XXXVI

 

        Joaquinek jarraitzen zuen Joaquintxo bere bilobaren gorputz eta arimaren hazierak ematen zion larritasun gaitz berarekin. Nora aterako zen? Noren antza izango zuen? Zein odoletakoa zen? Kontu txikitan hasi zenean batipat ematen zion hau galdetzeari.

        Aitona aztoratu egiten zuen beste aitonak, Abelek, biloba eduki zuenetik, bere semearen etxera sarri joateak eta haurtxoa berera eramatea eskatzeak. Bekaizti alen hari —halakotzat zutena bere errainaren aitak eta bere semeak ere— bihotza biguntzen zitzaiola zirudien eta baita umetu ere haren aurrean. Marrazkiak egitera joaten zitzaion, eta haurrak atsegin zuen hau. «Aitonatxo, santuak!», eskatzen zion. Eta Abel ez zen aspertzen txakur, katu, zaldi, zezen, giza irudiak egiteaz. Orain eskatzen zion zalduna, gero bi haur borrokan, Lime bat korrika atzean txakurra doakiola, eta irudiak errepikatzea.

        — Ez diat inoiz ere hain gustora lan egin —esaten zuen Abelek—; hau duk arte hutsa eta gainontzekoa... hutsaren hurrengoa baino ez!

        — Marrazki liburu bat egin dezakek haurrentzakoa —esan zion Joaquinek.

        — Ez, horrek ez dik xarmarik, haurrentzat... ez! Hori ez huke artea, baizik...

        — Pedagogia —esan zuen Joaquinek.

        — Hori bai, zerbait izatekotan, baina artea ez. Hau duk arrea, hau; gure bilobak ordu erdi barri puskatuko dizkian marrazki hauek.

        — Eta nik gordez gero? —galdetu zuen Joaquinek.

        — Gorde? Zertarako?

        — Hire osperako. Entzun diat ez zekiat zein pintore ospetsuri argitaratu dizkiotela bere semeei alaitzeko egin zizkien marrazkiak, eta hauek direla berak egin duen lan onena.

        — Nik ez dizkiat egiten gero argitaratuak izateko, ulertzen? Eta ospeari dagokionez, hire isilkeria den horri dagokionez, Joaquin, jakin ezak bost ajola zaidala hori.

        — Itxurati hori! Hori duk eta arduratzen hauen gauza bakarra...

        — Bakarra? Gezurra zirudik orain esateak. Gaur arduratzen nauena haur hau duk. Eta artista handia izango duk!

        — Jaso dezala heure argitasuna, ez?

        — Eta heurea!

        Aitonen arteko borroka ulertzen ez zuela begiratzen zuen haurrak, baina zerbait igarriz hauen jarreretan.

        — Zer dik nere aitak —galdetzen zion Joaquini bere suhiak—, bilobarekin txotxotuta egoteko, neri jaramonik egin ez zidan horrek? Ez diat gogoratu ere egiten ni haurra nindukala halako marrazkiak egiten zizkidanik...

        — Zahartzen ari gaituk, seme —erantzun zion Joaquinek—, eta zahartzaroak asko irakasten dik.

        — Lehengo egunean, haurrak zerbait galdetuta, negarrez ere ikusi nian. Hau duk, malkoak jauzi zitzaizkioan. Ikusi dizkiodan lehenak.

        — Tira! Bihotzekoa duk hori!

        — Nola?

        — Hire aita dagoeneko urteen joanak eta lanak eta arterako etorrirako ahaleginek eta zirrarek, murriztu diotela bihotzeko indarra eta edozein egunetan...

        — Zer?

        — Emango diala, hau da, emango digula ezusteko bat. Eta pozten nauk hau esateko aukera izateaz, esatea pentsatuta banian ere. Jakinarazi Helenari, hire amari.

        — Bai, bera nekeaz kexu duk, arnasestuz. Izango duk... ?

        — Hori duk. Hik jakin gabe begiratzeko eskatu zidak, eta begiratu diat. Zaindu egin behar duzue.

        Eta hala eguraldia garraztu orduko Abel etxean geratzen zen eta bertara eramanarazten zien biloba, honek nahigabetzen zuela egun osorako, beste aitona. «Mainatzen ari zain —zioen Joaquinek; kendu egin nahi dit bere maitasuna; lehenengoa izan nahi du berak; bere semearekin egindakoaren mendekua hartu nahi du. Bai, bai, mendeku nahia da, mendeku nahia soilik. Kendu egin nahi dit geratzen zaidan pozgarri hau. Berriz ere bera da, bera, bera, lagunak kentzen zizkidana gazte ginela.»

        Eta Abelek bitartean bilobari esaten zion asko maitatzeko Joaquin bere aitona.

        — Gehiago maite zaitut zu —esan zion behin bilobak.

        — Ez, bada! Ez nauzu ni maitatu behar bera baino gehiago; berdin maitatu behar dira guztiak. Lehenengo aita eta ama, gero aitonak eta guztiak berdin. Joaquin aitonatxoa oso ona da, asko maite zaitu, jostailuak erosten dizkizu...

        — Zeuk ere erosten dizkidazu...

        — Ipuinak esaten dizkizu...

        — Nahiago ditut zuk egiten dizkidazun marrazkiak... Tira, marraztuidazu zezen bat eta zalduna!

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia