XXVI

 

        — Begira Joaquin —esan zion behin Antoniak senarrari—, egun hauetako batetan badioakiguk alaba edo badiaramagu norbaitek... —Joaquina? Eta nora?

        — Konbentura!

        — Ezin liteke!

        — Bai, baliteke. Hi, hire gauzetan murgilduta eta orain Abelen semearekin, semetzat hartua duala dirudien horrekin... Edozeinek esango likek hire alaba baino gehiago maite duala...

        — Salbatzeko ahaleginetan ari naun, askatzekotan bere gurasoengandik...

        — Ez, hi mendeku bila ari haiz. Ze mendekuzalea haizen! Ez duk ez ahaztu eta ez barkatzen! Jainkoak zigortuko hauenaren beldur nauk, zigortuko gaituenaren beldur...

        — Ah! Eta horregatik joan nahi al din Joaquinak konbentura?

        — Nik ez diat hori esan.

        — Baina nik esaten dinat eta hala dun. Abelentxorenganako bekaizkeriagatik al dioan bada Joaquinatxo? Bera maite dudana baino, bestea gehiago maite dudanaren beldur al dun? Horregatik badun...

        — Ez duk horregatik.

        — Orduan?

        — Nik ez zekiat!... Bokazioa duela ziok, Jainkoaren deia jarraitzen duela...

        — Jainkoarena... Jainkoarena...; Bere aitorlearena izango dun.

        Nor dun?

        — Etxeberria jauna.

        — Ni aitortzen ninduena?

        — Hori bera!

        Goibel eta burumakur gelditu zen Joaquin, eta hurrengo egunean bakarrik zeudela, esan zion emazteak:

        — Uste dinat badakidala zein diren Joaquina klaustrora joatera bultzatu duten arrazoiak edo hobe esan zein arrazoirengatik zirikatu dinan Etxeberriak bertara joateko. Gogoratzen dun nola Joan nindunan elizara babes eta laguntza bila gogoa estutzen zidanan kezka gaizto honi aurre egiteko, urteen joanean zaharragoa egiten den amorruari, latz eta gogorrago egiten denari aurre egiteko, eta gogoratu baita ere, nola ahalegin guztiak eginda ere ez ninan lortu. Ez, ez zidanan sendagairik eman Etxeberriak, ezin izan zidanan eman. Gaitz hau sendatzeko sendagai bakarra diagon, bakar bat.

        Une batez isildu zen emaztearen erantzunaren zai, eta hau isilik gelditu zenez, hala jarraitu zuen:

        — Gaitz hau sendatzeko heriotza da sendagai bakarra. Batek diakin! Berarekin jaio nindunan eta berarekin hilko naun agian. Ba, sendatu eta lehengoratu ezin izan nindinan apaiztxo horrek nere alaba, zure alaba, gure alaba bultzatzen din orain konbentura joatera, bertan nere alde erregutzeko, bere burua eskaintzera ni salbatzeko...

        — Baina ez dik bere burua eskainiko... bere nahia hori baduk...

        — Gezurra, Antonia; hori gezurra dunala esaten dinat. Monja joaten ditunanen arrean, gehienak lan gutxi egitera joaten ditun, eta apaltasunean bizitzera, baina lasai, lo kuluxka mistikoak egitera, etxetik ihesi dioazen, eta gure alaba etxetik ihesi dioan, guregandik ihesi.

        — Hirengandik izango duk...

        — Bai, neregandik ihesi dioan! Nere gaitza antzeman din!

        — Halako begirunea hartu dioanez hari...

        — Mutilarengandik ihesi dioala dion?

        — Ez hire grina berriarengandik ihesi...

        — Grina? Grina? Grina dion? Ni ez naun grinatia, Antonia. Nik dena egiten dinat zentzutasunez, dena, ulertzen al dun?

        — Bai, zentzutasun gehiegiz —ihardetsi zuen emazteak negarrez.

        — Tira, ez ezan negarrik egin, Antonia, nere santua, nere aingeru ona, eta barkaidan zerbait esan badinat...

        — Okerrena ez duk esaten duana, isiltzen duana baizik.

        — Baina, Jainkoarren, Antonia, Jainkoarren, ez utzi gure alaban joaten; joaten badun nereak egin din, bai, nereak egin din eta. Gera dadila, berak nahi duena egingo dinat; Abeltxo kalera botako dinat...

        — Gogoan diat esaten huenean alaba bakarra genialako pozten hintzela, horrela ez genialako maitasuna banatu behar...

        — Baina nik ez dinat banatu!

        — Okerrago orduan...

        — Bai, Antonia, alabak neregatik eskaini nahi din bere burua eta ez diakin konbentura joaten badun lurjota utziko nauela. Etxea dun bere konbentua!

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia