XXI

 

        Bere buruaz ihes egiteko eta bere izpirituan etengabean Abel zeukala Abel, pizten zitzaion kontzientzia ustela itotzeko Casinoko talde batekin elkartzen hasi zen. Hauekin zituen elkarrizketak sendagai izango ziren, edo mozkortu egingo zuten agian. Ez al zaio bada jendea edanari ematen pasio hondatzailea itotzeko? Ba bera, Casinoko elkarrizketari emango zitzaion, entzuteari parte hartzera baino gehiago, bere pasioa itotzeko. Baina bere buruaren txarrerako izan zen.

        Beti joaten zen bere buruaren jabe izateko asmoz, barre eta txantxetan ibili asmoz, inori kalterik egin gabe zurrumurruka ibili asmoz, besterik gabe, bizitzaren ikusle bezala agertu asmoz, eszeptizismoan aritzen dena bezain zintzoa, ulertzea barkatzea dela, bere gain hartuz eta agerian utzi gabe gogoa usteltzen zion minbizia. Baina ahotik ateratzen zitzaion, hitzetan, gutxien espero zuenean eta guztiek nabaritzen zuten gaitzaren usaina. Eta bere buruarekin haserre itzultzen zen etxera, ausardiarik eza eta bere buruaren jabea ez izatea leporatuz eta erabakia hartuta Casinoko taldearekin ez elkartzea gehiago. Ez, —ziotson bere buruari— ez naiz itzuliko, ez dut itzuli behar; honek gaizkoatzen nau; larritzen nau; toki hura pozoitsua da; ezkutuko grina gaiztoak besterik ez dira hausnartzen; ez, ez naiz itzuliko; bakardadea behar dut nik, bakardadea...! Bakardade Santua!

        Eta itzuli egiten zen.

        Baina itzuli egiten zen berriro, ezin zuelako bakardadea jasan. Izan ere, bakardadean ezin zuen inoiz ere bakarrik egon, bestea han zegoelako beti. Bestea! Harekin elkarrizketan ikusi zuen behin bere burua, trebeki moldatzen besteak esaten ziona. Besteak, elkarrizketa bakarti hauek, bakarrizketa elkarrizketatu hauetan, garrantzirik gabeko gauzak esaten zizkion, edo atseginak, ez zuen gorrotorik adierazten. «Zergatik ez dit gorroto, Jauna? —esatera iritsi zen—. Zergatik ez dit gorroto?»

        Eta bere burua ikusi zuen behin Jainkoari eskatzekotan, deabruzko otoitz gaiztoa eginez, Abelen ariman sar zezala berarekiko gorrotoa, Joaquinenganakoa. Eta berriro ere: Ah? Nereganako inbidia balu... Eta burutapen honekin, bere izpiritu garratza zeharkatu zuen distira zurbil bat bezala, urtzeko moduko atsegina sentitu zuen, bere arimaren muinak hotzikaraz dardararazi zituen atsegina. Nereganako inbidia eduki!... Nereganako inbidia eduki!...

        «Baina —esan zion bere buruari— ez al da izango hau nere buruari gorroto diodala, nere buruarekiko inbidia dudala?...» Atera joan zen, giltzez itxi, toki guztietara begiratu eta bere burua bakardadean ikusi zuenean belaunikatu egin zen eta esan zuen isilka ahopean ahotsa sumintzen zioten malkoz: «Jauna, Jauna. Zuk esan zenidan: maitatu lagun hurkoa zure burua bezalaxe! Eta nik ez dut lagun hurkoa maite, ezin dut maitatu, ez dakidalako nere burua maitatzen, ezin dut nere burua maitatu. Zer egin didazu, Jauna?»

        Biblia hartzera loan zen ondoren eta ireki zuen hauxe esaten duen tokian: «Eta Jehovak esan zion Caini: non dago Abel, zure anaia?» Poliki poliki itxi zuen liburua isilean esanaz: «Eta non nago ni?» Orduan zarata entzun zuen kanpoan eta korrika loan zen atea irekitzera: «Aita, aitatxo!», oihukatu zuen alabak sartzean. Ahots samur hark argitu zion gogoa. Musu eman zion neskatxari eta ahoa belarrian jarri zion eta esan zion isilean, isil isilean, Inork ez entzuteko moduan: «Otoitz egin hire aitaren alde, ene alabatxoa!»

        — Aita! Aita! —hasperen egin zuen neskatxak, besoak aitaren lepora eramanaz.

        Burua alabaren sorbaldan ezkutatu zuen eta negarrari ekin zion.

        — Zer duzu, alta, gaiso zaude?

        — Bai, gaiso nago. Baina ez ezazu galdetu gehiago.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia