VI
LAGUN BAT BIDE NAGUSIAN
Ordu erdi bat geroago, Mikel Strogoff eta Nadia Tomsketik irten ziren.
Gau hartan, ofizialak eta soldaduak gehiago zein gutxiago denak mozkortu ziren orgia zela-eta, eta gatibu dezente, egokiera hartaz baliaturik, Zabedieroko kanpamentuan nahiz konboien ibilaldietan ez bezala, tatariarren ihesi joan ziren azkenean. Nadia herrestan atera zuten plazatik beste presoekin batera, jostaketei ekin zietelarik, baina ihes egin eta goi lautadara itzultzea lortu zuen, Mikel Strogoff emirraren aurrera eraman zuten unean.
Han, jendetzaren artetik, dena ikusi zuen. Oihurik ez zitzaion jalgi, sable goriaren xafla haren lagunaren begien aurretik pasatu zutenean. Aski indarra izan zuen geldirik eta mutu irauteko. Zorioneko sen batek itxaroteko esan zion, aske izanik helbururaino gidatu ahalko zuela Marfa Strogoffen semea eta lagundu bere zina betetzen. Taupadarik ez zuen egin haren bihotzak une batean, siberiar zaharra korderik gabe erori zenean, baina pentsamendu batek bere kemen guztia berreskuratu zion.
—Itsu aurreko txakurra izango naiz! —esan zuen bere artean.
Ivan Ogareff joan eta gero, itzalpean ezkutatu zen Nadia. Plaza jendez hustu arte egon zen bazterrean. Mikel Strogoff bakarrik zegoen, inor beldurtzeko gai ez den izaki ziztrin bat bezala abandonaturik. Nola hurbildu zen amarengana ikusi zuen, nola makurtu zen haren aldera, nola musu eman zion, eta nola altxatu zen, haztamuka ihesi joateko...
Handik pixka batera, elkarri eskutik oraturik, ezponda malkartsuan behera jaitsi ziren, eta, Tom ibaiaren ertzean barrena hiriaren mugaraino joanda, harresiaren zulo bat zeharkatzeko zoria izan zuten.
Irkutskeko bidea baizik ez zegoen ekialdean barneratzeko. Ezin huts egin. Nadiak bizi-bizi gidatu zuen Mikel Strogoff. Bazitekeen biharamunean, orgian ordu batzuk eman eta gero, emirraren aitzindariak estepan barrena zabaldu eta komunikazio guztiak etetea. Haiei aurre hartu behar, bada, derrigorrean; lehenago iritsi behar Krasnoiarskera, Tomsketik hara dauden bostehun verstak eginda (533 kilometro), bide nagusitik kanpo ahalik beranduena abiatzeko. Urratutako bidea uztea segurtasuna eza zen, ezustekoen lurraldean sartzea, heriotza epe laburrean.
Nolatan pairatu zituen Nadiak abuztuaren 16tik 17rako gau hartako nekeak? Non aurkitu zuen halako tarte luzea egiteko behar zen indar fisikoa? Nola eraman zuten haraino bere oinek, odoletan atsedenik gabe ibiltzeagatik? Gaitza da ulertzen. Baina kontua da hurrengo goizean, Tomsketik atera eta hamabi ordu geroago, Mikel Strogoff eta Nadia Semilowskoeko herrian sartu zirela, berrogeita hamar verstako bidea ibili ondoren.
Mikel Strogoffek ez zuen hitzik esan. Bidean hark eraman zuen Nadiaren eskua, eta ez Nadiak harena. Baina esku txiki haren dardarek gidatu zuten aurrera, eta bere betiko abiadan ibili zen hari esker.
Semilowskoe huts-hutsik zegoen kasik. Bertakoak Jeniseisk probintziara itzuri joan ziren tatariarren beldurrez. Bizpahiru etxetan izan ezik, ez zen inor han bizi. Erabilgarria zen guztia, baliotsua zen guztia gurdietan kargatu eta herritik garraiatu zuten.
Nadiak, ordea, ordu batzuetan han geratzeko premia zeukan. Jana eta atsedena behar zuten biek.
Neska gazteak, beraz, herriaren beste aldera gidatu zuen bere laguna. Han bazen etxe huts bat, atea zabalik. Sartu ziren. Egurrezko banku kaskar bat zegoen gelaren erdian, Siberiako etxe guztietan aurkitzen den berogailu handiaren ondoan. Eseri egin ziren.
Nadiak aurrez aurre begiratu zion orduan bere lagun itsuari, ordu arte inoiz begiratu ez zion bezala. Bazen zerbait begirada hartan estimazioaz harago, errukiaz harago. Mikel Strogoffek ikusteko aukera izanez gero, haren atxikimendua eta samurtasuna azkengabeak zirela irakurriko zuen begirada eder hartan.
Itsuaren betazalek, xafla goriaz gorriturik, erdizka baino ez zituzten estaltzen haren begi lehor-lehorrak. Esklerotika apur bat zimurtua zegoen, eta gogortua, antza; ninia nabarmen zabaldua; irisaren urdina lehen baino ilunagoa; betileak eta bekainak pixka bat erreak; baina, itxuraz behinik behin, gizon gaztearen begirada sarkor hura ez zela batere aldatu zirudien. Erretinaren eta begiko nerbioaren sentsibilitatea, ordea, errotik suntsitu zituen altzairu galdatuaren beroak, eta horregatik ez zen deus ikusteko gauza, horregatik zegoen erabat itsu.
Memento hartan, Mikel Strogoffek eskuak luzatu zituen.
—Hor hago, Nadia? —galdetu zuen.
—Bai —erantzun zion neskatxak—, hire ondoan nagok eta ez haut bakarrik utziko sekula, Mikel.
Bere izena Nadiaren ahoan lehenengo aldiz entzutean, Mikel Strogoff asaldatu egin zen. Bere lagunak denaren berri bazekiela ulertu zuen. Bazekien nor zen eta zer lotura zuen Marfa zaharrarekin.
—Nadia —esan zion—, banandu beharra zaukanagu!
—Banandu? Zergatik, bada, Mikel?
—Ez dinat oztopo izan nahi hire bidaian! Aita zain daukan Irkutsken! Harekin elkartu behar dun!
—Aitak madarikatu egingo nindikek, Mikel, bertan behera utziko bahindut, niregatik egin duana egin eta gero!
—Nadia, Nadia! —erantzun zion Mikel Strogoffek, neska gazteak haren eskuaren gainean jarritako eskua estutzen zuela—. Hire aitarengan baino ez dun pentsatu behar!
—Mikel, hik behar nauk aitak baino gehiago! Alde batera utzi behar duk Irkutskera joateko asmoa?
—Inola ere ez! —oihu egin zuen Mikel Strogoffek, batere adorerik ez zuela galdu erakutsiaz.
—Hala ere, gutun hori ez duk aldean!...
—Gutun hori Ivan Ogareffek lapurtu zidan!... Ongi dun! Hura gabe moldatuko naun, Nadia! Espioitzat hartu naiten! Espioi ibiliko naun! Irkutskera joango naun ikusi dudan guztia, entzun dudan guztia kontatzera, eta, Jainkoa zeruan dagoen bezala, traidore hori topatuko dinat berriz ere bekoz beko! Baina, horretarako, hura baino lehen iritsi behar dinat Irkutskera.
—Eta banantzeaz hitz egiten duk, Mikel?
—Nadia, den-dena kendu zidaten malapartatu horiek!
—Niri, berriz, errublo batzuk eta begiak gelditzen zaizkidak! Nik ikusiko diat hire partez, Mikel, eta nik eramango haut bakarrik joan ezin haizen lekura!
—Eta nola joango gara?
—Oinez.
—Eta nola biziko gara?
—Eskean.
—Goazen, Nadia!
—Hator, Mikel.
Bi gazteek ez zioten neba eta arreba izena eman elkarri gehiagotan. Atsekabea erdibanaturik, are eta estuago lotuak sentitzen ziren bata bestearekin. Ordubeteko atsedena hartu eta etxetik irten ziren. Nadiak, karrikaz karrika ibilita, tchornekheleb puska batzuk bildu zituen, bai eta Errusian meod deitzen duten ezti ur horretatik pixka bat ere. Ezer ere ez zioten kostatu, eskale lanbide berrian hasia baitzen. Tchornekheleb hori garagarrez egindako ogi moduko bat da, eta hura janez eta ezti ura edanez, nola edo hala ase ziren Mikel Strogoffen gose-egarriak. Nadiak harentzat gorde zuen mantenu urri hartatik gehiena. Neskak banan-banan ematen zizkion ogi puskak eta hark jaten. Ezpainetara hurbiltzen zion ur ontzia eta hark edaten.
—Jaten ari haiz, Nadia? —galdetu zion behin baino gehiagotan.
—Bai, Mikel —erantzuten zion beti neska gazteak, bere lagunaren hondarrekin askietsita.
Mikel eta Nadia Semilowskoetik atera eta Irkutskeko bide nekosoari lotu zitzaizkion berriro. Neskatxak adoretsu eusten zion nekeari. Mikel Strogoffek ikusi izan balu, urrutiago joateko bihotzik ez zuen izango beharbada. Baina Nadiak ez zuen kexarik ematen, eta Mikel Strogoff, hasperenik ere ez baitzen entzuten, menderatu ezineko presaz zebilen aurrera. Eta zergatik? Espero ote zuen, beraz, tatariarrei aurre hartzea? Oinez zihoazen, dirurik ez zuten, itsu zegoen, eta Nadia gabe, bere gidari bakarra gabe, bide bazter batean etzan eta itxuratxarki hil besterik ezin egin! Baina kemenaren kemenaz Krasnoiarskera iritsiz gero, beharbada ez zen oro galdua izango: gobernadorearengana joan, nor zen azaldu, eta Irkutskera joateko baliabideak eskuratuko zizkion dudarik gabe.
Mikel Strogoff aurrera zihoan, bada, ia berbarik esan gabe, bere pentsakizunetan murgildurik. Nadiaren eskua zeraman. Etengabe zeuden biak harremanetan. Hitzik ez zutela behar irudi zuen, pentsamenduak elkarren artean trukatzeko. Noizean behin, Mikel Strogoffek esaten zion:
—Hitz egidan, Nadia.
—Zertarako, Mikel? Biok berdin eta batera pentsatzen diagu! —erantzun zion neska gazteak ahots sendoz, akitua zegoela ez sumarazteko.
Baina, zenbaitetan, bihotzak lipar batean taupadak emateari utzi izan balio bezala, belaunak makurtzen zitzaizkion, ibilera mantsotzen, eta atzean gelditzen zen, besoa luzaturik. Orduan Mikel Strogoff gelditu eta begiz begi so egiten zion neskari, barruan zeukan iluntasun horretan zehar ikusteko ahaleginetan, nonbait. Birikak puztu, eta gero, bere lagunari irmoago eusten ziola, bidean aurrera segitzen zuen.
Hala ere, amaierarik gabeko nahigabe haien guztien erdian, egun hartan zorioneko gertaera bat jazoko zen, biei neke handiak kenduko zizkiena.
Bi ordu inguru paseak ziren Semilowskoetik atera zirenez geroztik, eta, bat-batean, Mikel Strogoff gelditu egin zen.
—Ez dago inor bidean? —galdetu zuen.
—Ezta inor ere —erantzun zion Nadiak.
—Ez dun soinuren bat entzuten?
—Bai, entzuten diat.
—Tatariarrak baldin badira, ezkutatu egin behar dinagu. Begira ongi.
—Hago, Mikel! —esan zion Nadiak, bidean eskuinetara zegoen bihurgune hurbilerantz igotzen ari zela.
Mikel Strogoff bakarrik geratu zen une batean, belarria adi.
Berehala bueltatu eta esan zion:
—Gurdi bat duk. Gizon gazte batek gidatzen dik.
—Bakarrik dator?
—Bakar-bakarrik.
Mikel Strogoff zalantzan egon zen istant batez. Bere burua ezkutatu behar zuen? Edo, aitzitik, saiatu behar zuen ibilgailu hartan lekurik bilatzen, beretzat ez bazen, Nadiarentzat gutxienez? Berak aski zuen esku bat gurdian jartzea, eta, are gehiago, gurdia bultzatu ere egingo zuen, beharrean izanez gero, hankek ez baitzioten huts egingo; baina ongi zekien Nadia, oinez Obi ibaitik hona etorria, hau da, zortzi egun jarraian ibilita, indarrez husteko zorian zegoela.
Zain geratu zen.
Gurdia laster iritsi zen bidearen bihurgunera. Ibilgailu zahar hondatu bat zen, gehienez hiru lagun eraman zitzakeena, eta bertakoek kibitka izendatzen dutena.
Hiru zaldikoa izaten da kibitka eskuarki, baina honek bat bakarra zeukan, ile-luze, isats-luze, indar eta adore handikoa odol mongoliarraren kariaz.
Gizon gazte bat zuen gidari, eta txakurra zebilkion ondoan.
Gazte hura errusiarra zela ohartu zen Nadia. Begitarte gozoa zuen eta patxadatsua, fidatzeko modukoa. Gainera, ez zirudien inolako presarik zuenik. Lasai zebilen, zaldia ez behartzeko, eta, hura ikusirik, inork ez zuen sinetsiko bide hura tatariarrek noiz baino noiz mozteko beldurrez egoteko motiborik bazegoela.
Nadiak, Mikel Strogoffi eskutik oraturik, bide bazterrera egin zuen.
Kibitka gelditu zen, eta gidariak neskari begiratu zion irribarretsu.
—Baina nora zoazte, gisa horretan? —galdetu zien, samur so egiten ziela begiak biribil-biribil.
Ahots hura aditu eta Mikel Strogoffek nonbait entzuna zuela pentsatu zuen bere artean. Eta nahiko izan zitzaion inondik ere kibitkaren gidaria ezagutzeko, haren kopeta baretu baitzen bertatik.
—Baina nora zoazte, bada? —errepikatu zuen gizon gazteak, Mikel Strogoffi zuzenduz oraingo honetan.
—Irkutskera goazak —erantzun zion honek.
—Ene, aita txiki hori! Ez dakik verstak eta verstak eta versta gehiago daudela hemendik Irkutskeraino?
—Bazakiat.
—Eta oinez hoa?
—Oinez.
—Hi, tira! baina andereñoa?...
—Nire arreba duk —esan zuen Mikel Strogoffek, zuhurtziaz Nadiari berriz horrela deituta.
—Bai, hire arreba, aita txiki hori! Baina, sinets iezadak, inoiz ez duk Irkutskera iritsiko!
—Lagun hori —erantzun zion Mikel Strogoff harengana gerturatzen zela—, tatariarrek ezer gabe utzi gaitiztek, kopek bakar bat ere ez diat eskaintzeko; baina nire arreba hire ondoan hartzen baduk, ni oinez joango nauk gurdiaren atzetik, lasterka, behar baldin bada, ez haut atzeratuko ezta ordubetez ere.
—Neba! —esan zuen Nadiak aho goraz—... Ez diat nahi... ez diat nahi! Jauna, nire neba itsua duzu!
—Itsua! —erantzun zion gidari gazteak hunkiturik.
—Tatariarrek begiak erre dizkiote! —azaldu zuen Nadiak, eskuak harengana luzatuz, erruki eske edo.
—Begiak erre? Ene, nire aita txiki gizajoa! Ni Krasnoiarskera niak. Tira, zergatik ez zarete igoko hi eta hire arreba kibitkara? Hirurak sartuko gaituk, pixka bat estutuz gero. Gainera, txakurra ez duk kexatuko oinez joan behar badu. Agudo ez noak, hori bakarra; ez diat nahi zaldia gehiegi nekatzea.
—Lagun hori, nola duk izena? —galdetu zion Mikel Strogoffek.
—Nikolas Pigassof.
—Sekula ez diat izen hori ahaztuko —erantzun zion Mikel Strogoffek.
—Ongi, bada. Igo hadi, nire aita txiki itsua. Hi eta arreba bata bestearen ondoan joango zarete gurdiaren atzean, eta ni aurrean, gidari lana egiteko. Urki azal ederra eta garagar lastoa baduzue atze alde horretan. Habia ematen dik. Ea, Serko, utz ezak tokia!
Txakurra gurditik jaitsi zen, erreguka ibili gabe. Arraza siberiarrekoa zen, ile grisekoa, tamaina erdikoa. Burua handia zuen, laztantzeko modukoa, eta bere jabeari oso atxikia zegoela irudi zuen.
Mikel Strogoff eta Nadia istant batean kokatu ziren kibitkaren barruan. Mikel Strogoffek eskuak luzatu zituen Nikolas Pigassofenenak bilatu nahian, antza.
—Nire eskuak hartu nahi dituk! —esan zuen Nikolasek—. Hona hemen, aita txiki hori! Har itzak atsegin zaian guztian!
Kibitkak bideari ekin zion berriro. Zaldiak ibilera berezia zeukan, lehenbizi eskuin aldeko bi hankak aurrera, gero ezker aldekoak. Nikolasek behin ere ez zuen jotzen. Mikel Strogoff oinez baino agudoago ez zebilen, baina akabo oraingoz, behinik behin, Nadiaren nekeak.
Neskatxa lur jota zegoen erabat, eta, kibitkaren mugimendu beti-berdinak kulunkaturik, loak laster hartu zuen eta zerraldo utzi. Mikel Strogoffek eta Nikolasek etzanda ipini zuten urki orbelaren gainean, ahal zutenik eta ongien. Gazte errukiorra hunkiturik zegoen arras, eta, Mikel Strogoffen masailean behera malko tantorik isuri ez bazen, burdina goriak azken-azkeneraino idortu zizkiolako baizik ez zen izan.
—Polita duk! —esan zuen Nikolasek.
—Bai —ihardetsi Mikel Strogoffek.
—Indartsu izan nahi ditek, aita txiki nirea, eta kementsuak dituk, baina baita ahulak ere, neska pinpirin hauek! Urrutitik zatozte?
—Urruti-urrutitik.
—Zoritxarrekoak! Oinaze handia emango ziaten, begiak erre zizkiatenean!
—Handia —erantzun zion Mikel Strogoffek, Nikolasenganarantz eginez, ikusi izan balu bezala.
—Negar egin huen?
—Bai.
—Nik ere negar egingo nian. Maite dituanak ezin ikusi sekula! Pentsatze hutsarekin! Baina tira, haiek ikusten haute. Kontsolatzeko balio dik beharbada!
—Bai, beharbada! —erantzun zuen Mikel Strogoffek, eta ondotik galdetu—. Esaidak, lagun hori, ez nauk inon ikusi orain baino lehen?
—Hi ikusi, aita txiki hori? Ez, inoiz ez.
—Bada, niri ezaguna egiten zaidak hire ahotsaren soinua.
—Hara bestea berriz! —esan zion Nikolas Pigassofek irribarrea ezpainetan—. Ahotsaren soinua dela-eta ez nauk, bada, ezagutzen! Beharbada nondik natorren jakiteko galdetu didak hori. Ederki! Esango diat. Kolivandik natorrek.
—Kolivandik? —esan zuen Mikel Strogoffek—. Bada, orduan, hantxe egin nian topo hirekin. Ez hengoen telegrafo etxean?
—Balitekek —erantzun zion Nikolasek—. Han bizi ninduan eta lan egin. Transmisioen arduraduna ninduan.
—Eta azken unera arte gelditu hintzen heure postuan?
—Jakina! Batez ere une horretan egon beharra zagok!
—Egun hartan ingeles bat eta frantses bat ez ziren, bada, borrokan ibili hire leihatilaren aurrean, errubloak eskutan, eta ingelesak ez zituen, bada, Bibliaren lehenengo txatalak telegrafiatu?
—Balitekek, aita txiki hori, balitekek, baina ez nauk oroitzen!
—Halakorik! Ez haiz oroitzen?
—Inoiz ez zieat jaramonik egiten bidaltzen ditudan mezuei. Nire betebeharra ahaztea duk, eta batere kasurik ez egitea duk errazena.
Ongi margotzen zuen erantzun hark Nikolas Pigassofen izaera.
Bitartean, kibitka poliki-poliki zihoan aurrera, Mikel Strogoffek aukeran biziago joatea nahiago bazuen ere. Baina Nikolas eta zaldia abiadura horretara jarriak zeuden, eta ez batak ez besteak ezin zuten utzi ibilera patxadatsu hura. Zaldiak, hiru orduz ibili ondoren, ordubetez atseden hartzen zuen, gau eta egun. Geldialdietan, aberea bazkan aritzen zen, eta kibitkaren bidaztiek mokadu bat jaten zuten Serko txakur leiala ondoan zeukatela. Kibitkan hogei lagunentzat adina janari bazen gutxienez, eta Nikolasek eskuzabal jarri zituen elikagaiak bere gurdian apopilo hartutako bi neba-arreben eskura.
Egun oso batean atseden harturik, Nadia indarrak berreskuratzen hasia zen. Nikolas arta handiaz saiatzen zen ahal zen hobekien egon zedin. Bidaia ez zen oso gogorra; poliki zihoazen, dudarik gabe, baina erritmo jarraian. Batzuetan, lozorroak hartzen zuen Nikolas gauetan, gidari zihoala, eta haren zurrunga beteek kontzientzia lasaia zuela ematen zuten aditzera. Horrelakoetan adi begiratuz gero, bazegoen ikustea nola Mikel Strogoffen eskuak zaldiaren gidak bilatzen zituen eta nola azkarrago ibilarazten zuen, Serkoren harridurarako, ezer esan ez arren, hala ere. Gero, trosta hori ohiko ibilerara itzultzen zen, Nikolas itzartzen zelarik, baina kibitka versta batzuk aurreratua zen bere arauzko lastertasunaren gainetik.
Horrela ibiliz, Ishimsk ibaia zeharkatu zuten, eta Ishimskoe, Berikylskoe eta Kuskoe herrixkak, eta Mariinsk ibaia, izen bereko herria, Bogostowlskoe, eta Txula erreka, azkenean, mendebaldeko Siberia eta ekialdekoa bereizten dituena. Bidea zelai neurrigabeetan aurrera hedatzen zen batzuetan, begiari ikuspegi zabal irekia eskainiz, eta pinu oihan mugagabeen azpitik, beste batzuetan, itzalpetik behin ere ez zirela aterako pentsatzen zutela.
Lurralde mortua zen. Inor ez inon. Herrixkak huts-hutsik ia. Nekazariak Jeniseiz bestaldera joanak ziren ihesi, ibaiaren zabalerak beharbada tatariarrak geldiaraziko zituelakoan.
Abuztuaren 22an, kibitka Atxinsk herrira heldu zen, Tomsketik hirurehun eta laurogei verstara. Ehun eta hogei verstako tartea oraindik Krasnoiarskeraino. Ezbeharrik ez zuten izan bidaia horretan. Elkarrekin igarotako sei egunean, Nikolasek, Mikel Strogoffek eta Nadiak nor berean segitu zuten, patxada asaldakaitzean babestua lehenengoa, urduri beste biak, eta zain, lagun zintzo hura noiz berengandik aldenduko.
Esan liteke Mikel Strogoffek eskualde haiek guztiak ikusi egiten zituela Nikolasen eta neska gaztearen begien bitartez. Txandaka ziharduten biek inguruko parajeak harentzat margotzen, kibitka pasatu ahala. Jakinaren gainean zegoen beti oihanean ote zeuden ala zelaian, txabolarik ageri ote zen estepan, siberiarrik azaltzen ote zen zerumugan. Nikolas ez zen isiltzen. Gustuko zuen berba egitea, eta, gauzak begiratzeko zerabilen ikuspegia hau zela edo hura zela, atseginez entzuten zitzaion beti.
Egun batean, Mikel Strogoffek zer eguraldi modu zen galdetu zion.
—Hainbestekoa, aita txiki —erantzun zion—, baina udako azken egunak ditiagu hauek. Udazkena laburra duk Siberian, eta laster dituk sumatzekoak neguko lehen hotzak. Tatariarrek urtaro hotza kanpamentuetatik atera gabe emateko asmoa ote dute?
Mikel Strogoffek burua astindu zuen zalantza adieraziz.
—Ez hago horretan, aita bitxi hori —segitu zuen Nikolasek—. Irkutskera joango direlakoan hago?
—Horren beldur nauk.
—Bai... arrazoi duk. Baditek beren artean gizon maltzur bat bidean hozten utziko ez dituena. Ivan Ogareff izena entzun duk inoiz?
—Bai.
—Badakik norbere herria saltzea ez dagoela ongi?
—Ez... ez zagok ongi... —erantzun zion Mikel Strogoffek, sentimenduei eusteko ahaleginetan.
—Aita txiki hori —jaulki zion Nikolasek—, ez haiz aski haserretzen Ivan Ogareffez hire aurrean hitz egiten denean! Bihotz errusiar guztiek salto egin behar ditek izen hori entzutean!
—Sinets iezadak, lagun hori, gorroto diat hik sekula gorrotatuko ez duan eran —esan zion Mikel Strogoffek.
—Ezin litekek —kontra egin zion Nikolasek—, ez, ezin litekek! Ivan Ogareff gogora etorri, gure Errusia santuari sortzen dion kaltea gogora etorri, eta amorruak hartzen naik, eta harrapatuko banu...
—Harrapatuko bahu?
—Hilko nukeela uste diat.
—Bada, ni, berriz, ziur nagok, guztiz ziur, egon ere —erantzun zion lasai-lasai Mikel Strogoffek.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala