XXIV

 

        Bukatu zituen ikastetak Abelen semeak, Abeltxok eta aita bere lagunarengana joan zen galdetzera laguntzaile bezala hartu nahi ote zuen trebatzeko. Onartu zuen Joaquinek.

        «Onartu nuen —idatzi zuen aurrerago, alabari eskainitako Aitormenean— harrigarria zen nahasketa batengatik, jakin minagatik, bere aitarenganako gorrotoagatik, mutikoarenganako begiruneagatik, garrantzirik gabekoa iruditzen zitzaidana orduan, eta nere grina gaiztoaz askatzeko nuen nahiagatik, eta aldi berean nere arimaren barrutik, nere deabruak esaten zidalako semearen porrotarekin bere aitaren harrokeria mendekatuko nuela. Alde betetik, semearenganako maitasunaren bidez askatu nahi nuen aitarenganako gorrotoaz eta bestetik, pozez itxaroten nuen Abel Sánchez pinturan ospetsu izan zen bitartean, beste Abel Sánchezek, odol berekoak, huts egitea Medikuntzan. Ezin nuen pentsatu zenbaterainoko maitasun sakona hartuko nion gerora, bihotza nahigabetzen eta belzten zidanaren semeari.»

        Eta hala elkarrenganatu ziren Joaquin eta Abelen semea. Abeltxo argia zen eta ardura adierazten zuen Joaquinek irakasten zionagatik, eta maisu deitzen hasi zitzaion honi. Bere maisu zen hau, tematu zen sendagile on bat lortzen eta eman zion bere esperientzia klinikoan jasotako altxorra. «Lagunduko diot —zioen— aurki ditzan nere gogoaren ezinegonak aurkitzen utzi ez dizkidan gauzak.»

        — Maisu —galdetu zion Abeltxok—, zergatik ez duzu liburu bat idazten neri erakutsi dizkidazun behaketa sakabanatu horiekin, ohar eta idazti guzti horiekin? Oso interesgarria litzateke eta erakusbide garrantzitsua gainera. Gauza bikainak daude, zorroztasun zientifiko nabarmenekoak.

        — Ba, begira, seme (hala deitzen zion) —esan zuen—, nik ezin diat, ezin diat... Ez diat horretarako umorerik, ez diat gogorik, kemenik, lasaitasunik, eta ez zekiat zer gehiago...

        — Horretan jartzea litzateke dena...

        — Bai, seme, bai, horretara jartzea, baina hori pentsatu dudan guztietan ez nauk ausartu. Liburu bat idatzi... Espainian... eta Medikuntzaz! Ez likek ezertarako balioko. Hutsaren hurrengoa huke...

        — Ez, zeurea ez, maisu, ezetz esaten dizut.

        — Nik egin behar nukeena hik egingo duana huen; bezero jasanezin hauek utzi eta ikerketa hutsean aritu, benetazko zientzian, fisiologian, histologian eta ez gaisoak sendatzen soilik. Hi ondasunak dituan hori, izan ere hire aitak eman dizkik eta, jarri hadi horretara.

        — Agian arrazoia edukiko duzu maisu; baina horrek ez du galerazten zure mediku esperientzia argitaratzea.

        — Begira, nahi baduk, zera egingo diagu. Nik nere oharrak emango dizkiat, hitzez agertu, jakin nahi duana azalduko diat eta gero hik argitaratuko duk liburua. Zer deritzok?

        — Primeran, maisu. Idatzia dut zure laguntzaile naizenetik entzun dudana, erakutsi didazun guztia.

        — Oso ondo, seme, oso ondo —eta besarkatu egin zuen hunkituta.

        Geroago Joaquinek bere buruari: «Hau, hau izango da nere lana. Nerea eta ez bere aitarena. Ni gurtuko nau eta konturatuko da nik bere alta baino askoz gehiago balio dudala eta medikuntzaren ekitean arte gehiago dagoela bere aitaren pinturan baino. Eta azkenean kendu egingo diot semea, bai, kendu egingo diot! Berak Helena kendu zidan eta nik, semea kenduko diet. Nerea izango da, eta nork daki?..., agian uko egingo dio aitari jakiten duenean zer egin zidan.»

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia