XXXIV

 

        Eta jaio zen Abel eta Joaquinaren semea, barruan nahastuta zeramatzanak Abel Sánchez eta Joaquin Monegroren odolak.

        Lehenengo gatazka, jarri behar zitzaion izena zela eta sortu zen; Joaquin nahi zuen amak, Abel Helenak, eta honen semeak, Abelek, Abeltxok eta Antoniak, erabakia Joaquinen eskutan utzi zuten, eta bera izango zen izena erabakiko zuena. Eta borroka izan zen Monegroren gogoan. Gizon berri bati izena ematea bezain erraza den ekintza bat, etorkizuna erabakiko zuen zerbait bilakatu zen honentzat, zoritxarreko sorginkeria bat. Izpiritu berriaren etorkizuna erabakitzera zihoala zirudien.

        «Joaquin —zioen honek—, Joaquin, bai, nik bezala, eta gero Joaquin S. Monegro izango da eta S. hori ere ezabatuko du, Sánchez gogaigarria murriztean geldituko den S. hori, eta desagertuko da bere izena, bere semearena eta bere jatorria nerean murgilduta geratuko da... Baina, ez ote da hobe Abel Monegro izatea, Abel S. Monegro, eta horrela Abel izena garbi geratzea? Abel da bere aitona, Abel da bere aita ere, nere suhia, nerea dena, nerea den Abel, nik hezi dudana. Eta zer ikusia du Abel izena jartzeak, bera, bestea, beste aitona, ez bada izango Abel eta ez bada inork ere izen horrekin ezagutuko, nik oroimenetan jartzen diodanarekin baizik, nik kopetean suz jartzen diodan izenarekin? Baina ez...»

        Eta zalantzan zebilen bitartean, Abel Sánchez izan zen, pintorea, arazoa konpondu zuena:

        — Joaquin izan bedi. Abel aitona, Abel alta, Abel semea, hiru Abel..., gehiegitxo dira! Gainera ez dut gogoko, kaltetu izena da hori...

        — Onartu huen, bada, hire semeari jartzea —ostera Helenak.

        — Bai, hartan tematu hintzen hi, eta kontra ez egitearren... Baina pentsa ezan sendagile izan ordez pintore izan bahunan, orduan... Abel Sánchez Zaharra eta Abel Sánchez Gaztea...

        — Eta Abel Sánchez batek bakarrik izan behar dik... —ihardetsi zuen Joaquinek.

        — Hamaika bazeudek ere, berdin zaidak —esan zuen hark—. Ni beti izango nauk ni.

        — Eta nork jartzen dik zalantzan? —esan zuen lagunak.

        — Tira, tira, izan bedi Joaquin, eta kitto!

        — Eta ez bedi izan pintore, e?

        — Eta ezta sendagile ere —bukatzeko Abelek, itxurazko txantxa jarraitzen zuenaren itxura eginez. Eta Joaquin jarri zioten izena.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia