IX

 

        Joaquin Antoniarekin ezkondu zen babes bila eta emazte gizajoak igarri egin zuen, ondo igarri ere, zein zen bere betebeharra, bere senarraren bihotzean egin beharreko lana, bere aterpe izatea eta pozgarria ere bai behar bada. Berarekin ezkontzera zioan gizona, gaiso bat zen, arima elbarri eta sendaezina agian; bere egitekoa erizainarena zen. Eta onartu egin zuen errukiturik, eta maitaturik berarekin batzen zenaren zoritxarra. Antoniak sentitzen zuen, bera eta bere Joaquinen arrean bazela ikusten ez zen horma bat, argi eta gardena zen izotz harresia. Gizon hura ez zen bere emaztearena, ez baitzen berea ere, bere buruaren jabea ere, baizik eta eromenak eta deabruak hartutako gizona. Ezkon bizitzako pozaldi kuttunenetan ere, beldurra eragiten zuen, ikustezina zen itzal bat sartzen zen bien arrean. Senarrak ematen zizkion musuak, beste bati kendutakoak iruditzen zitzaizkion, eta amorruz emanak batzutan.

        Joaquin saiatzen zen Helena ez aipatzen bere emaztearen aurrean eta honek, berehala konturatu zenez, etengabean izendatzen zuen Helena bere elkarrizketetan.

        Hau hasieran, gerora ez baitzuen aipatu ere egiten.

        Behin Abelen etxera joateko deitu zioten Joaquini, sendagile lanetara, eta jakin zuen Helenak ordurako bere barruan zeramala senarraren fruitua, eta Antoniak berriz ez zuen oraindik inongo arrastorik. Eta gizajoari, lotsarazten zuen tentaldia pizten zitzaion, ahalke sentiarazten zuena, honela esaten zion deabru baten tentaldia zen hura: «Ikusten? Bera baduk gizasemea! Hik zabarkeriaz hiltzen uzten dituan gaisoak bere arteaz piztu eta betikotu egiten dizkik berak, eta horrek semea izango dik laster, bizidun bat gehiago sortuko dik, odol, hezur eta mamizko arte lana, eta hik aldiz... Baliteke hi horretarako gal ere ez izatea... Bera baduk gizasemea!»

        — Abelen etxetik hator, ezta? —galdetu zion emazteak.

        — Bai. Zertan igarri dun?

        — Hire aurpegian. Etxe hori hondamena duk hiretzat. Ez huke bertara joan behar.

        — Eta zer egingo dinat bada?

        — Aitzakiak jarri! Hire osasun eta lasaitasuna zeudek beste ezeren aurretik...

        — Hire usteak...

        — Ez, Joaquin, ez iezadak ezkutatu... —eta ezin izan zuen jarraitu negarrak isilerazi zuelako.

        Eseri egin zen Antonia gizajoa. Barru barrutik zerion negarrak.

        — Baina, zer gertatzen zain, emakumea, zer dun?...

        — Esaidak heuk zer gertatzen zaian hiri, Joaquin, esaidak dena, aitortu hadi nerekin...

        — Ez zeukanat zer aitorturik...

        — Tira, esango al didak egia, Joaquin, egia?

        Joaquin zalantzan gelditu zen une batez, ikusi ezin zuen etsaiarekin borrokatuko balu bezala, zaindari zuen deabruarekin, eta bapateko erabakiak eragindako etsipenezko ahotsaz, esan zuen ozen:

        — Bai, esango dinat egia, egia osoa!

        — Helena maite duk hik; Helena maite duk oraindik.

        — Ez, ez dinat maite! Ez dinat maite! Maite ninan; baina orain ez dinat maite, ez!

        — Orduan?...

        — Orduan, zer?

        — Zergatik bizi haiz atsekabeturik? Izan ere, etxe hori duk, Helenaren etxea, hire haserrearen iturri; etxe hori duk paketan uzten ez hauena; Helena duk...

        — Helena ez! Abel dun!

        — Abelen bekaizti haiz?

        — Bai, Abelen bekaizti naun; gorroto dinat, gorroto dinat, gorroto dinat —ahoa eta ukabilak ixten zituen ahopeka hau esaterakoan.

        — Abelen bekaizti haiz... Beraz, Helena maite duk.

        — Ez, ez dinat maite. Edozein gizonen emazte balitz, ez nindukenan senarraren bekaizti izango. Ez, ez dinat Helena maite; gorroto zionat, mespretxatu egiten dinat edertasun profesionala, modako pintorearen modeloa, Abelen maitalea...

        — Jainkoarren, Joaquin, Jainkoarren...

        — Bai, bere maitalea. Zer uste dun bada, apaiz baten bedeinkazioak aldatu egiten duela animoa.

        — Joaquin, ez ezak halakorik esan geu ere ezkonduta giaudek eta.

        — Ez, haiek bezala ez, Antonia; haiek bezala ez. Ni gutxiestearren ezkondu ziren haiek, ni lotsaraztearren, ni iraintzearren, neri kontra egitearren ezkondu ziren haiek.

        Negarrez hasi zen gizajoa, bularra estutu eta arnasa eteten zitzaiolarik. Hil beharrean ikusten zuen bere burua.

        — Antonia..., Antonia —hasperendu zuen ahots isilez.

        — Gizajoa! —esan zuen besarkatuz. Eta bere magalean hartu zuen, gaiso dagoen haur bat bezala laztanduz. Eta esaten zion:

        — Lasaitu hadi, ene Joaquin, lasaitu hadi... Hemen negok ni, hire emaztea, hirea nauk, hirea bakarrik. Eta isilpean daukaan hori ezagutu ondoren, hirea nauk lehen baino gehiago eta maite haut inoiz baino gehiago... Ahaztu itzak haiek..., ez hitzak aintzat hartu... Okerrago huke bera bezalako emakume baten maite izan bahindu...

        — Bai, baina Abel, Antonia, bera...

        — Ahaztu ezak!

        — Ezin dinat ahaztu... Ezin dinat burutik kendu... Bere aipua, bere ospea, ezin dinat burutik kendu...

        — Lan egiten baduk, hik ere lortuko duk aipu eta ospea ez haiz bere baino gutxiago eta. Utzi bezeroak ez dizkiagu behar eta, Joan gaitezen hemendik Renadara, nere gurasoena izandako etxera eta egin gehien gustatzen zaiana, ekin zientzi lanari, aurkikuntzak egiteari eta hitz egin dezatela hitaz... Laguntza emango diat ahal dudan neurrian... Ez zioat utziko jendeari hi nahasten... eta bera baino ospetsuago izango haiz orduan...

        Ezin dinat, Antonia, ezin dinat; bere arrakastak loa kentzen zidan eta ezingo niken lasai lan egin... Bere irudi zoragarriak nere burura etorri eta nere begien aurrean jarrita, ez niken mikroskopio aurrean ikusiko beste inork gaurdaino ikusi ez didana... ezin dinat... ezin dinat...

        Eta ahotsa isildu zuen Lime batek bezala, motel motel, tontotuta bere etsipenaren zuloan eroriagatik, eta negarrez esan zuen.

        — Eta haur baten esperoan zeuden, Antonia...

        — Geuk ere edukiko diagu —esan zion belarrira musu emanez—. Amabirjina Santuak ez zidak ukatuko egunero eskatzen zioat eta... Eta Lurdesko ur bedeinkatuak...

        — Heuk ere edabetan sinesten dun Antonia?

        — Jainkoarengan sinesten diat.

        — «Jainkoarengan sinesten diat» —errepikatu zuen bakarrik gelditu zenean, bakarrik bestearekin—. «Zer da Jainkoarengan sinestea? Non dago Jainkoa? Bilatu egin beharko dut!»

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia