X

 

        «Abelek semea eduki zuenean —idatzi zuen Joaquinek bere Aitormenean— sentitu nuen pozoitzen zitzaidala gorrotoa. Esan zidan Helenari erditzen laguntzeko baina uko egin nion esanaz nik ez nuela erditzen laguntzen, egia zena gainera, eta ezin izango nuela behar bezain hotza eduki odola, nere odola hozmindua, arriskutan egongo balitz nere lehengusina. Nere deabruak izugarrizko tentaziora bultzatu nahi ninduen, erditzen lagundu eta isilean haurra itotzera, alegia. Gainditu egin nuen ideia nazkagarri hura.

        «Abelek irabazi zuen berriro, gizonak, ez artistak, —izan ere oso ederra baitzen haurra, osasun eta indar maisu lana, «aingerutxoa», hala zioten— eta horrek gehiago hurbildu ninduen nere Antoniarengana, berarengandik seme bat espero bainuen. Nahi nuen, behar nuen nere gorroto itsuaren kaltetu gizajoa —izan ere bera baitzen kaltetua— izatea nere ondorengoen ama, nere haragiarena, nere deabruak oinazetutako muinen ondorengoen ama. Nere seme-alaben ama izango zen eta horrexegatik gainontzekoen seme-alaben ama baino bikainagoa... Berak, gizajoak, ni hautatu ninduen, inoren begiko ez zena, gaizki ikusia, iraindua; berak onartu zuen besteak nardaz eta isekaz baztertu zuena. Eta gainera, ondo hitzegiten zidan haiei buruz!

        «Abelen semea, Abeltxo, bere aitaren izena jarri baitzioten haren jatorria eta ospea jarraitzeko; Abelen semea, denboraren joanean nere mendekuaren bide izango zena, ederra zen oso. Eta nik ere halakoa behar nuen, ederragoa oraindik».

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia