XIII

 

        Alaba eman zion Antoniak Joaquini. «Nik alaba —esan zuen bere arrean—. Eta berak semea! «Baina denbora gutxian gainditu zuen bere deabruaren maltzurkeri berri hura. Eta bere grinaren indar guztiarekin hasi zen alaba maitatzen eta honen bidez ama ere. Nere mendeku bidea izango da» esan zuen lehengo, zeren mendeku bide zen jakin gabe, eta gero: «Ni xahutuko nauena izango da.»

        Hau idazteari ekin nion —utzi zuen idatzita bere Aitormenean— nere alabarentzat, berak, ni hil ondoren, bere aita gizajoa ezagutu eta errukitu eta maitatu ahal izateko. Seaskan lo zegoela begiratzen nuen, ametsetan bere bihotz garbiarekin, pentsatzen nuen bera zintzo hezteko beharrezkoa nuela aurretik nere grina xahutzea eta nere arimaren ustelkeria garbitzea. Eta erabaki nuen ingurukoak maitatu behar zituela eta haiek batez ere. Eta hala, bere amets garbiagatik zin egin nuen nere infernuko kateetatik aske geratuko nintzela. Nik izan behar nuen Abelen ospearen aldarrikatzailea.»

        Abel Sánchez-ek bere koadroa bukatu zuenean erakusketa batetara eraman zuen, han denen txaloak jaso zituen eta maisu lan bezala miretsi zuten eta ohorezko domina eman zioten.

        Erakustokira joaten zen Joaquin koadroa ikustera eta bertan begiratzen zuen, ispiluaren aurrean balego bezala, irudian zegoen Cain eta zelatzen zuen, jendeak bera begiratzen zuen koadrokoa begiratu ondoren.

        Atsekabetzen ninduen —idatzi zuen Aitormenean—. Abelek bere Cain irudikatzean ni gogoan hartu ninduenaren susmoak, pentsatzen elkarrizketaren iluntasun gordeak ere igarri zituela bere etxean geundela koadroa pintatzeko asmoa adierazi zidanean, berataz ahaztuta nitaz pentsatu eta garbi erakutsi nionean nere arima gaisoa.

        Baina ez! Abelen Cainek ez zuen nere antzik, ez ninduen gogoan izan margotu zuenean, hau da, ez ninduen gutxietsi, ez zuen nardaz margotu, eta Helenak ere ez zion tier, buruz ezer esan. Ez zuten nitaz pentsatu ere egiten!

        «Eta nitaz ez gogoratze honek, ni ez gorrotatzeak, gehiago atsegabetzen ninduen oraindik. Berak ni gorrotatzea nik bera gorrotatzen nuen neurrian, bazen zerbait, eta izan zitekeen nere salbamena.»

        Eta urrutirago iritsi zen, eta gehiago sartu zen Joaquin bere baitan, eta hala bururatu zitzaion bazkari bat eskaintzea Abeli bere garaipena ospatzeko, eta berak eskeiniko zion, lagun minak, elkar ezagutu aurretiko lagunak.

        Joaquin hizlari ontzat zuen jendeak. Medikuntza eta Zientzia Eskolan bera zen besteak menperatzen zituena bere ohizko hitz hotz eta zorrotzez, zehatz eta eztenkariez. Bere hitzaldiak or hotza bezalakoak izaten ziren hasi berrien gogo beroentzat, eszeptizismo ezezkorrari buruzko ikasgai astunak. Jarraitzen zuen tesia, Medikuntzan ez dagoela ezer ziurra denik, dena dela hipotesia eta etengabe hauek eratu eta eragabetzea; konfidantzarik ez edukitzea zela egokiena. Horregatik jakin zenean bera zela, Joaquin, bazkaria eskainiko zuena, jakinminez geratu ziren gehienak bi zentzu izango zituen hitzaldiaren zai, batetik pintura zientifiko eta aztertuaren azterketa errukigabea, gorespen modura egina, edo bestetik, pintura honen gorespen garratza. Eta poz maltzurra zuten bihotzean, Joaquin Abelen arteari buruz hitzegiten entzuna zutenek! Arriskuaz oharterazi zuten hau.

        — Oker zaudete —esan zien Abelek—. Ezagutzen dut Joaquin eta ez dut ikusten hori egiteko gauza. Zerbait badagoela badakit, baina zentzumen artistiko handikoa da eta entzuteko interesgarri izango diren gauzak esango ditu. Irudi bat egin nahi diot orain.

        — Irudi bat?

        — Bai, zuek ez duzue ezagutzen nik bezain ondo, arima sutsua du, nahastua.

        — Halako gizon hotzik!

        — Kanpotik. Eta dena dela, esaten dute hotzak ere erre egiten duela. Horrelako modelorik nahita ere ez...

        Eta Abelen ustea iritsi zen Joaquinen belarrietara eta oraindik gehiago murgildu zen bere pentsamenduetan. «Zer pentsatuko ote du benetan nitaz? —zioen—. Egia ote da ni horrela naizela, arima sutsu bezala, nahastu bezala? Egia ote da zoriaren nahiak kaltetua ikusten nauela?»

        Lotsatu zuen zerbait gertatu zen orduan, eta bere etxean jaso zuten, Abelenean neskame ibilitako bat, eta zeharka galdetu zion haien etxeko zenbait berri, baina ezer agerian azaldu gabe, besteen etxean berari buruz ziotena jakiteko bakarrik.

        — Baina, tira, inoiz ez al diezu entzun ezer nitaz?

        — Ezer ere ez, jauna, ezer ere ez.

        — Baina ez al zuten inoiz hitzegiten nitaz?

        — Hitz egin bai, uste dut baietz baina ez zuten ezer ere esaten.

        — Ezer ere ez, behin ere ez?

        — Nik ez nien entzuten. Otorduan mahaian, nik serbitzen nien bitartean gauza gutxi esaten zuten eta mahaian esan ohi diren horietakoak gainera. Bere koadroetaz...

        — Ulertzen dut. Baina ezer ere ez, inoiz ere ezer ere ez nitaz?

        — Ez dut gogoan.

        Eta neskameak alde egin zuenean, barru barrutik nazka sentitu zuen berekiko. «Ergeltzen ari naiz ni —bere buruari—. Auskalo zer pentsatu duen neska honek nitaz!» Eta hainbeste kezkatu zuen honek edozein aitzakiapean neskamea kaleratzen saiatu zela. Eta orain —esan zuen gero—. «Abelengana itzultzen bada eta hau kontatzen badio?» Horregatik, emazteari berriz deitzeko eskatzekotan egon zen. Baina ez zen ausartu. Eta beti ibiltzen zen kalean aurkituko zuenaren beldur.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia