XVI

AZKEN AHALEGINA

 

        Mikel Strogoff beldur zen parte txarreko topaketaren bat ez ote zuen izango Barabako zingirez harantzago luzatzen diren lautadetan; eta zuzen zebilen. Soroek, zaldien apoez zanpa-zanpa eginda, tatariarrak han barrena pasa zirela erakusten zuten, eta barbaro horiez esan daiteke turkoez esan ohi dena: «Turkoa pasatzen den lekuan, belarra ez da berriz sortzen sekula!».

        Mikel Strogoffek, hortaz, kontu handiz ibili behar zuen eskualde hura zeharkatzean. Ke adar zenbaitek, zeru ertzetik gora kiribilka, herrixkak eta baserriak oraindik erretzen ari zirela adierazten zuten. Tatariarren abangoardiak su eman ote zien, edo emirraren armada probintziaren azken mugetaraino aurreratua ote zen dagoeneko? Feofar Khan bera ote zegoen Jeniseisk probintzian? Mikel Strogoffek ez zekien, eta ezin zuen deus erabaki puntu horri buruzko albiste zehatzik bereganatu arte. Hain inor gabe ote zegoen herrialdea? Siberiar bakar bat ere ez ote zuen topatuko horren berri emateko?

        Mikel Strogoffek bi versta egin zituen arima bakar bat ere agertzen ez zuen bide hartan. Begiz bilatzen zituen ezker-eskuin ea etxeren batean norbait geratzen zen. Hutsik zeuden bisitatu zituen guztiak.

        Txabola bat sumatu zuen zuhaitzen artean, oraindik kea zeriola. Gerturatu eta agure bat ikusi zuen etxearen hondakinetatik hainbat urratsetara, eta haurrak negarrez haren inguruan. Emakume bat, gaztea artean, haren alaba inondik ere, haur haien ama, hondamendi hari begira zegoen, lurrean belauniko, ikara begietan. Hilabete gutxiko ume bati bularra ematen zion. Esne gabe geratuko zen berehala. Estutasuna eta nahigabea besterik ez zen familia hartan!

        Mikel Strogoffek agurearengana jo zuen.

        —Erantzuteko moduan zaude? —esan zion ahots larriaz.

        —Hitz egin ezak —ihardetsi zion gizon zaharrak.

        —Tatariarrak pasa dira hemen barrena?

        —Bai, nire etxea sutan zagok eta!

        —Armada osoa zen edo destakamendu bat?

        —Armada osoa, gure soroak hondatuta zaudek-eta ikusmira guztian!

        —Emirrak egiten zuen buru?

        —Emirrak, Obi ibaiaren urak gorri jaisten dituk eta!

        —Eta Feofar Khan Tomsken sartu da?

        —Bai, Tomsken.

        —Badakizu tatariarrek Kolivan hartu ote duten?

        —Ez, Kolivan ez zagok-eta oraindik sutan!

        —Eskerrik asko, adiskidea. Ezer egin dezaket zure alde eta zure familiaren alde?

        —Ezer ez.

        —Adio.

        —Adio.

        Eta Mikel Strogoffek, emakume gaixoaren magalean hogeita bost errublo utzi eta gero, zaldia ezproiez jo eta ibilaldiari ekin zion berriro ere, geldialdi labur horren ondotik. Emakumeak indarrik ez zuen izan ezta eskerrak emateko ere.

        Orain zerbait bazekien, behinik behin: Tomsk alde batera utzi beharra zuela kosta ahala kosta. Kolivanera joan zitekeen, han tatariarrak ez zeudenez gero. Hiri horretara sartu eta bidai aldi luze baterako hornitu; horixe egin behar zuen. Lehenbizi Obi gurutzatu, gero Kolivanera, handik Tomsk inguratu Irkutskeko bidea utziz, eta, Jeniseisk probintziara iristean, bide nagusia hartu berriz ere, inbaditzaileek ez baitzuten eskualde hori mendean. Beste irtenbiderik ez zeukan.

        Ibilbidea erabakita, Mikel Strogoff ezin duda-mudatan denborarik galdu. Ez zuen egin, eta, zaldiari ibilera arin beti-berdina eraginez, Obi ibaiaren eskuineko ertzera zeraman bide zuzenari jarraitu zion. Berrogei versta baizik ez zeuden hartaraino. Aurkituko zuen txalupa bat beste aldera igarotzeko, edo, ibai ontziak tatariarrek suntsiturik, igerian pasa beharko zuen? Ikusiko.

        Zaldia ahul-ahula zegoen eta erabat akiturik, geratzen zitzaion indar apurra azken tartean ahitu ondoren. Mikel Strogoffek beste batekin aldatzen saiatu beharko zuen Kolivanen. Ohartzen zen abere errukarria behea jotzeko zorian zegoela. Kolivan, bada, abiapuntu berria balitz bezala ikusten zuen, hiri horretatik aurrera bidaia beste egoera batzuetan egin beharko baitzuen. Errausturiko lurraldean zebilen bitartean, zailtasunak handiak izango ziren oraindik, baina, Tomsk saihestu eta Irkutskeko bidea berriz hartzen bazuen, egun batzuetan erdietsiko zuen bere helburua.

        Arratsaldea gautu zuen, egun bero baten ondotik. Iluntasun beltzak bildu zuen estepa gauerdian. Haizea osorik baretu zen eguzkia sartzearekin batera, eta eguratsa apal-apal ageri zen. Zaldiaren ibilera besterik ez zen aditzen bide inor gabean, eta bizkortu nahian zaldizkoak esaten zizkion berba zenbait. Ilunpe horietan, arretarik handienaz ibili beharra zegoen bidetik ez ateratzeko, bide bazterrak Obira zihoazen errekasto eta urmaelez beterik baitzeuden.

        Mikel Strogoff aurrera zihoan ahalik agudoena, baina arretatsu. Iluna zulatzen zuen bere begi bikainekin, baina konfiantza handia zeukan baita zaldiaren ernetasunean ere, ongi baitzekien zuhurra baino zuhurrago ibiltzen zela beti.

        Halako batean, Mikel Strogoff zaldi gainetik jaitsi eta bidearen nondik norakoa aztertzen ari zenean, mendebaldetik marmar nahasi bat zetorrela iruditu zitzaion. Zamalkatze urrun baten hotsa zen, lur idor baten gainean. Zalantzarik ez. Versta bat edo bi atzerago, urrats segida batek jotzen zuen lurzorua erregulartasunez.

        Adiago entzun zuen, belarria bidearen erdian bertan ipinita.

        «Zalditeriako destakamendu bat duk, Omsk aldetik datorrena —esan zuen bere artean—. Arin zatozak, hotsa gero eta ozenagoa heltzen duk eta. Errusiarrak ala tatariarrak ote?»

        Entzuteari ekin zion berriz ere.

        «Bai —esan zuen—, zaldizko horiek trosta bizian zatozak! Hamar minutu gabe, hemen dituk! Nire zaldiak ezin ditik atzean utzi. Errusiarrak badira, haiekin joango nauk. Eta tatariarrak badira, alde egin behar zaiek! Baina nola? Non ezkutatuko naiz estepa honetan?»

        Mikel Strogoffek ingurura begiratu eta haren begi sarkorrak masa lauso bat aurkitu zuen itzaletan, ehun bat pauso aurrerago, bidearen ezker aldean.

        «Bazagok han oihantxo bat. Hor bilatuko diat aterpea. Atzemango naitek, arakatzen badute, baina ez zagok aukerarik! Hemen dituk! hemen dituk!»

        Handik gutxira, Mikel Strogoff, zaldia uhaletik herrestan eramanez, alertzezko baso txiki batera iritsi zen. Bidetik beretik heltzen zen haraino. Basatza eta urmaelen artean zegoen, haraindian eta honaindian zuhaitzez soil-soildua. Otea eta txilarra hazten ziren ur istilen arteko sastraketan. Bi alboetatik, beraz, ezin ibil zitekeen, eta destakamenduak oihantxo haren aurretik pasa beharko derrigorrean, Irkutskeko bide nagusian zehar zetozenez gero.

        Mikel Strogoff alertzeen babesera sartu, eta, berrogei bat pausoz barneratzean, erreka batek geldiarazi zuen. Urak zirkulu erdi itxurako barruti batean ixten zuen oihan txikia.

        Baina itzala hain zen iluna, non arriskurik batere ez zen Mikel Strogoff ikusia izateko, basotxoa xehe-xehe miatzen ez bazuten, behintzat. Zaldia ur bazterrera eraman eta zuhaitz batean lotu zuen. Gero, oihanaren ertzera itzuli eta etzanda jarri zen, afera norekin izango zuen ikusteko asmoz.

        Alertze multzo baten atzean ipini orduko, argi zirriborrotsu bat agertu zen. Han-hemenka puntu dirdaitsu batzuk dantzan zebiltzan iluntasunean.

        «Zuziak!», esan zuen berekiko.

        Eta atzera egin zuen bizi-bizi, basati bat bezala narrasean, alertzeen arteko alderik trinkoenerantz.

        Oihantxora hurbiltzerakoan, zaldien ibilera mantsotzen hasi zen. Bidearen zoko-moko guztiak aztertzeko ari ote ziren zaldizko haiek argi ematen?

        Mikel Strogoffek halaxe uste izan zuen, nonbait, eta, senari jarraituz, errekaren hegiraino atzeratu zen, uretan murgiltzeko prest, beharrezkoa bazen.

        Destakamendua gelditu egin zen baso txikiaren parera iristean. Zaldizkoak lurrera jaitsi ziren zaldi gainetik. Berrogeita hamar inguru ziren. Hamar batek zuziak zeramatzaten, bidea eremu handian argitzen zutela.

        Prestamenak egiten hasi, eta Mikel Strogoff konturatu zen ustekabeko zorteari esker destakamenduak ez zuela inola ere pentsatzen basoa bisitatzea, leku hartan geldialdi txiki bat egitea baizik, zaldiek arnasa hartzeko eta gizonek jakiren bat sabeleratzeko.

        Izan ere, zaldiak, bridak kenduta, bazkatzen hasi ziren lurzorua estaltzen zuen belardi sarrian. Eta zaldizkoak bidearen luzeran etzanda jarri eta zakutoetatik ateratako janariak banatzeari ekin zioten.

        Mikel Strogoffek odol hotzari eutsi zion, eta, belar handien artean narrastuz, zerbait ikusten eta entzuten saiatu zen.

        Omsketik zetorren destakamendua. Zaldizkoak uzbekak ziren, Tatarian nagusi den arrazakoak eta mongoliarrekin antza handia dutenak. Gizon horiek, lerdenak eta sendoak, batez besteko garaiera baino altuagoak, aurpegiera basati zakarrekoak, talpak izeneko txanoa janzten zuten buruan, arkume beltzaren larruz egina, eta orpo luzeko bota larru-horiak oinetan, punta-muturra gora altxatuta zeukatenak, erdi aroko zapaten irudira. Zamarrak, oihal indianoz eginak eta kotoi gordinez estaliak, gerrian estutzen zituzten, tatxet gorriz apainduriko gerriko baten bitartez. Ongi armaturik zihoazen. Defentsarako, ezkutua, eta, erasorako, sable gakoa, ganibet luzea eta suharriaz pizten zen fusila, zelatik zintzilik. Feltrozko kapa bana zeramaten, kolore bizikoa, sorbaldetan bildurik.

        Zaldiak, bazkan aske basoaren mugan, arraza uzbekekoak ziren, gizonak bezala. Ederki nabaritzen zen hori zuzien dirdaipean, argi bizia jaurtitzen baitzuten alertzeen adarren azpian. Abere horiek, zaldi turkomanak baino txikixeagoak baina indar bikaina dutenak, oso egokiak dira bidaia luzeetarako, eta lauoinka baino ez dakite ibiltzen.

        Destakamenduko burua pendjabaschi bat zen, berrogeita hamar soldaduren komandante bat, alegia, eta deh-baschi bat zuen laguntzaile, hamar soldaduren komandante soila. Bi ofizial horiek kaskoa zeukaten buruan eta erdi sare-kota bat soinean; turuta txiki batzuk zeramatzaten zaldi zelaren aurrealdeari loturik, haien graduaren ezaugarri.

        Pendjabaschiak atseden hartzen utzi behar izan zien gizonei, neka-neka eginda baitzeuden tarte handia ibili ondoren. Solasean ziharduen bigarren ofizialarekin, beng erretzen ari zirela, hau da, haxix egiteko oinarria den kalamu indiarra, Asia aldean hain estimu handia duena. Hara eta hona zebiltzan basoan barrena, eta Mikel Strogoffek, ikusezina bere gordelekuan, elkarrizketa guztia entzun zuen, eta baita ulertu ere, tatarieraz mintzo zirenez gero.

        Mikel Strogoffen arreta guztiz asaldatu zen solasaldiaren lehenengo hitzetatik.

        Izan ere, hartaz ari ziren hizketan.

        —Mandatari horrek ezin izan ziguk honenbesteko aldea kendu —zioen pendjabaschiak—, eta, bestalde, erabat ezinezkoa duk Barabako bideaz kanpo ibiltzea.

        —Nork daki atera ote den Omsketik? —erantzun zion deh-baschiak—. Ez da beharbada oraindik gordea egongo hiriko etxeren batean?

        —Hobe horrela, alajaina! Ogareff koronelak beldurrik ez likek izan behar mandatari horren mezuak helmugara iristen diren ala ez!

        —Bertakoa omen duk —gehitu zuen deh-baschiak—. Hala izatera, lurraldea ongi ezagutuko dik, eta balitekek Irkutskeko bidea nonbait uztea, aurrerago berriz ere horretara itzultzeko!

        —Baina haren aurretik joango gintuzkek orduan —erantzun zion pendjabaschiak—, ordubete pasa gabe abiatu gaituk-eta Omsketik, eta biderik laburrena egin diagu eta zaldien ahalegin guztiaz. Hortaz, edo Omsken gelditu duk, edo hura baino lehen iritsiko gaituk Tomskera eta bidea moztuko zioagu. Kasu batean zein bestean, ez duk Irkutskera sartuko.

        —Emakume gogorra, atso siberiar hori! —esan zuen deh-baschiak—. Haren ama duk, dudarik gabe, esanak esan!

        Esaldi hori entzun eta Mikel Strogoffen bihotza taupadaka hasi zen ia lehertzeraino.

        —Bai —erantzun zion pendjabaschiak—, esan eta esan aritu duk delako merkatari hori ez dela bere semea, baina beranduegi. Ogareff koronelari ez ziok ziririk sartu, eta, esan duen bezala, mintzaraziko dik sorgin zahar hori, garaia datorrenean.

        Zenbat hitz, hainbat sastada Mikel Strogoffentzat! Bazekiten tsarraren mandataria zena! Zaldizkoen destakamendu bat bidali zuten haren atzetik, eta bidea galaraziko zioten edonola! Eta, oinazearen bizia!, haren ama tatariarren atzaparretan, eta Ogareff krudelak nahi zuenean mintzaraziko zuela adierazi zuen ozen!

        Mikel Strogoffek bazekien emakume siberiar kementsuak ez zuela hitzik esango, eta hori biziaz ordainduko zuela!...

        Mikel Strogoffek ez zuen uste Ivan Ogareff ordu arte gorrotatzen zuena baino gehiago gorrota zezakeenik, eta, hala ere, gaizkinahizko olatu bat igo zitzaion bihotzeraino. Doilor horrek bere herria saldu, eta orain haren ama torturatzearekin mehatxu egiten zuen!

        Solasean segitu zuten bi ofizialek, eta, Mikel Strogoffek entzun uste zuenez, borrokaldia izango zen berehala iparraldetik zetozen tropa moskutarren eta tropa tatariarren artean. Bi mila laguneko armada talde errusiar txiki bat, Obi ibaiaren behealdean ikusita, eginahalean zetorren Tomsk aldera. Hala bazen, talde horrek Feofar Khanen armada nagusiarekin topo egingo zuen aurrez aurre, eta deuseztaturik geldituko zen ezinbestez. Irkutskeko bidea inbaditzaileen esku geratuko zen oso-osorik.

        Berari zegokionez, Mikel Strogoffen buruari prezioa ezarri ziotela jakin zuen, pendjabaschiaren hitz batzuk zirela medio, bai eta bizirik edo hilik atzemateko agindu zutela ere.

        Gauzak horrela, lehenbailehen aurre hartu behar zien zaldizko uzbekei Irkutskeko bidean eta Obi ibaia paratu haien eta bere artean. Baina, horretarako, ihes egin behar zuen destakamendua abian jarri aurretik.

        Erabakia harturik, Mikel Strogoff asmo hura betearazteko prestatu zen.

        Geldialdiak, izan ere, ezin zuen luzaro iraun, eta pendjabaschiak ez zuen pentsatzen beren gizonei ordubeteko atsedena baino gehiago ematerik, nahiz zaldiak aldatu ezin izan beste zaldi fresko batzuekin Omsk ezkero eta Mikel Strogoffena bezain nekatuak egon arrazoi berberengatik.

        Begira egoteko betarik ez zegoen. Goizeko ordu bata zen. Iluntasunaz baliatu behar, egunsentiak urratu aurretik, oihan txikitik atera eta bidean aurrera oldartzeko; baina, gaua aldeko izan arren, horrelako ihesaldia arrakastaz egitea ezinezkoa zen kasik.

        Mikel Strogoffek ez zuen ezer ere utzi nahi patuaren esku, eta tarte bat hartu zuen hausnartzeko eta aldeko eta kontrako ahalbideak neurtzeko, abagunerik egokiena erabili nahian.

        Lekua aztertu eta ondorio hauxe atera zuen: basoaren atzeko aldetik ihes egiterik ez zeukala. Han alertzeek arku bat marrazten zuten, bide nagusiak haren sokarena egiten zuela. Arku horren kanpo aldean erreka bat zegoen, aski zabala eta oso lohitsua. Ote landare handiek itxi egiten zuten zeharo handik pasatzea. Ur arre horren azpian, lokatzezko basatza nabari zen, non oinak ezin ziren finkatu. Horretaz gain, errekaren beste aldean, sasiek betetzen zuten lurzorua, eta nekez ihes egin zitekeen agudo oztopoz jositako paraje horretan zehar. Han zegoela ohartu orduko, amorruz jazarri, berehala inguratu, eta Mikel Strogoff zaldizko tatariarren atzaparretan eroriko zen nahitaez.

        Aukera bakarra zegoen, beraz, aukera bakar-bakarra: bide nagusian barrena joatea. Baso izkinari jarraituz bideraino ailegatu, eta, arreta bereganatzeke, versta laurden bat egin soldaduak ezertaz konturatu aurretik, gero zaldiari azken indarrak eskatu, hilik eroriko balitz ere Obiko ibai bazterrera iristean, eta, azkenik, zela igerian, zela gabarraz, beste erarik ezean, ibai garrantzizko hori zeharkatu; horixe egiten saiatu behar zuen Mikel Strogoffek.

        Haren kemena, haren adorea hamar aldiz handitu zen arriskuaren aurrean. Bizitza bera zuen jokoan, eta bere eginkizuna, eta bere herriaren ohorea, eta bere amaren salbamena beharbada. Ezin zalantzatan ibili eta egitekoari ekin zion.

        Astirik ez zuen alferrik galtzeko. Halako mugimendua sumatu zuen destakamenduko gizonen artean. Zaldizko batzuk atzera eta aurrera zebiltzan bidearen ezpondan, basoaren mugaren aurretik. Gainerakoak etzanda zeuden oraindik zuhaitzen oinetan, baina zaldiak biltzen ari ziren pixkaka-pixkaka basoaren erdialdera.

        Mikel Strogoffek zaldi horietako batez jabetzeko burutazioa izan zuen lehenik, baina berea bezain nekatuak egongo zirela pentsatu zuen ondotik, arrazoi osoz. Hobe zuen, bada, berearekin fidatzen segitzea, lan ederra egin baitzion ordu arte. Abere bihoztun hori txilarrezko sasi handi baten atzean zegoen ezkutaturik, uzbeken begiradetatik kanpo. Soldaduak, bestalde, ez ziren basoan hondoratu atze-atzeraino.

        Mikel Strogoff, belar gainean narrasean, zaldiarengana hurbildu zen. Lurrean etzanda zegoen. Eskuz laztandu zuen, goxo-goxo hitz egin, eta altxaraztea lortu zuen hotsik atera gabe.

        Une hartan, zuziak itzali ziren, osorik ahiturik, eta iluntasuna beltz samarra zen artean, alertzeen aterpean, behinik behin.

        Mikel Strogoffek zaldiari aho-burdina jarri, zelako zingila tenkatu, estribuen uhalak aztertu, eta emeki-emeki hasi zitzaion tiraka bridatik. Abere burutsua, bere aldetik, zer egin behar zuen ulertu balu bezala, otzan joan zen nagusiaren atzetik, irrintzi txikienik ere egin gabe.

        Alabaina, zaldi uzbek batzuek burua tentetu eta baso izkina aldera jo zuten poliki-poliki.

        Mikel Strogoffek errebolberra zeukan eskuineko eskuan, hurreratzen zitzaion lehenengo zaldiko uzbekari burua lehertarazteko prest. Baina, zorionez, alarmarik ez zuten jo, eta oihantxoak eta bideak eskuin aldean eratzen zuten angeluraino iristeko modua izan zuen.

        Ahalik beranduena igo nahi zuen zela gainera, destakamendukoek ikus ez zezaten, eta basotik berrehun pausora zegoen bihurgunea pasa arte ez zuen asmorik zaldiz ibiltzen hasteko.

        Damurik, basoaren muga zeharkatu behar zuen unean, uzbek baten zaldiak usain egin, irrintzia bota eta bidera irten zen antxintxika.

        Nagusia zaldiarengana joan da korrika, berreskuratu nahian, baina, egunsentiaren lehen argitan irudi bat nabarmentzen dela ikusirik:

        —Nor da hor? —oihu egin du.

        Garrasia entzun, eta kanpamentuko gizon guztiak altxatu dira eta bide aldera egin.

        Mikel Strogoffek zaldi gainera igo eta lauoinka ihesi joatea beste aukerarik ez du.

        Destakamenduko bi ofizialak aurrera etorri dira eta beren gizonak akuilatzen hasi.

        Baina Mikel Strogoff zaldi zelan eserita dago jadanik.

        Orduan tiro baten eztanda hotsa entzun, eta bala batek zamarra zulatzen diola sentitu du.

        Burua biratu gabe, erasoari erantzun gabe, zaldia ezproiez jo, eta, oihantxoaren muga jauzi izugarri batez gurutzaturik, Obi aldera oldartzen da lasterka bizi-bizian.

        Zaldi uzbekak ez zeuden prestaturik, eta Mikel Strogoffek alde pixka bat kendu zien destakamenduko zaldizkoei; baina luze gabe abiatuko ziren haren arrastoaren atzetik, eta, izan ere, ez ziren joan bi minutu basotik irten zenetik, eta hainbat zaldiren hotsa entzun zuen pixkaka-pixkaka beregana hurbiltzen.

        Eguna argitzen hasi zen orduan, eta gauzak inguru zabalago batean ari ziren bistara azaltzen.

        Mikel Strogoffek burua biratu eta zaldizko bat agudo hurbiltzen ari zaiola ikusi du.

        Deh-baschia da. Ofizial hura, zaldi bikain baten gainean, lehen-lehena dator, eta iheslaria harrapatzeko ez du asko falta.

        Gelditu gabe, Mikel Strogoffek errebolberra harengana luzatu, eta, dardararik ez eskuan, destatu da istant batez. Tiroak bular betean jo, eta ofizial uzbeka zaldi gainetik erori eta pirripitaka dabil lurrean.

        Baina gainerakoek hurbiletik jarraitzen zioten, eta, deh-baschiren ondoan atzeratu gabe, oihuka elkar suspertuz, zaldien saihetsetan ezproia sartuz, murrizten ari ziren gutxika-gutxika Mikel Strogoffenganainoko tartea.

        Ordu erdi batean, ordea, arma tatariarren tiro bidetik kanpo iraun zuen, baina zaldia ahultzen ari zela ohartu, eta beldurrez zegoen une oro trabaren batean estropezu egin eta lurrera jausiko ote zen sekula ez altxatzeko.

        Argitu samartua zen eguna ordurako, zerumugatik gora eguzkia oraindik agertu ez arren.

        Handik bi verstara gehienez ere, lerro hits bat luzatzen zen, ertzean han-hemenka zuhaitz batzuk zeuzkana.

        Obi ibaia zen. Hego ekialdetik ipar ekialdera zihoan lur arrasetik ia nabarmendu gabe, estepa bera zuela haran bakar.

        Zenbait aldiz tiro egin zioten fusilekin, baina asmatu gabe, eta, zenbaitetan ere, errebolberra hustu behar izan zuen hurbil-hurbil jartzen zitzaizkion zaldizkoen gainera. Aldi oro, soldadu uzbek bat pirripitaka zihoan lurrean barrena, lagunen amorraziozko garrasien artean.

        Baina jazarpen hura ezin ongi bukatu Mikel Strogoffentzat. Haren zaldia den-dena emanda zegoen, eta, hala ere, ibaiaren hegiraino eraman ahal izan zuen.

        Uzbeken destakamendua berrogeita hamar pausora baizik ez zegoen harengandik, une hartan.

        Obi ibaian, arimarik ez, txaluparik ez, ontzirik ez, beste aldera pasatzeko.

        —Adore hartu, zaldi paregabe hori! —oihu egin zuen Mikel Strogoffek—. Aurrera! Azken ahalegina!

        Eta ibaira bota du bere burua.

        Leku hartan, ibaia versta erdi zen zabal. Ur lasterrari eustea zaila zen oso, eta Mikel Strogoffen zaldiak ezin zuen hanka inon paratu. Batere bermerik gabe, hortaz, igerian zeharkatu behar ur bizi-bizi haiek, mendiko uharren parekoak. Aurre egiten saiatzeari berari kemenezko miraria irizten zion Mikel Strogoffek. Zaldi hura aparta zen benetan.

        Zaldizko tatariarrak ibai ertzean gelditu eta zalantzan zeuden uretara jauzi egin edo ez.

        Baina, memento horretan, pendja-baschiak fusila hartu du eta iheslariaren aldera destatu kontu handiz. Tiroa bota, eta Mikel Strogoffen zaldia, saihetsean zauriturik, hondora joan da nagusiaren azpian.

        Mikel Strogoffek estribuak arin askatu ditu, aberea ibaiko uretan desagertzen den unean. Gero, murgiltzera egin du bala andana baten erdian, eta, ur azpitik ibaiaren eskuineko ertzera iritsita, Obiko hegia betetzen duten kanaberen artean galdu da.

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia