XVI

 

        Abelek pintatu zuen Ama Birjina haurra besotan zuela eta hau ez zen Helena, bere emaztearen, irudia baino, semea zuen Abeltxorekin. Koadroak arrakasta izan zuen, berregin ere egin zuten, eta honen argazki handi baten aurrean Joaquinek Ama Birjinari otoitz egiten zion esanaz: «Lagundu nazazu! Gorde nazazu!»

        Hala ere, otoitz egiten zuen bitartean, isilean baina entzuteko moduan, sakonagoa zen beste ahots bat isilarazi nahi zuen, bere barruan ari zitzaiona: «Hil bedi! Libre gera bedi zuretzat bere emaztea!».

        — Atzerakoi bihurtu haiz, ez? —esan zion behin Abelek Joaquini.

        — Neu?

        — Bai, esan zidatek elizara joaten haizela eta egunero entzuten duala meza, eta ez duanez behin ere sinetsi, ez Jainkoarengan eta ezta deabruarengan ere, eta ez hintzenez besterik gabe kristau bihurtuko, atzerakoi bihurtu haiz!

        — Eta hiri zer?

        — Ez, ez diat argibiderik eskatzen; baina benetan sinesten duk?

        — Sinestu beharra zeukeat.

        — Hori beste gauza bat duk, baina sinesten duk?

        — Esan diat sinetsi beharra daukadala, eta ez iezadak besterik galdetu.

        — Ba nik nahikoa zeukeat artearekin; artea duk nere erlijioa.

        — Margotu dituk bada Ama Birjinak...

        — Bai, Helena.

        — Halakorik ez dena, hain zuzen.

        — Neretzat, izango bazunan bezala, nere semearen ama duk...

        — Besterik gabe?

        — Ama guztiak dituk Ama Birjina ama izan orduko.

        — Hasi haiz teologia egiten dagoeneko!

        — Ez zekiat, baina gorroto zioat atzerakoitasun eta itxurazaletasunari. Guzti hori bekaizkeriaren ondorio duk eta harritzen naik higan, gauza ikusten hautelako herri xehe eta arruntarengandik bereizteko, harritzen naik hi horrela janzteak.

        — Ea, ea Abel, azaldu hori!

        — Argi zegok. Izpiritu arruntak, zirtzilak, ez dituk inoiz nabarmentzen, eta ezin jasan dutenez beste batzuk nabarmentzea, dogmaren jantzia ezarri nahi diate, guda jantzia dena gainera, inor ere ez dadin nabarmendu. Ortodoxia horren oinarria, bai erlijioan, bai artean, bekaizkeria duk zalantzarik gabe. Guztioi nahi dugun erara janzten utziz gero, baten bati bururatuko litzaiokek nabarmenduko lukeen jantzia, bere dotorezia agerian jarriko lukeena eta gizona izango balu gainera, miretsi egingo liketek eta berataz maiteminduko hituzke, eta besteren bat aldiz, arrunta eta zirtzila bera, barregarri geratuko huke bere nahiaren arabera jantziz gero, eta horregatik arruntek, zirtzilek, bekaizti direnek uniforme moduko bat asmatu diate panpinen modura janzteko, modan jar daitekeena, moda ere ortodoxia baituk. Zabaldu begiak Joaquin: ideia arriskutsu, ausart eta gaiztoak deitzen direnak ez dituk trebetasunik ez dutenei bururatzen zaizkienak baino, ez daukatenei ez bere berea duten zentzutasuna ezta berezitasunik eta bai zentzutasuna eta arruntasuna. Gehien gorroto dutena irudimena duk beraiek ez baitaukate halakorik.

        — Horrela baduk ere —esan zuen Joaquinek— arrunt, zirtzil eta xehe deitzen ditukan horiek, ez al diate bere burua defendatzeko eskubiderik?

        — Behin, nere etxean Cain defendatu huen, bekaiztia, eta beste batean berriz, hitzaldi ahanztezin hartan, Behin eta berriz gogoratuko diadan hartan, nere ospea handitu zen hartan, erakutsi higun, edo erakutsi hidan neri behintzat, Cainen arima. Baina Cain ez huen inolaz ere arrunta, zirtzila, xehea...

        — Baina bera izan huen bekaiztien aita.

        — Bai, baina beste bekaizkeria moeta batena, ez jende horrenarena. Cainen bekaizkeria handiagoa huen; zapaltzaile buruberoarena aldiz txikiena duk. Eta harritzen naik hi haien aurrean ikusteak.

        «Baina honek —zionen Joaquinek bere buruari Abel utzitakoan— nere pentsamentua irakurtzen al du? Nahiz eta itxuraz ez ohartu neri gertatzen zaidanaz. Pintatzen duen bezala hitz egin eta pentsatzen du, jakin gabe zer pintatzen duen eta ezta zer esaten duen ere. Oharkabe bat da, ni berarengan tekniko zentzuduna ikusten tematu arren...

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia