XVIII

 

        Gaizkoatu egin zen Joaquin. Bere arima Helenaren aurrean hustu zuela jakiteak haserretu egin zuen, eta amorratu Helenak baztertu zuen moduak agerian utzi zuelarik gorrotoa ziola, eta samindu egin zuen guztiz. Baina bere buruaren jabe izan zen bere emaztearen eta alabarengan bilatu zuelarik poza eta laguntza. Goibeldu egin zen bere etxeko bizitza; mindu egin zitzaion umorea.

        Garai hartan etxean neskame elizkoia zuten, saiatzen zena egunero meza entzuten eta lanak uzten zion denbora bere gelan geratzen zena otoitz egiten. Begi apalak zituen, lurrean tinkaturik beti eta erantzuten zuen apaltasunez eta ahots sudurkariz. Joaquinek ezin zuen jasan eta errieta egiten zion edozein aitzakiapean. «Arrazoia duzu, jauna», esaten zion neskameak.

        — Arrazoia daukadala? —esan zuen behin nagusiak pazientzia galduta— ez, orain ez daukat arrazoirik!

        — Beno, ongi da, jauna, ez zaitez haserretu, ez duzu arrazoirik.

        — Besterik ez?

        — Ez dizut ulertzen, jauna.

        — Ez didazula ulertzen, azaluts itxurati hori? Zergatik ez duzu zure alde egiten? Zergatik ez didazu erantzuten? Zergatik ez didazu kontra egiten?

        — Zuri kontra egin? Jainkoak eta Ama Birjina Santuak gorde nazala, jauna.

        — Baina, bere erruak onartzea baino zer gehiago nahi duk? —tartetik Antoniak.

        — Ez, ez dizkin onartzen. Harroputza besterik ez dun.

        — Harroputza ni, jauna?

        — Begira. Harrokeria da norbere akatsak ez onartzea. Nerekin ari dun, nere kontura, apaltasun eta pazientzia frogak egiten; nere haserraldiak zurditzak bailiran hartzen dizkin, pazientziaren birtutearen antzeko. Eta nere kontura ez! Ez, ez eta ez! Ni ez naun izango zeruan sariak irabazteko bidea! Hori itxura hutsa dun.

        Negar egiten zuen neskametxoak, hortz artetik otoitzean.

        — Baina egia baduk, Joaquin, —esan zuen Antoniak— benetan apala baduk... Zergatik egingo dik kontra? Hire kontra altxatuko bahu gehiago haserretuko hintzateke.

        — Ez, zatarkeria dun lagun hurkoaren ahultasunak erabiltzea birtutean jarduteko. Erantzun dezala, lotsa galdu dezala, pertsona izan dadila eta ez neskame soilik.

        — Orduan gehiago haserretuko hintzateke Joaquin.

        — Ez, gehien haserretzen nauena zintzoagoa izateko nahi horiek ditun.

        — Oker zaude jauna —esan zuen neskameak begiak lurretik altxatu gabe—; nik ez daukat nere burua besteena baino hobeagotzat.

        — Ez, e? Ba, neuk bai! Eta bere burua besteena baino hobeagotzat ez duena ergel bat da. Emakumerik pekatariena zarela uste duzu zuk, ezta? Tira, erantzun!

        — Horrelakorik ez da galdetzen, jauna.

        — Tira, erantzun, Luis Gonzaga Santuak ere gizon pekatariena zela uste zuen eta; erantzun; emakumerik pekatariena zara, bai ala ez?

        — Besteren pekatuak ez dira nere gauza, jauna.

        — Ergela, ergel alena, zoaz!

        — Jainkoak barka zaitzala nik barkatzen zaitudan bezala.

        — Zer barkatu? Etorri eta esan, zer? Zer barkatu behar dit Jainkoak? Tira esan.

        — Beno, andrea, sentitzen dut zuregatik baina banoa etxe honetatik.

        — Hori lehenago esan behar zenuen —bukatzeko Joaquinek.

        Eta gero, emaztearekin bakarka, esan zion:

        — Ez al din esango inozo horrek erotu nauela? Ez al naiz erotu bada? Esaidan, erotu naun, bai ala ez?

        — Joaquin, Joaquin, ez hadi horrela jarri.

        — Bai, erotu naizela uste dinat. Sar nazan giltzapean. Honek akabatu nian.

        — Akaba ezak hik bera.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia