XII

 

        Lord Byronen Cain irakurri zuen Joaquinek. Eta bere aitormenean hala idatzi zuen ondoren:

        Izugarria izan zen irakurketa hark nigan sortu zuena. Nere barrua husteko beharra sentitu nuen, eta ohar batzuk idatzi nituen gordeta nituenak oraindik eta aurrean dauzkadanak. Baina nere burua hustearren egin al nuen? Ez, asmoa nuen noizbait erailtzea, lagungarri izango nituela pentsatuz obra maisua egiterakoan. Harrokeriak usteldu egiten gaitu. Kanporatu egiten ditugu gure atsekabe ezkutu eta nazkagarrienak ere. Pentsatzen dut egongo dela norbait inoiz ez bezalako gaisotasun kutsakorra ere eduki nahi izango duena, horren kontura harropuzkeriatan ibiltzeko. Aitormen hau bera ere ez al da barru huste hutsa baino gehiago?

        «Noizbait pentsatu dut puskatzea ere, burutik kentzeko. Baina lortuko nuke? Ez, hobe da atsekabeak kanporatzea, barruan usteltzea baino. Eta azken finean horretantxe dago bizitza.

        «Lord Byroren Cainen irakurketak bihotza hunkitu zidan. Arrazoi osoz leporatzen zien Cainek bere gurasoei, zientziaren zuhaitzetik hartu izatea fruituak bizitzaren zuhaitzetik hartu beharrean. Neri behintzat, zauria ireki besterik ez dit egin zientziak.

        Hobe nuke jaio izan ez banintz! Nere buruari Cain hura eskuan nuela. Zergatik ernaldu ninduten? Zergatik bizi behar dut? Ez dut ulertzen zergatik Cainek ez zuen bere burua hil. Giza historiarentzat hasera bikaina litzateke hau. Baina zergatik ez zuten bere burua hil Adan eta Evak pekatu egin ondoren eta seme-alabak ernaldu aurretik? Jakina, orduan Jehovak halako bi sortuko zituen berriro, eta Cain eta Abel ere. Trajedia hau bera ez al da gertatuko beste munduren batetan, izarretan? Ez al da inoiz antzeztu trajediarik hemen, lurrean, lehen aldiz antzeztu zenitik? Baina lehena izan al zen hura?

        «Irakurri nuenean Luzbelek aitortu ziola Caini nolakoa zen hau, Cain, orduantxe pentsatzen hasi nintzen beldurtuta, ez ote nintzen neu ere hilezkorra eta betirakoa izango ote zen nigan gorrotoa. «Ba al dut arimarik, —nere buruari— nere gorrotoak izango ote dut arima?», honela izan behar zuela ere pentsatu nuen, ezinezkoa zeta halako gorrotorik gorputzak sortzea. Ziztagailuaz besteengan aurkitu izan ez nuena aurkitu nuen nigan. Ustelgai den organismo batek ezin zezakeen gorrotatu nik egiten nuen neurrian. Luzbelek Jainko izan nahi zuen eta nik, txikitatik, ez al nituen ingurukoak zapaldu nahi? Eta nola zitekeen ni hain zoritxarreko izatea, ez banindu hala egin zoritxarraren sortzaileak?

        Ez zion batere lanik ematen Abel honi, bere ardiak hazteak eta ezta ere besteari bere koadroak egiteak; baina nik, nik lan handia izaren nuen nere gaisoen gaitzak igartzeko orduan.

        «Cain kexu zen Adah-k, bere Adah maiteak, emazte eta arreba zuenak, ez zuelako ulertzen senarra abailtzen zuen izpiritua. Baina bai, bai, nere Adah gizajoak, ulertzen zuen nere izpiritua. Izan ere, kristaua zen eta. Gainera, neuk ere ez nuen aurkitu nere modukorik.

        «Byronen Cain irakurri eta berrirakurri arte nik, hilzorian eta hiltzen ere hainbeste gizakume ikusi nuenak, ez nuen pentsatu ere egin heriotzan, ez nuen ezagutu. Eta orduan galdetu mon nere buruari hiltzen nintzenean gorrotoa nerekin batera hilko ote zen, nerekin hilko zen edo bizirik jarraituko ore zuen; galdetu nion gorrotatzen dutenek baino bizi luzeagoa ote zuen gorrotoak, oinarrizkoa den zerbait ote den, ematen dena; arima ore den, arima beraren funtsa. Eta sinesten hasi nintzen infernurik badela eta heriotza izaki bat dela, Deabrua Gorrotoa izaki bihurtuta, arimaren Jainkoa. Zientziak erakutsi ez zidan guztia erakutsi zidan Lord Byron-en gorroto handia zuen haren poema izugarriak.

        «Nere Adah-k ere errieta egiten zidan gozoki, ez nuelako lanik egiten, ezin nuelako lanik egin. Eta Adah, eta nere artean zegoen Luzbel. «Bazterrean utzi izpiritu hori!» —oihukatzen zidan nere Adahk. Antonia gizajoa! Honek ere eskatzen zidan izpiritu harengandik askatzea. Nere Adah gizajoak ez zituen gorrotatu nik bezain beste. Baina maitatu al nuen nik Antonia benetan? Bera maitatu izan banu, aske nintzatekeen. Bera heste mendeku bide bat zen neretzat. Bera, ni mendekatuko ninduen seme edo alabaren ama izatea nahi nuen. Baina uste izan nuen, bai ergela, aita izandakoan sendatu egingo nintzela. Baina ez al nintzen bada ezkondu, nik adina gorrotatuko zuenik sortzeko, besteei emateko nere gorrotoa, betikotzeko?

        «Ariman geratu zitzaidan betirako tinkatuta Cain eta Luzbel espazioaren sakontasunean zeudeneko agerraldi hura. Nere zientzia aurkitu nuen nere pekatuaren bidez eta baita ere zein miseri handia zen heriotza zabaltzeko bizia ematea. Eta ikusi nuen ere nere arima zeta gorroto hilezkor hori. Burura etorri zitzaidan gorroto hori ni baino lehenagokoa zeta eta ni hil ondoren iraungo zuela. Eta izuak hartu ninduen betirako biziko eta gainera gorrotatuko nuela pentsatzean. Infernua zen hura. Eta nik farre egin izan nuen hortan sinesten zutenetaz! Infernua zen hura!

        «Irakurri nuenean Adahk Cain, bere semeari buruz, Enoc-i buruz hitzegin ziola, gogora etorri zitzaidan nere seme edo alaba izango zena; zugan pentsatu nuen, alabatxo; nere ihesbide eta nere pozgarri; pentsatu nuen ni salbatzera etorriko zinela noizbait. Eta irakurri nuenean Cainek esaten ziona lo zegoen eta garbia zen bere semeari, biluzik zegoenik ez zekienari, nere buruari galdetu mon ez ote nuen oker egin zu ernaltzearekin, nere alaba gizajoa! Barkatuko didazu zu ernaldu izatea? Eta Adahk bere Caini esaten ziona irakurtzean nere zorion urteak gogoratu nituen, nere asmoa saria jasotzea ez zeneko garaia, nere ametsa ez zenekoa beste guztiak baino gehiago izatea. Ez, alabatxo, ez; ez nizkion bihotz garbiz eskaini Jainkoari nere ikasketak; ez nituen bilatu egia eta jakintza, baizik eta sariak eta ospea eta hera baino gehiago izatea.

        Berak, Abelek, bere lana maite zuen eta lantzen zuen zintzotasunez, ni ezerezten saiatu gabe inoiz ere. Ez, ez zidan berak kendu, ez! Eta nik berriz, zoro honek pentsatu ere egin nuen Abelen aldarea botatzea! Nigan bakarrik pentsatu nuen izan ere.

        «Abelen heriotzaren kontakizunak, deabruaren poeta izugarri hark azaltzen zigun moduan, itsutu ninduen. Han irakurtzean burua nahastu zitzaidan eta uste dut zorabiatu ere egin nintzela. Eta barrez gero sinesten hasi nintzen, Byron fedegabe hari esker.»

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia