XXVIII

 

        — Zu bezalakoa izan nahi nuke, Joaquin jauna —esan zion behin aragoitar behartsu hark, bost seme-alaben aitak, diru pixkat atera zionean.

        — Ni bezalakoa! Ez dut ulertzen!

        — Bai, edozer emango nuke zu bezalakoa izateagatik, Joaquin jauna.

        — Eta zer da emango zenukeen hori?

        — Eman ahal dezakedan guztia, dudan guztia.

        — Eta zer da hori?

        — Bizia!

        — Bizia ni bezalakoa izateagatik! —eta bere buruari ihardetsi zion Joaquinek «Nerea emango nuke, bala, beste bat izateagatik!»

        — Bai, bizia zu bezalakoa izateagatik.

        — Bada ondo ulertzen ez dudan zerbait, lagun; ez dut ulertzen inork bere bizia eman nahi izatea beste bat izateagatik, ez dut ulertzen ezta ere, inork beste norbait bezalakoa izateko nahia edukitzea.

        Beste norbait bezalakoa izatea, norberak berea galtzea da, norbera dena ez izatea.

        — Zalantzarik gabe.

        — Eta hori, ez izatea da.

        — Zalantzarik gabe.

        — Baina ez beste bat izateko...

        — Noski. Esan nahi dut, Joaquin jauna, gogo onez utziko niola nere izateari, edo hobe, tiro egingo niokeela nere buruari, edo ibaira botako nuela jakingo banu nere senideek, bizitza nazkagarri honi lotzen nautenek, nere buruaz beste egiten uzten ez didatenek, aita edukiko luketela zugan. Ulertzen duzu orain?

        — Bai, ulertzen dut. Beraz...

        — Madarikatua dela bizitzarekiko dudan lotura eta gogo onez urrunduko nintzatekeela nere buruaz eta hilko betirako nere oroitzapenak, ez balitz nere sendiarengatik. Hala ere, badut lotzen nauen beste zerbait ere.

        — Zer da?

        — Nere oroitzapenak eta nere historia heriotzan ere nerekin izango ditudanaren beldurra. Zu bezalakoa izan nahi nuke, Joaquin jauna!

        — Eta zuk dituzunak bezalakoak balira nik ere bizirik jarraitzeko ditudan arrazoiak?

        — Tira! Zu aberatsa zara.

        — Aberatsa..., aberatsa...

        — Eta aberats batek inoiz ere ez du arrenkarako arrazoirik. Zuk denetik duzu. Emaztea, alaba, bezeroak, ospea... zer gehiago nahi duzu? Zure aitak ez zizkizun kendu ondareak; zure anaiak ez zintuen etxetik bidali eskean ibiltzera... Zu ez zaituzte eskale izatera behartu! Zu bezalakoa izan nahi nuke, Joaquin jauna!

        Eta hau bakarrik gelditu zenean hala zioen bere buruari: «Ni bezalakoa izan nahi luke! Gizon horrek inbidia dit, inbidia dit! Eta neuk, nor izan nahi dut?»

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia