XXIX

 

        Egun batzuen buruan, Abeltxo eta Joaquinatxo hasiak ziren ezkongai harremanetan. Eta bere Aitormenean, alabari eskainitakoan, idatzi zuen Joaquinek gutxira:

        Ezinezkoa da, alaba, adieraztea nola bultzatu nuen Abel, gaur zure senarra dena, bere emaztegai izateko harremanak eskatzera. Aditzera eman nion zu berataz maiteminduta zeundela edota gutxienez, gustatuko litzaizukeela bera zutaz maitemintzea, agerian utzi gabe guk bakarka eduki genuen elkarrizketa hura, nere erruz konbentura joango zinela esan zidanaren ondorengo hura. Horretan ikusten nuen niere salbamena. Zure patua lotuaz bizitza pozoitu zidanaren semearenari, horrela, gure odolak nahastuz espero nuen salbatuko nuela nere burua.

        Pentsatzen nuen egunen batetan zure semeak, nere bilobak, Abelen semearen semeak, honen bilobak, bion odola jasotzean, borroka heziko zutela eta beren buruenganako gorrotoa ere bai. Baina, norbere buruarekiko gorrotoa, odolarekikoa, ez al da sendagai bakarra besteenganako gorrotoaren aurka? Itunak dionez, Rebeca-ren barruan zeuden Esau eta Jacob-ek jo egiten ziotela elkarri. Nork daki egunen batetan ez ote dituzun bixkiak ernalduko bata nere odolekoa eta bestea Abelen odolekoa eta borrokatuko duten eta elkar gorrotatuko duten zure barruan eta kanpora atera zentzua hartu aurretik. Izan ere, giza trajedia eta gizon oro gezurren seme baitira Jacob bezalatsu.

        «Eta dardar egiten nuen pentsatuz agian batu egin zintuztedala ez batzeko, baizik eta zuen odolak gehiago aldentzeko, gorroto bat betikotzeko. Barka nazazu! Burutik jota nago.

        «Baina ez da gure odola bakarrik, berea eta nerea, I lelenarena ere bada. Helenaren odola! Hau da aztoratzen nauena; masailetan, kopetan, ezpainetan loratzen zaion odol hori, begirada uztartzen duena, bere gorputzaren bidez itsutu ninduen odol hori.

        «Eta beste bat ere bada, Antoniarena. Antonia gizajoarena, zure ama santuarena. Bataio Lira da honen odola. Garbitzaile da odol hau. Zure amaren odolak soilik, Joaquinatxo, salba ditzake zure seme-alabak, gure bilobak. Hau da zikinik gabe salba ditzaken odola.

        «Eta ez dezala ikusi berak, Antoniak, Hau; ez dezala ikusi. Hil dadila, ni baino gehiago bizi bada, nere okerraren misterioa ezagutu gabe.

        Senar-emaztegaiak ondo konpontzen hasi ziren eta elkarrenganako maitasuna hartu zioten. Elkarrizketa sakonetan bere etxeetako kaltetu ikusi zituzten bere buruak, bi egoera goibelen kaltetu, bihozgabetasun hutsa bata eta bestea berriz ezkutuko grina hotza. Laguntza bilatu zuten Antoniarengan, neskaren amarengan. Bizitokia eraiki behar zuten, benetazko bizitokia, ez dituena beste maitasunak zelatzen, bakardadean maitasuna bizitzeko gaztelu bat, eta bertan batu behar zituzten zoritxarreko bi sendiak. Ikustaraziko zioten Abeli, pintoreari, senitarteko bizitza dela hiltzen ez den zera eta honek ematen diola distira eta ez itzala arteari; Helenari, arimaren baitan dagoela betirako gaztetasuna, odolberekoan urbizian murgiltzen den arimaren baitan; Joaquini, gure izena galdu egiten dela baina berriz indarberritzen dela gurekin nahastu direnen izen eta odolengan; Antoniari ordez, ez zioten ezer ikustarazi behar, ohituraren gozotasunean bizi eta indarberritzeko jaiotako emakumea baitzen bera.

        Bere burua berpiztuta ikusten zuen Joaquinek. Maitasunak hunkituta hitz egiten zuen bere aspaldiko lagunaz, Abeletaz, eta aitortu ere egin zuen zorioneko egin zuela Helena lortuko zuenaren itxaropena kentzeak.

        — Ondo dun, —esan zion behin bakarka alabari—, dena bideratzen ari dunanez, kontatuko dinat. Nik Helena maite ninan, hala uste ninan behintzat, atzetik ibili nintzaionan ezer ere lortu gabe. Zeren, hori bai, egia esan, ez zidanan inoiz itxaropenik eman. Eta Abel aurkeztu nionan orduan, hire aitaginarreba izango dena..., hire beste aita, eta ondo etorri hitunan haseratik. Mespretxutzat hartu ninan nik hau, iraintzat... Zer eskubide ninan nik beragan?

        — Egia da hori, baina halakoak zarete gizonak.

        Arrazoia dun, ene alaba, arrazoia dun. Ero moduan bizi izan naun etengabean gogotan hartuz iraintzat, maltzurkeriatzat ninan hura...

        — Besterik ez, aita?

        — Nola besterik ez?

        — Ez al zen hori besterik, besterik ez?

        Nik dakidala... ez!

        Eta hori esatean, gizajoak begiak ixten zituen barrurantz eta ez zuen lortzen bihotzari eustea.

        — Ezkondu egingo zarete orain —jarraitu zuen— eta nerekin biziko; bai nerekin biziko zarete eta lortuko dinat hire senarra, nere seme berria, sendagile ona izatea, medikuntzan artista, bere aitak adina ospe lortuko dinan artista handia.

        — Berak idatziko du zurea alta, zure liburua, hala esan dit eta.

        — Bai, nik ezin izan dudana idatzi...

        — Esan dit zure lanean, medikuntzaren ihardunean gauza argitsuak daudela eta aurkikuntzak egin dituzula.

        — Lausengari horiek...

        — Ez, hori esan dit. Eta inork ez zaituelako ezagutzen, eta ezagutzen ez zaituztenez ez dutelako zure lana estimatzen, horregatik, zu ezagutzera emateko idatzi nahi duela liburu hori.

        — Berandu dun...

        — Inoiz ez da horretarako berandu.

        — Ai, ene alaba, nere bezeroak zaintzen murgildu beharrean nere lanaren ihardun nekagarri honetan, lasai bizitzen uzten ez dinan honetan eta ezta ikasten ere...; horretan aritu ordez zientzia hutsean aritu izan banintz, ikerketan!... Alvarez y Garcia doktoreak aurkitu duena, eta hainbeste aipatzearen arrazoia dena, nik aurkitu ninan, nik, hire aitak, eta aurkitu egingo ninan ziur, lortzearren egon nindunan eta. Baina dirua irabazteko lanari ekin beharrak...

        — Hala ere, ez genuen horren beharrik.

        — Bai, baina... Gainera, auskalo!... Dena dela hori bukatu dun eta orain hasten dun bizitza berria. Orain utziko dizkinat bezeroak.

        — Benetan?

        Bai, hire senarra izango denari utziko zizkionat, nere ikuskaritzapean, noski. Gidatu egingo dinat eta ni neureari! Eta elkarrekin biziko gaitun guztiok eta beste bizitza bat izango dun... beste bizitza bat. Bizitzen hasiko naun; beste bat izango naun... beste bat..., beste bat...

        — Ai, aita, hau zoriona! Pozten nau zuri hori entzuteak! Azkenik!

        — Beste bat izango naizela entzuteak pozten hauela?

        Alabak begietara begiratu zion somatzean bere ahotsaren doinuak adierazten zuena.

        — Beste bat izango naizela entzuteak pozten hau? ­galdetu zion berriro aitak.

        — Bai, aita, pozten nau!

        — Beraz, bestea, bestea, orain naunana ez dun gustoko?

        — Eta zuk, aita? —galdetu zion jarraian, ausartia alabak.

        — Isilarazi nazan —hasperen egin zuen. Eta musu batez isilarazi zuen.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia