XI

 

        — Eta zertan ari haiz orain? —galdetu zion behin Joaquinek, hau haurra ikustera joan eta langelan topo egin zutenean.

        — Ba, orain, historiari buruzko koadroa egitera niak, edo hobe esan, Itun Zaharrari buruzkoa, eta horretan jazten ari nauk.

        — Nola? Garai hartako pertsonaiak ikertuaz?

        — Ez; Biblia eta horri buruz idatzi dituan azalpenak irakurriaz.

        — Arrazoia zeukeat hi pintore zientifikoa haizela esaten diadanean.

        — Eta hi sendagile artista, ez al duk hala?

        — Pintore zientifikoa baino... idazlea! Ez ezakela literatura egin pintzelaz!

        — Ezkerrik asko aholkuarengatik.

        — Eta zein izango duk hire koadroaren gaia?

        — Abelen heriotza Cainen eskutik, anai arteko lehen herioa. Joaquin zurbildu egin zen eta zorrotz begiratuz bere lagun mina, galdetu zion isilean:

        — Eta nola bururatu zaik hori?

        — Oso erraz —erantzun zuen Abelek konturatu ere egin gabe lagunaren egoeraz—; izenaren eragina duk. Abel dudanez izena... Biluziaren ikerketa bi...

        — Bai, gorputzaren biluziarenak...

        — Eta arimarenak...

        — Baina haien arima ere pintatu behar al duk?

        — Noski! Cainen arima, bekaizkeriarena, eta Abelen arima...

        — Nolakoa?

        — Hortan ari nauk orain. Ez diat aurkitzen bere espresioa, Abelen arima. Zeren hil aurretik pintatu nahi diat, lurrean etzanda eta anaiak heriotza zaurituta. Hemen zeukeat Genesia eta Lord Byronen Cain. Ezagutzen duk?

        — Ez, ez diat ezagutzen Lord Byronen Cain. Eta zer aurkitu duk Biblian?

        — Ezer gutxi... Begira —liburu bat hartu zuen eta irakurri— «eta Adanek bere emaztea ezagutu zuen, Eva, eta honek haur bat ernaldu eta Cain erditu zuen. Orduan honela esan zuen: semea izan dut Jehovaren bidez. Eta gero anaia erditu zuen, Abel, eta Abel artzain izan zen eta Cain berriz nekazari. Eta gertatu zen denboraren joanean Cainek lurraren fruitua eskaini ziola Jehovari eta Abelek bere ardien bildotsak eta ardikiak. Eta Jehovak atseginez begiratu zuen Abel eta bere eskaintza baina ez zuen begi honez begiratu Cain ez eta bere eskaintza ere...»

        — Eta hori zergatik? —tartetik mintzatuaz—. Zergatik begiratu zuen Jainkoak atseginez Abelen eskaintza eta nardaz Cainena?

        — Hemen ez dik hori argitzen...

        — Eta ez al diok hire buruari galdetu zergatia, koadroa egiten hasi aurretik?

        — Oraindik ez... Agian Jainkoak ordurako ikusia zuelako Cainengan anaiaren hiltzailea... bekaiztia...

        — Orduan berak bihurtu zian bekaizti, edabea eman ziokan. Jarrai irakurtzen.

        «Eta amorratu egin zen Cain oso eta bere itxura apaldu. Orduan Jehovak esan zion Caini: Zergatik haserretu zara? Eta zergatik zurbildu da zure aurpegia? Zintzoa bazara, ez al zara izango goratua? Eta ez bazara zintzoa, pekatua izango duzu zure gain. Pekatuak bereganatu nahi zaitu baina gaindituko duzu...»

        — Baina pekatuak gainditu zian —tartetik mintzatuaz Joaquin—. Jainkoak eskutik utzi baitzian. Jarrai!

        — «Eta Cainek Abeli hitzegin zion, anaiari, eta gertatu zen farrean zeudela, Cain anaiaren aurka altxatu eta hil egin zuela. Eta Jehovak esan zion Caini...»

        — Nahikoa! Ez ezak gehiago irakurri. Ez diat jakin nahi Jehovak Caini esandakoa ez daukanean konponbiderik.

        Ukalondoak mahai gainean jarri zituen Joaquinek, aurpegia eskuen artean, eta begirada hotz eta zorrotza tinkatuz Abelen begietan, ez zekiela zeren beldur, esan zion:

        — Ez al duk inoiz entzun Historia Santua buruz ikasten duten haurrei egiten diedan txantxa; «Nork hil zuen Cain?»

        — Ez!

        — Ba bai, hori galdetzen zieat, eta haurrek, nahastuta erantzuten diate: «Abelek, bere anaiak»

        — Ez nekian halakorik.

        — Ba orain badakik. Eta esaidak hik, Bibliako gertaera hori, eta hain Bibliakoa ere, pintatzera hoan horrek, ez al zaik inoiz ere bururatu Cainek ez balu Abel hil honek hilko lukeela anaia?

        — Eta nola bururatu zaik hori?

        — Abelen ardiak onartzen zizkian Jainkoak eta Abel, artzaina, Jainkoaren begikoa huen, baina Cainek uztak, nekazariarenak ez zitzaizkioan gustatzen eta ezta Cain bera ere. Zorionekoa, Jainkoaren gogokoa Abel huen...; zoritxarrekoa berriz, Cain.

        — Baina Abelek ba al zuen horren errurik?

        — A! Baina nik uste duk zorionekoek, begikoek eta guztien gogoko direnek ez dutela horren errurik? Errua diate, lotsagarriak baitituk, hutsaren ordezko laguntza, bere kabuz lortu ez dituzten merezimenduak ez gordetzeagatik, dohain hori harrokeriaz agertu ordez. Izan ere ziur negok Abelek dohain hori muturrean igurtzitzen ziola Caini, kitzikatu egiten zuela Jainkoari eskeintzan erretako ardien keaz. Bere burua zintzotzat daukatenak harroak izan ohi dituk, bere zintzotasuna harrokeriaz agertuz joaten direnak besteak samintzera. Esan zian norbaitek, ez zegoela pertsona zintzoak baino zitalagoak direnik...

        — Eta hik ba al dakik —galdetu zion Abelek elkarrizketaren larritasunaz oharturik—. Abel bere dohainaz harro zegoan?

        — Ziur negok ez zuela bere anaia begirunez hartu eta ez ziola Jainkoari harentzako dohainik eskatu. Eta are gehiago, abelistek infernua sortu dutela cainistentzat, bestela beraien aintza ez litzatekeelako izango hain atsegina. Besteren nekeak ikustea duk haien atsegina, beraiek ez daukatela nekerik.

        — Ene, Joaquin, gaiso hago!

        — Bai, inor ere ez duk bere buruaren sendagile. Eta orain, emaidak Lord Byroren Cain hori, irakurri egin nahi diat eta.

        — Hartzak!

        — Eta esaidak, ez al dik hire emazteak ezer burura ekartzen koadroa egiteko? Ez al dik ideiarik ematen?

        — Nere emazteak? Trajedia honetan ez huen emakumerik.

        — Tragedietan beti zeudek emakumeak, Abel.

        — Eva akaso...

        — Agian... Esne beretik eman ziena: edabea...

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia