XXXI

 

        Alabaren ezkontzarekin eguzkia, udaberriko eguzkia sartu zela zirudien Joaquinen etxe hotzean eta orduan hasi zen honen bizia. Bere bezeroak suhiari utzi zizkion, larrialdietan laguntza bezala bera joaten zitzaiolarik eta behin eta berriro esaten zuelarik bere esanetara aritzen zela hura.

        Aitaginarrebaren, aita deitzen zionaren, hika hitzegiten zionaren idaztiekin eta ahozko azalpen eta argitasunekin osatzen zuen Abeltxok liburua, Joaquin Monegro sendagilearen ezagutza zientifikoa jasotzen zuen liburua, eta Joaquinek berak ere eman ezingo zion begirunezko kurtuaz osatu gainera. «Hobe izan da, bai —pentsatzen zuen Joaquinek—, lan hura beste batek idaztea, Platonek Socrateren dotrina azaldu zuen moduan!» Berak ezin zuen, gogoa askatuz eta harrotasun itxurarik eman gabe, ondorengoen txaloak, orain lortezinak uste zituenak bortxatzeko ahaleginak egiten zituenaren itxura eman gabe; berak ezin zuen goraipatu bere jakituria eta trebetasuna. Bene ihardun literarioa beste ahaleginetarako gordetzen zuen.

        Orduan hasi zen idazten, hain zuzen, bere Aitormena, horrela aipatzen zuena, alabari eskaini ziona eta honek bera hil ondoren ireki zezan idatzi zuena. Bere barne borroka eta bere bizitza bete zuen grinaren arteko borroka zen Aitormenak azaltzen zuena, zentzumena ernatu zitzaionetik deabruaren aurkako borroka, hau idazten zuenean ere bere burua menperatzen zuenaren aurkakoa. Aitormena alabari eskainia zela zioen baina, erabat barneratuta zuenez bere grinazko bizitza eta bizitzaren grinaren indar tragikoa, itxaropena zuen egunen batetan bere alaba edo bilobek munduari erakutsiko ziotela, onespen eta izuz harrituta gera zedin heroe haren aurrean, bere ingurukoek ondo ezagutu ez zutela bizi izan zenaren aurrean. Izan ere, Joaquinek aparteko izpiritutzat zeukan bere burua eta horregatik oinazetua era samina jasateko besteak baino gaitasun handiagokoa, jainkoak aurrez hautatutakoen seinaleaz markatua jaiotzean.

        Nere bizitza, ene alaba —idazten zuen Joaquinek—, sutan izan da beti, baina ez nuke emango beste batenaren truke. Inork ez bezala, baina besteek baino gehiago jasan izan dut munduko maitasun eta zorionaren justizia eza. Ez, ez, zure senarraren gurasoek nerekin egindakoa ez zen izan ez bihozbera eta ezta zintzoa ere; gaiztoa izan zen; baina okerragoa izan zen, askoz ere okerragoa guztiek, haurra nintzenetik eta konfidantza osoz lagun hurkoaren laguntza eta maitasuna bilatu dudanetik aurkitu ditudan guztiek egindakoa. Zergatik baztertzen ninduten? Zergatik hartzen ninduten hotz eta hortara beharturik baleude bezala? Zergatik zuten nahiago buruarina, ajolagabea, berekoia zena? Guztiek, guztiek garraztu didate bizitza. Eta ulertu egin nuen mundua berez dela bihozbera eta ni ez nintzela ni bezalakoen artean jaioa. Hau izan zen nere zoritxarra, ez izatea ni bezalakoen artean jaioa. Nere ingurukoen zitalkeriak okerbidetu ninduen.»

        Eta Aitormena idazten zuen bitartean beste obra bat prestatzen zihoan, hark hutsegitekotan, bere herriko eta odolbereko burutsu hilezkorrak zirenen harrilobirako sarrera izango zena. «Sendagile zahar baten oroitzapenak» litzateke izenburua eta bertan azalduko litzateke munduko jakituriaren uzta, grinen uzta, bizitzarena, tristeziaren pozoia eta agian baita ezkutuko heriotzena, guztiak bere sendagile ihardunean jasotakoak. Bizitzaren ispilua, baina honen mamitxarrena eta beltzenarena, giza azpikerien zuloetara jaitsiera; gol mailako literatura liburua eta filosofiazkoa aldi berean. Han utziko luke agerian arima bere buruaz hitzegin gabe; han, besteren arimak agerian uzteko utziko luke berea agerian; han barruko luke bizi behar izan zueneko mundu zitalarekiko mendekua. Eta jendeak, bere buruak horrela ikustean, agerian, mirestu egingo luke lehenengo eta ondoren eskertu egingo lioke arima agerian utzi zituenari. Eta han, fikziozko izenak emanaz, betirako izango zen Abel eta Helenaren irudia egingo luke. Era bere irudiak Abelek egindako guztiak baino gehiago balioko luke. Eta bakarka, atsegina hartzen zuen pentsatzean Abel Sánchezen irudi literarioa nola egin asmatuz gero betikotu egingo lukeela bere koadro guztiak baino gehiago, etorkizuneko hizlariak eta jakintsuak aurkituko luketela fikziozko izenpean, pertsonaia historikoa. «Bai, Abel, bai —zioen Joaquinek bere buruari—; hainbeste borrokatu duzuna lortzeko zure aukera, borrokatu duzun gauza bakarra, arduratzen zaituen gauza bakarra lortzeko aukera, ni mespretxatzeko edo okerrago, neri jaramonik ez egiteko eduki zenuen arrazoia aurkitzeko aukera; ondorengoen gogoan betirako sartzeko aukera, ez dira zure irudiak, ez! baizik eta nere idazlumaz zaren bezala irudikatzen jakitea. Eta jakingo dut, jakingo dut ezagutzen zaitudalako, jasan zaitudalako, nere gogoan eraman zaitudalako bizitza osoan. Betirako sartuko zaitut ondorengoen gogoan, eta ez zara Abel Sánchez izango, ez, baizik eta nik aukeratzen dudana. Eta pintore bezala zutaz hitzegiten dutenean, jendeak esango du: «A, bai, Joaquin Monegrorena!» Nerea izango baitzara horrela, eta bizirik iraungo baituzu nere obrak irauten duen bitartean, eta zure izena lurraren pare ibiliko da, lokatzetan, berearen atzean arrastaka, Danteren atzean doazen bezala Infernuan jarri zituenak. Eta bekaizkeriaren irudia izango zara.»

        Bekaiztiarena! Pentsatzeari eman zion Joaquinek, Abeli bizia ematen zion grina, berekoi itxurapean gordetzen zena, bekaizkeria zela, Joaquinenganako bekaizkeria, bere bekaizti zelako kentzen ziola gaztetan lagunen begirunea, bekaizkeriaz kendu ziola Helena ere. Eta, nolatan utzi zion bada, semea kentzen? «A —zioen Joaquinek—, bera ez da arduratzen semeaz, bere aipuaz baizik, bere ospeaz; ez du sinesten haragi berekoengan biziko dela, bere koadroak miresten dituztenengan baizik, eta horregatik uzten dit bere semea, bera ospearekin bakarrik gelditzeko! Baina nik agerian utziko dut!»

        Kezkatu egiten zuen Oroimenak idazten hasi zeneko adina, berrogeitamabost urtetara iritsia, baina Cervantesek ere ez al zuen berrogeitamazazpi urterekin hasi Quijote? Eta aztertzen hasi zen zenbat idazlek idatzi zituzten maisu lariak bere adinarekin. Eta aldi berean bere burua kementsu ikusten zuen, bere buruaren jabe, esperientziaz berea, zentzudun, eta bere grina berriz, urteetan harrotua, undo eutsia baina sutan oraindik.

        Orain, bere obra egiteko, bere senari eutsiko zion. Abel gizajoa! Ez zekien ondo zer zetorkion gainera! Eta mespretxu eta errukia sentitzen hasi zen beragan. Modelo eta kaldetu bat bailitzan begiratzen zuen, eta behatu eta aztertu egiten zuen. Hala ere, ez gehiegi, gutxitan joaten baitzitzaion, oso gutxitan, bere semeari etxera.

        — Lanez gainezka ibiliko duk hire aita —esaten Zion Joaquinek bere suhiari—; apenas etortzen duk hona. Kexu izango ote? Mindu egin ote diagu nik, Antoniak edo nere alabak? Ez niake nahi...

        — Ez, ez, aita —hala esaten zion Abeltxok—; ez duk halakorik. Etxean ere ez duk egoten. Ez al nian esan bere gauzek bakarrik arduratzen dutela? Bere ardurak bere artearenak dituk, eta ez zekiat...

        — Ez, seme, ez; gehiegi esaten duk..., beste zerbait izango dik...

        — Ez, ez dik besterik.

        Eta Joaquin tematu egiten zen behin eta berriz gauza bera entzuteko.

        — Eta Abel, nolatan ez dun etortzen?... —galdetzen zion Helenari.

        — Tira, hala ibiltzen duk guztiekin!... —erantzuten zuen honek. Bera, Helena, joaten zen errainaren etxera.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia