VII
JENISEI IBAIAREN IGAROALDIA
Abuztuaren 25ean, ilunabarrean, kibiktaren ikusmiran jarri zen Krasnoiarsk herria. Zortzi egun joanak ziren Tomsketik atera zirenez geroztik. Lehenago iritsi ez baziren, Mikel Strogoffen ahaleginak gorabehera, Nikolasek lo gutxi egin zuelako izan zen. Hori zela-eta, ezin zaldiaren ibilera biziagotu eta tarte hura hirurogei bat orduan egin, beste gidari baten eskuetan gertatuko zen legez.
Beharrik, arazo gehiago ez zuten izan tatariarrekin. Ez zen esploratzailerik edo aitzindaririk agertu kibiktaren bidean. Ulertezin samarra zen hori, eta zerbait larria baino ezin izan emirraren tropak Irkutsk aldera berandu gabe oldartzea galarazten zuena.
Eta zerbait larria jazo zen, izan ere. Armada sail bat osatu zuen arrapatakan Jeniseiskeko gobernuak eta Tomskera bidali, hiria berreskuratzeko asmotan. Baina, ahulegia izanik emirraren tropei aurka egiteko, denak elkarturik baitzeuden oraindik, atzera egin behar izan zuen. Feofar Khanek berrehun eta berrogeita hamar mila gizon zituen agindupean, bere soldaduak eta Kokand eta Kunduzeko khanerrietakoak kontaturik, eta gobernu errusiarrak ezin bildu oraindik nahikoa indar haiei aurre egiteko. Ez zirudien inbasioa berehalako batean geldiaraz zitekeenik, eta tatariarren olde guztiak oztoporik ez zeukan Irkutsk aldera abiatzeko.
Tomskeko guda abuztuaren 22an izan zen —horixe ez zekien Mikel Strogoffek—, eta horrek azaltzen zuen zergatik emirraren abangoardia ez zen agertu oraindik Krasnoiarsken hilaren 25ean.
Hala eta guztiz, eta Mikel Strogoffek bere irteeraren ondotik gertatu zenaren berri ez bazuen ere, zerbait bazekien behintzat: hainbat egunetako aldea kentzen ziela tatariarrei, eta ez zuela etsi behar, oraindik ere Irkutskera haien aurretik iristeko abagunea zuen-eta, zortziehun eta berrogeita hamar versta falta baziren ere (900 kilometro).
Gainera, Krasnoiarsken, hamabi mila arima inguruko hiri horretan, ibilgailuak erruz izango ziren, haren ustez. Nikolas Pigassofek hantxe geratzeko asmoa zuenez gero, beharrezkoa zen haren ordez beste gidari bat bilatzea, eta haren kibitkaren ordez beste ibilgailu arinago bat lortzea. Mikel Strogoffek, hiriko gobernadorearengana joan, nor zen eta zertan ari zen azaldu —aise egingo zuena—, eta zalantzarik ez zeukan Irkutskera eperik laburrenean iristeko baliabideak eskura jarriko zizkiotela. Orduan Nikolas Pigassof prestuari eskerrak eman eta lehenbailehen abiatu besterik ez zuen egin beharko, Nadia berekin eramanez, noski, ez baitzuen harengandik bereizi nahi haren aitaren besoetan utzi arte.
Dena dela, Nikolasek Krasnoiarsken gelditzea erabaki zuen, baina «bertan enplegu bat aurkitzeko baldintzapean», haren hitzez esateko.
Izan ere, funtzionario eredugarri hark, azkeneko minutura arte Kolivango posta etxean iraun eta gero, administrazioaren zerbitzuan jarri nahi zuen bere burua atzera ere.
—Zer dela-eta jaso behar dut soldata bat, irabazteko lanik egin ezean? —errepikatzen zuen.
Hortaz, bada, Krasnoiarsken haren zerbitzuez ezin baziren baliatu, nahiz eta hiri hori Irkutskekin telegrafoz komunikaturik egon segur aski, asmoa hartua zuen sendo: Udinskeko posturaino joango zen, edo baita Siberiako hiribururaino bertaraino ere. Kasu horretan, beraz, neba-arrebekin jarraituko zuen bidaian, eta nor topatuko zuten haiek hura baino gidari zuhurragorik, nor hura baino lagun arduratsuagorik?
Krasnoiarsketik versta erdira baino ez zegoen kibitka. Eskuin-ezkerretan egurrezko gurutzeak ageri ziren ugari, aldirietako bide bazterrean tente ipinita. Arratsaldeko zazpiak ziren. Zeru garbian elizen eta etxeen soslaiak marrazten ziren, Jenisei ibaitik gora altxatzen zen amildegiaren ertzean. Ibaiko urek dir-dir egiten zuten eguratsean barreiaturiko azken printzen argipean.
Kibitka gelditu egin zen.
—Arreba, non gaude? —galdetu zuen Mikel Strogoffek.
—Lehenengo etxeetatik versta erdira, gehienez jota —erantzun zion Nadiak.
—Hiri lokartua ote da? —bota zuen Mikel Strogoffek—. Soinurik ez dun iristen nire belarrietara.
—Eta nik ez diat ikusten argirik itzaletan, ezta kerik ere airean gora igotzen —gehitu zuen Nadiak.
—Aparteko hiria! —esan zuen Nikolasek—. Inork ez dik zaratarik ateratzen eta denak goiz oheratzen dituk!
Parte gaiztoko bihozkada batek erdirik erdi zeharkatu zuen Mikel Strogoff. Deus ez zion esan Nadiari Krasnoiarsken jarrita zituen itxaropenez. Han espero zuen bidaia segurtasunez bukatzeko eskuarteak aurkitzea. Beldur handia zuen bere esperantza ez ote zen berriz ere zapuztuko! Nadiak, ordea, pentsamendua igarri zion, nahiz ez ulertu zergatik bere lagunak presa zuen Irkutskera iristeko, gutun inperiala kendu ziotenez geroztik. Egun batean, horretaz galdetu ere egin zion zeharka.
—Irkutskera iritsiko naizela zin egin dinat —besterik ez zion erantzun.
Baina, bere eginkizuna betetzeko, lokomozio modu arin bat bereganatu behar zuen Krasnoiarsken.
—Tira, lagun —esan zion Nikolasi—, zergatik ez goaz aurrera?
—Beldurrak nagok ez ote ditudan hiriko biztanleak iratzarriko neure gurdiaren kirrinkarekin!
Eta zartailu ukaldi txiki bat jota, Nikolasek zaldiari eragin zion. Serkok zaunka egin zuen pixka batean, eta kibitka trosta txikian jaitsi zen Krasnoiarskeko bidean behera. Handik hamar minutura karrika nagusian sartu ziren.
Krasnoiarsk huts-hutsik zegoen! Atenastarrik ez zegoen «Iparraldeko Atenas» hartan, Bourboulon andreak deitu zion bezala. Zalgurdirik ez zebilen, zaldi ederrez horniturik, karrika garbi zabal haietan. Oinezkorik ez zen igarotzen espaloietan barrena, egurrezko etxe handi zoragarri haien oinetan. Andre siberiar dotorerik, Frantziako azken modaren arabera jantzirik, ez zen paseatzen Jeniseiko hegietaraino, urkidi baten erdian moldaturiko parke miragarri hartan zehar. Katedralaren kanpai handiak mutu zirauen, elizetako ezkila multzoak isilik zeuden; eta oso bitxia zen, alajaina, Errusiako hiri bat kanpai soinuaz beterik ez izatea! Baina, hemen, mortua zen nagusi. Bat ere bizidunik ez zen hiri honetan, hain bizia oraindik orain!
Tsarraren kabinetetik haria moztu aurretik bidalitako azken telegramak agindua eman zien gobernadoreari, goarnizioari eta biztanleei, zirenak zirela, Krasnoiarsk bertan behera utzi, gauza baliotsuak edo tatariarrentzat onuragarriak izan zitezkeenak eraman, eta Irkutsken babesa hartzeko. Eta manu bera eman zieten probintziaren herrietako biztanleei. Basamortua utzi nahi zuen gobernu moskutarrak inbaditzaileen aurrean. Rostoptxinen irudira emandako agindu haiek inork ez zituen eztabaidatu, ezta unetxo batean ere. Konplitu egin zituzten, eta horregatik ez zegoen izaki bizidun bakar bat ere Krasnoiarsken.
Mikel Strogoff, Nadia eta Nikolas isilean ibili ziren hiriko karriketan barrena, harridurazko zirrara bat nabaritzen zutela nahi gabe ere. Haiek sortua zen hiri hil hartan entzun zitekeen hots bakarra. Mikel Strogoffek sentimendurik azaleratu ez bazuen ere, amorru gorriak beteko zion bihotza beti atzetik zuen zoritxarraren kontra, haren itxaropenak hutsean gelditu baitziren berriz ere.
—Alajainkoa! —oihu egin zuen Nikolasek—. Soldata gutxi irabaziko diat basamortu honetan!
—Lagun hori —esan zion Nadiak adiskidantzaz—, Irkutskeko bidea hartu beharko duk berriz ere gurekin.
—Beharko, bai, benetan! —erantzun zion—. Haria ibiliko dun oraindik Udinsketik Irkutskera, eta hantxe... Zer, aita txiki hori, abiatuko gara?
—Egon gaitezen bihar arte —erantzun zuen Mikel Strogoffek.
—Arrazoi duk —esan zion Nikolasek—. Jenisei zeharkatu behar diagu, eta argia beharko, ikusi nahi badugu!...
—Ikusi nahi! —xuxurlatu zuen Nadiak, bere lagun itsua buruan.
Nikolasek entzun, eta, Mikel Strogoffen aldera eginez, esan zion:
—Barka ezak, aita txiki! Ai! Eguna eta gaua biak dituk ilunak hiretzat!
—Ez zagok zer barkaturik, lagun hori —ihardetsi zion Mikel Strogoffek, eskua begietatik pasatzen zuela—. Hi haut gidari, eta aurrera segitzen ahal diat horrela. Atseden har ezak ordu batzuetan. Eta Nadiak ere har dezala atseden. Bihar ere argituko dik eguna!
Mikel Strogoffek, Nadiak eta Nikolasek ez zuten luzaro bilatu behar izan, gaua emateko leku bat aurkitu arte. Parean gertatu zitzaien lehenengo etxeko atea bultzatu eta barrura. Hutsik zegoen, gainerako guztiak bezala. Orbel sorta batzuk besterik ez zeuden. Hoberik ezean, zaldiak bazka urri horrekin etsi behar. Kibitkaren elikagaiak ez ziren ahitu oraindik, eta nork bere partea hartu zuen. Gero, paretan zintzilik zegoen Panaghiaren irudi xumearen aurrean belaunikatu, eta Nikolas eta neska gaztea lokartu ziren, Mikel Strogoff beilan zegoen bitartean, lo egin ezinik.
Biharamunean, abuztuak 26, egunak argia eman baino lehen, kibitkari zaldia lotu eta urkidiaren parkea gurutzatu zuten Jenisei ibaiaren ertzera ailegatzeko.
Mikel Strogoff kezka bizitan zegoen. Nola egingo zuen ibaia gurutzatzeko, txalupa eta gabarra guztiak, itxura zuen bezala, puskatu eta suntsitu egin bazituzten tatariarren ibilia atzeratzeko? Mikel Strogoffek bazuen Jeniseiren berri, hainbatetan zeharkatua baitzuen ordurako. Bazekien zabala dela oso, eta ur laster bortitzak dituela uharteen artean zulatutako ibilgu bikoitzean. Egoera normalean, eta bidaztiak, zalgurdiak eta abereak garraiatzeko gabarra berezien bidez, hiru ordu behar dira Jenisei ibaiaz bestaldera pasatzeko, eta zailtasun handiak gaindituz baizik ez dute lortzen gabarrek eskuineko hegira heltzea. Ontzi bat ere gabe, beraz, nola joango zen kibitka ertz batetik bestera?
—Pasako nauk edonola ere! —esaten zuen Mikel Strogoffek behin eta berriz.
Eguna zabaltzen ari zelarik, kibitka ezkerreko ibai ertzera iritsi zen, parkearen ibiltoki ederretako bat amaitzen zen lekura. Toki hartatik, ibaiaren ibilbidea ageri zen ehun bat oineko distantzian, eta, hortaz, ikuspegia zabal-zabala zen guztiz.
—Gabarrarik ikusten duzue? —galdetu zien Mikel Strogoffek, ohartu gabe begiak alde batetik bestera zeramatzala, bera ere ikusteko gai izan balitz bezala.
—Ozta-ozta hasi dik argia urratzen —erantzun zuen Nadiak—. Lanbro lodia zagok oraindik ibaiaren gainean eta ezinezkoa duk ura bereiztea.
—Haren orroa entzuten dinat, ordea! —esan zuen Mikel Strogoffek.
Izan ere, lanbroaren beheko geruzetatik marru gor iskanbilatsua ateratzen zen korronteek eta kontrakorronteek elkar jotzean sortua. Ibaiak ur handia zekarren urte sasoi hartan, eta mendiko uhar baten indarrez isurtzen ari zen, nonbait. Hirurak entzuteari lotu ziren, lanbrozko errezel hura noiz altxatuko zain. Eguzkia arin zihoan zerumugatik gora, eta lehenbiziko izpiek berandu gabe uxatuko zituzten lurrunak.
—Eta zer? —galdetu zuen Mikel Strogoffek.
—Eguzkia lanbroa uxatzen hasi duk, neba —erantzun zion Nadiak—, gero eta zulo gehiago zaudek.
—Ibaiaren maila ez dun ikusten oraindik, arreba?
—Oraindik ez.
—Epe pixkatxo bat har ezak, aita txiki hori —esan zion Nikolasek—. Ezereztu egingo duk-eta laino hori guztia! Begira! Puzka hasi duk haizea! Zuhaitz lerroak agertzen hasi dituk beste hegiko laino altuetan! Dena airean doak! Eguzki errainu ongileek ur bihurtu ditek lurrun pila hori! A! Zein ederra den, nire itsu gizajoa, eta zer zoritxarra hiretzat ezin begiztatzea honelako ikuskizuna!
—Ikusten duk ontzirik? —galdetu zion Mikel Strogoffek.
—Ezta alerik ere —erantzun zion Nikolasek.
—Begira ezak ongi, lagun hori, ibai bazter honetan eta beste aldekoan, begia iristen zaianik eta urrutienera! Ontzi bat, txalupa bat, enbor azalez egindako kanoa bat!
Nikolasek eta Nadiak, amildegiko azken urkietan berme harturik, ibaiaren gainetik atera zuten gorputza, hobeki begiratzeko. Ikusmira izugarri handia agertu zitzaien begien bistan. Jenisei ibaia versta eta erdi zabal da leku hartan, eta bi adar nagusi ditu, bata bestea baino handiagoa. Urak bizi-bizi zihoazen bi adar horietatik aurrera, haltz, sahats eta makalen artetik, eta hainbat uharte inguratzen zituzten, beste hainbeste itsasontzi berdexka irudi zutenak, ibaian ainguraturik. Harago, ekialdeko hegiaren muino altuak nabarmentzen ziren mailaka, oihanez koroatuak. Zuhaitz lerden haien adaburuak gorriz koloreztatuak zeuden orduko argia zela-bide. Uretan gora eta uretan behera, Jenisei ibaia begietatik galtzen zen urrunean.
Baina ontzirik ez, ez ezkerreko ibai ertzean, ez eskuinekoan, ezta uharteen hegietan ere. Den-denak eraman zituzten edo suntsitu, agindutakoa betez. Ezbairik gabe, tatariarrek puska batean gelditu beharko zuten Jenisei ibaiaren hesian Irkutskera hurbildu ezinik, txalupa zubi bat egiteko materiala hegoaldetik ekartzen ez bazuten, behinik behin.
—Oraintxe gogoratu zaidak —esan zuen Mikel Strogoffek—. Gorago bazagok portu txiki bat, Krasnoiarskeko azken etxeetan. Hor lehorreratzen dituk gabarrak. Lagun hori, goazen ibaian gora eta begira ezak ez ote duten txaluparen bat ahaztuta utzi ur izkinan.
Nikolas arin abiatu zen esandako lekurantz. Nadiak Mikel Strogoffi eskutik oratu eta pauso azkarrez gidatu zuen haren atzetik. Txalupa bat, txanel xume bat, zernahi, kibitka sartzeko adinakoa edo, bestela, gurdian haraino iritsitakoak eramateko tamainakoa, eta Mikel Strogoff beste aldera pasatzen saiatuko zen zalantzarik gabe!
Hogei minutu geroago, portu txiki hartara iritsi ziren hirurak. Herritxo bat ematen zuen, Krasnoiarsk azpian kokatua, eta haren azken etxeak ibaiaren mailaraino beheratzen ziren.
Baina ez zegoen ontzirik hondar gainean, ezta txanelik ere ontziralekuaren oholetan. Deus erabilgarririk ez, hiru lagunentzako almadia bat egiten ahalegintzeko.
Mikel Strogoffek Nikolasi itaundu zion, eta honek gogoa kentzeko moduko erantzuna eman zion. Haren ustez, ibaia ezin zen inola ere zeharkatu.
—Pasako gaituk! —ihardetsi zion Mikel Strogoffek, ordea.
Eta bilatzen segitu zuten. Ibai ertzeko etxe batzuk miatu zituzten. Aski zen ateari bultza egitea. Jende apalen txabolak ziren, eta Krasnoiarskeko guztiak bezain huts eta ezer-gabe zeuden. Nikolasek hau aztertzen zuen, Nadiak beste hura arakatzen. Mikel Strogoff bera ere honetan eta hartan sartzen zen, eta zerbait baliagarria aurkitzen saiatzen zen bere eskuez dena ukituta.
Nikolasek eta neskatxak, nork bere aldetik, alferrik zokomiratu zituzten txabola guztiak, eta bilaketa bertan behera uztekotan zeudela, Mikel Strogoff haiei deika zegoela aditu zuten.
Ur izkinara itzuli eta Mikel Strogoff ikusi zuten ate baten alartzean.
—Zatozte! —garrasi egin zien.
Nikolas eta Nadia berehala bertaratu eta txabolan sartu ziren haren atzetik.
—Zer da hau? —galdetu zuen Mikel Strogoffek, biltegi baten bazterrean pilaturiko gauza handi batzuk eskuez ukitzen zituela.
—Zagiak dituk —erantzun zion Nikolasek—, eta dozena-erdia bazagok, alafede!
—Beteak daude?...
—Bai, kumyssez bete-beteak, eta zeinen ederki etorriko zaigun geure elikagaiak berritzeko!
Kumyss hori behor eta gamelu esnez egindako edari bat da, edari bizigarria, baita mozkorgarria ere, eta Nikolas biziki poztu zen aurkikuntzarekin.
—Zagi bat gorde ezak —esan zion Mikel Strogoffek—, baina hustu itzak gainerakoak.
—Oraintxe bertan, aita txiki.
—Ibaia zeharkatzen lagunduko zigutek.
—Eta ontzia?
—Kibitka bera izango duk, nahikoa arina duk-eta ez hondoratzeko. Gainera, eutsi egingo zioagu zagi hauen bidez, eta baita zaldiari ere.
—Ongi pentsatua, aita txiki —esan zuen Nikolasek oihuka—, eta, Jainkoa lagun, osorik iritsiko gaituk portura... nahiz eta beharbada zuzen-zuzen ez joan, ur lasterra hain bortitza izaki!
—Bost axola! —erantzun zuen Mikel Strogoffek—. Pasa egingo gaituk lehenik; eta gero asmatuko diagu Irkutskeko bidea aurkitzen ibaiaren beste aldean.
—Ekin diezaiogun lanari! —esan zuen Nikolasek, eta segituan hasi zen zagiak husten eta kibitkara garraiatzen.
Zagi bat kumyss gorde, eta besteak airez puztu zituzten eta arduraz itxi, flotagailu gisa erabiltzeko. Haietako bi zaldiaren saihetsetan lotu zituzten, zaldia ibai azalean urpera gabe eduki zezaten, eta beste bi kibitkaren endaitzetan ipini, gurpilen artean, gurtetxearen flotazio marrari eusteko.
Gurdia txalupa bihurtu zuten laster batean.
—Beldurrez hago, Nadia? —galdetu zion Mikel Strogoffek.
—Ez, neba —erantzun neskatxak.
—Eta hi, lagun?
—Ni? —oihu egin zuen Nikolasek—. Neure ametsetako bat burutuko diat azkenean: gurdiaz nabigatzea!
Leku hura egokia zen kibitka uretaratzeko, ibai bazterra aldapatsu samarra izanik. Zaldiak herrestan eraman zuen uren ertzeraino, eta aurki zeuden aparailua eta haren motorea ibai azalean igeri. Serko ondoan zihoan, igerian ausart.
Hiru bidaztiak zutik zihoazen gurtetxean. Oinetakoak erantzi zituzten badaezbada, baina, zagiei esker, urak orkatilak ere ez zizkien busti.
Mikel Strogoffek zaldiaren gidak zeramatzan, eta, Nikolasek egiten zizkion oharren arabera, zeihar gidatzen zuen zaldia, baina behartu gabe, ez baitzuen nahi erabat nekatzea, korrontearen kontra egin beharrez. Kibitka uren bideari jarraitzen zion bitartean, dena ongi zihoan, eta, minutu batzuen buruan, Krasnoiarskeko kaiak utzi zituen atzean. Ipar aldera lerratzen zen, eta nabarmena zen beste aldean ez zela lehorreratuko hiriaren parean, askozaz ere beherago baizik. Baina axola gutxi horrek.
Jenisei zailtasun handirik gabe pasatuko zuten, baita ontzi xelebre hartan ere, ur lasterra erregularra izanez gero, baina, zoritxarrez, hainbat zurrunbilok ur zalapartatsu haien azala zulatzen zuten, eta, kibitka laster harrapatu zuen inbutu haietako baten eraginak, Mikel Strogoffek handik urruntzeko erakutsitako adore guztia gorabehera.
Arriskua latza zen. Kibitka ez zihoan jada ekialdeko ur bazterrerantz, aurrera ere ez zihoan; biraka ziharduen berebiziko abiaduraz, zurrunbiloaren erdigunera makurtuz, zaldiko bat zirkuaren pistan bezala, gero eta agudoago. Zaldia zurrunbiloan itotzeko zorian zegoen, burua uretatik kanpo ezin edukiz. Serkok euskarri bat bilatu zuen kibitkan.
Mikel Strogoffek zer ari zen gertatzen ulertu zuen. Lerro biribil batek nola erakartzen zituen senti zezakeen, eta nola lerro hori kiribil gero eta txikiagoetan biltzen ari zen. Hitzik ez zuen esan. Haren begiek arriskua ikusi nahi zuten, hobekiago saihesteko... baina ezin!
Nadia ere isilik. Eskuak gurtesietan ipinita, ontziaren mugimendu bihurriei eusten zien, baina gurdia gero eta gehiago makurtzen ari zen enbutuaren erdira.
Eta Nikolas? Ohartzen ote zen egoeraren larriaz? Lasaitasunez jokatzen ote zuen, ala arriskuarekiko mesprezioz, kemenez ala axolagabekeriaz? Bizitza zer ote zen haren begietan, hutsaren hurrengoa, edo «bost eguneko ostatua», ekialdeko jendeek diotenez, seigarrenean utzi behar duzuna nahi eta nahi ez? Nolanahi ere, istant batean ere ez zitzaion ilundu bere begitarte irribarretsua.
Kibitkak zurrunbiloaren mende segitzen zuen, eta zaldiak ezin gehiago iraun. Tupustean, Mikel Strogoffek, enbarazu egingo dioten arropak erantzi, eta uretara bota du bere burua; gero, zaldi izutuaren brida ukabilaz hartuta, tiraldi ikaragarria eman dio eta erakarpen eremutik askatzea lortu. Kibitka, berriz ere korronte biziak bultzaturik, ibaian behera doa arin bai arin.
—Hori duk eta! —bota zuen Nikolasek.
Bi ordu besterik ez ziren igaro ontziralekua utzi zutenetik, eta kibitka, ibaiaren adar nagusia zeharkaturik, uharte baten hegian lehorreratu zen, uretan behera sei versta baino gehiago egin eta gero.
Hantxe, zaldiak uretatik atera zuen gurdia, eta ordubeteko atsedenaldia eman zioten abere bihoztunari. Gero, urki bikainen itzalpean uharte osoa gurutzatu eta Jenisei ibaiaren adar txikira heldu ziren.
Errazago zeharkatu zuten bigarren ur adar hori. Zurrunbilorik ez zegoen horretan, baina ur lasterra oso-oso azkarra zen, eta kibitka eskuineko aldera iritsi zenerako, beste bost versta eginak zituzten ibaian behera. Urak hamaika verstaz eraman zituen herrestan, guztira.
Siberiako ibai handi hauek, gaurdaino inolako zubirik ezagutu ez dutenak, oztopo latzak dira batetik bestera aise mugitzeko. Adur txarrekoak izan ziren guztiak Mikel Strogoffentzat. Irtishen, tatariarrek haren gabarrari eraso egin eta lantza kolpe batez zauritu zuten. Obin, bala batek zaldi gabe utzi ondoren, mirariz baino ez zien ihes egin atzetik zetozkion zaldizko uzbekei. Labur esateko, Jeniseiren igaroaldi hau izan zen denetan samurrena.
—Ez zuan hain jostagarria izango —jaulki zuen Nikolasek, eskuak bataz bestea igurtzika, ibaiaren eskuin aldean lehorreratu zelarik—, hain zaila gertatu izan ez balitz!
—Ea guretzat zaila baino izan ez den hori —erantzun zion Mikel Strogoffek—, guztiz ezinezkoa den tatariarrentzat.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala