XXIII

 

        Hirian zehar ibiltzen zen gizon behartsu bat, aragoitarra, bost semeren aita zena eta ahal zuen moduan dirua irabazten zuena, idazmorroi bezala eta ahal zuena eginez. Gizajoa, askotan joaten zen ezagun eta lagunengana. Halako batek lagunik badu, hamaika aitzakiapean eskatuz bi edo hiru duro aurreratzeko. Eta tamalgarriagoa zena, semeren bat bidaltzen zuen, edo noizbait bere emaztea, ezagunen etxera eskaera eskutitzak eramatera. Joaquinek zenbaitetan lagundu zion, bere sendikoengana sendagile moduan joateko deitzen zionean basez ere. Eta lasaitasun berezi bat sentitzen zuen gizon behartsu hura lagunduz. Giza gaiztakeriaren kaltetua ikusten zuen beragan.

        Berari buruz galdetu zion behin Abeli.

        — Bai, ezagutzen diat —esan zion honek— eta denboraldi batetan neretzako lan ere egin zuen. Baina alproja bat da, alfer bat. Bere ezbeharrak ahazteko aitzakiarekin egunero joaten da tabernara, bere etxean sukaldea piztu ere egoten ez bada ere. Eta ez du faltan edukiko zigarro kaxarik. Ke bihurtu behar ditu bere atsekabeak.

        — Horrek ez dik ezer ere san nahi, Abel. Sakonean aztertu beharko huke kasua...

        — Begira, horiek berriketak dira. Eta ez dudana onartzen mailegupean eskatzeko gezurra duk eta «ahal dudanean itzuliko dizut...» esatea. Eskean aritu dadila eta aurrera. Argiagoa eta zintzoagoa duk. Azkenekoan hiru duro eskatu zizkidaan aurreratzeko eta hiru pezeta eman nizkioan baina hau esanez: «Eta ez iezazkidak itzuli» Alproja bat duk!

        — Ez duk bere errua!...

        — Tira bada, atera duk, ez duk bere errua...

        — Noski bada! Norena duk errua?

        — Beno, begira, utz ditzagun gauza horiek. Eta lagundu nahi badiok, lagundu, ni ez nauk kontra aterako. Nik neuk ere bazekiat berriro eskatzera etortzen baduk, emango diodala.

        — Hori banekian, izatez hi...

        — Ez gaituk sartuko izaerarekin. Pintorea nauk eta ez dizkiat pintatzen pertsonen izaerak. Are gehiago, ziur negok denok kanporatzen diagula barruan diaguna.

        — Bai, hori, hiretzat gizon guztiak ez direla modeloa besterik...

        — Eta hori gutxi, al duk? Eta hiretzat gaisoa besterik ez. Zeren hi haiz begiratzen eta auskultatzen ibiltzen haizena jendearen barrua...

        — Lanbide eskaxa gero...

        — Zergatik?

        — Besteen barruak begiratzeko ohituraz nere barrua begiratzeari ematen diodalako, auskultatzera.

        — Abantaila duk hori. Nik nere burua ispiluan begiratzearekin nahikoa zeukeat.

        — Noizbait begiratu al haiz sakonean?

        — Noski! Ez al dakik nere buruari irudia egin diodala?

        — Maisulana izango dena gainera...

        — Tira, ez zegok gaizki... Eta hik, ondo aztertu al duk hire burua?

        Elkarrizketa hau gertatu eta hurrengo egunean Joaquin Casinotik irten zen Federicorekin, eskean lotsagarri ibiltzen zen gizon behartsu hura ezagutzen zuen galdetzeko: «Eta esan egia, e, bakarrik gaude eta; ez esan ankerkeriarik.»

        — Ba, begira, hori gizajo bat da eta gartzelan egon beharko luke, han gutxienez orain baino hobeto jango eta lasaiago biziko bailitzateke.

        — Zer egin du bada?

        — Ez, ez du ezer ere egin; egin beharko zukeen eta horregatik diot gartzelan egon beharko lukeela.

        — Eta zer egin behar zukeen?

        — Bere anaia hil.

        — Hasi zara!

        — Azalduko dizut. Gizajoa, aragoitarra da dakizunez, eta bere herrian oraindik ere azken nahia egiteko eskubidea dute. Lehen semea izateko zoritxarra eduki zuen, seme zaharrena izatekoa, eta gainera neskatxa behartsu, polit eta itxuraz zintzoa zen batetaz maitemintzearena. Aitak harreman horiek gaitzetsi zituen gogotik, berarekin ezkontzen bazen ondarea kenduko ziola esanez. Eta hark, maitasunez itsu, haurdun utzi zuen lehenengo, aitak amore emango zuelakoan eta azkenean neskarekin ezkondu eta etxetik alde egin zuen. Herrian geratu zen, ahal zena eginez aitaginarreben etxean eta bere aitak amore eman eta bigunduko zenaren zai. Eta hau, aragoitar petoa bera, bere hartan. Eta hil egin zen gizajoari ondarea kendurik eta bigarrenari utzirik etxaldea; etxalde arrunta. Handik gutxira gaur diru eskale dugunaren aitaginarrebak hil zirenean, anaiarengana joan zen babes eta lan eske, eta anaiak ukatu egin zizkion, eta anaia hil ordez, barrenak eskatzen zionari jarraituz, eskupekoen kontura bizitzera etorri zaigu hona. Hauxe da istorioa; ikasbide dugu istorioa, ikusten duzunez.

        — Ikasbide benetan!

        — Anaia hil balu, Jacob-en antzekoa zen hura, gaizki, oso gaizki eta hil gabe ere gaizki, oso gaizki baita ere...

        — Agian okerrago honela.

        — Ez esan hori, Federico.

        — Bai, zeren ez da bakarrik bizimodu zoritxarrekoa daramala, baizik eta anaia gorrotatuz bizi dela.

        — Eta hil izan balu?

        — Orduan gorrotoa sendatuko litzaioke eta orain, bere okerraz damututa, bera gogoan du. Ekintzak pentsamendu txarretaz askatzen gaitu eta pentsamendu txarrak dira arima pozoitzen dutenak. Sinestu iezadazu, Joaquin, oso ondo dakit eta.

        Joaquinek begietara begiratu zion eta aurpegia bota:

        — Eta zuk?

        — Nik? Ez galdetu laguna, inporta ez zaizuna. Nahikoa duzu nere lotsagabekeria, babesteko bidea besterik ez dela jakitearekin. Ni ez naiz zuek nere aitatzat daukazuenaren semea; ni sasiko semea naiz eta ez dut mundu honetan inor ere gorrotatzen nere aita, egiazkoa, baino gehiago, bestearen borrero izan dena baino gehiago, doilortasun eta koldarkeriaz bere izen nazkagarria eman zidana baino gehiago.

        — Baina aita ez da haurra ernaltzen duena; haurra hezten duena da...

        — Ni hezi nauela pentsatzen duzuen horrek, ez nau hezi, izan ere, bestearekiko, ernaldu ninduenarekiko, gorrotoaren pozoiak, nere amarengandik urrundu ninduen, eta behartu zuen nere amarekin ezkontzera.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia