XXV

 

        — Baina, esaidak —galdetu zion behin Joaquinek bere ikasleari— nola bururatu zitzaian Medikuntza ikastea?

        — Ez dakit...

        — Izan ere, pinturarekiko zaletasuna izatea luke berezkoa. Mutikoak beren gurasoen lanbideak erakarri ohi dizkik, imitatzeko joera duk..., giroa...

        — Inoiz ez dut pintura gustoko izan, maisu.

        — Bazekiat, seme, esan zidak hire aitak.

        — Eta gutxiago oraindik nere aitaren pintura.

        — Tira, tira, eta nolatan hori?

        — Ez dut bere pintura sentitzen eta ez dakit berak ere sentitzen duen...

        — Hori okerragoa duk. Ea, azaldu egidak.

        — Bakarrik gaude; inork ere ez gaitu entzuten; zu maisu, nere bigarren aita zara..., bigarrena... Zintzoa. Gainera zu zara bere lehenengo laguna, entzun izan diot betidanik, txikitatik, adimena eduki aurretik, anaiak bezala zaretela...

        — Bai, bai, hala duk; Abel eta ni anaiak bezala izan gaituk... Jarrai.

        — Ondo da, nere barrua erakutsi nahi dizut gaur, maisu.

        — Erakutsi iezadak. Esaten didaana, nere bihotzean geldituko duk, ez dik inork ere jakingo!

        — Ba, hori, ez dut uste nere aitak sentitzen duenik, ez pinturarik eta ez besterik. Makina bat balitz bezala pintatzen du, berezko dohaina du hori, baina, sentitzen al du?

        — Beti uste izan diat hori.

        — Ba zu izan zinen, maisu, esaten dutenez, nere aitari ospea eman zeniona oraindik denek gogoratzen duten hitzaldi harekin.

        — Eta zer esango nian ba nik?

        — Hori gertatzen zait neri. Baina nere aitak ez du sentitzen ez pinturarik ez besterik. Harrizkoa da, maisu, harrizkoa.

        — Ez duk horrenbesterako seme.

        — Bai, harrizkoa. Bere ospearentzat bizi da soilik. Ospeari muzin egiten diola gezurra da, gezurra. Txaloak espero ditu beti. Eta berekoia da, benetan berekoia. Ez du inor ere maite. Inor ere ez, maisu, inor ere ez! Ez dakit nolatan ezkondu zen nere amarekin. Ez dut uste maiteminduta ezkondu zenik.

        Zurbildu egin zen Joaquin.

        — Badakit —jarraitu zuen semeak— ibili eta nahastu dela modelo batzurekin; baina grina da hori eta harrokeria ere. Ez du inor ere maite.

        — Uste diat hik izan beharko hukeela...

        — Neri ez dit jaramonik egin inoiz ere. Ni mantendu nau, ordaindu dizkit nere heziketa eta ikasketak, ez dit ukatu eta ez dit ukatzen bere dirua, baina ni ez naiz ia ezer beretzat. Noizbait zerbait galdetu izan diodanean, historiaz, arteaz, teknikaz, pinturaz edo bere bidaietaz edo beste zerbaitetaz, zera esan dit: «Utz nazak, utz nazak paketan», eta behin hau ere esan zidan: «Ikasi nik ikasi dudan bezala! Hor dituk liburuak!» Ze desberdina zaren zu ordea, maisu!

        — Ez zian jakingo, seme. Zeren begira, zenbaitetan gurasoak gaizki geratzen dira semeen aurrean bere burua ez aitortzeagatik seme-alabak baino ezjakin edo traketsago.

        — Ez zen horregatik. Eta badago okerragorik.

        — Okerragoa? Ea bada!

        — Okerragoa, bai. Inoiz ere ez dit errieta eman, egin dudana egin. Ez naiz eta ez naiz inoiz ere izan txoriburua, lizuna, baina gazte guztiok izaten ditugu gure gorabeherak eta gure hartuemanak. Ba, inoiz ere ez ditu gaitzetsi eta zerbait jakinda ere ez dit ezer esan.

        — Hire izakerarekiko begirunea duk hori, hireganako konfidantza... Agian seme bat hezteko erarik onena eta zintzoena horixe da... beragan konfidantza edukitzea alegia.

        — Ez, ez da hori maisu. Ajolagabekeria da huts hutsean.

        — Ez, ez; ez duk hainbesterako, ez dok hori... Zer esango hidaan, hire buruari esaten ez dioanik? Aita batek ezin dik izan epaile...

        — Baina bai adiskide, aholkulari, laguna edo irakaslea zu bezala.

        — Baina badituk gai batzuk, lotsagatik hitzegiten ez dituanak aita semeen artean.

        — Zilegi da zuk, bere lagun min eta aspaldikoa zarenak, anaia ia, bere alde egitea, baina hala ere...

        — Baina hala ere, zer?

        — Dena esan dezaket?

        — Bai, esan dena!

        — Ondo da, zuri buruz entzun diot oso ondo hitzegiten, ondo baino hobeto, baina...

        — Baina zer?

        — Ondoegi hitzegiten duela zutaz.

        — Zer esan nahi du ondoegi hitzegiteak?

        — Ba zu ezagutu aurretik, maisu, bestelakoa uste zintudala.

        — Azaldu ezak hori.

        — Nere aitarentzat pertsona trajiko baten antzekoa zara zu, zoritxarreko gogoa duena eta grina sakonak bizi dituena. «Posible balitz Joaquinen arima pintatzea!» esan ohi du. Badirudi zu eta bere artean isilpekorik dagoela gordeta...

        — Hire usteak dituk horiek...

        — Ez, ez dira uste hutsak.

        — Eta zure amak?

        — Nere amak...

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia