XXXV

 

        Haurra hartzen zuen Antoniak, bere amonak, zaintzen zuenak, eta bularrean jarriz babesteko bezala eta zoritxarren bat igarriko balu bezala esaten zion: «Egizu lo, semetxo, egizu lo, zenbat eta gehiago egin orduan eta hobe izango da eta. Osasuntsu eta sendo haziko zara horrela. Eta gero ere, hobe zaudela esan baino, batez ere etxe honetan. Zein izango duzu etorkizuna? Jainkoak gorde zaitzala bi odolak zure barruan borrokan badiraute!» Eta haurra lotan zela, amonak, besotan zuela, otoitz egin eta otoitz egin.

        Eta hazten zihoan haurra Aitormena eta Oroitzapenekin batera eta amaren aldetiko aitonaren pintore ospearekin batera. Abelen ospea inoiz ere ez baitzen izan ordukoa bezain handia. Eta hau, bere aldetik, ez zirudien bere ospeaz gain beste ezerk arduratzen zuenik.

        Behin, gogoz jarri zituen begiak bilobarengan eta goiz batetan lo ikusi zuenean esan zuen. «Bai modelo ederra!» Eta album bat hartuta, lo zegoen haurraren irudia egiteari eman zion.

        — Penagarria da —esan zien— ez edukitzea hemen nere paleta eta margoak! Argiak masailean, melokotoizkoa dirudien horretan ematen dion distira zoragarria da. Eta ilearen kolorea! Eguzki izpiak dirudite bere ile kizkurrek!

        — Eta gero —esan zuen Joaquinek—. Nola deituko hioke koadroari? Bihotz garbia?

        — Koadroei izenburuak jartzea idazleei zegokiek, sendagilearen zeregina den bezala gaisotasunei izenak ematea, nahiz eta hauek ez sendatu.

        — Eta nork esan dik, Abel, medikuntzaren helburua gaisotasunak sendatzea dela?

        — Zein duk, bada, orduan?

        — Hauek ezagutzea. Ezagutzea duk zientziaren helburua.

        — Uste nian sendatzeko ezagutzen hituela. Zertarako diagu zintzotasunaren eta gaiztotasunaren zientziaren fruitua frogatzea ez bagituk gaisotasunaz aske geratuko?

        — Eta zein duk artearen helburua? Zein duk gure bilobari egin berri dioan irudiaren helburua?

        — Bere baitan dik helburua horrek. Gauza polita duk eta nahikoa duk.

        — Zer duk polita? Hire irudia edo gure biloba?

        — Biak.

        — Hire irudia Joaquintxo baino ederragoa dela uste duk?

        — Hi beti hireari? Joaquin! Joaquin!

        Eta Antonia etorri zen eta sehaskatik hartu zuen haurra, aitona bat zein bestearengandik babestu nahiz bezala. Eta esaten zion: «Ai, seme, semetxo, ene seme, Jainkoaren bildots, etxeko argia, errurik gabeko aingerutxoa, ez zaitzatela irudika, ez zaitzatela senda! Ez zaitez pintorearen modelo izan, ez zaitez sendagilearen gaiso izan!... Utz itzazu bere arte eta zientziarekin eta zatoz zure amonatxorekin, zu, ene kuttuna, kuttuna, kuttuntxoa, ene kuttuntxoa! Zeu zara nere kuttuna; zeu zara gure kuttuna, zeu zara etxe honetako argia. Nik erakutsiko dizut aitonen alde otoitz egiten eta Jainkoak entzungo dizu. Zatoz nerekin, kuttuntxo, kuttun, bildots garbia, Jainkoaren bildotsa!» Eta Antoniak ez zuen ikusi nahi izan Abelek egindako zirriborroa.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia