HITZAURREA

 

        Herbert George Wells, eleberrigile, kazetari eta soziologoa, Bromleyn jaio zen 1866an eta Londresen hil 1946an. Jatorri apalekoa izaki, oso gazterik hasi behar izan zuen lanean eta gaztaro latza izan zuen Wellsek. Baina sekula ez zituen alde batera utzi irakurketa eta kultura. Zenbait zientzia alorretako oinarriak ikasi zituen gau-eskoletan eta Londresko Zientzietako Eskola Normalean ikasketak egiteko beka bat lortu zuen. Ikasketa haiei zegokien titulurik lortu ez bazuen ere, beka hari esker bildu ahal izan zuen gerora bere eleberrien inspirazio iturri izan zituen esperientziak.

        Literatura alorreko aukera handia, aurretik zenbait saio eta artikulu idatzia bazen ere, 1894an izan zuen: izan ere, idatzia zuen kontakizun labur batekin eleberri bat osatzeko eskaria jaso zuen urte hartan. The Chronic Argonauts zen kontakizunaren izenburua, eta etorkizunera eginiko bidaia baten kronika egiten du; 1895ean eman zuen argitara eleberria, The Time Machine izenaz. Eleberri hark ospe handia eman zion, eta aurrerantzean ospe horrek ez zuen mugarik ezagutu. 1895ean bertan eman zuen argitara The Wonderful Visit; hurrengo urtean The Island of Dr. Moureau; 1897an, berriz, The Invisible Man (Gizon Ikusezina); 1898an The War of the World; eta 1901ean The First Men in the Moon. XIX. mende bukaerako eleberri horiek kutsu fantastiko eta apokaliptikoa dute; XX.aren hasierakoak, berriz, utopian oinarrituak dira oro har: Mankind in the Mankind (1903), A modern utopia (1905) etab. Aurrerago eleberri soziologikoak, politikoak eta autobiografikoak ere idatzi zituen: Experiment in autobiography (1934) eta Mind at the End of The Tether (1945), etab.

        Ospe hark, ordea, ez zuen gizarte arazoekiko beti erakutsi izan zuen ardura baztertzera eraman. Fabian Societyko kide izan zen, eta sozialismoa zabaltzeko ahaleginak egin zituen. Indibidualtsuna eta kolektibotasuna biak ere kontuan hartuko zituen sozialismo bat aldarrikatzen zuen, sozialismo humanitarioa. Bi mundu gerren arteko garaian, berriz, kontzientzia unibertsal bat sustatzeko mezua luzatu zuen, gizadiaren arazoak eztabaidatu, aztertu eta konponduko ziren itxaropenaz, betiere.

        Wellsek jenero asko landu zituen (eleberria, kontakizun laburra, saiakera, etab.) baina eleberri zientifikoek eman zioten ospe gehien. Jules Verne idazlearekin batera, zientzia fikzioaren aitzindaritzat hartua da. Etorkizun hurbil zein urrunean kokatu zituen zientziafikzioko bere eleberriak, eta garapenak, aurreramendu zientifiko-teknikoek eta gizarte gatazkek gizadiarentzat izan ditzaketen ondorioak (kaltegarriak nagusiki) azpimarratu zituen; ez ordea jendea beldurtzeko asmoz, bere garaiko gizakia arrisku horietaz ohartarazteko baizik.

        Wellsen obretatik eskuartean duzun hau esan genezake dela ospe gehien eman ziona: Gizon Ikusezina, 1897an argitaratua. Hizkuntza askotara itzulia izan da eta zinemara ere eraman da. Zientzia fikzioko jeneroan obrarik garrantzitsuenetako bat da; Frankensteinekin batera gizarte garaikidearen mito bihurtu den pertsonaia bat du protagonista: Griffin.

        Griffin da, beraz, eleberriko pertsonaia nagusia, eta bere burua ikusezin bihurtzea lortu ondoren ikusezintasun hori dela eta gertatzen zaizkion pasadizoek osatzen dute liburuaren haria. Irrigarriak dira batzuk, eta oso trajikoak, berriz, besteak. Horregatik, zientzia fikzioko jeneroan obra aipagarrienetakoa den arren, eta eleberriaren abiapuntua errealitate zientifiko jakin batean oinarritua eta logikaz betea bada ere, giza adimena eta apeta nagusitzen dira gerora, eta horrela, trajikomedia gisa ere defini daiteke argumentua.

        Wellsek eleberri honetan, bere gainerako obra gehientsuenetan bezala, bere ideiak azaltzen ditu argumentuan txertatzen diren pertsonaien diskurtsu ideologikoen bidez: zientziaren baloreez (arriskuez) duen iritzia jartzen du agerian, eta batzuetan, baita gizarte bat gobernatzeko bideaz duena ere. Hain zuzen ere, ideiak eta gaia izan ohi dira Wellsen lanetan gehien nabarmentzen diren alderdiak, eta ez hainbeste forma edo hizkuntza. Oro har, hizkuntza apala darabil, baina umorez eta indarrez betea, hainbesteraino, non irakurleak begiez ikusi ezin den hura ikusten duela dirudien.

 

 

 

© Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia