XIX

 

        Bere ahalegin guztiak alabarekin eman zituen, bera hazten eta hezten, munduaren moral ustelaz urrun babesten.

        — Begira —esan ohi zion emazteari—, eskerrak bakarra dinagula, ez dinagula besterik eduki.

        — Ez al huke seme bat eduki nahi?

        — Ez, ez; hobe dun alaba, errazagoa dun mundu usteletik urruntzea. Gainera, bi edukiz gero bekaizkeriak sortuko hituzke...

        — O, ez!

        — O, bai! Biri ezin zaien maitasuna eman; bati ematen zaiona besteari kentzen zaion. Bakoitzak dena nahi din norberetzat, norberetzat bakarrik. Ez, ez; ez ninake Jainkoaren egoeran ikusi nahi nere burua.

        — Eta zein huen egoera hori?

        — Hainbeste seme-alaba edukitzearena. Ez al zioaten Jainkoaren seme gaitunala denok?

        — Ez ezak halakorik esan Joaquin.

        — Batzuk osasuntsu zeudenan besteak gaiso zeudenan bitartean.

        Ikustekoa zegonan osasunaren banaketa!

        Ez zuen nahi bere alaba inorekin nahasterik. Etxera eraman zion irakasle bat eta berak ere, denbora zuenean irakasten zion zerbait. Joaquinatxo gizajoak bere aita gaiso bat bezala ikusten zuen; munduaren eta bizitzaren ikuspegi iluna jasotzen zuen aitarengandik.

        — Hobe dinagu bakarra —esaten zion Joaquinek bere emazteari horrela ez dinagu maitasuna banatu beharko...

        — Esaten diate zenbat eta maitasun gehiago eman, orduan eta handiagoa egiten dela...

        — Ez ezan hori sinestu. Gogoan dun Ramirez gizajoa? Bere aitak bi seme zitinan eta bi alaba eta baliabide eskasak. Bere etxean beti berdina jaten zinaten, eltzekaria, baina besterik ez; aitak bakarrik, Ramirez aitak jaten zinan besterik, eta honetatik ematen zienan batzuetan semeetariko bati eta alabetariko bati, baina inoiz ere ez gainontzekoei. Kanpaiak jotzen zinanean, jai egunetan, bi janari desberdin edukitzen zizkinaten denek eta hirugarren bat gainera berak, etxeko nagusiak, zenbaitetan izan behar zinan eta berezi. Hierarkia gorde beharra diagon. Eta gauean, lotarakoan, Ramirez aitak musu ematen zienan beti semeetariko bati eta alabatariko bati baina inoiz ere ez beste biei.

        — Izugarria duk! Zergatik hori?

        — Ez zekinat... Ederragoak iruditzen zitzaizkionan bere kuttunak...

        — Carvajalena bezalakoa duk, ezin dik bere alaba gazteena jasan.

        — Txikiena iritsi zaion, aurrekoa baino sei urte beranduago eta baliabide eskasak dauzkanean. Bat gehiago dun, eta ezustekoa gainera. Horregatik deitzen zionate sasi alaba.

        — Bai gauza izugarriak, ene Jainkoa!

        — Horrelakoa dun bizitza, Antonia, gauza izugarrien iturri. Eta eskerrak emaizkion Jainkoari ez banatu behar izanagatik gure maitasuna.

        — Isil hadi!

        — Isilduko naun!

        Eta isilarazi zuen.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia