeene! Neska malapartatu hau! —esan zuen Hara, erabat ahaztuta nengoen! Makala baino makalagoa da!

        Eta ziapea berak bukatzen zuen bitartean Millieri errieta egin zion, arinago ibil zedin. Berak prestatu zituen arrautzak eta urdaia, berak jarri zuen mahaia eta egin zituen egin beharreko guztiak, eta Milliek, bitartean (a ze laguntzailea!), ziapearekin ere berandutzea, horixe baizik ez zuen lortu. Eta bezero berria zuten, bolada batez ostatuan edukiko zutena, gainera! Ziape-ontzia bete, eta te-erretilu beltz eta urre-kolore batean txukun-txukun jarririk, egongelara eraman zuen.

        Atea jo eta bizkor sartu zen. Bisitariak mugimendu laster bat egin zuela ohartu zen etxekoandrea, baina mahai atzean ezkutatu zen gauza zuri bat ikusteko denbora eman zion. Lurretik zerbait jaso zuela iruditu zitzaion. Etxekoandrea ziape-ontzia mahai gainean utzi eta ezezagunak kapelua eta berokia sutondoko aulki batean jarri zituela ohartu zen; haren bota bustiek tximinia aurreko altzairuzko burdinsarea herdoilduko zuten. Aulkia zegoen tokira hurbildu zen bizkor.

        — Orain eraman ditzaket lehortzera, ez? —galdetu zion, ezezkorik onartuko ez zukeen doinuaz.

        — Utz ezazu kapelua —erantzun zion bisitariak, ahots itoaz. Hall andrea atzera jiratu zenean bisitariak burua jaso zuela eta berari begira eserita zegoela konturatu zen.

        Une batez begira gelditu zitzaion harridurak erabat mututurik.

        Ezezagunak oihal zuri bat zuen eskuan, berak ekarritako eskuzapi bat, eta aurpegiaren behealdea harekin estalita zeukan, ahoa eta masailak erabat ezkutaturik gelditzen zitzaizkiola. Horregatik zen itoa haren ahotsa. Hall andrea, ordea, ez zen horregatik aztoratu, gizonaren buruaren itxuragatik baizik. Betaurreko ilunek estaltzen ez zioten buruaren partea benda zuri batez estalia zuen, eta beste benda bat zeukan belarrien inguruan; aurpegi osoa zuen ezkutatua, sudurra izan ezik; izan ere, sudurrak ostatura iritsi zenean bezain argi, gorri eta distiratsu zirauen. Soinean belusezko jaka marroi-arre bat zeraman, eta gorantz igota zeukan haren lihozko lepo beltz luzea. Ilea beltz sarria zuen; benda azpietatik eta tarteetatik ileak irteten zitzaizkion ahal zuten bezala, isats eta adar modura, eta itxura ezin fantastikoagoa ematen zion horrek ezezagunari. Buru bendatu hura ez zen Hall andreak imajinatu bezalakoa, inondik ere, eta harri eta zur gelditu zen hura ikustean.

        Gizonak ez zuen eskuzapia utzi; eskularruaz estalitako eskuaz eutsita zeukan, etxekoandreak ikusi ahal izan zuenez, eta bere betaurreko misteriotsu urdinen atzetik begiratzen zion.

        — Utz ezazu kapelua —esan zion, ahots argiaz oraingoan, zapi zuriaren atzetik.

        Hasierako harridura gainditurik, bere onera etorri zen Hall andrea. Sutondoko aulkian utzi zuen berriro kapelua.

        — Jauna, nik ez nekien —hasi zen zera... —eta isildu egin zen kezkati.

        — Mila esker —esan zion gizonak lehor, eta emakumeari, ateari eta, berriro ere, emakumeari begiratu zien hurrenez hurren.

        — Arropa hau berehala lehortzeko aginduko dut, jauna —esan, eta arropa hartuta gelatik atera zen.

        Irten aurretik azken begiratua egin zien benda zuriz estalitako buruari eta betaurreko urdinei, baina orduan ere aurpegi aurrean jarrita zeukan gizonak zapia. Etxekoandreari gorputza dardaratu zitzaion atea ixtean, eta harridurazko eta ustekabezko keinuak agertu zitzaizkion aurpegian.

        — Nik ez nuen sekula... —esan zuen ahapetik Tira!

        Txintik atera gabe joan zen sukaldera; iritsi zenean, Millieri zer arraiotan ari zen galdetzeko ere asaldatuegi zeukan burua.

        Bisitaria eseri eta andrea noiz urrunduko zain gelditu zen. Eskuzapia aho paretik kendu eta bazkaltzen jarraitu aurretik, leihora begiratu zuen. Koilarakada bat hartu, berriro ere mesfidantzaz leiho aldera begiratu, eta beste koilarakada bat hartu zuen; gero, altxatu eta, eskuzapia aho parean zuela, gelaren beste aldera joan eta pertsiana jaitsi zuen leihoaren behealdeko beira estaltzen zuen muselina zuriraino. Erdi ilunbetan gelditu zen gela. Mahaira itzuli zen, lasaiago antzean, eta bazkaltzen jarraitu zuen.

        — Istripu bat, edo operazio bat, edo halakoren bat izango zuen gizajoak —zioen Hall andreak A ze sustoa hartu dudan benda haiek ikustean!

        Sutara ikatza bota, arropa esekitzeko zaldia zabaldu eta bidaiariaren berokia eseki zuen.

        — Eta horiek antiojoak! Benetako gizon bat baino, urpekari horietako bat edo ematen du eta!

        Lepokoa arropa esekitzeko zaldiaren bazter batean jarri zuen.

        — Eta denbora guztian zapi hori ahoan! Zapipetikan hitz eginez!... Ahoan ere zauriren bat izango du; halakoren bat.

        Zerbait gogora datorkionaren gisara atzera jiratu zen bat-batean.

        — Jainkoarren! —esan zuen, gaia aldatuz Ez al dun oraindikan bukatu, Millie?

        Ezezagunari istripuren batean ahoa zauritu edo itxuragabetu zitzaiolako ustea baieztatu ahal izan zuen Hall andreak mahaia jasotzera sartu zenean; ezezaguna pipa erretzen ari zen, eta andrea gelan egon zen denboran pipa ahoan sartzeko ere ez zuen aurpegiaren behealdea estaltzen zion sedazko zapia aho paretik kendu. Eta ez zegoen pipa erretzen ari zela ahaztuta; izan ere, tabakoa pixkanaka nola erretzen zen begira zegoela ondo ikusi zuen Hall andreak. Bazter batean eserita zegoen, bizkarra leihoaren kontra; lehen baino goxoago hitz egiten zuen, bapo jan eta edan, eta barrenak ondo berotu ondoren. Suaren islak ordu arte izan ez zuten bizitasun gorrixka bat ematen zien betaurreko handiei.

        — Fardel batzuk ditut —esan zuen Bramblehursteko geltokian.

        Bere ekipaia ekartzera inor bidal ote zezakeen galdetu zion andreari. Eta bere buru bendaz betea okertu zuen Hall andrearen azalpenen zain gelditzen zela adierazteko bezala.

        — Bihar! —esan zion Ezin izango al ditut lehenago eskuratu? —haserretu egin zen emakumeak «ez» erantzun zionean. Seguru al zegoen emakumea? Inork ez al zuen gurdirik bere fardelen bila joateko?

        Atsegin handiz erantzun eta elkarrizketa hasteko bidea hartu zuen Hall andreak.

        — Mazeleko bidea izugarri aldapatsua da, jauna —esan zion gurdiarenari erantzunez, eta berehala jarraitu zuen, gizonaren isiluneaz baliaturik Orain dela urtebete edo zalgurdi bat amildu zen maldan behera. Bidaiari bat eta gurdizaina hil ziren. Izan ere, horrelako ezbeharrak, jauna, ustekabean gertatzen dira, ezta?

        Baina bisitaria ez zen erraz lasaitzen diren horietakoa, antza.

        — Hala da, bai —esan zuen aho-estalkiaren eta betaurreko beldurgarrien atzetik, andreari begirik kendu gabe.

        — Eta gero denbora puska bat behar izaten da haietatik sendatzeko, ezta, jauna?... Begira nire ahizparen Tomena ere; eskuan igitaia zeramala soroan plaust! erori, eta ebakia egin zuen besoan. Jaungoikoak gorde nazala! Hiru hilabetez eduki zuen besoa loturik, jauna. Ez duzu sinetsiko, baina hala da. Harrezkero ikaragarrizko bildurra diet igitaiei, jauna.

        — Noski, noski —erantzun zion bisitariak.

        — Operazio bat edo egin beharko ote zitzaion bildurrez ere ibili ginen; hain zegoen gaizki, jauna!

        Bisitariak barre algara bat egin zuen, zakur zaunkaren gisako algara bat; ahoan zerbait hozkatu eta hiltzen ari zela zirudien.

        — Bai? —esan zuen.

        — Bai, jauna. Ez zen txantxetako gauza izan, ez, mutikoa zaindu behar izan zutenentzat, niretzat adibidez; jakina, nire ahizpak bazuen nahiko lan txikienekin. Bendak jarri eta kendu behar zitzaizkion. Beraz, atrebentzia handia ez bada, esan nahi nizuke ni prest nagoela...

        — Ekarriko al dizkidazu pospolu batzuk? —esan zion bisitariak, zabar Pipa itzali zait.

        Hall andrea isildu egin zen. Lotsagabe jokatu zuen gizonak, emakumeak hura guztia kontatu ziolarik ere. Ahozabalik eta haserre begiratu zion Hall andreak, baina gizonak utzitako bi soberanoak etorri zitzaizkion gogora, eta txintik atera gabe pospoluen bila joan zen.

        — Eskerrik asko —esan zion, lehor, andreak pospoluak mahai gainean utzi zizkionean. Bizkarra jiratuta leihotik begira jarri zen berriro. Lur jota zegoen. Zalantzarik gabe, atsekabetu egiten zuen ebakuntzez eta bendez hitz egiteak. Hall andrea, itxura batean proposamena atrebentzia handia iruditu baitzitzaion ezezagunari, ez zen inolako eskaintzarik egitera ausartu. Oso haserre zegoen bisitariak gutxietsi zuelako, eta Milliek arratsalde beroa igaroko zuen haren erruz.

        Laurak arte gelditu zen bisitaria egongelan, etxekoandreari gelan sartzeko inolako aitzakiarik eman gabe. Denbora gehiena geldirik eman zuen; eserita egon bide zen gela gero eta ilunago hartan, sutondoan pipa erretzen, edo erdi lotan, agian.

        Behin edo bitan ikatza nola astintzen zuen entzun zen, eta gelan atzera eta aurrera ere ibili zen bost minutuz edo. Bakarrik hizketan edo zebilela zirudien. Azkenik, aulkiak karraska egin zuen, norbait gainean eseri balitz bezala.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia