Lehen agerraldia
(Ilunabarra. Teilatupe eguzkitsu bat, leiho estu batekin. Erretratu, grabatu eta autografoak, paretetan sakabanatuak, marrazkilari txintxetaz josiak. Elkarrizketa motela gizonezko itsu baten eta emakume ilegorri, goibel eta nekatu baten artean. Gizon itsua andaluziar hiperboliko bat da, oda eta poesia egiten dituena, MAXIMO ESTRELLA du izena. Emakume ilegorriari, berriz, frantsesa delako MADAMA COLLET deitzen diote auzoan.)
MAX: Irakurri berriro Apis Idiaren gutuna.
MADAMA COLLET: Pazientzia, Max, pazientzia.
MAX: Itxaron zezakeen ni ehortzi arte.
MADAMA COLLET: Berari dagokio aurretik joatea.
MAX: Collet, gaizki ibiliko gara lau kronika horiek gabe! Non irabazi behar ditut nik hogei ogerleko, Collet?
MADAMA COLLET: Zabalduko da beste ateren bat.
MAX: Bai heriotzakoa. Geure buruaz beste egin dezakegu kolektiboki.
MADAMA COLLET: Ni ez nau ikaratzen heriotzak. Baina alaba daukagu, Max.
MAX: Eta Klaudinatxo nire suizidio kolektiboaren proiektuarekin ados balego?
MADAMA COLLET: Oso gaztea da!
MAX: Gazteek ere egiten dute beren buruaz beste, Collet.
MADAMA COLLET: Ez ordea bizitzaz aspertuta. Gazteek erromantizismoak eraginda egiten dute euren buruaz beste.
MAX: Bizitza gehiegi maitatzeagatik suizidatzen dira orduan. Penagarria Klaudinatxo hain tematia izatea. Lau txanpon ikatz aski genuke betiereko bidaia egiteko.
MADAMA COLLET: Ez estutu. Zabalduko da beste ateren bat.
MAX: Zein erredakziotan hartuko naute itsu naizela?
MADAMA COLLET: Idatz ezazu nobela bat.
MAX: Eta gero argitaratzailerik topatu ez.
MADAMA COLLET: Jainko maitea! Ez zaitez hasi arrastaka, Max. Denek ezagutzen dute zure talentua.
MAX: Ahaztuta naukate! Irakur iezadazu Apis Idiaren gutuna.
MADAMA COLLET: Ez hartu gertaera hori eredutzat.
MAX: Irakurri.
MADAMA COLLET: Izugarri letra txarra da.
MAX: Irakurri astiro.
(MADAMA COLLET aurpegiera akitu eta etsipenduz poliki- poliki gutuna irakurtzen hasi da ahapeka. Kanpoan erratz jostalariaren zarata entzuten da. Eskailerako txilina jo dute.)
MADAMA COLLET: Klaudinatxo, utzi erratza eta begiratu ea nor den ate joka.
KLAUDINATXOREN AHOTSA: Betiko Don Latino izango da.
MADAMA COLLET: Jainkoak lagun!
KLAUDINATXOREN AHOTSA: Emango al diot atearekin muturrean?
MADAMA COLLET: Zure aita entretenitu egiten du.
KLAUDINATXOREN AHOTSA: Dagoeneko aditzen da bere pattar-kiratsa!
(MAXIMO ESTRELLA agondu egiten da adoretsu; bularrean behera bizar eder bat hedatzen zaio hainbat xerlo zurirekin. Bere buruak, kizkurra eta itsua, eta izaera klasiko arkaiko mabarmenekoa, Hermesak gogorarazten ditu.)
MAX: Zaude, Collet! Ikusmena berreskuratu dut! Ikusi egiten dut! Eta nola ikusten dudan gero! Guztiz ongi! Ederra dago Moncloa! Zatitxo frantses bakarra, Madrilgo basamortu honetan! Parisa itzuli behar dugu, Collet! Bai, hara itzuli behar dugu. Garai zahar haiek berritu behar ditugu!
MADAMA COLLET: Eldarniatzen ari zara, Max.
MAX: Ikusi egiten dut eta primeran gainera.
MADAMA COLLET: Baina zer ikusten duzu?
MAX: Mundua!
MADAMA COLLET: Ni ikusten nauzu!
MAX: Ukitzen ditudan gauzak ez daukat zertan ikusirik!
MADAMA COLLET: Eser zaitez. Leihoa ixtera noa. Saia zaitez lo egiten.
MAX: Ezin dut!
MADAMA COLLET: Gizarajoa!
MAX: Hilda nago! Gaua berriro.
(Besaulkiaren bizkarraren kontra etzaten da. Emakumeak leihoa itxi du eta teilatupea ilunabarreko eguzkiz marratutako argilunean geratzen da. Itsua lokartu da eta andrea, goibeltasuna bera iduri, aulkitxoan esertzen da, Apis Idiaren gutuna tolestuz. Esku arretatsu batek atea bultzatu du eta hau zabaldu egin da kirrinka luze bat eginez. Aguretxo asmatiko bat sartu da, kepia, betaurrekoak, txakurra eta kartera batean aldizkari ilustratuak dituela. DON LATINO DE HISPALIS da. Atzetik, ileak harro-harro, oinetan txankletak eta gona motzez, neskatxa bat sartu da: KLAUDINATXO.)
DON LATINO: Nola aurkitzen da jeinu gorenaren aldartea?
KLAUDINATXO: Lotsagabe batek saltzera eramandako liburu batzuen txanponak noiz iritsiko zain.
DON LATINO: Neskato, ez al duzu lexiko hautatuagorik zeure aitaren anaia deitzen didan gizon handi horren adiskide minaz hitz egiteko. Hori da hizketa modua, Klaudinatxo!
MADAMA COLLET: Ba al dakarzu dirua, Don Latino?
DON LATINO: Madama Collet, harritu egiten nauzu. Izan ere zu adimen argikoa izan zara beti. Maxek eskuzabaltasunez utzi zuen diru hori.
MADAMA COLLET: Egia al da hori, Max? Nola liteke?
DON LATINO: Ez ezazu atera Morfeoren besoetatik!
KLAUDINATXO: Zuk zer diozu, aita?
MAX: Zoazte denok infernura!
MADAMA COLLET: Ene, maitea, zeure eskuzabaltasunez afari gabe laga gaituzu!
MAX: Latino, ziniko hutsa zara.
KLAUDINATXO: Don Latino, ordaintzen ez baduzu, atzamarka egingo dizut.
DON LATINO: Moztu azkazalak, Klaudinatxo.
KLAUDINATXO: Begiak aterako dizkizut.
DON LATINO: Klaudinatxo!
KLAUDINATXO: Alproja!
DON LATINO: Max, jar ezazu bakea hemen!
MAX: Latino, zer atera duzu liburuen truke?
DON LATINO: Hiru pezeta, Max! Hiru pezeta zikin! Hutsa! Lapurreta garbi-garbia.
KLAUDINATXO: Ez ematea zeneukan!
DON LATINO: Klaudinatxo, horretan oso ados nago zurekin. Inozotzat hartu naute. Baina oraindik hautsi daiteke tratua.
MADAMA COLLET: Ene, ondo legoke hori!
DON LATINO: Max, orain nirekin doilor horren dendara azaldu eta iskanbila sortzen badiozu, bi ogerleko ere aterako dizkiozu. Zuk nik ez bezalako itzala daukazu.
MAX: Hartutako dirua itzuli beharko litzateke.
DON LATINO: Aski da itxura egitearekin. Hizketan jakitea da kontua, Maisu.
MAX: Hala deritzozu...?
DON LATINO: Jakina!
MADAMA COLLET: Max, ez zenuke irten behar.
MAX: Aireak freskatu egingo nau. Teilatupe honek labea ematen du.
DON LATINO: Ba kalean aire freskoa dabil.
MADAMA COLLET: Nahigaberen bat besterik ez duzu lortuko, Max!
KLAUDINATXO: Aita, ez zaitez irten!
MADAMA COLLET: Max, bilatuko dut nik zerbait bahituran uzteko.
MAX: Ez dut lapurreta hori ontzat eman nahi. Latino, nori eraman dizkiozu liburuak?
DON LATINO: Zaratustrari.
MAX: Klaudina, nire makila eta kapela!
KLAUDINATXO: Ama, eman egingo al dizkiot?
MADAMA COLLET: Emaizkiozu.
DON LATINO: Madama Collet, ikusiko duzu zer faena ederra.
KLAUDINATXO: Alproja!
DON LATINO: Dena da abesti gozo zure ahoan, Klaudinatxo!
(MAXIMO ESTRELLA DON LATINOri bizkarretik helduta aterako da. MADAMA COLLETek hasperen egingo du akituta, eta alaba, berriz, erabat urduri, buru-urkilak kentzen hasiko da.)
KLAUDINATXO: Badakizu nola bukatuko den hau guztia? Pika Lagartosen tabernan!
Bigarren agerraldia
(ZARATUSTRAren denda-zuloa Kontseiluen Karelean. Liburu meta izugarriek behetik goraino eta estu-estu estaltzen dituzte paretak. Emanaldikako nobelatzar baten lau kromo ikaragarrik papereztatzen dituzte atearen lau beirak. Denda-zuloan berriketan ari dira katua, papagaia, txakurra eta liburusaltzailea. ZARATUSTRAk, zomorro antzeko gizon konkorduna, urdai zaharkituaren aurpegia du eta bufanda suge-berde kolorekoa, eta bere txotxongilo piuraz disonantzia nabari eta mingarria eragiten du guztiz zirraragarri eta modernoa. Aulki nano baten ilazki urratuan uzkurtuta, oinak mantarrrez bilduta eta sutontzia daukan oholtzan zepo handiak jarrita, denda zaintzen dago. Saguak bere mutur maltzurra atera du zulotik.)
ZARATUSTRA: Ez pentsa gero ikusten ez haudanik, lapur horrek!
KATUA: Fu! Fu! Fu!
TXAKURRA: Au! Au!
PAPAGAIA: Biba Espainia!
(MAX ESTRELLA eta DON LATINO DE HISPALIS atean daude. Poetak besoa kaparen tolestaduretatik atera eta dotoreziaz jaso du, bere buru klasiko itsuarekin erritmoa osatuz.)
MAX: Harrera txarra Poloniak atzerritarrari!
ZARATUSTRA: Zer zabiltzate?
MAX: Zu agurtu eta bide batez esan ez nagoela ados zure tratuarekin.
ZARATUSTRA: Nik ez dut egin inolako traturik zurekin.
MAX: Egia. Baina nire intendente Don Latino de Hispalisekin bai, egin duzu tratua.
ZARATUSTRA: Eta morroi hori zertaz kexatzen da? Eman nizkion txanponak ez al ziren legezkoak?
(Nagusiaren hanka artean zaunka egiten duen txakur koldarraren antzera parte hartzen du DON LATINOk.)
DON LATINO: Maisua ez dago ados prezioarekin eta desegin egin nahi du tratua.
ZARATUSTRA: Tratua ezin da desegin. Minutu bat lehenago etorri bazinate... Baina orain ezinezkoa da. Fardel osoa, zegoen zegoenean saldu dut bi txakur txiki irabaziz. Erostuna irten eta zuek sartu, horra!
(Liburusaltzailea, hitz egiten ari den bitartean, oraindik salmahaiaren gainean dagoen fardela bildu eta denda-oste ilunean sartuko da, DON LATINOrekin keinu konplize bat trukatuz. Berriro agertuko da.)
DON LATINO: Bidaia alferrik egin dugu. Maisu, azeri horrek guk baino gehiago daki.
MAX: Zaratustra, alproja hutsa zara.
ZARATUSTRA: Don Max, horiek ez dira batere balorazio egokiak.
MAX: Burua txikituko dizut.
ZARATUSTRA: Don Max, errespeta ezazu zeure ohorea.
MAX: Kaikua!
(Koba-zulora gizon luze, mehe eta beltzaran bat sartu da. Kubako boluntario ohien uniformez jantzita dago, oinetan ibiltarien abarketa irekiak dauzka eta buruan ingeles boneta. DON PEREGRINO GAY xelebrea da; bere bizitza ibiltariaren kronika idatzi du gaztelania zaharkituan; eta bere izena DON GAY PEREGRINOz trukatu du. Barrura sartu gabe diosal egiten du alaitasunez eta aldi berean serio-serio.)
DON GAY: Salutem plurimam!
ZARATUSTRA: Zer moduz mundu horietan zehar Don Gay?
DON GAY: Primeran.
DON LATINO: Nondik nora ibili zara?
DON GAY: Londrestik nator.
MAX: Eta horren urrunetik zatoz Zaratustrak larru zaitzan?
DON GAY: Zaratustra adiskide ona dut.
ZARATUSTRA: Egin ahal izan duzu nahi zenuen lan hura?
DON GAY: Erabat. Adiskide leinargiok, bi hilabetean kopiatu dut Errege-Liburutegian Palmerín de Constantinopla, dagoen ale bakarra.
MAX: Baina, benetan, Londrestik al zatoz?
DON GAY: Hantxe igaro ditut bi hilabete.
DON LATINO: Zer moduz dago Errege-familia?
DON GAY: Kaian ez ditut ikusi. Maisu, zuk ezagutzen al duzu Londresko Babilonia?
MAX: Bai, Don Gay.
(Denda-ostera sartu eta atera dabil ZARATUSTRA, kandela piztu batekin. Argimutil koipetsu bat, dardari, txotxongiloaren eskuan. Zaratarik egin gabe dabil, isil-isilik. Eskuak, mitoi beltzez jantzita, liburu arasetan zehar paseatzen du argia. Aurpegi erdia argitan, beste erdia itzalean. Ematen du sudurra belarriaren gainera okertzen zaiola. Papagaiak hegoaren azpian ezkutatzen du mokoa. Polizi erreten batek gizon bat darama eskuak lotuta. Mutil gazte kaskasoil bat ateratzen da kainabera baten gaineaan zangalatraba, bandera batekin.)
KASKASOILA: Biba, Espainia!
TXAKURRA: Au! Au!
ZARATUSTRA: Zein ederra Espainia!
(Barraren aurrean, hiru bisitariak, elkarturik adar batean hiru txori bezala, ilusioz eta triste, beren penak arintzen dituzte literatur gaiei buruzko solasaldi batean. Hitz eta pitz ari dira, inolako arretarik jarri gabe polizia-tropelari, kaskasoilaren bibari, txakurraren uluari eta euren lepotik bizi den txotxongiloaren iruzkin atsekabetuari. Sosik gabeko intelektualak dira.)
DON GAY: Aitortu beharra dago. Ingalaterra bezalako herririk ez dago. Erlijio sentimentuak benetako begiramena eta duintasuna du han, eta zalantzarik gabe familia ohoretsuenak dira erlijio gauzatan sutsuenak. Espainia ere, erlijio ideia hobea balu, salbatu egingo litzateke.
MAX: Erreza diezaiogun Requiem bat! Hemen puritano amorratuenak, ezker muturreko demagogoak dira. Kristau berriak agian, baina horretaz konturatzen ez direnak oraindik.
DON GAY : Ene Jaunok, dogma ikonoklasten aldeko bihurtu naiz Ingalaterran, errezo eta kantuzko kristauasunaren aldeko, irudi mirarigilerik gabekoen aldeko. Eta ikusi egin behar da gero herri honen idolatria!
MAX: Espainia, bere erlijio ikuspegian, Afrikaren Erdiko tribu bat da.
DON GAY: Maisu, Jainko-Gizonaren arketipoaren arabera berregin behar dugu erlijio kontzeptua. Kristau iraultza egin, Berrionaren gehiegikeria guztiekin.
DON LATINO: Lenin burkidearenak baino gehiago dira.
ZARATUSTRA: Erlijiorik gabe ezin da eduki konfiantzarik merkatalgoan.
DON GAY: Maisu, Espainiako Eliza independentea eraiki behar da.
MAX: Eta Vatikanoko Aulkia, Eskoriala.
DON GAY: Aulki bikaina!
MAX: Harrizkoa.
DON LATINO: Azkenean Teosofi Sekta Handiaren bazkide izatera iritsiko zarete. Ikasbide bikain horretan iniziatuak izatera.
MAX: Kristo berpiztu behar da.
DON GAY: Munduko bide guztietan zehar ibili naiz eta ikasi dut, herririk handienak ez direla eratu Eliza Nazionalik gabe. Kreazio politikoak ez du eraginik erlijio kontzientziarik ez badago, gizakiok idatzitako legeak baino etika hobea duen kontzientziarik gabe.
MAX: Ados zurekin, ene Don Gay prestua. Espainiako premia gorria, miseria morala, bizitzaren eta heriotzaren enigmen inguruan duen sentimen eskasagatik da. Eltze argal bat da Bizitza: Heriotza, hortzak erakusten dituen atso zahar eta itsusi bat, maindira batean bilduta; Infernua, olio zurizkaz beteriko galdara bat, non bekatariak antxoak bezala erretzen diren; Zerua, lizunkeriarik gabeko kermesa, non ibili ahal diren Maria-ren Alabak erretorearen baimenarekin. Herri errukarri honek, jainkojale mutxurdinen ipuin bihurtzen ditu kontzeptu handi guztiak. Bere erlijioa atso zaharren txolinkeria da, zeinek etxeko katua disekatzen duten hiltzen zainean.
ZARATUSTRA: Don Gay, eta zer diozu sufragista deituriko mari-mutil horiei buruz.
DON GAY: Denak ez direla mari-mutilak. Adiskide leinargiok. Badakizue zenbat kostatzen zitzaidan bizitza Londresen. Hiru penike, hots, lau txakurrandi gutxi gorabehera. Eta oso ondo zegoen, hemen hiru pezetako etxe bat baino hobeto.
DON LATINO: Max, goazen Ingalaterrara hiltzera. Idatz iezadazu Hotel Handi horren helbidea, Don Gay.
DON GAY: Snt James Squart. Konturatzen zarete? Elisabeth Erreginaren Egoitza. Guztiz txukuna. Lehen ere esan dizuet, hemen hiru pezetako etxea baino hobeto. Goizean tea esnearekin, ogia gurinez koipetua. Azukrea eskas samar. Gero, bazkaltzeko, lapikokoa haragiarekin. Noizik eta behin sardinzarrak. Gazta, tea... Nik botila garagardoa eskatu ohi nuen eta, hamar zentimo balio zuen. Guztia oso garbi. Garbiketarako ur beroa eta xaboia, nahi beste.
ZARATUSTRA: Egia da, ingelesak askotan garbitzen dira. Oharturik nago. Hona ere etortzen dira batzuk eta oso txukun ikusten ditugu. Beste tokitako jendea, hotza guk Espainiakook bezala sentitzen ez dutenak.
DON LATINO: Lehen esandakoa. Ingalaterrara joango naiz. Don Gay, zergatik ez zara gelditu Paradisu horretan?
DON GAY: Erreumatikoa naizelako eta Espainiako eguzkia behar dudalako.
ZARATUSTRA: Atzerritarrek gure eguzkia irrikatzen dute
MAX: Zer izango litzateke eskorta lainotu honetan? Zer izango ginateke espainiarrok? Agian goibelagoak eta haserre gutxiagokoak... pixka bat tontoagoak... Baina ez, ez dut uste.
(Emakume atezain baten alaba azaltzen da. Txirikorda gainbehera duela, galtzerdiak eroriak, gose aurpegia.)
NESKA: Aste honetan atera al da El hijo de la difunta-ren jarraipena?
ZARATUSTRA: Ari dira banatzen.
NESKA: Alfredo, azkenean, ezkontzen den ala ez badakizu?
DON GAY: Zuk zer nahi zenuke, polit horrek?
NESKA: Bost axola niri. Loreta Koronelaren Andrea da galdezka dena.
ZARATUSTRA: Neska, esan andre horri, nobeletako pertsonaiek egiten dutena, sekretua dela. Batez ere heriotza eta ezkontza gaiak direnean tartean.
MAX: Zaratustra ibil zaitez tentuz, zeren azkenean Errege-aginduz galdetuko baitizute.
ZARATUSTRA: Polita izango litzateke misterioa zabaltzea; horrela ez legoke nobelarik.
(NESKAk ihes egiten du putzutxoak saltaka pasatuz bere zango mehekin. ERROMES LILURATUA hizketan ari da ZARATUSTRArekin. MAXIMO ESTRELLA eta DON LATINO, PIKA LAGARTOSekin tabernarantz doaz; honek Montera kalean du bere ereinotz klasikoa.)
Hirugarren agerraldia
(PIKA LAGARTOSen Taberna: Azetileno argia: Zinkezko barra: Behebarru iluna, mahai eta aulkiekin: Mus jokalariak: Elkarrizketa ulertezina: MAXIMO ESTRELLA eta DON LATINO DE HISPALIS, itzalak zoko bateko itzalean, ardo zurrutean ari dira.)
TABERNAKO MUTILA: Don Max, Tangoaren Markesa etorri da zure bila.
MOZKOR BAT: Miau!
MAX: Ez dut ezagutzen dama hori.
TABERNAKO MUTILA: Enriketa, goitizenez Pisa Bien deritzotena.
DON LATINO: Eta noiztik du titulu hori bargasta horrek?
TABERNAKO MUTILA: Bere aita defuntuagandik jarauntsi zuenetik, nahiz eta berau oraindik bizi den.
DON LATINO: Bela beltza!
MAX: Itzuliko denik esan al du?
TABERNAKO MUTILA: Sartu, begirada bat bota, galdetu eta hanka egin du lepoa okertuz. Horra hor orain atean non duzun!
(PISA BIEN ENRIKETA, gazte bargasta, begi-zulo bat hutsik duena, egunkari eta lore-saltzaile, zetazko xingola berdea buru txikiaren gainean eta ijito orraziz dotoretua.)
PISA BIEN: Akara sorta! Akara sorta! Don Max, nire amaren eskari bat dakart zuretzat: gaixo dago eta zuri zorrean saldu dizun dezimoaren argia behar du.
MAX: Itzul iezaiozu dezimoa eta esaiozu doala infernura.
PISA BIEN: Zure partetik jauna. Baduzu besterik?
(Itsuak kartera zahar bat ateratzen du eta paperak eskuz ukituz geldi-geldi, loteriaren dezimoa kanporatu eta mahaira botatzen du: ardo edontzien artean geratu da zabal-zabalik zenbakia agirian duela azetilenoren argitan. PISA BIENek laster botatzen dio atzaparra.)
DON LATINO: Zenbaki hori saridun irtengo da!
PISA BIEN: Don Maxek mespreziatu egiten du dirua.
TABERNAKO MUTILA: Ez laga joaten, Don Max.
MAX: Aizak, nik nahi dudana egiten diat. Hi, eskatu petaka niretzat.
TABERNAKO MUTILA: Zazpiko eta bosteko kapikua duzu, Don Max.
PISA BIEN: Saritua dago, dudarik ez! Baina beharrezkoa du hiru mozkorraldi ordaindu behar ditu eta, gizarajo honek txintik ere ez dauka. Jauna, agur eta banoa. Akara bat nahi baduzu, tori; oparitu egiten dizut.
MAX: Geldi hor!
PISA BIEN: Alargun aker koskor bat daukat zain.
MAX: Izorra dadila. Mutiko, ekar iezadak kapa.
PISA BIEN: Kapa horregatik ez dizute putzik ere emango. Eska iezazkiozu Pika Lagartosi hiru pezetak.
TABERNAKO MUTILA: Losintxa apur bat egiten badiozu, zeureak dira. Beste Castelar bat zarela dio.
MAX: Tolestu kapa eta zoaz.
TABERNAKO MUTILA: Zer eskatuko dut?
MAX: Hartu ematen diatena.
PISA BIEN: Eta hartzen ez badute?
DON LATINO: Ixo, arraio hori!
MAX: Mutiko, hoa azkar.
TABERNAKO MUTILA: Orkatz zauritua bezain agudo, Don Max.
MAX: Klasiko bat haiz.
PISA BIEN: Jantzia onartzen ez badizute, esan poeta batena dela.
DON LATINO: Espainiako poetarik handiena.
MOZKORRA: Kaskezur pribilegiatua!
MAX: Nik ez dut izan talenturik sekulan. Arlote bizi izan naiz beti!
DON LATINO: Ez duzu izan talenturik bizitzari zukua ateratzeko.
MAX: Bihar hilko naiz eta emaztea eta alaba ahora eramateko ezer ez dutela utziko ditut.
(Barren-barrenetik eztul egin zuen, bizarrak dardaraz begi itsuetan tristura distiratsu bat zuela, alkohol eta sukarrezkoa.)
DON LATINO: Ez zenuen kaparik gabe gelditu behar.
PISA BIEN: Eta barrabas hori ez da ageri. Gutxienez gonbidatu, Don Max.
MAX: Hartu nahi duzuna, markesa.
PISA BIEN: Kopa bat rute.
DON LATINO: Bai edari fina.
PISA BIEN: Ai! Don Latino, zerbaitegatik da bat Portugalgo Erregearen morganatikoa. Don Max, ezin naiz luzatu gehiago; senarra keinuka ari zait beste espaloitik.
MAX: Gonbida ezazu hona.
(Tipo garai eta zarpail bat, egunkari saltzailea bera, atean mutura sartuta barrez ari da eta, zorriketan ari den txakurra bailitzan, sorbaldak astintzen ditu, aurpegia baztanga pinportaz betea. Bera da PORTUGALGO ERREGEA, ENRIKETA PISA BIEN Tangoaren Markesarekin alukeriak egiten dituena.)
PISA BIEN: Aurrera, Manolo!
PORTUGALGO ERREGEA: Atera zeu kanpora.
PISA BIEN: Zer, koroa galtzeko bildur al zara? Tira sar zaitez de incognito, arlotea!
PORTUGALGO ERREGEA: Kontuz eh, astindu bat nahi ez baduzu, Enriketa.
PISA BIEN: Ezetz!
PORTUGALGO ERREGEA: Txakur txiki bat ez dudala balio adierazteko deitzen dit Portugalgo Errege, zer deritzozue? Maripurtzil horren argudioak dira, Lisboara joan eta han diruaren balioaz jabetu zenetiko burutazioak. Ni, jaun agurgarriok, Gorito naiz eta ez zait ongi iruditzen neure morganatikoak ezizenez dei nazan.
PISA BIEN: Zaude isilik, arlotea!
PORTUGALGO ERREGEA: Bazatoz ala ez?
PISA BIEN: Zaude nik kopa edan arte. Don Maxek ordaintzen dit.
PORTUGALGO ERREGEA: Eta zuk zer duzu poeta horrekin?
PISA BIEN: Lankideak gara.
PORTUGALGO ERREGEA: Ba, amaitu azkar.
PISA BIEN: Pika Lagartosek betetzen didanean.
PIKA LAGARTOS: Zer esan duzu zuk, bargasta horrek?
PISA BIEN: Barkatu, laztana!
PIKA LAGARTOS: Benantzio da nire izena.
PISA BIEN: Nobela-izena daukazu! Tira, atera kopa bat rute niretzat eta nire senarrarentzat basokada bat ur fresko, bero-bero eginda dago eta.
MAX: Venantzio, ni ez konparatu berriro Castelarrekin. Castelar inozo hutsa zen! Bota beste hamabosteko bat.
DON LATINO: Bat nator, bai hamabosteko horrekin eta baita Castelarri buruz esan duzunarekin ere.
PIKA LAGARTOS: Doktrinarioak zarete zuek. Castelar ohore handia da Espainiarentzat. Zuek agian ez dakizue nire aitak diputatu aterarazten zuela bera.
PISA BIEN: Alajaina!
PIKA LAGARTOS: Nire aita Don Manuel Camoren bizargilea zen. Huescako ohore nazionala!
MOZKORRA: Kaskezur pribilegiatua!
PIKA LAGARTOS: Zaude isilik, Zakarias.
MOZKORRA: Oker ari al naiz ala?
PIKA LAGARTOS: Izan liteke!
MOZKORRA: Oso ongi hezia nauzu, ni.
PISA BIEN: Noski, eskolapioen eskolan hezia zara ezta? Zu nire aitarekin batera hezitakoa zara!
MOZKORRA: Nor da zure aita?
PISA BIEN: Diputatu bat.
MOZKORRA: Nik atzerrian osatu dut heziketa.
PISA BIEN: De incognito bidaiatzen al duzu? Zu kasualitatez, ez zara ba Don Jaime izango?
MOZKORRA: Argazkitik igarri didazu!
PISA BIEN: Jakina! Eta papar-hegaletan loretxo bat ere ez daramazu?
MOZKORRA: Etorri eta jarri zeuk.
PISA BIEN: Jarriko dizut eta dohainik gainera.
PORTUGALGO ERREGEA: Lehenengo eta behin, jatorra izan behar du batek, Zakarias. Eta besteren alorrean sartu aurretik tentuz jokatu, arraioa! Enriketa nire gauza da.
PISA BIEN: Zaude isilik, ahoberoa!
PORTUGALGO ERREGEA: Arraioa, ez zaitez izan probokatzailea!
PISA BIEN: Ez sartu zuk muturrik, gogaikarria.
(TABERNAKO MUTILA arnasestuka sartu da, odol tantaz zipriztindutako musuzapia bekokian duela. Emozio handi batek astintzen ditu hangoen aurpegiak, jarrerak eta tipo guztiak ezberdinak izan arren, harridura bera agertzen dute.)
TABERNAKO MUTILA: Iskanbilak kalean!
PORTUGALGO ERREGEA: Gora langile-greba!
MOZKORRA: Ekarri bosteko hori! Bart gauean erabaki genian bozketan Herriko Etxean.
PISA BIEN: Krispin, norbaitek eman dizu ederra!
TABERNAKO MUTILA: Herri Ekintzako marikoi alu batek!
PIKA LAGARTOS: Gazte, zaindu hizkera hori! Errepublikanismoak berak ere aitortzen du jabegoa sakratua dela. Herri Ekintzaren gunea era guztietako ugazabek eta familietako gizonezko partaideek osatzen dute. Jakin gabe ez da hitz egin behar!
(Kalearen erditik doaz lasterka, talde zaratatsuak banderak zabalik. Tabernara sartzen dira langile arloteak brusa, bufanda eta espartinak eta andre bero itzelak tximak airean dituztela.)
PORTUGALGO ERREGEA: Enriketa, odola irakiten daukat! Politika barruan sentitzen ez baduzu, gelditu hemen.
PISA BIEN: Arlote alaena, nik edonora jarraituko dizut zuri. Gurutze Gorriko Ohorezko erizaina naiz gero ni!
PIKA LAGARTOS: Gazte, jaitsi pertsiana! Iskanbila nahi duena doala kanpora.
(Lorezalea eta laguna, beste bezeroekin nahastuta kalera doaz bultzaka. Langile tropelak lasterka kalean barrena. Pertsiana metaliko askoren takatekoa entzuten da.)
MOZKORRA: Gora Maiatzaren Biko heroiak!
DON LATINO: Mutiko, zenbat eman diate?
TABERNAKO MUTILA: Bederatzi pezeta!
MAX: Hartu zor dizudana, Venantzio. Eta zuk, Markesa, ekarri dezimoa!
DON LATINO: Ihes egin du maltzur horrek!
MAX: Nire ondasunaren ametsa darama! Non atzemango genuke bargasta hori?
PIKA LAGARTOS: Hori ez da aldenduko iskanbilatik.
TABERNAKO MUTILA: Modernistan bildu ohi da.
MAX: Utzizkidazu zeure begiak, Latino, Tangoaren Markesa bilatzeko.
DON LATINO: Max, emaidazu eskua.
MOZKORRA: Kaskezur pribilegiatua!
AHOTS BAT: Hil bitez Herri Ekintzako marikoiak! Behera lapurrak!
Laugarren agerraldia
(Gaua. MAXIMO ESTRELLA eta DON LATINO DE HISPALIS elkarri besotik helduta balantzaka dabiltza kale bakarti eta zikin batean. Farol puskatuak, ate eta leiho guztiak itxiak. Farolak argi orlegi eta zurbilean dardaraz. Ilargia etxeetako teilatu ertzaren gainean, kalea bitan zatituz. Noizik eta behin kale-zaratak. Trosta epikoa. Soldadu erromatarrak. Guardien errainuak. Patruilaren oihartzuna amaitu da. Buinuelo-denda Modernistak atea apur bat irekitzen du eta argi-izpi batek ebakitzen du espaloia. MAX eta DON LATINO, mozkor eroak, filosofo peripatetikoak, farolen argitan, zabu-zabuka dabiltza.)
MAX: Non gaude?
DON LATINO: Kale honek ez dauka izenik.
MAX: Beira puskatuak zapalduz noa.
DON LATINO: Ez du triskantza makala egin herri prestuak.
MAX: Zer norabide hartuko dugu?
DON LATINO: Nire kontu hori.
MAX: Bidera nazazu etxera.
DON LATINO: Buinuelo-denda Modernista zabalik daukagu.
MAX: Ibiltzez eta edatez akituta nago.
DON LATINO: Kafe eginberri batek bizkortu egingo zaitu.
MAX: Hotz dago, Latino.
DON LATINO: Bai, haize gordina dabil!
MAX: Bizkarrera iezadazu zure macferlana.
DON LATINO: Eldarnio poetikoak jo zaitu!
MAX: Ezer gabe nago, ez kapa, ez diru, ez dezimo!
DON LATINO: Hementxe harrapatuko dugu Pisa Bien neskatoa.
(PISA BIEN neskatoa farol baten azpian dago, itxuraldatua, zirtzila eta zimurrez, madrildar emagaldu pregoia ahoan duela.)
PISA BIEN: 5775! Zortearen zenbakia! Bihar aterako da! Salgai daukat! Salgai! 5775!
DON LATINO: Apeua egiten ari zara!
PISA BIEN: Bai, eta kafe eginberri batera gonbidatzen zaitut.
DON LATINO: Mila esker, polita.
PISA BIEN: Eta Don Max, berak nahi duenera. Berriro hemen gara elkarrekin hiru trogloditak! Don Max, neuk gonbidatzen zaitut eta gustura gainera.
MAX: Emaidazu dezimoa eta zoaz infernura.
PISA BIEN: Don Max, aurrena esaidazu ahapeka lortu zenituen ala ez hiru xoxak eta karteran dituzun ala ez.
MAX: Romanonesen arreba dirudizu!
PISA BIEN: Nahikoa nuke lapurrontzi horren milakoak banitu!
DON LATINO: Nik nahikoa nuke horren egun bateko errentarekin!
MAX: Errusian bezain saihestezina da hemen Iraultza.
DON LATINO: Hori ikusi gabe hilko gara!
MAX: Oso gutxi biziko gara, orduan.
PISA BIEN: Joan al zarete Cibeleseraino? Han gertatu da borroka gogorra manifestari eta Polizi zerbitzukoen artean. Bakarren bati errematea eman diogu.
DON LATINO: Eskirol guztiak herrestan eraman beharko lirateke.
PISA BIEN: Ados. Bai, Don Latino, ados eta zu zeregin larririk gabe gelditzen zarenean, horixe egiten hasiko gara.
MAX: Enriketa, emaidazu kapikua hori.
PISA BIEN: Ekarri dirua eta zorte on izan dezazula.
MAX: Eskupekoa, saria jaso eta gero.
PISA BIEN: Enriketa ez dabil horren atzetik!
(Buinuelo-dendako atea erdi irekitzen da eta olio kerratuz kirastutako zokotik kanpora datoz barrukoak banaka-banaka Parnaso Modernistako Epigonoak: RAFAEL DE LOS VELEZ, DORIO DE GADEX, LUCIO VERO, MINGUEZ, GALVEZ, CLARINITO eta PEREZ. Batzuk luze, goibel eta argalak dira, beste batzuk biziak, besteak moztakak eta musuzabalak. DORIO DE GADEX, iratxo bat bezain alaia, atenatar bat bezain adarjotzailea, ijitoa bezain zezelazia, bere diosal barregarri eta frantsestua arretaz erabiltzen duena.)
DORIO DE GADEX: Agur, Aita eta Maisu Magikoa!
MAX: Osasuna, Don Dorio!
DORIO DE GADEX: Maisu, zu ez zara beldurtu herri zintzoaren askatasun arrantzarekin!
MAX: Itsasoaren orro epikoa! Herri sentitzen naiz ni!
DORIO DE GADEX: Ni neu, ez!
MAX: Kaikua zarelako!
DORIO DE GADEX: Maisu, jantzi dezagun adeitasunezko traje distiratsua! Maisu, zeu ere ez zara sentitzen herri! Zu poeta zara eta, poetok aristokrazia gara. Ibsenek dionenez, jendetzak eta mendiek oinarrian egiten dute bat.
MAX: Ez nazazu asper Ibsenekin!
PEREZ: Antzerki-kritiko bihurtu al zara, Don Max?
DORIO DE GADEX: Perez, ixo!
DON LATINO: Jeinuek bakarrik dute hitza hemen.
MAX: Ni herri sentitzen naiz. Herri xehearen tribuno izateko jaio nintzen, baina gero bilau bilakatu itzulpenak eginez eta bertsoak osatuz. Hori bai modernistok egiten dituzuenak baino hobeak!
DORIO DE GADEX: Maisu, aurkez zaitez Akademiako aulki baterako.
MAX: Ez egin trufa nire lepotik, inozoa. Badut nahikoa merezimendu horretarako! Baina prensa miserable horrek boikot egiten dit. Nire asaldura gorroto dute eta nire talentua ere bai. Gora igotzeko Segismundo guztiei egin behar diezu losintxa. Apis Idiak morroi bat bezala egotzi nau! Akademiak apropos baztertzen! Eta Espainiako lehen poeta naiz! Behinena! Behinena! Eta barau egiten dut! Eta ez naiz makurtzen limosna eske. Ez nau tximistak jota garbitzen! Ni naiz benetako hilezkorra eta ez Akademia zerri horretako urde horiek! Hil bedi Maura!
MODERNISTAK: Hil bedi! Hil bedi! Hil bedi!
CLARINITO: Maisu, gazteok zure kandidatura ezarriko dugu Akademiako aulki baterako.
DORIO DE GADEX: Oraintxe dago hutsik, hain zuzen, Don Benito garbantzujalearen aulkia.
MAX: Basallo Sarjentua izendatuko dute.
DORIO DE GADEX: Maisu, ezagutzen al dituzu Ostatuko Nanoaren Bozkario Berriak? Benetako maisulana! Atzo goizaldean abestu genuen Puerta del Sol-en. Arrakasta ikaragarria!
CLARINITO: Gobernuko erretena azaldu zela han esatea nahikoa da!
PISA BIEN: Ezta Rafael el Gallok ere horrelakorik!
DON LATINO: Emanaldi bat eskaini behar diozue Maisuari.
DORIO DE GADEX: Don Latino, ezta hitz erdi bat ere gehiago.
PEREZ: Zuk gurekin abestuko duzu, Don Latino.
DON LATINO: Txerriak baino nota baxuagoa jotzen dut nik.
DORIO DE GADEX: Zu klasikoa zara.
DON LATINO: Eta zer egiten du klasiko batek urretxindor modernisten taldean? Gazteok, aurrera!
(DORIO DE GADEX itsusi, trufari eta konkordunak besoak zabaltzen ditu, lumarik gabeko hego handiak balira bezala ilargiaren argitan.)
DORIO DE GADEX: Ostatuko Nanoak
MODERNISTEN ABESBATZA: Noa! Noa! Noa!
DORIO DE GADEX: Erronkaz eta sandioska.
MODERNISTEN ABESBATZA: Bronka! Bronka! Bronka!
DORIO DE GADEX: Gobernatu nahi du Harka.
MODERNISTEN ABESBATZA: Kaka! Kaka! Kaka!
DORIO DE GADEX: Baina da faltsua eta kalabera.
MODERNISTEN ABESBATZA: Bera! Bera! Bera!
DORIO DE GADEX: Buru handia baina hutsa.
MODERNISTEN ABESBATZA: Putza! Putza! Putza!
DORIO DE GADEX: Bai, hutsik dauka bola.
MODERNISTEN ABESBATZA: Hola! Hola! Hola!
DORIO DE GADEX: Burua hutsik dauka.
MODERNISTEN ABESBATZA: Eureka! Eureka! Eureka!
(Etenaldi luzea. Trote epikoa eta erromatar soldaduen patruila alboko kale batetik irteten da. Ilargiak distira kasko eta sableetan. Arreta-dei bat entzuten da eta buinuelo-dendako atea itxi egiten da danbateko lasterrean. PITITO, udaletxeko zaldizkoen kapitaina zutitu egiten da estriboen gainean.)
PITITO KAPITAINA: Gezurra dirudi, zuek intelektualak izanik horrelako iskanbilak sustatzen aritzea. Zer uzten duzue analfabetoentzat?
MAX: Eureka! Eureka! Eureka! Urrezko Mokoa! Grekoz, garbiago esateko, Krisostomo. Ehuntari jauna, zuk grekoa lau dialektoetan hitz egingo duzu, noski!
PITITO KAPITAINA: Mozkorrontzi, Komisaldegira!
MAX: Eta harroputza baino harroputzago! Ehuntari jauna, nik badakit erabiltzen arloteen hitzak ere, alegia Sermo vulgaris.
PITITO KAPITAINA: Gauzaina...! Gauzaina!
GAUZAINA: Banoa!
PITITO KAPITAINA: Zure kontu mozkor hau!
(Farola eta lantza konpasean mugituz dator gauzaina. Arnasestuak eta pattar-lurrinak. PITITO KAPITAINAk bere zaldiari eragiten dio. Ferra txinpartak airean. Patruilaren trote zaratatsua entzuten da urrutiratuz.)
PITITO KAPITAINA: Zu egiten zaitut gizon horren arduradun, gauzaina!
GAUZAINA: Amoniakoa eman beharko al zaio?
PITITO KAPITAINA: Suspertzeko zerbait beharko du.
GAUZAINA: Oso ongi!
DON LATINO: Max, eskain iezaiozu kopa bat. Troglodita asturiar hau otzandu egin behar da.
MAX: Xentimorik gabe nago.
DON LATINO: Deus ere ez duzu?
MAX: Ezta txakur txiki bat ere!
GAUZAINA: Goazen.
MAX: Itsua naiz.
GAUZAINA: Eta zer, nik bista ematea nahi al duzu?
MAX: Santa Luzia al zara?
GAUZAINA: Autoritatea naiz!
MAX: Ez da berdin.
GAUZAINA: Izan liteke. Segi aurrera.
MAX: Lehen ere esan dizuet, itsua naizela.
GAUZAINA: Zu anarkiko bat zara eta tximaluze hauek: Haizea! Haizea! Haizea! Haize handia!
DON LATINO: Bai, galerna!
GAUZAINA: Atzera!
MODERNISTEN AHOTSAK: Goazen maisuarekin! Goazen maisuarekin!
AUZOTAR BAT: Pepee...! Pepee...!
GAUZAINA: Banoa! Alde egizue hemendik zaratarik gabe.
(Buinuelo-dendako atea jotzen du lantzaz. Buinuelo-dendako jabea azaltzen da, gizonezko lodikote bat mantal zuria duela: Informazioa hartu eta marmarka aldentzen da, eta handik laster bi goardia ateratzen dira erdi-lotan uhalak lotuz.)
GOARDIA BAT: Zer berri?
GAUZAINA: Tipo hau Komisaldegirako.
BESTE GOARDIA: Gu txandatzera goaz. Gobernazioan utziko dugu.
GAUZAINA: Han pasako zaio.
AUZOTARRA: Pepee...! Pepee...!
GAUZAINA: Hara hemen beste mozkor bat! Tira ba! Denak zuentzat.
BI GOARDIAK: Zuek, jaun-andreok, hanka hemendik.
DORIO DE GADEX: Maisuarekin gatoz.
GOARDIA BAT: Mozkorrontzi hau Don Mariano de Gavia izan balitz ere, tira. Hura bai dela buru-argia! Zenbat eta mozkorrago, orduan eta hobeto lortzen du berea!
BESTE GOARDIA: Hura ere inoiz jartzen da gogaikarri!
DON LATINO: Eta iraingarri!
GOARDIA BAT: Zuk, dirudienez, ezagutzen duzu?
DON LATINO: Eta hika egiten diot.
BESTE GOARDIA: Kazetariak al zarete?
DORIO DE GADEX: Hortxe, hortxe!
PISA BIEN: Bankariak dira.
GOARDIA BAT: Zeuen adiskideari lagundu nahi badiozue, legea ez dago horren aurka eta jaregin dagi gainera, baina neurriz ibili beharko duzue. Nik itzal handia diot talentuari.
BESTE GOARDIA: Goazen.
MAX: Latino, emaidazu eskua. Goardia jaunak, barkatu itsua izatea.
GOARDIA BAT: Zurikeriaz nahikoa.
DON LATINO: Norantz goaz?
GOARDIA BAT: Gobernazioko Ministeriora.
BESTE GOARDIA: Azkar! Azkar!
MAX: Hil bedi Maura! Hil bedi Fariseo Handia!
MODERNISTEN ABESBATZA: Hil bedi! Hil bedi! Hil bedi!
MAX: Hil bedi judua eta bere senitarte higuingarri guztia.
GOARDIA BAT: Nahikoa, ez marruma gehiago! Tentuz poeta mozkor horrekin! Bere burua harrikatzen ari da, damutuko da!
BESTE GOARDIA: Honi eskarmentua eman beharko zaio, nahiz eta penagarria izango den merezimendurik franko izan behar baitu gizon honek.
Bosgarren agerraldia
(Eskaratza Gobernazioko Ministerioan. Apalategia paper-sortekin. Aulkiak hormaren luzeran. Mahai bat larruzko karpeta koipetsuekin. Kobazulo-giroa eta tabako zaharraren kiratsa. Goardi loguretuak. Sekretako poliziak. Onddo-kapelu handiak, astamakila, zeluloide-lepo, eskuburdin handia eta orbanez betetako aurpegiak. Agure zimel bat, ileordea eta perkalezko mahuka-erdia duena idazten ari da eta orrazkera distiratsu eta perfume lurrina duen gazte harroputz bat aurrera eta atzera dabil zerbait adierazten zigarro-kea zabalduz. DON SERAFIN deitzen diote menpekoek, SERAFIN EL BONITO kalekoek. Iskanbila. MAX ESTRELLA azaltzen da orroka, buru-soilik, aldarte onez eta erotuta bezala. DON LATINOk gidatzen du besotik, erreguka eta arrenka. Atzean goardien kaskoak azaltzen dira. Eta korridorean multzokatzen dira kriseilu-argitan, modernismoaren pipa, txalina eta txima-luzeak.)
MAX: Goardia parea dakart bahituta. Tabernan zurrutean ari ziren eta aterarazi egin ditut neure eskoltarako.
SERAFIN EL BONITO: Begiramen apur bat, jauna.
MAX: Ez dut huts egin horren aurka, Ordezkari jauna.
SERAFIN EL BONITO: Inspektorea.
MAX: Bat eta bera da dena.
SERAFIN EL BONITO: Nola duzu izena?
MAX: Maximo Estrella da nire izena. Nire izenordea Mala Estrella. Akademiko ez izateko ohorea dut.
SERAFIN EL BONITO: Laineza gehitxo hartzen ari zara. Goardiok, zergatik dator atxilotua?
GOARDIA BAT: Eskandalu publikoagatik eta oihu internazionalak bota dituelako. Zertxobait txolindua dago!
SERAFIN EL BONITO: Zure ogibidea?
MAX: Gabetua.
SERAFIN EL BONITO: Zein bulegotan aritu izan zara lanean?
MAX: Bakar batean ere ez.
SERAFIN EL BONITO: Ez al duzu ba esan gabetua?
MAX: Hegazti abeslari eta gizon aske izateaz gabetua. Ez al nago bada laidotua, erdeinatua, kartzelatua, erregistratua eta itaunketa azpian?
SERAFIN EL BONITO: Non bizi zara?
MAX: Bastardillos. Kosme Deunaren izkina. Jauregia.
GOARDIA BAT: Esazu auzo-etxea. Nire andrea, artean ez zenean, zuk aipaturiko toki horretako atikoan bizi izan zen.
MAX: Ni bizi naizen tokia Jauregia da halere.
GOARDIA BAT: Ba, nik ez nekien.
MAX: Zuk, zizare burokratiko horrek, ezer ez dakizulako. Ezta amets egiten ere!
SERAFIN EL BONITO: Atxilotua gelditzen zara!
MAX: Beno! Latino, ba al dago aulkiren bat lo egiteko?
SERAFIN EL BONITO: Hau ez da lo egiteko tokia.
MAX: Ba, ni logure naiz!
SERAFIN EL BONITO: Nire aginpideari desmen egiten ari zara! Ba al dakizu nor naizen ni?
MAX: Serafin el Bonito!
SERAFIN EL BONITO: Izen hori berriro errepikatzen baduzu, muturreko batekin zerraldo utziko zaitut!
MAX: Hobe duzu horrelakorik ez egitea! Espainiako poeta behinena naiz! Badut eraginik egunkari guztietan! Ministroa ezagutzen dut! Lagunak izan gara!
SERAFIN EL BONITO: Ministro jauna ez da alproja.
MAX: Ez duzu ezagutzen Historia Modernoa.
SERAFIN EL BONITO: Don Pakoren lepotik inor ez da trufatzen nire aurrean! Hori ez dut barkatzen. Zuk jakin dezazun, Don Pako nire aita da!
MAX: Ez dizut sinesten. Utz iezadazu telefonoz deitu eta berari galdetzen.
SERAFIN EL BONITO: Ziegatik deitu beharko diozu.
DON LATINO: Inspektore jauna, begirune apur bat honekin! Nazioko ohore handia da bera! Espainiako Victor Hugoa!
SERAFIN EL BONITO: Zaude isilik zu!
DON LATINO: Barka ezazu nire muturra sartzea.
SERAFIN EL BONITO: Zuk lagundu nahi badiozu, zuretzat ere badago ostatua!
DON LATINO: Estimatua dago, inspektore jauna!
SERAFIN EL BONITO: Goardiok, eramazue mozkor hau bigarren gelara.
GOARDIA BAT: Goazen!
MAX: Ez dut nahi.
SERAFIN EL BONITO: Eramazue arrastaka.
BESTE GOARDIA: Alua, halakoa!
MAX: Hil egingo naute! Hil egingo naute!
AHOTS MODERNISTA BAT: Basatiak!
DON LATINO: Nazioko ohore bat dela!
SERAFIN EL BONITO: Hemen kexurik ez. Zuek, alde hemendik.
BESTE AHOTS MODERNISTA: Gora Inkisizioa!
SERAFIN EL BONITO: Ixo, edo bestela denok atxilotuko zaituztet!
MAX: Hil egingo naute! Hil egingo naute!
GOARDIAK: Mozkorrontzia! Alproja!
MODERNISTEN ABESBATZA: Erredakzioetara jo behar dugu!
(Taldea tropelean ateratzen da. Xingola lokak, pipa itzaliak, txima erromantikoak. Zaplastako soinu eta oihuak ziega barruan.)
SERAFIN EL BONITO: Zer uste ote dute modernista alu horiek, gozokiak ematen ditugula hemen!
Seigarren agerraldia
(Ziega. Kriseiluz ozta-ozta argituriko sotoa. Itzalgunean, gizon baten irudia mugitzen da. Bruxa, ezpain-xingolak eta espartinak. Bere kasa hizketan ari da. Bat-batean atea irekitzen da. MAX ESTRELLA, ziega barrenera heltzen da estropezuka norbaitek bultzata. Segituan atea ixten da. )
MAX: Bilauak! Zupatzaileak! Koldarrak!
KANPO AHOTSA: Segi horrela jipoi eder bat hartu nahi baduzu.
MAX: Lekaioa!
(Ziegako biztanlearen irudia ilunpetatik atera egiten da. Argitan ikus daiteke lotuta dagoela eta aurpegia odolez zipriztindua.)
PRESOA: Gabon!
MAX: Ez al nago bakarrik?
PRESOA: Hala dirudi.
MAX: Nor zara, lagun?
PRESOA: Paria bat.
MAX: Katalana?
PRESOA: Edonongoa.
MAX: Paria...! Katalunyako langileek bakarrik jasaten dute epiteto laidogarri hori. Paria hitza, zure ahoan, ezten bat da. Laster iritsiko da zuen ordua.
PRESOA: Zuk baduzu beste askok ez duten argia. Bartzelonan gorrotozko labea goritzen ari da; ni Bartzelonako langilea naiz eta harro nago hala izateaz.
MAX: Anarkista al zara?
PRESOA: Legeek egin nautena naiz ni.
MAX: Eliza bereko kideak gara biok.
PRESOA: Zuk txalina daramazu.
MAX: Zerbitzurik makurrenaren bilurra! Kendu egingo dut hitz egin dezagun.
PRESOA: Zu ez zara proletarioa.
MAX: Amets gaizto baten oinazea naiz ni.
PRESOA: Buru azkarrekoa dirudizu. Zure hizketak beste garai batekoa dirudi.
MAX: Ni poeta itsu bat naiz.
PRESOA: Ez da zorigaitz makala...! Espainian mespreziatuak egon dira beti lana eta adimena. Hemen diruak agintzen du dena.
MAX: Gillotina elektrikoa ezarri behar da Puerta del Solen.
PRESOA: Ez da nahikoa. Iraultzailearen helburua, aberastasun guztia desegitea da, Errusian bezala. Ez da nahikoa, aberats guztiei lepoa moztea: beti azalduko da oinordekoren bat, eta oinordekotza kendu eta gero ere, ondasunak kendu zitzaizkienak berriro hura eskuratzeko ahaleginak egingo dituztenak ez dira agortuko. Aurreko bizimodua edo bizimoldea eragotzi egin behar da eta hori aberastasuna deseginez lortuko da. Bartzelona industrialak desagertu egin behar du, bere errautsetatik birjaio dadin jabego eta lanaren kontzeptu berriekin. Europan, nagusirik makurrena eta bihozgabeena katalana da; eta ez dut esaten munduko okerrena, zeren Ameriketako kolonia Espainiarrak ere badirelako. Bartzelonak, salbatuko bada, hil egin behar du.
MAX: Oso bihotzekoa dut Bartzelona!
PRESOA: Nik ere ondo gogoan daukat!
MAX: Nire itsumenaren iluntasunean berari zor dizkiot nire gozamen bakarrak. Egun oro ugazabaren bat hila, batzuetan bi... Hori pozgarria da.
PRESOA: Ez dituzu zenbatzen garbitzen dituzten langileak.
MAX: Langileak azkar ugaltzen dira, euliak bezala. Ugazabak, aldiz, elefanteak bezala, historia-aurreko eta pizti boteretsu guztiak bezala, pittinka ugaritzen dira. Saulo, erlijio berria zabaldu behar da munduan zehar.
PRESOA: Mateo dut izena.
MAX: Nik bataiatzen zaitut Saulo. Poeta naiz eta badut eskubidea zuri nahi bezala deitzeko. Entzun Saulo, aske izango zarenerako: Ehiza on batek Kalkutako marfilaren gainetik jarri dezake ugazaba katalanaren larrua.
PRESOA: Horretantxe dihardugu.
MAX: Eta azken kontsolamendu gisa, zera pentsa daiteke, alegia, proletarioa ezabatuz, ugazaba ere ezabatua geldituko dela.
PRESOA: Ziutatea desagertaraziz, Bartzelonako judaismoa ezabatua geldituko litzateke.
MAX: Ez nago kontra. Bartzelona semita bedi desegina. Cartago eta Jerusalem bezala. ¡Alea iacta est! Emaidazu eskua.
PRESOA: Lotuta dauzkat.
MAX: Gaztea al zara? Ezin zaitut ikusi.
PRESOA: Gaztea naiz: Hogeita hamar urte.
MAX: Zertaz salatzen zaituzte?
PRESOA: Kontu luzea da. Mutiritzat hartzen naute... Ez nuen ehundegia utzi nahi izan gerrara joateko eta iskanbila sortu nuen lantegian. Ugazabak salatu egin ninduen, bete nuen zigorra, mundua zeharkatu nuen lan bila eta orain epaitegitik epaitegira nabil, ez dakit zein epailek nire burua eskatu duelako. Badakit zer nolako zortea datorkidan: Lau tiro emango dizkidate ihes egin nahia leporatuz. Horra. Okerrago ez bada.
MAX: Zeren beldur zara?
PRESOA: Ni torturatzean beraiek nire lepotik egingo duten farreari diot beldur.
MAX: Basatiak!
PRESOA: Ezagutuko bazenitu!
MAX: Bilauak. Eta horiek dira legenda beltzaz protesta egiten dutenak!
PRESOA: Zazpi pezetagatik, leku bakarti bat gurutzatzean, bizia kenduko didate herriaren defentsa egin behar dutenek. Zuzentasuna deitzen diote horri aberats ergel horiek!
MAX: Aberatsek eta beharstuek, basakeria iberikoa berdina da.
PRESOA: Guztiak!
MAX: Guztiak! Non dago, Mateo, Espainiako kaskailukeria madarikatua birrinduko duen bonba?
PRESOA: Poeta jauna, hainbeste asmatzen duzun horrek, ez al duzu ikusi esku bat jasota?
(Ziegako atea irekitzen da eta GILTZAINAk, zitalki eta harrokeriaz lotutako presoari segi dezaion agintzen dio.)
GILTZAINA: Zu, katalana, presta zaitez!
PRESOA: Prest nago.
GILTZAINA: Goazen orduan. Atseden bidaia egitera irtengo zara.
(Presoa, etsita baina adorez, itsuarengana hurbiltzen da eta honi bizkarra ukitzen dio bizarrarekin: Agur egiten dio ahots apalez hitz eginez.)
PRESOA: Nire txanda iritsi da... Ez dut uste berriro elkar ikusiko dugunik.
MAX: Ikaragarria da.
PRESOA: Hil egingo naute... Zer esango ote du bihar prentsa zerriak...
MAX: Agintzen diotena!
PRESOA: Negarrez ari zara?
MAX: Amorruz eta ezinaz. Besarka dezagun elkar, anaia.
(Elkar besarkatzen dute. Presozaina eta presoa kanpora datoz. Atea berriro itxi dute. MAX ESTRELLA aztamuka dabil pareta bilatzen eta hankak tolestuz eseri egiten da, errezo jarreran, asiar meditazio jarreran. Poeta itsuaren soinak oinaze isila adierazten du. Kanpotik oihu, iskanbila eta zaldizkoen arrapalada hotsa dator.)
Zazpigarren agerraldia
(El Popular-en Erredakzioa: Beheko aretoa, baldosazko zoruarekin: Erdian, mahai luze eta beltza eta honen inguruan aulki hutsak; hauek bakoitzaren lekua markatzen dute; aurrean, karpeta marraskatuak dauzkate eta paper orri sortak; zintzilikarioak dituen lanpararen zirkulu zuri-berde baten azpian paperen zuritasuna guztiz mabarmentzen da. Mutur batean gizon burusoil bat ari da erretzen, itxura eskasa duen ohiko erredaktorea, gainjantzia litsez betea, hatz okertu eta azkazal dintatuak. Gizaseme logiko eta mitikoak zigarro itzalia piztuko du. Manpara irekitzen da eta txirrin baten hotsak hausten du isiltasuna. ATEZAINA azaltzen da, aguretxo arnegarria, biboteduna, tripandia, prozesioetan zalditik erortzen diren koronel adoretsu horien antzekoa. Harritu egiten duen antz-antzekoa.)
ATEZAINA: Hor dago Don Latino de Hispalis, bere hariko beste kapitalista batzuekin. Zuzendari Jaunaren galdezka datoz. Zu bakarrik zeundela esan diet. Onartzen al dituzu, Don Filiberto?
DON FILIBERTO: Datozela.
(Idazten jarraitzen du. ATEZAINA atera eta manpara orlegia jogunean gelditzen da; honek karta eta joku-etxeren oroitzapena gomutarazten dizkizu. Modernista tropela sartzen da, tximak, pipak, gainjantzi soilduak eta kaparen bat. Kazetari burusoilak betaurrekoak bekokira altxatzen ditu, zigarroa eskatu eta handi plantak egiten ditu.)
DON FILIBERTO: Jaun eta gizaseme prestuok, aurrera! Esango al didazue zer nahi duzuen niregandik eta Journal-etik?
DON LATINO: Poliziak egindako gehiegikeria salatzera gatoz! Max Estrella, poeta handia, nahiz eta askok hau ez duten onartzen, preso hartu dute eta basatiki eraso Desgobernazioaren Ministerioko soto batean.
DORIO DE GADEX: Espainian oraindik Karlos II.ak agintzen du.
DON FILIBERTO: Baina, nola liteke hori! Gure poeta handia ez zen ba mozkortuta egongo?
DON LATINO: Kopatxoren bat gehiago hartu izanak ez dio ematen eskubiderik inori gizonaren eskubideak zapaltzeko.
DON FILIBERTO: Max Estrella, gure laguna ere bada. Nola liteke hori! Ordu honetan hemen ez dagoenez gero, Zuzendari Jauna honezkero ez da etorriko... Zuek badakizue nola osatzen den egunkaria. Zuzendaria beti tirano bat da... Nik, berari galdetu gabe ezin dut jaso gure zutabeetan, zuen protesta. Nik ez dakit nolako harremana duen aldizkariak Segurtasun Zuzendaritzarekin. Zuen kontaera, egia esan, apur bat puztua iruditzen zait.
DORIO DE GADEX: Hau bilaukeria da, Don Filiberto!
CLARINITO: Koldarkeria!
PEREZ: Lotsagarria!
DON LATINO: Doilorkeria!
DORIO DE GADEX: Espainian Felipe II.ak agintzen du beti!
DON LATINO: Dorio, ene seme, ez gaitzazu desegin!
DON FILIBERTO: Gaztaroa! Prestutasun gartsua! Altxor zerutarra, Nicaraguako poetaren esanera! Gaztaroa, altxor gorena! Nik ere irakurtzen dut noizik eta behin eta miresten ditut modernismoko jeinuak. Kutsatuta nagoela esaten dit txantxetan Zuzendariak. Zuetako norbaitek irakurri al du Los Orbes-en argitaratu nuen ipuina?
CLARINITO: Nik, Don Filiberto! Irakurri eta miretsi!
DON FILIBERTO: Eta zuk, Dorio adiskidea?
DORIO DE GADEX: Don Filiberto, nik inoiz ez dut irakurtzen neure garaikorik.
DON FILIBERTO: Dorio adiskidea, barkatu nire ausarkeria baina, zuk klasikoak ere ez dituzu irakurtzen!
DORIO DE GADEX: Don Filiberto, zuk eta biok buru argiak ditugu. Gainjantziaren lepoan daramatzagu zantzuak.
DON FILIBERTO: Nire janzkeraren estetikaz egin duzun aipamenarekin argi ikusten dut zu esteta bat zarela.
DORIO DE GADEX: Garratza zara, Don Filiberto!
DON FILIBERTO: Zeuk tira didazu mingainetik!
DORIO DE GADEX: Ni ez naiz iristen horra!
CLARINITO: Ez egin horrelako txiste inozorik.
DON FILIBERTO: Dario adiskidea, badut ohiturarik lehiaketa hauetan eta adimen jokuetan. Hain zuzen, kazetaritzak eskatzen dituen baliabideak. Ez naiz ari oraingo kazetaritzaz. Silvelarekin mintzatu nintzen bankete egun batean Malaga Ederrean egindako Lore Jokoetan saritua izan nintzenean. El Heraldo-ko kronika batean gogoratzen zuen, duela gutxi Narciso Díaz-ek, lehiaketa hura. Benetan kronika zoragarria, beraren guztiak bezala, eta zera esaten zuen, ni ez nintzela baztertutako bat. Kazetaritzaren nire definizioa aipatzen zuen, hain zuzen. Ezagutzen al duzue? Bai? Igoal dio, errepikatu egingo dut. Kazetaria da lumadun parlamentarioa. Kongresua erredakzio handi bat da, eta erredakzio bakoitza Kongresu txiki bat. Bihurrikeria bat da kazetaritza, politika bezalaxe. Zirkulu berbera, leku ezberdinetan, horra. Teosofikoki adierazi ahalko nizueke Karma-ren Dotrina zintzoan iniziatuak bazinate.
DORIO DE GADEX: Guk ez dugu ezagutzen, baina Don Latinok badaki zerbait horretaz.
DON LATINO: Zerbait baino gehiago, adiskidea, zerbait baino gehiago! Zuek ez duzue ezagutzen nire ezizenaren kabalatrina: bataioko urez Latino naiz: Betikako Hispalisen jaioa naizenez Latino naiz: eta Parisko Latindar auzoan nire murgak eman nituelako Latino naiz. Irakurketa kabalistikoan Latino hitza beste hitz magiko bat bilakatzen da: Onital. Don Filiberto, zu ere bazabiltza zerbait, kabala eta Magia bideetan.
DON FILIBERTO: Ez dezagun nahasi. Hori guztiz serioa da, Don Latino. Ni teosofoa naiz!
DON LATINO: Nik neuk ez dakit zer naizen!
DON FILIBERTO: Hori sinesten dut.
DORIO DE GADEX: Alproja madrildar bat.
DON LATINO: Mesedez, ez alferrik galdu buru argitasuna, denak du akabera eta. Adiskideen artean aski da petaka ateratzearekin, hobeto geratzen da. Tira, emaidazu zigarrotxo bat!
DORIO DE GADEX: Ez dut erretzen.
DON FILIBERTO: Izango duzu beste ajeren bat!
DORIO DE GADEX: Neskameekin larrutan egitea.
DON FILIBERTO: Atsegina al da?
DORIO DE GADEX: Badu bere xarma, Don Filiberto.
DON FILIBERTO: Makina bat ume izango duzu hortaz?
DORIO DE GADEX: Abortarazi egiten ditut.
DON FILIBERTO: Infantizida ere bai orduan!
PEREZ: Denetarikoa noski.
DORIO DE GADEX: Perez, ez nahasi gauzak! Don Filiberto, ni neu neomaltusianoa naiz.
DON FILIBERTO: Zeure txartelean horrela jartzen al duzu?
DORIO DE GADEX: Eta iragarki argitsua daukat etxean.
DON LATINO: Eta horrela, eltze hutsari eragin eta eragin arituz, kontsolatzen gara espainiarrok gosetik eta agintari txarretatik.
DORIO DE GADEX: Eta komiko eskas, komedia arlote eta tranbia zerbitzu eta galtzadarri-zola txarretatik.
PEREZ: Ikonoklasta bat zara!
DORIO DE GADEX: Perez, entzun begirunez eta isildu.
DON FILIBERTO: Espainian ogirik gabe geldi gintezke, baina buru-argitasuna eta aldarte ona ez dira agortuko.
DORIO DE GADEX: Badakizu nor den gure umoristarik hoberena, Don Filiberto?
DON FILIBERTO: Ikonoklasta zaretenontzat, agian, Don Miguel de Unamuno.
DORIO DE GADEX: Ez jauna! Umoristarik hoberena, Don Alfonso XIII.a da.
DON FILIBERTO: Bizitasun madrildar eta borbonikoa dauka.
DORIO DE GADEX: Umoristarik hoberena! Don Filiberto. Hoberena. Don Alfonsok marka denak hautsi ditu Gartzia Prieto kontseiluko presidente izendatuz.
DON FILIBERTO: Hemen, adiskide gazte, ez dago horrelako biraoak botatzerik. Don Manuel Gartzia Prietoren arabera osatzen da gure egunkaria. Badakit guztiz argia ez dela, ezta hizlaria ere, baina politikari serioa da. Dena den, itzul gaitezen Mala Estrella gure adiskidearen jazoerara. Nik telefona nezake Ministroaren Idazkaritza Pribatura: Han bada gazte bat oposizioak hemen egin zituena. Komunikazioa eskatuko diot. Nola liteke hori! Mala Estrella maisuetariko bat da eta merezi du halako begiramen berezi bat. Zer uzten dute zaldun horiek harroputz eta eder-galantentzat? Jendilaje zarrastaile hori! Mala Estrella beti bezala egongo zen...?
DON LATINO: Piztuta
DON FILIBERTO: Negargarria da!
DON LATINO: Gaur ez zegoen neurrutik at. Neu ninduen lagun. Entzun! Adiskide gara Paristik! Zuk ezagutzen al duzu Paris? Doña Isabel Erreginarekin joan nintzen. Anderearen alde idatzi nuen orduan. Garnier etxearentzat liburu batzuk itzuli nituen. La Lira Hispano-Amerikana-ko finantza-erredaktore izan nintzen: Aldizkari garrantzitsua! Eta beti Latino de Hispalis nire goitizena.
(Telefonoaren txirrina entzuten da. DON FILIBERTOk, kazetari burusoil eta katarrotsua, erredakzio guztietako gizon logiko eta mitikoak bezala, komunikazioa eskatu du Gobernazioko Ministerioan den Idazkaritza Pribatura. Isilunea. Gero murmurioa, irribarreak, txiste bat edo beste ahopean. DORIO DE GADEX Zuzendariaren besaulkian esertzen da, bere botak mahai gainean ipini eta hasperen bat egiten du. )
DORIO DE GADEX: Funtsezko artikulua idatzi behar dut, gure nagusiaren hitzaldia iruzkinduz: «Herriko indar bizi guztiak hilda daude», oihukatzen zuen atzo bertan gure adiskide jator den Alhucemas-ko Marques prestuak hitzaldi harrigarri baten hasieran. Eta Ganberak, erabat txundituta, txalo jo zuen kontzeptuaren mamiagatik, nahiz eta ez zen beste ondoko hau baino sakonagoa: «badoaz aldenduz oztopoak». Horiek guztiak apostrofe bikain honetan labur daitezke: «Santiago eta Espainia zabalik, askatasunerako eta aurrerapenerako».
(Telefonoko belarri-tutua utzi eta aretoaren erdira dator DON FILIBERTO, bere kaska soila esku hori eta tindatuez estaliz Bibliaren Azken Juizioko eskeleto-idazkariaren txostena.)
DON FILIBERTO: Txantxa hori onartezina da! Jaitsi hanka horiek! Non ikusi da horrelako arrunkeriarik!
DORIO DE GADEX: Yankeen Senatuan.
DON FILIBERTO: Karpeta lurrez bete didazu!
DORIO DE GADEX: Horixe da filosofiako nire ikasgaia. Hautsa zara eta hauts bihurtuko zara!
DON FILIBERTO: Latinez esaten ere ez dakizu. Haur muturzikin lotsagabeak besterik ez zarete!
CLARINITO: Don Filiberto, guk ez dugu hutsik egin.
DON FILIBERTO: Zuek txistea onartu duzue eta, kasu honetan barre egitea lotsagabekeria da. Zuek baino askoz ere gorago dagoenagatik barre! Zuentzat ezer ez da errespetagarria: Maura berritxu bat da!
DORIO DE GADEX: Iruzurraren Erregea!
DON FILIBERTO: Benlliure un santi boni barati!
DORIO DE GADEX: Valentzieraz esanda.
DON FILIBERTO: Cavestany, poeta handia, koplari bat.
DORIO DE GADEX: Txanpon-truke gitarra irakasle.
DON FILIBERTO: Zer du harritzekorik nire nagusi argia kaskarin dela iruditzen bazaizue!
DORIO DE GADEX : Suhi bat gehiago.
DON FILIBERTO: Gure lurrean ez dago ezer handirik zuentzat, deus ez mirestekorik. Erruki zaituztet! Benetan dohakabeak zarete! Zuek ez duzue aberririk!
DORIO DE GADEX: Ezin gara bizi horrenbesteko luxuan. Zaude, Don Filiberto, guk berebila lortu arte.
DON FILIBERTO: Zuek ezin duzue seriotasunez hitz egin ere! Ba da norbait zuen artean, zuek maisu deitzen diezuenen artean, txorakeriak oihukatzera ausartzen denik ere. Eta hori ez kafetegian, ez lagunarteko berriketa garaian, baizik eta Etxe Adituko tribunan! Hori ezinezkoa da, zaldun prestuok! Zuek ez duzue ezertan sinesten: ikonoklasta eta zinikoak zarete. Bada zorionez zuek ez bezalako gazteria, gazteria ikasia, arretatsua, gizabidez jantzitako gazteria.
DON LATINO: Herri Ekintzako haurrei buruz ari bazara, protesta egiten dut. Modernista hauek, zuk bataiatu alproja arrakastatsu edo nahi duzun bezala, baina ez dira behintzat polizia ordainduak izatera iritsi. Bakoitzari berea! Eta, antza, gaur arratsean gabardinadun gazte bat garbitu dute. Horren berri izango duzu?
DON FILIBERTO: Gaztea, bai eta ez. Hirurogei urte zeuzkan.
DON LATINO: Beno, lur eman diezaiotela! Hilotz bat gehiago izatea, ehorztetxeari bakarrik axola zaio?
(Telefonoa jo eta jo ari da. DON FILIBERTOk hartzen du belarri-tutua eta buru-kulunka, oihu eta algara pantomima hasten da. Lepoa okertuta eta belarri-tutua belarrian duelarik, aretoan zehar hedatzen du bista gazte modernistak zainduz bezala. Belarri-tutua eskegitzean kontzientzia garbiaren adierazpen xalo bat du aurpegian. Teosofoa agertzen da berriro bere irribarre barean, bere aurpegi-masail leunetan, bere kaskezur biribil osoan.)
DON FILIBERTO: Eman da gure adiskide Estrella aske uzteko mandatua. Aholka ezazue edan ez dezan. Talentu handia du. Egiten duena baino askoz gehiago egin dezake. Eta orain zoazte eta laga niri lana egiten. Egunkari osoa bakarrik egin beharra daukat.
Zortzigarren agerraldia
(Bere Gorentasunaren Idazkaritza Pribatua. Kubako puruen usaina, koadro desegokiak, azaleko eta abarkadun luxua. Gela bitan zatitua dago, batetik bulegoa eta bestetik aretoa karta-multzoarekin. Bat-batean telefono txirrina hasten da jo eta jo bulego burokratiko handian. Eta DIEGUITO GARCIAk, Tribunales y Estrados Aldizkariarentzat Don Diego del Corral, hiru jauzi egin eta belarri-tutua hurbiltzen du belarrira.)
DIEGUITO: Nor da?
Pasarazi dut hura aske uzteko agindua.
Ez horregatik! Ez horregatik!
Alkoholiko bat!
Bai, ezagutzen dut horren lana.
Zoritxar bat!
Ezingo da ba. Hemen ez dugu txakur txiki bat bera ere!
Esango diot. Gogoan hartzen dut.
Ez horregatik! Ez horregatik!
(MAX ESTRELLA agertzen da atean, zurbil, atzamarkak ditu, korbata oker-oker egina, itxuraz harro, erotua dagoela ematen du. Honen atzean, prakak lotuaz, ATEZAINA.)
ATEZAINA: Geldi hor, jauna.
MAX: Arren ez nazazu uki!
ATEZAINA: Atera zaitez desmenik egiteke.
MAX: Iragar nazazu Ministroaren aurrean.
ATEZAINA: Ez dago ikusteko moduan.
MAX: Bai argia zarela. Baina entzuteko moduan egongo da.
ATEZAINA: Zoaz, gizon. Hauek ez dira audientzi orduak.
MAX: Iragar nazazu.
ATEZAINA: Agindua da... Eta gogaikarri jartzeak ez dizu balio, jauna.
DIEGUITO: Fernandez, laga iezaiozu pasatzen zaldun horri.
MAX: Azkenean topatu dut horratio indigena zibilizatu bat!
DIEGUITO: Mala Estrella adiskidea, barka iezadazu une batez zure esanetara jartzen banaiz. Zutaz hitz egin zidan El Popular-eko Erredakzioak. Han maite zaituzte. Edonon maite eta miresten zaituzte zu. Ni neu ere zure aginduetara nago hemen eta edonon. Ez nazazu ahantz... Nork jakin...! Kazetaritzaren nostalgia daukat... Zerbait egiteko asmoa daukat... Aspalditik darabilt buruan orri azkar bat argitaratzeko asmoa; zera, egunkari txiki, alai, bizkor eta jauzikor bat argitaratzeko asmoa alegia. Zure laguntza espero dut. Agur, maisu. Deitoratzen dut guk elkar ezagutzeko aukera hau hain gertaera tamalgarri batean gertatu izana.
MAX: Horixe salatzera nator hain zuzen. Zuek daukazuen polizia, jendailerik makurrenen artean hautatutakoa da!
DIEGUITO: Denetarik dago, maisu.
MAX: Ez gaitezen ezbaian hasi. Ministroak entzun diezadan nahi dut eta aldi berean eskerrak eman nire askatasunagatik.
DIEGUITO: Ministro Jaunak ez daki ezer.
MAX: Neuk esanda jakingo du.
DIEGUITO: Ministro Jauna lanean ari da orain. Hala ere sartu egingo naiz.
MAX: Eta neu zurekin.
DIEGUITO: Ezinezko a da!
MAX: Iskanbila sortaraziko dut!
DIEGUITO: Erotuta zaude zu!
MAX: Bai, apropos ahantzi eta ukatu nautelako erotuta. Ministroa nire adiskidea da, garai heroikoetako adiskide zaharra. Ez nauela ezagutzen entzun nahi diot. Pako! Pako!
DIEGUITO: Emango diot zure berri.
MAX: Nahikoa naiz neu. Pako! Pako! Iraganeko mamu bat naiz!
(Bere Gorentasuna bulegoko atea ireki eta makutsik azaltzen da, brageta zabalik duela, txalekoa askatuta eta betaurrekoak lizta batetik zintzilik bi begi absurdu tripa handiaren gainean dantzan ari balitu bezala. )
MINISTROA: Zer iskanbila da hau, Dieguito?
DIEGUITO: Ministro Jauna, ezin izan dut eragotzi.
MINISTROA: Eta nor da tipo hori?
MAX: Aldi heroikoetako adiskide bat! Ez al nauzu ezagutzen, Pako? Horrenbeste aldatu al nau bizitzak? Ez nauzu ezagutzen! Maximo Estrella naiz!
MINISTROA: Horixe! Jakina! Noski! Baina itsu al zaude?
MAX: Homero eta Belisario bezalaxe.
MINISTROA: Behin-behineko itsutasuna, noski, ezta?
MAX: Betirakoa eta sendaezina. Venusen oparia da.
MINISTROA: Baina nola horrela! Eta zergatik ez zara orain arte etorri nigana? Oso gutxitan ikusten dut zure sinadura egunkarietan.
MAX: Ahantzi egin naute. Zu bai izan zarela argia, literatura laga eta agintari sartu zinen gu zoriontsu egiteko. Pako, idazteak ez du ematen bizitzeko lain. Idaztea, kanpoko lustrea, gosea eta zirtzila besterik ez da.
MINISTROA: Bai, egia, letrek ez dute behar luketen miresmenik, baina berez dute estimatzeko balioa. Adiskide Max, nik lanari jarraitu behar diot. Paper mutur batean idatzi zure gogoa eta eman funtzionario honi... Berandu antzean zabiltza.
MAX: Neure orduan nator. Ez nator ezer eskatzera. Ordaina eta zigorra exijitzera nator. Itsua naiz, poeta deitzen didate, poesia egitetik bizi naiz, errukarri bizi ere. Mozkorra naizela pentsatzen ari zara. Zorionez! Mozkorra ez banintz, aspaldi egin nuen neure buruaz beste. Pako, zure menpekoek ez dute eskubiderik ni txistuz likisteko eta masailan jotzeko, eta zigorra eskatzen dizut gizatxar andana horrentzat, eta irain-ordain bat Minerva Jainkosari!
MINISTROA: Adiskide Max, nik ez dakit ezer horri buruz. Zer pasa da, Dieguito?
DIEGUITO: Kalean iskanbila batzuk izan dira eta, zuk ongi dakizunez, talde zaratatsurik ez da ametitzen eta gure Maisua bixi samar agertzen zenez gero...
MAX: Legez kontra atzeman naute eta, era inkisitorialean jipoitu. Eskumuturretan dauzkat markak.
MINISTROA: Dieguito, zer parte eman dute goardiek?
DIEGUITO: Egia eta laburturik esateko, Ministro Jaunari oraintxe eman diodana.
MAX: Ba, hori gezurra da! Legionario baten apetagatik atzeman naute, nik, xalotasunez honako hau galdetu diodalako, ea bazekizkien lau dialekto grekoak.
MINISTROA: Egiaz eta benetan galdera hori desegokia da. Goardia batek horren jakite gorenak eduki ditzakeela pentsatzea bakarrik ere!
MAX : Tenientea zen.
MINISTROA: Kapitain jenerala izanda ere, zer? Ez zara errurik gabea! Betiko kaskarina zara! Adinak ez zaitu batere zentzatu! Ah, zer enbidia ematen didan zure betiko umoreak!
MAX: Niretzat beti gaua da! Urtebete da itsu nagoela. Nik diktatu eta nire andreak idatzi, baina ezinezkoa da.
MINISTROA: Ez al da frantsesa zure andrea?
MAX: Zeruko santu bat, eta espainiera idazten du infernuko ortografiaz. Letraz letra diktatu behar izaten diot eta ideiak ihes egiten didate. Jasanezina! Nire etxean nahikoa ogi balitz, nire itsutasuna ez litzateke zigorra. Itsuak hobeto jakiten ditu kanpoko gorabeherak, begiak gezurti inozoak dira. Agur Pako! Kontutan hartu, ez naizela etorri inolako mesederik eskatzera. Max Estrella ez da eskale gogaikarri bat.
MINISTROA: Zaude Maximo, ez zaitez joan. Etorri zarenez gero, hitz egingo dugu. Nire bizitzako etapa bat, agian hoberena, zuk berriztatu egiten didazu. Zeinen aspaldikoa! Elkarrekin ikasten genuen. Oroitzapen kalean bizi zineten. Arreba bat zenuen. Zure arrebarekin maiteminduta ibili nintzen. Harengatik egin nituen poesia batzuk!
MAX:
Kale bizitza oroipen,
Dantza ta kantak iraupen;
Balkoian neska beltzarana,
Gurekin beti jostatzen.
Haren begiak anpolai,
Irribarrez beti alai;
Bizitza ziguten guztiz pozten,
Helen zu beti gure jai.
MINISTROA: Hori da oroimena, hori! Harrituta utzi nauzu! Zer egin zuen zure arrebak?
MAX: Komentu batera joan zen.
MINISTROA: Eta Alex zure anaia?
MAX: Hil zen.
MINISTROA: Eta besteak? Asko zineten familian!
MAX: Denak hilak direla uste dut!
MINISTROA: Ez zara aldatu...! Max, ez dut zauritu nahi zure sentiberatasuna, baina nik, hemen segitzen dudan bitartean, eman diezazuket soldata bat.
MAX: Mila esker!
MINISTROA: Onartzen al duzu?
MAX: Zer erremedio!
MINISTROA: Idatzi Dieguito! Non bizi zara, Max?
MAX: Luze idazteko moduan eser zaitez, maisu gazte: —Bastardillos, hogeita hiru, bikoiztua, barne-zurubia, B ganbera—. Oharra. Labirinto horretan ibiltzeko haritxoren bat behar izanez gero, ez eskatu atezain andreari, kosk egiten du eta.
MINISTROA: Neuretzat nahi nuke zure umorea!
MAX: Nirea da mundua, dena eder da niretzat, nahigaberik gabe bizi naiz.
MINISTROA: Inbidia ematen didazu!
MAX: Pako, ez zaitez astakirtena izan!
MINISTROA: Max, hilero eramango dizute kobrantza txartela etxera. Orain agur! Emaidazu besarkada bat!
MAX: Tori hatz txikerra eta ez zaitez samurtu.
MINISTROA: Agur, Jeinu eta Anabasa.
MAX: Kontuan hartu gero zertara etorri naizen, nire duintasunarentzat irain-ordaina eta bilauentzat zigorra eskatzera. Eta kontuan izan ez dudala lortu ez bata eta ez bestea eta dirua eman didazula eta nik onartu egin dudala gizon gaiztoa naizelako. Ez zitzaidan zilegi mundu honetatik joatea Narrastarien zulora jaitsi gabe. Berroren Gorentasunaren besarkada irabazi dut!
(MAXIMO ESTRELLAk, besoak zabal-zabal dituela, burua tente, begiak geldi, bere itsutasun geldoan tragiko, aurrera egiten du, mamu bat bailitzan. Bere Gorentasun sabel-handi eta koipetsuak komiko zaharraren gisa erantzuten dio frantses melodrama ederrean. Elkar besarkatzen dute. Bere Gorentasunak malko bat dauka matrailean agur egiteko unean. Bostekoa ematen dio buhameari eta horrekin batera diru-billete batzuk uzten dizkio esku-ahurrean.)
MINISTROA: Agur! Agur! Ez dut uste une hau ahantziko dudanik.
MAX: Agur Pako! Bi emakume pobreren izenean mila esker!
(Bere Gorentasunak txirrina jotzen du. Logale ateratzen da ATEZAINA. MAXIMO ESTRELLA zuzen-zuzen gela-zokora doa, makilaren bidez haztatuz, balkoia dagoen lekura.)
MINISTROA: Fernandez, lagun iezaiozu gizon honi, eta para ezazu kotxe batean.
MAX: Seguru asko nire txakurra zain daukat ate ondoan.
ATEZAINA: Zure zain dagoena, adineko gizon bat da.
MAX: Don Latino de Hispalis: Nire txakurra.
(ATEZAINAk besondotik heltzen dio buhameari: Oso baldar ateratzen du bulegotik eta Bere Gorentasunaren keinuari so egiten dio zeharka. Elkar ezagutze eskenan antzeslari bikainak eginiko keinu harrigarri hura.)
MINISTROA: Dieguito maitea, horra borondatearen maratila falta izan zaion gizon bat! Dena eduki du, itxura ona, hitza, piper dohaina. Pontxe baten sugarrak bezala aldatzen zen berorren hitzen kolorea.
DIEGUITO: Bai irudi bikaina!
MINISTROA: Gure garaikoen artean, bera zen gehien balio zuena!
DIEGUITO: Eta orain horra erabat lur jota, pattar kiratsa dariola eta proxenetak frantsesez agurtzen.
MINISTROA: Hogei urte! Bizitza osoa! Eta bat-batean buhamiaren irudi hori azaltzen da. Bertsoak egiteko gozamenari uko egin niolako salbatu nintzen hondamendi horretatik. Dieguito, zuk horretaz ez dakizu ezer, poeta jaio ez zarelako.
DIEGUITO: Kroa! Kroa!
MINISTROA: Ai, Dieguito, zuk ez duzu ulertuko inoiz ilusioa eta buhameria zer diren! Zu konformista izateko jaio zinen, zu ez zara ametsezko munduari uko egindako bat. Ni bai!
DIEGUITO: Damutu egiten al da berori horretaz, Don Frantzisko?
MINISTROA: Baietz uste dut.
DIEGUITO: Gobernazioko Ministro Jaun Gorena, trukatuko al litzateke berori Mala Estrellarekin?
MINISTROA: Don Diego del Corral lizentziatuak jantzi ditu toga eta xingolak! Jaun gorenak geldiarazi beza une batez galdeketa eta pentsatzen has bedi nola zuritu Maximo Estrellari eman behar dizkiogun pezetak.
DIEGUITO: Poliziaren fondotik hartuko ditugu.
MINISTROA: Eirenoia!
(Bere Gorentasuna besaulkian zokoratzen da beheko suaren aurrean, zeinek argi dardarti bat barreiatzen baitu alfonbra dagoen aldera. Puru eraztunduna piztu eta la Gaceta eskatzen du. Gero betaurrekoak jantzi, zerbait irakurri, bonetea buruan jarri eta lokartu egiten da. )
Bederatzigarren agerraldia
(Ispilu lurrinduek luzatzen duten kafetegia. Marmolezko mahaiak. Zoko-zokoan barra eta, atzeko aldean, agure ilegorri bat, busto nabarmena botilla ilararen gaineko aldean. Kafetegian bada pianoa eta biolina. Musika eta itzalak flotazioan dabiltza ke-gandu eta arku boltaikoen dardara zurbilen artean. Ispilu biderkatzaileak foiletoi azalpenez beteak daude eta zokoan, kafe barra bat, geometria bitxi eta zentzugabez moldatua. Musikaren konpas zitalak, ispiluen hondoko argiek eta arku boltaikoen dardarak kutsaturiko ke-ganduak, adierazpen bakar batean dute euren aniztasuna. Kanpokoak sartzen dira eta bertanbehera erritmo hirukoitz hartan bilakatzen dira MALA ESTRELLA eta DON LATINO.)
MAX: Zer lur zapaltzen dugu?
DON LATINO: Colon Kafetegia.
MAX: So egizu, ea Ruben hor dagoen. Musikarien aurrean eseri ohi da.
DON LATINO: Han dago txerri goibel bat bezala.
MAX: Goazen haren ondora, Latino. Ni hiltzean, olerkarien koroa mulato horrengana pasatuko da.
DON LATINO: Ez nazazu izenda zure testamentuaren betearazle.
MAX: Poeta handi bat da!
DON LATINO: Nik ez dut ulertzen.
MAX: Mauraren bizargilea izatea merezi zenuke!
(Aulki eta marmolen artetik igaroz RUBEN DARIO eserita eta isilik dagoen tokira iristen dira. Agerpen haren aurrean, bizitzaren garraztasuna sentitzen du poetak, eta haur haserretuaren keinu egoistaz, begiak itsi eta absenta kopatik zurrut bat egiten du. Azkenean haren idolo-mozorroa berbiztu egiten da irribarre gozoz. Itsua mahaiaren aurrean gelditu egiten da eta besoak gora jaso zesar-estatua baten keinu galantaz.)
MAX: Agur, anaia, nahiz eta adinean gutxiago, ospean handiago!
RUBEN: Harrigarria! Zenbat denbora elkar ikusteke, Max! Zer egiten duzu?
MAX: Ezer ez!
RUBEN: Harrigarria! Ez zara behin ere etortzen hona?
MAX: Kafea oso luxu garestia da, eta tabernan solasten naiz heriotza etorri arte.
RUBEN: Max, maita dezagun bizitza, eta ahal dugun bitartean ahantz dezagun Lutuzko Dama.
MAX: Zergatik?
RUBEN: Ez gaitezen Hartaz mintza!
MAX: Zuri beldurra ematen dizu, nik gorteiatu egiten dut! Ruben, zuk niri eman nahi didazun mezua eramango dut Estiriaren beste aldeko ertzera! Bostekoa zuri azkenengo aldiz ematera nator, Don Latino de Hispalis nire gameluak lagunduta. Zure poesia mespreziatzen du honek Akademikoa balitz bezala!
DON LATINO: Adiskidea, Max, ez esan arlotekeriarik!
RUBEN: Don Latino de Hispalis al da hori?
DON LATINO: Aspalditik ezagutzen dugu elkar, Maisu! Urte asko igaro dira! Elkarrekin egin genuen kazetaritza La Lira Hispano-Amerikanan.
RUBEN: Memoria eskasa daukat, Don Latino.
DON LATINO: Finantza-erredaktore nintzen ni. Parisen hika egiten genion elkarri.
RUBEN: Ahantzia neukan.
MAX: Behin ere ez zara egon eta Parisen!
DON LATINO: Berriro esaten dizut, Max maitea, ez esan arlotekeriarik. Eser zaitez eta gonbida gaitzazu afaltzera. Ruben, gure adiskide eta poeta handi hau gaur Izar Distiratsu deitzen da!
RUBEN: Harrigarria! Max, buhameria laga beharra dago!
DON LATINO: Aberats dago! Erostunaren bi papertzar dauzka.
MAX: Gaur arratsaldean neure kapa bahituran utzi beharra izan dut eta gauean afaltzera gonbidatzen zaitut. Afaltzera Txanpan horia eta guzti, Ruben!
RUBEN: Harrigarria! Toursko Martinek bezala, nirekin zatitzen duzu kapa, afari bihurtua. Harrigarria!
DON LATINO: Zerbitzari, menua! Ardo frantsesak eskatzea gehiegikeria iruditzen zait. Biharko egunean ere pentsatu behar da, adiskideok!
MAX: Ez dezagun pentsa!
DON LATINO: Zure iritziarekin bat nentorke, kafea, kopa eta puruarekin batera pozoioa hartuko bagenu.
MAX: Burges arlotea!
DON LATINO: Max, adiskidea, egin dezagun tratu bat. Nik edango dut botilatxo bat garagardo eta zuk niri dirutan ordaindu edarian xahutu nezakeena.
RUBEN: Don Latino, ez zaitez aldendu ikasbide onetatik.
DON LATINO: Ni ez naiz poeta. Bertsoak egitea baino lan gogorragoarekin irabazten dut bizimodua.
RUBEN: Nik ere ikasten ditut matematika zerutarrak.
DON LATINO: Orduan barkatu. Bai, Gnosis eta Magiaren zalea naiz, eta idazki-sortak besteei eskuratzera behartua banago ere.
RUBEN: Ni beste horrenbeste!
DON LATINO: Gogoan dut zerbait lortzen zenuela.
RUBEN: Elementalak, Kontzientziak direla somatu dut nik.
DON LATINO: Noski! Noski! Noski! Kontzientziak, Nahiak eta Ahalmenak!
RUBEN: Itsasoa eta Lurra, Sua eta Haizea, munstro zerutarrak. Zerutarrak segururaski, Betikotasun direlako!
MAX: Ezereza da Betikoa.
DON LATINO: Eta Ezerezaren fruitua: Lau Ebanjelarietan sinbolizatuak dauden lau elementalak. Kreazioa, berez aniztasuna izaki, kuatribioan bakarrik hasten da. Baina Batasun Hirukoitzetik sortzen da Zenbakia. Horregatik Zenbakia sakratua da!
MAX: Zaude isilik, Pitagoras! Hori guztia Blavatsky atso zaharrarekin edukitako harreman ezkutuetan ikasi duzu.
DON LATINO: Max, broma horiek ez dira onargarriak! Erlijiogabe eta volteriano hutsa zara pentsaeran; Blavatsky Anderea aparteko emaztekia izan da eta ez duzu eskubiderik haren oroitzapena desohoretuta uzteko. Haren karmaren madarikazio batek zigortua gerta zintezke! Ez litzateke lehenengo kasua izango!
RUBEN: Ekintza harrigarriak gertatzen dira! Ez ditugu ikusten zorionez eta ulertu ere ez. Ezjakite hau gabe, txundidura ikaragarria izango litzateke bizitza.
MAX: Sinestuna al zara, Ruben?
RUBEN: Nik sinesten dut!
MAX: Jainkoagan?
RUBEN: Eta Kristogan!
MAX: Eta infernuko garretan?
RUBEN: Eta are gehiago oraindik zeruko musiketan!
MAX: Ruben, iruzurti bat zara!
RUBEN: Inozoa izango naiz!
MAX: Ez al zara itxura egiten ari?
RUBEN: Ez!
MAX: Bizitzako azken arnasaren ondoren, niretzat ez dago ezer. Zerbait badago, esatera etorriko natzaizu.
RUBEN: Ixo, Max, ez dezagun bromarik egin horretan!
MAX: Gogoan eduki afari hau, Ruben. Eta orain nahas ditzagun ardoa eta zure bertsoen arrosak. Entzuteko prest gauzkazu.
(RUBEN, dardaraka kontzentratu egiten da; idolo itxura du eta halako ezkutuki eta bildurrak oroitarazten ditu. MAX ESTRELLAk, apur bat adierazkorrago, besoa luzatzen dio. DON LATINOk, edalontziak betetzen ditu. RUBEN esnatzen da bere meditaziotik eta idolo aztekengan ikusten den goibeltasun zabal eta ikaragarria du aurpegian.)
RUBEN: Ea gogoratzen dudan Konpostelarako erromesaldiaz... Nire azken bertsoak dira.
MAX: Argitaratuak al dira? Argitaratuak badira, irakurriko zizkidaten, baina zure ahoan berriak izango dira.
RUBEN: Seguru asko ez ditut gogoratuko.
(Alboko mahaian idazten ari da gazte bat, eta dirudienez, itzulpenak egiten ari da, zeren eta begien aurrean liburu ireki bat dauka eta paper sorta, eta RUBEN DARIOgana makurtzen da xaloki.)
GAZTEA: Maisu, zuk gogoratzen ez duzun hartan nik adieraz niezazuke.
RUBEN: Harrigarria!
MAX: Non argitaratu dira?
GAZTEA: Eskuizkribu batean irakurri ditut nik. Jaio baino lehen hil zen aldizkari batean argitaratu behar zituzten.
MAX: Pako Villaespesaren aldizkariren bat izango zen?
GAZTEA: Ni haren idazkari izana nauzu.
DON LATINO: Lanpostu garrantzitsua.
MAX: Latino, zu ez zara hura baino gutxiago.
GAZTEA: Gogoan duzu, Maisu?
(RUBENek baietsi egiten du apaiz-keinu batez, eta ezpainak kopan hezetuta gero, geldiro eta erritmikoki errezitatzen du lo-zorroan iduri, eta ese eta zetak bereizten jartzen du berebiziko arreta eta ahalegina.)
RUBEN:
Bidaia azkenetan zen.
Eta soto ilun batean,
Ogi gogorra banatu genuen,
Bradomingo Markesarekin!!!
GAZTEA: Azken zatia da hori, Maisu.
RUBEN: Gure adiskide hoberenagatik edateko momentua dugu.
MAX: Desagertu egin da mundutik!
RUBEN: Bere auzoan hiltzeko prestatzen ari zen eta bere agur-gutuna zela eta idatzi zituen bertso hauek. Edan dezagun bekatari fin baten osasunerako!
MAX: Edan dezagun!
(Kopa altxa eta absenta-usaina dastatuz, Parisko zeru urrutia oroitzen du eta horregatik hasperen egiten. Opereta aire polita jotzen dute pianoa eta biolina elkarturik eta kafetegiko bezeroek konpasa markatzen koilaretxoak edalontzietan talkatuz. Edan eta gero, hiru desterratuak euren ahotsak nahasten dituzte frantsesez hitz eginez. Jainkoen eta hilkorren festako argiak gogoratzen dituzte eta hedatzen. Paris! Kabaretak! Ilusioa! Eta esaldien erritmoan, Verlain zaharra doa herrenka-herrenka.)
Hamargarren agerraldia
(Pasealekua lorategiekin. Zerua oskarbi eta urrun. Ilargi betea. Zaldizkoen patruilak. Isil eta distiratsu, berebil bat doa. Adarren ezkutuko gerizpean neska parrandazale eta atso zahar pintarratuak eta mozorrotuak dabiltza ingurumarian. Pasealekuko aulkietan banatuta, loguretu batzuk daude etzanda. MAX ESTRELLA eta DON LATINO pasealekuko itzalpean dabiltza. Lilen udaberriko lurrinek perfumatzen du gaueko hezetasuna.)
ATSO MAKILATUA: Gizakoteok! Txist...! Gizakoteok! Apurtxo batean etorri nahi duzue?
DON LATINO: Hortzak jartzen dituzunean.
ATSO MAKILATUA: Emango zigarrotxo bat, besterik ez bada?
DON LATINO: La Corres egunkaria emango dizut ilustra zaitezen, Mauraren gutun bat dakar.
ATSO MAKILATUA: Odolkiak harentzat!
DON LATINO: Juduen erritoak galarazi egiten dio.
ATSO MAKILATUA: Horra gure txantxa-zulo! Zaudete, laguntxo bati deituko diot! Lunares! Lunares!
(LUNARES, bargasta alproja bat, galtzerdi zuri, amantala, xingola eta abarketak dituena, zutitu egiten da. Etorri eta lorategitxo aurrean gelditzen da zutik irribarre lotsagabe bat ezpainetan duela.)
LUNARES: Aiba, hauek dituk oilasko dotoreak! Gau honetan, kaletik atera behar nauzue zuek.
ATSO MAKILATUA: Eta etxe-bizitza jarriko digute.
LUNARES: Eman txakur txiki bat orain eta pezeta osatzeraino oheratzean.
ATSO MAKILATUA: Xuhurrak, zigarrotxo bat bederen!
MAX: Tori habanoa.
ATSO MAKILATUA: Txantxetan!
LUNARES: Hartuion, tuntuna!
ATSO MAKILATUA: Horixe hartuko diodala! Eta eraztunduna gainera!
LUNARES: Zupadaren bat lagako didan.
ATSO MAKILATUA: Hau gorde egingo dinat.
LUNARES: Portugalgo Erregearentzat.
ATSO MAKILATUA: Inozoa! Hau Higienekoarentzat.
LUNARES: Eta zuek, astronomook, ez al duzue jo behar zahar-kolpetxo bat? Bargasta bikote leun eta klandestinoak aurrera egin du ibiltokiko itzalpean: ATSO PINTATUA, DON LATINO DE HISPALISen ondoan dago, LUNARES, berriz, MALA ESTRELLAren ondoan.
LUNARES: Ikusi zein garbi dauzkadan soineko-barrenak!
MAX: Itsua naiz.
LUNARES: Zerbait ikusiko duzu!
MAX: Ezer ez!
LUNARES: Ukitu.Trinko-trinkoa nago.
MAX: Marmola!
(Neskatoak, irribarre maltzurra, poetaren eskuari heldu eta sorbaldaraino jasoarazten du eta bularretan estutu. Atso lizunak, pintura azpian hortzik gabeko hortzoiak erakusten ditu eta maltzurkeriaz zirikatzen du DON LATINO.)
ATSO MAKILATUA: Eder hori, zatoz nirekin, zure laguna samur-samur eginda baitago jada Lunaresekin. Ez izan mesfidantzarik. Zatoz! Goardiaren bat hurbiltzen bazaigu, puru habanoarekin aldenduko dugu.
(Atso zahar mamutuak berekin darama irribarrez. Txutxu-mutxuak. Lorategiko zuhaitzen artean ezkutatzen dira. Armida Lorategiko parodia barregarria. MALA ESTRELLA eta beste maripurtzila aparte gelditzen dira pasealekuaren ertzean.)
LUNARES: Ukitu bularra. Ez kezkatu... Zu poeta zara!
MAX: Zertan igarri didazu?
LUNARES: Nazareno ileordeagatik. Oker al nabil?
MAX: Ez, ez zabiltza oker.
LUNARES: Nire bizitzaren berri emango banizu, historiarik politenak aterako zenituzke. Erantzun: Nolakoa aurkitzen nauzu?
MAX: Ninfa miresgarria!
LUNARES: Oso mintzaera ilustratua daukazu! Zure lagunak egin du tratua berri-ontziarekin. Zatoz. Emaidazu eskua. Leku ilunago batean kokatuko gara. Ikusiko duzu zeinen bero jarriko zaitudan.
MAX: Eraman nazazu aulki batera txerri hispalentse horri itxaroteko.
LUNARES: Ez dut entenditzen.
MAX: Hispalis Sevilla da.
LUNARES: Ijitoeraz izango da ba. Ni txanberitarra naiz.
MAX: Zenbat urte dituzu?
LUNARES: Ez dakit ba zenbat izango ditudan.
MAX: Eta gaueko parada hemen al da beti?
LUNARES: Gehienetan, bai.
MAX: Zure bizitza oneski irabazten duzu!
LUNARES: Ez dakizu asko zenbat kostata. Guztiz tentuz ibiltzen naiz egiten dudanarekin. Txutxu-mutxu horrek etxe batera joateko proposamena egin zidan. Luxu handiko etxea! Ezetz esan nion... Nik ez dut larrua jotzen... Nik nire birjintasuna, benetan maiteko nauen gizonarentzat gordetzen dut. Zergatik ez nauzu gorteiatzen zeuk?
MAX: Ez dut betarik.
LUNARES: Saia zaitez, ea zerbait lortzen duzun. Eta zera esan behar dizut, atsegin zaitudala.
MAX: Esan behar dizut, dirurik gabeko poeta naizela.
LUNARES: Zu ez zara bada izango deskuiduan Joselitoren koplak atera zituena?
MAX: Huraxe berbera naiz!
LUNARES: Benetan?
MAX: Benetan.
LUNARES: Ea, esan buruz.
MAX: Ez ditut gogoratzen.
LUNARES: Zeure kaskotik atera ez zenituelako. Eta orain gezurrik gabe, zein dira zureak?
MAX: Esparterorenak.
LUNARES: Eta gogoratzen dituzu?
MAX: Eta abestu ere bai dotore asko.
LUNARES: Ezetz, ezetz abestu!
MAX: Gitarra banu!
LUNARES: Jotzen al duzu?
MAX: Zerbaitetarako naiz itsua.
LUNARES: Gero eta atseginago zaitut!
MAX: Ez dut dirurik.
LUNARES: Ohea ordaintzea aski duzu. Gustura geratzen bazara ongi, eta kafe eta txurroak hartzera gonbidatzen banauzu ere, ez dut ezetz esango.
(MAXIMO ESTRELLAk, itsu baten ukimenez, eskua matrailean, eztarrian eta sorbaldan pasatzen dio. Emakume parrandazaleak barre egiten du atseginez kilimak sentitzean. Mototsetik ijito-orrazi bat kendu, eta ile kizkurrak orraztuz, barre algaratan, ile-adatsa zabal-zabal uzten du.)
LUNARES: Nolakoa naizen jakin nahi al duzu? Oso beltza eta itsusia nauzu.
MAX: Ez duzu hala ematen! Hamabost bat urte izango dituzu.
LUNARES: Hor nonbait ibiliko naiz. Hiru urte pasatxo dira nuntzioak bisitatzen nauela... Ez pentsatu gehiago eta goazen. Hemendik gertu badago oso etxe polit bat.
MAX: Eta agindua beteko duzu?
LUNARES: Zein baino? Nire gizontzat hautatzea? Ez deritzut nahiko prestua. Zein esku ederra duzun. Ez ukitu gehiago aurpegia. Uki iezadazu soina.
MAX: Ili-beltza al zara?
LUNARES: Halaxe naiz!
MAX: Akara usaina daukazu.
LUNARES: Horixe saltzen aritu naizelako.
MAX: Nolako begiak dituzu?
LUNARES: Ez al diezu antzematen?
MAX: Orlegiak?
LUNARES: Pastora Inperiok bezalakoak. Goitik behera erabat ijitoa naiz ni.
(Ilunpetan puru baten sua nabaritzen da eta DON LATINOren eztul asmatikoa. Urruti samarrera Zaldizkoen trosta erritmikoa entzuten da. Auto baten fokuak. Gauzainaren farola. Burdinesi baten orpoa. Itzal klandestino bat. Beste atso peripatetiko baten aurpegi makilatua. Zenbait itzal ezberdin.)
Hamaikagarren agerraldia
(Austriar Madrilgo kale bat. Komentu bateko murruak. Nobleen etxetzar bat. Tabernako argiak. Auzoko talde izutu bat espaloian. Paparra biluz eta eztarria urratua duen emakume batek bere haurra dauka besoetan hilda, lokia bala-zuloz zeharkatua duela. MAX ESTRELLA eta DON LATINOk kera bat egiten dute.)
MAX: Hemen ere beira hautsiak zapaltzen dira.
DON LATINO: Ederra izan da jipoia!
MAX: Arloteak...! Denak...! Eta lehenengoak geu, poetok!
DON LATINO: Txiripaz bizi gara!
HAURRAREN AMA: Marikoiak, koldarrak! Infenuko suak erreko ahal ditu zuen errai beltzak. Marikoiak, koldarrak!
MAX: Zer gertatzen da, Latino? Nor da negarrez? Nork egiten du deiadar horrelako amorruz?
DON LATINO: Emakume ahobero bat, bere seme hila besoetan duela.
MAX: Hunkitu egin nau ahots tragiko horrek!
HAURRAREN AMA: Sikarioak! Haur-hiltzaileak!
LUKURRERUA: Ez dago burutik oso sano eta ez ditu neurtzen hitzak.
GOARDIA: Autoritateak ere badu bere betebeharra.
TABERNARIA: Ezbehar saihestezinak dira ordena berrezartzeko.
LUKURRERUA: Jendetza anarkistek erakusleihoa apurtu didate.
ATEZAINA: Zergatik ez zinen erne ibili pertsianak jaisten?
LUKURRERUA: Matxinadak kalean harrapatu ninduen. Jabego pribatuari egindako kalteak ordaintzea erabakiko dela espero dut.
TABERNARIA: Establezimendu publikoek hornitzen duten herriak berauetan lapurreta egiten badu, herri horrek ez du aberri helbururik.
HAURRAREN AMA: Nire erraitako semearen borreroak!
IGELTSERO BAT: Herriak gosea dauka.
LUKURRERUA: Baita harrokeria galanta ere.
HAURRAREN AMA: Marikoiak, koldarrak!
ATSO BAT: Izan zuhurtzia, Erromalda!
HAURRAREN AMA: Hil nazatela neu ere maiatzeko arrosa-landare hau bezalaxe!
TRAPEROA: Errurik gabeko haurra! Handia da gero hau!
TABERNARIA: Beti gauza bera esango duzue, ez dutela erretiratze deirik aldarrikatu.
ERRETIRODUNA: Nik entzun ditut.
HAURRAREN AMA: Gezurra!
ERRETIRODUNA: Nire hitza sakratua da.
LUKURRERUA: Oinazeak erotu egin zaitu, Erromalda.
HAURRAREN AMA: Hiltzaileak! Zuek ikustea, borreroa ikustea da!
ERRETIRODUNA: Autoritate-printzipioa gupidagabea da.
IGELTSEROA: Pobreekin. Gure odola xurgatzen ari den merkataritza babesteko egin da hilketa.
TABERNARIA: Eta bere zergak ordaintzen dituena, hori ez da ahaztu behar.
LUKURRERUA: Merkataritza zintzoak ez du inoren odolik xurgatzen.
ATEZAIN ANDREA: Kexatzeagatik kexatzen gara!
IGELTSEROA: Proletarioaren bizitzak ez du deus balio Gobernuarentzat.
MAX: Latino, atera nazazu infernuko gurpil honetatik.
(Fusil-tiroen zaparrada entzuten da. Beldurrez eta tentu handiz mugitzen da taldea. Emaztekiaren oihu garratza da nabari, eta tiroketaren hotsa entzutean, haur hila estutzen du besoetan.)
HAURRAREN AMA: Fusil beltzok, hil nazazue ni ere zeuon berunez!
MAX: Ahots horrek urratu egiten dit bihotza.
HAURRAREN AMA: Zeinen hotza zauden, ene akara ahoa!
MAX: Sekula ez nuen entzun oihurik horrelako amorru trajikoz!
DON LATINO: Itxurakeriatik ere asko dauka.
MAX: Ergela!
(Gauzainaren farola, lantza eta txanoa, espaloian behera doaz eskalapoi martxan.)
LUKURRERUA: Gauzaina, zer gertatu da?
GAUZAINA: Preso batek ihes egin nahi izan du.
MAX: Latino ezin dut oihu egin... Amorruz hilko naiz...! Asunak mastekatzen ari naiz. Hildako horrek bazuen bere helburua... Ez zen izutzen, baina zigorraren beldur zen... Legenda Beltza Espainiako Historia da egun triste hauetan. Gure bizitza zirkulu barregarri bat da. Amorrua eta lotsa. Gosez hiltzen ari naiz eta pozik, kandela triste bat bera eraman ez nuelako antzerki errukarri honetan. Entzun al duzu zer esaten zuen jendeak, bilau arlotea? Zu ere horietakoa zara. Horiek baino gaiztoagoa, zeren ez baitzara pezeta baten jabe eta literatura ustela barreiatzen ari zara zure sorta-emate horiekin. Latino, abentura txepelen biltzaile zirtzila, eraman nazazu Bidezubira. Garbituko zaituen hegakada bat egitera gonbidatzen zaitut.
DON LATINO: Max, txorakeriarik ez!
Hamabigarren agerraldia
(Txoko aldapatsua eta eliza barroko bat atzealde gisa. Kanpai beltzen gainean, ilargi zuria. DON LATINO eta MAX ESTRELLA ate baten ondoan eserita filosofatzen ari dira. Berriketa luzean ari diren bitartean, ortzia lainotu egin da. Elizako hegaletan txori batzuk txioka. Urrutira egunsentiaren lehen argi-izpiak. Gauzainak joan dira, baina oraindik ere ateak itxita diraute. Emakume atezainak ari dira esnatzen.)
MAX: Egunsentia al dugu?
DON LATINO: Halaxe da.
MAX: Hau da hotza!
DON LATINO: Mugi gaitezen pixka bat.
MAX: Lagun iezadazu, ezin naiz altxa. Kikildua nago!
DON LATINO: Kapa bahituran ematea... ederra egin duzu!
MAX: Latino, utz iezadazu zeure berokia.
DON LATINO: Max, txundigarria zara!
MAX: Lagundu zutitzen.
DON LATINO: Jaiki, zaharra!
MAX: Ezin naiz egon zutik!
DON LATINO: Tunante hori!
MAX: Babalorea!
DON LATINO: Egia esan, itxura bitxi samarra daukazu!
MAX: Don Latino de Hispalis, tipo groteskoa, hilezkor egingo zaitut nobela batean!
DON LATINO: Tragedia batean, Max.
MAX: Gure tragedia ez da tragedia.
DON LATINO: Zerbait izango da ba!
MAX: Esperpentoa.
DON LATINO: Ez okertu ahoa, Max.
MAX: Izozten ari naiz!
DON LATINO: Zuti zaitez. Pixka bat ibili egin behar dugu.
MAX: Ezin dut.
DON LATINO: Utzi fartsa hori. Pixka bat ibili egin behar dugu.
MAX: Bota iezadazu arnasa. Nora joan zara, Latino?
DON LATINO: Zure ondoan nago.
MAX: Idi bihurtu zara eta, ezin zintudan ezagutu. Bota iezadazu arnasa, Belengo askan idi ospetsu hark bezala. Marru egin, Latino! Zu zara joalduna, eta zuk marru egiten baduzu, Apis Idia etorriko da. Toreatu egingo dugu.
DON LATINO: Beldurra ematen didazu. Broma hori laga egin behar zenuke.
MAX: Ultraistak komediante hutsak dira. Goiak asmatu zuen esperpentismoa. Heroi klasikoak katu-kalera atera dira paseatzera.
DON LATINO: Hori da atxurra daukazuna!
MAX: Heroi klasikoek, ispilu konkaboetan islaturik, Esperpentoa ematen dute. Espainiako bizitzaren zentzu tragikoa, sistematikoki desitxuratutako estetikaz bakarrik eman daiteke.
DON LATINO: Miau! Kutsatzen ari zara!
MAX: Europako zibilizazioaren desitxuratze grotesko bat besterik besterik ez da Espainia.
DON LATINO: Baliteke! Ni ez naiz horretan sartzen.
MAX: Irudirik politenak ere, ispilu konkabo batean, absurduak dira.
DON LATINO: Ados. Baina niri oso atsegin egiten zait Katu-kaleko ispiluetan neure burua ikustea.
MAX: Baita niri ere. Desitxuraketa ez da existitzen, matematika perfektuarekin lotua dagoenean. Nire gaurko estetika zera da, ispilu konkaboen matematikarekin arau klasikoak aldatzea.
DON LATINO: Eta non dago ispilua?
MAX: Edalontziaren hondo-hondoan.
DON LATINO: Jeinu bat zara! Zure aurrean kaskoa kentzen dut!
MAX: Latino, desitxura dezagun adierazpena, aurpegiak eta Espainiako bizitza errukarri guztia desitxuratzen duen ispilu berberean.
DON LATINO: Katu-kalera aldatuko gara.
MAX: Ikus dezagun zer jauregi dagoen hutsik. Hurrera nazazu hormara. Astin nazazu!
DON LATINO: Ez okertu ahoa.
MAX: Nerbioak dira. Nahi gabe egiten dut.
DON LATINO: Hori da txantxetarako gogoa daukazuna!
MAX: Laga iezadazu berokia.
DON LATINO: Hara nola utzi nauen haize hotzak!
MAX: Eskuak sorgor dauzkat eta azkazalak min ematen didate. Oso gaizki nago!
DON LATINO: Samurtu egin nahi nauzu, gero adarra jotzeko.
MAX: Inozoa, eraman nazazu nire etxeko atarira eta utz nazazu bakean hiltzen.
DON LATINO: Egia esan, gure auzoan ez dira goiztiarrak.
MAX: Deitu.
(DON LATINO DE HISPALIS, atzeraka jarrita, atea ostikoz jotzen hasi da. Aldapatxoko giro ilunean zorabioa sortzen dute kolpeen oihartzunek, eta probokazioaren erantzun gisa elizako erlojuak bost kanpai dangada ematen ditu haize-orratzaren oilarraren azpian.)
MAX: Latino!
DON LATINO: Zer duzu orain? Utzi keinu hori!
MAX: Collet esna balego...! Jar nazazu zutik, oihu bat egin nahi diot.
DON LATINO: Zure ahotsa ez da iritsiko bosgarren zeru horretara.
MAX: Collet! Aspertzen ari naiz!
DON LATINO: Ez ahantzi zure laguna.
MAX: Latino, ikusmena berreskuratzen ari naizela uste dut. Baina zergatik etorri gara hileta honetara? Laudamen hori Pariskoa da! Victor Hugoren hiletan gaude. Baina, zu Latino, zer dela eta gu hiletaren buru?
DON LATINO: Ez aluzinatu, Max.
MAX: Ulergaitza da nola ikusten dudan.
DON LATINO: Ilusio hori berori izan duzu beste batzuetan ere, gogoratu.
MAX: Nor da lurperatzen duguna, Latino?
DON LATINO: Sekretu hori ez jakitea hobe.
MAX: Nola distiratzen duen eguzkiak karrozetan!
DON LATINO: Max, esaten ari zaren guztia broma bat ez balitz, esanahi teosofikoa edukiko luke... Hileta bateko buru ni izatekotan, hildakoa neu naizela esango nuke... Baina horko koroen arabera, hildakoa zeu zarela, uste dut.
MAX: Gustu emango dizut. Augurioak beldur ez zaitzan, etzan egingo naiz. Ni naiz hildakoa! Zer esango ote dute bihar egunkari nazkagarri horiek galdetzen zuen bere golkorako paria kataluiniarrak?
(MAXIMO ESTRELLA etzan egiten da luze-luze bere etxeko ate atarian. Sigi-saga doan txakur deslai batek igarotzen du kale-muturra. Erdi-erdian, hanka altxa eta pixa egiten du: begi makartsua, poeta bailitzen, zeru urdineko azken izarreraino jasota.)
MAX: Latino, intona ezazu gori-gori!
DON LATINO: Txantxa makabro horrekin segitzen baduzu, laga egingo zaitut.
MAX: Ni naiz betiko doana.
DON LATINO: Agondu Max. Ibili egin behar dugu.
MAX: Hilda nago.
DON LATINO: Izutu egiten nauzu! Max, ibil gaitezen. Zutitu. Ez okertu ahoa, babo horrek! Max! Max! Erantzun babo horrek!
MAX: Hilek ez dute hitz egiten.
DON LATINO: Beno, azkenean agur, bakarrik uzten zaitut.
MAX: Gabon dizula!
(DON LATINO DE HISPALISek putz egiten die bere hatz sorgortuei eta pauso batzuk ematen bere beroki zahar eta lupetzez hornitutakoaren azpian uzkurtutz doalarik. Gero, eztul zakar batzuk eginez MAX ESTRELLAren ondora itzultzen da: Agondu dadin lagundu egiten dio belarrira hitz eginez.)
DON LATINO: Max, zeharo mozkortuta zaude eta kartera zeurekin duzula lagatzea aldrebeskeria izango litzateke, ebatsi egingo lizukete eta. Max, zure kartera nik daramat, bihar itzuliko dizut.
(Azkenean, ate ostean auzo harroxko baten ahotsa entzuten da. Pausoak entzuten dira ezkaratzean. DON LATINOk hanka egiten du kalean zehar.)
AUZOAREN AHOTSA: Flora andrea! Flora andrea! Oheko mihixak erantsi zaizkizu ala?
ATEZAINAREN AHOTSA: Nor da? Itxaron, poxpolu kaxaren bila nabil eta.
AUZOA: Flora andrea!
ATEZAIN ANDREA: Banoa. Nor da?
AUZOA: Lotan zaude zu! Nor izango da ba? Kuka, lisibara bidean!
ATEZAIN ANDREA: Ai, poxpolu madarikatu hauek! Ordua al dugu?
AUZOA: Bai, ordua eta gehiago ere bada!
(Oinetan txankletak dituen emakume baten pauso geldoa entzuten da. Ahots zurrumurruak entzuten dira. Sarrailak karranka egiten du eta ate-hutsunean bi emakume azaltzen dira: bata ilezuria, bizia eta lerdena, zaku bat arropa aldakan duela. Bestea gizena, gona gorria, lepo-zapi higatua sorbaldetan, tximak harro-harro eta txankletak oinetan. Atea irekitzean buhamearen gorpuak irrist egiten du eta ate-marran gelditzen da etzanda.)
AUZOA: Kristo bedeinkatua, hildako gizon bat!
ATEZAIN ANDREA: Don Max poeta da, atxur galantarekin.
AUZOA: Argizari kolorea dauka!
ATEZAIN ANDREA: Cuca, Jainkoarren, gera zaitez une batez ikusmiran, nik Madama Colleti abisua ematen diodan bitartean.
(Atezain andrea gora doa txankletak arrastaka: marmarrean ari dela entzuten da. Cucak, bakarrik dagoela ikusirik, nahiz eta pixka bat izututa, hildakoaren eskuak ukitzen ditu eta gero makurtu haren aurpegiraino, kopeta ilunaren azpiko begi erdi irekiak ikusteko.)
AUZOA: Jainko bedeinkatua! Hau ez da edariarena! Heriotzaren itxura bete-betea dauka honek! Flora andrea! Flora andrea! Ezin naiz luzatu hemen! Egun laurden bat galdu dut dagoeneko! Flora andrea, hemen gelditzen da hau denen aurrean! Benetan hilda dago hau!
Hamahirugarren agerraldia
(Gaubeila atiko batean. MADAMA COLLET eta KLAUDINATXO daude bertan zurbil eta sapazto, negar eta negar hilarengatik, zeina zerraldo estuan ezarria baitago, mihise batez jantzia. Zerraldoaren lau izkinetan kandelak. Ohola pasa duen iltze dirdaidun baten muturrak hildakoaren lokia apuntatzen du. Zerraldoa, betunez beztua dago kanpotik eta pinu-zurezko oholak landu eta tindatu gabeak barrutik, dena hori bihurtzen duen zerria batez hornitua. Baldosa gainean ezarria dago zerraldoa izkinatik izkinara eta angeluetan negar dagiten bi emaztekien esku gurutzatuetan kandelargiaren isla ikusten da. DORIO DE GADEX, CLARINITO eta PEREZ, hormaren kontra hileran jarrita, hiru piura triste. Supituki, doluan muturra sartuaz zurubiko txilinak tilin-tilin egiten du.)
DORIO DE GADEX: Lauretan etorriko da hileta-zerbitzukoa.
CLARINITO: Ezin da ordu hori izan.
DORIO DE GADEX: Madama Collet, zuk ez duzu edukiko erlojurik?
MADAMA COLLET: Ez diezadatela eraman oraindik! Ez diezadatela eraman!
PEREZ: Ez da izango hileta-zerbitzukoa.
DORIO DE GADEX: Inork ez dauka erlojurik! Argi dago, denok aberatsak garela!
(KLAUDINATXO, urrats akituaz eta estropozu eginez, atea irekitzera irten da. Ahots marmarioa entzuten da eta DON LATINO DE HISPALISen eztula, tabakoak eta pattarrak eragiten dion eztul klasikoa. )
DON LATINO: Jeinua hil da. Ez egin negarrik, maitea! Hil da eta ez da hil... Jeinua hilezkorra da...! Poztu, Klaudinatxo, Espainiako lehen poetaren alaba baitzara. Victor Hugoren alaba zarela jakiteak alai zaitzake! Umezurtz ospetsua! Utzi besarkada bat ematen!
KLAUDINATXO: Zu mozkortuta zaude!
DON LATINO: Hala ematen dut. Bai, horretxen itxura daukat. Atsekabea da!
KLAUDINATXO: Zure pattar kiratsak atzera botatzen du bat!
DON LATINO: Atsekabea da! Atsekabearen ondorioa, alemanek zientifikoki aztertua!
(DON LATINO balantzaka dago atean, aldizkari karpeta alboan zintzilika, belarririk eta isatsik gabeko txakurra hanka artean duela. Betaurrekoak bekoki gainean ditu eta begi bixiak garbitzen ari da musuzapi likits batez.)
KLAUDINATXO: Esku hutsik dator.
DORIO DE GADEX: Hiletarako. Beti zuzen!
DON LATINO: Max, ene anaia, nahiz eta guttiago urtez...
DORIO DE GADEX: Gehiago ohorez. Elkarri igarri egiten diogu.
DON LATINO: Halaxe da! Zeuk esan duzu, azeri horrek!
DORIO DE GADEX: Lehenago esan zuen Maisuak.
DON LATINO: Madama Collet, alargun ospetsua zara zu, eta atsekabeturik bazaudeda ere, harro sentitu behar duzu Espainiako lehen poetaren laguna izan zarelako. Pobre hil zen, jeinu batek hil behar duen bezala! Max, honez gero ez duzu hitzik zure txakur leialarentzat! Max, ene anaia, nahiz eta guttiago urtez, gehiago...
DORIO DE GADEX: Ohorez!
DON LATINO: Zergatik ez didazu utzi amaitzen, ergel horrek? Modernista gazteok, maisua hil da eta hika ari zarete elkarri Parnaso Hispano-Amerikanoan! Hilotz honekin apustua egina nuen, nor irten lehenengo bidaia hau egitera, eta irabazi egin dit beste apustu guztietan bezalaxe! Zenbat bider egin genuen apustu bera! Gogoan duzu anaia? Goseak hil zara, ni hilko naizen bezala eta espainiar duin guztiak hilko diren bezala! Ate guztiak itxi zizkizuten, eta zu, mendekuz, goseak, goseak hil zara! Ongi egina! Akademiako kabroiek euren kontzientziaren gain izan dezatela laido hori! Talentua bekatu da Espainian!
(DON LATINOk, makurturik muin ematen dio bekokian hildakoari. Txakurtxoak zerraldoaren oinean eta kandelen isla dardaratien artean, isats-muinoia mugitzen du. MADAMA COLLETek burua altxatuz keinu mingotsa zuzentzen die ilaran dauden hiru piurei.)
MADAMA COLLET: Jainkoarren, eraman ezazue korridorera!
DORIO DE GADEX: Amoniakoa eman beharko zaio. Sekulakoa harrapatu du!
KLAUDINATXO: Bai, pasa beza lotan! Amorru ikaragarria ematen dit!
DON LATINO: Klaudinatxo! Lore goiztarra!
KLAUDINATXO: Aita bizirik egongo zen orain, atzo etxetik irten ez balitz!
DON LATINO: Klaudinatxo, bidegabekeriaz salatzen nauzu! Saminak itsutua zaude!
KLAUDINATXO: Alproja alaena! Beti traba egiten!
DON LATINO: Nik badakit maite nauzuna!
DORIO DE GADEX: Don Latino, ibil gaitezen pixka bat korridorean.
DON LATINO: Bai, goazen! Eszena hau mingarriegia da!
DORIO DE GADEX: Ez dezagun bada luza.
(DORIO DE GADEXek bultza egiten dio agure mozkortiari eta aterantz darama. Txakurtxoak jauzi egiten du zerraldoaren gainetik kandela bat okertuz eta segitu egiten die. Hormari itsatsia zegoen piura ilaran orain hutsune bat gelditzen da iradokizunez betea.)
DON LATINO: Baxoerdi batzuk hartzera gonbidatzen zaitut. Zer deritzozu?
DORIO DE GADEX: Don Latino, badakizu ni zeinen adeitsua naizen!
(Korridore luze eta hitseko argitzal horixkan barrena desagertzen dira, non botijoaren oinean katu bat baitago eta baldosinen isla nabarra inguruan. Haiek irteten ikustean begiak suminduta dauzka KLAUDINATXOk. Hau, gero, belauniko jartzen da eta negarrari ematen dio nerbioak jota baitago eta eskuan duen musuzapiari hozka egiten dio.)
KLAUDINATXO: Sutu egiten nau! Ezin dut ikusi! Gizon hori da aitaren hiltzailea!
MADAMA COLLET: Alaba maitea, faborez, ez esan horrelakorik!
KLAUDINATXO: Hiltzaile bakarra bera da. Gorroto diot!
MADAMA COLLET: Une hau heldu beharrekoa zen, eta badakizu zain geundela... Itsu gelditzearen tristurak hil zuen gizarajoa... Ezin zuen lanik egin eta atsedena hartu du.
CLARINITO: Ikusiko duzu, orain mundu guztiak aitortuko du haren talentua.
PEREZ: Orain ez du itzalik egiten.
MADAMA COLLET: Mila miseria nozituz borrokatzen zareten gazteok, zuen txalorik gabe, bakarrik egongo zen azken garai hauetan.
KLAUDINATXO: Zegoen baino bakarrago!
PEREZ: Gu bezalaxe, errebeldea zen Maisua ere.
MADAMA COLLET: Max, adiskide errukarria, zeuk bakarrik hil zenuen zeure burua! Zeuk bakarrik, bi emakume errukarri hauetaz gogoratzeke! Eta bizitza osoan, zeure bizia amaitzeko egin duzu lan!
KLAUDINATXO: Oso ona zen aita!
MADAMA COLLET: Bere buruarentzat bakarrik izan zen gaiztoa!
(Gizonezko handi eta lerden bat azaltzen da atean, dena botoiz josia, judu anarkistaren bizar gorria eta bekaizkeriazko begiak, bisonte tematiaren kopeta azpian. Alemaniako kazetari alferrontzi bat da, poliziaren erregistroan anarkista errusiartzat fitxatua eta BASILIO SOULINAKE ezizena duena.)
BASILIO SOULINAKE: Bakea guztioi!
MADAMA COLLET: Barkatu, Basilio! Ez dugu aulki bat bera ere zuretzat!
BASILIO SOULINAKE: Oh! Ez arduratu nigatik. Inolaz ere ez. Hori ez dut onartzen, Madama Collet. Eta barkatu berandu samar iristea, Baloniako goardia bezala, zuek espainiarrok diozuen lez. Eslaviar emigratu batzuek bazkaltzen dugun tabernan jakinarazi didate Maximo Estrella nire adiskidea hil dela. Pika Lagartosen mutilak luzatu dit egunkaria. Ustekabean iritsi zen heriotza?
MADAMA COLLET: Atakea! Ez zuen zaintzen bere burua.
BASILIO SOULINAKE: Nork ziurtatu zuen heriotza? Espainian guztiz onak dira medikuak, eta beste nazioetako hoberenak bezain onak. Hala eta guztiz ere mundu autoritatea falta zaie. Ez da Alemanian gertatzen den bezala nire iritzirako.
Nik hamar urtetan ikasi dut medikuntza eta ez naiz doktore. Nik hona sartzerakoan zera pentsatu dut, lokartutako gizon baten aurrean nagoela eta sekula ez hildako baten aurrean. Eta lehen inpresio horretan tematzen naiz, espainiarrek dioten bezala. Madama Collet, izugarrizko erantzunkizuna daukazu zuk. Nire adiskide Max Estrella ez dago hilda! Katalepsia kasu interesgarri baten ezaugarri guztiak dauzka honek.
(MADAMA COLLET eta KLAUDINATXOk elkar besarkatuko dute garrasi zorrotz bat eginez, begiak handi-handi eginda dauzkate, eskuak dardaraz eta ile-adatseko orraziak zintzilika eta dantzan. Flora andrea, atezaina, arnasestuka iristen da: Arnas hotsak eta txankletek aldarrikatzen dute.)
ATEZAIN ANDREA: Hor dago karroza! Zuek nahikoak al zarete hildakoaren gorpua jaisteko? Laguntza behar baduzue, nire senarra igoko da.
KLAUDINATXO: Eskerrik asko, moldatuko gara.
BASILIO SOULINAKE: Atezain andrea, hil-karrozako gidariari esan behar diozu ehorzketa atzeratu egin dela. Eta doala haize freskoa hartzera. Ez al duzue horrela esaten zuek espainiarrok?
MADAMA COLLET: Itxaron dezala...! Agian oker zaude, Basilio Jauna.
ATEZAIN ANDREA: Jende handia dago kalean, eta oker ez banago, galoiak dituen kotxe bat ere bai! Hau da mundua hau, zinegotzi baten hileta ematen du! Ez nuen asko uste hildakoa hain famatua zenik. Madama Collet, zer arrazoi emango diot karrozako tipoari? Tipo horrek ez baitu itxaroteko betarik! Carlos Rubio kalean beste bidaia omen dauka.
MADAMA COLLET: Jainko maitea! Nik zalantzak ditut!
ATEZAIN ANDREA: Cuatro Caminos! Horra, legoa bat pasatxo eta gaua bertan da!
KLAUDINATXO: Doala! Ez dadila itzul!
MADAMA COLLET: Itxaroterik ez badauka... Zalantzarik gabe...
ATEZAIN ANDREA: Defuntua ordu batzuk gehiago etxean edukitzeagatik, bi bider gehiago ordaindu beharko duzu. Madama Collet, laga iezaiezu eramaten!
MADAMA COLLET: Eta hilda ez balego!
ATEZAIN ANDREA: Ez dagoela hilda? Zuek mugitzeke zaudete hemen eta ez duzue hartzen ustelduraren kiratsik.
BASILIO SOULINAKE: Esango zenidake, atezain andrea, egina duzun zuk medikuntzari buruzko unibertsitate ikasketarik? Horrela bada, isilduko naiz eta ez dut gehiago hitz egingo. Baina horrela ez bada, ez naiz zurekin eztabaidan hasiko; hau ez dagoela hilda diot nik, hilda ez, kataleptiko baizik.
ATEZAIN ANDREA: Ez dagoela hilda! Hilda eta ustelduta!
BASILIO SOULINAKE: Zu ezin zara nirekin eztabaidan hasi unibertsitateko ikasketarik gabe. Demokraziak ez ditu ezabatzen kategoria teknikoak, hori zuk badakizu atezain andrea.
ATEZAIN ANDREA: Eta zuk uste baino gehiago! Ez dagoela hilda? Zuk egon beharko zenuke horrela. Madama Collet, baduzu ispilurik? Horren ahoan jarriko dugu eta ikusiko duzue nola ez duen lurrintzen.
BASILIO SOULINAKE: Konprobaketa hori antizientifikoa da! Zuek espainolek beti esaten duzuen bezala, zu ongi ikusteaz asko pozten naiz. Ez al duzue horrela esaten?
ATEZAIN ANDREA: Mitina egitera etorri zara zu hona eta jukutriekin emakume gajo hauek asaldatzera, euren samin eta zorrekin nahikoa ez balute bezala.
BASILIO SOULINAKE: Segi dezakezu hitz egiten, atezain andrea. Ongi ikusten duzunez nik ez dizut galarazten.
(Hileta-karrozako gidaria azaltzen da ate-markoan: Mozkor sudurra du, kapela garai zaharra apaingarriekin, kasaka beltz higatua, iztupazko ileordea eta betaurreko beltzak.)
KARROZAZAINA: Laurak dira dagoeneko eta beste bezero bat ere badut Carlos Rubio kalean!
BASILIO SOULINAKE: Neu egiten naiz honen arduradun, Madama Collet, Alemaniako heritetxeetan ikusi eta ikasiak baititut katalepsia kasuak. Zure gizona, nire adiskide eta lagun Max Estrella ez dago hilda!
ATEZAINA: Faborez, jauna, ezin al zara egon iskanbila sortu gabe? Madama Collet, non daukazu ispilua?
BASILIO SOULINAKE: Aproba antizientifikoa da!
KARROZAZAINA: Jarri eskuko hatz lodian poxpolu piztua. Azkeneraino erretzen bada, nire aitona baino hilago dago. Eta barkatu huts egin badut!
(Karrozazainak poxpolua hartu, hormara hurbildu eta han marrustatu egiten du. Gero zerraldorantz makurtu, hilaren eskuak destolestatu eta esku-ahurra agerian jartzen du. Hatz lodiaren gainean poxpolu piztuak erre eta erre segitzen du. Txilio zoliak emanez eta begiak trabeska dituela, buruaz zorua jotzen hasten da KLAUDINATXO.)
KLAUDINATXO: Ene aita! Ene aita! Ene aita maitea!
Hamalaugarren agerraldia
(Sortaldeko kanposantuan patio bat. Arratsalde hotza. Haize zakarra. Hilarrien gainean pausatzen den arrats-argia idorra eta sarkorra da. Hilobi bateko lurra zapaltzen ari dira BI EHORZLE. Une batez lanari uzten diote: zigarro puntak belarri atzetik atera eta ardagaiaz piztuko dituzte. Zulo ertzean eserita erretzen dihardute.)
EHORZLE BAT: Tipo hori letra-gizona zen.
BESTE EHORZLEA: Hileta pobrea izan du!
EHORZLE BAT: Merezimendu handiko gizontzat jartzen dute egunkariek.
BESTE EHORZLEA: Merezimendua ez da saritzen Espainian. Lapurreta egitea eta lotsagabe izatea saritzen da. Makurkeria guztia saritzen da Espainian.
EHORZLE BAT: Gauzak ez dira hain beltz jarri behar!
BESTE EHORZLEA: Horra Areteko Joan Praixku hori!
EHORZLE BAT: Eta horrek zer lortu du?
BESTE EHORZLEA: Kontxo! Alproja bat izan eta hala ere errege bat bezain ongi bizitzea erdietsi duela, horixe. Horra udal zinegotzi baten alarguna pozarren gozatzen.
EHORZLE BAT: Udaleko lapur bat, zehatz esateko, ezta?
BESTE EHORZLEA: Bai, horrelaxe da. Zer iruditzen zaizu goi mailako andre bat horrelako tipo batekin horrela txolintzea?
EHORZLE BAT: Itsukeriak. Horrela da sexua.
BESTE EHORZLEA: Horra arrakasta duen merezimendua! Eta lege bera guztirako!
EHORZLE BAT: Zuk ezagutzen al duzu andre hori? Andre ona al da?
BESTE EHORZLEA: Emakume guri-guria... Ibiltzean ipurgainak dantzan izaten ditu! Bikaina!
EHORZLE BAT: Hori da zortea, alproja horrena!
(Gurutze eta hilarrien arteko karrika batean aurrera bi itzal datoz elkarrekin hizketan. MAXIMO ESTRELLAren segizioko bi adiskide dira. Ahapeka ari dira hizketan eta patxadaz dabiltza; heriotzari errespetoa dioten tipoak dirudite. Bata BRADOMIN MARKESA keltiarra da, bizar zuri-zuria, eta bizkarrean espainiar kapa bat janzten duen zalduna. Eta bestea, berriz, RUBEN DARIO ameriketako indio sakona da.)
RUBEN: Izugarriro esanguratsua da horrenbeste urte igaro eta gero kanposantu batean elkarrekin topo egitea!
MARKESA: Kanposantuan. Izen horren azpian gure topaketak zentzu berezia hartzen du.
RUBEN: Egia. Ez zimiterio, ez nekropoli. Gramatika ikasteak bezakoxe tristura eta laztura sortarazten duten hitzak dira. Markes Jauna, zer hunkipen sortarazten dizu nekropoli hitzak?
MARKESA: Pedanteria akademiko batena.
RUBEN: Gauza guztien azkena bezala da niretzat nekropoli, lazgarria eta erremediorik gabeko zerbait, hotel bateko gelan itxaropenik gabe hiltzea bezalaxe. Eta kanposantua? Kanposantu hitzak badu argi bat.
MARKESA: Urrezko kupula du. Ruben adiskidea, honen azpian turuta beldurgarria ari da jo eta jo, zorrotz!
RUBEN: Ziurtasun-ezaren beldurrik ez balego, Markes jauna, heriotza maitagarriago izango litzateke askotan. Duela hiru mila urte, ni zoriontsu izango nintzatekeen Atenasen!
MARKESA: Nik ez dut aldatu nahi nire kristau bataioa greziar ziniko baten irribarre bategatik. Nik betierekoa izatea espero dut neure bekatu eta guzti.
RUBEN: Harrigarria!
MARKESA: Grezian bizitza agian nareago izango zen gure bizitza baino...
RUBEN: Gizaki haiek bakarrik jakin dute bizitza jainkotiartzen!
MARKESA: Guk heriotza jainkotiartzen dugu. Unetxo bat besterik ez da bizitza, egia bakarra heriotza da... Eta aukeratzekotan, nik kristauen heriotza nahiago dut.
RUBEN: Espainiar-zaldunaren filosofia harrigarria! Txundigarria! Ez gaitezen gehiago mintza horretaz, Markes jauna!
(Mutu eta isilik doaz. EHORZLEek, lurra zapaldu ondoren, bata bestearen atzetik, zanga-zanga, txongil beretik edaten dute. Hilarri zurien gainetik oso nabarmen agertzen dira bi irudiak euren ingurune beltzez. RUBEN DARIO eta BRADOMIN MARKESA gelditu egiten dira lur mugituaren beltzune aurrean.)
RUBEN: Markes Jauna, nola iritxi zinen zu Maximo Estrellaren adiskide izatera?
MARKESA: Gerra garaian nire ondoan hil zen kapitain karlista baten semea zen Max. Besterik esaten al zuen, ba, berak?
RUBEN: Zuek elkarrekin borroka egin zenutela Mexiko urrutian esaten zuen hark.
MARKESA: Hori da hori fantasia! Nik Mexikoko bidaia egin eta hogeita hamar urte geroago jaio zen Max. Badakizu nik zer adin dudan? Oso gutxi falta zait mende osoa bizkarreratzeko. Nireak laster egingo du, poeta maitea.
RUBEN: Zu betierekoa zara, jaun Markesa!
MARKESA: Horrexen beldur naiz, baina izan pazientzia!
(EHORZLEen itzal beltzak aitzur distiratsuak bizkarrean dituztela, hilobi kaletik hurbilduz datoz. Gertuago eta gertuago!)
MARKESA: Filosofoak ote dira Ofeliarenak bezala?
RUBEN: Markes Jauna, ezagutu al duzu Ofeliaren bat?
MARKESA: Gaztetan neska guztiak Ofeliak dira, Markes Jauna. Adiskide Ruben, izaki hura oso gaztea zen. Eta printzea, printze guztiak bezala, inozo bat!
RUBEN: Ez al duzu maite zuk Willian jainkotiarra?
MARKESA: Nire maisutzat hartu nuen neure lehenengo literatur arinkerietan. Harrigarria da! Filosofo herabe eta neska tuntun batekin tragediarik ederrena paratzea lortu du. Ruben laztana, Hamlet eta Ofelia, bi tipo alai izango ziratekeen gure dramatika espainiarrean. Mutil herabe bat eta neska tuntun bat; Quintero anaia arrakastatsuek zer ez ote zuten egingo!
RUBEN: Hamleten zerbait guztiok daukagu.
MARKESA: Zuk oraindik neskak gorteiatzen dituzu eta. Ni, nire urte-zamarekin, Yokiren burezur izateko gertuago nago.
EHORZLE BAT: Jaun prestuok, irteeraren bila bazabiltzate, etorri gurekin. Istera goaz.
MARKESA: Ruben, zer deritzozu berton gelditzen bagara?
RUBEN: Erokeria!
MARKESA: Jarrai diezaiegun orduan bi hauei.
RUBEN: Gure adiskidearen hilobian gurutze bat jartzeko, nahi al duzu bihar hona itzultzea, Markes Jauna?
MARKESA: Bihar! Kristau sentimendu hori ahantzia edukiko dugu bihar, zuk eta biok.
RUBEN: Agian!
(EHORZLEen urratsen bidean segitzen dute isilik atzera geratuz eta haiek hilobi kaleen angeluetara iristean, gelditu egiten dira itxaroteko.)
MARKESA: Urteek ez didate laguntzen azkarrago ibiltzen.
EHORZLE BAT: Aitzakiarik ez jauna.
MARKESA: Mendea osatzeko gutxi falta zait.
BESTE EHORZLEA: Makina bat hileta ikusiko zenuen!
MARKESA: Zuek baino gehiago agian, lanbide honetan oso zaharrak ez bazarate. Eta jende asko hiltzen al da urte sasoi honetan?
EHORZLE BAT: Lanik ez zaigu falta. Haurrak eta zaharrak.
BESTE EHORZLEA: Hosto-erortze garaiak beti dakar berea.
MARKESA: Hileta bakoitzagatik ordaintzen al dizuete?
EHORZLE BAT: Hiru pezetako soldata ematen digute, gertatzen dena gertatu. Gaur bizimodua nola dagoen jakinik, ezta jateko adina ere. Zertxobait gehiago ere katigatzen da inoiz eskutan. Oro har, mixeri gorria.
BESTE EHORZLEA: Zortea da funtsezkoa. Hori da lehen gauza.
EHORZLE BAT: Familia batzuek, euren senitarteko bat lurperatu ondoren, hildakoaren hilobia zaintzeagatik zerbait ordaintzen dute, sos bat, edo bi edo erdia. Izaten dira agindu eta gero ordaintzen ez dutenak ere. Familia gehienek lehen hilabetetan ordaintzen dute. Eta urte osoa ordaintzen duena, ehunetik bat. Saminak gutxi irauten du!
MARKESA: Emakume alargun kontsolagaitzik ez al da izaten?
EHORZLE BAT: Bat bera ere ez! Baina hori ere gerta liteke inoiz.
MARKESA: Artemisa eta Mausoleo badirenik ere ez duzue entzun?
EHORZLE BAT: Ez, nik ez sekula.
BESTE EHORZLEA: Leku honetara datozen ahaideak hainbeste izanik, ez da erraz denak ezagutzea.
(Oso geldo dabiltza. RUBENek, pentsakor, gutun baten kartazalean izen bat idazten du. Iritsi dira, burdinesi beltzak karranka egiten du. MARKESak, onbera izaki, marfilezko bere eskua atera kapapetik eta lurperatzaileen artean diru pixka bat banatzen du.)
MARKESA: Mitologiarik ez dakizue, baina bi filosofo estoiko zarete. Hileta asko ikus dezazuela.
EHORZLE BAT: Halaxe gerta dadila! Mila esker!
BESTE EHORZLEA: Berdin. Zure esanetara, jauna.
(Bonetak erantzirik, agur egin eta joan egiten dira. BRADOMIN MARKESA, irribarrez, kapapean kirikiltzen da. RUBEN DARIOk eskuan dauka kartazala, non idatzi baititu lerro batzuk. Markes zaharraren kotxea kanposantura hurbiltzen da arbasta batzuen babesa utzirik.)
MARKESA: Bertsoak al dituzu, Ruben? Irakurriko zenizkidake?
RUBEN: Ongi bukatutakoan. Munstruak besterik ez dira oraindik.
MARKESA: Ruben laztana, euren prozesu osoan argitaratu behar lirateke bertsoak, zuk munstro deitzen duzun unetik hasi eta azken era hartzerainokoan.
Orduan izango lukete balioa akuaforteren aprobak bezala. Baina zuk ez al dizkidazu irakurri nahi?
RUBEN: Bihar, jaun Markesa.
MARKESA: Nire urteekin, eta hilerriko ate aurrean bihar hitza ez da ahoskatu behar. Beno, igo gaitezen kotxera, oraindik bidelapur bat ikusi behar dugu eta. Nire oroitzapen eskueskribua, argitaratzaile bati saltzen lagundu behar didazu. Dirua behar dut. Nire Pazo Bradominera baztertzeko ideia malapartatua izan nuenetik erabat lur jota nago. Ez naute hondatu andrazkoek, asko maitatu baditut ere; ez, nekazaritzak suntsitu nau.
RUBEN: Harrigarria!
MARKESA: Ni hil ondoren argitaratuko dira nire Oroitzapenak. Neure hezurdura salduko banu bezala saldu behar ditut. Lagun diezaiogun elkarri.
Azken agerraldia
(PIKA LAGARTOSen Taberna. Argitzala azetileno dardarati batekin. DON LATINO DE HISPALIS, barraren aurrean dago, hitz eta pitz ari da PAY-PAYko JOAN PRAIXKU gonbidatuz. Estropezuka eta balantzaka, alamena ematen dio.)
DON LATINO: Adiskidea, edan! Zuk ez duzu ezagutzen nire bihotzean gainezka dudan nahigabea! Edan! Tantarik lagatzeke edaten dut nik!
JOAN PRAIXKU: Peto-petoa ez zarelako.
DON LATINO: Gaur lurperatu dugu Espainiako lehen poeta. Lau adiskide kanposantuan! Azkena! Etxe Adituko ordezkari bat bakarrik ere ez! Zer deritzozu, Venantzio?
PIKA LAGARTOS: Zuk nahi duzuna, Don Lati.
DON LATINO: Jeinuak bere argiz distiratzen du! Ez al da horrela mutil?
JOAN PRAIXKU: Baietz, Don Latino.
DON LATINO: Nik neuk hartu dut haren idazkiak argitaratzeko ardura. Ohorezko lana! Haren fideikomisoa naiz! Miserableak liburuaren pareko den nobela sozial bat laga digu. Haren fideikomisoa naiz. Eta lan guztien etekin osoa, familiarentzat. Eta lanak argitaratzearren lur jotzen badut ere, ez zait axola. Adiskidetasunaren betebeharrak dituzu horiek! Gaueko erromesa bezala, nire itxaropen hilezkorrak, ez du behera begiratzen! Jaunok, Adituen ordezkaritza lipitzik ere ez! Baina, hori bai, lau adiskideak, lau pertsonaia ospetsu. Gobernuko Ministroa, Bradomin, Ruben eta neu, laurok. Ez al da horrela, Gazte?
JOAN PRAIXKU: Niri berdin zait, Infanta bera ere han izan zela esan nahi baduzu.
PIKA LAGARTOS: Politika bertan egon zela Don Maxen hiletan esatea, gehiegikeria iruditzen zait. Eta hori aldarrikatzen baduzu, ondorio gaiztoak ekar ditzake zuretzat.
DON LATINO: Nik ez dut gezurrik esaten! Gobernazioko Ministroa kanposantuan egon zen! Elkar agurtu genuen!
TABERNAKO MUTILA: Fantomas izango zen!
DON LATINO: Hi txoriburu, isilik. Don Antonio Maura han izan zen doluminak ematen Galloren etxean!
JOAN PRAIXKU: Jose Gomez, Gallito, astro bat izan zen eta zezen-plazan hil zen, guztiz ongi toreatzen ari zela, tauromakiako errege izan baitzen.
PIKA LAGARTOS: Eta Terremoto, hots, Juan Belmonte?
JOAN PRAIXKU: Intelektual bat!
DON LATINO: Txo, beste erronda bat! Nire bizitzako egunik tristeena da gaurkoa! Adiskide min eta maisua galdu dut! Horregatik edaten dut, Venantzio.
PIKA LAGARTOS: Don Lati, kontua oso gora doa eh! Araka zure patrika ea zenbat diru duzun aldean. Bestela gero...!
DON LATINO: Zu eta zeure taberna erosteko adina diru dut patrikan.
(Eta berokiaren barren-barrenetik eskutada bat bilete ateratzen du eta barraren gainera botatzen; txuloaren zeharkako begirada eta Venantzioren keinu txunditupean TABERNAKO MUTILA makurtu egiten da mozkorraren hanka zikinen artera erori den biletea harrapatzera. PISA BIEN, neskatoa, tabernako izkina batean goibel dagoelarik, bekokitik xingola kenduta, barrarantz abiatzen da hura ikusteko.)
TABERNAKO MUTILA: Don Lati, ondareren bat hartu al duzu?
DON LATINO: Pezeta gutxi batzuk zor zizkidaten eta ordaindu egin dizkidate.
PIKA LAGARTOS: Ez dira gutxi batzuk.
PISA BIEN: Zozketako hamar mila!
DON LATINO: Zerbait zor al dinate?
PISA BIEN: Noski! Nik saldu nuen dezimoa kobratu duzu.
DON LATINO: Ez da egia.
PISA BIEN: 5775a.
TABERNAKO MUTILA: Zenbaki horixe bera zeraman aldean Don Maxek!
PISA BIEN: Ez zuen nahi izan eta Don Latik kendu zion. Eta xuhur hori ez da gauza izan eskupeko bat emateko ere.
DON LATINO: Erabat ahantzita nengoen!
PISA BIEN: Bai oroimen eskasa zurea.
DON LATINO: Emango dinat.
PISA BIEN: Zuk ikusi zer egiten duzun.
DON LATINO: Fida hadi nire eskuzabaltasunaz.
(Tabernako mutila, ugazabaren atzeko aldera pasatzen da eta disimuluan hari amantaletik tira egiten dio. PIKA LAGARTOSek kaxoia itxi egiten du eta mutilarekin bateratu ilunpean, non pilatuak baitaude larruak. Bizi-bizi eta sekretuan dira mintzatzen, baina begia eta belarria aurreko barratik kendu gabe. PISA BIEN DON LATINOri keinuka ari da.)
PISA BIEN: Don Lati, loteriako hamar mila horiekin hornituko nauzu, ezta?
DON LATINO: Etxebizitza erosiko dinat.
PISA BIEN: Aupa gizonak!
DON LATINO: Krispin, seme, kopa bat anisete andre honentzat.
TABERNAKO MUTILA: Oraintxe, Don Lati!
DON LATINO: Zer, aitortzen ari al zara?
PISA BIEN: Benetan maitagarri zaude Don Lati! Oso atsegina zara! Beno, ez egin atximurka.
MUTILA: Kontuz, Don Latino, kapital horiek arriskuan daude.
PISA BIEN: Erdibana genuen bada dezimoa! Don Latik bat eta erdi eta nik zuen mirabe honek sei erreal.
DON LATINO: Enriketa, hori lapurreta da!
PISA BIEN: Ihes plantak laga buruzuriarentzat! Egin berriro ere atximurka! Aker ero bat ematen duzu!
MUTILA: Neskatxi hori ez zaizu komeni.
PISA BIEN: Astebetean lurperatuko nuke.
DON LATINO: Ikusteko dago hori.
JOAN PRAIXKU: Berotasuna pasatuxea duen andrea komeni zaizu zuri.
PISA BIEN: Zuri nire ama komeni zaizu. Baina nire ama alargun zintzoa da eta Pasa karrikatik igaro behar du batek harekin zerbait lortzeko.
DON LATINO: Maitasun askearen apostolua naiz ni.
PISA BIEN: La Corres-en iragartzen den zaldun prestua izateko, nire ama eta biokin bat egin behar duzu. Nekea besterik ematen ez zuen ostalari bat aspertu egin da eta gela bat laga du, zuretzat aproposa. Nora zoaz, Don Lati?
DON LATINO: Kanila irekitzera. Berehalaxe itzuliko naiz. Ez beldurtu, maitea. Itxaron.
PISA BIEN: Emakume jeloskorra naiz, Don Lati. Lagundu egingo dizut.
(Mutilarekin zituen txutxu-mutxuak bukatu eta jauzi batean taberna igaroko du PIKA LAGARTOSek: Atalasean heltzen dio mozkorrari berokiaren lepotik. Begiak dir-dir ditu DON LATINOk, ahoa oker eta besoak xabal-xabal txorimalo batek bezala.)
DON LATINO: Ez zaitez basatia izan!
PIKA LAGARTOS: Hitz egin behar dugu. Hildakoak hiru mila errealetik gorako zorra utzi du hemen, kontua ikusiko dugu gero, eta nire ustez zuk ordaindu behar duzu.
DON LATINO: Zergatik?
PIKA LAGARTOS: Maltzur bat zarelako; eta ez dezagun luzatu hizketa.
(PAY-PAY GAZTEA, sigi-sagaka hurbildu egiten da. Jakinaren gainean dagoela adierazten du propio, eztula egin eta eztarria garbituz bezala, boneta okertzen du. ENRIKETAk bere xala haizatzen du eta ezkutuan labanatxoa irekitzen.)
JOAN PRAIXKU: Hemen guztiok begiak oso argi ditugu eta bilete sorta hori ikusteko eskubidea badugula uste dut.
PISA BIEN: Don Lati eta biok besotik helduta goaz.
JOAN PRAIXKU: Fantasia!
PIKA LAGARTOS: Hi liskargile, gorde tresna hori eta ez hasi borroka bila.
JOAN PRAIXKU: Zuk seguruen, banku-lapurreta egin duzu, Don Lati!
DON LATINO: Noski.
PISA BIEN: Izorra zaitzatela, Nikanor! Loteria tokatu zaio Don Latiri 5775ko dezimoan. Neuk saldu nion!
PIKA LAGARTOS: Mutilak eta biok ikusi dugu. Ez al da hori egia, gazte?
TABERNAKO MUTILA: Bai, horrelaxe da!
JOAN PRAIXKU: Miau!
(PAKONA, Mutxurdin kontakatilu bat, egunkari-saltzailea bera, egunkari sorta bat besoan duela tabernara sartu da eta El Heraldoren ale bat uzten du barran. Sartu den bezala egiten du irteera ere, dena usnatuz eta hitzik gabe. Atera iristean hasten da berriro pregoia oihukatzen izarrei begira.)
EGUNKARI-SALTZAILEA: Heraldo de Madrid! Corres! Heraldo! Bi emakumeren heriotza misteriotsua Bastardillos Kalean! Corres! Heraldo!
(DON LATINO taldetik irten eta barrara hurbiltzen da zaputz eta enigmatiko. Lanpararen argi zirkuluan egunkaria bi aldetara zabalduz Bastardillos kaleko gertakariari kazetariak jartzen dizkion tituloak irakurtzen hasten da. Besteek barrezka begiratzen diote, agure zoro bat balitz bezala.)
DON LATINOREN IRAKURKETA: Sutontziko bafada. Bi emakume asfixiatuak. Auzotar batek dioena. Bizenta andreak ez daki ezer. Krimena ala suizidioa? Misterioa!
TABERNAKO MUTILA: Don Lati, ikus egunkaria berriro, ea emakumeen izenik jartzen duen.
DON LATINO: Ikustera noa.
JOAN PRAIXKU: Inozoa, ez estutu zure burutzarra, arlote hori!
PISA BIEN: Don Lati, goazen.
TABERNAKO MUTILA: Egingo nuke apustu, bi emakume zendu horiek Don Maximoren andrea eta alaba direla!
DON LATINO: Erokeria! Zergatik egin behar zuten euren buruaz beste?
PIKA LAGARTOS: Estuasun handiak jasaten zituzten!
DON LATINO: Ohituak zeuden. Esplikazio bat bakarra izango luke horrek. Astroaren desagertzeak sortutako samina!
PIKA LAGARTOS: Zuk lagun zenitzakeen orain biak.
DON LATINO: Noski! Gainera nik daukadan bihotzarekin, Venantzio!
PIKA LAGARTOS: Tirabira bat da mundua!
DON LATINO: Esperpento bat!
MOZKORRA: Kaskezur pribilegiatua!
© R.M. Valle-Inclán
© itzulpenarena: Anastasio Esnaola