XXXII

 

        — Baina, esaidak —esaten zion behin Joaquinek suhiari—, nola ez zitzaioan bururatu hire aitari pinturarekiko zaletasuna piztea hiri?

        — Ez zaidak inoiz ere gustatu.

        — Berdin dik; berezkoa zirudikan hark bere artera bultzatu nahi izatea...

        — Ba ez, ostera, egia esan, ez zian gustoko nik horren ardura edukitzea. Inoiz ere ez nindikan bultzatu haur nindukala haurrengan berezkoa dena egitera, irudi eta marrazkiak egitera alegia.

        Arraroa duk..., arraroa duk... —isilpean Joaquinek—. Baina...

        Abel aztoratuta sentitzen zen bere suhiaren aurpegiko imintzioa ikusita, bere begien argi lausoa ikusita. Barrutik zerbaitek kilikatzen zuen, mingarria zen eta kanporatu nahi zuen zerbaitek; pozoien bat, zalantzarik gabe. Samurtasun garratzez beteriko isilunea jarraiki zitzaion azken hitz hauen ondoren. Eta Joaquinek eten zuen esanez:

        — Ez diat ulertzen hi ez bultzatu izatea pintore izatera...

        — Ez, ez zian nahi ni bera bezalakoa izatea...

        Beste isilune bat, Joaquinek eten zuena hau ere, behartuta bezala aitormen bat egitera ausartzen denak bezala oihukatuz:

        — Bai, ulertzen diat bada!

        Arrazoia zehazki jakin gabe, Abel dardarka hasi zen bere aitaginarrebak hitz hauek esatean erabilitako doinu eta ozentasuna entzutean.

        — Zergatik?... —galdetu zuen suhiak.

        — Ez..., ezergatik... —eta bestea bere baitan gorde zela zirudien.

        — Esaidak! —erregutu zuen suhiak—, Joaquinek eskatuta hika hitzegiten ziola aita eta lagunari bezala— lagun eta kide!—, nahiz eta eskatzen zuena esango ote zionaren beldur izan.

        — Ez, ez; ez diat nahi gero esatea...

        — Hori okerragoa duk, bada, aita, dena esatea baino. Gainera, igarri dutelakoan niagok...

        — Zer? —galdetu zuen aitaginarrebak, begirada begietan tinkatuz.

        — Agian nik denboraren joanean bere ospea itzaliko nionaren beldurra ziala...

        — Bai —ihardetsi zion barru barrutik Joaquinek—. Bai, hori duk!... Abel Sánchez semea, edo Abel Sánchez Gaztea! Eta gero Jendeak hire aita huelako oroitzea bera eta ez hi bere semea haizelako. Familiartean behin baino gehiagotan ikusitako trajedia duk... Seme batek aitari itzal egitea...

        — Baina hori... —esan zuen suhiak zerbait esatearren.

        — Hori bekaizkeria duk, seme, bekaizkeria besterik ez.

        — Seme batekiko bekaizkeria!... Eta aita batek gainera!

        — Bai, berezkoena duk. Bekaizkeria ez duk ematen elkar ezagutzen ez dutenen artean. Ez gaituk kanpotarren bekaizti, eta ezta beste garaikoena ere. Ez gaituk beste lurraldetakoen bekaizti, baizik eta herri berekoena; ez zaharrena, beste belaunaldi batekoena, baizik eta garaikideena, kidearena. Eta bekaizkeria latzena anaia artekoa. Zerbaitetarako duk Cain eta Abelen elezaharra. Ezinikusi latzenak anaiak, baten emaztea, koinata, begiratu diala uste dialako sortutakoak dituk, hago ziur... Eta guraso eta seme-alaben artean sortutakoak...

        — Baina, eta bien arteko adin desberdintasuna?

        — Berdin dik! Sortu genian hura guri itzal egitera iristea...

        — Eta irakasle ikasleen artean? —galdetu zuen Abelek.

        Joaquin isildu egin zen eta begirada tinkatuz azpian lurra igartzen zuela eta honekin hitz eginez bezala gehitu zuen:

        — Argi zegok, bekaizkeria odolberekotasun era bat duk.

        Eta ondoren:

        — Baina beste zerbaitetaz hitzegingo diagu, eta guzti hau, seme, esan ez banian bezala. Entzun duk?

        — Ez!

        — Nola ezetz?...

        — Ez dudala entzun lehen esandakoa.

        — Neuk ere entzun izan ez banian hobe! —eta negarra zerion ahotsari.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia