XV

 

        Baina ez, ez! Ekintza ausarta hark ez zuen sendatu Joaquin gizajoa.

        «Barne kezkak sentitzen hasi nintzen —idatzi zuen Aitormenean— esandakoa esanagatik, ez utzi izanagatik nere grina gaiztoa lehertzen horrela gainetik kentzeko, ez hondatzeagatik bere ospe artistikoa, bere arteari iruzur eta gezurrezko efektismo, bere imitazioak, bere teknika hotz eta finkoa, bere emozio gabezia; ez deusezteagatik bere ospea. Hori eginez askatuko nintzateke besteaz, egia esanez, bere ospea benetan dagokion mailara jaitsiz. Agian, Cain Bibliakoa, beste Abel hil zuena, hilda ikusi zuenean hasi zen hau maitatzen. Orduan hasi nintzen sinesten; hitzaldiaren ondorioei esker kristau bihurtu nintzen».

        Aitormenean honela kontatzen zuena zen Antoniak, bere emazteak, sendatu gabe ikusi zuenean, inoiz sendatuko ez zenaren beldur, bultzatu zuela beharrezko indarra bilatzera bere gurasoen erlijioan, berean, bere alabarena izango zen hartan, otoitzean.

        — Baina hik konfesatzera joan behar duk...

        — Baina, emakumea, urte asko ditun ez naizela joaten elizara...

        — Horrexegatik.

        — Ez dinat sinismenik...

        — Hori uste duk hik, baina apaizak azaldu zidak nola zuek, zientzi gizonek, uste duzuen ez duzuela sinisten, baina sinesten duzuela. Bazekiat hire amak erakutsi zizkian gauzek, nik alabari erakutsiko zizkiotenek...

        — Tira, tira, utz nazan!

        — Ez, ez haut utziko. Hoa konfesatzera, arren.

        — Eta zer esango dinate nere pentsakera ezagutzen dutenek?

        — Baina horregatik duk? Giza begirunea duk?

        Baina guzti hau Joaquinen bihotzeraino iritsi zen eta bere buruari galdetu zion benetan ez ote zuen sinesmenik, eta sinesten ez bazuen ere, jakin nahi izan zuen Elizak senda zezakeen.

        Eta e!izara joaten hasi zen sarritan, eta ageri agerian, bere pentsakera erlijiosoa ezagutzen zutenak zirikatuz bezala, eta azkenik joan egin zen apaizarengana. Han zegoela barrua hustu zuen.

        — Gorroto diot, jauna, gorroto bizia diot, eta baita ere ez sinesteari sinesten dudan bezala, ez sinestu nahi izateari sinestu nahi dudan bezala, hilko nuke...

        — Baina hori, seme, ez da gorrotoa: hori bekaizkeria da.

        — Gorrotoa beti da bekaizkeria, jauna, gorrotoa beti da bekaizkeria.

        — Bekaizkeria zintzo bihurtu behar duzu gorrotoa, zure lanean, eta Jainkoarentzat ahal duzun hoberena egiteko asmo bihurtu...

        — Ezin dut, ezin dut lanik egin. Bere ospeak galerazten dit.

        — Ahaleginak egin behar ditugu..., zerbaitegatik da aske gizona...

        — Ez dut sinesten aukeratzeko askatasunarengan. Sendagilea naiz ni.

        — Baina...

        — Zer egin dut nik Jaunak ni hala egiteko, hain gorrotodun, bekaizti eta gaizto? Zer odol gaizto eman zidan aitak?

        — Seme, seme...

        — Ez, ez dut sinesten giza askatasunarengan eta honetan sinesten ez duena ez da aske. Ez, ez naiz aske! Aske izatea horretan sinestea da!

        — Gaiztoa zara ez duzulako sinesten Jainkoarengan.

        — Gaiztakeria al da Jainkoarengan ez sinestea, jauna?

        — Ez dut hori esan nahi, baizik eta zure grina gaiztoa Jainkoarengan ez sinestearen ondorio dela...

        — Gaiztakeria al da Jainkoarengan ez sinestea? Berriz galdetzen dizut.

        — Bai, gaiztakeria da.

        — Beraz, ez dut sinesmenik. Jainkoak gaizto egin nauelako. Cain egin zuen bezala. Jainkoak egin ninduen sinesgaitz.

        — Aske egin zuen.

        — Bai, gaizto izateko aske.

        — Zintzo izateko ere!

        — Zergatik jaio nintzen, jauna?

        — Galde ezazu zertarako...

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia