XXII

 

        Eta itzuli zen Casinora. Alferrik zuen gogor egitea. Egunero aurkitzen zuen aitzakiaren bat hara joateko. Zurrumurrutan jarraitzen zuen taldeak.

        Han zegoen Federico Cuadrado, gogor, eta batek bestea goresten zuen orduko galdetuz: «Noren aurka bota duzu hori?»

        — Neri —zioen bere ahots hotz eta zorrotzaz— ez didazue ziria sartuko; norbait asko goresten denean buruan dugu bestea, gorespen horrekin gutxietsi nahi duguna, goretsi dugunaren arerioa. Badaude asmo txarrez goresten dutenak. Inork ere ez du asmo onez goresten.

        — Begira, —ihardetsi zuen León Gómezek, Cuadrado lotsagabea zirikatuz atsegin hartzen zuenak— hor duzu Leovigildo jauna, hori ez da gaizki esaka aritzen inorengatik...

        — Beno —tartekatu zuen probintzia diputatuak— izan ere, Leovigildo jauna politikoa da, eta politikoek harreman honetan egon behar dute jendearekin... Zer diozu horri Federico?

        — Diot, inori buruz gaizki esan eta ondo pentsatu gabe hilko dela Leovigildo jauna... Berak ez du emango bultzada txiki bat ere bestea botatzeko, ezta inork ikusten ez badu ere, ez baita legediaren beldur soilik, infernuarena ere b» da; baina bestea erori eta muturrak hausten baditu bera benetan poztuko da. Eta besteak muturra haustearekin poz hartuz, bera izango da lehena ezbeharraz errukitu eta doluminak ematen.

        — Nik ez dakit nola bizi den horrela sentitzen badu —esan zuen Joaquinek.

        — Nola sentitzen du bada? —galdetu zion bestea ixildu orduko Federicok.

        — Nola sentitzen du Leovigildo jaunak, zeuk eta neuk sentitzen duzun bezala?

        — Nitaz inork ere ez du ezer esan —esan zuen hoztasun garratzaz.

        — Nik esaten dut, lagun, hemen denak ezagunak gara eta... Zurbil nabaritu zen Joaquin. Izotzezko aizto bat bezala sartu zitzaion barru barruraino, Federico bere deabru zaindariak, norbaiti atzapar egiten zionean bota ohi zuen «lagun!» hura.

        — Ez dakit zergatik hartu duzun begitan Leovigildo jauna —gehitu zuen Joaquinek, damu zitzaiola esan bezain laster, bien arteko harremana okertzen ari zitzaiola nabaritu baitzuen.

        — Begitan? Begitan nik? Eta Leovigildo jauna gainera?

        — Bai, ez dakit zer gaitz egin dizun...

        — Hasteko, lagun, ez da beharrezkoa batek ezer egitea bera begitan hartzeko. Bat begitan hartura errazagoa da gaitza asmatzea, hau da, kalte egin dizutela pentsatzea... Eta nik begitan daukat Leovigildo jauna beste edozein dudan bezala. Gizon bat da eta kitto.

        Eta gizon zintzoa gainera!

        — Zu guztiz bakarzale zarenez... —ekin zion probintzi diputatuak—. Gizona da izakirik ustelena eta zikinena, esan dizut hamaikatxo aldiz. Eta gizon zintzoa da, gizonik gaiztoena.

        — Tira, tira! Zer diozu zuk horri, lehengoan Leovigildo jauna politiko zintzoa zela esaten zenuen horrek? —esan zion León Gómezek diputatuari.

        — Politiko zintzoa! —bota zuen Federico Cuadradok—. Hori bai ezetz!

        — Zergatik ez? —hirurak batera.

        — Zergatik? Berak esan duelako. Hitzaldi batetan bera zintzoa zela esateko ausardia eduki zuelako. Eta ez da zintzoa hori zabaltzea.

        Ebanjelioak esaten du Kristo Gure jaunak...

        — Ez aipatu Kristo, arren! —moztu zion Joaquinek.

        — Zer, Kristo ere babestu nahi duzu, laguna? Isilune labur, ilun eta hotza egin zen.

        — Kristo Gure jaunak esan zuen —berriz Federicok— ez esateko bera ona zela, Jainkoa bakarrik dela ona. Eta badaude kristau zekenak, zintzoak direla esaten dutenak.

        — Zintzoa izatea ez da ona izatea —tartekatu zuen Vicente jaunak, epaileak.

        — Orain asmatu duzu, Vicente jauna. Eta eskerrak Jaunari behingoz arrazoizko eta egokia den epaia entzuten dudan!

        — Beraz, —esan zuen Joaquinek— gure burua ez dugu zintzotzat hartu behar. Eta maltzurtzat?

        — Ez da beharrezkoa.

        — Cuadrado jaunak nahi zuena da, —esan zuen Vicente epaileak gizonak bere burua gizatxar bezala hartzea eta bere horretan jarraitzea, ez al da?

        Bejondaizula! —oihu egin zuen probintzia diputatuak.

        — Azalduko dizut, laguna —esan zuen Federicok erantzuna prestatuz—. Jakingo duzu zein den gure Ama Eliza jakintsuaren aitormen sakramentuak duen bikaintasuna...

        — Beste astakeriaren bat —tartetik epaileak.

        — Astakeria ez, baizik eta erakunde jakintsua. Aitormenak lasaiago pekatu egiteko balio du, pekatariak badaki eta barkamena emango zaiola. Ez al da hala Joaquin?

        — Noski, ez bada damutzen...

        — Bai, laguna, bai; bat damutzen bada, baina pekatu egiten badu eta berriz damutu, eta pekatu egiten duenean damutuko dela baldin badaki eta damutzen denean berriz pekatu egingo duela baldin badaki, azkenean pekatu egin eta damutuko da aldi berean, ezta?

        — Misterio bat da gizona —esan zuen León Gómezek.

        — Gizona, ez esan astakeriarik! —erantzun zion Federicok.

        — Astakeria, zergatik?

        — Lege filosofiko oro, eta beraz, axioma oro, esalegez azaltzen den esakune orokor eta garrantzizko oro, astakeriak dira.

        — Eta orduan filosofia?

        — Ez dago beste filosofiarik hemen egiten duguna baino...

        — Bai, lagun hurkoa gaitzesten duena.

        — Hori da. Onena gaitzestea da.

        Tertulia bukatzerakoan, Joaquinengana joan zen Federico bere etxera zioan galdetzera pixka batean lagundu nahi ziolako, eta hark ezetz esatean, hantxe aldamenean bisita egitera zihoala, honek esan zion:

        — Bai, ulertzen dizut; bisita egitearena aitzakia da. Zuk nahi duzuna, bakarrik gelditzea da. Ulertzen dut.

        — Eta zergatik ulertzen duzu?

        — Inoiz ez da egoten bakarrik baino hobeto. Baina bakardadeaz nekatzen zarenean zatoz neregana. Inork ez zaitu aldenduko zure ez beharretaz nik bezain ondo.

        — Eta zureak? —aurpegira bota zion Joaquinek.

        — Ba! Bost axola horiek!... Eta aldendu egin ziren.

       

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia